- EBAZPENA, 2009 apirilaren 21ekoa, (IVAP) Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendariarena, 2009-2010 ikasturteko euskara ikastaroetara dei egiten duena. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus
Arautegia
InprimatuEBAZPENA, 2009 apirilaren 21ekoa, (IVAP) Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendariarena, 2009-2010 ikasturteko euskara ikastaroetara dei egiten duena.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Ebazpena
- Organo arau-emailea: Ogasun eta Herri Administrazio Saila; HAEE
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 87
- Hurrenkera-zk.: 2486
- Xedapen-zk.: ---
- Xedapen-data: 2009/04/21
- Argitaratze-data: 2009/05/11
Gaikako eremua
- Gaia: Administrazioaren antolamendua
- Azpigaia: Funtzio publikoa
Deskribapenak
Testu legala
Vitoria-Gasteiz, 2009ko apirilaren 21a.
Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendaria,
JON KOLDOBIKA URRUTIA MINGO.
Lehenengoa. Helburua.
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko langileen hizkuntza-gaikuntza eragin eta bultzatzea.
Bigarrena. Nori zuzendua.
Deialdi hau Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta bere erakunde autonomoetako langileei zuzendua dago.
Euskadiko Autonomia Erkidegoko herri-administrazioetan euskara erabiltzeko normalizazio-prozesua arautzen duen 86/1997 Dekretuaren ildotik:
Deialdian parte hartzerik izango dute:
Euskadiko Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta bere erakunde autonomoetako langileek.
Ez dute deialdian parte hartzerik izango:
Hezkuntzako irakasleek, ertzainek, Justizia Administrazioko langileek eta Osakidetzako langileek.
Lanorduetan euskarako hizkuntza-gaikuntza ikastaroetako baimenak emateko, sailek aplikatuko dituzte Funtzio Publikoaren Sailburuordetzaren 2004ko maiatzaren 27ko Instrukzioan zehaztutako irizpideak.
Edonola ere, IVAPek hizkuntza-prestakuntza bere aurrekontu-bitartekoen barruan emango du.
Hirugarrena. 2009-2010 ikasturterako ikastaro-deialdiak.
2009-2010 ikasturterako IVAPek bi deialdi kaleratuko ditu.
Honako hau 2009-2010 ikasturteko deialdi nagusia da, ikasturte osoa arautzen duena. Deialdi honetan lanorduetan eta lanorduz kanpo egiteko ikastaroak eskaintzen dira.
Datorren azaroan oraingo honen osagarri den deialdia kaleratuko du IVAPek, eta 2009-2010 ikasturteko bigarren lauhilekorako eskaintza egingo du.
Azaroko deialdian otsailetik ekainera arteko eskaera egin ahal izango dute interesatuek, betiere baldintza hauen pean:
Arau orokor moduan, ikastaroa urrian hasi ez duten langileek ikastaro trinkoa baino ezingo dute eskatu, hau da, bost orduko ikastaroa edo barnetegiko ikastaroa.
Bakar-bakarrik, gertaera bereziengatik interesatuak ezin izan badu eskaerarik egin ikastaroa urrian hasteko, IVAPek onartu ahal izango dio otsailean 2 orduko ikastaroan hastea.
Urritik hasitako ikasleek, aldiz, ikastaro trinkoa nahiz modulu aldaketa eskatu ahal izango dute, hau da, ikastaro trinkotik 2 ordukora aldatzea, edo alderantziz.
Modulu aldaketei dagokienez, azaroko deialdian autoikaskuntzako ikastaroek 2 orduko moduluaren tratamendu bera izango dute.
Laugarrena. Lanorduetako ikastaro-eskaintza.
Deialdi honetan lanorduetan egiteko ikastaroak II. eranskinean adierazitakoak dira.
IVAPek ondoen iritzitako egokitzapenak egin ditzake II. eranskinean zehazten diren hasiera eta bukaera egunetan nahiz ordutegietan.
Bosgarrena. Lanorduetako eskaerak.
Eskabideak modulu eta ordutegi bakarrerako izango dira.
Eskabideak egiteko epea.
2009ko maiatzaren 12tik 28ra, biak barne.
Eskabideak nola egin.
Paperezko eskabideak. Inprimakiak eskura daude ondorengo helbide elektroniko honetan:
www.ivap.euskadi.net (behin hemen, bide honi jarraitu behar zaio: euskara>euskara ikastaroak>inprimakiak).
Langileak saileko zerbitzu zuzendariari bidali behar dio eskabidea, epearen barruan.
Sail bakoitzean jasotako hizkuntza-prestakuntzarako eskabideak sailak berak grabatuko ditu horretarako duen IVAPen aplikazio informatikoan, eta, era berean, sail bakoitzak emango die baimena edo ukapena jasotako eskaerei, IVAPek berariaz adierazitako epean.
Eskabide telematikoak. Norberaren ordenagailutik bete ahal izango dira, intranet-en bidez. Horretarako, Eusko Jaurlaritzaren intraneteko Jakina atarian IVAPek ezarritako helbide honetara jo beharko da:
www.ivap.jakina.
Sistema hori erabili ahal izateko, eskatzaileak lehenik XL-Nets segurtasun sistemaren bitartez identifikatu behar du bere burua.
Ordenagailu bitartez egindako eskaerak sail bakoitzak kudeatuko ditu horretarako duen IVAPen aplikazio informatikoan, eta, era berean, sail bakoitzak emango die baimena edo ukapena jasotako eskaerei, IVAPek berariaz adierazitako epean.
Seigarrena. Ordu-kreditua eta hizkuntza-prestakuntzarako banakako planak.
Lanorduetako ikastaroei dagokienez, ordu-kredituak ezartzen duen aginduari jarraituko zaio (Agindua, 2004ko apirilaren 30ekoa, Ogasun eta Herri Administrazio sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko langileen euskalduntzean aplikatuko diren ordu-kredituak ezartzen dituena; EHAA: 2004-05-07; 85. zk.).
Agindu horren bosgarren artikuluari jarraiki, euskara ikastaroa lanorduetan hasi ahal izateko beharrezkoa izango da ordu-kredituaren saldoa aldekoa izatea.
Hori ziurtatzeko, IVAPek ordu-kredituaren kontrola egingo du eta saldo negatiboan duten eskaera guztiak bertan behera utziko ditu.
Ordu-kreditua ikastaroa aurrera doala agortzen bada, langileak ikastaroa bukatu arte jarraitu ahalko du.
Bestalde, aginduaren zazpigarren artikuluak ezartzen du lanorduetan euskara ikastaroetara joateko baimena duten pertsona guztiek prestakuntzarako banakako plana izan behar dutela, eta, era berean, plan horiek, formari eta edukiari dagokienez, IVAPek ezartzen duenaren arabera egingo direla. Helburu horrekin IVAPek «Hizkuntza-normalkuntzako banakako planei buruzko agiria» osatu du eta sail eta erakunde autonomo guztiek daukate eskuragarri Intraneteko Geutzen aldizkarian, hizkuntza-normalizazio atalean.
Zazpigarrena. Lanorduetako eskolen antolaketa.
Mailaketa probak.
Langileren baten euskara ezagupena neurtu behar bada, IVAPek mailaketa proba egitera deituko du. Horretarako, IVAPek zerbitzu zuzendaritza bakoitzari jakinaraziko dizkio mailaketa proba egiteko toki-egunak.
Mailaketa proba egitera deitu arren, langileren bat ez bada ezarritako egun eta orduan aurkezten, IVAPek bazter utziko du haren eskaera.
Salbuespen modura, IVAPek aurkeztu ez den langileari bigarrenez deitzeko aukera aztertuko du, baldin eta, aurkeztu ez izana, idatziz eta egokiro arrazoitzen badio IVAPi dagokion zerbitzu zuzendariak; beranduen ere, proba egunetik 2 egun balioduneko epean.
Bigarren dei horretara ere aurkezten ez den langilearen eskaera bertan behera utziko du IVAPek.
Administrazioko taldeak antolatzea.
Mailaketa probak egin ondoren, taldeak osatuko ditu IVAPek. Taldeak osatzean, ikasle bakoitzari zerbitzu zuzendariak baimendutako modulua gordeko dio IVAPek, ahal den neurrian.
Nolanahi ere, baliabideen erabilera egokia bermatzeko eta taldeen osaketak hala eskatzen badu, aldaketak egin ahal izango ditu IVAPek baimendutako eskaeren moduluetan, ordutegietan nahiz ikasteko tokietan.
Taldeak osatu eta euskaltegiak izendatuta daudenean, sail bakoitzari helaraziko dio IVAPek administrazioko taldeetan eskolatuko diren langileen zerrenda, langile bakoitzak non eta noiz eskolatu behar duen zehaztuta.
Administrazioko talderik ez duten langileak. Matrikula orriak.
IVAPen administrazioko talderik izango ez duten langileek euskaltegietako gainerako taldeetan egin ahal izango dute ikastaroa. IVAPek matrikula orria bidaliko du langilearen zerbitzu zuzendaritzara, honek bakoitzari berea helarazi diezaion.
Matrikula orriaren bitartez, homologatutako edozein euskaltegi publiko edo pribatutan matrikulatu ahal izango da langilea.
Matrikulazioa gauzatzeko, ezinbestekoa da langileak matrikula orria euskaltegian entregatzea.
Matrikula orriaren bitartez eskolatzen den langileak euskaltegiaren egutegia eta ordutegia jarraituko ditu.
Langilea inon matrikulatzen ez bada, ahalik eta lasterren itzuli behar du matrikula orria IVAPera.
Matrikula orria ordaintzea.
Langileak egin duen matrikula IVAPek ordainduko du, betiere ondorengo baldintza hauek betetzen badira:
Matrikula orria garaiz entregatzea: ikastaroa hasten denerako matrikula orria euskaltegian aurkeztu behar da. 2009ko urriaren 23a baino beranduago entregatzen bada, IVAPek ez du matrikula ordainduko.
Gutxieneko ordu kopurua: ikastaroak, gutxienez, 240 orduko iraupena izan behar du. Alfabetatzeko eta EGAko ikastaroak, dituzten berezitasunengatik, ordu gutxiagokoak izan daitezke.
Gutxieneko iraupena: ikastaroek urritik ekainera bitartekoak izan behar dute.. Barnetegiko eta 5 orduko ikastaroen kasuan, ikastaroek, gutxienez, lauhileko iraupena izan behar dute.
Homologazioa: matrikula orriaren bidez egingo den ikastaroak HABEk homologatua izan behar du.
Baldintza horiek betetzen direla egiaztatu ondoren, langilearen matrikula onartu eta dagokion kostua ordainduko du IVAPek.
Aldiz, langileak egin duen matrikulak ez baditu aurreko baldintzak betetzen, IVAPek ez du ordainduko. Kasu horretan, IVAPek ukapenaren berri emango dio langilearen saileko zerbitzu zuzendaritzari.
Bestalde, ezingo da matrikula orria erabili lanorduetako autoikaskuntza sistemako ikastaroak egiteko. Autoikaskuntzako ikastaroen eskaintza ebazpen honen hamargarren oinarrian dago zehaztuta.
Matrikula orriaren kostua.
Kontuan izan behar da bakar-bakarrik matrikula orria onartuz gero onartuko duela IVAPek matrikularen zenbatekoa.
Ondorioz, diru-baliabideen erabilera zentzuzkoa eta arrazoizkoa ziurtatu ahal izateko, langileek aprobetxamendu egokia lortu beharko dute ikastaroetan.
Ikastaroen aprobetxamendu egokia neurtzen duten irizpideak ebazpen honen hamabigarren oinarrian daude.
Zortzigarrena. Lanorduetako ikastaroen asistentziari buruzko arauak.
Ondorio guztietarako ikastegia lantokia da langilearentzat. Beraz, eskolatze eta puntualtasun huts guztiak zerbitzu zuzendaritzaren aurrean justifikatu beharrekoak dira, beste edozein laneratze-huts zuritu ohi den bezalaxe.
Euskara ikastaroetara joateko baimena ematea zerbitzu zuzendaritzaren ardura denez, beroni dagokio baimendutako epean langileen etenik gabeko eskolatzea bermatzea.
Era berean, sailen ardura izango da ikastaroetan parte hartuko duten langileek oporrak ikastarotik kanpo hartzea, ikastaroen aprobetxamendua eten ez dadin.
Eskolara joatea eta asistentziaren jarraipena.
Euskara ikastaroen aprobetxamendua bermatu eta horretarako langileen eskura jartzen diren giza eta diru baliabideak optimizatzeko asmoz, euskara ikastaroetan diharduten ikasleek gutxieneko asistentzia izan beharko dute ikastaroetan.
Ondorioz, arau orokor modura honako neurri hau ezartzen da: ikasleek, gutxienez, % 80ko asistentzia izan beharko dute ikastaroan.
Eskolan hastea.
Ikastaroa hasten den egunean bertan hasi beharko du langileak eskolan. Didaktika eta antolakuntza arrazoiak direla medio, IVAPek ez du onartuko urriaren 23a baino beranduago hasterik eskolan.
Urriaren 23a iragan ondoren, IVAPek bertan behera utzi ditzake eskolan hasi ez diren langileen eskaerak.
Gaixotasunagatik berandu eskolatzea.
Gaixotasun-arazoengatik eskolatu ez diren langileei soilik onartuko die IVAPek berandu hastea. Horretarako, baldintza hauek bete beharko dira:
IVAPek aldez aurretik jakin behar du langilea ez dela, gaixotasunagatik, eskolan garaiz hasiko. Horretarako, ikastaro hasieran, zerbitzu zuzendariek egoera horretan dauden langileen zerrenda bidali behar dute IVAPera. Zerrendan, NAN zenbakia eta izen-abizenak zehaztu behar dira.
Eskolan hasi ahal izateko eskaera egitea: langilea ezin da bere kabuz eskolan hasi gaixoaldiaren ondoren. Eskolan hasteko prest dagoenean, bere zerbitzu zuzendariak eskolatzea eskatu beharko dio IVAPi, idatziz. Idazki horretan, gaixoaldiaren hasiera eta bukaera egunak zehaztu beharko dira.
Galdutako eskola-orduen muga igaro gabe egotea: ikastaro osoaren eskola-orduen % 20 igaro aurretik hasi beharko du langileak eskolan.
IVAP saiatuko da gaixotasunak eragindako beranduko eskolatze hauek bideratzen, horretarako dituen bitartekoen mugapean.
Ikastaro hasieran gaixotasunagatik galdutako orduak zenbatu egingo dira ordu-kreditua eguneratzean.
Egunez eguneko asistentzia.
Ikasleek eta sailek asistentziaren jarraipen zehatza egin ahal izan dezaten, IVAPek lanorduetan ari diren ikasleen egunez eguneko asistentziaren berri emango du eta ikasleak eskolara joan ez diren egunak zehaztuko ditu.
Bederatzigarrena. Eskolara joateari uztea.
Ikasleak ikastaroa behin betiko uzten duenean horren berri ematen ez badu, ordu kreditua agortzen jarraituko du. Hori dela eta, eskola uztea gertatzen den momentuan, bere prestakuntzaz arduratzen diren eragileak jakinaren gainean jarri behar ditu:
Euskaltegiari: ikasleak ikastaroa utziko duela jakinarazi behar du euskaltegian, honek eskola-uzte data jarri eta asistentzia datu gehiagorik sar ez dezan.
Bere zerbitzu zuzendaritzari: ikasleak bere saileko zerbitzu zuzendaritzan aurrean jakinarazi behar du egiten ari den ikastaroa utzi egin duela.
IVAPi: ikasleak IVAPen ere jakinarazi behar du ikastaroa utzi duela ordu kredituaren zenbaketa eten dezan. Horretarako, «Jakinarazpena: eskoletara joateari uztea» izeneko inprimakia bete, eta, herri-erakundearen izenpea duela, IVAPera bidali behar du.
Beranduenez ere, eskola uztea gertatu eta 15 laneguneko epean bidali behar da jakinarazpena IVAPera.
Inprimakia honako helbide elektroniko honetan eskura daiteke:
www.ivap.euskadi.net (honen barruan bide honi jarraitu behar zaio: euskara>euskara ikastaroak>inprimakiak).
Hamargarrena. Autoikaskuntza lanorduetan.
Hizkuntza-prestakuntza lanorduetan jasotzeko baimena baietsi ondoren, eta, betiere, lanpostuaren izaeragatik ikastaroetara modu jarraian joaterik ez duten langileen kasuan soilik, autoikaskuntzara bideratu ahalko dituzte sailek eskolatze eskaerak.
Horretarako, sail bakoitzak lanorduetan autoikaskuntzara bideratutako langile bakoitzari buruzko txostena bidaliko dio IVAPi; bertan, ohiko eskoletara joateko langileak dituen eragozpenak azalduko dira.
Txostena IVAPek berariaz adieraziko duen epea agortu baino lehen bidali beharko da. Zerbitzu zuzendariak sinatuko du, eta langilearen adostasuna izan beharko du.
Sail bakoitzak autoikaskuntzarako duen eskaera kopuruak ez du gaindituko, inola ere, lanorduetan hizkuntza-prestakuntza hartzeko baimendutako eskaeren % 20.
Lanorduetan autoikaskuntza sistemaren bitartez ikasten duten ikasleek gutxieneko asistentzia izan behar dute ikasturtean. Gutxieneko hori urritik ekainera ordenagailuan eta mintza saioetan egin beharreko ordu teorikoen % 80 izango da.
2008-2009 ikasturtean gutxieneko asistentzia izan ez duten ikasleei IVAPek ez die onartuko 2009-2010 ikasturtean lanorduetako autoikaskuntza-eskaerarik.
Era berean, 2009-2010 ikasturtean gutxieneko asistentzia ez duten ikasleei IVAPek ez die onartuko 2010-2011 ikasturtean lanorduetako autoikaskuntza-eskaerarik.
Autoikaskuntza ikastaroan dabiltzan ikasleen kasuan, asistentzia-datuak hiru hilez behin jasotzen dira. Ondorioz, ikasle horiei ezin zaie ordu-kredituaren saldoa eguneratu hiruhilekoa amaitu arte.
Edozein kasutan ere, lanorduetako autoikaskuntza sistemaren eskaintzari buruzko gainerako irizpide, betebehar eta baldintza guztiak, euskara-prestakuntza lanorduetan autoikaskuntza sistemen bidez hartzeko baldintzei buruzko agirian, ezarritakoak dira (Intraneteko Geutzen aldizkarian irakur daiteke, hizkuntza normalizazio atalean).
Hamaikagarrena. Lanorduz kanpoko ikastaroen araubidea.
Lanorduz kanpoko eskaera onargarria bada, IVAPek matrikula orria bidaliko du langilearen zerbitzu zuzendaritzara, honek langile bakoitzari berea helarazi diezaion.
Ikastaroen ezaugarriak eta bete beharreko aprobetxamendu irizpideak.
a) Presentziazko ikastaroak.
Lanorduz kanpoko presentziazko ikastaroak homologatutako euskaltegi publiko edo pribatu batean egin ahal izango dira, eta ezaugarri hauek izan behar dituzte:
Gutxieneko iraupena: ikastaroek urritik ekainera bitartekoak izan behar dute. Barnetegiko eta 5 orduko ikastaroen kasuan, ikastaroek lauhileko iraupena izan behar dute, gutxienez.
Homologazioa: ikastaroak HABEk homologatua izan behar du.
b) Autoikaskuntzako ikastaroak.
Lanorduz kanpoko autoikaskuntzako ikastaroak homologatutako euskaltegi publiko edo pribatu batean edo homologatutako autoikaskuntzako zentro batean egin ahal izango dira, eta ezaugarri hauek izan beharko dituzte:
Gutxieneko ordu kopurua: ikastaroek gutxienez 190 orduko iraupena izan behar dute. IVAPek matrikula bakarra ordainduko dio ikasleari.
Gutxieneko iraupena: ikastaroak urritik ekainera bitartekoak izan behar dira.
Matrikula non egin: langileak homologatutako euskaltegi publiko edo pribatu batean edo autoikaskuntzako zentro homologatu batean matrikulatu behar du.
Homologazioa: autoikaskuntzako ikastaroek HABEk homologatuak izan behar dute.
Autoikaskuntzako ikastaroak bi modalitate hauetako batean egin ahal izango dira:
Internet erabilita: modalitate honen arabera, ordenagailuko bakarkako lana internet bidez egin ahal izango da. Aldiz, mintza-orduak euskaltegian edo autoikaskuntzako zentroan hartuko dira.
Euskaltegira edo autoikaskuntzako zentrora joanda: ikastaro osoa euskaltegian bertan edo autoikaskuntzako zentroan egin ahalko da, bai ordenagailuko bakarkako lana eta bai mintza-orduak ere.
IVAPek matrikula orri bakar bat emango die eskaera onartu zaien langileei, matrikula orri berezia hain zuzen. Autoikaskuntzan matrikulatzeko, orri berezitu hori bakarrik erabili ahalko da.
Ez da onartuko autoikaskuntzako matrikula orriaren bitartez ikastaro presentzialetan matrikulatzerik, ezta alderantziz ere, hau da, ikastaro presentzialei dagokien matrikula orriaren bitartez ezingo da autoikaskuntzan matrikulatu.
Bete beharreko aprobetxamendu irizpideak: arau orokor moduan, lanorduz kanpoko ikastaroetan matrikulatutako langileek ebazpen honen hamabigarren oinarrian ezartzen diren aprobetxamendu irizpideak bete beharko dituzte.
Ondorioz, aprobetxamendu irizpideak betetzen ez dituzten langileei IVAPek ez die hurrengo ikasturtean lanorduz kanpoko eskaerarik onartuko.
Lanorduz kanpoko eskabideak egiteko epea.
2009ko ekainaren 11tik uztailaren 3ra bitartean egin ahal izango dira lanorduz kanpoko eskaerak.
Lanorduz kanpoko ikastaroak 2009-2010 ikasturte osorako izango dira. Beraz, bigarren lauhilekoan ez da onartuko ikasle berrien eskabiderik.
Eskabideak egiteko bi bide hauek erabil daitezke:
Paperezko eskabideak. Inprimakiak eskura daude ondorengo helbide elektroniko honetan:
www.ivap.euskadi.net (honen barruan bide honi jarraitu behar zaio: euskara>euskara ikastaroak>inprimakiak).
Eskatzaileak IVAPeko zuzendariari bidaliko dio eskaera ondorengo helbidera: Donostia-San Sebastián kalea 1, 01010, Vitoria-Gasteiz.
Eskabide telematikoak: norberaren ordenagailutik, intranet-en bidez, bete ahal izango dira. Horretarako, Eusko Jaurlaritzako intranet-eko Jakina atarian IVAPek ezarritako helbide honetara jo beharko da:
www.ivap.jakina.
Sistema hori erabili ahal izateko, eskatzaileak lehenik XL-Nets segurtasuneko sistemaren bitartez identifikatu behar du bere burua.
Aldi baterako langileak lanorduz kanpoko ikastaroetan.
Aldi baterako langileek Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrarekin gutxienez abenduaren 31ra arte lan-hitzarmena dutela egiaztatu beharko dute. Horretarako, eskaera orriarekin batera, zerbitzu zuzendariak sinatutako agiria aurkeztu beharko dute. Agiriak eskaera-epe barruan sinatutakoa izan beharko du eta kontratuaren hasiera eta bukaera egunak adieraziko ditu.
Lanorduz kanpoko ikastaroetan matrikulatzea.
Langileak egindako eskaera IVAPek aztertu eta, hala balegokio, onartu ondoren, IVAPek matrikula orria bidaliko du langilearen zerbitzu zuzendaritzara, honek langile bakoitzari berea helarazi diezaion.
Matrikulazioa gauzatzeko ezinbestekoa da matrikula orria euskaltegian edo autoikaskuntzako zentroan entregatzea.
Langilea inon matrikulatzen ez bada, ahalik eta lasterren itzuli behar du bere matrikula orria IVAPera.
Langileak egin duen matrikularen kostua IVAPek ordainduko du, ondorengo baldintza hauek betetzen badira betiere:
Matrikula orria garaiz entregatzea: ikastaroa hasten denerako matrikula orria euskaltegian edo autoikaskuntza zentroan aurkeztu behar da. 2009ko urriaren 23tik aurrera entregatzen bada, IVAPek ez du matrikula ordainduko.
Aurreko 11.1 oinarrian ezartzen diren ikastaroen ezaugarriak betetzea.
Langileak egin duen matrikulak ez baditu aurreko baldintzak betetzen, IVAPek ez du ordainketarik egingo. Kasu horretan, IVAPek ukapenaren berri emango dio langilearen saileko zerbitzu zuzendaritzari.
Aldiz, langileak egin duen matrikulak aurreko baldintzak betetzen baditu, IVAPek langilearen matrikula onartu eta dagokion kostua ordainduko du.
Kontuan izan behar da langileak euskaltegian egin duen matrikula IVAPek onartzeak berekin dakarrela matrikula horri dagokion kostu osoa ordaindu beharra.
Ondorioz, diru-baliabideen erabilera zentzuzkoa eta arrazoizkoa ziurtatu ahal izateko, ikasleari eskatuko zaio hamabigarren oinarrian ezarritako gutxieneko aprobetxamendua betetzea.
Eskolan hastea lanorduz kanpoko ikastaroetan.
Ikastaroa hasten den egunean bertan hasi beharko du langileak eskolan. Arrazoi didaktikoak eta antolamenduzkoak direla medio, IVAPek ez du onartuko urriaren 23a baino beranduago hasterik eskolan.
Urriaren 23a iragan ondoren, IVAPek bertan behera utziko ditu eskolan hasi ez diren langileen eskaerak.
Bakar-bakarrik gaixotasun-arazoengatik eskolan hasi ez diren langileei onartuko die IVAPek beranduago hastea. Horretarako, baldintza hauek bete beharko dira:
IVAPek aldez aurretik jakin behar du langilea ez dela, gaixotasunagatik, eskolan garaiz hasiko. Horretarako, ikastaro hasieran, langileak horren berri eman behar dio IVAPi.
Eskolan hasi ahal izateko eskaera egitea: langileak ezin du bere kabuz eskolan hasi gaixoaldiaren ondoren. Eskolan hasteko prest dagoenean eskolatzea eskatu beharko dio IVAPi idatziz. Eskaera horretan gaixoaldia zuritzen duen agiria edo agiriak erantsi beharko dira.
Galdutako eskola-orduen muga igaro gabe egotea: ikastaro osoaren eskola-orduen % 20 igaro aurretik hasi beharko da langilea eskolan.
IVAP saiatuko da gaixotasunak eragindako beranduko eskolatze horiek bideratzen, horretarako dituen bitartekoen mugapean.
Eskolara joateari uztea lanorduz kanpoko ikastaroetan.
Eskolan hasi ondoren ikasleak ikastaroa behin betiko uztea erabakitzen badu, horren berri eman behar dio irakasleari eta IVAPi eskola uztea gertatzen den momentuan.
Horretarako, «Jakinarazpena: eskoletara joateari uztea» izeneko inprimakia bete, eta, herri-erakundearen izenpea duela, IVAPera bidali behar du.
Beranduenez ere, eskola uztea gertatu eta 15 laneguneko epean bidali behar da jakinarazpena IVAPera.
Inprimakia honako helbide elektroniko honetan eskura daiteke:
www.ivap.euskadi.net (honen barruan bide honi jarraitu behar zaio: euskara>euskara ikastaroak>inprimakiak).
Hamabigarrena. Lanorduetako nahiz lanorduz kanpoko ikastaroen aprobetxamendua.
Langileak urratsak gainditzeko ezarritako aldizkako ebaluazio probak egiteko konpromisoa hartzen du.
IVAPek nahikotzat jotzen du aprobetxamendua ikasturte osoko asistentzia, gutxienez, % 80koa izan bada.
Sail bakoitzak eskura izango du bere langileen asistentziari eta ebaluazioei buruzko informazioa IVAPen aplikazio informatikoan. Sail bakoitzari dagokio balioespena egitea eta, IVAPen proposamenak kontuan hartuta, ongien iritzitako erabakiak hartzea.
Agerturiko irizpideok osatzen dute aprobetxamendu maila, Administrazioaren zerbitzupean diharduten funtzionarioen lan baldintzak arautzen dituen Hitzarmeneko 10. artikuluan zehazten den baimena eman ahal izateko exijitu beharrekoa.
Hamahirugarrena. Ikasleei buruzko informazioa.
Euskara ikastaroa kudeatu ahal izateko ezinbestekoa da ikasleei buruzko hainbat datu pertsonal jasotzea, tratatzea, fitxategi batean biltzea eta dagokion sailari lagatzea. Horrela, IVAPek lanorduetan nahiz lanorduz kanpo ari diren ikasleen asistentzia eta ebaluazio datuak jasoko ditu eta sail bakoitzari bere ikasleei dagozkienak jakinaraziko dizkio. Halaber, IVAPek sailen eskura jarriko ditu lanorduetako ikasleen aprobetxamenduari buruzko txostenak.
Ebazpen honen ondorioz jasoko diren datu pertsonalen tratamendua, bai Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoak, bai datu pertsonalak gordetzen dituzten fitxategi automatizatuen segurtasun-neurrien Araudiak (ekainaren 11ko 994/1999 Errege Dekretuaren bidez onartutakoa) xedatutakoaren arabera egingo da.
Deialdi honetara biltzen diren langileek onartu egiten dute ebazpenaren helburua betetzeko jasoko diren datu pertsonalen tratamendua. Beraz, onartu egiten dute IVAPek datuak jasotzea eta dagozkien sailei jakinaraztea bai euren asistentziari eta ebaluazioari dagokienez eta baita euren aprobetxamenduari buruzko txostenei dagokienez ere. Onartu egiten dute, era berean, datu-lagapenak egitea Kultura Saileko Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzari, normalkuntza planaren betetze maila ebaluatzeko txostenak egin ditzan, (Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioetan euskararen erabilera normalizatzeko prozesua arautzen duen apirilaren 15eko 86/1997 Dekretuaren 6. art.). Onartu egiten dute azkenik, datu-lagapenak egitea Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzeko Erakundeari HABE-, (Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioetan euskararen erabilera normalizatzeko prozesua arautzen duen apirilaren 15eko 86/1997 Dekretuaren seigarren xedapen gehigarrian ezarritakoaren arabera).
Ikasleei buruzko datu pertsonalak Datuak Babesteko Agentzian erregistratutako «Funtzionarioak euskalduntzea» izeneko fitxategian egongo dira. Ikasleek fitxategiko datuetara sartzeko, datuok aldatu eta deuseztatzeko eskubidea erabili nahi izanez gero, IVAPeko Idazkaritza Nagusira jo dezakete: Donostia-San Sebastián kalea, 1; 01010 Vitoria-Gasteiz.
Barnetegiko ikastaroak.
Barnetegiko ikastaroak Zornotzako barnetegian eta Lazkaoko Maizpide euskaltegian egin ahal izango dira.
Barnetegiko ikastaroen egutegia nahiz ordutegia euskaltegien eskaintzaren arabera alda daiteke.
IVAPek bere gain hartuko ditu matrikula eta egonaldiaren gastuak.
Bost orduko ikastaroak.
Euskalduntzeko nahiz alfabetatzeko ikastaroak dira. Modulu honek egun osoko lan-liberazioa eskatzen du, eskola orduei ikasleak lan pertsonalerako behar duen denbora gehitu beharra dagoelako.
Ikastaroek, betiere, lauhileko iraupena dute, lehenengo lauhilekoaren iraupena ondorengoa delarik:
Urriak 1 otsailak 12 (hiru ebaluazio egingo dira euskalduntzean).
Abenduaren 24tik urtarrilaren 3ra artekoak, biak barne, ez dira eskola egunak izango.
Modulu honetan hiru ebaluazio egingo dira.
IVAPek bere gain hartuko ditu matrikula gastuak.
Bi orduko ikastaroak.
Euskalduntzeko nahiz alfabetatzeko ikastaroak dira.
Ordutegiak:
Bilbao eta Donostia 08:00-10:00 15:30-17:30
Gasteiz 08:00-10:00 14:40-16:40
Egutegiak:
Goizez: urriak 1 maiatzak 28 (bi euskalduntze-ebaluazio egingo dira).
Arratsaldez: urriak 1 maiatzak 27 bi euskalduntze-ebaluazio egingo dira).
Abenduaren 24tik urtarrilaren 7ra artekoak, biak barne, ez dira eskola egunak izango.
Era berean, ez dira eskola egunak izango martxoaren 29tik apirilaren 11ra artekoak, biak barne.
Arratsaldeko eskolak astelehenetik ostegunera bitartekoak dira administrazioko taldeetan.
Modulu honetan bi ebaluazio egingo dira.
Laugarren urratsetik gorako administrazioko taldeek astebeteko ikastaro trinkoa egin ahalko dute (egunean 5 ordukoa), horretarako dauden baliabideen arabera.
Astebeteko ikastaroaren datak gerturatu ahala, IVAPek zerbitzu zuzendariei bidaliko die joango diren langileen zerrenda, zerbitzuko beharrizanak aurreikusita, ikastaroa egin ahal izan dezaten. Langileren batek joaterik ez badauka, aldez aurretik idatziz adierazi beharko du.
Talderen batek, egunean 5 orduko ikastaroa egin ordez, astebeteko barnetegialdia egitea eskatzen badu, IVAP ahaleginduko da aukera hori bideratzen. Horretarako, ezinbestekoa izango da taldeko ikasle guztiak joatea barnetegira.


