- 8/2009 EBAZPENA, martxoaren 6koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, Eusko Jaurlaritzak egindako zenbait hitzarmen, beherago zehaztutakoak, argitaratzea xedatzen duena. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus
Arautegia
Inprimatu8/2009 EBAZPENA, martxoaren 6koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, Eusko Jaurlaritzak egindako zenbait hitzarmen, beherago zehaztutakoak, argitaratzea xedatzen duena.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Ebazpena
- Organo arau-emailea: Jaurlaritzaren Lehendakariordetza
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 68
- Hurrenkera-zk.: 1984
- Xedapen-zk.: ---
- Xedapen-data: 2009/03/06
- Argitaratze-data: 2009/04/08
Gaikako eremua
- Gaia: Administrazioaren antolamendua
- Azpigaia: Sailak; Instituzional
Testu legala
Eusko Jaurlaritzak zenbait hitzarmen sinatu dituenez gero, zabalkunde egokia izan dezaten, honako hau,
Lankidetza-hitzarmena, Eusko Jaurlaritzaren eta Garapen Teknologiko Industrialerako Zentroaren artekoa. Helburua: nazioarteko I+G+B sustatzeko jarduerak Euskal Autonomia Erkidegoan finantzatzea, EuroIngenio Funtsaren kargura (I. eranskina).
Lankidetza hitzarmena, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailaren eta Azkoitiko Udalaren artekoa. Helburua: Azkoitiko udalerriko Txalon Erreka Ekialdea 10 sektorean babes ofizialeko etxebizitzak sustatzea (II. eranskina).
Lankidetza-hitzarmena, Eusko Jaurlaritzaren eta Sustapen Ministerioko Geografia Informazioko Zentro Nazionalaren artekoa. Helburua: Espainiako zoruaren okupazioari buruzko Corine Land Cover 2006 (CLC2006) datu-basea landu eta garatzea EAEren eremu geografikoan (III. eranskina).
Vitoria-Gasteiz, 2009ko martxoaren 6a.
Jaurlaritzaren Idazkaritzako
eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,
JOSÉ LUIS ERREKATXO LABANDIBAR.
Euskal Autonomia Erkidegoko EuroIngenio Funtsaren Kargurako Nazioarteko I+G+Bko sustapen jarduerak finantzatzeko hitzarmena.
Madril, 2008. urteko abenduaren 30a.
BILDU DIRA:
Alde batetik, Cristina Garmendia Mendizábal andrea, Garapen Teknologiko Industrialerako Zentroaren presidente gisa, azaroaren 30eko 8/1983 Legegintzako Errege Dekretuak sortutako Zuzenbide Publikoko Erakundearena, hain zuzen ere, erakunde horren izenean eta hura ordezkatuz, haren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 6ko 1406/1986 Errege Dekretuaren 10. artikuluak esleitzen dion eskumenaren arabera, eta,
Beste aldetik, José Ignacio Telletxea Fernández jauna, Eusko Jaurlaritzaren Industria, Merkataritza eta Turismo Saileko Teknologiako eta Industria Garapeneko sailburuorde gisa, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren izenean eta hura ordezkatuz, 2008ko abenduaren 30eko Jaurlaritzaren Kontseiluaren Erabakian xedatutakoari jarraiki.
ADIERAZI DUTE:
Lehenengoa. Zientzia eta Teknologia Ministerioari atxikita dagoen Enpresa Erakunde Publikoa da Garapen Teknologiko Industrialerako Zentroa. Espainiako enpresei beren teknologia-maila handitzen laguntzea du helburu, eta erakunde horren zereginak jardun-erregelamendua onartzen duen ekainaren 6ko 1406/1986 Errege Dekretuan araututa daude. Eskumen-titulua Espainiako Konstituzioaren 149.1.15 artikuluan oinarrituta dago.
Beste zereginen artean, Garapen Teknologiko Industrialerako Zentroak Espainiako industria-enpresen garapen teknologikoa sustatzea du helburu, garapen-proiektuen eta teknologien ezarpen-proiektuak gauzatzen lagunduz; helburu horretarako, enpresek garatutako I+Gko proiektuetarako eta enpresa-eremuko teknologiaren transferentzia sustatzeko hainbat finantziazio-tresna pribilegiatu dauzka. Horrez gain, Garapen Teknologiko Industrialerako Zentroak Espainiako ordezkaritza du nazioarteko hainbat organismo eta programatan, itzulkin zientifiko, teknologiko eta industrial egokiak lortzeko, apirilaren 14ko 16/1986 Zientziaren Legean adierazitakoaren arabera.
Bigarrena. Euskal Herriko Autonomia Estatutua onartzen duen abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoaren 10.30 artikuluak Industria-alorreko eskumen esklusiboa ematen dio Euskal Autonomia Erkidegoari.
Aurrekoaren arabera, 8/2005 Dekretuaren -ekainaren 27koa, lehendakariarena, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioaren Sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena, eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena- 10. artikuluaren a) eta b) idatz-zatietan ezarri zuenez, Industria, Merkataritza eta Turismo Sailari zegokion, besteak beste, Berrikuntza Teknologikorako Industria Politikoaren jardun-arloa.
Industria, Merkataritza eta Turismo Sailaren egitura organikoa eta eginkizunak ezartzen dituen urriaren 11ko 284/2005 Dekretuaren 13. artikuluari jarraiki, Teknologiako eta Industria Garapeneko Sailburuordetzari dagozkio Teknologiaren eta Industria Garapenaren arloko eskumenak.
Eusko Jaurlaritzaren Industria, Merkataritza eta Turismo Sailak eta haren Teknologiako eta Industria Garapeneko Sailburuordetzak I+G+Bko beren eskualde-sistemaren nazioartekotzearen erronka partekatzen dute, Zientzia eta Teknologiaren Estrategia Nazionalari jarraituz eta zehazki, Autonomia Erkidegoko erakundeen partaidetza Europar Batasuneko Programa Markoetan sustatzera bideratutako EuroIngenio Planari jarraituz.
Hirugarrena. Europako Parlamentuaren eta 2006. urteko abenduaren 18ko Kontseiluaren 1982/2006/EE zenbakiko Erabakiaren bitartez (hemendik aurrera VII. Esparru Programa) hartutako Ikerketako Zazpigarren Esparru Programa, Europako Erkidegoko Garapen Teknologikoa eta Berrikuntza, oinarrizko legezko tresna eta tresna ekonomikoa da Europako erkidegoko finantzatzeko eta deialdi lehiatsuetan hautatutako nazioz gaindiko lankidetzarako ikerketa-proiektuak ordaintzeko.
Laugarrena. EuroIngenio Plana, Zientzia eta Teknologia Ministerio arteko Batzordeak onartu zuen 2006. urteko uztailean, Espainiak 2010. urtean VII. Esparru Programan % 8ko partaidetza lortzeko oinarrizko helburuarekin, Espainiak Europar Batasunean duen pisu ekonomikoaren arabera. EuroIngenio Programaren barruan, dagoeneko lau jardun-ildo jarri dira martxan (Innoeuropa, Eurosalud, Eurociencia eta Tecnoeuropa).
Bosgarrena. EuroIngenio Planaren helburuak lortzeko Autonomia Erkidegoen inplikazioa ezinbestekotzat hartzen denez, 2007. urteko urtarrilean Autonomia Erkidegoetako presidenteen Konferentzian, Espainiako Gobernuak eta Autonomia Erkidegoek EuroIngenio Funtsa sortzea erabaki zuten EuroIngenio Planaren esparruan. EuroIngenio Funtsak VII. Esparru Programan (Programa Espezifikoak, Lankidetza, Gaitasunak, Ideiak eta Pertsonak) Espainiak lortutako itzulkinak handitzeko laguntza ematen duten Autonomia Erkidego horiei funtsak emango dizkie.
Seigarrena. Ministroen Kontseiluak, 2007. urteko irailaren 14an egin zuen bileran, Garapen Teknologiko Industrialerako Zentroa EuroIngenio Funtsaren kudeatzaile gisa izendatzea erabaki zuen, funts hori kudeatzeko organismo egokiena dela iritzi baitzion.
Zazpigarrena. 2008. urteko urtarrilaren 15ean egin zen Ministerio arteko Zientzia eta Teknologia Batzordearen Kontseilu Nagusiaren Bileran, Estatuko Administrazio Orokorrak honako gomendio hau eman zuen irizpide orokor gisa: Autonomia Erkidegoek EuroIngenio Funtsak transferitzen dien finantziazioa nazioarteko proiektuetarako eta programetarako ekintzetan eta pizgarrietan inbertitzea, Zientzia eta Teknologiaren Estrategia Nazionalaren eta EuroIngenio Planaren ildotik.
Zortzigarrena. Bestalde, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioa -Garapen Teknologiko Industrialerako Zentroarekin Lankidetza Hitzarmen bat du sinatuta berrikuntza eta garapen teknologikoa sustatzeko- Lankidetza Hitzarmen honetan planteatutako helburuak gauzatzeko erakunde egokia da eta Euskal Autonomia Erkidegoan nazioarteko I+G+Ba sustatzeko ekintzak burutzeko prest dago, Zientzia eta Teknologiaren Estrategia Nazionalaren eta EuroIngenio Planaren ildotik. Horretarako, Garapen Teknologiko Industrialerako Zentroaren laguntza teknikoa du, jarduera horiek Autonomia Erkidegoaren eremuan diseinatu eta martxan jartzeko, Zentroak dagoeneko kudeatzen dituen jardueren osagarri izateko helburuarekin.
Bederatzigarrena. Adierazitakoaren arabera, Hitzarmen honen helburua bi erakunde sinatzaileen arteko lankidetzaren terminoak zehaztea da, EuroIngenio Funtsa erabiltzeko, EuroIngenio Planaren helburuen lorpenean laguntzeko, eta hori guztia honako klausula hauei jarraiki
KLAUSULAK
Lehenengoa. Hitzarmenaren xedea.
Hitzarmen honen helburua, honako alderdi hauek arautzea da:
(i) Garapen Teknologiko Industrialerako Zentroak funtsak transferitzea, EuroIngenio Funtsaren kargurako Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioaren alde.
(ii) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak egin behar dituen ekintzak, EuroIngenio Funtsak transferitutako finantziazioarekin. Nazioarteko proiektu eta programetarako ekintza eta pizgarri horiek Zientzia eta Teknologiaren Estrategia Nazionalaren eta EuroIngenio Planaren ildo berari jarraitu behar diote.
(iii) Aurreko idatz-zatian aurreikusitako Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak egin behar dituen ekintzen jarraipena.
Bigarrena. Helburua.
Lankidetza Hitzarmen honen oinarrizko helburua Espainiako erakundeen partaidetza sustatzea da VII. Esparru Programan, Zientzia eta Teknologia Ministerio arteko Batzordeak eta Autonomia Erkidegoetako Presidenteen Konferentziak onartutako Zientzia eta Teknologiaren Estrategia Nazionalaren eta EuroIngenio Planaren ildotik.
Hirugarrena. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren aldeko transferentziak.
Garapen Teknologiko Industrialerako Zentroak urtero K kopuru bat transferituko du urtero Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioaren alde. Kopuru hori aurreko urtean Euskal Autonomia Erkidegoak VII. Esparru Programan bere itzulkin-ehunekoa handitzerakoan lortutako itzulkinen EBren VI. Esparru Programan lortutako itzulkinen batez besteko ehuneko berari eutsi izan balio lortuko zituen itzulkinen arteko aldearen % 50en baliokidea da. Esparru Programak finantzatutako jardueretan parte hartzeagatik lortutako diru-laguntzaren zenbatekoak hartu dira itzulkintzat.
Garapen Teknologiko Industrialerako Zentroak EuroIngenio Funtsaren kargura transferitu beharreko K kopurua zehaztuko du urte jakin baterako, Garapen Teknologiko Industrialerako Zentroaren VII. Esparru Programan Espainiaren parte-hartzearen datu-base ofizialean barne hartutako informazioaren oinarriaren gainean eta I. eranskinean barne hartutako zenbaketa-algoritmoa aplikatuz. Erreferentzia-urteko Kudeaketa Batzordeak onartutako proiektuei lotutako itzulkinak bakarrik hartuko dira kontuan. Ez dira kontuan hartuko Garapen Teknologiko Industrialerako Zentroak urte horretarako transferitu beharreko EuroIngenio Funtsaren zenbatekoa erabaki zen egunaren ondorengo aldaketak.
Datu-base horrek Europako Batzordearen zerbitzuek EBren VII. Esparru Programa osatzen duten Programa ezberdinen Kudeaketa Batzordeei emandako informazio ofiziala hartzen du barnean. Informazio horrek Esparru Programaren deialdietara Espainiako parte-hartzaileek aurkeztutako proposamenen xehetasuna hartzen du barnean, baita Europako Batzordeak finantzatutako jarduera guztien, horien parte-hartzaileen eta bertan parte hartzeagatik horiei dagokien finantziazioaren xehetasuna ere.
Horretarako, Euskal Autonomia Erkidegoaren partaidetza Esparru Programan helbide soziala Autonomia Erkidego horretan duten erakunde parte-hartzaileek lortutako guztizko itzulkinen oinarriaren gainean zehaztuko da, oinarritzat parte-hartzaileek Europar Batzordeari emandako informazioa hartuz.
Transferentziak egiteko eta horien zenbateko eta ordainketa zehatza egiteko kreditu egokia eta nahikoa eduki behar da Garapen Teknologiko Industrialerako Zentroaren aldeko Estatuko Aurrekontu Orokorretatik dagokion aurrekontu-partidan, EuroIngenio Funtsa finantzatzeko.
Urteko Estatuko Aurrekontu Orokorretan esleitutako partidan funts gutxi badaude, gehi aurreko ekitaldietan sortu izan ziren soberakinak EuroIngenio Funtsaren kargurako transferentziak egiteko, transferentzia horiek jasotzeko eskubidea duten Autonomia Erkidego horiei guztiei, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioaren alde transferitu beharreko zenbatekoa honako formula honen arabera murriztuko da:
EAEri transferitu beharreko guztizko zenbatekoa = Garapen Teknologiko Industrialerako Zentroak daukan diru-kopurua x (hasiera batean Euskal Autonomia Erkidegoari dagokion zenbatekoa / autonomia erkidego guztiek jaso beharreko zenbateko osoa)
Edonola ere, transferentzia egin baino lehenago, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak EuroIngenio Funtsaren kargura hartu beharreko neurriak eta Euskal Autonomia Erkidegoaren itzulkinen handitzean aurreikusitako gertaera adostuko ditu Garapen Teknologiko Industrialerako Zentroarekin.
Laugarrena. Ordaintzeko modua eta unea.
Garapen Teknologiko Industrialerako Zentroak zehaztuko dituen EuroIngenio Funtsaren kargurako transferentziak, urteko bigarren seihilekoan egingo dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak aukeratutako 0182-5685-07-0000226271 kontura banku-transferentzia eginez, betiere aldi horretan Garapen Teknologiko Industrialerako Zentroari dagoeneko dagozkion funtsak sartu baldin badizkiote dagozkion Estatuko Aurrekontu Orokorrek horretara bideratutako kontu-korrontean.
Bosgarrena. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak egin Beharreko ekintzak.
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak EuroIngenio Funtsaren kargura transferituko zaizkion funtsak VII. Esparru Programan partaidetza sustatzea eta nazioko eta eskualdeko I+G+Baren nazioartekotzea sustatzea helburu duten ekintzetara bideratuko ditu, Zientzia eta Teknologiaren Estrategia Nazionalaren eta EuroIngenio Planaren ildotik, II. eranskineko ekintzak abiapuntutzat hartuz.
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak Garapen Teknologiko Industrialerako Zentroaren laguntza teknikoa edukiko du, nazioko eta eskualdeko I+G+Baren nazioartekotzea sustatzeko ekintzak Garapen Teknologiko Industrialerako Zentroaren ekintzen osagarriak diren neurrian.
Seigarrena. Jarraipen batzordea.
Hitzarmen hau sinatzen den egunetik aurrera zenbatzen hasita laurogeita hamar egun balioduneko epearen barruan, Jarraipen Batzorde bat osatu beharko da. Jarraipen Batzordeko alderdi bakoitzak ordezkari kopuru bera edukiko du eta alderdi bakoitzak gutxienez bi ordezkari edukiko ditu. Jarraipen Batzorde honek bere funtzionamendu-arauak finka ditzake, eta gutxienez urtean behin ohiko bilera bat egin beharko du, edo ezohiko moduan, edozein alderdik justifikatuta eskatzen duenean.
Horrez gain, Batzorde horretan Gobernuak Autonomia Erkidegoan duen Ordezkaritzaren ordezkari bat egongo da, apirilaren 14ko 6/1997 Legearen 27.1.b) artikuluan aurreikusitakoaren arabera.
Zazpigarrena. Jarraipen Batzordearen zereginak.
Jarraipen Batzordeari dagozkio honako zeregin hauek:
(i) Autonomia Erkidegoak hasitako eta Garapen Teknologiko Industrialerako Zentroarekin eratutako ekintzen jarraipena egitea, Hitzarmen honetan itundutakoa betetzen dela zainduz.
(ii) Garapen Teknologiko Industrialerako Zentroarekin batera lortutako emaitzen balorazio bat egitea ahalbidetuko duen Autonomia Erkidegoan egindako ekintzen urteko txosten bat egitea.
(iii) Urteko txostena aztertuta Hitzarmen hau hobetzeko, egokitzeko edo aldatzeko bidezkotzat hartzen diren proposamenak eskumeneko organoei bidaltzea.
Zortzigarrena. Hitzarmenaren iraupena eta aldaketa.
Hitzarmen hau indarrean egongo da hitzarmena sinatzen den momentutik VII. Esparru Programaren (2013) indarraldiaren azkeneko urtean Euskal Autonomia Erkidegoko erakundeek lortutako itzulkinei dagozkien funtsak transferitzen diren arte, hau da, 2014. urtera bitarte.
Hitzarmenaren indarraldian zehar, Hitzarmen hau alderdiek espresuki adostuta aldatu ahal izango da, aurreikusitako helburuak lortzeko bidezkotzat hartzen diren hobetzeko proposamenak gehitzeko helburuarekin.
Bederatzigarrena. Hitzarmenaren amaiera iragartzea eta suntsiarazpena.
Adierazitakoa alde batera utzi gabe, alderdietako batek Hitzarmenaren amaiera iragar dezake, Hitzarmena amaituko den eguna baino hiru hilabete lehenago beste alderdiari idazki bidez jakinarazten bazaio.
Alderdietako edozeinek Hitzarmena suntsiaraz dezake, EuroIngenio Funtsa edo EuroIngenio Plana oro har indargabetzen bada.
Horretaz gain, Garapen Teknologiko Industrialerako Zentroak bere aldetik Hitzarmena suntsiaraz dezake, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak ez baditu Bosgarren Klausularen arabera egokitzen zaizkion betebeharrak betetzen.
Hamargarrena. Datu babesa.
Alderdiek indarreko legedia betetzeko konpromisoa hartzen dute, datuak babesteari dagokionez. Ildo horretan, alderdi bakoitzak kontzeptu horrengatik eskura dezaken ardura hartuko du bere gain.
Hamaikagarrena. Datuen tratamendua.
Hitzarmen hau sinatzeko erabilitako bertaratuen datu pertsonalak Garapen Teknologiko Industrialerako Zentroaren jabetzakoa den fitxategi batean daude gordeta, eta kontratu-harremanaren kudeaketa, garapena, betetzea eta kontrola burutzeko tratatuko dira, baita derrigorrez bete behar diren bidalketak egiteko ere. Datuak Datu Pertsonalak Babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan adierazitakoaren arabera tratatu eta babestuko dira.
Datuen titularrak/titularrek baliatzeko, zuzentzeko, deuseztatzeko eta haien aurka egiteko eskubideak baliatu ahal izango ditu/dituzte, eta horiek Garapen Teknologiko Industrialerako Zentrora aurkeztu beharko ditu/dituzte, honako helbide honetara: Cid kalea, 4. zk. 28001 Madril.
Hamabigarrena. Informazioaren konfidentzialtasuna.
Hitzarmen hau garatzeko, alderdiek elkarri eman dioten informazioa konfidentziala izango da, baldin eta alderdiek kontrakoa adosten ez badute.
Adierazitako izaera dagokien enplegatuei espresuki jakinaraziko zaie eta behin Hitzarmena deuseztatu ondoren informazioaren konfidentzialtasuna mantenduko da.
Hamahirugarrena. Hitzarmenaren interpretazioa eta jurisdikzioa.
Kontratu honen interpretazioa dela-eta kontratua sinatu duten alderdien artean sortzen diren gorabehera guztiak alderdiak ados jarrita konponduko dira.
Adostasun hori ezinezkoa bada, Madrilgo (hiriburua) Epaitegi eta Auzitegien erabakipean geratuko dira, eskumeneko foruari uko eginez.
Eta ados daudela bermatzeko, Hitzarmen hau sinatu dute, bi aletan, goiburuan adierazitako tokian eta egunean.
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren izenean,
Eusko Jaurlaritzaren Industria, Merkataritza
eta Turismo Sailaren Teknologiako
eta Industria Garapeneko sailburuordea,
JOSE IGNACIO TELLETXEA FERNANDEZ.
Garapen Tekonologiko Industrialerako Zentroaren izenean,
Garapen Tekonologiko Industrialerako
Zentroaren presidentea,
CRISTINA GARMENDIA MENDIZÁBAL.
Urtean Autonomia Erkidego bakoitzaren Itzulkinaren (I) ehunekoa I (%) = F / AG x 100
AG: EBk VII. Esparru Programan urte jakin batean esleitutako Aurrekontu Guztia (milioi eurotan)
F: Autonomia Erkidegoak urte jakin batean lortutako finantziazioa (milioi eurotan)
VI EPn Autonomia Erkidegoaren Itzulkinaren ehunekoa (VI. Esparru Programaren erreferentziazko balioa) RVI EP (%) = Autonomia Erkidegoarentzako erreferentziazko balioa A Taularen barnean hartuta eta honako formula honen arabera kalkulatuta:
IVI EP = FVI EP / AGVI EP x 100
FVI EP: Autonomia Erkidegoan VI EPn lortutako finantziazioa eta AGVI EP VI. Esparru Programan EBk esleitutako aurrekontu guztia
Garapen Teknologiko Industrialerako Zentroak Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioari transferitu beharreko kopurua (K) K = {I - IVI EP } x AG x 0,5
(K-k positiboa izan behar du)
Adibidea 2007. urtean VII EPk 1.000 M esleitu ditu eta Autonomia Erkidego batek 15 M-ko itzulkinak lortu ditu (guztizkoaren % 1,5), VI EPn batez beste % 1eko itzulkina eskuratuz.
I = 15 M/1.000 M x100 = % 1,5 I= % 1 AG = 1.000 M
K= (% 1,5 - % 1) x 1.000 x 0,5 = 2,5 M
2008. urtean EuroIngenio Funtsaren 2,5 M esleituko zaizkio
A taula
Autonomia Erkidegoa IVI EP (%)
Andaluzia % 0,33522
Aragoi % 0,12303
Balear Uharteak % 0,03945
Kanariak % 0,06546
Gaztela eta Leon % 0,10567
Gaztela-Mantxa % 0,02418
Kantabria % 0,04235
Extremadura % 0,00668
Galizia % 0,09200
Katalunia % 1,40507
Valentzia % 0,50113
Errioxa % 0,01389
Madril % 2,03754
Murtzia % 0,04991
Nafarroa % 0,10627
Asturias % 0,05827
Euskal Autonomia Erkidegoa % 0,71452
Nazioko eta eskualdeko I+G+Baren nazioartekotzea sustatzea helburu duten ekintzak hiru bloketan sailkatu dira, eta jarraian zehazten dira bloke horien edukiak: 1) Egiturazko neurriak, 2) Erkidego-proposamenetarako pizgarriak eta zerbitzuak eta 3) Nazioarteko proiektu deszentralizatuen prestaketa eta finantziazioa (Eureka, Iberoeka, Eranet, Aldebikoak, Garapen Teknologiko Industrialerako Zentroa, etab).
Egiturazko neurriak. Egiturazko Neurriek aukerak ezagutaraztera, nazioarteko programen ezagutza hedatzera eta hobetzera eta horietan nola parte hartzera, egon daitezkeen parte-hartzaileei prozesuan zehar gidatzeko tresnak hornitzera eta kudeaketa eta ezarpen baterako tresnak eskaintzera bideratutako ekintzak hartzen dituzte barnean. Egiturazko Neurriak hiru taldetan banatu dira: Sustapena eta Hedapena, Tresnak eta Gaitasunen hobekuntza. Azpiatal horietako bakoitzaren barruan ekintza zehatzak aurki daitezke.
Sustapena eta Hedapena:
Hedapena
Sustapen Jardunaldiak
Tresnak:
Sektoreetako azterlanak Autonomia Erkidegoen arabera.
Partaidetza-gidak egitea arlo tematikoen arabera.
Berrikuntzaren atlasa herrialdeen arabera.
Bazkide «irabazleen» erregistroa, herrialde eta gaien arabera.
Eskaintza/eskari kasazio-zerbitzua.
Gaiaren araberako Harremanerako Eskualde Puntuak Autonomia Erkidego bakoitzean.
Pymera Eskualdeko Nodoen Finantziazioa.
Gaitasunen hobekuntza:
Prestakuntza Orokorra. Sareko kideen prestakuntza.
Prestakuntza Orokorra. Prestatzaileen trebakuntza.
Prestakuntza Orokorra. Parte-hartzaileen prestakuntza.
I+Gko kudeaketan langile espezializatuak kontratatzeko laguntzak.
Nazioarteko I+G+B sistemak ezartzea.
Diagnostiko Teknologikoak/Estrategia pertsonalizatuak.
Nazioarteko sustapenerako laguntzak (aholkulariak).
Bitarteko agenteen arteko lankidetza egonkorrak sortzea.
Partaidetzaren finantziazioa Erkidegoko Loturen Sare Nazionalean.
Erkidegoko proposamenetarako pizgarriak eta zerbitzuak.
Neurri mota horiek kronologikoki sailkatu dira erkidegoko proiektu baten garapen-prozesuarekiko (Esparru Programen barruan) ideiatzat hartzen duen ikuspegitik amaierako emaitzen ustiapenera bitarte. 6 fase definitu dira: aktibazioa, proposamenak prestatzea, ebaluazioa, diru-laguntzaren akordioa negoziatzea, proiektuaren garapena eta emaitzen ustiapena.
Aktibazio-fasea:
Proposamenen bideragarritasuna aztertzea (screening).
Teknikaren egoeraren txostenak diruz laguntzea.
Proposamenak prestatzeko fasea.
Proposamenak prestatzeko desplazamenduetarako laguntza.
Bazkideak bilatzea, erkidegoko infodays-etan parte hartzea, etab.
Zentro Teknologikoak edo azterketa-taldeak erkidego bereko Enpresekin lotuko dituzten proposamenak prestatzeko laguntzak.
Pizgarri nazionalekiko osagarriak diren Eskualdeko Pizgarriak (CRAFTerako APC, etab.).
Plataforma birtualak ahalbidetzea bazkideen arteko informazioa trukatzeko.
Partzuergo-akordioen negoziazioetarako legezko laguntza (IPR).
Ebaluazio-fasea:
Ebaluatzaileen sustapena nazioarteko paneletan.
Negoziazio-fasea:
Diruz laguntzeko akordioak negoziatzeko laguntzak.
Proiektua kudeatzeko fasea:
Proiektuak kudeatzeko mintegiak antolatzea.
Adituen aholkularitza proiektuaren kudeaketan.
Barreiatzea. Laguntza eta euskarria emaitzen barreiatzean.
Kudeaketa-gastuak (Management costs).
Emaitzen ustiapena:
Patenteentzako laguntzak.
Nazioarteko proiektu deszentralizatuen prestaketa eta finantziazioa (Eureka, Iberoeka, Eranet, Aldebikoak, etab.).
Eskualdeko Agentzien eta Garapen Teknologiko Industrialerako Zentroaren finantziazioa antolatzea da (Funts Teknologikoaren laguntzak barne) lankidetza teknologikoko nazioarteko programetan enpresa berrien sarrera sustatzeko. Horretarako, Agentziek hurbiltasun-zerbitzuak, ideia-haztegiak eta etorkizuneko proiektuen prestaketak sortuko dituzte, Garapen Teknologiko Industrialerako Zentroan ziurtagiriak gauzatzeko erreferentzia-eskaintza bat ezarriz.
Ideien eta profilen fasea:
Proposamenen jardunaldiak/tailerrak.
Proposamenen bideragarritasuna aztertzea.
Autonomia Erkidegoen arabera helburuak ezartzea sartuko diren berrientzat.
Sareetako eskualdeko programen kudeatzaileen partaidetzaren finantziazioa. Eranet.
Teknikaren egoeraren txostenak diruz laguntzea. PMEBren tasak diruz laguntzea.
Proiektuak prestatzeko fasea:
Egon daitezkeen parte-hartzaileentzako bidaietarako laguntza.
Partzuergo-akordioen negoziazioetarako legezko laguntza (IPR).
Matchmaking eta brokerage events.
Lankidetza teknologikoko nazioarteko eginkizunak.
Proiektuak gauzatzeko fasea:
Aurrekonturik ezagatik EPan finantzatu ez diren Eureka bidezko proiektu onentzat nazioko eta eskualdeko finantziazioa.
Nazioarteko Eureka, Iberoeka eta Aldebikoak proiektuei Garapen Teknologiko Industrialerako Zentroaren finantziazioa osatu.
Eranet sareetatik eratorritako proiektuen eskualdeko finantziazioa.
Proiektuaren emaitzen erabilerarekin eta ustiapenarekin erlazionatutako beste akordioak negoziatzeko legezko laguntza (IPR).
Lankidetza hitzarmena Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailaren eta Azkoitiko Udalaren artekoa. Helburua: Azkoitiko Udalerrian etxebizitza babestuen sustapena ahalbidetzea, hain zuzen ere, Txalon Erreka Ekialdea 10 Sektorean.
Vitoria-Gasteiz, 2009ko urtarrilaren 16a.
Honako hauek
BILDU DIRA:
Alde batetik, Javier Madrazo Lavín jauna, Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburua.
Eta bestetik, Azkoitiko Udaleko alkate-lehendakari Asier Aranbarri Urzelai jauna.
BERTARATU DIRA:
Lehenengoa, Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburu gisa, eta haren ordezkari-lanetan, Jaurlaritzaren Kontseiluak horretarako gaitasuna eman diola 2008ko abenduaren 23an izandako bilkuran.
Eta bigarrena, Azkoitiko alkate-udalburua denez, Azkoitiko Udala eta Udal Hirigintza Elkartea Azkoitia Lantzen, SA izeneko elkartearen Administrazio Kontseiluaren lehendakaria denez, bi erakundeak ordezkatuz.
Bi bertaratuek elkarri onartu diote Lankidetza-Hitzarmen hau egiteko beharrezkoa den legezko gaitasun nahikoa, eta horretarako, honako hau
AZALDU DUTE:
Lehenengoa. Euskadiren Autonomia Estatutuaren 10.31 artikuluak zera zehazten du: Euskal Autonomia Erkidegoak eskumen esklusiboa du lurraldearen eta itsasertzaren antolamenduaren, hirigintzaren eta etxebizitzaren arloetan.
Ildo horretan, 2005-2009 legealdirako Eusko Jaurlaritza eratzeko izenpetutako Koalizio Akordioaren helburu programatikoen artean, etxebizitza babestuen eskaintza handitzea bilduta dago, alokatuta lagatzeko etxebizitza sozialena nagusiki.
Hori bermatu ahal izateko, lurzoruaren kontrol publiko arduratsu eta eraginkorra lortu behar da, eta kontrol hori lurzoru publikoa eskuratu eta kudeatzeko ekintza irmoarekin osatu beharko da. Hori dela-eta, botere publikoek (Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailak eta Azkoitiko Udalak, kasu honetan) batera esku hartu behar dute (eta horretara behartuta daude) beharrezkoak diren babes ofizialeko etxebizitzak egin ahal izateko baldintzak sortzeko, eta bizilekutarako beharrezkoa den eta espekulazioa eragotziko duen lurzoru-ondare publikoa eratzeko.
Bigarrena. Era berean, bi erakunde publiko horiek aurreko idatz-zatian adierazitako alderdietan batera eta koordinatuta egin beharreko jarduna baieztatzeko eta berresteko, Autonomia Erkidegoak alde batetik, eta Tokiko Erakundeek bestetik, elkarren arteko harremanetan euren zereginak eraginkortasunez betetzeko behar duten lankidetza eta laguntza aktiboa eskaini beharko diote elkarri, nork bere esparruan.
Ildo horretan, bi herri-administrazioek honako agiri hauek izenpetu dituzte:
Konpromisoen Akordioa, 1997ko urriaren 29koa, 17 hiri arean babespeko etxebizitzen sustapena ahalbidetuko duena.
Konpromisoen Akordioa, 1995eko abenduaren 5ekoa, Floreaga 15 arean babespeko etxebizitzen sustapena ahalbidetuko duena.
Konpromisoen Akordioa, 2007ko maiatzaren 11koa, Floreaga 15 arean, Txalon Erreke Ekialdea 10 sektorean eta Intsausti 13 arean babespeko etxebizitzen programa ezartzeko dena.
Hirugarrena. Antolamenduko Arau Subsidiarioen Berrikuspenaren Testu Bategina behin betiko onartu zuen Gipuzkoako Foru Aldundiak 2007ko urtarrilaren 30ean. Txalon Erreka Ekialdea 10 sektorea mugatzen zuen, besteak beste.
Aipatu dokumentua garatzeko, Azkoitiko Udalak, 2007ko maiatzaren 23an idatzi, izapidetu eta behin betiko onartu zuen aipatuko Txalon Erreka Ekialdea 10 sektorerako Plan Partziala.
Lurzoru urbanizagarriaren gaineko jarduna da, eta guztira 456 etxebizitza sustatzeko aukera dago, horietatik 332 etxebizitza babes ofizialekoak izanik. Arau Subsidiarioetan aurreikusitako etxebizitza kopurua
20 gehitzea erabakiz gero Azkoitiko Udalak, gehikuntza horri Lurzoruari buruzko 2/2006 Legeak ezarritako babestutako etxebizitzen estandar berriak aplikatu beharko litzaioke.
Halaber, erosketen eta jabeekin akordioak lortzearen ondorioz, Azkoitiko Udalarenak dira eremu horretan sartutako higiezinen % 90, eta gainerakoak hirigintza-kudeaketa egiteke duten jabetza partikularrak dira.
Eremu horren birpartzelazioaren ondorioz, Azkoitiko Udalak etxebizitza babestua sustatzera bideraturiko hainbat lur-zati urbanizatu eskuratuko ditu.
Behin betiko onartu denez Birpartzelatze Proiektua, bi aldeen arabera, behar adina aldiz hitz egin beharko dute, Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailak eremu horretako etxebizitza babestuen sustapenean izango duen partaidetza zehazteko, eta bereziki, Sailak eskuratzeko egokienak diren lur-zati urbanistikoak identifikatzeko, eta horien prezioa eta ondare-eragiketarako eta horren sustapenerako garrantzitsuak diren beste ezaugarri guztiak zehazteko.
Aurreko paragrafoan adierazitakoa gora behera, bi alderdien ustez, nahi den helbururako lursail egokiena une honetan Plan Partzialean «F» bezala identifikatutakoa da. Gutxi gora behera, babestutako 130 etxebizitza inguru har ditzake.
Laugarrena. Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailak, etxebizitzaren arloan dituen eskumenak baliatuz, babes ofizialeko etxebizitzak eraikitzeko lurzorua behar du etxebizitzen premia egiaztatua duten udalerrietan (eta, horien artean, Azkoitian), errenta-ahalmen txikia izanik etxebizitzaren merkatu librera jotzerik ez duten familientzat.
Bosgarrena. Euskadiko Ondareari buruzko Legearen testu bategina onartzeko azaroaren 6ko 2/2007 Legegintzako Dekretuaren 43. artikuluak agintzen duenez, ondare higiezinak eskuratzeko jardunbidea lehiaketa publikoa da. Baina artikulu bereko 1. zenbakian, zuzeneko kontratazioa ere ahalbidetzen da, aldez aurretik Jaurlaritzaren Kontseiluak baimena emanda, erosteko premia eta higiezinen merkatuko eskaintza urria nabarmenak direnean -kasu honetan bezalaxe-.
Honako eragiketa hau proposatu da: Azkoitiko Udalari udalarena den higiezinaren gainean eratu behar den azalera-eskubidea erostea, hirigintza-eraikigarritasun eta guzti, babes ofizialeko etxebizitzak sustatzera bideratuta; transmisio horren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoak hartuko du bere gain dagozkien eraikinak eraikiko direla bermatzeko betebeharra.
Azkenean ezarriko den eskuratzeko prezioak ezin izango du gainditu babes ofizialari buruzko indarreko legedian ezarritako lurzoruaren gehieneko balio eragingarria.
Seigarrena. Bien interesak, konpromisoak eta ekarpenak egoki bideratzeko, bi aldeek Lankidetza Hitzarmen hau izenpetu dute honako klausula hauen arabera:
KLAUSULAK
Lehenengoa. Lankidetza Hitzarmen honen helburua da Azkoitiko udalerrian etxebizitza babestuen sustapena ahalbidetzea, hain zuzen ere, Txalon Erreka Ekialdea 10 sektorean.
Bigarrena. Azkoitiko Udalak konpromisoa hartuko du Euskadiko Autonomia Erkidegoari salduko diola A.10.2.F izeneko lur-zatia, edota birpartzelazioaren ondoriozko hura. Lur-zati horretan babestutako 130 etxebizitzaren sustapena ahalbidetuko da.
Eskualdatze-prezioa honako hau izango da: 3.174.669,77 euro (BEZa barnean hartu gabe). Ondare-eragiketa horretatik eratorritako gastu guztiak, Hiri Lurren Balio Gehitzearen gaineko Zerga izan ezik, Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailak hartuko ditu bere gain.
Klausula honetan zehaztutako ondare-eragiketa eskritura publikoan jaso beharko da eremuaren birpartzelazioa behin betiko onesten denetik hiru hilabeteko epean.
Hirugarrena. Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailak honako konpromiso hau hartu du: dagozkion aldez aurreko aurrekontu-izendapenen ondoren, aipatutako sustapenei loturiko urbanizazioko eta eraikuntzako obrak kontratatu eta osorik egikaritzea, lehenbailehen.
Konpromiso horrek barnean hartzen du Oinarrizko Eraikuntza Proiektuak eta Gauzatze Proiektuak idaztea.
Dena den, izenpetzen duten alderdiek aldez aurretik adostu beharko dute dokumentu horien eduki zehatza. Zehazki, sustapen horri dagokion oinarrizko proiektua idazten den bitartean, Azkoitiko Udalaren teknikariekin eta/edo ordezkariekin behar diren bilerak egingo dira, hirigintza-izapidetzea gauzatu baino lehen oinarrizko diseinu-zehaztapenak adostearren.
Era berean, Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailak konpromisoa hartu du harremanetan egongo dela lur-zati mugakideetako sustatzaileekin haien gauzatzea koordinatzeko, bereziki ibilgailuentzako lur azpiko aparkalekuetarako sarbideei dagokionean. Izan ere, bi eraikinenak dira aparkaleku horiek.
Laugarrena. Orobat, Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailak konpromisoa hartu du Azkoitia izendatzeko Hitzarmen honen xede diren Txalon Erreka Ekialdea 10 sektoreko etxebizitza guztiak sustatzeko interesa duen udalerri bakartzat. Hori dela eta, etxebizitza horien esleipen prozesuan Azkoitian erroldatuta daudenak baino ezingo dute parte hartu.
Nolanahi ere, esleipen-prozesua gauzatutakoan, etxebizitzak sobera geratuz gero, Funtzio Arlo bereko beste udalerrien etxebizitza-eskaera betetzera bideratuko dira.
Bosgarrena. Azkoitiko Udalak konpromisoa hartu du Eraikuntza, Instalazio eta Obren gaineko Udal Zergaren kuotari Gipuzkoako Eraikuntza, Instalazio eta Obren gaineko Zergari buruzko uztailaren 5eko 15/1989 Foru Arauak -toki-erakundeen zerga-sistema aldatzeko martxoaren 19ko 4/2003 Foru Arauak aldatuak- bere 5. artikuluaren a), d) eta e) idatz-zatietan ezarritako hobariak aplikatzeko, eta hobari horiek batera aplikatzeko.
Toki Ogasunak Aldatzeko uztailaren 5eko 15/1989 Foru Arauaren arabera, Ordenantza Fiskalek Zerga-kuotaren gaineko honako hobari hauek arautu ahal izango dituzte:
% 95era bitarteko hobaria interes berezikotzat edo udal-onuratzat hartutako eraikuntza, instalazio edo obretarako, betiere halakotzat hartzea justifikatzeko moduko gizarte-zirkunstantziarik izanez gero.
% 50era bitarteko hobaria babes ofizialeko etxebizitzei lotutako eraikuntza, instalazio edo obretarako.
Letra honetan aurreikusitako hobaria aurreko letretan aipatutako hobariak aplikatzearen emaitzazko kuotari aplikatuko zaio.
% 90era bitarteko hobaria minusbaliatuen sarbide-baldintzak eta bizigarritasun-baldintzak hobetzen dituzten eraikuntza, instalazio edo obretarako.
Letra honetan aurreikusitako hobaria aurreko letretan aipatutako hobariak aplikatzearen emaitzazko kuotari aplikatuko zaio.
Seigarrena. Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailak bere gain hartu dituen konpromiso guztiak (Lankidetza Hitzarmen honetan zenbateko ekonomikoa zehaztu gabe dutenak), aldez aurretik bidezko aurrekontu-izendapenak egin izanaren baldintzapean egongo dira.
Zazpigarrena. Bi Herri Administrazioek beharrezko iritzi diote Akordioaren Jarraipen Batzordea eratzeari. Batzorde hori erakunde bakoitzeko bi ordezkarik osatuko dute, eta bere eginkizunak honako hauek izango dira: ezarritako aurreikuspenak eta konpromisoak gauzaraztea, horiek zorrotz betetzeko neurriak proposatzea, etxebizitza babestuen sustapenak egitean sor daitezkeen gatazkak eta/edo interferentziak konpontzea, sustapenen babes-erregimenak une bakoitzean dauden etxebizitza-premietara egokitzea eta/edo mailakatzea eta, oro har, etorkizunean sor daitezkeen gorabehera guztiei erantzutea.
Zortzigarrena. Agiri honetan jasotako betebeharrak ez betetzea, kontratua deuseztatzeko arrazoia izango da, eta aldeak lehengo egoera juridikora itzuliko dira. Era berean, bai beste aldeari bai uste oneko besteri eragin ahal izan zaizkien kalte eta galerak ordaindu beharko ditu aipatutako deuseztapena eragiten duenak.
Eta adostasuna eta uste ona erakusteko, dokumentu hau izenpetu dute lau aletan, idazpuruan adierazitako lekuan eta egunean.
Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburua,
JAVIER MADRAZO LAVÍN.
Azkoitiko Udaleko alkate-lehendakaria,
ASIER ARANBARRI URZELAI.
Espainian, EAEko Geografia-Esparruan, hartuta dagoen lurzoruari buruzko Datu-basea Corine Land Cove 2006 landu eta garatzeko Euskal Herriko Administrazioaren eta sustapen ministerioko geografia-informazioko zentro nazionalaren artean lankidetza-hitzarmena.
Alde batetik, Alberto Sereno Álvarez jauna, Geografia Institutu Nazionaleko Zuzendaritza Nagusiaren bitartez Sustapen Ministerioari atxikitako Erakunde Autonomoa den Geografia-informazioaren Zentro Nazionaleko (CNIG) presidentea, maiatzaren 5eko 663/2007 Errege Dekretuan onartutako CNIGren Estatutuko 3. artikuluan ezarritakoa betez (ekainaren 5eko BOE), eta Geografia Institutu Nazionalaren (IGN) zuzendari nagusia, irailaren 27ko 1010/2002 Errege Dekretuaren bidez izendatu bezala (irailaren 28ko BOE).
Eta beste aldetik, Esther Larrańaga Galdos, Ingurumen eta Lurralde Antolamendu sailburua, lehendakariaren ekainaren 27ko 18/2005 Dekretuaren bidez izendatu bezala (ekainaren 28ko EHAA), Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren izenean eta haren ordezkaritzan; Jaurlaritzaren Kontseiluak eman zion horretarako baimena, 2008ko abenduaren hogeita hamarrean.
Bi aldeek onartu diote elkarri, bakoitzak ordezkatzen duenaren izenean, hitzarmen hau izenpetzeko beharrezko lege-gaitasuna, eta horretarako, honako hau
AZALDU DUTE:
Kartografiaren Antolamenduaren urtarrilaren 24ko 7/1986 Legeak ezartzen duenez, estatuaren administrazioaren eskumena da, Sustapen Ministerioko Geografia Institutu Nazionalaren bitartez aurrerantzean, IGN:
Geodesia eta nibelazio sare nazionalak ezarri eta mantentze-lanak egitea.
1/25.000 eta 1/50.000 eskalan kartografia-serieak eratu eta zaintzea, Topografia Mapa Nazionala osatzeko.
Nazio-mailako kartografia-serieak beste eskala batzuetan eratzea: bere garaian arauen arabera onartu zirenak.
Halaber, Lege horretan ezarrita dagoenaren arabera, eskumen horiek betetzeko, administrazio publikoko organoen artean lankidetza-hitzarmenak izenpetu ahal izango dira.
Beste alde batetik, 1989rako Estatuko Aurrekontu Orokorren abenduaren 28ko 37/1988 Legean, Geografia-informazioaren Zentro Nazionala (CNIG) sortu zen, Sustapen Ministerioari atxikitako erakunde autonomo gisa, Geografia Institutu Nazionalaren bitartez, eta helburu hauek ezarri zitzaizkion: jendarteak eskatzen dituen geografiaren arloko lanak eta argitalpenak ekoitzi, garatu eta banatzea; IGNk egiten dituenak merkaturatzea, legez dagozkion zereginak betez; eta produktu eratorriak zein gaikakoak lantzea eta nazio nahiz nazioarte mailan banatzea. Horrekin ez dira kaltetuko administrazioko beste erakunde batzuei kartografia-produktuak ekoitzi eta mantentze-lanak egiteko esleitutako eskumenak. Ardura berezia jarriko da honako hauetan: teknologia aurreratuetan oinarritutako proiektuak gauzatzea, ikerketa eta garapen programak egitea eta laguntza teknikoa eskaintzea, zientzien eta geografia-tekniken esparruan.
Orobat, CNIG-ren Estatutuko 5.6.d) artikuluan, Geografia-informazioaren Zentro Nazionalaren zereginen artean, honako hau ageri da: «Autonomia erkidegoetako eta tokiko administrazioekin elkarlanean jardutea, helburuak betetzean eraginkortasunik handiena erdiesteko, eta administrazio publikoekin nahiz sektore pribatuarekin akordio eta hitzarmenak izenpetzeko, kartografiako produktuak eta zerbitzuak ekoitzi, banatu eta merkaturatzeko».
Abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoak onartutako EAEko Autonomia Estatutuak hainbat eskumen esleitzen dizkio Euskal Autonomia Erkidegoari: batzuk osorik eta beste batzuk egikaritzapen eta garapenaren arloan.
Eskumen horiek betetzeko, ezinbestekoa da kalitatezko kartografia edukitzea.
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Sailari, sail horren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 25eko 340/2005 Dekretuan, zeregin hauek esleitzen zaizkio:
Eskumena duten beste administrazio publikoekin kartografiaren arloan koordinazioa lortzeko ekintzak.
Kartografiaren arloko sustapen-ekintzak.
1985ko ekainaren 27an, Europako Batasuneko Ministroen Kontseiluaren erabakia betez (EE/338/85), proiektu bati ekin zitzaion: «Erkidegoko ingurumenaren egoeraren eta natura-baliabideen gaineko datuak bildu, koordinazioa bultzatu eta informazioa homogeneizatzeko proiektu esperimentala». Corine Programa du izena (Coordination of Information of the Environment):
1990ean, Europako Batasuneko Kontseiluak Europako Ingurumen Agentzia (EIA) sortzea eta Ingurumenaren Informazio eta Behaketa Sarea (EIONET) eratzea erabaki zuen. IEAren helburua erkidegoan eta Europako Batasuneko estatuetan informazio fidagarria zabaltzea da, informazio hori Europan alderatu ahal izateko modukoa izatea, eta ingurumena babesteko politikak eta irizpideak garatzeko aukera emango duena, eta informazio hori erabiltzaile guztientzat eskuragarri egotea.
Corine Land Cover (CLC) proiektuaren funtsezko helburua hau da: zenbakizko eta geografiako datuak biltzea, lurraldearen estaldura/erabileraren gaineko 1:100.000 eskalako datu-base bat sortzeko, eta geografia datu-base hori etengabe eguneratzea.
Espainian, 1987an hasi zen CLC proiektua, eta 1991n amaitu zen, Geografia Institutu Nazionalaren erantzukizunpean eta hark koordinatuta; Ingurumenaren Zuzendaritza Nagusia izan zenak eta Lurralde eta Hirigintza Zuzendaritzak ere esku hartu zuten proiektu horretan.
Europako Ingurumen Agentzia 2000n hasi zen satelite bidezko Europaren irudiak biltzen (IMAGE 2000) eta lurzoruaren okupazioaren datu-base eguneratua eratzen (CLC 2000), eta lurzoruaren okupazioan 1990-2000 aldian Europan gertatu ziren aldaketak jasotzen. Espainian, CLC 2000 datu-basea lankidetza-hitzarmenen bidez ekoitzi zuten IGN/CNIG-k eta Espainiako estatuko autonomia-erkidego guztiek.
Europako Batasuneko kide diren herrialdeek, Europako Parlamentuak eta ingurumen-politiken ardura duten Europako erakunde nagusiek gero eta behar handiagoa erakutsi dute ingurumenaren arloko informazio eguneratua eta kuantitatiboa edukitzeko: zehazki, lurzoruaren okupazioari dagokion informazioa.
Ingurumenaren Zuzendaritza Nagusiak, Nekazaritzako Zuzendaritza Nagusiak eta beste erabiltzaile batzuek 2006-2008 aldirako egindako eskaeretan oinarrituta, Europako Ingurumen Agentziak proposamen bat egin zuen 2006ko martxoan, ESA Europako Espazio Agentziarekin eta Europako Batzordearekin elkarlanean jardun eta lurraldea monitorizatzeko zerbitzu bizkorra ezartzeko (Fast Track Service on Land Monitoring - FTS on land monitoring), Batzordeak Europako Kontseiluari eta Europako Parlamentuari adierazitakoaren ildotik: Ingurumen eta Segurtasunerako Monitorizazio Orokorra (Communication from the Commission to the Council and the European Parliament «Global Monitoring for Environment and Security (GMES): From Concept to Reality» - COM (2005) 565 final).
Lurzoruaren okupazioan gertatzen diren aldaketen CORINE Land Cover 2000-2006 datu-basea eta lurzoruaren okupazioaren Corine Land Cover 2006 datu-basea sortzeko proiektua, zerbitzu horren muineko osagaietako bat izango da, eta gainera, Corine Land Cover datu-basearen aurreko bertsioen jarraipena bermatuko da.
Corine Land Cover 2006 aldaketen datu-basea eratzeko, EIAk, Puntu Fokal Nazionalen bitartez, Lurzoruaren Okupazioaren Erreferentziazko Zentro Nazionalen laguntza eskatu du.
Espainian, Puntu Fokal Nazionala Ingurumen Ministerioa zen, Ingurumenaren Kalitatearen eta Partaidetzaren Zuzendaritza Nagusiaren bitartez. Ministerioa IGN-CNIG-ra zuzendu zen, hura baita Lurzoruaren Okupazioaren Erreferentziazko Zentro Nazionala, eta EIArekin elkarlanean jardutea proposatu zion, Espainiako lurzoruaren okupazioaren aldaketen Corine Land Cover 2000-2006 datu-basea eta lurzoruaren okupazioaren Corine Land Cover 2006 datu-basea eratzeko.
2007ko otsailaren 27an, CNIG eta IGNk baieztatu egin zioten EIAri prest zeudela EIAk ezarritako zehaztapenen arabera Espainian CLC2006 proiektua gauzatzeko. Aldaketen CLC 2000-2006 datu-basea sortzeko, Europako Batasuneko kide diren estatuek 0,8 euro / km2-ko ekarpena egin behar dutela ezartzen du EIAk. Espainiako estaturako balioetsitako aurrekontu hori, km2-ko 1,1 eurora handituko da, eta kostu hori banatu egingo da Autonomia Erkidegoaren (% 34) eta estatuko administrazio orokorraren artean -Ingurumenaren eta Landagune eta Itsasoen Ministerioa eta Sustapen Ministerioa- (% 66).
Halaber, EIAk 135.397 euro emango dizkio IGN/CNIG-ri, aldaketen CLC 2000-2006 datu-basea lurzoruaren okupazioaren Corine Land Cover 2006 datu-basean sartzeko, datuak egiaztatzeko eta lurraldea monitorizatzeko zerbitzu bizkor bat ezartzea nazio mailan koordinatzeko.
Lurzoruaren okupazioaren Corine Land Cover 2006 datu-baseak eratu eta eguneratzea da proiektu honen helburu orokorra, eta interesgarria da, estatuko administrazio orokorreko erakunde askorentzat eta autonomia-erkidegoetako gobernuentzat ez ezik, baita datuak Europako Batasuneko Inspire jarraibideen arabera eskatzen dituzten erakundeentzat ere. Hori dela eta, indarrean dagoen legerian ezarritako administrazio arteko lankidetzaren arloan, oinarri horiek ekoizteko prozesua koordinatu egin behar da, bi administrazio publikoen beharrak aseko dituen produktu baliagarri bakarra lortzeko, eta horrela jendartearen informazio-eskaera asetzeak dakarren kudeaketa eta gastua optimizatzeko.
Arestian azaldutakoagatik, lurzoruaren okupazioaren datu-basea osatzen laguntzeko, ekoizpen-prozesua koordinatzeko, baliabideak optimizatzeko eta informazioa eman eta kopiatzeko eskubidea partekatzeko, indarrean dagoen legeriaren arabera, lankidetza-hitzarmen hau egitea komeni dela erabaki dute bi aldeek. Honako klausula hauek ezarri dira:
KLAUSULAK
Lehenengoa. Helburua.
Hitzarmen honen helburua datu-base hauek ekoizten lagundu eta banatzea da: lurzoruaren okupazioaren aldaketen Corine Land Cover 2000-2006 datu-basea (aurrerantzean, Aldaketen 2006ko CLCa) eta lurzoruaren okupazioaren Corine Land Cover 2006 datu-basea (aurrerantzean, 2006ko CLCa). Euskal Autonomia Erkidegoko geografia-esparruan datu-base horiek baliozkotzea ere bada hitzarmenaren xedea.
Bigarrena. Datu-Baseak Elkarlanean Ekoiztearen Ezaugarriak.
EIA Europako Ingurumen Agentziak ezarritako metodologiaren arabera sortuko da Aldaketen 2006ko CLC datu-basea, urtebete gorabehera 2006ko bi egunetan hartutako irudien fotointerpretazioan oinarrituta. SPOT4 satelitearenak edo antzeko bereizmena duten irudiak izango dira. Irudi horiek Geografia-informazioaren Zentro Nazionalak emango ditu, EIAtik jasotako informazioan oinarrituta.
Proiektuaren Zuzendaritza Geografia Institutu Nazionalari dagokio, eta CNIGrekin lankidetzan jardungo du. Lurzoruaren Okupazioaren arloko Espainiako Erreferentziazko Zentro Nazionala (CNR) eratuko dute biek batera.
Hirugarrena. Sustapen Ministerioaren betebeharrak.
Geografia-informazioaren Zentro Nazionalak lagunduko du Aldaketen 2006ko CLC datu-basea eta 2006ko CLC datu-basea sortzeko ekoizpenean: SPOT4 satelitearen 2006ko udako irudiak emango ditu (urtebete gorabehera), geometria eta radiometriaren aldetik zuzenduta. Gainera, bereizmen bera edo antzekoa duten beste irudi batzuk ere emango ditu (SPOT4 edo IRS-LISS), beste sasoi batekoak, baina urte berekoak.
IGNak zuzenduko du proiektua, Kartografia Ekoizpenaren Azpizuzendaritza Orokorreko Teledetekzio eta Fotogrametria Arloaren bitartez.
Orobat, Aldaketen 2006ko CLC datu-basea sortzeko metodologia-arauak ezarriko ditu, EIAk finkatutako baldintzen arabera.
Gainera, Aldaketen 2006ko CLC datu-basea eta 2000ko Corine Land Cover datu-basea bateratu eta nazioko eta autonomia-erkidego bakoitzeko 2006ko CLC datu-base eguneratua sortzeko ardura izango du, eta produktu nazionalen metadatuena ere bai.
Laugarrena. Autonomia-Erkidegoaren betebeharrak.
EAEko Administrazio Orokorreko Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Sailari dagokio bere lurraldeko Aldaketen 2006ko CLC datu-basea sortzea. Corine Land Cover 2000 datu-baseko informazioan oinarrituko da, SPOT4 satelitearen irudien fotointerpretazioaren bitartez. Corine Land Cover 2000 datu-basea sortzeko erabilitako satelite bidezko irudiekin batera emango dira interpretatzeko irudiak.
Halaber, Aldaketen 2006ko CLC datu-baseko metadatuak sortzeko ardura izango du, eta IGNk sortutako lurralde mailako 2006ko CLC datu-basea baliozkotzeko ardura ere bai.
Lurzoruaren okupazioan izandako aldaketak interpretatzeko erabiliko den metodoa «CLC2006 Technical Guidelines (AEMA, 2006)» delakoan garatu eta deskribatutakoa izango da. Metodo horretan honako jarduera hauek egiten dira:
Aldaketak interpretatu: okupatutako lurzoruaren 25 ha-ko poligonoetan geometrian eta gaian gertatzen diren aldaketa guztiak, fotointerpretatu eta Aldaketen 2006ko datu-basean islatuko dira (25 ha-koa da azaleraren bereizmenaren gutxieneko unitatea). Baldintza hauek bete beharko dituzte aldaketek:
5 ha baino gehiagokoak izatea;
zabalera 100 m baino gehiagokoa izatea;
2000 eta 2006 artean gertatu izana;
satelite bidezko irudietan hautemangarriak izatea.
Prozesu hori Europa mailan ezarritako nomenklaturaren arabera egingo da, 3 maila eta 44 motatan; nomenklatura hori CLC2000 datu-basea sortzeko erabili zen. Gainera, aurreko baldintza horiek betetzea ziurtatzen duten kalitate-kontroleko beharrezko prozesuak gauzatuko dira.
Halaber, datu-base horri dagozkion metadatuak sortuko dira.
IGN-k sortuko duen Autonomia-erkidegoko 2006ko CLC datu-basea baliozkotzea. Emaitza amaierako baliozkotze-txostenean geratuko da islatuta.
Emaitzak IGN/CNIG-ari aurkeztuko dizkio autonomia-erkidegoak. Honako hauek izango dira:
emaitza: 2006 eta 2000 arteko aldaketen irudiak. Aldaketak hautemateko gutxieneko unitatea 5 ha-koa izango da.
emaitza: Aldaketen datu-baseko metadatuak.
emaitza: Autonomia-erkidegoak 2006ko CLC datu-baseari emandako amaierako baliozkotze-txostena.
Bosgarrena. Kalitate-Kontrola eta datuak sartzea.
EAEko Administrazio Orokorreko Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Sailak emandako datuen behin betiko kalitate-kontrola IGN/CNIG-k egingo du, eta, baliozkotu ondoren, CLC2000 datu-basean sartuko ditu.
IGN/CNIG-k egingo duen kalitate-kontrolean datuak baliozkotu eta sartzeko prozesuan daturen batzuk Espainiako CLC 2006 datu-basea eratzeko ez direla baliozkoak adierazten bada, EAEko Administrazio Orokorreko Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Sailak aldatu egingo ditu.
Seigarrena. Hitzarmena finantzatzea.
Hitzarmen hau gauzatzeko gastua, gehienez, 8.749,51 eurokoa izango da; horietatik ehuneko hirurogeita hamasei CNIGk jarriko du, eta gainerako ehuneko hogeita hamalaua EAEko Administrazio Orokorreko Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Sailak.
Geografia-informazioaren Zentro Nazionalak Estatuko Aurrekontu Orokorretako 17.239.495A.640 aurrekontu-kontzeptuaren kontura ordainduko dio EAEko Administrazio Orokorreko Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Sailari 5.774,68 euroko zenbatekoa, autonomia-erkidegoko Aldaketen 2000-2006 datu-basea egiteko.
Zenbateko hori bi zatitan ordainduko da: ehuneko berrogeita hamar hitzarmena izenpetzean, eta gainerako ehuneko berrogeita hamarra hitzarmen honen lanaren emaitzak aurkeztean.
Zazpigarrena. Informazioa eskuratzea.
Hitzarmen honen helburu den lanaren emaitza izango diren datu-baseetako informazioa, CNIGk eta EAEko Administrazio Orokorreko Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Sailak banatu ahal izango dute, erkidego honetako geografia-esparruan, batera edo bakoitzak bere aldetik.
Barneko erabilerarako baliatu ahal izango ditu Euskal Autonomia Erkidegoko gobernuak honako hauek: hitzarmen honen xedea garatzeko Geografia-informazioaren Zentro Nazionalak emandako informazioa eta agiriak; SPOT 4 eta IRS irudiak, halakorik dagoenean; eta lurzoruaren okupazioaren Corine Land Cover 2006 datu-baseetako informazioa.
Zortzigarrena. Berariazko betebeharrak.
Hitzarmena izenpetzen dutenek, hitzarmenaren emaitza diren datu-baseen baterako ekoizpenaren arduradun gisa, beren gain hartuko dituzte egiletasuna, originaltasuna, eta datuen erabilera baketsua; hirugarrenen eskubideak ez direla hausten edo urratzen ziurtatuko dute, eta emaitzetan sartutako datuek ez dutela aldatzen Geografia-informazioaren Zentro Nazionalak emandako geografia-informazioa.
Hitzarmena izenpetzen dutenek hitzarmenaren emaitza diren datuak ahalik eta ondoen zabaldu eta banatzen laguntzeko konpromisoa hartzen dute.
Lankidetzarako Geografia-informazioaren Zentro Nazionalak emandako informazioaren eta agirien jabetza intelektuala erakunde horrena, IGNrena edo Europako Ingurumen Agentziarena izango da, informazioaren edo agirien arabera.
Lankidetzaren ondorio den informazioaren jabetza Geografia-informazioaren Zentro Nazionalak, EAEko Administrazio Orokorraren Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Sailak eta Europako Ingurumen Agentziak partekatuko dute.
Bederatzigarrena. Eskubideen lagapena.
Hitzarmen hau izenpetzen duten aldeek hirugarrenen partaidetza eduki ahal izango dute, lankidetzaren xedea zati batean betetzeko edo beste datu osagarri batzuk emateko, eta aldez aurretik jakinaraziko diote hori beste aldeari.
Orobat, emaitzaren jabetzaren eskubideen zati bat laga ahal izango dute, betiere lagapen horrek jabetzakideen eskubideei eragiten ez dien bitartean, eta horiei aldez aurretik jakinarazita.
Hamargarrena. Segimendu batzordea.
Lankidetza-hitzarmen honen garapena kontrolatu eta segimendua egiteko, izenpetu eta hurrengo hilean Segimendu Batzorde paritario bat eratuko da, izenpetzen duen alderdi bakoitzeko hiruna ordezkarirekin.
Segimendu Batzordeko alderdi bakoitzeko kideak CNIGaren presidenteak eta Eusko Jaurlaritzaren Lurralde Antolamendurako zuzendariak izendatuko dituzte, hurrenez hurren. Presidentzia txandakakoa izango da, eta urtero aldatuko da, alderdi sinatzaile bakoitzeko ordezkarien artean. Segimendu Batzordeko kide bat izendatuko da Batzordeko idazkari, Batzordearen erabakiz.
Segimendu Batzordearen funtzionamendua Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen araberakoa izango da. Alderdi batek eskatzen duen aldiro bilduko da, eta, edonola ere, urtean behin.
Segimendu Batzordearen zeregina izango da:
Hitzarmen hau bete, ezarri edo interpretatzean sortu daitezkeen gatazka edo eztabaidak ebaztea.
Lanerako plana ezartzea, Hitzarmena izenpetzen duten alde bien Lanerako Planen arabera.
Hitzarmena betetzearen inguruko txostenak idaztea, hitzarmena izenpetu dutenei zuzenduta.
Hitzarmena betetzeko teknologia, teknika eta ezarpen-metodoen bilakaera jarraitzea, eta bilakaera horrek gomendatzen dituen zehaztapenetan alderdiei aldaketak proposatzea.
Hamaikagarrena. Hitzarmenaren indarraldia.
Hitzarmen honen indarraldia 12 hilabetekoa izango da, izenpetzen denetik zenbatzen hasita.
Hamabigarrena. Hitzarmena hutsaltzea eta ebaztea.
Hitzarmen hau hutsaltzeko arrazoia izango da klausularen bat ez betetzea. Horretarako, beharrezkoa izango da aldeetakoren batek salaketa egitea. Kasu horretan, hilabeteko epea zabalduko da beste aldeak bere erantzuna eman ahal izateko, eta ondoren, iraupen bereko beste epe bat emango da behin betiko erabakia hartzeko. Erabaki hori ematen duen ebazpenak, hutsaltzea badakar, ebazpenaren baldintzak eta epeak bete beharko ditu, eta ez da sortu beharko kalte ekonomikorik aldeentzat.
Hamahirugarrena. Jurisdikzioa.
Arlo Publikoko Kontratuen 30/2007 Legeko 4.2 artikuluan berariaz adierazten den bezala, Administrazio Publikoen Kontratuen Legearen printzipioak ezarriko dira, Hitzarmen hau betetzean sortu daitezkeen zalantza eta hutsuneak argitzeko.
Hitzarmen honen ondorio diren betebeharrak interpretatzean edo ez betetzean sortu daitezkeen auziak, horretarako sortutako Segimendu Batzordeak ebatzi ezin izan dituenean, administrazioarekiko auzien jurisdikzioaren bidez ebatziko dira, dagokion jurisdikzioko legeak arautu bezala.
Ados daudela erakutsiz, Lankidetza Hitzarmen honen bi ale izenpetu dituzte alde biek.
Madrilen, 2009ko urtarrilaren 21a.
Estatuko Administrazio Orokorra,
CNIG-aren presidentea,
ALBERTO SERENO ÁLVAREZ.
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorra,
Ingurumen eta Lurralde Antolamendu sailburua,
ESTHER LARRAŃAGA GALDOS.


