Euskadi.eus
  • EBAZPENA, 2009ko apirilaren 21ekoa, (IVAP) Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendariarena. Ebazpen honen bidez, 4. hizkuntza-eskakizunaren araberako gaikuntza-ikastaroen deia egiten da, 2009-2010 ikasturterako eta Euskal Autonomia Erkidegoko herr - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus

Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2009ko apirilaren 21ekoa, (IVAP) Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendariarena. Ebazpen honen bidez, 4. hizkuntza-eskakizunaren araberako gaikuntza-ikastaroen deia egiten da, 2009-2010 ikasturterako eta Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioetako langileei zuzenduta.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Ogasun eta Herri Administrazio Saila; HAEE
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 87
  • Hurrenkera-zk.: 2487
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2009/04/21
  • Argitaratze-data: 2009/05/11

Gaikako eremua

  • Gaia: Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Funtzio publikoa

Testu legala

4. HIZKUNTZA-ESKAKIZUNA PRESTATZEKO IKASTAROAREN OINARRIAK 2009-2010 IKASTURTERAKO

Lehenengoa. Deialdiaren helburua.

  1. Deialdi honen helburua da Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioetako langileen hizkuntza-gaitasunean eragitea eta bultzatzea, 86/1997 Dekretuaren eranskinean azaltzen diren 4. hizkuntza-eskakizunaren gaitasunak lortze aldera.

  2. Hau da 2009-2010 ikasturterako egingo den deialdi bakarra.

    Bigarrena. Nori zuzendua.

  1. Deialdi honetan parte har dezakete EAEko herri-administrazio hauetako langileak:

    Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorra eta beronen erakunde autonomoak. Hezkuntzako irakasleak eta ertzainak deialdi honetatik kanpo geratzen dira.

    IVAPekin lankidetza-hitzarmena sinatu duten herri-erakundeak. Lankidetza-hitzarmen hori 2005eko azaroaren 30eko Aginduak arautzen du: Agindua, Ogasun eta Herri Administrazio sailburuarena. Agindu honen bidez, batetik, arautzen da Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak Euskal Autonomia Erkidegoko herri-erakundeei eskainiko dien hizkuntza-prestakuntzako zerbitzua, eta bestetik, ezartzen dira euskara-ikastaroetara doazen udal-langileak ordezkatzeko diru-laguntzen arauak (EHAA: 2005-12-19).

  2. Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazio horietan lan egiten duten langileek bakarrik eska dezakete ikastaroa.

    Hirugarrena. Eskariak onartzeko baldintzak eta lehentasunak.

  1. Eskatzaileek ikastaro-eskaria egitean 3. HE egiaztatuta edo baliokidetuta izan behar dute.

    Ezinbestekoa izango da 3. HEren baliokidetza IVAPeko hizkuntza-eskakizunen erregistroan jasota egotea, ikastarorako eskaria onartzeko.

    Baliokidetza erregistroan jaso ahal izateko, aldez aurretik interesatuak berak horretarako eskaera egin behar dio IVAPi idatziz. Hori egin ezean, eskaera ez da onartuko.

  2. Eskatzaileek lanpostuan 2. edo 1. HE badute, unibertsitateko ikasketa mailari dagokionez, gutxienez diplomatuak izan behar dira.

  3. Eskariak onartuak izan daitezen, ezinbestekoa da zerbitzu zuzendariaren edo dagokion langile-arduradunaren baimena eskabidean bertan agertzea.

  4. Erakunde bakoitzak bere irizpideak erabiliko ditu euskarazko hizkuntza-prestakuntza lanorduetan jasotzeko baimenak ematerakoan. Eusko Jaurlaritzako langileen kasuan, Funtzio Publikoaren Sailburuordetzaren 2004ko maiatzaren 27ko Instrukzioan zehaztutako irizpideak erabiliko dituzte sailek.

  5. IVAPek bere aurrekontu-bitartekoen barruan emango du hizkuntza-prestakuntza, eta ezingo balitu jasotako ikastaro-eskari guztiak bideratu, IVAPek eskabide guztiak aztertu egingo lituzke, ikastaroaren eskaria aurrekontu-bitartekoetara ahalik eta ongien egokitu dadin. Hala ere, lanpostuan 4. HE ezarrita duten langileek izango dute ikastaroan parte hartzeko lehentasun osoa.

  6. Ikastaroa egin ahal izateko, eskatzaileek sarrera-proba egin beharko dute, eta ez dira ikastaroan onartuko parte hartzeko gutxieneko mailatik behera gelditzen direnak.

    Laugarrena. Ordu-kreditua.

    Deialdi honetara biltzen diren eskariek ordu-kredituaren sistema izango dute ezarrita.

    Eusko Jaurlaritzako langileen kasuan, 2004ko apirilaren 30eko Aginduak ezarritakoari jarraituko zaio (Agindua, Ogasun eta Herri Administrazio sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko langileen euskalduntzean aplikatuko diren ordu-kredituak ezartzen dituena; EHAA: 2004-05-07).

    IVAPekin lankidetza-hitzarmena duten erakundeetako langileen kasuan, deialdi honetako 2.1 puntuan aipatu den 2005eko azaroaren 30eko Aginduak ezarritakoari jarraituko zaio (Ordu-kredituari buruzko zehaztapenak 6. artikuluan daude jasota).

    Bosgarrena. Sarrera-proba.

  1. Nagusiki, ahozko eta idatzizko trebetasunak neurtuko dira eta proban lortutako emaitzen arabera eratuko dira ikastaldeak.

  2. Sarrera proba ekainean egingo da. Eguna, tokia eta ordua, eskaera guztiak aztertutakoan jakinaraziko dizkio IVAPek eskatzailearen erakundeari.

  3. Eskatzailea sarrera-proba egitera ez badoa, bazter utziko da haren ikastaro-eskaria, baldin eta ondorengo bi lanegunen barruan etorri ezina idatziz arrazoitzen ez badu. Etorri ezina behar bezala arrazoitzen duten guztiei, ordea, beste egun bat ezarriko zaie, irailaren lehenengo hamabostaldian, sarrera-proba egin dezaten.

  4. Sarrera-probak zuzendutakoan, IVAPek irailean jakinaraziko dio erakunde bakoitzari onartutako eskatzaileak zein talde, ikastoki, ordutegi eta egutegi duen.

    Seigarrena. Ikastaroaren ezaugarriak.

  1. Ikastaroa 2009ko urriaren 1ean hasiko da, eta 2010eko maiatzaren 27an amaituko da. Ikastaroaren iraupenaren aurreikuspena 240 ordukoa da.

  2. Astean lau eskola-saio izango dira, astelehenetik ostegunera, eta bakoitza bi ordukoa izango da.

  3. Bi ordutegi daude aukeran, goizez edo arratsaldez:

    Goizez: 8:00-10:00.

    Arratsaldez, ikastokiaren arabera aldatzen da:

    Bilbo eta Donostia: 15:30-17:30.

    Gasteiz: 14:40-16:40.

  4. Lau hizkuntza-trebetasunak (mintzamena, entzumena, irakurmena eta idazmena) lantzen dira, baina, batez ere, mintzamenak eta idazmenak dute lehentasuna.

  5. Administrazioaren komunikazioetan berebiziko garrantzia dute idazkiek; horregatik, ikastaroan testu-mota ohikoenak landuko dira: ofizioak, gutunak, egiaztagiriak, oinarriak, txostenak, ebazpenak, aginduak... Horien lanketan, hizkera argiaren erabilera sustatuko da.

  6. Hiru moduluk osatzen dute ikastaroa. Modulu bakoitzak 80 bat ikastordu ditu. Modulu guztiak elkarren osagarri direnez, ikastaroa lehenengo modulutik hasi eta modulu guztiak hurrenez hurren egingo ditu ezinbestean ikasleak. Beraz, ez da onartuko 2. modulutik aurrera hasterik, ezta modulu solteak egiterik ere.

  7. Modulu bakoitza amaitzean horren ebaluazioa egingo da. Ebaluazio-proba nahitaezkoa da, eta emaitza ikaslearen saileko Zerbitzu Zuzendaritzari edo pertsonal arloko arduradunari jakinaraziko dio IVAPek, modulu bakoitza bukatutakoan.

  8. Ikastaldeak osatzeko hamar ikasle beharko dira gutxienez. Ikastaldeak Autonomia Erkidegoko lurralde historikoetako hiriburuetan eratuko dira. Hala ere, IVAPen esku dago ikastaldeak beste nonbait ere eratzea, erakunderen batek eskatuz gero, eta beti eta erakunde horrek taldea osatzeko beste eskatzaile baditu.

  9. Ikastaroa on-line.

  1. hizkuntza-eskakizuna prestatzeko ikastaroak aurrez aurrekoak izango dira. Halere, lanpostuaren ezaugarriengatik egunero eskolara joateko berebiziko zailtasunak dituzten langileek ikastaroa on-line modalitatean egiteko aukera izango dute.

    On-lineko modalitatean langileek internet bidez egingo dute ikastaroa eta, hilean bitan, goiz osoko saio presentzialetara joan beharko dute irakasleekin eta beste ikaskideekin batera.

    Erakundeek kontuan izan behar dute, langileei on-lineko ikastaroa egiteko baimena emateak berarekin dakarrela saio presentzialetara joateko baimena ere ematea.

    Hori dela eta, IVAPek bazter utziko ditu saio presentzialetara joateko baimenik ez duten on-lineko eskaerak.

    Ikastaro honen iraupena aurrez aurreko saioen parekoa izango da (240 ordu). Eskatzaileek jabetu behar dute modalitate honek aurrez aurreko eskolen dedikazio eta ahalegin bertsua eskatuko diela, gutxienez. Beraz, modalitate hau eskatzen dutenek konpromisoa hartzen dute ikastaroak exigitzen dien dedikazioa emateko.

    Modulu honetan dabiltzanei ordu-kredituaren sistema ezarriko zaie ebazpen honen laugarren oinarrian jasotzen denaren ildotik.

    Antolamendu- eta aurrekontu-arrazoiengatik, herri-administrazio guztietatik jasotako eskaeren artean IVAPek gehienez 24 ikasleri jarri ahalko dio on-lineko ikastaroa. Beraz, on-linerako eskaera egiteak ez du automatikoki lekua ziurtatzen.

    Aurreikusitako 24 lekuak erabakitzeko, IVAPek irizpide-hurrenkera hau aplikatuko du:

    Eskatzailearen lanpostuaren hizkuntza-eskakizuna.

    Eskatzailearen lanpostuaren derrigortasun-data.

    Eskatzailearen lan-harremana.

    Irizpide horiez gain, kontuan hartuko dira eskatzaileak sarrera proban lortutako emaitzak eta talde presentzialetan parte hartzeko eskatzaileak dituen zailtasunak.

    On-linerako onartuta egon arren eskatzaileren batek ez badu ikastaroa egingo, bere erakundeak lehenbailehen eman behar dio horren berri IVAPi, eskatzaile horren ordez beste eskatzaile bat sartu ahal izateko.

    Baztertuta geratzen diren on-lineko eskatzaileek lekua izango dute eskola presentzialetan, betiere ikastaro presentziala egiteko nahia adierazi baldin badute eskaera-inprimakian, horretarako espresuki agertzen den laukian.

    Edonola ere, ikaslea ez bada urriaren 23a baino lehen hasten ikastaroan, IVAPek baja emango dio bere eskaerari, eta ezingo du ikastaroa egin.

    On-lineko ikastaroan dabiltzan ikasleen kasuan asistentziak hiru hilerik behin jasoko dira. Ondorioz, ordu-kredituaren saldoa epealdi horien arabera eguneratuko zaie.

    On-lineko ikastaroaren ebaluazioa presentziazko ikastaroetan egiten den epe eta modu bertsuan egingo da, deialdi honetako 6.7 atalean aipatzen den eran.

    Zazpigarrena. Asistentziaren jarraipena.

  1. Erakundeak langileari baimena ematean, langile horren ikaskuntza bermatzeko konpromisoa hartzen du. Horregatik, Zerbitzu Zuzendaritzak, edo dagokion langile-arduradunak behar den jarraipena egingo du baimendutako epean langilea etenik gabe eskolara dadin, langilearen eta bere ikaskideen ikaskuntzak oztoporik eta kalterik ez izateko.

    Era berean, erakundeen ardura da ikastaroa egingo duten langileen oporraldiak eskolarik ez den sasoietara egokitzea, ikastaroaren aprobetxamenduan kalterik ez eragiteko.

  2. Ikastaroa lanorduetan egiten duten langileen kasuan ikasgela lantoki dute ondorio guztietarako. Beraz, eskolaratze- eta puntualitate-huts guztiak zerbitzu-zuzendariaren edo dagokion langile-arduradunaren aurrean zuritu beharko dituzte beste laneratze-hutsak bezalaxe.

  3. Ikastaroa hasten den egunean bertan hasi beharko dute langileek eskolan. Didaktika eta antolakuntza arrazoiak direla eta, IVAPek ez du onartuko urriaren 23a baino beranduago hasterik eskolan.

    Horrenbestez, urriaren 23a iragan ondoren, IVAPek bertan behera utzi ahal izango ditu eskolan hasi ez direnen eskaerak.

  4. Asistentziaren kontrola eta gutxieneko asistentzia:

    Ikaslearen asistentziaren kontrola egingo da eta, hilero, ikaslearen erakundeko zerbitzu-zuzendariari edo zeregin horretarako izendatuta dagoen solaskideari bidaliko dio IVAPek.

    Ikastaroaren aprobetxamendua bermatzeko, eta horretarako langileen eskura jartzen diren giza eta diru-baliabideak optimizatu ahal izateko, ikasleek gutxieneko asistentzia izan beharko dute ikastaroan.

    Horregatik, arau orokor modura honako neurri hau ezartzen da: ikasleek gutxienez % 80ko asistentzia izan behako dute ikastaroan.

    Eskola-hutsegiteak ikastaroaren hasiera-egunetik bertatik jasoko dira, nahiz eta ikaslea beranduago hasi ikastaroan.

  5. Gaixotasunak eragindako beranduko eskolatzeak:

    Bakar-bakarrik gaixotasunak eragindako arazoengatik eskolan hasi ez diren langileei onartuko die IVAPek beranduago hastea. Horretarako, baldintza hauek bete beharko dira:

    1. IVAPek aldez aurretik jakin behar du langilea ez dela eskolan garaiz hasiko gaixotasunagatik. Horretarako, ikastaro hasieran, zerbitzu zuzendariek edo dagokion langile-arduradunek egoera horretan dauden langileen zerrenda bidali behar dute IVAPera. Zerrendan, NAN zenbakia eta izen-abizenak zehaztu behar dira.

    2. Eskolan hasi ahal izateko eskaera egitea: langilea ezin da bere kabuz eskolan hasi gaixoaldiaren ondoren. Eskolan hasteko prest dagoenean, bere zerbitzu zuzendariak eskolatzea eskatu beharko dio IVAPi idatziz.

    3. Galdutako eskola-orduen gehienezko muga igaro gabe egotea: ikastaro osoaren eskola-orduen % 20a igaro aurretik hasi beharko da langilea eskolan.

      IVAP saiatuko da gaixotasunak eragindako beranduko eskolatze hauek bideratzen, horretarako dituen bitartekoen mugapean.

      Gaixotasunagatik ikastaro hasieran galdutako orduak zenbatu egingo dira.

      Atal honetan ezarritakoak berdin eragingo die on-lineko moduluan onartuak izan direnei.

      Zortzigarrena. Eskoletara joateari uztea.

      Ikasleak ikastaroa behin betiko uzten baldin badu, horren berri eman behar die bere prestakuntzaz arduratzen diren eragileei. Horrela egin ezik, ordu-kreditua agortzen jarraituko du. Eskola uztea gertatzen den momentuan bertan jakinarazi behar die langileak:

      Irakasleei: ikasleak ikastaroa utziko duela jakinarazi behar die irakasleei, hauek eskolak utzitako data jarri eta asistentzia-datu gehiagorik sar ez dezaten.

      Bere herri-erakundeari: ikasleak bere herri-erakundeari jakinarazi behar dio egiten ari den ikastaroa utzi egin duela.

      IVAPi: ikasleak IVAPi ere jakinarazi behar dio ikastaroa utzi duela ordu kredituaren zenbaketa eten dezan.

      Horretarako, «Jakinarazpena: eskoletara joateari uztea» izeneko inprimakia bete eta, bere Zerbitzu Zuzendaritzaren edo bere erakundeko pertsonal arloko arduradunaren izenpea duela, IVAPera bidali behar du.

      Beranduenez ere, eskola uztea gertatu eta 15 laneguneko epean bidali behar da jakinarazpena IVAPera.

      Inprimakia honako helbide elektroniko honetan eskura daiteke:

      www.ivap.euskadi.net

      (euskara > euskara ikastaroak > inprimakiak)

      Bederatzigarrena. Noiz eta nola egin eskaera.

      1. Eskaera nork bere erakundean egiteko epea maiatzaren 12tik 28ra izango da, biak barne.

      2. Bitarteko funtzionarioen eta aldi baterako langileen eskabideak:

        Bitarteko funtzionarioek eta aldi baterako langileek gutxienez abenduaren 31ra arteko lan-hitzarmena dutela egiaztatu beharko dute. Horretarako, lan-hitzarmenaren hasiera eta amaiera egunak adierazi beharko dituzte eskaera orrian.

      3. Eusko Jaurlaritzako eskaerak.

        Eusko Jaurlaritzako langileek bi bide dituzte eskaera egiteko: paperezkoa eta telematikoa.

      1. Paperezko eskabidea egin nahi izanez gero, IVAPek beren-beregi prestatutako orria erabili beharko da. Inprimakia guztien eskura dago ondorengo helbide elektroniko honetan:

        www.ivap.euskadi.net

        (euskara>euskara ikastaroak>inprimakiak)

        Langileak bere saileko zerbitzu-zuzendariari bidali behar dio eskabidea. Horretarako azken eguna maiatzaren 28a da.

        Eskatzaileak lanpostuan 1. edo 2. HE ezarrita baldin badu, 3.2 oinarrian eskatzen den unibertsitate-titulazioaren fotokopia erantsi beharko dio eskari-orriari.

        Sail bakoitzean jasotako eskabideak sailak berak grabatuko ditu horretarako duen IVAPen aplikazio informatikoan. Baimena sail bakoitzak eman edo ukatuko die eskaerei. IVAPek espresuki adieraziko die sailei eskariak baimentzeko edo ukatzeko emateko epea.

      2. Eskabide telematikoa egin nahi izanez gero, norberaren ordenagailutik egin beharko da, intraneten bidez. Horretarako, Eusko Jaurlaritzako intraneteko Jakina atarian IVAPek ezarritako helbide honetara jo beharko da:

        www.ivap.jakina

        Sistema hau erabili ahal izateko, eskatzaileak lehenik XL-Nets segurtasuneko sistemaren bitartez identifikatu behar du bere burua.

        Eskatzaileak lanpostuan 1. edo 2. HE ezarrita baldin badu, Zerbitzu Zuzendaritzara bidali beharko du 3.2 oinarrian eskatzen den unibertsitate-titulazioaren fotokopia.

        Eskabide telematikoak sail bakoitzak kudeatuko ditu horretarako duen IVAPen aplikazio informatikoan. Baimena sail bakoitzak eman edo ukatuko die eskaerei, IVAPek espresuki adieraziko duen epean.

      1. IVAPekin lankidetza-hitzarmena duten erakundeetako eskaerak.

        1. Lankidetza-hitzarmena duten erakundeetako langileek IVAPek beren-beregi prestatutako paperezko eskabidea erabili beharko dute. Inprimakia guztien eskura dago ondorengo helbide elektroniko honetan:

        www.ivap.euskadi.net

        (euskara>euskara ikastaroak>inprimakiak)

        2. Eskatzaileak erakundeko langile-arduradunaren baimena beharko du eskaera onartua izan ahal izateko. Baimena eskabidean agertuko da, sinaduraz eta zigiluaz egiaztatuta.

        3. Eskatzaileak lanpostuan 1. edo 2. HE ezarrita baldin badu, 3.2 oinarrian eskatzen den unibertsitate-titulazioaren fotokopia erantsi beharko dio eskari-orriari.

        4. Eskatzailearen erakundeko zerbitzu-zuzendariaren edo dagokion langile-arduradunaren gain gelditzen da IVAPera bidaltzea erakundeak baimendutako eskabideak, datu guztiak beterik eta behar diren baimenaz eta sinaduraz horniturik. Helbide honetara bidali behar dira eskabideak: IVAPeko zuzendaria/ Donostia kalea, 1; 01010 Vitoria-Gasteiz.

        5. IVAPek erakundeei jakinaraziko die zein epe duten baimendutako eskaerak bidaltzeko. Epe horretatik kanpo bidalitakoak ez dira onartuko. Horretarako, eskabideak bidaltzeko ofizioaren irteera data hartuko da kontuan.

        6. IVAPek eskabideak aztertu eta gero, idatziz jakinaraziko dio eskatzailearen erakundeari baztertutako eskaerak zeintzuk diren. Onartutakoen kasuan, sarrera-proba nork egin behar duen eta, non eta noiz egin behar duen jakinaraziko dio soilik.

        Hamargarrena. Ikasleei buruzko informazioa eta datuen babesa.

        Ikastaroa kudeatu ahal izateko beraz, ezinbestekoa da ikasleei buruzko hainbat datu pertsonal jasotzea, tratatzea, fitxategi batean biltzea eta dagokion erakundeari lagatzea. Horrela, IVAPek ikasleen asistentzia eta ebaluazio datuak jasoko ditu eta erakunde bakoitzari bere ikasleei dagozkienak jakinaraziko dizkio.

        Ebazpen honen ondorioz jasoko diren datu pertsonalen tratamendua, bai Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoak, bai datu pertsonalak gordetzen dituzten fitxategi automatizatuen segurtasun-neurrien Araudiak (ekainaren 11ko 994/1999 Errege Dekretuaren bidez onartutakoa) xedatutakoaren arabera egingo da.

        Deialdi honetara biltzen diren langileek onartu egiten dute ebazpenaren helburua betetzeko jasoko diren datu pertsonalen tratamendua. Horrela, onartu egiten dute IVAPek datuak jasotzea eta dagozkien erakundeei jakinaraztea, euren asistentziari eta ebaluazioari dagokienez. Onartu egiten dute baita ere, datu-lagapenak egitea Kultura Saileko Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzari, normalkuntza planaren betetze maila ebaluatzeko txostenak egin ditzan, (Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioetan euskararen erabilera normalizatzeko prozesua arautzen duen apirilaren 15eko 86/1997 Dekretuaren 6. art.). Onartu egiten dute, era berean, datu-lagapenak egitea Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzeko Erakundeari HABE-, (Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioetan euskararen erabilera normalizatzeko prozesua arautzen duen apirilaren 15eko 86/1997 Dekretuaren seigarren xedapen gehigarrian ezarritakoaren arabera). Azkenik, onartu egiten dute datu-lagapenak egitea 4. HEko ikastaroko eskolak emateko hitzarmena esleituta duen enpresari.

        Ikasleei buruzko datu pertsonalak Datuak Babesteko Agentzian erregistratutako «Funtzionarioak euskalduntzea» izeneko fitxategian egongo dira. Ikasleek fitxategiko datuetara sartzeko, datuok aldatu eta deuseztatzeko eskubidea erabili nahi izanez gero, IVAPeko Idazkaritza Nagusira jo dezakete: Donostia-San Sebastián kalea, 1; 01010; Vitoria-Gasteiz.

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik