- EBAZPENA, 2009ko apirilaren 7koa, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko (IVAP) zuzendariarena. Honen bidez euskara ikastaroetarako deia egiten zaie IVAPekin Lankidetza Hitzarmena duten herri-erakundeetako langileei, 2009-2010 ikasturterako. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus
Arautegia
InprimatuEBAZPENA, 2009ko apirilaren 7koa, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko (IVAP) zuzendariarena. Honen bidez euskara ikastaroetarako deia egiten zaie IVAPekin Lankidetza Hitzarmena duten herri-erakundeetako langileei, 2009-2010 ikasturterako.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Ebazpena
- Organo arau-emailea: Ogasun eta Herri Administrazio Saila; HAEE
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 80
- Hurrenkera-zk.: 2290
- Xedapen-zk.: ---
- Xedapen-data: 2009/04/07
- Argitaratze-data: 2009/04/30
Gaikako eremua
- Gaia: Administrazioaren antolamendua
- Azpigaia: Funtzio publikoa
Deskribapenak
Testu legala
Vitoria-Gasteiz, 2009ko apirilaren 7a.
Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendaria,
JON KOLDOBIKA URRUTIA MINGO.
Lehenengoa. Helburua.
Euskal Autonomia Erkidegoko herri-erakundeetako langileen hizkuntza-gaikuntza eragin eta bultzatzea.
Bigarrena. Nori zuzendua.
Deialdi honetan parte har dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko herri-erakundeetako langileek, baldin eta euren erakundeak IVAPekin Lankidetza Hitzarmena sinatua badu, Ogasun eta Herri Administrazio sailburuak 2005eko azaroaren 30ean eman zuen Aginduaren arabera. Agindu horren bidez, batetik, arautzen da Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak Euskal Autonomia Erkidegoko herri-erakundeei eskainiko dien hizkuntza-prestakuntzako zerbitzua; eta bestetik, ezartzen dira euskara-ikastaroetara doazen udal-langileak ordezkatzeko dirulaguntzen arauak (EHAA: 2005-12-19).
Deialdi honetatik kanpo geratzen dira Osakidetzako langileak.
IVAPek hizkuntza-prestakuntza emango du bere aurrekontu-bitartekoen barruan. Baliabide horiek nahikoak ez balira eskaera guztiak hartzeko, aipatutako 2005eko azaroaren 30eko Aginduaren 3. artikuluan ezarritako lehentasunen hurrenkera jarraituko da.
Hirugarrena. Ordu-kreditua.
Deialdi honetara biltzen diren eskariek ordu-kredituen sistema izango dute ezarria, 2005eko azaroaren 30eko Aginduak dioenaren arabera.
Agindu horren 6. artikuluak ezarritakoari jarraiki, euskara ikastaroa hasi ahal izateko, beharrezkoa izango da ordu-kredituaren saldoa aldekoa izatea.
Hori horrela dela ziurtatzeko, IVAPek ordu-kredituaren kontrola egingo du, eta saldo negatiboa duten eskaera guztiak bertan behera utziko ditu.
Laugarrena. 2009-2010 ikasturterako ikastaro-deialdiak.
2009-2010 ikasturterako IVAPek bi deialdi kaleratuko ditu:
Honako hau 2009-2010 ikasturteko deialdi nagusia da, ikasturte osoa arautzen duena, alegia.
Datorren azaroan, oraingo honen deialdi osagarria kaleratuko du IVAPek, eta 2009-2010 ikasturteko bigarren lauhileko eskaintza egingo du.
Azaroko deialdian, otsailetik ekainera arteko eskaera egin ahal izango dute interesatuek. Ikasle berrien kasuan, bost orduko taldeetarako edo barnetegirako eskaera egin behar izango dute. Urritik hasitako ikasleen kasuan, aldiz, moduluaren aldaketa eskatu ahal izango dute, hau da, modulu trinkoetatik (5 ordukoak, barnetegia) 2 orduko modulura edo alderantziz.
Beraz, urrian hasi ez direnek ezin izango dute bost ordutik beherako ikastarorik eskatu azaroko deialdian.
Bosgarrena. Eskolen antolaketa: administrazioko ikastaldeak eta matrikula orriak.
IVAPek administrazioko ikastaldeak osatuko ditu administrazioko langileekin soilik. Talde horiek, ordutegi jakin batzuetan eta hiriburuetan antolatuko ditu. Talde horien ezaugarriak (ordutegi eta egutegiak) II. eranskinean daude jasota. Ezaugarri horiekin bat datozen eskaerak eta hiriburuetako ikastaro trinkoetarako lanorduetako eskaera guztiak administrazioko ikastaldeetara bideratuko ditu IVAPek. Taldeak osatu eta euskaltegiak izendatuta daudenean, IVAPek herri-erakunde bakoitzari zerrenda bat helaraziko dio zehazteko non eta noiz eskolatu behar duen langile bakoitzak.
Bestalde, barnetegia edo beste ordutegirik nahiz beste herririk eskatzen dutenei, baita administrazioko ikastalderik ez duten eskatzaileei ere, matrikula orria bidaliko die IVAPek. Matrikula orriak erakundeetara bidaliko ditu zuzenean; eta, horrela, langileek nahi duten euskaltegi publiko edo pribatu homologatuan izena eman ahal izango dute. Matrikula orriaren bitartez eskolatzen den langileak euskaltegiaren egutegia eta ordutegia jarraituko ditu. Barnetegietako ikastaroen ezaugarriak II. eranskinean daude jasota.
Seigarrena. Administrazioko ikastaldeetako mailaketa.
Administrazioko ikastaldeetako eskatzaileak taldekatzeko, ezinbestekoa izango da eskatzailearen mailaren berri izatea. Hori dela eta, eskatzailea azken ikasturtean ibili bada IVAPekin eskolatuta, azken ebaluazioaz baliatuko da IVAP hurrengo hasiera maila ezartzeko.
Aldiz, eskatzailearen mailaren berri ez badu, mailaketa proba egitera deituko du IVAPek, eta proba horren emaitzaren arabera kokatuko du taldeetan.
Administrazioko ikastaldeetara ez doazen eskatzaileak, berriz, ez ditu deituko IVAPek; beharrezkoa izango balitz, eurek aukeratutako euskaltegian egingo liekete mailaketa proba.
IVAPek herri-erakunde bakoitzari jakinaraziko dio mailaketa proba nork egin behar duen, baita non eta noiz egin behar duen ere.
Mailaketa proba egitera deitu arren eskatzailea aurkezten ez bada ezarritako egunean eta orduan, IVAPek bazter utziko du haren eskaera.
Aurkeztu ez den eskatzaileari aparteko deia egiteko aukera aztertuko du IVAPek, baldin eta aurkeztu ez izana egokiro arrazoitzen badio eskatzailearen herri-erakundeak IVAPi, idatziz eta, beranduen ere, proba egunetik 2 egun balioduneko epean.
Aparteko dei honetara ere aurkezten ez bada eskatzailea, bertan behera utziko du IVAPek haren eskaera.
Zazpigarrena. Matrikula orriak.
Matrikula orria erabiltzeko baldintzak:
Eskatzaileak egin duen matrikula IVAPek ordainduko du, betiere baldintza hauek betetzen badira:
Matrikula orria garaiz entregatu behar da euskaltegian: ikastaroa hasten denerako matrikula orria euskaltegian aurkeztu behar da. 2009ko urriaren 23a baino beranduago entregatzen bada, IVAPek ez du matrikula ordainduko.
Gutxieneko ordu kopurua: lanorduetan egiten den ikastaroak 240 ordu iraun behar du gutxienez.
Gutxieneko iraupena: Barnetegiko eta egunean 5 orduko ikastaroek gutxienez lauhileko iraupena izan behar dute. Bestelakoak, ordea, urritik ekainera bitartekoak izan behar dira.
Homologazioa: matrikula orriaren bidez egingo den ikastaroa HABEk homologatua izan behar da.
Matrikula orria ordaintzea:
Matrikula orria erabiltzeko baldintzak bete ezean, IVAPek ez du bere gain hartuko haren ordainketa, eta ukapenaren berri emango dio langilearen erakundeari. Alabaina, baldintza horiek betetzen direla baieztatzen bada, IVAPek langilearen matrikula onartu eta dagokion kostua ordainduko du.
Matrikula orria ordainagiri baten parekoa da eta, horregatik, langilea inon matrikulatzen ez bada, ahalik eta lasterren itzuli behar du matrikula orria IVAPera; baina, betiere urriaren 23a baino lehen.
Kontuan izan behar da, behin matrikula orria onartuta, IVAPek matrikulari dagokion kostua ordaindu egin behar duela; eta, horregatik, diru-baliabideen erabilera zentzuzkoa eta arrazoizkoa ziurtatu ahal izateko, langileek aprobetxamendu egokia izan beharko dute ikastaroetan.
Zortzigarrena. Eskoletan hastea.
Ikastaroa hasten den egunean bertan hasi beharko du langileak eskoletan. Didaktika eta antolakuntza arrazoiengatik, IVAPek ez du onartuko urriaren 23tik ondoren hasterik eskoletan.
Urriaren 23a iragan ondoren, IVAPek bertan behera utziko ditu eskoletan hasi ez diren langileen eskaerak.
Gaixotasunak eragindako beranduko eskolatzeak:
Bakar-bakarrik gaixotasunak eragindako arazoengatik eskoletan hasi ez diren langileei onartuko die IVAPek berandu hastea, betiere horretarako dituen bitartekoen mugapean.
Baldintza hauek bete beharko dira berandu eskolatu ahal izateko:
IVAPek aldez aurretik jakin behar du langilea ez dela eskoletan garaiz hasiko gaixotasunagatik. Horretarako, ikastaroaren hasieran, herri-erakundeek egoera horretan dauden langileen zerrenda bidali behar dute IVAPera. Zerrendan NAN zenbakia eta izen-abizenak zehaztu behar dira.
Eskoletan hasi ahal izateko eskaera egitea: langilea ezin da bere kabuz eskoletan hasi gaixoaldiaren ondoren. Eskoletan hasteko prest dagoenean, bere herri-erakundeak eskolatzea eskatu beharko dio IVAPi idatziz. Idazki horretan gaixoaldiaren hasiera eta bukaera egunak zehaztu beharko ditu.
Lanorduetako eskatzaileen kasuan, ez da berandu eskolatzerik onartuko, baldin eta, eskolatu nahi dutenerako jadanik igarota badago ikastaro osoko orduen % 20a.
Edozelan ere, gaixotasunagatik ikastaro hasieran galdutako orduak zenbatu egingo dira eta eragina izango dute ordu kredituari begira.
Bederatzigarrena. Lanorduetako eskoletara joatea eta gutxieneko asistentzia.
Ondorio guztietarako ikastegia lantokia da langilearentzat. Beraz, eskolatze eta puntualitate huts guztiak herri-erakundearen aurrean justifikatu beharrekoak dira beste edozein laneratze huts zuritu ohi den bezalaxe.
Euskara ikastaroetara joateko baimena ematea herri-erakundearen ardura denez, beroni dagokio baimendutako epean langileen etenik gabeko eskolatzea bermatzea.
Era berean, herri-erakundeen ardura izango da ikastaroetan parte hartuko duten langileek ikastaroak dirauen epetik kanpo hartzea beren oporrak, ikastaroen aprobetxamenduan kalterik izan ez dadin.
Euskara ikastaroen aprobetxamendua bermatu eta horretarako langileen eskura jartzen diren giza eta diru baliabideak optimizatzeko asmoz, euskara ikastaroetan diharduten ikasleek gutxieneko asistentzia izan beharko dute ikastaroetan.
Horregatik, arau orokor modura honako neurri hau ezartzen da: ikasleek gutxienez % 80ko asistentzia izan beharko dute diharduten ikastaroan.
Eskola-hutsegiteak ikastaroaren hasiera egunetik bertatik zenbatuko dira, nahiz eta ikaslea berandu hasi ikastaroan.
Hamargarrena. Eskoletara joateari uztea.
Ikasleak ikastaroa behin betiko uzten duenean, ez badu horren berririk ematen, ordu kreditua agortzen jarraituko du. Hori dela eta, eskola uztea gertatzen den momentuan, bere prestakuntzaz arduratzen diren eragileei jakinarazi egin beharko die:
Euskaltegiari: ikasleak ikastaroa utziko duela jakinarazi beharko du euskaltegian. Horrela, modu egokian sartu ahal izango dute euskaltegian zein izan den ikaslearen azken eguna, eta data horretatik aurrera ez da asistentzia-datu gehiagorik jasoko.
Bere herri-erakundeari: ikasleak bere herri-erakundean jakinarazi beharko du egiten ari den ikastaroa utzi egingo duela.
IVAPi: ikasleak IVAPen ere jakinarazi beharko du ikastaroa utziko duela ordu kredituaren zenbaketa eten dezan. Horretarako, «Jakinarazpena: eskoletara joateari uztea» izeneko inprimakia bete eta, herri-erakundearen izenpea duela, IVAPera bidali beharko du.
Beranduenez ere, eskola uztea gertatu eta 15 laneguneko epean bidali beharko du jakinarazpena IVAPera.
Inprimakia honako helbide elektroniko honetan eskura daiteke:
www.ivap.euskadi.net
(euskara > euskara ikastaroak > inprimakiak)
Hamaikagarrena. Autoikaskuntzako ikastaroak lanorduz kanpo.
Autoikaskuntzako ikastaroak egin ahal izango dira 2009-2010 ikasturtean lanorduz kanpo. Ikastaro horiek ikasturte osokoak izango dira, hots, urritik ekainera bitartekoak eta euskaltegi publiko edo pribatu homologatu batean, edo autoikaskuntzako zentro homologatu batean egin ahal izango dira.
Eskaera guztietatik kopuru mugatu bat onartuko du IVAPek; alegia, erakunde bakoitzak egiten dituen lanorduz kanpoko eskaera guztien % 20a, gehienez ere. Beraz, autoikaskuntzako eskaera egiteak ez du ziurtatzen automatikoki eskaera onartuko denik.
Honatx ikastaro horiek betebeharreko ezaugarriak:
Ikastaroek gutxienez 190 orduko iraupena izan behar dute. IVAPek matrikula bakarra ordainduko dio ikasleari.
Gutxieneko iraupena: ikastaroak urritik ekainera bitartekoak izan behar dira.
Matrikula non egin: euskaltegi publiko edo pribatu homologatu batean, edo autoikaskuntzako zentro homologatu batean.
Homologazioa: autoikaskuntzako ikastaroak HABEk homologatuak izan behar dira.
Autoikaskuntzako ikastaroak bi modalitate hauetako batean egin ahal izango dira:
Internet erabilita: modalitate honen arabera, ordenagailuko bakarkako lana internet bidez egin ahal izango da. Aldiz, mintza-orduak euskaltegian, edo autoikaskuntzako zentroan, hartuko dira.
Euskaltegira, edo autoikaskuntzako zentrora joanda: ikastaro osoa euskaltegian bertan, edo autoikaskuntzako zentroan, egin ahalko da, bai ordenagailuko bakarkako lana eta bai mintza-orduak ere.
IVAPek matrikula orri bakar bat emango die eskaera onartu zaien langileei, matrikula orri berezia hain zuzen. Autoikaskuntzan matrikulatzeko, orri berezitu hori bakarrik erabili ahalko da.
Ez da onartuko autoikaskuntzako matrikula orriaren bitartez ikastaro presentzialetan matrikulatzerik, ezta alderantziz ere, hau da, ikastaro presentzialei dagokien matrikula orriaren bitartez ezingo da autoikaskuntzan matrikulatu.
Autoikaskuntza ikastaroan dabiltzan ikasleen kasuan, asistentziak hiru hilerik behin jasoko dira. Ondorioz, ordu-kredituaren saldoa epealdi horien arabera eguneratuko zaie.
Hamabigarrena. Eskabideak.
Eskabideak egiteko epea: eskabideak IVAPera bidaltzeko, deialdia argitaratzen denetik maiatzaren 31ra bitarteko epea du eskatzailearen erakundeak. Horretarako, erakundeak bidaltzen duen komunikazioaren irteera data hartuko da kontuan.
Inprimakia: eskabideak egiteko, ondorengo helbide elektroniko honetan jaso daiteke inprimakia:
www.ivap.euskadi.net
(euskara > euskara ikastaroak > inprimakiak)
Eskabidea nora: eskatzaileak IVAPeko zuzendariari bidaliko dio eskaera ondorengo helbidera: Donostia-San Sebastián kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz.
Bitarteko funtzionarioen eta aldi baterako langileen eskabideak:
Bitarteko funtzionarioek eta aldi baterako langileek egiaztatu beharko dute gutxienez abenduaren 31ra arteko lan-hitzarmena dutela. Horretarako, lan-hitzarmenaren hasiera eta amaiera egunak adierazi beharko dituzte eskaera orrian.
Hamahirugarrena. Ikasleei buruzko informazioa eta datuen babesa.
Euskara ikastaroa kudeatu ahal izateko ezinbestekoa da langileei buruzko hainbat datu pertsonal jasotzea, tratatzea, fitxategi batean biltzea eta dagokion erakundeari lagatzea. Horrela, IVAPek lanorduetan nahiz lanorduz kanpo ari diren langileen asistentzia eta ebaluazio datuak jasoko ditu eta herri-erakunde bakoitzari bere langileenak jakinaraziko dizkio.
Ebazpen honen ondorioz jasoko diren datu pertsonalen tratamendua, bai Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoak, bai datu pertsonalak gordetzen dituzten fitxategi automatizatuen segurtasun-neurrien Araudiak (ekainaren 11ko 994/1999 Errege-dekretuaren bidez onartutakoa) xedatutakoaren arabera egingo da.
Deialdi honetara biltzen diren langileek onartu egiten dute ebazpenaren helburua betetzeko jasoko diren datu pertsonalen tratamendua. Horrela, onartu egiten dute IVAPek datuak jasotzea eta dagozkien herri-erakundeei jakinaraztea bai euren asistentziari eta ebaluazioari dagokienez, eta baita euren aprobetxamenduari buruzko txostenei dagokienez ere. Onartu egiten dute, era berean, datu-lagapenak egitea Kultura Saileko Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzari, normalkuntza planaren betetze maila ebaluatzeko txostenak egin ditzan (Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioetan euskararen erabilera normalizatzeko prozesua arautzen duen apirilaren 15eko 86/1997 Dekretuaren 6. artikulua). Onartu egiten dute azkenik, datu-lagapenak egitea Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzeko Erakundeari -HABE- (Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioetan euskararen erabilera normalizatzeko prozesua arautzen duen apirilaren 15eko 86/1997 Dekretuaren seigarren xedapen gehigarrian ezarritakoaren arabera).
Langileei buruzko datu pertsonalak Datuak Babesteko Agentzian erregistratutako «Funtzionarioak euskalduntzea» izeneko fitxategian egongo dira. Ikasleek fitxategiko datuetara sartzeko, datuok aldatu eta deuseztatzeko eskubidea erabili nahi izanez gero, IVAPeko Idazkaritza Nagusira jo dezakete: Donostia-San Sebastián kalea, 1; 01010 Vitoria-Gasteiz.
Barnetegiko ikastaroak.
Zornotzako barnetegian eta Lazkaoko Maizpide euskaltegian egin ahal izango dira.
Barnetegiko ikastaroen egutegia nahiz ordutegia euskaltegi horien eskaintzaren arabera alda daiteke.
IVAPek matrikula eta egonaldiaren gastuak hartuko ditu bere gain.
Bost orduko ikastaroak.
Euskalduntzeko nahiz alfabetatzeko ikastaroak dira. Modulu honek egun osoko lan-liberazioa eskatzen du, eskola orduei lan pertsonalerako behar den denbora gehitu beharra dagoelako.
Iraupena: urriaren 1etik otsailaren 12ra arte. Abenduaren 24tik urtarrilaren 3ra, biak barne, Gabonetako oporraldia izango da; beraz, horiek ez dira eskola egunak izango.
Modulu honek, betiere, lauhileko iraupena du. Otsailetik aurrera modulu honetan aritzeko azaroko deialdian eman behar da izena.
Modulu honetan hiru ebaluazio egingo dira.
IVAPek matrikula gastuak hartuko ditu bere gain.
Bi orduko ikastaroak.
Euskalduntzeko nahiz alfabetatzeko ikastaroak dira.
Ordutegiak:
Bilbao eta Donostia-San Sebastián 08:00-10:00 15:30-17:30
Vitoria-Gasteiz 08:00-10:00 14:40-16:40
Iraupena: Modulu horrek ikasturte osoko iraupena du; beraz, bigarren lauhilekoan ez da ikasle berririk onartuko.
Egutegiak:
Goizez: urriak 1 - maiatzak 28.
Arratsaldez: urriak 1 - maiatzak 27.
Ez da eskolarik izango Gabonetako oporraldian (abenduaren 24tik urtarrilaren 7ra, biak barne), eta Aste Santukoan (martxoaren 29tik apirilaren 9ra, biak barne).
Arratsaldeko eskolak astelehenetik ostegunera bitartekoak dira administrazioko taldeetan.
Modulu honetan bi ebaluazio egingo dira.
IVAPek matrikula gastuak hartuko ditu bere gain.


