- 10/2009 EBAZPENA, martxoaren 20koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, Eusko Jaurlaritzak egindako zenbait hitzarmen, beherago zehaztutakoak, argitaratzea xedatzen duena. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus
Arautegia
Inprimatu10/2009 EBAZPENA, martxoaren 20koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, Eusko Jaurlaritzak egindako zenbait hitzarmen, beherago zehaztutakoak, argitaratzea xedatzen duena.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Ebazpena
- Organo arau-emailea: Jaurlaritzaren Lehendakariordetza
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 62
- Hurrenkera-zk.: 1786
- Xedapen-zk.: ---
- Xedapen-data: 2009/03/20
- Argitaratze-data: 2009/03/31
Gaikako eremua
- Gaia: Administrazioaren antolamendua
- Azpigaia: Sailak; Instituzional
Testu legala
Eusko Jaurlaritzak zenbait hitzarmen sinatu dituenez gero, zabalkunde egokia izan dezaten, honako hau,
Oiartzungo Udalarekiko hitzarmena, Oiartzungo udalerrian babes ofizialeko etxebizitzak/etxebizitza sozialak sustatzeko. I. eranskina.
Ondarroako Udalarekiko hitzarmena, Ondarroako herrigune historikoan dagoen antzinako babesetxean zuzkidura-bizitokiak sustatzeko ondarea lagatzeko. II. eranskina.
Leioako Udalarekiko hitzarmena, etxebizitza babestua sustatzeko 45 Eremuan-Txorierri (Pikueta eta Txorierri auzoen arteko lotura mekanikoa) eta 37 Eremuan-Ondiz hutsik. III. eranskina.
Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzua entitate publikoaren eta Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen arteko lankidetza-hitzarmena, 2008rako enplegu publikoko eskaintza onartzearen ondorioz deituko diren hautaketa-probak garatzeko. Enplegu publikoko eskaintza hori osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzua entitate publikoko Administrazio Kontseiluaren 2008ko urriaren 22ko Erabakiaren bidez onartu zen. IV. eranskina.
IVAP eta Labayru Ikastegiaren arteko lankidetza-hitzarmena, bi erakundeentzat interesa duten eta administrazioaren eremuan euskararen erabileraren normalizazioan eragina duten gaietarako. V. eranskina.
Vitoria-Gasteiz, 2009ko martxoaren 20a.
Jaurlaritzaren Idazkaritzako
eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,
JOSÉ LUIS ERREKATXO LABANDIBAR.
Vitoria-Gasteiz, 2009ko otsailaren 20a.
BILDU DIRA:
Alde batetik, Javier Madrazo Lavín jauna, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburua,
Eta bestetik, Aitor Etxeberria Txurio jauna, Oiartzungo alkate-udalburua.
BERTARATU DIRA:
Lehenengoa, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburu gisa eta Euskal Autonomia Erkidegoaren ordezkaritzan.
Bigarrena, Oiartzungo alkate-udalburu gisa eta udalaren izenean.
Agertutako bi alderdiek elkarri aitortu diote konpromiso-akordio hau izenpetzeko beharrezkoa den legezko gaitasun nahikoa eta, horretarako, honako hau:
AZALDU DUTE:
Lehenengoa. Euskadiren Autonomia Estatutuaren 10.31 artikuluak zera zehazten du: Euskal Autonomia Erkidegoak eskumen esklusiboa du lurraldearen eta itsasertzaren antolamenduaren, hirigintzaren eta etxebizitzaren arloetan.
Ildo honetatik, 2005-2009 legealdirako Eusko Jaurlaritza eratzeko izenpetutako Koalizio Akordioak egitarauen helburuen artean hauxe ohartematen du: babespeko etxebizitzen eskaintza areagotzea, batez ere alokatuta lagatzeko etxebizitza sozialena.
Hori bermatu ahal izateko, lurzoruaren kontrol publiko arduratsu eta eraginkorra lortu behar da, eta kontrol hori lurzoru publikoa eskuratu eta kudeatzeko jardun irmoarekin osatu beharko da. Hori dela-eta, botere publikoek (Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailak eta Oiartzungo Udalak, kasu honetan) batera esku hartu behar dute (eta horretara behartuta daude) beharrezkoak diren babes ofizialeko etxebizitzak egin ahal izateko baldintzak sortzeko, eta bizilekutarako beharrezkoa den eta espekulazioa eragotziko duen lurzoru-ondare publikoa eratzeko.
Bigarrena. Era berean, bi erakunde publiko horiek aurreko idatz zatian adierazitako alderdietan batera eta koordinatuta egin beharreko jarduna baieztatzeko eta berresteko, Autonomia Erkidegoak alde batetik, eta Toki Erakundeek bestetik, elkarren arteko harremanetan euren zereginak eraginkortasunez betetzeko behar duten lankidetza eta laguntza aktiboa eskaini beharko diote elkarri, nork bere esparruan.
Hirugarrena. Euskal Autonomia Erkidegoa Errenteria-Oiartzungo Arragua poligonoa osatzen duten eta desagertutako Etxebizitzaren Instituzio Nazionalak desjabetu zituen lurren jabea da, azaroaren 27ko 3006/1981 Errege Dekretuaren indarrez, bai eta 1982ko maiatzaren 28an Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratutako horren eranskinaren eta otsailaren 6ko 325/1987 Errege Dekretuaren indarrez ere. Ondorioz, Arkitektura, Eraikuntza eta Etxebizitza Ondarearen arloko ondasun, eskubide eta zerbitzuak Euskal Autonomia Erkidegoari transferitu zitzaizkion.
Lur horiek bi udalerritan banatuta daude:
Oiartzun: 38.774 m².
Lur-azalera hori Oiartzungo udal-mugarteko Arragua auzoan kokatuta dago.
Errenteria: 9.472 m².
Errenteriako lurzoruak 39. Sektoreko (Lartzabal-Arragua) bizilekutarako lurzoru urbanizagarriaren eremuan kokatuta daude eta, gaur egun, hirigintza-kudeaketaren xede dira, 2005eko urtarrilaren 20an Errenteriako Udalarekin izenpetutako hitzarmenean xedatutakoari jarraiki.
Laugarrena. Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailak eta Oiartzungo Udalak 2006ko urriaren 4an lankidetza-hitzarmen bat izenpetu zuten babes ofizialeko etxebizitzak / etxebizitza sozialak sustatzeko bitariko politika bat ahalbidetzearren, azalera-eskubideari dagokionez eta baita bere alokairu babesturako ere, Oiartzungo udalerriko Arragua auzoko 12, 34 eta 68 areatan.
Zentzu honetan, Oiartzungo Udalak bere garaian Oiartzungo planeamenduko Arau Subsidiarioen Berrikusketa idatzi eta izapidetu zuen Arragua auzoko 12, 34 eta 68 areentzat.
Hala ere, Planeamenduko Arau Subsidiarioen berrikusketak ez zuen behin betiko onarpena lortu.
Berriki Oiartzungo Udalak erabaki du ondorengo hirigintza-antolamendua idatzi eta izapidetzea:
Eremuen mugapena, bat hiri-lurzoru finkatugabean eta bestea lurzoru urbanizagarrian.
100 etxebizitza libreren sustapena, hiri lur finkatugabean.
60 etxebizitza libreren sustapena, araubide tasatuko babes ofizialeko 81 etxebizitza eta araubide orokorreko babes ofizialeko 212 etxebizitza lurzoru urbanizagarrian.
Bi antolamendu-eremuetako lurren jabetzaren ondorioz, Eusko Jaurlaritzak hiri-lurzoru finkatugabean 1.218.957,39 euroko kopurua jaso behar du adjudikazio akatsagatik kalte-ordain moduan eta lurzoru urbanizagarrian 3.763.993,24 euroko kopurua jarri behar du urbanizatze-karga moduan.
Bosgarrena. Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailak, etxebizitzaren arloan dituen eskumenak erabiliz, babes ofizialeko etxebizitzak eraikitzeko lurzorua behar du etxebizitzen premia egiaztatua duten udalerrietan (horien artean, Oiartzun), errenta-ahalmen txikia izanik etxebizitzaren merkatu librera jotzerik ez duten familientzat.
Euskadiren Ondareari buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 6ko 2/2007 Legegintzako Dekretuaren 38. artikuluak agintzen du ondasun higiezinak dohain eskuratzeko Jaurlaritzaren Kontseiluak onetsi behar duela, ondare gaietan eskumena duen sailaren onarpenarekin.
Oiartzungo Udalari legez esleituta dagokion nahitaez laga beharreko -araubide orokorreko babes ofizialeko 212 etxebizitzen sustapenerako zuzendutako- lursailen % 15 doan eskuratzea hitzartzean datza proposatutako eragiketa.
Seigarrena. Bi Herri administrazioak bat datoz Arragua Iparraldeko auzoaren hiri-birgaitzea bultzatzeko helburuarekin. Birgaitze hori Etxebizitzaren Institutu Nazionalak sustatutako 179 etxebizitzako multzoan egingo da.
Zazpigarrena. Hitzarmenkide diren bi Herri Administrazioek urbanizazio-lizentziagatik tasak ordaintzea bidezkoa ez dela berretsi dute, ez baita beharrezkoa, behin betiko onartutako urbanizazio-proiektuari jarraituz jardungo da-eta; halaber, aipatutako obrak Eraikuntza, Instalazio eta Obren gaineko Udal Zergari atxiki behar ez zaiela berretsi dute.
Zortzigarrena. Bion interesak, konpromisoak eta ekarpenak egoki bideratzeko, bi hitzarmenkideek konpromiso-akordio hau izenpetu dute honako klausula hauen arabera:
KLAUSULAK:
Lehenengoa. Konpromiso-akordio honen xedea, Oiartzungo udal-mugarteko Arragua auzoan, azalera-eskubidepean zein alokairu babestuan jartzeko babes ofizialeko etxebizitzak eta gizarte-etxebizitzak sustatzeko politika gauzatzen laguntzea da.
Bi administrazio publikoak bat datoz antzeko helburuekin 2006ko urriaren 4an izenpetutako hitzarmena ondoriorik gabe uzteko.
Bigarrena. Oiartzungo Udalak, egun hasierako onarpen fasean aurkitzen den Zatikako Berrikusketa dokumentua behin betiko onartu arte izapidetzeko konpromisoa hartzen du.
Oiartzungo Udalak konpromisoa hartzen du Grupo Bruesako Progen, S.A. enpresari zein Euskal Autonomia Erkidegoari, beharrezko irabazi eta kargen berdinbanaketarako proiektua eta Arragua auzoko hiri-lurzoru finkatugabean mugatu beharreko eremuaren eta lurzoru urbanizagarrian mugatu beharreko eremuaren Hirigintza-proiektuen idazketa bultzatu eta errazteko, laugarren azalpeneko zehaztapenekin.
Hirugarrena. Oiartzungo Udalak konpromisoa hartu du aurreko klausulan adierazitako dokumentuak izapidetu eta onartzeko bidezko izapideak egiteko.
Laugarrena. Oiartzungo Udalak konpromisoa hartu du legez esleituta dagokion nahitaez laga beharreko % 15 (urbanizazio-kargarik gabea) eta araubide orokorreko babes ofizialeko 212 etxebizitzen sustapenerako zuzendutako lursailei dagokienez, Euskal Autonomiari doan lagatzeko.
Doan lagatzeko erabaki hori hiru hilabeteko epean hartuko du Udalaren Osoko Bilkurak, Oiartzungo udal-plangintzako Arau Subsidiarioen Zatikako Berrikuspen dokumentua behin betiko onartzen den egunetik aurrera kontatzen hasita, besteak beste ARR-1 izeneko areari eragiten diona.
Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailak konpromisoa hartu du Oiartzungo Udalaren Osoko Bilkuraren erabakia Eusko Jaurlaritzaren Ogasun eta Herri Administrazio Sailari jakinarazteko, sail horrek Jaurlaritzaren Kontseiluaren bidezko onarpena izapidetu dezan.
Klausula honetan aurreikusitako ondare-eragiketa notario-eskrituran formalizatuko da, adierazitako doako lagapena onartzen duen Jaurlaritzaren Kontseiluaren erabakiaren egunetik hasi eta hilabeteko epearen barruan.
Bosgarrena. Oiartzungo Udalak Grupo Bruesako Progen, S.A.rekin izenpetuko duen hitzarmenaren bidez, araubide orokorreko babes ofizialeko 212 etxebizitzen sustapenerako zuzendutako ondoriozko partzelak Euskal Autonomia Erkidegoari esleitzea adostu du, dagokion birpartzelatze-proiektuan gauzatuko dena, dagozkien aprobetxamenduekin. Aipatu partzelak dagokien urbanizatze kargarekin esleituko dira.
Kopuru egozgarria -azalpen honengatik- konpentsazio-gai izango da Euskal Autonomia Erkidegoari hiri-lurzoru finkatugabeko eremuan esleipen akatsagatik dagokion kopuruarekin.
Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailak konpromisoa hartu du, bidezko aurrekontu-izendapenak egin ondoren, adierazitako etxebizitzen eraikuntza-obrak kontratatzeko eta osorik burutzeko.
Urbanizazio Proiektua behin betiko onartu eta hurrengo urtebetearen barruan hasiko dira etxebizitzak.
Horretarako, etxebizitza libreak eta babestuak aldi berean sustatzeko aukera emango duen fase bakar batean egitea ezarriko du Urbanizazio Proiektuak.
Seigarrena. Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailak konpromisoa hartu du, bidezko aurrekontu-izendapenak egin ondoren, 1.218.957,39 euroko kopuruaren ekarpena egiteko. Kopuru hori Oiartzungo Udalerako zuzeneko diru-laguntza gisa emango da, Arragua Iparraldeko eremuaren berrurbanizazioan eta hirigintza-biziberritzean laguntzeko. Aipatu guztia, «Arragua Iparraren Urbanizazio Proiektua» izeneko proiektuarekin adostasunean.
Oiartzungo Udalak, bestalde, konpromisoa hartu du eremu horretan hiri-biziberritzerako bidezkoak diren lanak gauzatzeko.
Zenbateko hori Oiartzungo Udalari emango zaio, Hirigintza Kudeaketarako Arautegiaren 186. artikuluan eta hurrengoetan ezarritako prozedurari jarraiki, bidezko igorpenak egitean. Halaber, konturako ordainketa aurreratuak ere egiteko aukera izango da.
Ordainketa horiek guztiak egiaztatu egin beharko dira, egindako gastuak egiaztatzen dituzten dokumentuak aurkeztuz, hala nola obra-ziurtagiriak, fakturak eta abar.
Diru-laguntza horren emakida bateragarria izango da funts publiko zein pribatuetatik datorren beste edozein lortzearekin. Hala eta guztiz ere, eskuratutako laguntzen guztizko zenbatekoa guztizko kostua baino handiagoa bada, hitzarmen honen bitartez emandako laguntzaren zenbatekoa soberako kopuruan murriztuko da.
Zazpigarrena. Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailak Oiartzun sustapenean interesa duen udalerri izendatzeko konpromisoa hartzen du.
Ondorioz, kasu horietan, etxebizitzak esleitzeko prozesuaren hasierako unean Oiartzungo udal-mugartean erroldatuta dauden pertsonek edo aurretik -azken hamar urteen barruan- gutxienez bost urtez egondakoek soilik parte hartu ahal izango dute aipatu prozesuan.
Esleipen-prozesua gauzatutakoan etxebizitzak soberan badaude, Eskualde Egituran bildutako udalerriak eta Donostia-San Sebastián hartuko dira sustapenean interesa duten udalerritzat, eta, beraz, esleipen-prozesu hori udalerri horietara hedatuko da.
212 etxebizitzatatik, Sailak 48 etxebizitza sozialen egikaritza konpromisoa hartzen du hauen alokairu babesturako. Gainera, eraikuntza programan Udalak esleituko dituen 4 etxebizitza sartuko ditu, udalerriko gizarte beharretara zuzenduak.
Zortzigarrena. Oiartzungo Udalak konpromisoa hartu du Eraikuntza, Instalazio eta Obren gaineko Udal Zergaren kuotari Gipuzkoako Eraikuntza, Instalazio eta Obren gaineko Zergari buruzko uztailaren 5eko 15/1989 Foru Arauak toki-erakundeen zerga-sistema aldatzeko martxoaren 19ko 4/2003 Foru Arauak aldatuak bere 5. artikuluaren a), d) eta e) idatz zatietan ezarritako hobariak aplikatzeko, eta hobari horiek batera aplikatzeko.
Toki-ogasunak aldatzeko uztailaren 5eko 15/1989 Foru Arauaren arabera, Zerga Ordenantzek zerga-kuotaren gaineko honako hobari hauek arautu ahal izango dituzte:
% 95era bitarteko hobaria interes berezikotzat edo udal-onuratzat hartutako eraikuntza, instalazio edo obretarako, betiere halakotzat hartzea justifikatzeko moduko gizarte-zirkunstantziarik izanez gero.
% 50era bitarteko hobaria babes ofizialeko etxebizitzei lotutako eraikuntza, instalazio edo obretarako.
Letra honetan aurreikusitako hobaria aurreko letretan aipatutako hobariak aplikatzearen emaitzazko kuotari aplikatuko zaio.
% 90era bitarteko hobaria minusbaliatuen sarbide-baldintzak eta bizigarritasun-baldintzak hobetzen dituzten eraikuntza, instalazio edo obretarako.
Idatz-zati honetan aurreikusitako hobaria aurreko letretan aipatutako hobariak aplikatzearen emaitzazko kuotari aplikatuko zaio.
Konpromiso horrek egungo udal-ordenantzen aldaketa barne hartzen du (beharrezkoa izanez gero).
Bederatzigarrena. Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailak bere gain hartu dituen konpromiso guztiak, lankidetza-hitzarmen honetan zenbateko ekonomikoa zehaztu gabe dutenak, aldez aurretik bidezko aurrekontu-izendapenak eginak izatearen baldintzapean egongo dira.
Hitzarmen honetan zehaztutako ondare-eragiketak burutzeko dagokion baimena lortzea izango da baldintza, hala ezartzen baitu azaroaren 6ko 2/2007ko Legegintza Dekretu bidez onetsitako Euskadiko Ondareari buruzko Legearen Testu Bateginak.
Hamargarrena. Bi Herri Administrazioek beharrezkotzat hartzen dute Hitzarmenaren Jarraipen Batzordea eratzea. Batzorde hori erakunde bakoitzeko bi ordezkarik osatuko dute, eta bere eginkizunak honako hauek izango dira: ezarritako aurreikuspenak eta konpromisoak gauzaraztea, horiek zorrotz betetzeko neurriak proposatzea, etxebizitza babestuen sustapenak egitean sor daitezkeen gatazkak eta/edo interferentziak konpontzea, sustapenen babes-erregimenak une bakoitzean dauden etxebizitza-premietara egokitzea eta/edo mailakatzea eta, oro har, etorkizunean sor daitezkeen gorabehera guztiei erantzutea.
Hamaikagarrena. Dokumentu honetan jasotako betebeharrak ez betetzea hitzarmena hausteko arrazoia izango da eta, ondorioz, alderdiak lehengo egoera juridikora itzuliko dira, eta haustea eragiten duen alderdiak beste alderdiari zein uste oneko beste batzuei sortarazitako kalte eta galera guztiak ordaindu beharko ditu.
Eta adostasuna eta uste ona erakusteko, dokumentu hau izenpetu dute lau aletan, idazpuruan adierazitako lekuan eta egunean.
Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburua,
JAVIER MADRAZO LAVÍN.
Oiartzungo alkate-udalburua,
AITOR ETXEBERRIA TXURIO.
Vitoria-Gasteiz, 2009ko otsailaren 25a.
BILDU DIRA:
Alde batetik, Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburu Javier Madrazo Lavín jauna,
Eta bestetik, Felix Aranbarri Urizarbarrena jauna, Ondarroako Udaleko alkate-lehendakaria.
BERTARATU DIRA:
Lehenengoa, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburu gisa eta Sailaren legezko ordezkari-lanetan.
Eta bigarrena, Ondarroako Udaleko alkate-udalburu gisa eta Udalaren ordezkari-lanetan, 2009ko otsailaren 20ko Udalaren osoko Bilkurak hartutako erabakiaren bidez egintza honetarako baimendua.
Agertutako bi alderdiek elkarri aitortu diote lankidetza- hitzarmen hau izenpetzeko beharrezkoa den legezko gaitasun nahikoa eta, horretarako, honako hau:
AZALDU DUTE:
Lehenengoa. Euskadiren Autonomia Estatutuaren 10.31 artikuluak honako hau zehazten du: Euskal Autonomia Erkidegoak eskumen esklusiboa du lurraldearen eta itsasertzaren antolamenduaren, hirigintzaren eta etxebizitzaren arloetan. Era berean, Toki-Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legeak 25.2.d) artikuluan jasotzen du etxebizitzak sustatu eta kudeatzeko udalek duten eskumena.
Ildo horretan, 2005-2009 legealdirako Eusko Jaurlaritza eratzeko izenpetutako Koalizio Akordioaren helburu programatikoen artean, etxebizitza babestuen eskaintza handitzea bilduta dago, alokatuta lagatzeko gizarte-etxebizitzena nagusiki.
Hori bermatu ahal izateko, lurzoruaren kontrol publiko arduratsu eta eraginkorra lortu behar da, eta kontrol hori lurzoru publikoa eskuratu eta kudeatzeko ekintza irmoarekin osatu beharko da. Horregatik, botere publikoek kasu honetan, Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailak eta Ondarroako Udalak elkarrekin esku hartu behar dute are gehiago, horretara behartuta daude, babes ofizialeko beharrezko etxebizitzak egitea ahalbidetzen duten baldintzak sortzearren eta beharrezkoa den lurzoru-ondare publikoa osatzearren, betiere espekulazioa eragozteari begira.
Bigarrena. Era berean, bi erakunde publiko horiek aurreko idatz-zatian adierazitako alderdietan batera eta koordinatuta egin beharreko jarduna baieztatzeko eta berresteko, Autonomia Erkidegoak alde batetik, eta Toki Erakundeek bestetik, elkarren arteko harremanetan beren zereginak eraginkortasunez betetzeko behar duten lankidetza eta laguntza aktiboa eskaini beharko diote elkarri, nork bere esparruan.
Hirugarrena. Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailak, etxebizitzaren arloan dituen eskumenak baliatuz, zuzkidura-etxebizitzak eraikitzeko lurzorua behar du etxebizitzen premia egiaztatua duten udalerrietan (eta, horien artean, Ondarroan), errenta-ahalmen txikia izanik etxebizitzaren merkatu librera jotzerik ez duten pertsonentzat.
Euskadiren Ondareari buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 6ko 2/2007 Legegintzako Dekretuaren 43. artikuluak agintzen duenez, ondare higiezinak eskuratzeko jardunbidea, kontratazio mota gisa, lehiaketa publikoa da. Baina artikulu bereko 2. zenbakian, zuzeneko kontratazioa ere ahalbidetzen da aldez aurretik Jaurlaritzaren Kontseiluak baimena emanda, kasu honetan bezalaxe, ase beharreko beharraren berezitasunari eta merkatuaren baldintzei lotutako zirkunstantziak daudenean.
Era berean, Euskadiko Ondareari buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 6ko 2/2007 Legegintzako Dekretuaren 38. artikuluak agintzen duenez, Jaurlaritzaren Kontseiluaren onespena behar da ondasun higiezinak doan eskuratzeko, betiere Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburuak proposatuta.
Ondarroako Udala da Herrigune Historikoan kokatuta dagoen eta antzinako babesetxe gisa ezagutzen den higiezinaren jabea. Horrela dago jasota Markina-Xemeingo Jabetzaren Erregistroan: 314 liburukia, 48 liburua, 58 orria, 3.936 zk. erregistro-finka, lehen inskripzioa.
Proposatutako eragiketa honetan datza: Euskal Autonomia Erkidegoak adierazitako higiezina doako lagapenaren bitartez eskuratzea, eta eskualdatze horren arabera Euskal Autonomia Erkidegoa dagokion zuzkidura-etxebizitzen sustapena bermatzeaz arduratzea.
Laugarrena. Toki Jaurbideari buruzko gaietan indarrean dauden lege xedapenen testu bateratua onartzen duen apirilaren 18ko 781/1986 Errege Dekretuak 79.2 artikuluan eta Toki-Erakundeen Ondasunen Arautegia onesten duen ekainaren 13ko 1372/1986 Errege Dekretuak 109.2 artikuluan xedatzen dutenez, dohainik laga ahal izango zaizkie ondarezko ondasun higiezinak beste herri-erakunde batzuei, baldin eta erakunde horien helburuek onura badakarkie udalerriko auzokoei. Horien artean dago udalerrian zuzkidura-etxebizitzak eraikitzea.
Bi Herri Administrazioen ustez, etxebizitza babestua sustatzeko orain artean elkarrekin garatzen ari diren politika osatu egin behar da, zuzkidura-etxebizitza horiek gauzatuz.
Bosgarrena. Bien interesak, konpromisoak eta ekarpenak egoki bideratzeko, bi alderdiek lankidetza-hitzarmen hau izenpetu dute honako klausula hauen arabera:
KLAUSULAK:
Lehenengoa. Ondarezko lankidetza-hitzarmen honen helburua da Ondarroako udalerrian zuzkidura-etxebizitzen sustapena ahalbidetzea, zehazki Herrigune Historikoko antzinako babesetxe gisa ezagutzen den higiezinean.
Bigarrena. Ordenamendu juridikoan aurreikusitakorekin bat etorrita, Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Saila eta Ondarroako Udala ados daude birgaitzeen bidez 16 zuzkidura-etxebizitza gutxienez sustatzeko. Izango duten azalera erabilgarria 40 m2-koa izango da, gutxienez, eta gaur egun ekipamendu komunitariorako aurreikusita dagoen antzinako udal babesetxean egongo dira.
Hirugarrena. Ondarroako Udalak konpromisoa hartu du Herrigune Historikoko antzinako babesetxe gisa ezagutzen den higiezinaren dagokion doako lagapena ematea Euskal Autonomia Erkidegoari, Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailak aldi baterako alokairu-erregimenean zuzkidura-etxebizitzen sustapena gauzatzeko.
Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailak konpromisoa hartu du Ondarroako Udalaren Osoko Bilkuraren erabakia Eusko Jaurlaritzaren Ogasun eta Herri Administrazio Sailari jakinarazteko, Sail horrek Jaurlaritzaren Kontseiluaren bidezko onarpena izapidetu dezan.
Klausula honetan aurreikusitako ondare-eragiketa notario-eskrituran formalizatuko da, adierazitako doako lagapena onartzen duen Jaurlaritzaren Kontseiluaren erabakiaren egunetik hilabeteko epean.
Laugarrena. Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailak konpromisoa hartu du, dagozkion aurrekontuko diru-izendapenak gauzatu ondoren, aipaturiko zuzkidura-etxebizitzen urbanizazio osagarria egiteko eta birgaitze-lanen bitartez sustatzeko obra guztiak kontratatzeko ahalik eta azkarren. Konpromiso horrek barnean hartzen du dagokion proiektu teknikoak hark idaztea eta Udaletxean aurkeztea 2009ko azken hiruhilekoan.
Hala ere, klausula honetan ezarritako konpromisoak gauzatu ahal izateko, aurretiaz lurrak Euskal Autonomia Erkidegoari eman beharko zaizkio.
Bosgarrena. Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailak konpromisoa hartu du Ondarroa sustapen horretan interesa duen udalerri bakarra izendatzeko. Hori dela-eta, esleipen-prozeduran Ondarroan erroldatutako jendeak soilik parte hartu ahal izango du. Prozedurari hasiera ematen zaionean udalerrian bi urtez gutxienez erroldatuta egotea egiaztatu beharko da.
Era berean, Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailak bizitoki bi kanpoan uzteko konpromisoa hartu du, udalaren hirigintza-jardueretarako edo gizarte beharrizanetarako, hain zuzen, baldin eta Udalak hala eskatzen badu esleipen-prozedurari hasiera eman aurretik.
Esleitu ez dela-eta, bizitokiren bat soberan geratzen bada, Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailak zehaztuko du Lea Artibaiko arlo funtzionaleko zer udalerri eta/edo pertsona dauden horretan interesatuta, hartarako emandako aginduaren bidez.
Seigarrena. Ondarroako Udalak konpromisoa hartu du honako hobari hauek aplikatuko dituela Eraikuntzen, Instalazioen eta Obren gaineko Zergaren kuotan:
% 55,40ko hobaria etxebizitza sozialak eta zuzkidura-etxebizitzei lotutako eraikuntza, instalazio eta obretarako.
% 36,40ko hobaria babes ofizialeko etxebizitzei lotutako eraikuntza, instalazio edo obretarako.
% 90era bitarteko hobaria minusbaliatuen sarbide-baldintzak eta bizigarritasun-baldintzak hobetzen dituzten eraikuntza, instalazio edo obretarako.
Hobari horien aplikazioa ahalbidetu aldera, Ondarroako Udalak konpromisoa hartu du beharrezkoak diren jardunak egiteko, bere Udal Ordenantzak legez ezarritako prozedurari jarraiki egokitzea barne hartuta.
Zazpigarrena. Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailak bere gain hartu dituen konpromiso guztiak, lankidetza-hitzarmen honetan zenbateko ekonomikoa zehaztu gabe dutenak, aldez aurretik bidezko aurrekontu-izendapenak egin izanaren baldintzapean egongo dira.
Zortzigarrena. Bi Herri Administrazioek beharrezkotzat hartzen dute Hitzarmenaren Jarraipen Batzordea eratzea. Batzorde hori erakunde bakoitzeko bi ordezkarik osatuko dute, eta bere eginkizunak honako hauek izango dira: ezarritako aurreikuspenak eta konpromisoak gauzaraztea, horiek zorrotz betetzeko neurriak proposatzea, etxebizitza babestuen sustapenak egitean sor daitezkeen gatazkak eta/edo interferentziak konpontzea, sustapenen babes-erregimenak une bakoitzean dauden etxebizitza-premietara egokitzea eta/edo mailakatzea, edo birkokatzea, eta, oro har, etorkizunean sor daitezkeen gorabehera guztiei erantzutea.
Bederatzigarrena. Agiri honetan jasotako betebeharrak ez betetzea kontratua deuseztatzeko arrazoia izango da, eta aldeak lehengo egoera juridikora itzuliko dira. Era berean, bai beste aldeari bai uste oneko besteri eragin ahal izan zaizkien kalte eta galerak ordaindu beharko ditu aipatutako deuseztapena eragiten duenak.
Hitzarmen honetan zehaztutako ondare-eragiketak burutzeko dagokion baimena lortzea izango da baldintza, hala ezartzen baitu azaroaren 6ko 2/2007ko Legegintza Dekretu bidez onetsitako Euskadiko Ondareari buruzko Legearen Testu Bateginak.
Eta adostasuna eta uste ona erakusteko, dokumentu hau izenpetu dute lau aletan, idazpuruan adierazitako lekuan eta egunean.
Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburua,
JAVIER MADRAZO LAVÍN.
Ondarroako Udaleko alkate-lehendakaria,
FELIX ARANBARRI URIZARBARRENA.
Leioa, 2009ko otsailaren 24a.
BILDU DIRA:
Javier Madrazo Lavin jauna, Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburua, eta
Eneko Arruabarrena Elizondo jauna, Leioako Udaleko alkate-lehendakaria.
BERTARATU DIRA:
Lehenengoa, Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburu gisa, eta haren legezko ordezkari-lanetan.
Eta bigarrena, Leioako Udaleko alkate-lehendakari gisa eta haren legezko ordezkari-lanetan.
Bertaratuek elkarri onartu diote konpromiso-akordio hau egilesteko beharrezkoa den legezko gaitasun nahikoa, eta horretarako, honako hau
AZALDU DUTE:
Lehenengoa. Euskal Herriko Autonomia Estatutuaren 10.31 artikuluak zehazten duenez, Euskal Autonomia Erkidegoak eskumen esklusiboa du lurraldearen eta itsasbazterraren antolamendu-, hirigintza- eta etxebizitza-arloan.
Ildo horretan, 2005-2009 legealdirako Eusko Jaurlaritza eratzeko sinatutako Koalizio Akordioaren helburu programatikoen artean, etxebizitza babestuen eskaintza handiagotzea jasotzen da, batik bat alokairuan lagatzeko gizarte-etxebizitzen eskaintza.
Hori bermatu ahal izateko, lurzoruaren kontrol publiko arduratsu eta eraginkorra lortu behar da, eta kontrol hori lurzoru publikoa eskuratu eta kudeatzeko ekintza irmoarekin osatu beharko da. Horregatik, botere publikoek kasu honetan, Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailak eta Leioako Udalak elkarrekin esku hartu behar dute are gehiago, horretara behartuta daude, babes ofizialeko beharrezko etxebizitzak egitea ahalbidetzen duten baldintzak sortzearren eta beharrezkoa den bizileku-lurzoruko ondare publikoa osatzearren, betiere espekulazioa eragozteari begira.
Helburu horrekin, Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailak eta Leioako Udalak honako dokumentu hauek sinatu zituzten:
1994ko irailaren 9ko Lankidetza Hitzarmena, Lamiakon etxebizitza babestua sustatzeko.
1997ko otsailaren 26ko Lankidetza Hitzarmena, 2 Eremuan etxebizitza babestua sustatzeko.
1997ko apirilaren 7ko Lankidetza Hitzarmena, hutsik dagoen lurzoruko 17.2 Hiri Eremuan etxebizitza babestua sustatzeko.
2000ko abenduaren 27ko Lankidetza Hitzarmena, Pikueta Sektorean etxebizitza babestua sustatzeko.
2009ko urtarrilaren 12ko Konpromiso Hitzarmena, 38 Sektorean -Leioandi- etxebizitza babestua sustatzeko.
Bigarrena. Leioako Udalak, etxebizitza babestuaren sektore-politika plangintza-dokumentuetan gauzatzeko ardura duen Tokiko Administrazioa den aldetik, Hiri Antolamendurako Plan Nagusian (HAPN) Hiri Lurzoruko bi eremu ditu araututa; honako oinarrizko ezaugarri hauek dituzte bi eremu horiek:
45 Eremua-Pikueta eta Txorierri auzoen arteko lotura mekanikoa:
Aprobetxamendudun azalera: 16.296 m2.
Eraikigarritasun-koefizientea: 0,274 m2/m2.
Baimendutako eraikigarritasuna (etxebizitza librea): 4.465 m2 e., 48 etxebizitzaren baliokidea.
37 EremuaOndiz hutsik:
Aprobetxamendudun azalera: 36.883 m2.
Eraikigarritasun-koefizientea: 0,341 m2/m2.
Baimendutako eraikigarritasuna:
BOE: 7.728 m2 (92 etxebizitza)
EL: 4.849 m2 (48 etxebizitza)
Guztira: 12.577 m2 (140 etxebizitza)
Hirugarrena. Leioako Udalak aurreko puntuan adierazitako hiri-eremuak diseinatu eta onartu zituenean, logikoa denez, hirigintza-kudeaketatik eratorritako kargen eta mozkinen arteko loturak nahikoa orekatuak ziren adierazitako hiri-eremu horien kudeaketa errazteko.
Alabaina, egungo krisialdi ekonomikoaren bat-bateko agerpenaren eraginez, eremu horien kudeaketa erabat gelditu da, aurreikuspenen gauzatzea galaraziz, horrek dakartzan arazo guztiekin, batik bat inbertsioak gelditu izanari, etxebizitza babestuaren antolamenduari, urbanizazioak areagotzeari, sarbide egokien bitartez auzoak elkartzeari eta abarri dagokienez.
Laugarrena. Leioako Udalaren eta Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailaren aburuz, Herri Administrazioen erantzukizuna da krisialdi ekonomikoaren zoritxarren aurrean besoak uztarturik ez geratzea, eta horren ordez, enplegua sustatuko duten politika antiziklikoak bultzatzea, eta politika horiek herritarrentzako etxebizitza babestuaren antolamenduaren areagotzearekin konbinatzea.
Horregatik, merkatuaren indarrak Hiri Antolamendurako Plan Nagusiaren aurreikuspenak gauzatzeko gai ez direnez, plangintzaren bi Aldaketa sustatzea egokia dela deritzote; hona hemen aldaketa horien funtsezko edukia:
45 Eremua. Pikueta eta Txorierri auzoen arteko lotura mekanikoa. Eraikigarritasun-koefizientea handiagotzea, 0,40 m2/m2-tara iritsi arte, 6.518 m2 e.-ko guztizko eraikigarritasuna barnean hartuz, guztizko eraikigarritasun hori erdi bana zatituz, % 50 BOEetarako eta % 50 Etxebizitza Tasatuetarako (3.259 m2 tipologia bakoitzerako), eta gehienez 39 + 39 = 78 etxebizitzarekin.
Kudeaketa desjabetzearen bitartez gauzatuko da, eragiketaren sustatzailea Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Saila izango da, eta Pikueta eta Txorierri auzoak elkartuko dituen lotura mekanikoaren instalazioa Leioako Udalaren kontura izango da.
37 EremuaOndiz hutsik. Eraikigarritasun-koefizientea handiagotzea, 0,526 m2/m2-tara iritsi arte, 19.400 m2 e.-ko guztizko eraikigarritasuna barnean hartuz, (era berean, guztizko eraikigarritasun hori honela banatuko litzateke: 8.900 m2 e. BOEtarako, 5.650 m2 e. ETetarako eta 4.850 m2 e. ELetarako), eta gehienez 106 BOE + 67 ET + 48 EL = 221 etxebizitzarekin, Plangintzaren Aldaketarako dokumentuan horiei buruz jasotako zehaztapenak alde batera utzi gabe.
Handiagotze horri esker, eragiketaren burua etxebizitza babestuko kooperatiba baten zati bat izango da, ekimen pribatua izan beharrean, eta beraz, Leioako Udalari azalera handi bat emango zaio, etorkizuneko ekipamendu bat ahalbidetzeko.
Lurzoru eta Hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legearen arabera, bizileku-gehikuntzetan beharrezkoa da etxebizitza babestuen gutxieneko estandar jakin batzuk betetzea. Bi eragiketa horien xedea honako hau da: 37 Eremuan dagoen BOEen eraikigarritasun-eskasia konpentsatzeko, 45 Eremuan tipologia horretako eraikigarritasuna handiagotzea, lege-testu horren 80.4. artikuluan adierazitako prozedurari jarraiki.
Bosgarrena. Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailak, etxebizitza-arloan dituen eskumenak baliatuz, udalerri jakin batzuetan babes ofizialeko etxebizitzak eraikitzeko lurzorua behar du, etxebizitza-premiak dituztela egiaztatu den udalerrietan, hain zuzen ere, esaterako Leioan, betiere etxebizitzaren merkatu librean sartzeko errenta-ahalmen urria duten familiei begira.
Seigarrena. Dagozkien interesak, konpromisoak eta ekarpenak modu egokian bideratzeko, sinatzaileek konpromiso-akordio hau sinatu dute honako klausula hauen arabera:
KLAUSULAK:
Lehenengoa. Konpromiso-akordio honek honako helburu hau du:
Leioako udal-mugarteko 45 Eremuan -Txorierri- etxebizitza babestua sustatzeko politika gauzatzeko aukera ahalbidetzea.
Lamiako eta Txorierri auzoen artean sarbide/komunikazio bat (igogailu inklinatua) eraiki dadin ahalbidetzea.
Leioako udal-mugarteko 37 Eremuan Ondiz Hutsik- etxebizitza babestua sustatzeko politika gauzatzeko aukera ahalbidetzea.
HIRI ANTOLAMENDURAKO PLAN NAGUSIAREN 45 EREMUA
(PIKUETA ETA TXORIERRI AUZOEN ARTEKO LOTURA MEKANIKOA)
Bigarrena. Hitzarmen hau behin betiko onartu eta sinatu ondoren, Leioako Udalak 45. Eremuari dagokion (Pikueta eta Txorierri auzoen arteko lotura mekanikoa) Hiri Antolamendurako Plan Nagusia aldatzeko espedientea idazteko eta behin betiko onartzen den arte izapidetzeko konpromisoa hartu du. Oinarrizko arauketa honako hau izango da:
Aprobetxamendudun lurzorua: 16.296 m2.
Eraikigarritasun-koefizientea: 0,4 m2/m2.
Eraikigarritasuna: 6.518 m2 e.:
BOE: 3.259 m2 e. (39 etxebizitza).
ET: 3.259 m2 e. (39 etxebizitza). (*)
Guztira: 78 etxebizitza.
Kudeatzeko sistema: desjabetzea.
(*) Autonomia-erkidegoko araudiaren araberako erregimen tasatuko etxebizitzak.
Hala ere, dokumentu honen eduki zehatzei dagokienez, sinatu duten Herri Administrazioek aldez aurretik onartu beharko dituzte.
Hirugarrena. Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailak honako egutegi hau betetzeko konpromisoa hartu du:
Jardun Urbanizatzaileari buruzko Programaren aurkezpena, hasierako onarpena gauza dadin: 3 hilabete, Plangintzaren Aldaketaren behin betiko onarpenetik aurrera.
Urbanizazio Proiektuaren aurkezpena, hasierako onarpena gauza dadin: 3 hilabete, Jardun Urbanizatzaileari buruzko Programaren behin betiko onarpenetik aurrera.
Eremuan barne hartutako ondasun eta eskubideak nahitaez desjabetzeko espedientearen hasiera: 3 hilabete, Urbanizazio Proiektuaren hasierako onarpenetik aurrera.
Laugarrena. Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailak Hiri Antolamendurako Plan Nagusiko 45. Eremuko hirigintza-kudeaketaren kostuak erabat ordainduko ditu, adierazgarri gisa ondoren adierazten diren atalak barnean hartuta, besteak beste:
Plangintza doitzeko beharrezkoak izan daitezkeen dokumentuak idazteagatiko eta izapidetzeagatiko ordainsariak, esate baterako, xehapen azterlanak, eta abar.
Urbanizazio-obrak idazteagatiko eta zuzentzeagatiko ordainsariak (Urbanizazio Proiektua).
Urbanizazio-obrengatiko kostuak, Pikueta eta Txorierri auzoetarako sarbide eta lotura mekanikoa eraikitzeagatiko kostua izan ezik, Leioako Udalak ordaindu beharko baitu kostu hori. Guzti hori, Fulcrum enpresak 2007ko abenduan egin zuen 45. Area Urbanizatzeko Aurreproiektuan adierazitakoarekin bat etorrita
Esparru horretan barne hartutako ondasunak eta eskubideak erosteagatiko kostuak eta eraikinak (batez ere Langileria kaleko 78., 80. eta 82. zenbakiekin identifikatutako higiezinak) eraisteagatiko kalte-ordainen eragiketak, birkokatzea eta abar barnean hartuta. Horri dagokionez, hirigintza-kudeaketa hau gauzatzen den aldi berean Leioan gertatzen ari diren etxebizitza babestuko sustapenetako birkokatzea (horrelakorik gertatzen bada) erraztu ahal izateko, modu egokian koordinatzeko konpromisoa hartu dute dokumentu hau sinatu duten Administrazioek.
Eraikuntza-proiektuak, eraikuntza-obrak eta abar idazteko ordainsariak.
Eraikuntzen diseinuari dagokionez, eraikinek fatxada aireztatuak edukiko dituzte, adreiluaren eta bestelako material tradizionalen erabilera saihestuz.
Leioako Udalak, bere aldetik, Lamiako eta Txorierri auzoetarako sarbide eta lotura eraikitzeagatiko kostua ordainduko du, eta beraz, Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailak ez du proiektu horrek eragindako ezein kostu ordaindu beharko.
Bosgarrena. Leioako Udalak honako eskubide hauek gorde ditu beretzat:
Etxebizitzen esleipen-prozedurara joan ahal izateko erroldatze-urteak ezartzeko eskubidea. Horri dagokionez, Leioan hiru urtez erroldatuta egon behar dela ezarri da, etxebizitzen esleipen-prozedurari hasiera ematen dion Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburuaren agindua argitaratzen den egunaren aurreko hiru urte, hain zuzen ere.
Gehienez etxebizitzen % 10 erreserba daiteke etxebizitza-premia espezifikoei erantzun ahal izateko.
Seigarrena. 45 Eremuari Txorierri- dagokionez, Leioako Udalak bere gain hartu du Euskal Autonomia Erkidegoari bizitegi kolektiboko jardun-unitate berriko udal-lur guztiak eta bertan legez dagokion hirigintza-eraikigarritasunaren % 15 doan lagatzeko konpromisoa.
Aurrez konprometitutako plangintzaren aldaketa behin betiko onartzen denetik zenbatzen hasi eta sei hilabeteko epean hartuko du lagatzeko erabakia adierazitako Tokiko Erakundeak.
Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailak Leioako Udalaren Osoko Bilkuraren erabakia Eusko Jaurlaritzaren Ogasun eta Herri Administrazio Sailari jakinarazteko konpromisoa hartu du, sail horrek Jaurlaritzaren Kontseiluaren onespena izapidetu dezan.
Klausula honetan aurreikusitako ondare-eragiketa eskritura publikoan formalizatuko da, adierazitako doako lagapena onartzen duen Jaurlaritzaren Kontseiluaren erabakiaren egunetik hilabeteko epean.
Ondare-eragiketa horretatik eratorritako gastu guztiak Hiri Lurren Balio Gehitzearen gaineko Zerga izan ezik Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailak ordainduko ditu.
Zazpigarrena. Urbanizazio-obrak gauzatu ondoren, Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailak obra-harrerarako aurreikusitako eguna, tokia eta ordua jakinaraziko dizkio Leioako Udalari, gutxienez hamabost eguneko aurrerapenarekin.
Obra-harrerako aktan udal-ordezkariak adierazitako oharrak bilduko dira, hala badagokio, eta horren kopia bat Leioako Udalari helaraziko zaio.
Harrera-akta horretan Leioako Udalak lanen gauzatze materialari buruzko oharrik adierazten ez badu, edo obren harrera-ekitaldira agertzen ez bada, hilabeteko epea izango du udalak urbanizazioa hartzeko, epe hori Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailak harrera-eskariaren jakinarazpena egiten duenetik zenbatzen hasita. Ez da hala izango, ordea, epe horren barruan berariaz eta arrazoituz obrak hartzeko eragozpenak dituela azaltzen badu, obrak ez zaizkiolako behar bezala egokitu onartutako proiektuari.
Leioako Udalak obren harrera-aktan oharrak adierazten baditu edo obrak hartzeko eragozpenak azaltzen baditu, Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailak eskatuta eta alderdi interesdun guztiek parte hartuta, urbanizazioa hartzeko beharrezkoak diren baldintzak ezarriko dira, eta baldintza horiek ezin izango dute inola ere barnean edo eraginpean hartu urbanizazio-proiektuan aurreikusi ez den obra-elementurik edo obra-alderdirik.
Leioako Udalak urbanizazioa hartzeko behar diren baldintzak zehaztu ondoren, eta, hala badagokio, hitzartutako lan osagarriak edo erremate-lanak egin ondoren, betiere lan horiek beharrezkoak badira, urbanizazioa har dezan eskatuko dio formalki Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailak Udalari. Urbanizazio-harrera gehienez hilabeteko epean egin beharko da, eskari horren jakinarazten denetik.
Urbanizazioaren harrera esku hartzen duten alderdiek sinatutako dagokion aktaren bitartez formalizatuko da.
Leioako Udalak gehienez bederatzi hilabeteko epea izango du urbanizazio-obrak hartzeko, Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailak obren harrera egiten duenetik zenbatzen hasita, betiere lan osagarriak edo erremate-lanak aurreko klausulan ezarritakoari jarraiki gauzatu badira, hala badagokio.
Zortzigarrena. Leioako Udalak konpromisoa hartu du Eraikuntza, Instalazio eta Obren gaineko Udal Zergaren kuotari Bizkaiko Eraikuntza, Instalazio eta Obren gaineko Zergari buruzko ekainaren 30eko 10/1989 Foru Arauaren 4. artikuluaren a), d) eta e) idatz-zatietan ezarritako hobariak aplikatzeko, eta hobari horiek batera aplikatzeko.
Eraikuntzen, Instalazioen eta Obren gaineko Zergari buruzko ekainaren 30eko 10/0989 Foru Arauari jarraiki, Zerga Ordenantzek zerga-kuotaren gaineko honako hobari hauek arautu ahal izango dituzte:
% 95era bitarteko hobaria interes berezikotzat edo udal-onuratzat hartutako eraikuntza, instalazio edo obretarako, betiere halakotzat hartzea justifikatzeko moduko gizarte-zirkunstantziarik badago.
% 50era bitarteko hobaria babes ofizialeko etxebizitzei lotutako eraikuntza, instalazio edo obretarako.
Idatz-zati honetan aurreikusitako hobaria aurreko idatz-zatietan adierazitako hobariak aplikatzearen emaitzazko kuotari aplikatuko zaio.
% 90era bitarteko hobaria minusbaliatuen sarbide-baldintzak eta bizigarritasun-baldintzak hobetzen dituzten eraikuntza, instalazio edo obretarako.
Idatz-zati honetan aurreikusitako hobaria aurreko idatz-zatietan aipatutako hobariak aplikatzearen emaitzazko kuotari aplikatuko zaio.
Hobari horien aplikazioa ahalbidetze aldera, beharrezkoak diren jardunak gauzatzeko konpromisoa hartu du Leioako Udalak, bere Udal Ordenantzak legez ezarritako prozedurari jarraiki egokitzea barnean hartuta.
Bederatzigarrena. Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailak bere gain hartu dituen konpromiso guztiak (konpromiso-akordio honetan zenbateko ekonomikoa zehaztu gabe dutenak), aldez aurretik bidezko aurrekontu-izendapenak egin izanaren baldintzapean egongo dira.
Burutzeko dagokion baimena lortzearen baldintzapean egongo dira hitzarmen honetan hitzartutako ondare-eragiketak, azaroaren 6ko 2/2007ko Legegintza Dekretu bidez onetsitako Euskadiko Ondareari buruzko Legearen Testu Bateginak ezartzen duenari jarraiki.
HIRI ANTOLAMENDURAKO PLAN NAGUSIAREN 37 EREMUA ONDIZ HUTSA
Hamargarrena. Leioako Udalak oinarrizko parametro jakin batzuk edukiko dituen Plangintzaren Aldaketarako espedientea sustatuko du berehala, hasierako onarpen-dokumentuan erabileren antolamenduaren gaineko zehaztapenak bildu ahal izango direla kontuan hartuta. Honako hauek izango dira adierazitako parametroak:
Aprobetxamendudun azalera: 36.883 m2.
Eraikigarritasun-koefizientea: 0,526 m2/m2.
Guztizko eraikigarritasuna: 19.400 m2 (231 etxebizitza gehienez).
BOE: 8.900 m2 e. (106 etxebizitza).
ET: 5.650 m2 e. (67 etxebizitza). (*)
EL: 4.850 m2 e. (48 etxebizitza).
(*) Udal-etxebizitza tasatuak, erregimen berezikoak.
Hamaikagarrena. Plangintzaren bi aldaketen helburu soziala kontuan hartuz, etxebizitza babestura zuzendutako azaleraren handiagotze garrantzitsua barnean hartuz, Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailaren ustez, Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legeak eskatutako BOEko estandarra betetzen da orokorrean, 37 Eremuko BOEen eraikigarritasun-eskasia konpentsatzeko, erabilera bereko eraikigarritasuna handiagotu baita 45 Eremuan, lege-testu horren 80.4 artikuluan aurreikusitako prozedura izapidetu behar dela alde batera utzi gabe.
AZKEN KLAUSULAK
Hamabigarrena. Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailak bere gain hartu dituen konpromiso guztiak, konpromiso-akordio honetan zenbateko ekonomikoa zehaztu gabe dutenak, aldez aurretik bidezko aurrekontu-izendapenak egin izanaren baldintzapean egongo dira.
Burutzeko dagokion baimena lortzearen baldintzapean egongo dira hitzarmen honetan hitzartutako ondare-eragiketak, azaroaren 6ko 2/2007ko Legegintza Dekretu bidez onetsitako Euskadiko Ondareari buruzko Legearen Testu Bateginak ezarritakoari jarraiki.
Hamahirugarrena. Bi Herri Administrazioek beharrezkotzat hartzen dute Akordioaren Jarraipen Batzordea eratzea. Batzorde hori erakunde bakoitzeko bi ordezkarik osatuko dute, eta honako eginkizun hauek izango ditu: ezarritako aurreikuspenak eta konpromisoak gauzaraztea, horiek zorrotz betetzeko neurriak proposatzea, adierazitako etxebizitza babestuen sustapenak egitean sor daitezkeen gatazkak eta/edo interferentziak konpontzea, sustapenen babes-erregimenak une bakoitzean dauden etxebizitza-premietara egokitzea eta/edo mailakatzea, birkokatzea, eta, oro har, etorkizunean sor daitezkeen gorabehera guztiei erantzutea.
Hamalaugarrena. Dokumentu honetan jasotako betebeharrak ez betetzeak dokumentuaren edukia deuseztatzea eragingo du, eta aldeak lehengo egoera juridikora itzuliko dira. Era berean, bai beste aldeari bai hirugarrenei eragin ahal izan zaizkien kalte eta galerak fede onez ordaindu beharko ditu aipatutako deuseztapena eragiten duenak.
Hamabosgarrena. Dokumentu honek Hirigintza Hitzarmenaren izaera edukiko du, eta beraz, behin betiko onarpenaren araberako eraginkortasuna du, Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legearen Zazpigarren Xedapen Gehigarrian hitzartutako izapideak bete ondoren.
Eta adostasuna eta fede ona erakusteko, dokumentu hau sinatu dute lau aletan, idazpuruan adierazitako lekuan eta egunean.
Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburua,
JAVIER MADRAZO LAVÍN.
Leioako Udaleko alkate-lehendakaria,
ENEKO ARRUABARRENA ELIZONDO.
Vitoria-Gasteiz, 2009ko otsailaren 26a.
BILDU DIRA:
Alde batetik, Jon Koldobika Urrutia Mingo jauna, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendaria eta bestetik Gloria Quesada Menéndez andrea, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusia,
AZALDU DUTE:
Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzua Entitate Publikoko Administrazio Kontseiluaren 2008ko urriaren 22ko Erabakiaren bidez, 2008rako Entitatearen Enplegu Publikoko Eskaintza onartu zela.
Euskal Funtzio Publikoaren uztailaren 6ko 6/1989 Legeak Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeari hautaketa-prozesu desberdinetako elementu homogeneizatzailearen izaera esleitzen diola, arauak 29. artikuluan administrazioei erakunde autonomo baten bidez bere pertsonala hautatzeko ematen dien aukeragatik, horretarako hitzarmena izenpetuz.
Bi erakundeen borondatea dela eskueran dituzten baliabide guztiak jartzea, hautaketa-prozesua funtzio publikora sartzeko eskatzen diren berdintasun, meritu eta gaitasun printzipioen arabera gara dadin.
Era berean, hautaketa-prozesuari arrazionaltasun handiagoa ematen saiatuko direla baliabide-kudeaketan, eta baita bizkortasun- gardentasun eta zerbitzu publikoko kalitate-maila egokiak ere.
Esparru horretan, bi erakundeek lankidetza-hitzarmena sinatzen dutela, ondorengo klausulen arabera
KLAUSULAK
Lehenengoa. Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuarekin kolaboratuko du orokorrean prozesu honetako hautaketa-probak martxan jartzen eta garatzen, batez ere partehartzaile ugari aurkezten den esparru handietan.
Bigarrena. Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak epaimahaiek hautaketa-prozesuko edozein fasetan eska dezaketen laguntza emango du.
Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen lankidetza prozesuaren ondorengo fase guztietan edo batzuetan izan daiteke:
Aukera-erantzuneko azterketak prestatzea gazteleraz eta euskaraz.
Azterketak egiteko behar diren ale-kopurua editatu eta garraiatzea.
Egindako azterketak irakurgailu optikoz zuzentzea, azterketak amaitu eta berehala.
Logistika-laguntza prozesu-garapenean.
Hirugarrena. Lankidetza-eskabidea dagokion Aktan jasoko da, epaimahai kalifikatzaileak akordio hau onartzen duen bilerako aktan, hain zuzen. Akta horretan jaso beharko da, ahalik eta zehatzen, lankidetzaren edukia eta nola eman behar den, bereziki lankidetza noiz hasi eta noiz amaituko den adierazi behar dira.
Agindutako hautaketa-prozesuko faseak edo lanak Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak bideratu eta burutu ahal izateko, epaimahai kalifikatzaile bakoitzak laneko esparru orokorra edo ildo nagusiak zehatz ditzake (proban sartu beharreko galdera-kopurua, galdera bakoitzari dagozkion aukera-erantzunen kopurua, ale-kopurua&).
Edonola ere, lankidetza-eskabideak garaiz egingo dira horiek ondo kudeatzeko.
Laugarrena. Erantzukizun falta edo erantzukizun partekatu falta saihestearren, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak prozesuko lan edo fase batzuk bakarrik hartuko ditu bere gain, baldin eta horiek osorik egiteko agintzen bazaio.
Zentzu horretan, aukera-erantzuneko azterketak prestatzeko agintzen bazaio, proba egin arte eginbeharreko eginkizun guztietaz jabetuko da, hau da, azterketak prestatu, itzuli, editatu eta garraiatzeaz. Kontuan hartuta lau alde horiek banaezinak direla, ez dugu horietako bat bakarrik hartuko besteak gabe.
Salbuespen gisa, erakunde honek prestatu ez dituen azterketen itzulpena ere bere gain har dezake, bosgarren eta zortzigarren klausuletan ezarritakoarekin bat.
Bosgarrena. Nahiz eta epaimahai kalifikatzaileek hautaketa-prozesuko lan edo fase bat bera ere ez agindu, eta eurek hartu bere gain osorik hori burutzea, Erakunde honi eska diezaiokete eginkizun hori aurrera eramateko behar duten azpiegitura teknikoa, materiala edo giza baliabideak Osakidetzaren esku jartzea. Kasu horretan, epaimahai kalifikatzaileen eskura jarritako baliabideen zuzendaritza, orientabidea eta ardura epaimahai horiei dagokie.
Seigarrena. Horrelako akordioren bat onartzen duten epaimahaiek idatzi bat bidaliko diote behar den lankidetza eskatuz Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendariari, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Giza Baliabideetako Zuzendaritzaren bitartez, lankidetza-hitzarmen honetako klausuletan jasotzen den eran.
Zazpigarrena. HAEE/IVAPek atariko proben hiru ale prestatzeko konpromisoa hartzen du hizkuntza-eskakizun bakoitzeko (1. HE, 2. HE eta 3. HE).
hizkuntza-eskakizuneko probak prestatu eta zuzentzeko ardura ere bere gain hartzen du.
Halaber, Osakidetzak hala eskatuz gero, 1. HE, 2. HE eta 3. HEko probak diseinatzen eta ebaluatzen parte har dezake, eskura dituen baliabideen arabera.
Zortzigarrena. Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendariak, kasu bakoitzean, agindutako lanen ardura izango duten pertsona edo pertsonak izendatuko ditu, eta horren berri epaimahai kalifikatzaileari emango zaio.
Eskatutako lankidetza azterketak itzultzea bada, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendariak itzultzaile bat izendatuko du, zeinek epaimahai kalifikatzailearen zuzendaritzapean, orientaziopean eta ardurapean lan egingo baitu.
Bederatzigarrena. Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak egindako zerbitzuen ebaluazio ekonomikoa Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko uztailaren 18ko Aginduan araututakoaren arabera edo agindu hori ordezkatuko duenak araututakoaren arabera egingo da. Aipatu aginduaren bidez, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundea osatzen duten zerbitzu desberdinek egindako jardueren prezio publikoak ezartzen dira.
Ondorio horietarako, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak dagozkion fakturak igorriko dizkio Osakidetzari. Zenbatekoak Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen kontuan sartuko dira (Euskadiko Kutxa, 3035 0012 71 0120050996 zk.).
Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeari agindutako lanen ondorioz, prezio publikoen gaineko arauan agertzen ez diren kontzeptuengatik gastuak sortzen badira, gastu horiek aurrerakin-gastutzat joko dira. Beraz, kasu horretan, ez da BEZaren eraginik izango horietan.
Hamargarrena. Hitzarmen hau sinatzen denean sartuko da indarrean eta indarraldian jarraituko du Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua Entitate Publikoko Administrazio Kontseiluaren 2008ko urriaren 22ko Erabakiaren bidez onartutako Enplegu Publikoko Eskaintza dela-eta deitzen diren hautaketa-prozesuen garapenean zehar.
Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendaria,
JON KOLDOBIKA URRUTIA MINGO.
Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuko zuzendari nagusia,
GLORIA QUESADA MENÉNDEZ.
Bilbao, 2009ko martxoaren 6a.
BILDU DIRA:
Batetik, Jon Koldobika Urrutia Mingo jauna, IVAPeko zuzendaria, IVAPen izenean eta ordez, eta, bestetik, Adolfo Arejita Oñarte-etxebarria jauna, Labayru Ikastegiko zuzendariaren albokoa, Labayruren izenean eta ordez.
AZALDU DUTE:
Labayru Ikastegia Bilboko Elizbarrutiko fundazio kanonikoa da, eta ekimen pribatuz sortu zen 1977an. Ikastegiaren helburu nagusia, estatutuek diotenez, «Euskal Herriaren kultura balioak zabaldu eta sendotzeko egitarau eta ekintzak sortzea» da.
Labayru Ikastegiak hogeita hamar urte baino gehiago daramatza bere zereginak eten gabe betetzen, bai euskal hizkuntzaren eta literaturaren arloan, bai etnografiaren arloan, bai eta argitalpenen arloan ere, eta, horrela, Ikastegiak berak egindako 300 lan baino gehiago ditu bere katalogoan. Euskara eskolak ematen ditu Ikastegiak berak ondutako metodologia eta testuak erabilita. Hala ere, Ikastegiaren ikasketak homologatuta daude eta HABEren erregistroan 66. zenbakiarekin erregistratuta dago. Euskararen Gaitasun Agiria (EGA) emateko ahalmena ere badauka. Bestetik, 1989an, lehenengo Itzulpen Eskola eratu zuen, zuzeneko eta alderantzizko itzulpengintzan trebatzeko. Halaber, Euskal Biblioteka, 1989tik hona, «aberastasun bibliografikodun» zentrotzat onetsita dauka Eusko Jaurlaritzak. Gaur egun, Labayru Ikastegia euskararen ondarea batu, gorde eta berreskuratzeko programei diru-laguntzak emateko edo ez emateko iritzia eman dezakeen erakundeetariko bat da. Bizkaiko Foru Aldundiak eman dio ahalmen hori, eta diru-laguntzak pertsona juridiko pribatu zein publikoek eska ditzakete.
Urteotan, Labayru Ikastegiak esker on ugari jaso ditu, besteak beste: a) Bizkaiko Foru Aldundiaren «Andrés E. de Mañaricua» saria, «euskal ikasketen alde, euskara bultzatzearen alde eta ikerketa humanistikoen alde nabarmenki ari izateagatik»; b) Sabino Arana Fundazioaren Kultura Saria, euskal hizkuntza eta etnografia bultzatzeagatik eta euskal gaiei buruzko liburutegi garrantzitsua sortzeagatik.
Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeari buruzko uztailaren 27ko 16/1983 Legearen bitartez, IVAP eratu zen erakunde autonomo gisa. Legearen 4. artikuluak Erakundearen helburuak ezarri zituen. Horrela, bada, artikulu horren 5. paragrafoan honako helburu hau zehaztu zen: Euskararen Erabilera Arauzkotzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legean agintzen dena betez, euskara herri-administrazioan sarraraztea, hedatzea, erabiltzea eta arauzkotzea, baita administrazio-hizkera zehaztea ere.
Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen egitura eta eginkizunak arautzen dituen 241/2003 Dekretuak, IVAPen egitura eta eginkizunak arautzeko orduan, are gehiago zehazten du zein helbururekin eratu zen Erakundea, bai eta nola antolatzen diren helburu horiek indarrean dauden lege eta erakundeetan.
IVAP osatzen duten kudeaketa-organoen artean, Euskalduntze Zerbitzua da Euskadiko administrazio publikoen zerbitzura dauden langileen hizkuntza-gaitasuna bultzatu, antolatu eta ebaluatzeko ardura duen organoa, eta, zerbitzu horrek, bere eginkizunak betetzeko, hiru lantalde ditu. Era berean, Itzultzaile Zerbitzu Ofiziala dago, 38/2000 Dekretuaren bidez araututakoa; Itzultzaile Zerbitzu Ofiziala EAEko erakunde eskuduna da itzulpenen zehaztasuna eta legezko baliokidetasuna ziurtatzeko, eta, horretarako, bi lantalde ditu bere baitan. Bi zerbitzu horiek Euskarako Zuzendariordetzaren menpe daude.
Labayru Ikastegiaren eta IVAPen jarduera kontua izanik, bi erakundeek lankidetzarako esparru komuna ezarri nahi dute, biek dituzten eskumenak garatzeko. Bi erakundeek lankidetza esparru hori zehaztea erabaki dute, bai eta edukiz hornitzea eta akordio batean jasotzea ere.
IVAPek eta Labayru Ikastegiak hainbat urte daramatzate euskararen normalizazioan lan egiten, eta behar besteko gaitasuna aitortzen diote elkarri euskararen ikerketaren eta erabileraren eremuan.
Hori dela eta, hitzarmen honi esker, bi erakundeek lankidetza proiektu zehatzak abiarazi eta garatuko dituzte euskararen ikerketa eta erabileraren eremuan, bi erakundeei dagozkien ikerketa-ildo bereziak bultzatuko dituzte eta beren jardueretan ezarritako lehentasunei buruzko informazioa emango diote elkarri.
IVAPek, bere funtzioak betetzean, eragin nabarmena dauka toki-erakundeetan (udal eta mankomunitateetan), izan ere, zerbitzu garrantzitsua eskaintzen die langileen hizkuntza-gaitasunaren alorrean eta, gainera, erakunde horiei aholkularitza teknikoa ematen die, besteak beste, hizkuntza-prestakuntzan, hizkera juridiko-administratiboan, agirien normalkuntzan eta berariazko terminologia eta lexikografian ere. Horrela, toki-administrazioan euskararen erabilera normalizatzen laguntzen du IVAPek. Labayru Ikastegiak, bestetik, goian aipatutako alor horietariko batzuetan lankidetza eskaintzen die toki-erakundeei, izan ere, Ikastegiaren baliabide batzuk erakunde horien esku jartzen ditu, erakundeotan sortzen diren beharrizanei erantzuteko.
Bi erakundeon kidetasuna aintzat hartuta, IVAPek eta Labayru Ikastegiak, hitzarmen honen bidez, lankidetza esparru bat ezarri dute bertan zehaztutako arloak jorratzeko. Bi erakundeek hitzarmen hau sinatzea erabaki dute, bien prozedura-arauak onartuta eta honako baldintzak errespetatuta:
HITZARMENA
Labayru Ikastegiak eta Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak (IVAP), bakoitzak bere eskumenen esparruan, elkarrekin lan egingo dute testu eta agiri juridiko-administratiboen hizkuntza-kalitatearekin zerikusia duten proiektuetan (agiri eta formularioen normalizazioa, IVAPen estilo liburuko proposamenen zabalkundea...), bai eta, orokorrean, bi erakundeen interesekoak diren gaietan ere, baldin eta administrazioan euskararen erabilera normalizatzeari buruzko gaiak badira.
Lankidetza-proiektu horiek berariazko planen bidez jorratu ahal izango dira, IVAPek eta Labayru Ikastegiak egoki iritziz gero. Jarduera plan zehatz bakoitzerako, bidezkoa bada, dagokion akordioa sinatuko da, eta bertan klausula zehatzak eta aplikatzeko baldintzak zehaztuko dira.
Labayru Ikastegiak IVAPen esku jarriko ditu lokuzioen corpus lexikografikoak, esate baterako, Ortik eta Emendik. Repertorio de locuciones del habla popular vasca I y II lana eta etengabe eguneratzen dituen Labayru Hiztegia euskeragaztelania eta Diccionario Labayru castellanoeuskera hiztegiak.
Era berean, IVAPen esku jarriko dira dagoeneko nahiko aurreratuta dauden lokuzio eta sinonimoen beste hiztegi berezitu batzuk, bai eta unean uneko beharrizanei erantzuteko Labayru Ikastegiak egingo dituen hiztegi monografikoak ere.
IVAPek eta Labayru Ikastegiak beren kultur eta ikerketa ondareak kontsultatzeko aukera izango dute, bai eta beren artxibo eta liburutegiak erabiltzeko ere. Bi erakundeek aholkularitza emango diote elkarri eta trukatu egingo dituzte beren argitalpenak, bakoitzak bere liburutegiaren euskal fondoak aberasteko.
Kalitatezko hizkera juridiko-administratiboaren garapena bermatzeko, komunikazioa erraztuko duten egitura gramatikalak finkatzeko eta egitura horiek administrazioaren formulario eta agirietan finkatu daitezen, Labayru Ikastegiak IVAPekin lankidetzan jardungo du euskal gramatika ikuspuntu praktikotik aztertzen eta ikertzen.
Bi erakundeak administrazioaren esparruko euskararekin zerikusia duten lanak batera argitaratzen ahaleginduko dira.
Bi erakundeek lankidetza politika bultzatuko dute, hitzarmen honen lehenengo klausulan jasotako lankidetza esparruen barruan jardunaldiak, mintegiak, etab. antolatzeko.
Jarraipen batzorde bat eratuko da, eta batzorde hori gutxienez urtean behin batuko da, akordio honetan ezarritakoa betetzen dela begiratzeko. Batzordea lau kidek osatuko dute; erakunde bakoitzak bi izendatuko ditu, eta hitzarmen hau sinatu duten bi erakundeetako bakoitzak berari dagozkionak aukeratuko ditu.
Jarraipen batzorde horrek urteko plan bat prestatuko du hitzarmen honen barruan egingo diren ekintzetarako, eta plan hori bi erakundeen zuzendaritzara bidali beharko da, zuzendaritza bakoitzak onar dezan.
Hitzarmen honek urtebete iraungo du sinatzen denetik, eta iraupen bereko elkarren segidako epeetan luzatuko da, baldin eta, indarrean dagoen hitzarmena iraungitzeko eguna baino gutxienez hilabete lehenago, hitzarmena sinatu duten bi aldeetariko batek ere ez badu hitzarmena denuntziatzen. Hala ere, hitzarmen hau baliorik gabe geratuko da, baldin eta, indarrean sartu zenetik 5 urtera, sinatzaileek berariaz luzatzen ez badute.
IVAPetik,
JON KOLDOBIKA URRUTIA MINGO.
Labayru Ikastegitik,
ADOLFO AREJITA OÑARTE-ETXEBARRIA.


