- EBAZPENA, 2009ko otsailaren 24koa, Ingurumen Sailburuordetzarena, Bilboko Udalak sustatutako «Zorrotzaurreko Hiri Antolamenduko Plan Berezia» izeneko planak ingurumenaren gainean izango duen eraginari buruzko erreferentzia-dokumentua egiten duena. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus
Arautegia
InprimatuEBAZPENA, 2009ko otsailaren 24koa, Ingurumen Sailburuordetzarena, Bilboko Udalak sustatutako «Zorrotzaurreko Hiri Antolamenduko Plan Berezia» izeneko planak ingurumenaren gainean izango duen eraginari buruzko erreferentzia-dokumentua egiten duena.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Ebazpena
- Organo arau-emailea: Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 70
- Hurrenkera-zk.: 2036
- Xedapen-zk.: ---
- Xedapen-data: 2009/02/24
- Argitaratze-data: 2009/04/15
Gaikako eremua
- Gaia: Ingurune naturala eta etxebizitza; Administrazioaren antolamendua
- Azpigaia: Ingurumena; Hirigintza eta etxebizita; EAEko udalak
Testu legala
Euskal Herriko Ingurumena Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 41. artikuluaren arabera, I. eranskinaren A) paragrafoan azaltzen diren planek (eta plan horien barne dago «Zorrotzaurreko Hiri Antolamenduko Plan Berezia» delakoa) ingurumenean duten eraginari buruzko Ebaluazio Bateratua beharko dute, plangintzako lehen faseetan alternatiba egokienak aukeratzeko eta ingurumenean izango duten eraginaren analisia eta balorazioa egiteko, jarduera desberdinen ondorio metagarri eta sinergikoak kontuan hartuz.
Era berean, «Zorrotzaurreko Hiri Antolamenduko Plan Berezia» izeneko plana zenbait plan eta programak ingurumenean dituzten ondorioak ebaluatzeko apirilaren 28ko 9/2006 Legearen aplikazio-eremuan dago. Lege horren 9. artikuluan ezartzen denez, ingurumeneko organoak ezarriko ditu ingurumenaren iraunkortasunari buruzko txostenaren xehetasun-maila eta zehaztasun-gradua erreferentzia-dokumentu bat emanez, eragindako herri-administrazioak eta publiko interesduna identifikatu eta haiei galdetu eta gero. Dokumentu horretan, gainera, kasu bakoitzean aplikatu beharreko ingurumen irizpide estrategikoak, ingurumen helburuen adierazleak eta iraunkortasun printzipioak adieraziko dira.
Bilboko Udalak 2008ko abenduaren 12an hasi ditu izapideak «Zorrotzaurreko Hiri Antolamenduko Plan Berezia» delakoak ingurumenaren gainean izango duen eraginari buruzko erreferentzia-dokumentua egiteko.
Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Sailaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 25eko 340/2005 Dekretuaren arabera, Ingurumen Sailburuordetzari dagokio Plan eta Programek ingurumenean izango duten eraginari buruzko txostenak egiteko eskumena.
Espedienteko agiriak aztertu ondoren eta zenbait plan eta programak ingurumenean dituzten ondorioak ebaluatzeko apirilaren 28ko 9/2006 (1) Legearen 9. artikuluan aurreikusitako izapideak betez, Ingurumen Sailburuordetzak honakoa
Ingurumen ondorioetarako soilik, Bilboko Udalak sustatutako «Zorrotzaurreko Hiri Antolamenduko Plan Berezia» izeneko planaren erreferentzia-dokumentua egitea.
Txostena honakoa da:
Aurrekariak.
Zorrotzaurreko Hiri Antolamenduko Plan Bereziak ingurumenaren gainean duen eraginari buruzko baterako ebaluazio-prozedurari hasiera emateko eskaerarekin batera, «Zorrotzaurreko Hiri Antolamenduko Plan Berezia gauzatzeko hasierako helburuak eta aurreikuspenak ezartzen dituen aldez aurretiko dokumentua» erantsi da. Bertan ondoko agiriak bildu dira:
A agiria: Memoria deskriptiboa.
Plan Bereziaren xedea da antolamendu xehakatuaren berezko alderdiak zuzentzea, behin egiturazko antolamenduaren berezko zehaztapen guztiak 2008ko apirilaren 24an, Zorrotzaurreko hirigintza-garapenaren oinarri gisa, behin betiko onetsitako Bilboko hiri antolamenduko Plan Orokorraren Aldaketaren agiri-edukian zehaztu direnean. Plan Bereziaren xede-eremuari «Zorrotzaurreko Hiri Eremua» izena ematen zaio Zorrotzaurreko plan orokorraren aldaketan eta 651.860,95 m˛-ko azalera du. Azalera horren antolamendu zehatza Plan Berezian adierazi da.
Egindako kontsultak.
2008ko abenduaren 12an, iragarki bat argitaratu zen prentsan, publiko interesduna identifikatzeko eta kontsultatzeko, eta publiko horren eskura jarri zen espedienteko dokumentazio guztia, bai Ingurumen Sailburuordetzaren egoitzan, eta baita Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Saileko web orrian ere.
Interesatu gisa akreditatzeko eta alegazioak aurkezteko epea 2009ko otsailaren 2an amaitu zen. Izapide horretan honako hauek publiko interesatu gisa akreditatu dira.
Euroberdeak.
Mikel Gotzon Lauzirika Zarate jauna.
Zenbait partikular eta elkartek aurkeztutako idazkiak jaso dira. Hala ere, ebazpen honen datara arte ez dira herritar interesatu bezala akreditatu, 9/2006 Legearen 10. artikuluan ezarritakoaren arabera.
Era berean, Ingurumen Sailburuordetza honek ondorengo erakunde hauei egin die kontsulta:
Eusko Jaurlaritzako Kultur Ondarearen Zuzendaritza.
Eusko Jaurlaritzako Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko Zuzendaritza.
Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurregiteko Zuzendaritza.
Uraren Euskal Agentzia.
Eusko Jaurlaritzako Biodibertsitaterako eta Ingurumen Partaidetzarako Zuzendaritza.
Eusko Jaurlaritzako Lurraldearen Antolamenduko Zuzendaritza.
Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen Zuzendaritza.
Eusko Jaurlaritzako Osasun Publikoko Zuzendaritza.
Bizkaiko Foru Aldundiaren Kulturako Zuzendaritza.
Bizkaiko Foru Aldundiaren Ingurumeneko Zuzendaritza.
Bizkaiko Foru Aldundiaren Hirigintzako Zuzendaritza Nagusia.
Bizkaiko Foru Aldundiaren Mendietako eta Natura Inguruneko Zuzendaritza.
Bizkaiko Foru Aldundiaren Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritza Nagusia.
IHOBE Ingurumena Kudeatzeko Sozietate Publikoa.
Ekologistak Martxan elkartea.
Euskal Herriko Itsasertz Mugartea.
Bilboko Portuko Agintaritza.
Arauzko epea bukatuta, Bizkaiko Foru Aldundiaren Kulturako Zuzendaritzaren eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen Zuzendaritzaren proposamenak jaso dira.
Bizkaiko Foru Aldundiko Kulturako Zuzendaritza Nagusiak baieztatu du proposatutako esku-hartzeak ez duela kaltetzen ezagutzen den ondare arkeologikoa eta eremuan ez dagoela kalifikatutako edo inbentariatutako Kultura Ondasun arkitektonikorik, ezta Euskal Kultur Ondareari buruzko 7/1990 Legean ezarritako baldintzetan kalifikatze edo inbentariatze bidean dagoenik ere.
Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Antolamenduko Saileko Ingurumenaren Kalitatearen Zuzendaritzak, beste alderdi batzuen artean, bi salbuespen adierazi ditu. Kasu horietan, ez da lurzoruaren kalitateari buruzko adierazpenik behar kalifikazioaren aldaketa ondorio duen hirigintzako tresna onetsi aurretik. Aurrekoaren kalterik gabe, baldintza horiei dagokienez gogorarazi nahi da, nahiz eta dagokion hirigintzako planeamendua onetsi, lurzoruaren kalitateari buruzko adierazpena lortu behar dela lurzoruaren erabilera zehazten duen Hirigintzako Jarduketa Programa onetsi aurretik edo, halakorik ez badago, hirigintzako lizentzia eman aurretik. Lizentzia hori ez da ingurumen-organoak lurzoruaren kalitateri buruzko adierazpen-prozeduraren esparruan baimen zitekeen hondeaketa selektiboari dagokion aldez aurretik eman beharreko lizentzia.
Erreferentzia Dokumentu honi eransten zaizkio aurretik jasotako kontsulten erantzunak. Aipatu erantzunak Zorrotzaurreko Hiri Antolamenduko Plan Berezia eta Ingurumen Inpaktuaren Ebaluazio Bateratuaren ikerketa egiterakoan kontuan izan beharko dira.
Plan Bereziari aplika dakizkiokeen ingurumen-irizpide estrategikoak eta ingurumen-helburuak.
Zorrotzaurreko Hiri Antolamenduko Plan Berezia egiteko, honako hauetan jasotako irizpide estrategikoak eta ingurumen-helburuak hartuko dira oinarritzat: Garapen Iraunkorraren Euskal Ingurumen Estrategia (2002-2020); Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumeneko Esparru Programa (2007-2010); Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumena Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorra; ekainaren 20ko 2/2008 Legegintzako Errege Dekretua (dekretu horren bidez, Lurzoruari buruzko Legearen testu bategina onartzen da); eta Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legea.
Zehazki, hurrengo ingurumen-irizpideak ingurumen-irizpide estrategikoak kontsideratuko dira, planak ingurumenean izan ahal dituen eragin garrantzitsuekin lotura dutelako eta horiengatik ingurumen-ebaluazioa egin delako:
Hirietan bereizketa eta sakabanatzea saihestea, erabilerak eta jardunak era askotakoak izanik, horiek guztiak espazioan egokiro uztartzea eta ezkontzea ahalbidetuz, jendea ahalik eta gutxien mugiarazita (2).
Hiri-egitura irmoak, konpaktuak eta konplexuak sustatzea, planteatutako beharrei erantzuteko. Nahiko altuak diren eraikuntza-dentsitateak sortzea (3).
Hiri-nukleoen ingurumen-kalitatea hobetzea, berdeguneak sustatuz eta handituz (4).
Merkataritzako hornidurak Zorrotzaurrek dituen berezko beharretara egokitzea; motordun mugikortasuna eta aparkalekuak sortzeko beharra areagotzea ondorio duten azalera komertzial handiak kokatzea saihestuta.
Eguzkiaren aprobetxamendua kontuan hartuko da eraikin berrien orientazioak zehazteko eta energiarekiko duten jarrera hobetzeko (batez besteko tenperatura altuagoa, berogailu gutxiago kontsumitzea, etab.). Eguzki-argiaren aprobetxamendua ere kontuan hartuko da (elektrizitate gutxiago kontsumitzea).
Energia-aurrezpena, energiaren eraginkortasuna eta energia berriztagarrien erabilera sustatzea.
Eraikin eta urbanizazio berrien ur-eskaerak gutxitzeko neurriak aplikatzea (5).
Garatu beharreko sektoreen antolamendu xehakatuan adieraziko da lurzoruaren zati bat ondokoak ezartzeko gordeko dela: hiri-instalazio kolektiboak edo girotzeko zentralak, etxeko ur beroaren hornidura, hiri-hondakinen bilketa, euriko urak eta ur grisak berriz erabiltzeko bilketa, arazketa eta biltegiratzea, etab.
Hondakinen ekoizpena murriztean eta berriz erabiltzean eta birziklapenaren sustapenean oinarritutako hondakinen kudeaketa bermatzea (6).
Pertsonen mugikortasun-eskaerari erantzuteko, oinez ibiltzea, bizikleta hartzea eta garraio kolektiboa erabiltzea sustatzea (7). Motorrik gabeko mugikortasuna eta garraio publikoa sustatzea (8).
Oinezkoentzako ibilbideak eta bizikletaz modu seguruan eta atseginean ibiltzeko bideak ezartzea. Horiek eraikitako inguru guztia zeharkatuko dute eta jolas-zentroak eta ekipamenduak, hala nola, ikastetxeak, osasun-zentroak, merkataritza-guneak eta abar lotuko dituzte.
Hiri-erabilerako jarduera nagusienak garraio publikoko geltokietatik hurbil kokatzea. Era berean, aipatu geltokiak antolamendu xehakatuan aurreikusiko dira.
Aire garbia bermatzea (9). Inguruaren aire-kalitatea kontuan izan behar da, planean aurreikusitako erabilerekin duen bateragarritasuna egiaztatzeko helburuarekin.
1367/2007 Errege Dekretuan ezarritako kalitate akustikoko helburuak eta inmisio mugak betetzea (10).
Zorrotzaurreko Hiri Antolamenduko Plan Bereziak modu esplizituan ingurumen-irizpide estrategiko horiek guztiak nola eta zein neurritan garatzen dituen identifikatu behar du.
Iraunkortasun-txostenaren hedadura, xehetasun-maila eta zehaztasun-maila.
Zenbait plan eta programak ingurumenean duten eraginaren ebaluazioari buruzko apirilaren 28ko 9/2006 Legean aipatzen den ingurumen-iraunkortasunari buruzko txostena ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazio bateratuari (IEEB) buruzko uztailaren 22ko 183/2003 Dekretuan adierazitako ingurumenaren gaineko ebaluazio bateraturako azterlanean sartuta dagoela ulertu behar da.
Beraz, Zorrotzaurreko Hiri Antolamenduko Plan Bereziak ingurumenean duen eraginaren baterako ebaluazioaren azterlana izango du eta ondorengo araudian ezarritako gutxieneko edukiak eta egitura jasoko ditu: uztailaren 22ko 183/2003 Dekretuaren eranskina eta apirilaren 28ko 9/2006 Legearen I. eranskina.
Ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioko azterlaneko atal bakoitzean jasotzen diren alderdien edukia eta norainokoa, planak sustatzen dituen esparruari eta jarduera zehatzei berariaz dagozkienak izango dira.
Aurrekoarekin bat etorriz, ingurumen eraginaren baterako ebaluazioaren azterlanean garatzen diren atalek ondoko metodologi eskema hau izan behar dute:
Planaren helburu estrategikoak eta helburu horiek lortzeko beharrezkotzat jotzen diren bideak deskribapena.
Beste plan eta programa batzuekiko elkarreraginen analisia.
Planak eragina izango duen eremuko ingurumena aztertu, diagnostikatu eta baloratzea.
Teknikoki arrazoizkoak diren alternatiben ingurumen-azterlana. Aukeratu den konponbidearen justifikazioa.
Planak izan ditzakeen eraginak identifikatu eta baloratzea.
Neurri babesle, zuzentzaile eta konpentsaziozkoen proposamena.
Planaren eraginak gainbegiratzeko programa.
Laburpen-dokumentua.
Dokumentazio grafikoa.
Aztergai dugun dokumentuaren ezaugarriak eta egin ditugun kontsultetatik aterarako ondorioak kontuan izanda, Ingurumenaren gaineko Eraginari buruzko Ebaluazio Bateratuaren Azterlanak aipatutako atalak garatu behar izango ditu, ondoren adierazten den zabalera eta zehaztasun-mailarekin:
1. Plan Bereziaren helburu estrategikoak eta helburu horiek lortzeko beharrezkotzat jotzen diren bideak deskribatzea.
Atal honetan Plan Bereziaren helburuak jaso behar dira, gertakarietatik abiatuz eta horien existentzia eta ezaugarriak diren moduan identifikatu behar dira. Era berean, horiekin bat datozen eta egin diren proposamenak justifikatzeko aukera eman behar dute, modu labur baino egoki batean. Ingurumen-helburuak bereziki azpimarratu behar dira, eta Erreferentziako Dokumentu honen 2.3 atalean adierazitako ingurumen-irizpide estrategikoetan nola sartu diren modu esplizituan adieraziko da.
Ingurumen alorreko irizpide estrategiko horiek Plan Berezia lantzean txertatuta, ingurumenean sortutako kalteei aurre hartu nahi zaie, ondoren konpontzen ibili beharrean. Horrela, garapen iraunkorra sustatu eta neurri zuzentzaile eta konpentsaziozkoen beharra gutxitu nahi da. Hori dela eta, aukerak (kokapeneko edota garapeneko edo beren ekintzetako edota aldi baterako eremuen proposamenen alternatibak) bilatu behar dira Plan Berezian aurreikusitako helburuak, eta batez ere, aipatutako ingurumeneko irizpide estrategikoak beste era batera garatzeko.
2. Beste plan eta programa batzuekiko elkarreraginen analisia.
Plan Bereziak aplikazio-eremu bera duten beste planekin duen ingurumen-bateragarritasuna justifikatu behar da. Ingurumen-inpaktuaren gaineko baterako ebaluazioa izan duten hierarkia maila altuago batean dauden planak identifikatuko dira, eta horrela izanez gero, Plan Bereziak aipatutako ebaluazioetan ezarritako jarraibideekin duen bateragarritasuna aztertuko da.
Beste batzuen artean, hurrengo plan eta programekin duen bateragarritasuna aztertuko da, eta egokia bada, baita ingurumen-inpaktuaren gaineko ebaluazio bateratuarekin duena ere:
EAEko Lurralde Antolamenduaren Gidalerroak.
Bilbo Metropolitarreko Lurraldearen Zatiko Plana.
Zorrotzaurreko Hiri Antolamenduko Plan Nagusiaren Aldaketa.
EAEko Ibaien eta Erreken Ertzak Antolatzeko Lurraldearen Arloko Plana (isurialde kantauriarra) eta bere 1. aldaketa.
EAEko Ekonomia Jarduera eta Merkataritza Horniduretarako Lurzoruaren Sorkuntza Publikoaren Lurraldearen Arloko Plana.
EAEko Uholdeak Saihesteko Plan Integrala eta EAEko hiriguneak urpean geratzeko arriskua aztertzeko lana (2001-2005).
Klima Aldaketaren aurkako Euskal Planak 2008-2012.
Ingurumen alorreko bateraezintasunik baldin badago goragoko maila bateko plan eta programekiko, baliogabetu edo ordeztu egin behar dira hartutako erabakiak.
3. Planak eragina izango duen eremuko ingurumena aztertu, diagnostikatu eta baloratzea.
Gaur egungo ingurumen egoeraren alderdi garrantzitsuenak aipatuko dira (lurzoruak aurreikusitako erabilerak hartzeko izango duen ahalmena) eta baita horiek izan dezaketen bilakaera ere; gainera, beharbada nabarmen kaltetuko diren eremuen ezaugarriak azpimarratuko dira.
Horretarako, eremuaren balioa identifikatu behar da beharrezko xehetasun mailarekin, honako aspektuen analisiaren bitartez:
Eragin handia jasan dezaketen guneetako ingurumen-ezaugarriak (landaredia, fauna, hidrologia, geologia, hidrogeologia, kultura-ondarea,).
Plan Berezirako garrantzitsuak izan daitezkeen ingurumen-arazoak (urak har ditzakeen aldeak, kutsatutako, eraldatutako edo higadura handiko lurzoruak, kutsadura akustikoa, kutsadura atmosferikoa eta abar). Honako hau kontuan hartuko da:
a) Ekainaren 20eko 2/2008 Legegintzako Errege Dekretuaren 15. artikuluan ezarritakoaren arabera (11), Plan Bereziak arrisku naturalen mapa bat jaso behar du.
b) Kutsatutako lurzoruen presentzia identifikatu behar da.
c) 37/2003 (12) Legeak eta 1367/2007 Errege Dekretuak xedatutakoari jarraiki, Plan Bereziak eremuaren zonakatze akustiko bat jasoko du, bertan dauden azpiegitura anitzen zortasun akustikoa kontuan hartuz. Aipatu zonakatzeak lehen aipatutako 1367/2007 Errege Dekretuaren 5. artikuluan adierazitako metodologia jarraitu beharko du. Aipatu zonakatzea eginda, kalitate akustikoko helburu aplikagarriak aipatutako 1367/2007 Errege Dekretuaren 14. artikuluan adierazitakoak izango dira.
Horiek eremuaren harrera-ahalmena zehazterakoan kontuan hartu beharko dira eta alternatiben sormenean eta hautaketan irizpide gisa erabili beharko dira, kalitate akustikoari dagokionez, eremu akustiko ezberdinen arteko eta horiek eta zortasun akustikoko eremuen eta jatorri naturala duten soinu-erreserben arteko bateragarritasuna mantenduz. Beharrezkoa bada, aipatutako bateragarritasuna lortzeko beharrezko ekintzak aurrera eramango dira.
d) Inguruaren aire-kalitatea kontuan izan behar da, planean aurreikusitako erabilerekin duen bateragarritasuna egiaztatzeko helburuarekin (13).
Ingurumen mailan garrantzi berezia duten aldeak, besteak beste, itsaso/lehorreko jabari publikoa eta horren babes-zortasunak.
Beharrezko informazioa biltzerakoan izan diren zailtasun teknikoak, ezagutzazkoak edota esperientzia mailakoak identifikatuko dira, eta zailtasun horiek nola gainditu diren azalduko da.
Ingurumenaren aldetik interes berezikoak diren baliabideak eta espazioak eta planaren esparruan ingurumenaren arloan dauden arazoak era kartografikoan jaso beharko dira, informazio hori bizkor eta erraz eskuratu ahal izateko.
4. Teknikoki arrazoizkoak diren alternatiben ingurumen-azterlana. Aukeratu den konponbidearen justifikazioa.
9/2006 Legearen 8.1 artikuluan arrazoizko alternatibak, teknikoki eta ingurumenari dagokionez bideragarriak direnak, identifikatzeko, deskribatzeko eta ebaluatzeko obligazioa ezartzen da. Horiek ez egotea bidegabekoa da, horiek irrazionalak direla frogatu ezik, aurretik ezarritako bideragarritasuneko irizpide teknikoak betetzea ezinezkoa dela kontuan hartuta.
Begietsi diren aukerak lege aldetik nahiz geografiaren aldetik sustatzailearen eskumenekoak direnean, Plan Bereziaren helburuak planean begietsitakotik beste modu batera garatu beharko dira. Begietsitako alternatibek, sustatzailearen eskumen juridikoan eta geografikoan sartzen direnak, planean aurreikusitako helburuak modu ezberdinean garatzea bilatu behar dute. Helburu horien artean nahitaez ingurumen helburuak agertu behar dira, eta zehazki Erreferentzia-dokumentu honen 2.3 atalean adierazi diren ingurumen helburu estrategikoak. Hautatutako aukerak behar bezala justifikatu behar dira eta beraziaz adieraziko dira aipatu aukerak identifikatzeko, deskribatzeko eta ebaluatzeko erabilitako ingurumeneko eta bideragarritasun teknikoko irizpideak.
Aldi berean, beharrezkoa da aukera guztiek eta bakoitzak izan ditzakeen eragin garrantzitsuak identifikatzea, deskribatzea eta ebaluatzea. Ebaluazioa egiterakoan ez zaie batzuei lehentasunik emango eta ez dira, aldez aurretik, beste batzuk baztertuko. Aztertutako arrazoizko aukeren, hots, teknikoki eta ingurumenari dagokionez bideragarriak diren aukeren, irudi zehatza eskaini behar da, eta baita horiek aukera onena ez izatea egiten duten arrazoiena ere.
Azken finean, hartutako irtenbidea teknikaren eta ingurumenaren aldetik bideragarriak diren beste aukeren aurrean justifikatu behar da, esku ez hartzeari buruzko 0 aukera barne. Era berean, esplizituki identifikatuko dira Erreferentzia-dokumentu honen 2.3 atalean adierazitako ingurumen-irizpide estrategiko guztiak eta horietako bakoitza nola eta zein neurritan garatu diren.
5. Planak izan ditzakeen eraginak identifikatzea eta baloratzea.
Proposamenak ingurunearen hainbat aldagaitan izan ditzakeen eraginak identifikatuko dira, batez ere, eragin kritikoak, hau da, oro har onartutako arau eta azterlan teknikoetan ezarrita dauden muga-balio edo gidak gainditu ditzaketen aldaketaren jarduerak, horiek leuntzeko inolako aukerarik gabe, irailaren 30eko 1131/1988 Errege Dekretuko kontzeptu teknikoen arabera (Errege Dekretu horren bidez onartu zen ekainaren 28ko 1302/1986 Legegintzako Errege Dekretua burutzeko araudia).
Ahaleginak egin beharko dira planak eta haren jarduketek ingurumenean eragin ditzaketen kalterik garrantzitsuenak eta haien arteko erlazioa identifikatzen. Ingurumenaren gaineko eraginaren garrantzia zehazteko irizpideak izango dira apirilaren 28ko 9/2006 Legearen II. eranskinean (zenbait plan eta programak ingurumenaren gainean duten eraginaren ebaluazioari buruzkoa) eta urtarrilaren 11ko 1/2008 Legegintzako Errege Dekretuaren III. eranskinean (proiektuek ingurumenaren gainean duten eraginaren ebaluazioari buruzko legearen testu bategina onesteko dena) finkatu direnak.
Zentzu horretan, arreta berezia emango zaie honako alderdiei:
Baliabideen kontsumoa (ura, energia) areagotzea.
Eraisketetako hondakin, kanala irekitzearen ondoriozko lur soberakin eta hiri hondakin solido, etab. gehiago sortzea.
Ibilgailuen trafikoa areagotzea eta egin dezaketen sarbide berrien ingurumen eragina.
Zarata arazoak.
Uholde arriskua.
Ebaluatzeko erabiliko den metodologia adierazi beharko da eta horretarako, hala badagokio, kalteak balioesteko izandako zailtasun teknikoak, ezagutzazkoak edota esperientziazkoak zehaztuko dira eta zailtasun horiek nola gainditu diren.
Plan Bereziak eta beren jarduerek ingurumenean izan ditzaketen eragin esanguratsuak eta horien arteko harremanak era kartografikoan jaso beharko dira, informazio hori bizkor eta erraz eskuratu ahal izateko.
6. Neurri babesle, zuzentzaile eta konpentsaziozkoen proposamena.
Plan Berezia egiterakoan ingurumen-irizpide estrategikoak sartzeak, besteak beste, konpentsazio-neurri edota neurri zuzentzaileak ezartzeko beharra mugatu beharko luke. Zentzu horretan, eragin negatibo garrantzitsuak egon direlako neurri zuzentzaileak ezarri beharra, ingurumeneko irizpide estrategikoak planean gaizki txertatu izanaren adierazle garbitzat ulertuko da. Hori dela eta, behar beste justifikatu beharko da neurri zuzentzaileak edo osabidezkoak eskatzen dituzten eragin negatibo nabarmenak egotea, nahiz eta txosten honetan dagokion atalean adierazitako ingurumen-irizpide estrategikoak egoki integratu diren.
Ingurumenaren gainean gerta daitezkeen eragin negatibo esanguratsuak murrizteko diren planaren alternatiben garapena edo kokapena teknikoki behar bezala justifikatzen den kasuetan bakarrik, dagozkion neurri zuzentzaile edota konpentsatzaileak ezarriko dira. Ez da ahaztu behar neurri horiek ingurumenean eragin negatibo nabarmenak izan ditzaketela ere bai eta horrenbestez horiek identifikatu beharko dira eta beharrezkoa bada, ebaluazioa egin beharko da.
Neurriak proposatuz gero, horien aplikazioaren kostu ekonomikoa kalkulatu beharko da, eta horien gauzatzea denboran planifikatu beharko da.
Besterik ezean, osabidezko neurriak hartuko dira, atalase onargarria gainditzen ez duen, hau da, arauetan edo onarpen orokorreko ikerketa teknikoetan ezarritako muga- edo gida-balioen azpitik dagoen eragin negatibo nabarmen bat ekiditea edo behar bezala arintzea ezinezkoa denean. Kasu horietan, beren eragina konpentsatu beharko da bidezko ingurumen-neurriekin, kontrako-ikurrekoekin edo esanahi berekoekin. Zehazki, azkenean aurrera eraman eta izadi-kapitalaren galeraren bat dakarten ekintzak daudenean aipatu izadi-kapitalaren handitzearen edo hobekuntzaren bidez konpentsatu beharko dira (14).
Plan Bereziaren formulazioan bezala, eta agiri honetan jaso den moduan, kalteak konpondu beharrean aurre hartzeko printzipioari jarraituz, ingurumeneko jarraibideak ezarri behar dira berrikuspena garatzeko agirietan; jarraibide horiek aurreikusitako jardueren kokagunean eta garapenean txertatuz gero, kalte esanguratsuak mugatu, eta horrenbestez, ondoren neurri zuzentzaileak eta konpentsaziozkoak hartzeko beharra gutxitzeko. Beraz, eta ahal den neurrian, aurretiaz identifikatu behar da, berrikuspenean aurreikusi diren jardueren artean, zeini egin ahal izango zaion ingurumen ebaluazioa eta zeini ez.
Plan Bereziaren garapeneko dokumentuetarako proposatutako ingurumen-jarraibideek erreferentzia egingo diete gutxienez hurrengo aspektuei:
Energia berriztagarrien erabilera eta aprobetxamendua sustatzea.
Energia-eraginkortasuna sustatzea.
Hondakinen sorrera murriztea.
Hiriko sistemetan natura-baliabideak aurreztea.
Mugikortasun iraunkorra sustatzea.
2010. urterako berotegi-efektua eragiten duten gasen emisio guztiak, Kyotoko Protokoloan araututakoak, mugatzea.
Dibertsitate biologikoa gehitzea.
7. Planaren eraginak gainbegiratzeko programa.
Ingurumenean eragin dezaketen ondorio esanguratsuek bai positiboek, bai neurri zuzentzaileak behar dituztenek, eta hala identifikatuta daudenek, izan dezakete jarraipenaren beharra. Horretarako, eragin bakoitzari aurrez adierazle bat esleitu behar zaio (kualitatiboa edota kuantitatiboa). Adierazle horiek zehazteko, honako hauek behintzat aztertuko dira:
Oinarrizko adierazleak (eredu kausalaren oinarrituta).
Goiburuko ingurumen-adierazleak.
EAEko iraunkortasunaren adierazleak.
Europako egitura-adierazleak.
Bizkaiko Iraunkortasunaren adierazleak.
Tokiko Agenda 21en adierazleak.
Horiek jarraipen zuzena izango dute ingurumenean gertatzen diren aldaketen jarraipenaren bidez (kausa efektu erlazioa ezartzeko zailtasuna), edo zeharkakoa, presio-neurrien eta neurri aringarrien jarraipena eginez.
Plan Bereziak eta bere baitako jarduerek sor ditzaketen eraginik esanguratsuenak neurtzeko adierazleak ezarri ondoren, adierazle horietako bakoitza gainbegiratzeko arduraduna izendatuko da. Adierazle bakoitzak arduradun desberdina izan dezake, gainbegiraketa plangintza- sistemaren zein fasetan txertatzen den kontuan izanda, horrela beti identifikatu ahalko da planak adierazleari egiten dion ekarpen indibiduala.
8. Laburpen-agiria.
Laburpen-agiri bat idatziko da ingurumenaren gaineko eraginaren baterako ebaluazio prozedura arautzen duen uztailaren 22ko 183/2003 Dekretuaren eranskinean ezartzen diren baldintzen arabera. Bertan argituko da, zehatz-mehatz eta publikoak, oro har, ulertzeko moduan, nolakoa izango den programa eta nolako eragina izango duen ingurumenean. Halaber, dokumentazio grafikoa sartzea ere gomendatzen da, batez ere, jendeari informazioa emateko.
9. Dokumentazio grafikoa.
Ingurumenaren gaineko Eraginari buruzko Ebaluazio Bateratuaren Azterlanak dokumentazio grafiko nahikoa sartuko du, informazioa azkar eta erraz ikusi ahal izateko. Dokumentazio grafiko hori izan daiteke: taulak, grafikoak, figurak, argazkiak, eskala egokia duten planoak, eta abar.
Informazioa jasotzeko eta kontsulta egiteko moduak.
Informazio eta kontsultarako moduari dagokionez, erakunde sustatzaileak honako jarduerak burutuko ditu:
Eragindako administrazio publikoei eta herritar interesatuei kontsulta egiteko, Aldaketaren lehen agiria eta Ingurumenaren gaineko Eraginari buruzko Ebaluazio Bateratuaren Azterlana bidaliko zaizkie. Gutxienez, erreferentzia-dokumentuaren 2.2. atalean aipatutako eta identifikatutako Administrazio Publikoei eta herritar interesatuei egingo zaie kontsulta eta, gutxienez, 45 eguneko epea edukiko dute, agiri horiek aztertu eta oharrak egiteko.
Plan bereziaren lehen agiria eta Ingurumenaren gaineko Eraginari buruzko Ebaluazio Bateratuaren Azterlana jendaurrean jarriko dira Bizkaiko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko den iragarkiaren bidez, eta gutxienez 45 eguneko epea egongo da agiri horiek aztertu eta oharrak egiteko. Bere publizitatea bermatzeko helburuarekin, bi dokumentuak organo sustatzaileak duen sare telematikoaren leku batean sartuko dira eta hori sarrera askekoa izango da, Lurzoru eta Hirigintzako ekainaren 30eko 2/2006 legearen 9.1 artikuluak ezartzen duen bezala.
Ingurumen-inpaktuaren gaineko Aurretiazko Txostenaren eskabidea.
183/2003 Dekretuaren 17. artikuluan ezarritakoa aplikatuz, «Zorrotzaurreko Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren» hasierako onespenaren aurretik, Planaren behin-betiko onespenerako duen organo eskudunak, kasu honetan Bilboko Udalak, ingurumen-organo honi ingurumen-inpaktuaren Aldez Aurretiko Txostena igortzea eskatuko dio. Aipatu eskabidea hiri-antolamenduko Plan Bereziarekin edo lehenengo dokumentuarekin eta ingurumen-inpaktuaren ebaluazio bateratuaren ikerketarekin batera bidaliko da, Erreferentziako Dokumentuan espezifikatutako eduki minimoekin.
Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian aipatutako erreferentzia-dokumentua argitaratzea.
Vitoria-Gasteiz, 2009ko otsailaren 24a.
Ingurumen sailburuordea,
IBON GALARRAGA GALLASTEGUI.
(1) Apirilaren 28ko 9/2006 Legea, zenbait plan eta programak ingurumenaren gainean duten eraginaren ebaluazioari buruzkoa.
(2) Lurzoru eta Hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legearen 3. artikulua.
(3) Hiri-plangintza jasangarritasun-irizpideak kontuan izanda idazteko eskuliburua. IHOBE, Ingurumen Kudeaketako Sozietate Publikoa. Ingurumen eta Lurralde Antolamenduko Saila. 2005.
(4) Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumeneko Esparruaren II. Programa 2007-2010. 5. ekintza-lerroa, 9. Helburu Estrategikoarena: Lurraldearen erabilera orekatua lortzea.
(5) 2007-2010 epealdirako Euskal Autonomia Erkidegoko II. Ingurumen Esparru Programa 4. Helburu Estrategikoa: Baliabide naturalen kontsumo arduratsua.
(6) Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumeneko Esparruaren II. Programa 2007-2010. 3. ekintza-lerroa, 6. Helburu Estrategikoarena: Hondakinak murriztea eta tratatu gabeko isurketarik eza.
(7) Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumeneko Esparruaren II. Programa 2007-2010. 8. Helburu Estrategikoa: Beste mugikortasun kudeaketa eredu baterantz.
(8) Klima-aldaketaren aurka borrokatzeko Euskal Plana 2008-2012. 1. Programa: Karbono gutxiago. «Karbono gutxiago eta energia garbiagoak erabiliz produzitzea eta kontsumitzea, eta karbono-hustulekuak kudeatzea». Garraio-Sektorea, Lerroa: «Aurrezpena eta eraginkortasuna garraiobideetan eta horien erabileran». 16. Ekintza.
(9) Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumeneko Esparruaren II. Programa 2007-2010. 1. Helburu Estrategikoa: Aire garbia.
(10) Zarataren azaroaren 17ko 37/2003 Legeak garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretua, zonakatze akustikoari, kalitate-helburuei eta igorpen akustikoei dagokienez.
(11) Lurzoruaren legearen testu bategina onartzen duen ekainaren 20eko 2/2008 Legegintzako Errege Dekretua.
(12) Zarataren azaroaren 17ko 37/2003 Legea.
(13) 1073/2002 Errege Dekretua, urriaren 18koa, ingurumenaren aire-kalitatearen ebaluazioari eta kudeaketari buruzkoa, sufre-dioxidoari, nitrogeno dioxidoari, nitrogeno-oxidoei, partikulei, berunari, bentzenoari eta karbono monoxidoari dagokienez.
(14) Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumeneko Esparruaren II. Programa 2007-2010. 2. lehentasuna.


