- EBAZPENA, 2009ko otsailaren 23koa, Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordearena, Sopuertako (Bizkaia) «La Puente» edo Balparda dorrea, Balparda jauregia eta bertako lorategia biltzen dituen multzoa Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Nagusian sartzeko espedienteari hasiera eman, eta jendaurrean jarri eta interesdunei entzuteko dena. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus
Arautegia
InprimatuEBAZPENA, 2009ko otsailaren 23koa, Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordearena, Sopuertako (Bizkaia) «La Puente» edo Balparda dorrea, Balparda jauregia eta bertako lorategia biltzen dituen multzoa Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Nagusian sartzeko espedienteari hasiera eman, eta jendaurrean jarri eta interesdunei entzuteko dena.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Ebazpena
- Organo arau-emailea: Kultura Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 70
- Hurrenkera-zk.: 2035
- Xedapen-zk.: ---
- Xedapen-data: 2009/02/23
- Argitaratze-data: 2009/04/15
Gaikako eremua
- Gaia: Kultura eta Kirola; Ingurune naturala eta etxebizitza; Administrazioaren antolamendua
- Azpigaia: Hirigintza eta etxebizita; EAEko udalak
Testu legala
Euskal Autonomia Erkidegoak, Konstituzioaren 148.1.16 eta Estatutuaren 10.19. artikuluen babesean, eskumen osoa bereganatu zuen Kultura Ondarearen gaiari dagokionez. Aipaturiko eskumen horretaz baliatuz, Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legea onartu zen, kultura-interesa duten Euskal Autonomia Erkidegoko Ondasunak deklaratzeko prozedurak arautzen dituena.
«La Puente» edo Balparda dorrea kultura ondasun deklaratu zen, monumentu kategoriarekin, Kultura sailburuaren 2002ko urtarrilaren 14ko Aginduaren bitartez (otsailaren 5eko EHAA, 25 zk.).
Hala ere, bertako jauregia eta lorategia ongi aztertu eta baloratu ondoren, egokitzat jo da aipaturiko dorrea monumentu-multzo batean integratzea, gune osoari kohesio handiagoa emateko.
Sopuertako (Bizkaia) «La Puente» edo Balparda dorrea, Balparda jauregia eta bertako lorategia biltzen dituen multzoak daukan kultura-interesa azterturik, eta Kultura Ondarearen Zentroko Zerbitzu Teknikoek aurkezturiko Ebazpen Proposamenari jarraituz, honako hau
Lehenengoa. Hasiera ematea Sopuertako (Bizkaia) «La Puente» edo Balparda dorrea, Balparda jauregia eta bertako lorategia biltzen dituen multzoa monumentu-multzo kategoriarekin Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Nagusian sartzeko espedienteari, I. eranskinean agertzen den mugaketarekin, II. eranskineko deskribapenarekin, eta III. eranskineko baimendutako esku hartzeen erregimenarekin bat etorriz.
Bigarrena. Sopuertako (Bizkaia) «La Puente» edo Balparda dorrea, Balparda jauregia eta bertako lorategia biltzen dituen multzoa monumentu-multzo kategoriarekin Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Nagusian sartzeko espedientea jendaurrean jartzea 20 egunetan, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik kontatuta. Epe horretan alegazioak eta egoki iritzitako dokumentazioa aurkeztu ahal izango da, horixe xedatzen dute-eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 84. eta 86. artikuluek. Espedientea Kultura Ondarearen Zentroan egongo da ikusgai (Donostia-San Sebastián kalea 1, Vitoria-Gasteiz).
Hirugarrena. Ebazpena interesdunei jakinaraztea, bai eta Sopuertako Udalari, Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura, Garraio eta Hirigintza Sailei eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Sailari ere, jakinarazpenaren egunetik harako hamabost eguneko epean egoki iritzitako dokumentuak eta frogagiriak alegatu eta aurkez ditzaten.
Laugarrena. Ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Bizkaiko Aldizkari Ofizialean argitaratzea, jende guztiak horren berri izan dezan.
Vitoria-Gasteiz, 2009ko otsailaren 23a.
(Bertaratzea ezinezko izateagatik, Gurutz Larrañaga Zubizarreta, Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordea, otsailaren 14ko 25/2006 Dekretuaren xedapen gehigarri lehenak xedatutakoarekin bat etorriz).
Kultura Ondarearen zuzendaria,
ARANTZA ARZAMENDI SESÉ.
Mugaketaren deskribapena.
Mugaketak honako hauek hartzen ditu: batetik, bi eraikinen partzelak, eta, bestetik, eraikinen inguruko eremuak; hau da, Balpardako jauregiaren lorategia eta lorategiaren urbanizazio-elementuak (II. eranskinean deskribatzen diren zuhaitz-multzoak, urmaela, lursailaren muga-hormatxoak, bidezidor nagusien trazak, kotxetegira heltzeko zorua, bai eta kotxetegia ere).
Horrenbestez, hauek dira mugaketa-eremuaren mugak. Ekialdean, partzelaren luzera-lerro osoa, 150 m luze ingurukoa, partzelaren horma altuak eta Balpardako jauregiak berak zein jauregiaren burdin hesiak osatua. Hegoaldean, hormatxo-atalek, zuhaixkek eta zuhaitz txikiek mugaturiko partzelaren muga. Mendebaldean, lerro gorabeheratsu bat, «la viña» deituriko eremua hartzen duena. Lerroa harrizko hormatxo baxu batek mugatzen du, lurraren topografia naturalarekin bat dator eta larrediaren amaieran dagoen aldapan hasten den jatorrizko haritz-basoaren mugaraino iristen da. Iparraldean, partzelaren ipar-muga eta haren landaredia; Carral 2 etxearen partzelarekin egiten du muga.
Mugaketaren arrazoiak.
Proposatutako mugaketaren arrazoiak hauek dira: Balpardako dorrearen, Balpardako jauregiaren eta haren inguruko lorategi-eremuaren kultura- eta ingurumen-balioei eustea. Mugaketak hartutako eremua Sopuertako Mercadillo eta San Martín de Carral herri-guneen artean dago.
Lorategia mugatzeko eta zerrendaturiko multzoaren balioa agerian jartzeko, lorategi-eremuak hartzen duen partzela-zatia babestu behar da, paisaia-antolaketa mota horren izaera bereziari eusteko eta izaera horren balioa agerian jartzeko.
Horregatik, zehazturiko mugaketak, eraikinez gain, eraikinen inguruko eremua ere hartzen du. Eremu horretan daude, hain zuzen, lorategi-eremua eta haren perspektibak antolatzen dituzten zuhaitz-multzoak.
Bi eraikinez eta eraikinen inguruan dagoen lorategi-eremu batez osaturiko multzoa da.
Balpardako dorrea edo Balpardakoa (2002ko urtarrilaren 14ko Aginduaren araberako deskribapena).
Balpardako dorrea El Carral auzoko sarreran dago, Sopuertako udalerrian, gaur egungo errepideak estalita geratu den Balmaseda eta Castro Urdiales galtzadaren ondoan.
Gaur egun, bolumen kubikoa da gutxi gorabehera, baina hasiera batean, askoz ere baxuagoa izan zen. Etxeak hiru oin dauzka: beheko oina, bizilekutarako oina, eta azken horrek hainbat jasodura dauzkala-eta hirugarren oina osatzen duen ganbara bat ere badu. Lau isuriko teilatuz estalia dago.
Fatxadaren hainbat fabrika ikus daitezke, esku-hartze anitz izan dituela adierazle. Lehenengo bi oinak uniformeak dira eta harearrizko harlangaitza eta tuparria dute akaberan. XVII. mendean egin zitzaion zabalkundean, zabalkunde garrantzitsuenean, ia beste metro bat harlangaitz oso irregularra erantsi zioten, mortero oso buztintsua zuela. Harlanduak, hareharrizkoak eta ondo eskuairatuak, baoetako eskantzu eta uztaietan daude, eta bai saloiko leihoen horma-ataletan ere.
Behean, arku formako sarbidea egon zen, oraingo alde nagusian, baina haren dobelak atera egin zituzten berritu zutenean, haren ordez ateburu dobeladuneko pasabide bat instalatzeko. Oin horretako argiztapena osatzeko gezileiho bat dago, oso alboratua, hainbat argi-zulo eta hiru leiho.
Egoitzetarako oina izan zen berrituena XVII. mendean. Gaur egun, bederatzi leiho dauzka alboetako eta atzeko aldeetan eta fatxadarekin arras dauden bi balkoi aurreko aldean. Hasierako multzotik bi gezi-leiho alboratu mantentzen dira atzeko aldean, eta beste bat eskuinean, eta baita bi argi-zulo altu ere, batzuk bitxiak benetan: paldozko bost kanoi-zulo eta bi gezi-leiho.
Bao horien gainean dago lehenengo aparailu-aldaketa, hiru eraikuntzekin hazita dago-eta. Jatorriz saloirik gabeko dorrea zela dirudi eta, geroago, atalik altuena erantsi zitzaiola.. Jasodura horietatik lehenengoa ganbararen zabalkuntza da Kanpotik harburu-ilara batera heltzen da bozel laurdenean, eta horrek adierazten du une batean hori izan zela etxearen goiko muga. Gune horretan, argi-zulo zabal bat era bi kanoi-zulo berri daude.
Bigarren eranskinean, hormak estutu egiten dira. Ganbara saloi bihurtu zuten, zalantzarik gabe. Orduan irekitako baoak bi konopio eder dira, aurrealdea eta arkugainera bi baketoiez zeharkatua, barneratzeko oinarritxo baten gainean. Horien artetik pastasen da tetrafoliak dituen tutuerdia. Barlasaiek moldura konkaboa dute, lore eta pometarako. Alfiz konopialez inguratuta dago, baso poligonaleko mentsulen gainean, eta dena lore apaingarri gehiagorekin osatuz. Albanegetan, eskudete konopialak daude IHS anagrama dutenak, letra gotikoetan, eta behean, Alcedotarren armak. Hori guztia ondo eskuairatutako harlanduzko horma-atalean sartzen da. Leiho aipagarri horren gainean, beste harburu-ilara bat dago, teilatuaren hegala eutsiko zuena alde honetan teilatua luzeagoa da eta leihoa babestu ahal izateko.
Hirugarren jasodura, harlangaitzezkoa, XVII. mendean eraiki zuten. Orduan, berritu zuten baita barruko egitura ere: egoitzetarako oinak altuera galdu zuen, saloitik zorua jaitsita, eta behin betiko ganbara bihurtu zuten.
Balpardako dorrea estilo gotiko-errenazentistako eraikina da, XVI. mendean egindakoa. Jatorrian, saloirik gabeko dorrea izango zen, baina, hainbat obraren ondoren, benetako saloi eta guzti gelditu zen, bi leihoz argiztatutako saloia. Esan daiteke leiho horiek Bizkaiko dorreetan aurkitutakoen artean ikusgarrienetakoak direla. XVI. Mendeko lehenengo hamarkadetakoak dira.
Balpardako jauregia.
Eraikin isolatua da, oinplano angeluzuzenekoa (14 x 17 m). Beheko solairua, bi solairu gehiago eta teilatupeko solairua ditu eta errepidearen ertzean dago. Eraikinaren alde laburretako batek ekialdeko fatxada muga egiten du errepidearekin.
Fatxada horretan, hiru bao-ardatz bertikal daude, eta erdian ate bat, nahiz eta hori sarrera nagusia ez izan.
Fatxada nagusiak lau bao-ardatz ditu eta iparraldera begira dago, lorategiaren iparraldeko atalera. Hain zuzen, atal hori ikusten da lehenbizi hirigunetik etortzean. 90 cm-ko lodierako karga-hormez eraikita dago, ia eraikinaren altuera osoan. Zenbait ataletan, harlandua erabili da.
Testura nabarmena du fatxada guztietan, eta nahita egin da horrela. Horretarako, mortero-emokadura erabili da, harlandu kuxindu nabarmenaren itxura duena. Elementu hori eklektizismoko zenbait eraikinetako fatxadetako elementu bereizgarria da.
Estalkia karel batek ezkutatzen du. Fatxaden goiko aldean, erremate perimetral batek jauregiaren inguru osoa hartzen du. Erremate hori hauek osatzen dute: erlaitz batek (toru erdiko 15 cm-ko inposta baten gainean) eta zuburuek (50 cm-ra).
Hutsarteak erregularki tartekatuta daude fatxada guztietan, Dinteldunak dira. Goiko solairuetan, balkoiak dira, kaxetan forraturiko soliberia-hegaden gainean, eta hormara ainguraturiko karelak dituzte, eskudelak eta galdaketazko babesak dituztenak. Teilatupeko solairuko hutsarteak etzanak dira, eraikin mota horretako goiko aldeetan erabiltzen direnen motakoak. Halaber, hutsarte guztiek harlandua dute inguruan, fatxadaren testura orokorrean erabilitakoa baino lodiagoa. Elementu hori bereizgarria da XIX. mendearen amaierako bizitegi-eraikinetan.
Eraikinaren estalkiaren mendebaldeko erdia behera etorrita dago, gertu zituen bi zuhaitz handiren eraginez (egun moztuta daude). Atal horren barrualdea aurri-egoeran dago.
Jauregiari lotuta, kotxetegiaren eraikin txikia dago. 10 x 5 m-ko oinplanoa du, gutxi gorabehera, eta errepidearen eta XVI. mendeko dorrearen ondoan dago. Hain zuzen, harriz zolaturiko galtzada batek bereizten ditu dorrea eta kotxetegia. Azken hori gurdia gordetzeko erabiltzen zen.
Balpardako jauregiko lorategia.
Balpardako jauregiko lorategia zenbait zuhaitz-multzok eta zuhaitz horien arteko eremuek osatzen dute. Horien guztien bidez, jauregiaren eta dorrearen partzela antolatzen da. Lorategi paisajista da, landare-konposizio geometrikoetan oinarrituriko konposizio formalista baino gehiago, eta tamaina ertaineko zuhaitzek osatzen dute paisaia. Lorategi-mota horren helburua lotzen dituen hiru elementuak (zuhaixkak, zuhaitzak eta horien arteko eremuak) partzela batean integratzea da. Partzela horren baitan, lorategiak barne-perspektibak sortzen ditu, eta, batzuetan, perspektiba zabalagoak irekitzen dira.
Horretarako, Balpardako lorategian, jauregiko zuhaitz-multzoen antolaketan ezarritako ordenak partzela batean integratzen ditu eraikinak, zuhaitzak eta larredia. Partzela horretan, oraindik ere hauteman daitezke jauregitik alde batera eta bestera zein gora eta behera zihoazen bidezidorrak, lurraren orografia naturalari jarraiki, antolaketan zenbait aldaketatxo eraginda.
Lorategiko elementuek, nabarmendu beharrean, integrazioa dute helburu: iradoki egiten dute, erakarri, perspektiba irekien bidez, goitik itxi gabe. Besteak beste, hormatxodun landare-itxiturak daude, landareak, eta zuhaitz-multzoak, partzelaren alboko mugetan iparraldean eta hegoaldean. Iparraldeko mugan, landare-itxiturak zuhaitz-multzo bat du erdian. Ekialdeko mugan, errepidearen ondoan, zuhaitz baxuak daude: tamaina ertaineko hurritzak.
Antolaketan, elipse formako urmael bat dago, 15 x 5 m-koa. Partzelaren goiko erdialdean dago, XVI. mendeko dorrearen aurrean, 100 m ingurura, partzela bera ikusmenean duela. Ur-hornidurari dagokionez, zenbait hartune daude atzealdeko baso-eremuan. Halaber, iturri bat zegoen urmaelaren beheko aldearen parean (egun ez dago).
Partzela osoak zehar-drainadura du (hegoalde-iparralde), basotik sartuta larredia putzuz bete zezaketen urak irten zitezen.
Lorategiko zuhaitzak tamaina ertain-handikoak dira, espezie hauetakoak:
Magnoliaz eta ezkiez osaturiko multzo bat lorategiaren iparraldeko erdian, jauregiaren hegoaldeko fatxadaren aurrean, ur-putzu handi baten ondoan landatuta. Putzuak harlauza handi bat du gainean, mahai baten gisa. Multzo hori jauregiaren hondakinetik gertuen dagoen zatian dago, errepidearen ondoan dagoen burdin hesitik hegoalderantz, 40 m ingurura. Eremu horretan, jauregiaren ipar-mendebaldeko izkinan, bi zuhaitz konifero handiren motzondoak daude. Uste dugu eraikinaren estalkia hondatu zutelako moztu zituztela zuhaitz horiek.
Hiru zedrok eta izei batek osaturiko multzoa. Laurak oso handiak dira eta lorategiaren hegoaldean daude, XVI. mendeko dorrearen hegoaldeko fatxadaren aurrean. Halaber, eremu horretan, partzelaren hegoaldeko mugatik gertu, indigaztainondo arrunt bat dago, lore zurikoa eta tamaina ertain-handikoa.
Partzelaren iparraldeko eta hegoaldeko mugen alboetan zuhaixka- eta zuhaitz-lerro batzuk daude. Hain zuzen, haritzak, sahatsak, lizarrak, ereinotzak eta hurritzak daude, itxuraz ordenarik gabe kokatuta. Iparraldeko mugan, erdialdean, zuhaitz-multzo bat dago, tamaina handikoa, izei batek, Atlasko zedro batek eta bi motatako palmondoek osatua.
Bertako zuhaitzez quercus robur osaturiko multzo bat, partzelaren hondoan. Multzo horretan ixten da eraikinetatik ikus daitekeen perspektiba. Multzo horren iparraldean, enbor bikoitzeko haritz bat nabarmentzen da; haren ondoan, banku bat zegoen, esertzeko.
Multzoan dorrearen eta jauregiaren eraikinetan eta lorategian, oro har, Ondare Urbanizatu eta Eraikia Birgaitzeko Jarduketa Babestuei buruzko Eusko Jaurlaritzaren 317/2002 Dekretuak araututako interbentzio-tipoen lehen azpi-multzoaren barruan C motako Zaharberritze Kontserbatzaileei dagokien birgaitze-interbentzioak baimenduko dira. Interbentzio-mota hori egin aurretik, jatorrizko eraikin-motaren eta antolaketaren azterketa dokumentala egin behar da, hura berrezartzeko.
Adierazitakoaz gain, aipaturiko 317/2002 Dekretuari jarraiki, zaharberritze zientifikoko interbentzioak egin beharko dira informazio filologikoaren arabera berreraiki behar diren XVI. mendeko dorrearen guneetan.
Eraikuntza-interbentzio baimenduek helburu hauek izan behar dituzte: batetik, eraikinek eta lorategiak osaturiko multzoaren harmoniari eusteko aukera ematea, eta, bestetik, ondasunaren kontserbazioa bermatuko duten erabilera berriak eranstea. Erabilera berriek, multzoaren balioekin bat etortzeko, baldintza hauek bete behar dituzte:
Balpardako dorrea kontsolidatzea: bolumena, estalkiaren tipologia, itxiturak, leihoen hutsarteak eta moldurak, eta barneko egitura. Jatorrizko materialak eta egitura-tipologia erabili behar dira.
Balpardako jauregia zaharberritzea, haren jatorrizko tipologiari eta aprobetxamenduari jarraiki eta erabilera berrirako banaketa egokia zehazten dela. Horma perimetralen lodierari eutsi behar zaio; begiratokia berreskuratu behar da nolanahi ere, hegadaren luzera errepidearen jabari publikora egokitu beharko da; fatxadetako hutsarte guztiak tinkatu behar dira, balkoiak, karelak eta zureria barne, bai eta atzeko aldeko terrazak ere; eta estalkiaren jatorrizko tipologia berreskuratu beharko da. Eraikuntzako interbentzioetan, jatorrizko forjatuen kota zertxobait alda daiteke. Nolanahi ere, erlaitzaren eta leihoen kotei nahiz jatorrizko estalkiaren limen altuerari eutsi behar zaio.
Lorategiko partzelarako interbentzioan, lorategiaren paisaia-izaerari eutsi behar zaio, II. eranskineko deskribapenari jarraiki. Hala eta guztiz ere, iparraldean, jauregiaren ondoan, harrera-eremu bat prestatu daiteke, fatxada nagusiaren aurrean, eta, horretarako, aldaketak egin daitezke burdin-hesian. Halaber, ekialdeko mugan, hegoaldean, kotxetegiaren eraikina berreskura daiteke, multzoaren berreskurapenarekin lotutako erabilera berri baterako. Era berean, errepidearekin muga eginez hego-ekialdeko muturrerantz hurbiltzen den partzela-zatia berreskura daiteke, baldin eta eremu horretako koniferoen babes-eremu periferikoa errespetatzen bada adaburuaren hedadura + 3 metro inguruan. Halaber, muga horretan guztian, finkaren itxitura-horma egoki daiteke.
Debekatuta dago aipaturiko zuhaitzak suntsitzea, kaltetzea, markatzea edo babes zein laguntza fisiko gisa erabiltzea, bai eta zuhaitzengan kalterik eragin dezakeen edozein jarduerarik egitea ere.
Ondasuna guztiz edo partzialki eraisteko, Euskal Kultur Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 36. artikuluak eta azaroaren 10eko 306/1998 Dekretuak (sailkatutako eta zerrendatutako kultura-ondasunen aurri-egoeraren deklarazioari eta berauek eraisteko erabakiaren aurretik eta ondoren egin beharrekoei buruzkoa) araututakoa bete beharko da.


