Euskadi.eus
  • 11/2009 EBAZPENA, apirilaren 14koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, Eusko Jaurlaritzak egindako zenbait hitzarmen, beherago zehaztutakoak, argitaratzea xedatzen duena. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus

Arautegia

Inprimatu

11/2009 EBAZPENA, apirilaren 14koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, Eusko Jaurlaritzak egindako zenbait hitzarmen, beherago zehaztutakoak, argitaratzea xedatzen duena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Jaurlaritzaren Lehendakariordetza
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 125
  • Hurrenkera-zk.: 3820
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2009/04/14
  • Argitaratze-data: 2009/07/02

Gaikako eremua

  • Gaia: Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Sailak; Instituzional

Testu legala

Eusko Jaurlaritzak zenbait hitzarmen sinatu dituenez gero, publikotasun egokia izan dezaten, honako hau

Lankidetza-hitzarmena, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren, Arabako Foru Aldundiaren eta Osakidetzaren artekoa, Arabako Lurralde Historikoko egoitza-unitate soziosanitarioetan zerbitzu soziosanitarioak emateko dena. (I. Eranskina)

Hitzarmena, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailaren eta Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatearen artekoa, etxebizitza eta gizarte gaietako politiketan herritarren partaidetzari loturiko ekintzak garatzeko dena. (II. Eranskina)

Lankidetza-hitzarmena, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailaren eta Abadiñoko Udalaren artekoa, Bizkaian, Abadiñoko Udalerrian, Gaintza-Zelaieta aldean eraikiko diren 112 eta 42 babes ofizialeko etxebizitzen sustapenak esleitzeko dena.

(III. Eranskina)

Lankidetza-hitzarmena, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailaren eta Tolosako Udalaren artekoa, Tolosako Udalerrian, Gorostidi-Voith, Laskorain Goikoa, RC2 Ezkerralde Aldean eta Olarrain Sektorean babestutako etxebizitzak sustatzeko dena. (IV. Eranskina)

Vitoria-Gasteiz, 2009ko apirilaren 14a.

Jaurlaritzaren Idazkaritzako

eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,

JOSÉ LUIS ERREKATXO LABANDIBAR.

Lankidetza-hitzarmena, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren, Arabako Foru Aldundiaren eta Osakidetzaren artekoa, Arabako Lurralde Historikoko egoitza-unitate soziosanitarioetan zerbitzu soziosanitarioak emateko dena.

Vitoria-Gasteiz, 2009ko otsailaren 27a.

Alde batetik, Gabriel María Inclán Iribar jauna, Eusko Jaurlaritzako Osasun Saileko sailburua,

Bestetik, Xabier Aguirre López jauna, Arabako Foru Aldundiko Diputatu Nagusia,

Eta bestetik, Gloria Quesada Menéndez andrea, Osakidetza Erakunde Publikoko zuzendari nagusia.

Bakoitzari dagozkion, adieraziak geratu eta legez esleitu zaizkien karguak betez dihardute, elkarri erabateko gaitasuna aitortuta ondoko hitzarmena formalizatzeko,

ADIERAZTEN DUTE:

Erakunde bakoitzaren berezko eskumenetan oinarrituta, Osasun Sailak, Arabako Foru Aldundiak, orduko Gizarte Ongizateko Sailaren bidez, eta Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuak, 1998ko azaroaren 16an, lankidetzako Akordio Markoa sinatu zuten Arabako Lurralde Historikoko behar soziosanitarioei estaldura emateko. Akordio horren hirugarren klausulak biltzen duenez, Akordio Marko hori hitzarmen espezifiko eta partikularretan edo bestelako akordio eta protokoloetan oinarrituko da. Eta horietan guztietan, lortu beharreko helburuak, horretarako errekurtsoak eta aplikaziorako organo arduradunak bilduko dira.

Halaber, 2003ko urtarrilaren 30ean Eusko Jaurlaritzak, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Foru Aldundiek eta Euskadiko Udalen Elkarteak (Eudel), Lankidetzako Hitzarmena sinatu zuten, Euskal Autonomia Erkidegoan laguntza sozio-sanitarioa garatzeko, hamargarren hizpaketan zehaztutakoaren arabera:

Baliabide soziosanitario guztietan, edozein delarik ere jatorria, prestazioaren guztirako kostua bi modulutan zatitu behar da: bata, osasun-zerbitzuena eta bestea, gizarte-zerbitzuena.

Ahaleginak egin behar dira bi moduluen kostua estandarizatzeko eta haren zenbatekoa zuzenean lotzeko jasotako prestazioaren konplexutasunarekin, formula generikoak alde batera utzita: oheko edo egonaldiko batez besteko kostua.

Horrekin guztiarekin bat, beharrezkoa da lankidetzako tresnez hornitzea Arabako Lurralde Historikoko Egoitza-Unitate soziosanitarioetan ingresatuta dauden pertsonei erantzun integratua emateko, era horretan Foru Aldundiak kudeatu edo kontzertatutako unitateetan prestazio mediku-sanitarioen estaldurarako Gizarte-Politika eta Gizarte-Zerbitzuetako Sailari egindako gastuak konpentsatuta.

Hori guztia dela eta, bi alderdiek aurrean dugun Lankidetzako Hitzarmena sinatzea hitzartu dute eta Hitzarmen hori ondoko eran arautuko da

HIZPAKETAK:

Lehenengoa. Hitzarmenaren helburua.

Hitzarmen honen helburua da, batetik, Arabako Foru Aldundiko Gizarte Politika eta Gizarte Zerbitzuetako Sailaren, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren eta Osakidetza- Erakunde Publikoaren arteko koordinazioa ezartzea, Egoitza-Unitate Soziosanitarioetan zerbitzu soziosanitarioak eskaintzeko (zerbitzu horiek, edozein baldintza edo titulu dela eta, Arabako Foru Aldundiak kudeatzen, tutelatzen edo kontzertatzen ditu). Bigarren helburua, dagokion finantzazio-eredua ezartzea da.

Bigarrena. Arreta sanitarioa.

  1. Egoitza-Unitate soziosanitarioak ondokorako bereziki diseinatutako unitateak dira: mendekotasun egoeran diren pertsonei beharrezko prestazioak eskaintzeko, gizarte eta osasun mailako zainketako behar biziak dituztenei, ospitaleratze sanitarioa eta gizarte-egoitza arretaren arteko trantsizio epean. Halaber, egoitza-unitate horiek ospitaleetan ingresatutako pazienteen aldi baterako kokapenari irtenbidea eman ahal izango diote, alta klinikoaren irizpideak beteta, alta hori ezin denean exekutatu era desberdinetako arrazoi soziosanitarioengatik; era berean, egoitza-unitate horiek deribatzeko plazak edukitzeko aukera izango dute, Gizarte Politika eta Gizarte Zerbitzuen Sailaren bidez eta era urgentean, gizarte-zerbitzuen sareko zentroetako mantentze zaila duten kasuak deribatzeko, gizarte-osasun arreta bizia behar izan eta ospitaleratzeko aukerarik ez dagoenean.

    Bereziki, unitate horietako bezeroak ondoko hauek dira:

    Ospitaleko alta eta bizi itxaropen laburra dutenak, baina zainketa aringarrietan ingresatu beharrik ez dutenak eta ezin direnak euren bizilekura itzuli, eta horientzat egoitza-kokapena egokitzat jotzen ez denean.

    Ospitaleratzearen ondorioz, susperraldian direnak, desgaitasun fisiko edota psikiko larria pairatzen dutenak, eta zainketa asistentzial etengabeak eta sanitarioak behar dituztenak.

    Dementzia-prozesuek harrapatutako nagusiak: agitazio-fasean, jarrera-nahasteak, agresibitatea, etab., egoitza batean edo bere bizilekuan ohiko jarduera erabat eraldatu dezaketenak.

    Gaixotasun infekzioso baten ondorioz edo mikroorganismo multierresistenteek kolonizatuta izateagatik, egoitza batean ezin eman daitezkeen kontrol edo isolamendu neurri bereziak behar dituztenak eta ospitaleetako unitate espezifikoetan ingresatzeko beharrik ez dutenak.

    Pazienteak, ospitaleko alta direnean, susperraldirik behar ez dutenak baina bizilekura ezin itzul daitezkeenak batez ere gizarte mailako arazoengatik.

    Gizarte eta osasun behar biziak dituzten bestelako egoerak, baina ospitaleratzerik behar ez dutenak.

  2. Unitate horietako oheak ez dira behin betikotzat hartzen; beraz, etengabeko 12 hilabeteko gehienezko epe indibiduala behin iragandakoan, eta seigarren Hizpaketaren 3. atalaren arabera, Balorazio eta Orientazio Soziosanitarioaren Batzordeak formulatutakoari jarraiki, erabiltzaileek horiek utzi egin beharko dituzte, eta baliabide egokienean kokatu beharko dira, osasun edo gizarte mailakoan, bere beharrak behar bezala artatzeko. Laurogeita hamar (90) egunetan ezartzen da Gizarte-osasun Unitateak xede duen batez besteko egonaldia.

  3. Osasun Sailak Arabako Foru Aldundia konpentsatuko du unitate horietako arreta sanitarioan egindako gastuagatik, modulu sanitarioaren eta laugarren hizpaketan ezarritako baldintzen arabera.

    Hirugarrena. Gizarte Zerbitzuak.

  1. Arabako Foru Aldundiak, Gizarte Politika eta Gizarte Zerbitzuetako Sailaren bidez, alderdien artean adostutako zentroek Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuko asistentzia-sareko Zentroetako pertsonalarekin lankidetzan jarduteko ardura hartuko du, Osasun Sailaren Arabako Lurralde Zuzendaritzaren jarraibide teknikoen arabera, asistentzia sanitarioari dagokionez.

  2. Ondorio guztietarako, Osasun-Sailarekin egiten den hitzarmen soziosanitario horretan bildutako materia guztien gaineko interlokuzioa, berariaz Arabako Foru Aldundiari dagokio, Gizarte Politika eta Gizarte Zerbitzuen Sailaren bidez.

    Laugarrena. Baldintza ekonomikoak.

  1. Plaza bakoitzaren kostuaren finantzazioa horrela egingo da: plaza/kostuaren % 50 duen modulu sanitarioa eta plaza/kostuaren % 50 duen gizarte-modulua kontuan hartuta.

    Plazaren kostu osoa egunean 105 eurokoa izango da 2009. ekitaldian.

  2. Modulu sanitarioaren zenbatekoa Osasun Sailak finantzatuko du. Finantzazio hori, alderdiek adostutako unitateetan egindako benetako egonaldi bakoitzeko egingo da, hilabetero eta behar den moduan diligentziatutako zerrenda aurretiaz aurkeztuta.

    2009. urtean modulu horren zenbatekoa 52,50 eurokoa izango da eta urtero berrikusiko da.

  3. Gizarte-moduluaren zenbatekoa, hau da, plazaren kostu osoa ken modulu sanitarioa, 52,50 eurokoa da 2009. urterako, eta zenbateko hori Gizarte Politika eta Gizarte Zerbitzuetako Sailak eta erabiltzaileek finantzatuko dute. Erabiltzaileak dagokien zatia zentroan emandako 30. egunetik aurrera ordaintzen hasiko dira.

  4. Erabiltzaileek aldi baterako zentroa uzten badute eta beharrezkoa balitz ohea erreserbatzea (ospitaleratzea edo bestelako arrazoiengatik), Osasun Sailak modulu-sanitarioan aurreikusitako tarifaren % 75 ordainduko du gehienez ere ondoz ondoko 30 egun naturaletan. Epe hori gaindituta, zentroak pertsona egoiliarraren behin betiko alta luzatuko du inolako fakturazio osagarririk gabe une horretatik aurrera. Erreserbatutako oheak hutsik geratuko dira eta beste egoiliarrek ezingo dituzte okupatu harik eta erreserba horren titularraren behin betiko alta eman arte.

  5. Okupatu gabeko eta erreserbatu gabeko oheei dagokienez, hots, inolako pertsona onuradunari esleituta izan ez diren plazak, epe horretan Osasun Sailak modulu sanitarioan aurreikusitako tarifaren % 50 ordainduko du plaza hori okupatu arte.

  6. Plaza soziosanitarioa okupatuko duen bezeroari plaza horren ezaugarrien berri emango zaio, besteak beste: egonaldiaren epealdia, ordaindu beharreko kostua eta interesatzen zaizkion bestelakoak. Halaber, pertsona interesdunak (edo legalki pertsona arduradunak ezintasun mentala denean) plaza horretan sartzeko baimena sinatuko du. Baimen horretan, aurretiaz aipatutako alderdi guztiak bilduko dira. Funtzio hori Sistema Sanitarioari dagokio ospitale batetik badator, edo Gizarte Zerbitzuei etxetik edo egoitza-gunetik badator.

    Bosgarrena. Zerbitzuetarako sarbidea.

  1. Egoitza-Unitate Soziosanitarioetako erabiltzaileak ondokoetatik etorriko dira:

    Ospitaleetatik: Osasun Sailak zehazten duen arduradunaren eskaeraren bidez, dagokion ospitalearen aurretiazko proposamenarekin.

    Egoitzetatik: Gizarte Politika eta Gizarte Zerbitzuetako arduradunaren eskaeraren bidez, dagokion egoitza-zentroaren aurretiazko proposamenarekin.

    Bizilekuetatik: Gizarte Politika eta Gizarte Zerbitzuetako arduradunaren eskaeraren bidez, Lehen Mailako Arretako Unitateen aurretiazko proposamenarekin.

    Eskaera hauek guztiak Balorazio eta Orientazio Soziosanitarioaren Batzordera bidaliko dira aztertzeko eta ebazteko.

  2. Unitate horren izaera gordetzeko, inoiz ezingo da okupatutako plazen % 25eko proportzioa gainditu; horrela bada, Balorazio eta Orientazio Soziosanitarioaren Batzordeak «konpondu gabeko gizarte-arazotzat» joko du eta orduan, Arabako Foru Aldundiari egokituko zaio erabiltzailea gizarte-errekurtso egokian berkokatzea.

    Seigarrena. Batzordeak.

  1. Arreta Soziosanitarioaren Lurraldeko Kontseilua izango da lankidetzako hitzarmen honen garapen egokia bermatzeaz arduratuko dena.

    Eremu horretan, bere funtzioak ondokoak izango dira:

    1. Hitzarmena interpretatzea eta betetzen dela zaintzea.

    2. Funtzionamenduaren jarraipena eta ebaluazioa egitea eta egoki iritzitako aldaketak proposatzea.

    3. Hitzarmenean bertan existitzen diren unitateetan, unitate berriak edo plaza berriak gehitzea, horretarako arduradunei akordio horren baiespena proposatuta.

  2. Funtzio horiek dagokion Batzorde Teknikoari eskuordetu dakizkioke.

  3. Balorazio eta Orientazio Soziosanitarioaren Batzordea izango da ingresuak zehazteaz, alten jarraipenaz eta gizarte-osasun unitateetarako aldaketez arduratuko dena.

    Zazpigarrena. Desegite-klausula.

    Hitzarmen hau desegiteko klausulak ondokoak izango dira:

    Indarraldia amaitzea.

    Sinatzaileek hitzarmena desegiteko egindako akordioa.

    Alderdietako baten ukapena, bi hilabeteko aurreabisuarekin.

    Zortzigarrena. Hitzarmenaren indarraldia eta luzapena.

    Hemen sinatzen duten Erakundeen arteko Hitzarmenak ez du eraginik izango harik eta Erakunde horiek beste organo batzuen berrespena behar badute eta organoek berrespen hori eman arte, eta edozein modutan ere, 2009ko abenduaren 31 arte.

    Urtero, aurrekontuan kreditu nahiko eta egokia egonez gero, hitzarmena urte naturaletan luzatuko da, alderdietako batek berariaz salatu ezean (bi hilabete lehenago aurkeztu behar da, gutxienez).

    Eta aurretiaz azaldutako guztiarekin ados direla adieraziz, alderdiek Hitzarmen hau sinatzen dute, hiru kopiatan, hasieran adierazitako lekuan eta datan, bertan ezarritako hizpaketen arabera.

    Eusko Jaurlaritzako Osasun Saileko sailburua,

    GABRIEL MARÍA INCLÁN IRIBAR.

    Arabako diputatu nagusia,

    XABIER AGUIRRE LÓPEZ.

    Osakidetzako zuzendari nagusia,

    GLORIA QUESADA MENÉNDEZ.

Hitzarmena, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailaren eta Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatearen artekoa, etxebizitza eta gizarte gaietako politiketan herritarren partaidetzari loturiko ekintzak garatzeko dena.

Alde batetik, Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburu Javier Madrazo Lavín jauna.

Eta bestetik, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko errektore Iñaki Goirizelaia Ordorika jauna.

PARTE HARTZEN DUTE:

Lehenengoak, Eusko Jaurlaritza ordezkatzeko legezko gaitasuna erabiliz,

Bigarrenak, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatearen errektore izanik hura ordezkatzeko duen legezko ahalmena erabiliz.

Bi alderdiek hitzarmen hau formalizatzeko beharrezko gaitasun juridikoa aitortzen diote elkarri eta, horretan aritzeko eman zaien ordezkaritza elkarri onartuta, honako hau

ADIERAZI DUTE:

  1. Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailak, Herritarren Partaidetzarako Zuzendaritzaren bitartez, eta azaroaren 15eko 373/2005 Dekretuarekin bat etorriz, honako eginkizun hauek gauzatzen ditu: partaidetza soziala eta herritarren partaidetza sustatzea, politika publikoetan partaidetza soziala eta demokratikoa gauzatzeko mekanismoak indartzea, herritarren sentsibilizazio eta kontzientziazio soziala sustatzea politika horietan parte hartzeko, herritarren partaidetzarako mekanismoak eta baliabideak proposatzea eta ezartzea eta herritarrek eztabaidatzeko eta parte hartzeko metodoak proposatu, arautu eta ezartzea.

  2. Herritarren partaidetzaren eta komunitate-garapenaren eremuan ikertzea, aztertzea, sozializatzea, ezagutzaren sistematizazioa eta prestakuntza-ekintza espezializatuak abiaraztea ezinbesteko zeregina da partaidetza sozialerako eta herritarren partaidetzarako mekanismoak eta baliabideak egoki garatu ahal izateko.

  3. Unibertsitatea sektore eta diziplina anitzeko prestakuntzako eta ikerketako erakundea da, irakaskuntzako, ikerketako eta garapen zientifiko eta teknologikorako jarduerak garatzen dituena.

  4. Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateak ospe handiko ibilbidea egin du herritarren partaidetzaren eta komunitate-garapenaren inguruko gaietan.

  5. Bi alderdiek interesa dutela herritarren partaidetzaren alorrean sozializazio ekintzak garatzeko eta sareak sortu, prestatu eta hedatzeko, demokrazia parte-hartzailearen aurrerapenerako prozesuak bultzatzeko urrats eraginkor gisa.

  6. Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailak Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatearekin lankidetzan jardutea erabaki du ekintza horiek garatzeko.

    Horretarako, bi alderdiek honako Lankidetza Hitzarmen hau gauzatzen dute, ondoren adierazten diren klausulen arabera

    KLAUSULAK:

    Lehenengoa. Helburua.

    Hitzarmen honen helburua Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailaren eta Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatearen (aurrerantzean, UPV/EHU) arteko lankidetza gauzatzea da, etxebizitza eta gizarte gaietako politiketan herritarren partaidetzako esperientziak garatzeko eta haien jarraipena finantzatzeko. Jardueren programaren barruan daude ezagutzaren sistematizazioa eta hedapena, herritarren partaidetzako sareen dinamizazioa, herritarren partaidetza prozesuetarako prestakuntza- eta laguntza-eskabideen hasierako kudeaketa, prestakuntza herritarren partaidetzan, eta herritarren partaidetzako web atari baten kudeaketa eta mantentzea.

    Bigarrena. Urteko proposamena.

    UPV/EHUk jardueren urteko proposamena aurkeztuko du, baita gauzatzearen balorazio ekonomikoa ere. Herritarren Partaidetzarako Zuzendaritzak onespena emango dio proposamenari, beti ere hitzarmen honen helburuekin bat badator.

    Hirugarrena. Finantziazioa.

    Eusko Jaurlaritzak, Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Herritarren Partaidetzarako Zuzendaritzaren bitartez, Jaurlaritzak finantzatutako eta hitzarmen honetako eranskinean biltzen diren kontzeptuen kostuaren

    • 60 (82.500 euro) ordainduko du, ekitaldi ekonomiko bakoitzean garatu behar den proposamena eta urteko aurrekontua zehaztutakoan. Lehen ordainketako egindako gastuak justifikatzean ordainduko da gainerako % 40 (55.000 euro). Ordainketa horiek UPV/EHUren aurrekontuen kontura banku-transferentzia eginez gauzatuko dira eta UPV/EHU arduratuko da Administrazio Kudeaketarako Atalera dagokion intsuldaketa egiteaz.

      Laugarrena. Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako 4/2005 Legea, otsailaren 18koa.

      Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legeari jarraiki, hitzarmen honetan jasotako jardueren plangintzak, garapenak eta ondorengo ebaluazioak generoaren ikuspegia bildu beharko dute emakumeen eta gizonen egoera, baldintza, itxaropen eta premia desberdinak kontuan izan daitezen. Halaber, Lankidetza Hitzarmen honetako jarduerak direla-eta egiten diren memoria, ikastaroko material eta gainerako idazkietan hizkera ez-sexista erabili beharko da.

      Bosgarrena. Justifikazioa eta urteko memoria.

      Finantzatutako gastuak diru-laguntza ematen den ekitaldiaren hurrengo ekitaldiko martxoaren 1a baino lehen justifikatu beharko ditu UPV/EHUk, jatorrizko dokumentuen bitartez, edo salbuespen gisa, dokumentu horien kopia konpultsatuen bitartez. Diru-laguntza eman zeneko helburua bete dela frogatzen duen memoria gaineratu beharko da. Gastuak ezarrita dagoen bezala ez badira justifikatzen, jasotako kopurua beste helburu batekin erabiltzen bada edo hitzarmen honetan ezarritako gainerako baldintzak betetzen ez badira, ordura arte jasotako diru-laguntza gehi legezko interesak guztiz edo partzialki itzuli beharko dira, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan aurreikusita dagoen itzulketarako prozedura orokorraren arabera.

      Seigarrena. Jarraipen Batzordea.

      Hitzarmen hau gauzatzeari dagokionez, jarraipena egiteko Batzorde bat eratuko da. Batzorde hori lau ordezkarik osatuko dute; bi ordezkari UPV/EHUren Politika eta Administrazio Zientzien Sailekoak izango dira eta beste bi Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailekoak. Adierazitako ordezkariak Hitzarmen hau sinatu duten alderdiek izendatuko dituzte, hurrenez hurren.

      Zazpigarrena. Publizitatea.

      UPV/EHU honetara dago behartuta: hitzarmen honen helburua biltzen duten jardueren argitalpenetan, iragarkietan edo ahozko zein idatzizko bestelako hedabideetan, Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailaren (Herritarren Partaidetzarako Zuzendaritza) babes ekonomikoa duela zehaztera. Horretarako, dagokion logotipoa agerian jarri beharko du edo, halakorik ezean, babes ekonomiko hori jaso duela adierazi beharko du esanbidez.

      Zortzigarrena. Beste hainbat laguntza eta diru-laguntza.

      UPV/EHUk Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailari emango dio hitzarmen honen helburu diren jarduerak egiteko jasotzen dituen laguntzen eta diru-laguntzen berri. Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailak Hitzarmenaren helburu den diru-kopurua aldatuko du eta soberakina itzultzea eskatuko du, baldin eta UPV/EHUk helburu bererako jasotako diru-sarrera eta diru-laguntzen guztizkoak -hitzarmen honetan aipatutakoak barne- diruz lagundutako jardueraren guztizko kostua gainditzen badu.

      Bederatzigarrena. Iraupena eta luzapena.

      Hitzarmen honen indarraldia sinatzen den egunaren biharamunean jarriko da indarrean eta 2009ko abenduaren 31 arte iraungo du, alde batera utzi gabe bere ondorioak hitzarmenaren helburuan bilduta dauden eta 2009ko urtarrilaren 1etik aurrera praktikan jarriko diren jarduera guztietara hedatuko direla. Hitzarmen hau automatikoki luzatu ahal izango da urteko segidako aldietan, betiere Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailari dagokionez, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan kreditu egokia eta nahikoa badago. Edonola ere, ez da Hitzarmena luzatuko alderdietako batek horrelakorik eskatzen badu, eta eskaera hori behar bezala jakinarazten bada, hasierako indarraldia edo egindako luzapenen indarraldia amaitu baino bi hilabete lehenago gutxienez.

      Hamargarrena. Hitzarmenaren nondik norakoa eta jurisdikzio-ordena.

      Hitzarmen hau administratiboa da, eta interpretatzeko eta garatzeko indarreko ordenamendu juridiko-administratiboari lotu behar zaio. Lankidetza Hitzarmen hau administratiboa denez gero, administrazioarekiko auzien jurisdikzioak izango du eskumena Hitzarmen hau gauzatu bitartean alderdien artean sor litezkeen auzigaiak konpontzeko.

      Alderdiek hitzarmen hau irakurri dute, edukiarekiko adostasuna adierazi dute eta lau aletan eta ondorio bakarrerako sinatu dute Vitoria-Gasteizen, 2009ko martxoaren 17an.

UPV-EHUk 2009ko ekitaldian Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatearen eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren arteko hitzarmenaren esparruan egin beharreko jardueren proposamena Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailaren eskumenen eremuan gizartearen eta herritarren partaidetzari buruzko esperientziak garatu eta horren inguruko jarraipena egiteko

Kontzeptua Deskribapena Zenbatekoa

Jakintza sistematizatzea eta zabaltzea Herritarren partaidetzan esanguratsuak diren kasu eta esperientziei buruzko datu enpirikoak, kuantitatiboak eta kualitatiboak sistematikoki biltzea.

Herritarren partaidetzan inplikatutako hainbat prozesu aztertzea. Bertan atzemandako aukera eta mehatxuak argitu eta horien inguruan eztabaidatzea.

Foroak eta mintegiak abian jarri eta dinamizatzea inplikazio teoriko eta praktikoetan sakontzeko.

Artikuluak, dosierrak, materialak, gida metodologikoak eta abar lantzea zabaltze akademiko eta orokorrerako (web ataria). 60.000

Web ataria Partaidetza-esperientzien mapa sistematikoki eguneratzea eta partaidetza-foroak gainbegiratzea.

Iruzkinak apaltzea eta hausnarketak dinamizatzea.

Dokumentuak, materialak, proposamenak, estekak, gida metodologikoak, dosierrak eta abar sistematikoki eguneratzea.

Ataria mantentzea. 35.000

Herritarren partaidetza-sareak dinamizatzea, eragile-sareak 2008. urtean abian jarritako herritarren partaidetzaren eragile-sarea dinamizalzea: jardunaldiak, topaketak eta eztabaida-foroak antolatzea.

Telefonoz eta posta elektroniko bidez kontsultak eta eskaerak kudeatzea, partekatutako artxibo dokumentala kudeatzea eta eguneratzea.

Sarea handitzea, beste eragile batzuk sarera batzea kudeatzea, egindako lana zabaltzea eta abar. 45.000

Prestakuntza- eta laguntza-eskaeren hasierako kudeaketa I herritarren partaidetza prozesuetan Eskaera argitu eta zehaztea

Gizarte-eragileentzako partaidetza-prozesuak abian jartzeko hasierako aholkularitza.

Materialak eta dokumentazioa ematea.

Hitzarmenetik kanpoko eragileek egindako prestakuntza- eta laguntza-programak gainbegíratzea edo horien inguruko jarraipena egitea.

Erakundeetako teknikarientzako Partaidetza eta Komunitate Garapenari buruzko Unibertsitate Masterraren prestakuntza-eskaintzaren aprobetxamendua.

Partaidetza-prozesuak abian jartzeari buruzko prestakuntza-mintegiak. 30.000

Herritarren partaidetzaren eremuan esku hartzen duten eragileak prestatzea Herritarren partaidetzari buruzko kontzeptu teorikoak argitu eta horien inguruan eztabaidatzea

Prestakuntza hainbat metodologiatan.

Abian jartzen ari diren esperientzien berri izatea eta horiek aztertzea. 38.000

Administrazio-prozesuak eta azpiegitura Kontabilitate-kudeaketa.

Lokalak, informatika-ekipoak. telefonoa, bulegoko materiala.

Lan-batzordeetako bileren eta hitzarmenaren jarraipen- batzordearen deialdia egin eta aktak idaztea.

Memoriak egitea eta Eusko Jaurlaritzan Justifikatzea, kontuak ematea. 20.000

Kontratatutako langileen, irakasleen eta ikertzaileen bidaiak eta dietak. 5.500

500

Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailak, 2009ko aurrekontuei buruzko Eusko Legebiltzarraren Legean bilduta dagoen bezala, 09.0.1.07.31.0000.3.429.00.31230.002.L partidan goian zehaztutako aurrekontuaren 137.500 euro finantzatuko ditu.

Lankidetza-hitzarmena, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailaren eta Abadiñoko Udalaren artekoa, Bizkaian, Abadiñoko Udalerrian, Gaintza-Zelaieta aldean eraikiko diren 112 eta 42 babes ofizialeko etxebizitzen sustapenak esleitzeko dena.

Vitoria-Gasteizen, 2009ko otsailaren 10ean.

BILDU DIRA:

Alde batetik, Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailburu Javier Madrazo Lavín jauna.

Eta bestetik, José Luis Navarro Donaire, Abadiñoko Alkate Udalburua.

BERTARATU DIRA:

Lehenengoa, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburu gisa.

Eta bigarrena, Abadiñoko Alkate Udalburu gisa.

Agertutako bi alderdiek elkarri aitortu diote Lankidetza Hitzarmen hau izenpetzeko beharrezkoa den gaitasun nahikoa eta, horretarako, honako hau

AZALDU DUTE:

Lehenengoa. Abadiñoko udalerrian (Bizkaia) babes ofizialeko 154 etxebizitza sustatuko direla, 112 eta 42 etxebizitzako sustapenetan banatuta.

Bigarrena. S. XXI FEAR SL enpresa sustatzailearen IFZ zenbakia B-95060232 da eta bere egoitza soziala: Gipuzkoa kalea, 15 Galdakao. Enpresa hori babes ofizialeko etxebizitzak eraikiko direneko lurzoruaren jabea da. Abadiñoko Udalak hitzarmen bat sinatu du 2008ko azaroaren 19an S. XXI FEAR SL enpresa sustatzailearekin, etxebizitza horiek esleitzeko ahala Udalaren esku utziz.

Hirugarrena. Etxebidek Etxebizitza Eskatzaileen Erregistroa du, baita babes ofizialeko etxebizitzak lortzeko baldintzak betetzen ote diren egiaztatzeko baliabide materialak eta giza baliabideak ere. Horretaz gain, 2008ko apirilaren 16ko Aginduak ezarritako prozeduraren arabera edo agindu hori ordeztu edo garatzen duenaren arabera, babes ofizialeko etxebizitzak esleitzeko baliabideak ditu.

Laugarrena. Babes ofizialeko 154 etxebizitzen esleipendunak Etxebide - Babestutako Etxebizitzak Esleitzeko Zerbitzu Publikoak aukera ditzan, bi alderdiek Lankidetza Hitzarmen hau sinatu dute, honako klausula hauekin bat etorriz

KLAUSULAK:

Lehenengoa. Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailak aukeratuko ditu babes ofizialeko 154 etxebizitzen esleipendunak.

Bigarrena. Etxebizitzak esleitzeko prozedura, Etxebizitza eta Gizarte Gaietako 2008ko apirilaren 16ko Aginduan -babes ofizialeko etxebizitzen esleipen prozedurei buruzkoa- edo agindu hori garatu edo ordezten duen arautegian aurreikusitakoaren arabera arautuko da eta Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburuaren Aginduaren bitartez emango zaio hasiera. Azken Agindu hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.

Hirugarrena. Mugikortasun urri iraunkorra duten pertsonei zuzendatuko kupoa ezarriko da. Gainontzeko etxebizitza-eskaera guztiek, kupo orokor batean parte hartuko dute zozketan.

Laugarrena. Esleipendunak espedienteari hasiera ematen dion Aginduan azaltzen den egunerako Etxebideko Etxebizitza Eskatzaileen Erregistroan izena eman duten Abadiñoko eskatzaileen artetik aukeratuko dira. Eskatzaile horiek erregimen orokorreko babes ofizialeko etxebizitzak eskuratzeko baldintzak betetzeaz gain, azken hamar urteetatik bat gutxienez Abadiñoko udalerrian erroldatuta egon izana eskatuko da.

Bosgarrena. Baldintza hauek betetzen dituzten eskatzaileen artean zozketa egin ondoren sortuko den itxaron-zerrenda amaitu eta esleitu gabeko etxebizitzak geratuko balira, Etxebiden izena emandako eskaerak aintzat hartzeko epea luzatzeko aukera eta espedientean interesa duten udalerriak Durangaldeko Eskualde Egituraren barne dauden udalerrietara zabaltzeko aukera izango da.

Eta adostasuna eta uste ona erakusteko, dokumentu hau izenpetu dute lau aletan, idazpuruan adierazitako lekuan eta egunean.

Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburua,

JAVIER MADRAZO LAVÍN.

Abadiñoko alkate-udalburua,

JOSÉ LUIS NAVARRO DONAIRE.

Lankidetza-hitzarmena, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailaren eta Tolosako Udalaren artekoa, Tolosako Udalerrian, Gorostidi-Voith, Laskorain Goikoa, RC2 Ezkerralde Aldean eta Olarrain Sektorean babestutako etxebizitzak sustatzeko dena.

Vitoria-Gasteizen, 2008ko azaroaren 5a.

BILDU DIRA:

Alde batetik, Javier Madrazo Lavín jauna, Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburua.

Eta bestetik, Tolosako Udaleko alkate-udalburu Jokin Bildarratz Sorron jauna.

BERTARATU DIRA:

Lehenengoa, Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburu gisa eta Sailaren legezko ordezkari-lanetan ekitaldi honetarako, Jaurlaritzaren Kontseiluak 2008ko apirilaren 29an egindako bilkuran hartutako erabakiaren bidez.

Bigarrena, Tolosako Udalaren alkate-udalburu gisa eta Udalaren ordezkari-lanetan, 2008ko urtarrilaren 15eko osoko bilkurak hartutako erabakiaren bidez egintza honetarako baimendua.

Bi bertaratuek elkarri onartu diote Lankidetza Hitzarmen hau egiteko beharrezkoa den legezko gaitasun nahikoa, eta horretarako, honako hau

AZALDU DUTE:

Lehenengoa. Euskadiren Autonomia Estatutuaren 10.31 artikuluak zera zehazten du: Euskal Autonomia Erkidegoak eskumen esklusiboa du lurraldearen eta itsasertzaren antolamenduaren, hirigintzaren eta etxebizitzaren arloetan.

Ildo horretan, 2005-2009 legealdirako Eusko Jaurlaritza eratzeko izenpetutako Koalizio Akordioaren helburu programatikoen artean, etxebizitza babestuen eskaintza handitzea bilduta dago, alokatuta lagatzeko etxebizitza sozialena nagusiki.

Hori bermatu ahal izateko, lurzoruaren kontrol publiko arduratsu eta eraginkorra lortu behar da, eta kontrol hori lurzoru publikoa eskuratu eta kudeatzeko ekintza irmoarekin osatu beharko da. Hori dela-eta, botere publikoek (Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailak eta Tolosako Udalak, kasu honetan) batera esku hartu behar dute (eta horretara behartuta daude) beharrezkoak diren babes ofizialeko etxebizitzak egin ahal izateko baldintzak sortzeko, eta bizilekutarako beharrezkoa den eta espekulazioa eragotziko duen lurzoru-ondare publikoa eratzeko.

Helburu horri jarraiki, bi herri-administrazioek honako dokumentu hauek sinatu zituzten:

  1. Lankidetza Hitzarmena, 1999ko azaroaren 10ean, Agintaria kalea 33-35 eta Santa Maria 6 izeneko orubean 12 etxebizitza sozial sustatzeko.

  2. Lankidetza Hitzarmena, 2004ko otsailaren 11n, Oria-Araxes arean 16 etxebizitza sozial eta babes ofizialeko 44 etxebizitza sustatzeko, eta Laskorain Goikoa arean babes ofizialeko 49 etxebizitza sustatzeko.

    Bigarrena. Era berean, bi erakunde publiko horiek aurreko idatz-zatian adierazitako alderdietan batera eta koordinatuta egin beharreko jarduna baieztatzeko eta berresteko, Autonomia Erkidegoak alde batetik, eta Tokiko Erakundeek bestetik, elkarren arteko harremanetan euren zereginak eraginkortasunez betetzeko behar duten lankidetza eta laguntza aktiboa eskaini beharko diote elkarri, nork bere esparruan.

    Hirugarrena. Tolosako Hiri Antolamenduko Plan Orokor berriaren dokumentua berriki onartu du Tokiko Udalbatzar horren Osoko Bilkurak, eta gaur egun, informazio publikoa beteta dago.

    Hirigintza-dokumentu horrek, besteak beste, zenbait eremutan etxebizitza babestuak egitea ahalbidetzen du, eta Konpromiso Akordio honetarako jarraian identifikatu eta deskribatuko ditugunak dira interesgarri:

    Gorostidi-Voith Area:

    Finkatu gabeko hiri-lurzoruaren gaineko jarduna da eta guztira 675 etxebizitza sustatzeko aukera dago; horietatik 250 etxebizitza libreak izango dira, 290 udal-etxebizitza tasatuak, eta 135 babes ofizialeko etxebizitzak. Esanbidez onartu da eraiki daitezkeen etxebizitzen kopurua ehuneko hamar handitu daitekeela, hirigintza-eraikigarritasuna handitu gabe.

    Eremu horren kudeaketa urbanistikoaren barruan, Tolosako Udalari dagokio -legez- hirigintza-jarduketak eragindako gainbalioetan Komunitateak duen partaidetza.

    Euskal Autonomia Erkidegoko lurzoruari eta hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legearen 27. artikuluan xedatutakoari jarraiki, Tolosako Udalak interesa agertu du partaidetza hori gauzatzeko babes ofizialeko etxebizitzak sustatzera bideratutako lurzatian, alde batera utzi gabe kalte-ordain osagarriak eta eremu horri dagozkion eraikigarritasun-eskubideak handiagoak izan daitezkeela.

    Gaur egun, eremu hori prestatzeko lanetan ari dira, aurreragoko hirigintza-egikaritzarako; esaterako, erabiltzen ez ziren eraikuntza eta instalazio industrialak eraisten ari dira, Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Sailak finantzatuta, Industria Aurrien programaren bidez.

    Bi aldeen arabera, laster behin betiko onartuko denez Birpartzelatze Proiektua, behar adina aldiz hitz egin beharko dute, Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailak eremu horretako etxebizitza babestuen sustapenean izango duen partaidetza zehazteko, eta bereziki, prezioa eta ondare-eragiketarako eta horren sustapenerako garrantzitsuak diren beste ezaugarri guztiak zehazteko, betiere Sail horrek erosi eta gauzatu dezan.

    Ildo beretik, Tolosako Udalak honako hau nahi du: eremu berean norbaiti etxebizitza berria eman behar izanez gero, lur-zati horretan sustatutako etxebizitza babestuak ematea, baita bost etxebizitza gordetzea ere, udalaren hirigintza-jardunen ondorioz inori etxebizitza berria eman beharra izaten denerako.

    Halaber, Tolosako Udalak adierazi du eraikin horien beheko solairuetan aurreikusitako lokal guzti-guztiak ekipamendu publikoetarako izatea nahi duela.

    Bi herri-administrazioen helburua da etxebizitza babestua sortzea, betiere errenta-ahalmen txikia duten familien mesedetarako; hortaz, bi aldeak ados jarrita, errentamendu babestuaren erregimeneko etxebizitza sozialaren eskaintza sortu behar dela erabaki dute eta lurzatian ateratzen diren etxebizitza guztien % 25, gutxi gorabehera, horretara bideratzea (bestela esateko, lau atarietatik bat).

    Azkenik, aipatu behar dugu Tolosako Udalak lehiaketa publikoaren deialdia egingo duela 148 etxebizitza babesturen itunpeko sustapenerako; 148 horietatik, 104 erregimen orokorreko babes ofizialeko etxebizitzen erregimen juridiko eta ekonomikoaren pean sustatuko dira, eta 44 etxebizitza sozialen erregimen juridiko eta ekonomikoaren pean.

    Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailak interesa du etxebizitza sozial horiek erosteko, gero errentamendu babestuan jartzeko; hori dela-eta, itunpeko sustapenaren lehiaketa zuzenduko duen baldintza-agirian honako betebehar hau zehaztuko du Tolosako Udalak: etxebizitza sozialak eta horiei lotutako eranskinak Sail horri besterendu behar dizkio esleipendunak, betiere eskuratzeko prezioa kalifikaziokoa izanik.

    Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailak etxebizitza horiek eskuratzeko konpromisoa hartu du, deskribatutako baldintzen arabera. Dena den, konpromiso hori Jaurlaritza partaide den Alokabide sozietatearen bidez gauza daiteke.

    Laskorain Area:

    Finkatu gabeko hiri-lurzoruaren gaineko jarduna da eta guztira 1.066 etxebizitza sustatzeko aukera dago; horietatik % 50 baino gehiago, gutxi gorabehera, babes ofizialeko etxebizitzatzat kalifikatuko dira, hainbat erregimen juridiko eta ekonomikoren pean.

    Eremu horren kudeaketa urbanistikoaren barruan, Tolosako Udalari dagokio -legez- hirigintza-jarduketak eragindako gainbalioetan Komunitateak duen partaidetza.

    Halaber, erosketen eta jabeekin akordioak lortzearen ondorioz, Tolosako Udalarenak dira eremu horretan sartutako higiezinen % 50, gutxi gorabehera, eta gainerakoak hirigintza-kudeaketa egiteke duten jabetza partikularrak dira.

    Eremu horren birpartzelazioaren ondorioz, Tolosako Udalak hainbat lur-zati urbanizatu eskuratuko ditu, etxebizitza babestua sustatzera bideratuta.

    Behin betiko onartu denez Birpartzelatze Proiektua, bi aldeen arabera, behar adina aldiz hitz egin beharko dute, Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailak eremu horretako etxebizitza babestuen sustapenean izango duen partaidetza zehazteko, eta bereziki, Sailak eskuratzeko egokienak diren lur-zati urbanistikoak identifikatzeko, eta horien prezioa eta ondare-eragiketarako eta horren sustapenerako garrantzitsuak diren beste ezaugarri guztiak zehazteko.

    Olarrain Sektorea:

    Jardun mistoa da, bizitegi-erabilerakoa eta hirugarren sektoreko erabilerakoa.

    Eremu horren kudeaketa urbanistikoaren barruan, Tolosako Udalari dagokio -legez- hirigintza-jarduketak eragindako gainbalioetan Komunitateak duen partaidetza.

    Euskal Autonomia Erkidegoko lurzoruari eta hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legearen 27. artikuluan xedatutakoari jarraiki, Tolosako Udalak interesa agertu du partaidetza hori gauzatzeko -ahal baldin bada- babes ofizialeko etxebizitzak sustatzera bideratutako lurzatian, alde batera utzi gabe kalte-ordain osagarriak eta eremu horri dagozkion eraikigarritasun-eskubideak handiagoak izan daitezkeela.

    Eremu horretan sartutako higiezin guzti-guztiak hirigintza-kudeaketa egiteke duten jabetza partikularrak dira.

    Behin betiko onartu denez Birpartzelatze Proiektua, eta Tolosako Udalak etxebizitza babestua sustatzeko lur-zati urbanistikoren bat eskuratu badu, bi aldeen arabera, behar adina aldiz hitz egin beharko dute, Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailak eremu horretako etxebizitza babestuen sustapenean izango duen partaidetza zehazteko, eta bereziki, Sailak eskuratzeko egokiena den lur-zati urbanistikoa identifikatzeko, eta horren prezioa eta ondare-eragiketarako eta horren sustapenerako garrantzitsuak diren beste ezaugarri guztiak zehazteko.

    Ezkerraldea Herrigune Historiko RC2 Area:

    Herrigune Historikoaren Monumentu Multzoko hiri-lurzoru finkatugabean eginiko jarduna da. Bertan, etxebizitzak sustatzea ahalbidetuko da.

    Proposatutako antolamenduaren helburuen bidez, honako hauek lortu nahi dira: Oria ibaiaren urbazterreko pasealekua berreskuratzea; Herrigune Historikoa oinezkoentzako bihurtzea, RC3 Areako aparkalekuekiko ibilgailuentzako sestrapeko lotura bat burutuz; Andre Mariaren elizatik Arrameleko zubira bitartean ubideratzeko horma bat eraikitzea.

    Bi herri-administrazioen iritziz, egikaritze horretarako behar diren baliabide guztiak erabili behar direla, ikusirik hirigintzaren ikuspegitik nolako konplexutasuna duen eremu hori garatzeak.

    Laugarrena. Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailak, etxebizitzaren arloan dituen eskumenak baliatuz, babes ofizialeko etxebizitzak eraikitzeko lurzorua behar du etxebizitzen premia egiaztatua duten udalerrietan (eta, horien artean, Tolosan), errenta-ahalmen txikia izanik etxebizitzaren merkatu librera jotzerik ez duten familientzat.

    Ildo beretik, bi herri-administrazioek egoki iritzi diote lankidetza-politika egonkorra ezartzeari, etxebizitza babestua sustatzeko programa baten bidez, eta programa horren barruan epe motz, ertain eta luzerako jardunak bilduko dira.

    Bi herri-administrazioek komenigarritzat jo dute Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Saila izatea lurzoru horietan aurreikusitako etxebizitza babestuen sustapen berriei ekiteko arduraduna. Horretarako, aurrerago, dagozkion lankidetza-hitzarmenak idatzi eta sinatuko dira, higiezinen transmisioa gauzatuko duen titulua, besteak beste, zehaztuta. Hitzarmen horiek aurreraxeago azalduko ditugun klausulen araberakoak izango dira.

    Bosgarrena. 2/2007 Legegintzako Dekretua, azaroaren 6koa, Euskadiko Ondareari buruzko Legearen testu bategina onartzeko denaren 43. artikuluak agintzen duenez, ondare higiezinak eskuratzeko jardunbidea lehia-prozedura da. Baina artikulu bereko 1. zenbakian, zuzeneko kontratazioa ere ahalbidetzen da, aldez aurretik Jaurlaritzaren Kontseiluak baimena emanda, erosteko premia eta merkatu-baldintzak nabarmenak direnean -kasu honetan bezalaxe-.

    2/2007 Legegintzako Dekretua, azaroaren 6koa, Euskadiko Ondareari buruzko Legearen testu bategina onartzeko denaren 38. artikuluak agintzen duenez, Jaurlaritzaren Kontseiluaren onespena behar da ondasun higiezinak doan eskuratzeko, betiere Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburuak proposatuta, eskuratzeak baldintza edo erabilera konpromiso bereziren bat badakar berarekin--kasu honetan bezalaxe-.

    Honako eragiketa hau proposatu da: Tolosako Udalari udalarena den higiezinaren gainean eratu behar den azalera-eskubidea erostea, hirigintza-eraikigarritasun eta guzti, babes ofizialeko etxebizitzak sustatzera bideratuta; transmisio horren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoak hartuko du bere gain dagozkien eraikinak eraikiko direla bermatzeko betebeharra.

    Azkenean ezarriko den eskuratzeko prezioak ezin izango du gainditu babes ofizialari buruzko indarreko legedian ezarritako lurzoruaren gehienezko balio eragingarria.

    Aldeak aurretik ados jarriz gero, prezio hori osorik edo partzialki ordain daiteke lokalaren azalera eraikia emanez, edo udalaren hirigintza-jarduketak gauzatzearen ondorioz etxea utzarazitako legezko etxe-okupatzaileei etxebizitza berria emateko eskubidea bermatzera bideratutako etxebizitzak emanez.

    Seigarrena. Akordio hau sinatu duten herri-administrazioen ustez, behin betiko onartua dagoen urbanizazio-proiektuari jarraiki jardungo denez, urbanizatzeko obra horiek ez dira egongo Eraikuntza, Instalazio eta Obren gaineko Udal Zergaren eraginpean.

    Zazpigarrena. Lurzoruari eta hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legearen 17. eta 81. artikuluek adierazten dutenez, plangintzak komunitate-ekipamendu gisa sailkatu ahal izango ditu lurrak, bereziki bizitegi-erabilera duten areetan zuzkidura-alojamenduak ezartzeko, aldi baterako alojamenduak eta premia larria duten kolektiboentzako alojamendu sozialak barnean hartuta. Gainera, hiri-lurzoru finkatuan une honetan eskuragarri dauden lursailak ere xede horretara bideratzeko aukera izango da, betiere bestelako gizarte-beharrei erantzuteko behar adinako ekipamendu-lursailak eskuragarri daudela egiaztatzen bada.

    Bi herri-administrazioen ustez, etxebizitza babestua sustatzeko orain artean elkarrekin garatu duten politika osatu egin behar da, zuzkidura-alojamendu horiek gauzatuz.

    Zortzigarrena. Bien interesak, konpromisoak eta ekarpenak egoki bideratzeko, bi aldeek Konpromiso Akordio hau izenpetu dute honako klausula hauen arabera

    KLAUSULAK:

    Lehenengoa. Lankidetza Hitzarmen honen helburua da etxebizitza babestua sustatzeko programa bat ezartzea Tolosako udalerrian, eta hain justu, Gorostidi-Voith arean, Laskorain arean, RC2 Ezkerraldean eta Olarrain arean, eta erakundearteko lankidetzaren esparruan, aipatu eremu urbanistiko horien garapen urbanistiko eta soziala sustatzea, estrategikotzat jotzen baitira Tolosaren eta tolosarren mesedetarako.

    Bigarrena. Tolosa Udalak eta Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailak Tolosako Hiri Antolamenduko Plan Orokor berriaren hirigintza-dokumentua izapidetzeko konpromisoa hartu dute, behin betiko onartu arte.

    Konpromiso horren barnean hartzen da beharrezko hirigintza-dokumentuak izapidetzea ere; esate baterako, antolamendu xehatuko planak, birpartzelatze-proiektuak, urbanizazio-proiektuak, xehapen-azterlanak eta oinarrizko eta egikaritzako eraikuntza-proiektuak.

    Hirugarrena. Laskorain arearen eta Olarrain sektorearen eremuei dagokienez, eta garrantzi estrategikoa dutenez, Tolosako Udalak eta Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailak hitz egiteko konpromisoa hartu dute, Lankidetza Hitzarmen hau garatzeko beharrezko Lankidetza Hitzarmenak negoziatzeko; hitzarmen horietan, besteak beste, honako hauek zehaztuko dira: eremu bakoitzean egingo diren sustapenak eta udal-higiezinen transmisio-prezioa, baita ordaintzeko modua edo Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailaren bestelako partaidetza ere.

    Eremu horietan eraikiko diren etxebizitza babestuen erabiltzaileak hautatzeko eta horiei esleitzeko prozedura arlo horretan indarrean dagoen araudiaren arabera egingo da.

    Laskorain arearen eta Olarrain sektorearen eremuetako etxebizitzak (hau da, erregimen orokorreko babes ofizialeko etxebizitzak azalera-eskubidean edo errentamendu babestuan jartzeko etxebizitza sozialak) zer erregimen juridiko eta ekonomikoren pean sustatuko diren ados jarrita erabaki beharko da sustatzeko garaian, Etxebizitza Euskal Zerbitzuan erregistratutako udalerriko eskatzaileen ezaugarrien arabera.

    Nolanahi ere, bi herri-administrazioek une honetan adierazi dute eremu horietan egin daitekeen errentamenduko babes publikoko etxebizitza-sustapen handiena bultzatu nahi dutela.

    Laugarrena. Gorostidi-Voith areari dagokionez, bi aldeek honako hau erabaki dute:

    Tolosako Udalak lehiaketa publikoaren deialdia egiteko konpromisoa hartu du, eremu horretan aurreikusitako 148 etxebizitza babesturen itunpeko sustapenerako, eta esanbidez adierazi du 148 etxebizitza horietatik, 104 erregimen orokorreko babes ofizialeko etxebizitzen erregimen juridiko eta ekonomikoaren pean sustatuko direla, eta 44 etxebizitza sozialen erregimen juridiko eta ekonomikoaren pean (hain justu, 4. atarian kokatutakoak).

    Halaber, lehiaketa zuzenduko duten baldintza-agirietan ere honako hau txertatzeko konpromisoa hartu du: esleipendunak Euskal Autonomia Erkidegoari saldu behar dizkiola 44 etxebizitza sozialak, haiei loturiko eranskin eta guzti, eta besterentzeko prezioa etxebizitzen kalifikazio-prezioa izango dela, dagokion BEZ erantsita.

    Konpromiso hori betetzeko, aldez aurretik behin betiko onartu behar da Birpartzelatze Proiektuaren dokumentua; izan ere, dokumentu horren bidez egiaz gauzatuko da hirigintza-jarduketak eragindako gainbalioetan Udalak duen partaidetza.

    Bestalde, Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailak etxebizitza horiek erosteko konpromisoa hartu du, lehen aipatutako baldintzei jarraiki, betiere errentamendu babestuaren erregimenean esleitzeko. Dena den, konpromiso hori Jaurlaritza partaide den Alokabide sozietatearen bidez gauza daiteke.

    Ondare-eragiketa horrek eragindako gastu guztiak (Lurren Balio Gehitzearen gaineko Udal Zerga izan ezik) Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza eta Gizarte Gaiak hartuko ditu bere gain.

    Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailak konpromisoa hartu du Tolosa izendatzeko Gorostidi-Voith arean etxebizitzak sustatzeko interesa duen udalerri bakartzat; hori dela-eta, Tolosan erroldatutako jendeak soilik parte hartu ahal izango du esleipen-prozesuan.

    Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailak honako konpromiso hau hartu du: esleipen-prozedura arruntetik kanpo uzteko behar adina etxebizitza (28 inguru), eremu horren hirigintza-kudeaketaren barruan eraisten diren etxebizitzetako legezko etxe-okupatzaileei etxebizitza berria emateko eskubidea bermatze aldera. Bereizketa horretan sartuko dira bai erregimen orokorreko babes ofizialeko etxebizitzak, baita etxebizitza sozialak ere, okupatzaile horien diru-sarreren arabera.

    Tolosako Udalak Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailaren Gipuzkoako Lurralde Ordezkaritzan aurkeztu behar du etxebizitza berria emateko eskubidea egiaztatzeko eta etxebizitza-esleipenei ekiteko dokumentazioa, sustapenaren behin-behineko kalifikaziotik kontatzen hasita hiru hilabeteko epean.

    Eremu horren kudeaketa integrala egiteko interesa duen sustatzaileak hartuko du beren gain etxebizitza berria ematearen kostua, oso-osorik.

    Orobat, 5 etxebizitza gordetzeko konpromisoa hartu du, udalaren hirigintza-jarduketen ondorioz etxebizitza berria emateko eskubidea bermatzearren. Kostu horiek Tolosako Udalak hartuko ditu bere gain.

    Tolosa Udalak konpromisoa eta erantzukizuna hartu du sustapen honen xede diren erregimen orokorreko babes ofizialeko etxebizitzen zozketa egiteko, betiere Voith-Gorostidi areako babes ofizialeko etxebizitzen erregimen juridikoa arautzen duten oinarriei jarraiki; oinarri arautzaile horien behin betiko onarpena Gipuzkoako Aldizkari Ofizialaren 73. alean argitaratu zen, 2006ko apirilaren 19an.

    Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailak zuzenean esleituko ditu errentamendu babestuko etxebizitza sozialak, edo bestela, Tolosa Udalak, indarreko araudi autonomikoari jarraiki.

    Bosgarrena. Tolosako Udalak honako konpromiso hau hartu du: ekipamendurako bideratuta dagoen udal-lursailen batean -betiere oraindik garatu gabe dagoen edo, eremuren batean egiten den hirigintza-kudeaketaren ondorioz, etorkizunean lortzen den lursailen batean, alegia- aldi baterako alokairuko alojamenduen sustapena egiteko aukera aztertzea batetik, eta aukera hori komenigarria ote den aztertzea bestetik.

    Hori horrela, Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailak lursail hori aztertzeko konpromisoa hartu du, baita alojamendu horiek diseinatzeko, eraikitzeko eta kudeatzeko proposamena egitekoa ere.

    Azkenean bi Administrazioek alojamendu horiek egin daitezkeela eta alojamenduok egitea komenigarria dela irizten badiote, Tolosako Udalak honako hau egiteko konpromisoa hartu du: lursaila ematea, horretarako egingo den doako lagapen-akordioaren bitartez. Era berean, Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailak akordio hori betearazteko konpromisoa hartu du.

    Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailak konpromisoa hartu du Tolosako Udalaren Osoko Bilkuraren erabakia Eusko Jaurlaritzaren Ogasun eta Herri Administrazio Sailari jakinarazteko, Sail horrek Jaurlaritzaren Kontseiluaren bidezko onarpena izapidetu dezan.

    Klausula honetan aurreikusitako ondare-eragiketa eskritura publikoan formalizatuko da, adierazitako doako lagapena onartzen duen Jaurlaritzaren Kontseiluaren erabakiaren egunetik hasi eta hilabeteko epean.

    Seigarrena. Erregimen orokorreko babes ofizialeko etxebizitzen sustapenei dagokienez, Eraikuntza, Obra eta Instalazioen gaineko Udal Zergaren gutxieneko tasa (% 2) aplikatzeko konpromisoa hartu du Tolosako Udalak. Errentamendu babesturako etxebizitza sozialen sustapenei dagokienez, Zerga hori ordaintzetik salbuesteko edo barkatzeko konpromisoa hartu du.

    Zazpigarrena. Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailak Tolosako ezkerraldean RC2 eremuan egingo den obra publikoa finantzatzeko asmoa duela adierazi du, beti ere, ondare urbanizatua eta eraikia birgaitzeko laguntzetarako dagokion deialdian Sailak ezarritako baldintzak eta betekizunak betetzen badira.

    Zortzigarrena. Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailak bere gain hartu dituen konpromiso guztiak (Konpromiso Akordio honetan zenbateko ekonomikoa zehaztu gabe dutenak), aldez aurretik bidezko aurrekontu-izendapenak egin izanaren baldintzapean egongo dira.

    Bederatzigarrena. Bi Herri Administrazioek beharrezko iritzi diote Akordioaren Jarraipen Batzordea eratzeari. Batzorde hori erakunde bakoitzeko bi ordezkarik osatuko dute, eta bere eginkizunak honako hauek izango dira: ezarritako aurreikuspenak eta konpromisoak gauzaraztea, horiek zorrotz betetzeko neurriak proposatzea, etxebizitza babestuen sustapenak egitean sor daitezkeen gatazkak eta/edo interferentziak konpontzea, sustapenen babes-erregimenak une bakoitzean dauden etxebizitza-premietara egokitzea eta/edo mailakatzea eta, oro har, etorkizunean sor daitezkeen gorabehera guztiei erantzutea.

    Hamargarrena. Agiri honetan jasotako betebeharrak ez betetzea kontratua suntsiarazteko arrazoia izango da, eta aldeak lehengo egoera juridikora itzuliko dira. Era berean, bai beste aldeari bai uste oneko besteri eragin ahal izan zaizkien kalte eta galerak ordaindu beharko ditu aipatutako suntsiarazpena eragiten duenak.

    Eta adostasuna eta uste ona erakusteko, dokumentu hau izenpetu dute lau aletan, idazpuruan adierazitako lekuan eta egunean.

    Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburua,

    JAVIER MADRAZO LAVÍN.

    Tolosako Udaleko alkate-udalburua,

    JOKIN BILDARRATZ SORRON.

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik