- EBAZPENA, 2009ko urriaren 23koa, Ingurumeneko sailburuordearena, Cerámica Marlo SAri ingurumen-baimen bateratua ematen diona, Armiñongo udalerrian (Araba) zeramika-adreiluak fabrika ditzan. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus
Arautegia
InprimatuEBAZPENA, 2009ko urriaren 23koa, Ingurumeneko sailburuordearena, Cerámica Marlo SAri ingurumen-baimen bateratua ematen diona, Armiñongo udalerrian (Araba) zeramika-adreiluak fabrika ditzan.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Ebazpena
- Organo arau-emailea: Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 9
- Hurrenkera-zk.: 174
- Xedapen-zk.: ---
- Xedapen-data: 2009/10/23
- Argitaratze-data: 2011/01/14
Gaikako eremua
- Gaia: Ingurune naturala eta etxebizitza; Ekonomi Jarduerak; Garraio eta herri lanak
- Azpigaia: Ingurumena; Industria
Testu legala
2006ko abuztuaren 4an, Mª Luisa Martín Lozano andreak, Cerámica Marlo SA enpresaren izenean eta hau ordezkatuz Eusko Jaurlaritzako orduko Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Sailari ingurumeneko baimen bateratua ematea eskatu zion, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legeak xedatutakoaren arabera, Armiñongo udalerrian (Araba) adreiluak fabrikatzeko jarduerarako. Eskaerarekin batera proiektuak Armiñongo hirigintza-plangintzarekin duen bateragarritasunari buruzko 2005eko abenduaren 21eko udal-txostena eta ondorengo agiri teknikoak bidali zituen sustatzaileak:
Oinarrizko proiektua (2006ko uztaila).
Laburpen ez-teknikoa (2006ko uztaila).
Erreferentziako baimena eskatzeko orduan, Cerámica Marlo SA enpresak, besteak beste, 1980ko ekainaren 18ko jarduera-lizentzia zuen. Baimen hori zeramika fabrikatzeko eman zuten. Halaber, enpresa sustatzaileak 2005eko ekainaren 8ko ibilgura isurtzeko zegozkion baimenak, 2005eko urriaren 11ko kogenerazioko unitateko jarduera-lizentzia, eta ondorengo handitze eta berritzeak zituen.
2006ko irailaren 11n, Ingurumenaren Kalitatearen Zuzendaritzak prozeduran esku-hartzea duten hainbat organori txostenak eskatu zizkion, ingurumen organoaren bidez proiektua jendaurrean jartzeko izapidetzea adosteari dagokionez. Zehazki Armiñongo Udalari, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailari eta Ebroko Ur Konfederazioari kontsultatu zien.
2006ko azaroaren 24an eta 2007ko maiatzaren 25ean, ingurumen organoak agiri osagarriak eskatu zizkion sustatzaileari.
Ingurumeneko sailburuordeak 2007ko azaroaren 14an emandako ebazpenaren bidez, jendaurrean jarri zen 30 egun balioduneko epean, Cerámica Marlo SA enpresak sustatutako proiektua, egoki iritzitako alegazioak aurkezteko. Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian nahiz Arabako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, bietan 2007ko abenduaren 3an. Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoko bi egunkaritan argitaratu zen 2007ko abenduaren 2an, eta proiektuak hartuko duen eremuaren ondoko auzokide bakoitzari jakinarazpena bidali zitzaion.
Jendaurrean jartzeko izapidea amaitu ondoren, alegaziorik ez dagoela egiaztatu da.
Ingurumeneko baimen bateratuko espedientea ebazteko dokumentazioa osatzeko, Ingurumenaren Kalitatearen Zuzendaritzak dokumentazio gehiago aurkezteko eskatu zuen 2008ko ekainaren 3an.
Uztailaren 1eko 16/2002 Legearen 17. eta 18. artikuluetan xedatutakoa betez, 2008ko irailaren 19an Ingurumenaren Kalitatearen Zuzendaritzak txostenak eskatu zizkien Armiñongo Udalari eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailari, espedientean ageri den emaitza jasoz.
Beranduago, 2009ko martxoaren 10ean eta ekainaren 23an dokumentazio gehiago aurkezteko bi eskaera egin zitzaizkion sustatzaileari. Espedientea 2009ko ekainaren 30ean osatu zen.
2009ko uztailaren 20an Ingurumenaren Kalitatearen Zuzendaritzak txostena eskatu zion Ebroko Ur Konfederazioari.
2009ko irailaren 23an, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legearen 20. artikuluan xedatutakoa betez, espediente osoa Cerámica Marlo SA enpresaren esku utzi zen, Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailak egindako ebazpenaren proposamena gehituz. Horren inguruan ez da jakinarazpenik jaso.
Azkenik, 2009ko urriaren 20an Ebroko Ur Konfederazioak hondakin-uren isurketaren onargarritasunari buruzko txostena igorri zuen.
Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legearen 1. artikuluan xedatutakoaren arabera, lege horren xedea da atmosferaren, uraren eta lurzoruaren kutsadura saihestea edo, hori ezinezkoa denean, kutsadura hori gutxitu eta kontrolatzea; eta hori lortzeko, ingurumen osoaren babes maila altua helburutzat harturik, kutsadura prebenitu eta kontrolatzeko sistema integratu bat ezartzea.
Uztailaren 1eko 16/2002 Legea garatu eta burutzeko Erregelamendua onartzen duen apirilaren 20ko 509/2007 Errege Dekretuaren 3. artikuluan xedatutakoarekin bat eginez, baimen honetan sartzen dira ekoizpen-elementu eta -lerro guztiak; 16/2002 Legearen 1. eranskinean aipatzen ez diren arren, lege hori aplikatu beharreko esparruko jardueren instalazioetan gauzatzen direnak eta jarduera horrekin zerikusi teknikoa dutenak.
Uztailaren 1eko 16/2002 Legearen 9. artikuluak ezartzen duena betez, ingurumeneko baimen bateratua behar dute 1. eranskinean aipatzen diren jardueraren bat garatzen duten instalazioak eraiki, muntatu, ustiatu, lekuz aldatu nahiz funtsezko beste aldaketaren bat egiteko. 11. artikuluaren arabera, baimen honen oinarrizko helburua baldintzak ezartzea da, araua, berau aplika daitekeen instalazio guztietan betetzen dela bermatzeko; horretarako, baimena emateko parte hartuko duten Herri Administrazio desberdinen artean koordinatuta izango den prozedura bat erabili nahi da, izapideak erraztu eta partikularrek ordaindu beharreko kargak gutxitzearren. Era berean, indarrean dagoen araudiaren araberako ingurumeneko administrazio-baimen guztiak egintza administratibo bakar batean bildu nahi dira. Cerámica Marlo SA enpresaren kasuan, baimen hauek guztiak behar ditu: hondakin arriskutsu eta ez-arriskutsuak sortzeko baimena; ibilgura isurtzeko baimena; eta ingurumen izaerako beste zehaztapenen artean, atmosferaren kutsadurari dagozkion baimenak eta lurzoruaren kutsadurari aurrea hartu eta zuzentzeari dagozkionak. Era berean, beste administrazio eta erakunde eskudunek egindako txostenak aurkeztuko dituzte, espedientean parte hartzen dutela agerian utziz.
Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legearen 29. artikuluan xedatutakoaren arabera, ingurumeneko baimen bateratua emateko prozedurak Jarduera Gogaikarri, Osasungaitz, Kaltegarri eta Arriskutsuei buruzko azaroaren 30eko 2414/1961 Dekretuak aurreikusten duen jarduera sailkatuetarako udal-baimenaren prozedura ordezkatzen du; ez du ordezkatzen, ordea, udal-agintaritzak emango duen behin betiko ebazpena. Ondorio horietarako, ingurumeneko baimen bateratua udal-agintarientzat loteslea izango da, baldin eta lizentzia ukatzeko bada edota neurri zuzentzaileak ezartzeko bada; baita aipatu arauaren 22. artikuluan jasotako ingurumen-alderdiei buruzko aipamena egiten bada ere. 29. artikulu horretan aipatzen denez, goiko guztiak ez ditu kaltetuko autonomia-erkidego bakoitzean jarduera sailkatuei aplikatzekoak diren gainerako arauak. Transkribatutako aginduak aplikatuz, Cerámica Marlo SA enpresari dagokion ingurumeneko baimen bateratuaren prozedurak barne hartu ditu Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumena Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorrean aurreikusitako izapideak, eta Armiñongo Udalaren eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren txostenak eskatu dira, espedientean agertzen den bezala.
Instalazioak gehienez isur ditzakeen gai kutsagarrien balioak eta ingurumena, oro har, ahalik eta gehien babesteko ustiapenerako ezarriko zaizkion beste baldintza batzuk zehazte aldera, Ebazpen hau egiterakoan kontuan izan dira teknika onenen erabilera eta aplika dakiokeen alorreko legerian ezarritako baldintzak. Zehazki, Europako Batzordearen zeramikaren sektoreko 2007ko abuztuko BREF «Reference Document on the Best Available Techniques in the Ceramic Manufacturing Industry» txostenaren edukia hartu da kontuan. Horrez gain, araudi sektorialei dagokienez, kasu honetan aplikagarria da batez ere apirilaren 30eko 782/1998 Errege Dekretua. Honen bidez, Ontzien eta Ontzien Hondakinen apirilaren 24ko 11/1997 Legea garatu eta gauzatzeko Erregelamendua onartzen da.
Espedienteko txostenak aztertu ondoren, ebazpen proposamena sinatu eta Cerámica Marlo SA enpresak sustatutako proiektuak bete beharreko baldintzak ezarri ziren.
Goian adierazitako izapideak amaitu dira, eta Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legearen 20. artikuluan jasotzen den entzunaldi-izapidea bete da.
Organo hau da ingurumeneko baimen bateratu hau emateko eskuduna, aipatutako legearen 13. artikuluan eta Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Sailaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 25eko 340/2005 Dekretuaren 9. artikuluan ezarritakoari jarraituz.
Ondorengo araudia ikusi da: Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailak 2009ko irailaren 23an emandako ebazpen-proposamena; otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorra, Euskal Herriko Ingurumena Babesteari buruzkoa; 16/2002 Legea, uztailaren 1ekoa, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzkoa; urriaren 25eko 340/2005 Dekretua, Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Sailaren egitura organikoa ezartzen duena; 30/1992 Legea, azaroaren 26koa, Herri Administrazioen Araubide Juridikoa eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa, eta aplikatzeko den gainerako araudia,
Lehenengoa. Helbide soziala Armiñongo udalerriko (Araba) Logroño-Vitoria errepideko 54. km-an duen eta IFK A 01048354 zenbakia duen Cerámica Marlo, SA enpresari zeramika-adreiluak fabrikatzeko jarduerarako ingurumeneko baimen bateratua ematea, Ebazpen honen Bigarren atalean zehaztutako baldintzak jarraituz.
Jarduera Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legearen 1. eranskineko «Labean erreta produktu zeramikoak fabrikatzeko instalazioak, bereziki teilak, adreiluak, erregogorrak, azulejuak, edo apaindurako edo etxerako produktu zeramikoak, eguneko 75 tona baino gehiago ekoizteko gaitasunarekin, eta/edo 4 m3 baino gehiagoko labean erretzeko eta labeko 300 kg/m3 baino gehiagoko karga-dentsitateko gaitasunarekin» izeneko 3.5 kategorian dago.
Zeramika-adreiluen fabrikazioa buztina ehotuz hasten da. Hasieran xehagailuan ehotzen da eta, ondoren, mailuzko errotan. Jarraian, buztin ehotua oragailura heltzen da. Bertan ura eransten zaio eta amaierako nahasketa umeldegira bideratzen da. Umeldegian nahasketa homogeneizatzen da.
Buztina moldekatu aurretik, buztin hori umeldegitik jasotzen da amaierako produkturako nahi ditugun ezaugarriak emango dizkioten lehengaiak eransteko. Oragailuan moldekatzen da eta bertan nahasketari hezetasuna eransten zaio ur eta ur-lurrun moduan.
Oragailutik datorren nahasketa, ebaki ondoren, aire bero bidez lehortzen da. Lehortu ondoren lortutako piezak egosketa-bagonetetara deskargatzen dira labean sartzeko. Labean piezak egosten dira material zeramiko iraunkor bihurtzeko.
Azkenik, zumizteko, paletizatzeko, etiketatzeko eta plastifikatzeko unitateetara bideratzen dira adreiluak kanpora atera aurretik.
Urtero 83.493 tona adreilu ekoizten dira. Horretarako, lehengai nagusi gisa zeramika-buztina erabiltzen bada ere, duela gutxi material osagarri hauek erantsi zituzten: harrobiko silize-hondarrak, zerrautsak eta paper-fabrikako lohiak.
Ekoizpen-prozesurako eta zerbitzu osagarritarako honako energia-baliabide hauek erabiltzen dira: gas naturala, gasolioa eta energia elektrikoa. Ekoizpen-prozesuan gas naturala erabiltzen da erregai nagusi gisa. Urtean 32.292.315 kWh kontsumitzen dira. Halaber, enpresako ibilgailuentzako eta harrobiko palarako A gasolioa erabiltzen da, eta industria-makinetarako (orgatila jasotzaileak, dunperrak, ehotze-pala, eta abar), berriz, B gasolioa. Urtero 80.000 litro gasolio inguru kontsumitzen dira. Bestalde, instalazioko zerbitzu orokorrek urtero energia elektrikoko 4.284.000 kWh kontsumitzen dituzte.
Zeramika-adreiluak fabrikatzean atmosferara egiten diren isurketak, batez ere egosketa-labearekin (3 foku), lehortze-prozesuarekin (2 foku) eta prozesuko galdara batekin lotzen dira.
Era berean, honako zona edo prozesu hauei lotutako isurtze barreiatuak sortzeko hainbat puntu daude: umeldegia, ehotzea, zinta bidez buztina garraiatzea eta zerrautsa gordetzeko eremua.
Bestalde, Cerámica Marlo SA enpresan sortutako hondakin-uren artean daude olio eta koipeen bereizgailu batean tratatzen diren konpresoreen purgatzeak. Bertako efluentea zisterna batean biltzen da buztina oratzeko prozesuan berriz erabiltzeko; olio-fasea, berriz, baimendutako kudeatzaile baten bitartez kudeatzen da. Halaber, lohi-biltegia ukitzen duten euri-urak bildu eta ekoizpen-prozesuan erabiltzen dira berriz; horregatik, oso euri-ur gutxi isurtzen da eta, ur horien ezaugarriak kontuan hartuta, garbi gisa sailkatzen dira. Azkenik, komunetako ur sanitarioak hobi septiko batean tratatzen dira. Ondoren, putzu xurgatzaile batera bideratzen dira lurrean iragazteko.
Sortutako hondakinei dagokienez, hondakin horiek batez ere mantentze-lanak bezalako eragiketa orokorretatik datoz.
Produktu zeramikoak fabrikatzeko Europako BREFean (2007ko abuztuko «Reference Document on Best Available Techniques in the Ceramic Manufacturing Industry») identifikatutako teknika erabilgarri onenen artean azpimarratuko ditugu egosketa-prozesutik datozen atmosfera isurtzeko kutsatzaileak sortzea ekiditeko oinarrizko teknikak, hala nola, NOx, SOx edo KOHak bezalako atmosferara substantzia kutsatzaileak isurtzea eragin dezaketen erregaien kontsumoa murriztea. Era berean, BREFean identifikatutako isurtze barreiatuak sortzea ekiditeko ia neurri guztiak dituzte: hauts-itxurako eragiketak kapsulan sartzea, nahasgailuetan hautsen isurketa kontrolatzea, garraiagailuak karenatzea, haizeko pantailak eta instalazioak behar bezala mantentzea.
Bigarrena. Armiñongo udalerrian Cerámica Marlo SA enpresak sustatuta, zeramika-adreiluak fabrikatzeko jarduera ustiatzeko ondorengo baldintzak eta betebeharrak ezartzea:
Administrazioarekiko harremanez arduratuko den goi-mailako titulua duen pertsonaren gainean Ingurumeneko Sailburuordetzari eman dizkion datuetan aldaketarik balego, Cerámica Marlo SA enpresak aldaketa horien berri emango du.
Neurri babesle eta zuzentzaileak, sustatzaileak Ingurumen Sailburuordetza honetan aurkeztu dituen agirietan aurreikusita bezala burutuko dira, indarrean dagoen araudiaren arabera eta ondorengo ataletan ezarritakoari jarraituz:
1. Hondakinak jaso, ikuskatu eta biltegiratzeko baldintzak eta kontrolak.
Ondorengo taulan zehaztuko diren otsailaren 8ko MAM/304/2002 Agindu bidez argitaratutako hondakinen Zerrenda Europarrean sartutako hondakinak kudeatu ahal izango dira bakarrik:
Hondakin-mota EHZ kodea
Paper-fabrikako lohiak 030311
Zeramika-buztinak 010409
Zerrautsa 030105
Baimenaren helburu diren hondakin ez-arriskutsuak onartu aurretik, hondakin horiek onartzen dituztela frogatzen duen agiria igorriko zaio hondakinen titularrari. Agiri horretan onarpena zein baldintzetan egiten den zehaztuko dute. Agiri horren kopia Ingurumen Sailburuordetzara igorriko da.
Partida bakoitza jaso aurretik baldintza horiek bete direla egiaztatu beharko da.
Agiri-erregistro bat osatu beharko da. Bertan honako alderdi hauek zehaztuko dira, gutxienez:
Onartu eta balioztatutako hondakinen (hileroko laburpena) alderdi hauek:
Onartutako eta kudeatutako hondakinen jatorria eta kantitatea, hezetasun-ehunekoa barne hartuta.
Hondakinaren jatorria eta zein prozesutatik datorren.
Hondakina sortu duen enpresa.
Hondakina garraiatzen duen enpresa.
Baztertutako hondakinen (denbora errealean + hileroko laburpena) alderdi hauek:
Onarpen-irizpideak ez betetzeagatik baztertutako hondakinen kantitatea.
Baztertutako hondakina ekoiztu duen enpresa.
Hondakina baztertzeko arrazoia.
Baztertutako hondakinaren bukaerako helburua.
Beste hainbat gertakari.
Erregistro horren kopia igorri beharko da ingurumen-organo honetara sei hilero (bi alditan zatituta, urtarriletik ekainera eta uztailetik abendura).
2. Airearen kalitatea babesteko baldintzak.
2.1. Baldintza orokorrak.
Cerámica Marlo, SA instalazioa ustiatzean atmosferara egingo diren isurketek ez dituzte Ebazpen honetan ezarritako balioak gaindituko.
Prozesuan zehar atmosferara isurtzen den gai kutsatzaile oro bildu eta ihesbide egokienean zehar kanpora bideratuko da, behar denean, gai kutsatzaileen ezaugarrien arabera diseinatutako gasak arazteko sistema batetik igaro ondoren. Arau orokor hori bete beharrik ez dute izango gai kutsatzaileak mugarik gabe isuri eta horiek biltzea teknikoki edo ekonomikoki bideragarria ez denean, edota ingurunean kalte urria eragiten dutela egiaztatzen denean.
Neurriak hartuko dira ustekabean gai kutsatzailerik ez botatzeko, eta botatzen direnak giza osasunerako nahiz gizartearen segurtasunerako arriskutsuak izan ez daitezen. Gas-efluenteak tratatzeko instalazioak behar bezala eraiki, ustiatu eta mantenduko dira, efluenteen tenperatura- eta konposizio-aldakuntzei modu eraginkorrean aurre egiteko. Era berean, ahalik eta gehien murriztuko dira instalazio horiek gaizki dabiltzan edo geldirik dauden aldiak.
2.2. Fokuak identifikatzea. Katalogazioa.
Cerámica Marlo, SA enpresaren instalazioak ondorengo fokuak ditu, atmosfera babestearen arloan indarrean dagoen araudiaren arabera katalogatuta:
Foku zk. Foku-kodea Fokuaren izena Garaiera (m) Diametro baliokidea (m) Taldea UTM koodernatuak
X Y
1 1006411-01 Labeko errekuperazio-tximinia 10,3 1,69 B 521146 4728473
2 1006411-02 Labeko keen tximinia 12 1,25 B 521166 4728540
3 1006411-03 Labeko bobeda erauzteko tximinia 8 0,77 B 521161 4728535
4 1006411-04 Lehortegia (1. tximinia) 8,6 1,15 B 521170 4728507
5 1006411-05 Lehortegia (2. tximinia) 8,6 1,15 B 521175 4728507
6 1006411-06 Lurrun-galdara 8,8 0,25 C 521194 4728556
Gainera umeldegian hautsezko isurtze barreiatuak sortzen dira, bai eta buztina ehotzeko, zinta bidez materialak garraiatzeko eta zerrautsa gordetzeko prozesuetan ere.
2.3. Isurtzeko muga-balioak.
Instalazioa ustiatzean atmosferara egingo diren isurtzeek ez dituzte isurtzeko muga-balio hauek gaindituko:
Foku zk. Foku-kodea Fokuaren izena Substantziak Isurtzeko muga-balioak.
1, 2 eta 3 1006411-01
1006411-02
1006411-03 Labeko errekuperazio-tximinia
Labeko keen tximinia
Labeko bobedatik erauzteko tximinia Guztizko partikulak 20 mg/Nm3
CO 615 mg/Nm3
NOx 250 mg/Nm3
SO2 500 mg/Nm3
HCl gisako kloruroak 30 mg/Nm3
HF gisako fluoruroak 10 mg/Nm3
4 eta 5 1006411-04
1006411-05 Lehortegia (1. tximinia)
Lehortegia (2. tximinia) Guztizko partikulak 20 mg/Nm3
CO 615 mg/Nm3
NOx 250 mg/Nm3
SO2 500 mg/Nm3
HCl gisako kloruroak 30 mg/Nm3
HF gisako fluoruroak 10 mg/Nm3
6 1006411-06 Lurrun-galdara CO 500 ppm
NOx 250 mg/Nm3
Isurtzeko muga-balioak baldintza hauei buruzkoak dira: 273 K-eko tenperatura, 101,3 kPa-eko presioa eta gas lehorra.
Neurtutako parametroek ez dituzte isurtzeko muga-balioak gaindituko arauz egingo diren aldizkako ikuskaritzetan (ordubeteko hiru neurketa gutxienez), zortzi ordutan zehar neurtuta. Neurketa-tolerantzia gisa, kasu guztien % 25ean gainditu ahal izango da muga-balioa % 40 gainditzen ez duen zenbatekoa baldin bada. Tolerantzia hori gaindituz gero, neurketa-aldia astebetez luzatuko da, eta aldi honetako tolerantzia global gisa, kasuen % 6an gehienez onar daitezkeen mailak gainditzea onartuko da % 25 gainditzen ez duen zenbatekoa denean. Tolerantzia horiek izanda ere, gai kutsatzaileak isurtzen dituen fokuaren eraginpeko zonaldean ezin izango dira inoiz higienikoki onar daitezkeen balioak gainditu.
2.4. Gasak biltzeko eta husteko sistemak.
Fokuetako hondakin-gasak kanporatzeko tximiniak ez dira egongo B.2.2 atalean ezarritako goreneko kotatik behera. Tximiniek, Industria Ministerioaren 1976ko urriaren 18ko Agindua, industriak atmosferan sortzen duen kutsadura saihestu eta zuzentzekoan ezarritako baldintzak beteko dituzte; horrela, besteak beste, laginak hartzeko puntura sarbide seguruak eta errazak jarriko dituzte.
Zehazki, laginak hartzeko aurreikusitako zuloen kokapenari eta ezaugarriei dagokienez, gas-fluxuak laginketa-puntutik neurketa-puntura bitartean, bere norabidean zehar nahiz aurkakoan, edozein asaldu izan dezakeen gunera bitarteko distantziek (L1 eta L2 parametroak) 1976ko urriaren 18ko Aginduaren III. eranskinean xedatutakoa beteko dute.
L1 8D eta L2 2D distantziak betetzen ez diren fokuetan, inoiz ez dira L1 < 2D eta L2 < 0,5D balioak onartuko. Kasu horietan, neurketen txostenean laginketa-planoaren baliotasuna justifikatzea eskatuko da.
Isurtze barreiatuak txikitzeko helburuarekin umeldegian eta kanpoaldean soltean gordetzeko gainerako guneetan haizeko pantailak ezarriko dira. Halaber, honako neurriak hartuko dira:
Hauts-itxurako eragiketak kapsulan sartzea: buztina kamera itxi batean ehotuko da.
Hautsen kontrola nahasgailuetan: nahasgailua nabe baten barruan dago.
Garraiagailuak karenatzea: buztina umeldegira garraiatzea eta berriz erabiltzeko materialak barruan garraiatzea karenatuak daude.
Instalazioen mantentze egokia.
3. Ibilgura isurtzeko baldintzak.
3.1. Isurketen jatorria eta kokapena.
Isurketa sortzen duen jarduera-mota nagusia: Adreiluen, teilen eta eraikuntzarako lur egosizko produktuen fabrikazioa.
Jarduera-taldea: eraikuntzako materialak.
Mota-taldea-EJSN: 2-10-26.40.
Isurketa-
puntua Hondakin-ur mota Isurketaren jatorria Ingurune hartzailea Arro hidrografikoa Ingurune hartzailearen kategoria UTM koodernatuak
1 Ur sanitarioak Komunak eta dutxak Lurzoruan iragaztea Zadorra ibaia I X: 510.110
Y: 4.727.011
3.2. Gehienez isur daitezkeen ur sanitarioen emariak eta bolumenak.
Eguneko bolumena 1 m3
Urteko gehienezko bolumena 156 m3
3.3. Isurtzeko muga-balioak.
Ondorengo zerrendan ageri dira isurketen kutsaduraren parametroen ezaugarri nagusiak, bakoitzarentzat ezarritako muga-balioekin:
Parametroak Isurtzeko muga-balioak
pH 6 - 9
Solido esekiak <80 mg/l
DBO5 <40 mg/l
DQO <160 mg/l
Olioak eta koipeak <10 mg/l
Ezingo dira diluzio-teknikak erabili isurtzeko muga-balioak lortzeko.
Gainera, ingurune hartzaileari dagozkion arauak eta kalitate-helburuak bete behar dira. Aitzitik, titularrak kasuan kasu tratamendu egokia egin beharko du, isurketaren ondorioz aipatutako kalitate-helburuak urratzen ez direla ziurtatzeko.
Baimen honek ez du baimentzen baldintza honetan esplizituki adierazitako beste substantzia batzuk isurtzea, bereziki maiatzaren 23ko 606/2003 Errege Dekretuaren hirugarren xedapen gehigarriak aipatzen dituen gai arriskutsuak badira. 606/2003 Errege Dekretuaren bidez, apirilaren 11ko 849/1986 Errege Dekretua aldatzen da, Jabari Publikoko Hidraulikoaren Erregelamendua onartzen duena. 849/1986 Errege Dekretuak, berriz, abuztuaren 2ko 29/1985 Uren Legearen atariko titulua eta I., IV., V., VI. eta VIII. tituluak garatzen ditu.
Ibaira egiten den isurketaren inmisioak Ebroren Plan Hidrologikoan barne hartutako kalitate-helburuak beteko ditu.
3.4. Araztu eta husteko instalazioak.
Hondakin-urak arazteko instalazioak edo hondakin-uren neurri zuzentzaileak espedientean agertzen den enpresa eskatzaileak aurkeztutako agirietara egokituko dira, eta jarduera hauek izango dituzte funtsean:
Egindako jarduerak.
Konpresoreen purgatzeak tratatzeko olio eta koipeen bereizgailua dute. Haien efluentea urasketan biltzen da buztina oratzeko prozesuan berriz erabiltzeko. Olio-fasea baimendutako kudeatzaileak kudeatuko du.
Komunetatik datozen ur sanitarioak tratatzeko hobi septiko bat dute, PMS motakoa, POH-1502 modeloa. Ondoren, putzu xurgatzailea dute lurrean iragazteko. Horrek guztiak 35 biztanlek sortutako hondakin-urak 150 l/biztanle eguneko tratatzeko ahalmena du. Gaur egun 22 langile daudenez arazte-sistema egokia dela esan daiteke. Horren haritik, aurretik aurkeztutako azterlan hidrogeologikoaren arabera, ingurumen-ikuspuntutik isurketak kaltegarriak ez direla eta hirugarrenengan eragiten ez duela frogatu da.
Lohi-biltegia ukitzen duten euri-urak bildu eta ekoizpen-prozesuan erabiltzen dira berriz; horregatik, oso euri-ur gutxi isurtzen da eta, ur horien ezaugarriak kontuan hartuta, garbi gisa sailkatzen dira. Euri-ur kutsatuak daudela edo ura jasotzen duen ibilguaren kalitatea kaltetua dagoela egiaztatuko balitz, Cerámica Marlo, SA enpresak euri-urak isurtzeko gai izango den arazketa-sistema izan beharko du, ur horiek hartzen dituen ibilguaren kalitate-helburuak betetzeko.
Etorkizunean ur sanitarioen isurketa udal- edo herri-mailako saneamendu-sare nagusi batera lotzea bideragarria bada, sare horretara konektatu beharko da, Sailburuordetza honi eta Ebroko Ur Konfederazioari jakinarazi ondoren.
Hartutako neurri zuzentzaileak nahikoak ez direla ikusiz gero, Cerámica Marlo SA enpresak behar beste aldaketa egingo ditu arazteko instalazioetan, isurketak baimenean ezarritako baldintzak bete ditzan. Aldaketak Administrazioari jakinaraziko dizkio lehenik, eta behar izanez gero, aldatzeko baimena ere eskatuko du.
Baimenaren titularrak kolektoreak eta arazketa-instalazioak funtzionamendu-egoera egokian mantendu beharko ditu. Horrela, betebehar horietarako pertsona bat izendatu beharko du, eta instalazioak zaindu eta funtzionatzeko arau zorrotzak eta beharrezko neurriak eman beharko dizkio.
Aurkeztutako agirien arabera, isurketak kontrolatzeko kutxeta bat jarriko da baimendutako hondakin-ur bakoitzerako; kutxeta horiek isurketen lagin esanguratsuak lortzeko beharrezkoak diren ezaugarri guztiak izango dituzte. Kutxetak ikuskatu ahal izateko sarbide zuzena ahalbidetzen duten lekuan kokatuko dira, hala badagokio. Kasu honetan, efluenteak kontrolatzeko nahitaezkoa da ondorengo elementuak izatea:
Kontrol-puntu bakoitzak isuritako emaria neurtzeko sistema bat izan beharko du, uneko balioa eta metatua noiznahi ezagutzeko. Teknikoki ezinezkoa bada, Ingurumen Sailburuordetza honi hilabete bateko epean jakinarazi eta arrazoituko zaio. Kasu horretan emaria zeharka neurtu beharko da, dagozkion datu estatistikoak adierazitako periodizitatearekin eskainiz.
3.5. Isurien kontrol-kanona.
Uraren Legearen Testu Bateginaren 113. artikulua eta Jabari Publikoko Urguneen Erregelamenduaren (606/2003 Errege Dekretua) 291. artikulua aplikatuz, honakoa da isurien kontrol-kanona:
(IKK): Isurien Kontrol-kanona = V x Pu.
Pu = Po x Km.
Km = K2 x K3 x K4.
Honela ulertuta:
V = Isurketa baimenduaren bolumena (m3/urte).
Pu = Isurketaren kontroleko prezio unitarioa.
Po = Oinarrizko prezioa m3-ko isurketaren izaeraren arabera.
Km = Isurketaren maiorazioko edo minorazioko koefizientea.
K2 = Isurketaren ezaugarrien araberako koefizientea.
K3 = Isurketaren kutsadura-mailaren araberako koefizientea.
K4 = Ingurune hartzailearen ingurumen-kalitatearen araberako koefizientea.
isurketa: erabilera sanitarioko urak:
V: Bolumena:
Po: Industriala
K2: 2. mota
K3: Tratamendu egokia
K4: Kategoria-eremua: I V = 156 m3 / urte
Po = 0,03005 /m3
K2 = 1,09
K3 = 0,5
K4 = 1,25
Km = 1,09 x 0,5 x 1,25 = 0,681.
Pu = 0,03005 x 0,681 = 0,02047 euro/m3.
Isurien kontrol-kanona = 156 x 0,02047 = 3,19 euro/urte.
Zenbateko hori ez da aldatuko isurtzeko baimena edo isurien kontrol-kanonaren kalkulua osatzen duten faktoreetako bat aldatzen ez den artean.
Urte natural bakoitza amaitu ondoren, titularrari urte horri dagokion likidazioa bidaliko zaio.
Isurketen kontrol-kanona ez da lotuta egongo saneamendu- eta arazte-lanak finantzatzeko autonomia-erkidegoek edo udalek ezar ditzaketen kanonekin edo zergekin (ULTBren 113.7 artikulua)
4. Instalazioan sortutako hondakinak egoki kudeatzen direla bermatzeko baldintzak.
Instalazioetan sortzen diren hondakin guztiak hondakinei buruzko apirilaren 21eko 10/1998 Legean eta aplikatzekoa den berariazko gainerako araudian xedatutakoari jarraituz kudeatuko dira; hondakinak karakterizatu egin beharko dira euren izaera zehaztu eta helburu egokiena erabakitzeko.
Espresuki debekatuta dago sortzen diren tipologia desberdineko hondakinak elkarrekin edo beste hondakin nahiz efluente batzuekin nahastea; hondakinak jatorritik bertatik bereiziko dira eta horiek bildu eta biltegiratzeko bide egokiak jarriko dira, nahasketa saihesteko.
Hondakinen kudeaketari buruzko printzipio hierarkikoei jarraituz, hondakin oro baliotu egin behar da eta horretarako balioztagune baimendu batera eraman behar dira. Hondakinak ezabatu ahal izango dira, baldin eta horiek baliotzea teknika, ekonomia edota ingurumen aldetik bideragarria ez dela behar bezala egiaztatzen bada.
Era berean, hondakinak tratatzeko Euskal Autonomia Erkidegoan instalazio baimenduak badaude, instalazio horietara bidaliko dira lehentasunez, autosufizientzia- eta gertutasun-printzipioei jarraituz.
Baimendutako zabortegian ezabatzea aurreikusita dagoen hondakinen karakterizazioa, 2002ko abenduaren 19ko Kontseiluaren 2003/33/EE Erabakiarekin bat etorriz gauzatuko da. Erabaki horren bidez, hondakinak zabortegian hartzeko irizpideak eta prozedurak ezartzen dira. Bestela, erabaki hori garatzeko Euskal Autonomia Erkidegoan onartutako jarraibideekin bat etorriz gauzatuko da.
Hondakinak biltzeko eremuek lurzoru estankoa izan beharko dute. Egoera fisiko likidoan edo oretsuan dauden edo oso bustita daudelako isurketak edo lixibiatuak sor ditzaketen hondakinen kasuan, horiek biltzeko kubeta edo sistema egokiak jarriko dira, ezbeharrez gerta daitezkeen isurketak kanpora irten ez daitezen. Hondakina hautsa bada, euri-urarekin kontakturik izan dezan edo haizeak arrasta dezan saihestuko da; behar izanez gero, estali egingo da.
Hondakinek desagertu, galdu edo ihes egingo balute, berehala jakinaraziko da gertatutakoa Ingurumen Sailburuordetzan eta Armiñongo Udalean.
4.1. Hondakin arriskutsuak.
Sustatzaileak adierazitako hondakin arriskutsuak honako hauek dira:
Prozesua: Zerbitzu orokorrak.
hondakina: «Olio mineral erabilia».
Identifikazioa: A01048354/6847/1/1.
Hondakinaren kodea: Q7//R13//L8//C51//H5/6//A272//B0019.
EHZ: 13 02 05.
Urtean sortutako kantitatea: 5.625 kg.
Instalazioaren mantentze-lan orokorraren azpiprozesuan sortzen da; bertan gauzatzen dira makinak eta ekipoak birjartzeko eragiketak. Lurzoru irazgaiztuaren gainean 1.000 litroko bidoitan gordetzen da baimendutako kudeatzaileari entregatu arte.
hondakina: «Koipedun metalezko pieza eta ontziak».
Identifikazioa: A01048354/6847/1/2.
Hondakinaren kodea: Q5//R13//S36//C41/51//H5/
/A272//B0019.
EHZ: 15 01 10.
Urtean sortutako kantitatea: 1.000 kg.
Instalazioaren mantentze-lan orokorraren azpiprozesuan sortzen da; bertan gauzatzen dira makinak eta ekipoak birjartzeko eragiketak. Baimendutako kudeatzaileak jaso aurretik 25 litroko plastikozko bidoitan gordetzen dira.
hondakina: «Olio-iragazkiak».
Identifikazioa: A01048354/6847/1/3.
Hondakinaren kodea: Q6//R13//S35//C51//H5//A272//B0019.
EHZ: 16 01 07.
Urtean sortutako kantitatea: 50 kg.
Instalazioaren mantentze mekanikoko azpiprozesuan sortzen da. Bertan, pieza eta erreminten konponketa mekanikoak egiten dira. Metalezko bidoitan gordetzen dira baimendutako kudeatzaileari entregatu arte.
hondakina: «Olioz bustitako trapuak».
Identifikazioa: A01048354/6847/1/4.
Hondakinaren kodea: Q5//R13//S40//C41/51//H5//A272//B0019.
EHZ: 15 02 02.
Urtean sortutako kantitatea: 500 kg.
Xurgatzaileak eta ehunak biltzeko prozesuan sortzen da, eta 200 litroko metalezko bidoitan gordetzen da baimendutako kudeatzaileari entregatu arte.
hondakina: «Plastikozko ontzi huts kutsatuak».
Identifikazioa: A01048354/6847/1/5.
Hondakinaren kodea: Q5//R13//S36//C41/51//H5/
14//A272//B0019.
EHZ: 15 01 10.
Urtean sortutako kantitatea: 500 kg.
Erabilitako ontziak biltzeko azpiprozesuan sortzen dira. Baimendutako kudeatzaileak sei hilean behin jasotzen ditu.
hondakina: «Fluoreszenteak».
Identifikazioa: A01048354/6847/1/6.
Hondakinaren kodea: Q6//R13//S40//C16//H14//A272//B0019.
EHZ: 20 01 21.
Urtean sortutako kantitatea: 15 kg.
Instalazioaren mantentze-lan orokorraren azpiprozesuan sortzen da; bertan gauzatzen dira makinak eta ekipoak birjartzeko eragiketak.
Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak bereiziak izango dira, duten tipologia dela-eta, isuriren bat gertatuz gero, nahasi, arriskutsuago bihurtu edo kudeaketa zaildu dezaketen kasuetan.
Hondakin arriskutsuak jasotzen dituzten ontziek, hondakin toxiko eta arriskutsuei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Oinarrizko Legea betearazteko erregelamendua onartzen duen uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuak 13. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak kontuan izan beharko dituzte, eta itxita egongo dira kudeatzaileak jaso arte, isuri edo lurrundu ez daitezen.
Aurreko atalean aipatzen diren ontziek etiketatuta egon beharko dute, eta etiketak argia, irakurtzeko modukoa eta ezabaezina izan beharko du; etiketa 1988ko uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuak 14. artikuluan horretarako adierazitako jarraibideen araberakoa izango da.
Hondakin arriskutsuak gordetzeko denbora ezingo da 6 hilabetetik gorakoa izan.
Hondakinak kudeatzaile baimenduaren instalazioetara eraman aurretik, nahitaezko baldintza izango da agiri baten bidez egiaztatzea kudeatzaile baimendu horrek hondakinak onartu dituela. Agiri horretan hondakinak onartzeko baldintzak ezarriko dira, eta egiaztatu egingo da tratatu beharreko hondakinaren ezaugarriak administrazio-baimenarekin bat datozela. Agiri hori Ingurumen Sailburuordetzara bidaliko da hondakina lehenengoz erretiratu aurretik eta, behar izanez gero, hondakin-kudeatzaile berri batengana eraman aurretik. Beharrezkoa izanez gero, karakterizazio xehatua egingo da, proposatutako tratamenduaren egokitasuna egiaztatzeko. Hala badagokio, arrazoitu egin beharko da proposatutako kudeaketa-modua Ebazpen honetako hondakinen kudeaketari buruzko printzipio hierarkikoei egokitzen zaiela.
Hondakin arriskutsuak eraman aurretik eta, hala badagokio, araudian ezarritako aurretiazko jakinarazpena egin ondoren, kontrolerako eta jarraipenerako agiria bete beharko da. Agiri horren zati bat garraiolariari emango zaio, zamarekin batera jatorritik helmugaraino eraman dezan. Cerámica Marlo SA enpresak artxibategian gorde beharko ditu onarpen-agiriak eta kontrolerako zein jarraipenerako agiriak, edo horien agiri ofizial baliokidea, bost urtean gutxienez.
Egiaztatu egin beharko da hondakin arriskutsuak kudeatzaile baimenduaren instalazioetara eramateko erabiliko den garraiobideak horrelako gaiak garraiatzeko indarrean dagoen legerian ezarritako baldintzak betetzen dituela.
Cerámica Marlo SA enpresak industriako olio erabilien kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuaren eta Euskal Autonomia Erkidegoan olio erabiliaren kudeaketa arautzen duen irailaren 29ko 259/1998 Dekretuaren arabera kudeatu beharko du sortutako olio erabilia.
Ekipo elektriko eta elektronikoen hondakinak, horien artean hodi fluoreszenteak, tresna elektriko zein elektronikoei eta horien hondakinen kudeaketari buruzko otsailaren 25eko 208/2005 Errege Dekretuan ezarritakoaren arabera kudeatuko dira.
Cerámica Marlo SA enpresak poliklorobifeniloa eduki dezaketen gailuak dituenez, nahitaez bete behar ditu poliklorobifeniloak, polikloroterfeniloak eta horiek dituzten gailuak ezabatu eta kudeatzeko neurriak ezartzen dituen abuztuaren 27ko 1378/1999 Errege Dekretuaren baldintzak, eta errege dekretu hori aldatzen duen otsailaren 24ko 228/2006 Errege Dekretua.
Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren ekainaren 29ko 2037/2000 EE Erregelamenduan ozono-geruza agortzen duten substantzia batzuk zehazten eta arautzen dira. Cerámica Marlo SA enpresak era horretako substantziarik badu, substantzia horiek bildu eta suntsitu egingo dira aldeek erabakitako bide teknikoak erabiliz edota ingurumen ikuspuntutik onar daitekeen suntsiketarako beste edozein bide erabiliz; hondakin horiek birziklatu edo birsortu egingo dira bestela, aparailuak aztertu eta mantentzeko lanen aurretik nahiz desmuntatu eta suntsitu baino lehen.
Erregistro bat edukiko du, hondakin arriskutsuei buruzko datu hauek agerrarazteko: kopurua, izaera, identifikazio-kodea, jatorria, tratatzeko metodo eta tokiak, sorrera- eta lagapen-datak, biltzeko maiztasuna eta garraiatzeko modua, uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren 17. artikuluan ezarritakoa betez, eta uztailaren 20ko 952/1997 Errege Dekretuaren bidezko aldaketan ezarritakoa betez. Sei hilean behin, Ingurumeneko Sailburuordetzari kontrolerako erregistro horren kopia bidaliko dio.
Aurreko e), f) (kudeatzaileak EAEn daudenean), eta l) ataletan adierazitako agiriak Ingurumen Sailburuordetzara bidaliko dira, ahal dela transakzio elektroniko bidez, IKS-eeM Sistemaren erakundeentzako bertsioa erabilita.
Amiantoa duten hondakinak antzemanez gero, Cerámica Marlo SA enpresak otsailaren 1eko 108/1991 Errege Dekretuan, amiantoak ingurumenean sortzen duen kutsadura saihestu eta gutxitzekoan, ezarritako eskakizunak bete beharko ditu. Era berean, amiantoa duten hondakinak kudeatzeko egingo diren manipulazioak martxoaren 31ko 396/2006 Errege Dekretuan ezarritako aginduen arabera burutuko dira; dekretu horren bidez ezarri ziren amiantoarekin lan egitean segurtasun- eta osasun-arloan bete behar diren gutxieneko baldintzak.
4.2. Hondakin ez-arriskutsuak.
Sustatzaileak adierazitako hondakin ez-arriskutsuak hauek dira:
Hondakinaren izena EHZ kodea Zein prozesuri lotuta Zenbatetsitako ekoizpena (kg/urte)
Papera 200101 Zerbitzu Orokorrak 1.483
Organikoa 200301 Zerbitzu orokorrak 1.830
Plastikoa 200139 Zerbitzu orokorrak 295
Erabilitako ontziak eta ontzi-hondakinak gaika behar bezala bereizi eta eragile ekonomiko bati emango zaizkio (hornitzaileari), erabilitako ontzien kasuan berriro erabili ahal izateko; ontzi-hondakinak, berriz, berreskuratzaile, birziklatzaile edo balioztagune baimendu bati.
Hondakin horiek ezabatzeko direnean ezin dira urtebete baino gehiagoz biltegiratuta eduki. Hondakinen azken helburua baliotzea denean, 2 urtez gorde ahal izango dira.
Oro har, hondakinak hustu aurretik, kudeatzaile baimendu batek onartzen dituelako agiria izan beharko dute, onarpen horretarako baldintzak zehaztuta. Agiri horren kopia bidali beharko da Ingurumen Sailburuordetzara, proposatutako kudeaketa egokia dela eta Ebazpen honetan ezarritako oinarrizko printzipioak betetzen direla egiaztatzeko. Hala badagokio, arrazoitu egin beharko da proposatutako kudeaketa-modua Ebazpen honetako hondakinen kudeaketari buruzko printzipio hierarkikoei egokitzen zaiela. Cerámica Marlo SA enpresak artxibategian gorde beharko ditu onarpen-agiriak edo horien agiri ofizial baliokideak, beharrezkoak direnean, bost urtean gutxienez.
Halaber, hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duen otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuarekin bat etorriz, hondakin ez-arriskutsuak zabortegi baimendu batera eraman aurretik, jarraipenerako eta kontrolerako dagokion agiria bete beharko da. Agiri horiek bost urtez gorde beharko dira.
Erregistro bat egingo da, hondakin arriskutsuei buruzko datu hauek agerrarazteko: kopurua, izaera, identifikazio-kodea, jatorria, tratatzeko metodo eta tokiak, sorrera- eta lagapen-datak, biltzeko maiztasuna eta garraiatzeko modua. Urtero, Ingurumeneko Sailburuordetzari bidaliko zaio kontrolerako erregistro horren kopia.
Aipatutako c), d) (kudeatzaileak EAEn daudenean) eta e) ataletan adierazitako agiriak Ingurumen Sailburuordetzara bidaliko dira, ahal dela transakzio elektroniko bidez, IKS-eeM Sistemaren erakundeentzako bertsioa erabilita.
5. Zaratari buruzko baldintzak.
Jarraian adierazitako zarata-mailak ez gainditzeko neurriak hartu eta instalatuko dira:
Jarduera maila hauei egokitu behar zaie: etxebizitzen barrualdean entzungo den zarata ezin izango da inoiz ere 40 dB (A) baino handiagoa izan Leq 60 segundo etengabeko balioan neurtuta, 08:00ak eta 22:00ak bitartean, leiho eta ateak itxita, ezta 45 dB (A) ere gehienezko balioetan.
Jarduera maila hauei egokitu behar zaie: etxebizitzen barrualdean entzungo den zarata ezin izango da inoiz ere 30 dB (A) baino handiagoa izan Leq 60 segundo etengabeko balioan neurtuta, 22:00ak eta 08:00ak bitartean, leiho eta ateak itxita, ezta 35 dB (A) ere gehienezko balioetan.
Era berean, zarata ezin da 60 dB (A) baino handiagoa izan, Leq 60 segundo etengabeko balioan neurtuta, industria-eremuaren kanpoko itxituran.
Zamalanetan eta materiala kamioietan garraiatzean egiten den zaratak ez du handituko sentsibilitate akustiko handieneko guneetako zarata-maila.
Ingurumena Zaintzeko Programa.
Ingurumena Zaintzeko Programa sustatzaileak aurkeztutako agirietan aurreikusitakoaren eta ondoko atal hauetan ezarritakoaren arabera gauzatu beharko da:
1. Atmosferara botatzen diren poluitzaileak kontrolatzea.
Cerámica Marlo SA enpresak egiten dituen isurketak kontrolatu beharko ditu, ondorengoaren arabera:
Fokua Foku-kodea Fokuaren izena Neurtu beharreko parametroak Kontrolen maiztasuna
1 1006411-01 Labeko errekuperazio-tximinia Partikulak, NOx, CO, HCl, SO2, Konposatu Organiko Lurrunkorrak (Karbono Organikoa Guztizkoa, KOG gisa neurtuak), HF* Hiru urtean behin
2 1006411-02 Labeko keen tximinia
3 1006411-03 Labeko bobeda erauzteko tximinia
4 1006411-04 Lehortegia (1. tximinia) Partikulak, NOx, CO, HCl, SOx, KOG, HF* Hiru urtean behin
5 1006411-05 Lehortegia (2. tximinia)
6 1006411-06 Lurrun-galdara NOx, CO Bost urtean behin
HFrako hasierako neurketa egingo da.
Goiko atalean adierazitako neurketa guztiak Kontrol Erakunde Baimendu (KEB) batek egin behar ditu (gutxienez, ordubeteko hiru neurketa, zortzi ordutan barrena neurtutakoak) eta aldizkako neurketa horiei dagozkien txostena, Ingurumen Sailburuordetzaren «KEBen gutxieneko txostenean» ezarritakoari egokitu behar zaio. Nolanahi ere, isurtzeen kontrolek eta neurketa-baldintzek Ingurumen Sailburuordetzaren jarraibide teknikoetan eskatutako baldintza guztiak bete beharko dituzte.
Arestian eskatutako parametro guztien neurketen KEB txostenak bidaliko dira. Neurketa berriak egin beharko dira, baldin eta parametroen neurketarik ez badago edo egindako neurketak Ebazpen honetan kontrol-maiztasuna ezarri aurretik egindakoak badira. Atmosferara egiten diren isurtzeen ondorengo kontrolak, egindako azken neurketarekiko adierazitako maiztasunarekin egingo dira.
Erregistro bat egin beharko da euskarri informatikoan edo, horrelakorik ezean, paperean. Dokumentazio gaurkotua erabilita gauzatuko da erregistroa, eta 1976ko urriaren 18ko Aginduak, industriak atmosferan sortzen duen kutsadura saihestu eta zuzentzekoak, 33. artikuluan ezarritako edukia jaso beharko du. Erregistro horretan adieraziko dira egindako neurketen emaitzak, mantentze-lanak, garbiketa, aldizkako ikuskatzeak, matxuraren ondorioz gertatutako etenaldiak, egiaztapenak, edozein motako gorabeherak, eta abar. Dokumentazio hori eguneratuta egongo da, eta ingurumen-ikuskatzaileek eskuragarri izango dute.
2. Isuritako uraren kalitatea kontrolatzea.
Sustatzaileak aurkeztu dituen agirien arabera, ondorengo analisiak egingo dira:
Isurketa-puntua Kontrolatu beharreko fluxua Neurtu beharreko parametroak Kontrolen maiztasuna Kontrol-mota
1 Ur sanitarioak pH, SS, DBO5, DQO, olioak eta koipeak Urtekoa Kanpokoa
Emaria Jarraikia Autokontrola
Kanpoan egiten den kontrol bakoitza, laginak hartzea nola ondorengo analisia, «Erakunde Laguntzaile» batek egin eta egiaztatuko du (Jabari Publikoko Urguneen Erregelamenduko 255. artikulua) eta aurreko puntuetan aipatutako parametroak hartuko dira kontuan. Sustatzaileak isurketa-puntu bakoitzeko lagin hartu berri baten analisia aurkeztu beharko du gutxienez; lagina 24 orduko ur-emariarekiko proportzionala izango da, edo bestela, lagin puntual esanguratsua.
Isurketen kontrolen emaitzak Ingurumen Sailburuordetzara bidaliko dira laginak hartzen direnetik hilabete bateko (1) epean.
Laginketak kutsatzaile gehien sortzen den aldietan egingo dira beti.
Titularrak Ingurumeneko Sailburuordetzari eta Ebroko Ur Konfederazioari aldizkako txostena igorriko die eta bertan honako datuak azalduko dira:
Efluentearen osaera eta emariari dagokionez isurketaren adierazpen analitikoa, bai eta arazketako instalazioen mantentzea eta garbiketa behar bezala egin dela egiaztatuko duten fakturak edo bestelako agiriak ere.
Tratamendu-sistemaren ustiapeneko gorabeheren eta isurketaren hobekuntzan lortutako emaitzen adierazpena.
Isurketak baimeneko baldintza guztiak betetzen dituela ulertuko da, B.2.3 ataleko parametro guztientzat ezarritako mugak betetzen badituzte.
Lehen aipatutako maiatzaren 23ko 606/2003 Errege Dekretuaren hirugarren xedapen gehigarriak aipatzen dituen gai arriskutsuak isurketan daudela dioen adierazpen bat igorriko du titularrak urtero. Adierazpen horretan produkzio-prozesuan manipulatu diren substantzia guztiak adierazi behar dira, nahiz eta isurketan ez detektatu.
3. Jardueraren adierazleak kontrolatzea.
Sustatzaileak jardueraren gaineko ondorengo parametro adierazleen jarraipena egingo du urtero, ingurumenean duten eragina aztertzeko:
Adierazlea Unitatea
Gai mineralen (naturalak) kontsumoa t
Gai alternatiboen (hondakinak) kontsumoa t
Gas naturalaren kontsumoa Nm3
Energia-eraginkortasuna MJ/t produktu egosia
Gasolio-kontsumoa l/t produktua
Partikulen isurketak kg/t produktua
NOx isurketak kg/t produktua
SOx isurketak kg/t produktua
KOG isurketa kg/t produktua
Lehengai naturalen kontsumoaren aurrean hondakin ez-arriskutsuak baliotzea %
4. Zarataren kontrola.
Jarduera garatzen den lursaileko kanpoko baldintza akustikoak hiru urtean behin kontrolatuko dira, batez ere zarata etxe barruetara sartzeko arriskurik handiena dagoen aldeetan. Kontroleko lehen urtean izandako emaitzen arabera erabakiko da aurrerantzean neurketak urtero egin ala ez.
Sustatzaileak neurketen proposamen zehatz bat landu beharko du eta neurketa-metodo zehatzak adierazi bertan. Proposamen hori Ebazpen honetako C.6 atalean aipatzen den ingurumena zaintzeko programako testu bateginarekin batera aurkeztuko da.
5. Emaitzak kontrolatu eta bidaltzea.
Ingurumena zaintzeko programa osatzen duten analisi eta txostenen emaitzak behar bezala erregistratuko dira, eta Ingurumen Sailburuordetzara bidaliko dira. Ingurumena zaintzeko programaren emaitzak urtean behin bidaliko dira, beti martxoaren 30a baino lehen, ingurumenean aditua den erakunde aske batek egindako txostenarekin batera. Txosten horretan adieraziko dira neurri zuzentzaileen funtzionamendua, eta prozesuak eta ingurunearen kalitatea kontrolatzeko sistemak. Emaitzen analisia ere adieraziko da, eta bereziki aipatuko dira aldi horretan gertatu diren gorabehera garrantzitsuenak, horien ustezko arrazoiak eta konponbideak, eta baita laginketen xehetasunak ere, aurretik zehaztu ez baldin badira.
6. Ingurumena Zaintzeko Programaren agiri bategina.
Sustatzaileak ingurumena zaintzeko programaren agiri bategina landu beharko du, aurkeztu dituen agirietan eta Ebazpen honetan proposatutako betekizunak bilduz. Programa horrek hauek zehaztu beharko ditu: kontrolatu beharreko parametroak, parametro bakoitzerako erreferentzia-mailak, analisi edo neurketen maiztasuna, laginketak edo analisiak egiteko teknikak, eta laginak hartzeko guneen kokapen xehatua. Halaber, dagokion aurrekontua ere barne hartu beharko du.
Era berean, ingurumena zaintzeko programak jardueraren adierazleak zehaztu eta adierazle horiek aztertzeko sistematika barruan izan beharko du, horien arabera enpresan bertan ingurumen-hobekuntza ziurtatzearren ezarritako neurri eta mekanismoen eraginkortasuna egiaztatu ahal izateko (ingurumen-adierazleak).
Ezohiko egoeretan kutsadurari aurrea hartzeko neurriak eta jardunerako baldintzak.
1. Fabrika gelditzeko eta abiarazteko eragiketak eta mantentze-lanetarako programatutako eragiketak.
Programatutako urteko mantentze-lanei dagokienez, botako diren kutsagarriak eta sortuko diren hondakinen balioespena egin beharko du enpresak, eta dagokionean, horiek kudeatzeko eta tratatzeko proposamena ere.
2. Jarduera uztea.
Zeramika-adreiluak fabrikatzeko instalazioaren ustiapena etetean, kutsadura eragiteko arrisku oro saihesteko neurriak eta kasuan kasu ezar daitekeen araudiaren arabera kokalekua baldintza egokietan uzteko neurriak ezarriko dira.
3. Ezohiko jardunean aplikatzeko prebentzioko neurriak eta jarduerak.
Sustatzaileak aurkeztutako agirietan egindako proposamenean ezohiko egoeretan aplikatu beharreko prebentziozko neurriak eta jardunerako baldintzak zehazten dira. Horiez gain, ondorengo ataletan aipatzen diren baldintzak bete behar dira:
Prebentziozko mantentze-lanen eskuliburua eduki beharko da instalazioen egoera egokia bermatzeko, batez ere ustekabeko jario edo ihesak daudenean kutsadura ekiditeko eskuragarri dauden baliabideei eta ezarritako segurtasun-neurriei dagokienez. Ihesak daudenean lurzorua babesteko hartu beharreko neurriak zehaztuko dira, eta zehatz adieraziko da hauei dagokien guztia: eraikuntzako materialak (iragazkaiztea), biltegiratzeko neurri bereziak (gai arriskutsuak), egon daitezkeen ihesak antzemateko neurriak edo gainbetetzerako alarma-sistemak, lantegiko kolektore-sarea zaindu eta garbitzekoak (sistematikoki garbitzeko beharra, maiztasuna, garbiketa mota), eta lurzoruaren gaineko isuriak biltzeko sistemak.
Aurreko paragrafoan adierazitako eskuliburuak ikuskaritza eta kontrolerako programa jaso beharko du, hauek bilduko dituena: estankotasun-probak, mailen eta adierazleen egoera, balbulak, presioa arintzeko sistema, hormen egoera eta lodieren neurketa, andelen barnealdearen begi-bidezko ikuskaritzak (hormena eta estaldurena) eta kubetetako detekzio-sistemen aldizkako kontrol sistematikoa, zorua kutsa dezakeen edozein egoerari aurrea hartzeko.
Goian aipatutako prebentziozko mantentze-lanen eskuliburuan, atmosferaren kutsadurari aurrea hartzeko eta zuzentzeko (arazketa, minimizazioa, eta abar) sistemen egoera ona bermatuko duten neurriak gehitu behar dira.
Era berean, ustiapenari buruzko eskuliburu bat eduki behar da, eta bertan, aldizka egindako mantentze-lanen berri eman behar da, baita antzemandako gorabeherena ere.
Besteak beste, gasolioa eta olioak maneiatzeak lurzorua eta ura kutsa ditzake. Beraz, isuriak, jarioak edo ihesak gertatzeko arriskua izan dezaketen lur zatien azalera guztiak iragazkaiztuko dira.
Prozesurako behar diren lehengaiak, erregaiak eta produktuak ingurunean ez sakabanatzeko moduan biltegiratuko dira.
Hautsezko produktuak erabiltzeko honako neurri hauek hartuko dira: buztina ehotzeko kamera itxia; nahasgailua nabe baten eta garraio-karenatuen barruan kokatu.
Segurtasun-tarteei eta babes-neurriei dagokienez, egiaztatu egin beharko da biltegiratzeko instalazio horiek bete egiten dituztela produktu kimikoak biltegiratzeari buruz indarrean dagoen araudian ezarritako betebeharrak. Egiaztapen hori egiteko, Ingurumen Sailburuordetza honi aurkeztuko zaizkio eskumena duten erakundeek emandako egiaztagiriak.
Larrialdi-egoera sortzen denean, berehala eta eraginkortasunez jarduteko behar beste material eduki behar da: berriro ontziratzeko erreserbako edukiontziak, beharrezkoa izanez gero; gerta daitezkeen isuriei eusteko produktu xurgatzaile selektiboak, segurtasuneko edukiontziak, hesiak eta kaltetutako ingurunea isolatzeko seinaleztapen-elementuak eta babes pertsonalerako ekipamendu bereziak.
Andel edo putzuen hondoan pilatzen diren solidoak ez dira ibilgura hustuko aldizkako garbitze-lanetan zehar; behar bezala kudeatuko dira edo zabortegi baimendura eramango dira.
Arazte-prozesuan pilatutako hondakin solidoak eta lohiak aldizka aterako dira instalazioa behar bezala ibil dadin. Behar izanez gero, gordailu iragazgaitzetan eta hondoan hustubiderik ez dutenetan gordeko dira.
Inoiz ez dira pilatuko euri-uren jariatzearen ondorioz ibilgu publikoko ura kutsatzeko arriskua egon daitekeen guneetan.
Hobi septikoaren sistemak garbitze- eta mantentze-lan egokia izango du errendimendu ona ziurtatzeko. Aldizka enpresa espezializatu batek erretiratuko ditu pilatutako solido eta lohiak, eta garbiketan arrastatutako solidoak ibilgura hustea saihestuko da.
Larrialdi-egoeretan, babes zibileko legeriari helduko zaio, eta bertan ezarritako betekizun guzti-guztiak bete beharko dira.
Titularrak behar diren bitartekoak izango ditu arazketa-instalazioak zuzen ustiatzeko eta ustekabeko isuriak prebenitzeko hartu diren segurtasun-neurriak abian izateko. Kasu horretan, honako baldintza hauek azpimarratu behar dira:
Ebazpen honetan deskribatutako jarduerez gain, gasolioa biltegiratzeko eta manipulatzeko instalazioak behar den bezala isolatuko dira, ustekabeko hausturen ondoriozko jarioak eta abar gertatzen direnean horiei eusteko.
Era berean, erregistro bat eduki behar da, eta bertan, aldizka egindako mantentze-lanen berri eman behar da, baita antzemandako gorabeherena ere.
Prebentziozko mantentze-lanen eskuliburua eduki beharko da instalazioen egoera bermatzeko, batez ere ustekabeko isuri edo ihesak daudenean kutsadura ekiditeko eskuragarri dauden baliabideei dagokienez.
Halaber, prozesuaren funtzionamendu egokiaren ustiapen- eta zaintza-eskuliburua izango da. Aldizka egindako mantentze-lanen eta kontrolen eragiketak, zein antzemandako gorabeherak jasoko dira bertan, eta enpresa espezializaturen bat bertaratzea aholkatzen da.
Hondakin-ura ezingo da «by pass» bidez isuri arazketa-instalazioetan.
Ingurunearen edo jardueraren kontrolaren gainean kalteak eragin ditzakeen gorabehera edo ez-ohiko gertaeraren baten aurrean (besteak beste, isurketa edo ihesaren muga-balioak gainditzea), sustatzaileak gorabehera edo ez-ohiko gertaera horren berri eman beharko dio Ingurumeneko Sailburuordetzari.
Gertakari edo arazo larriren bat edo atmosferara ustekabeko isuriren bat eginez gero, Ingurumeneko Sailburuordetzari jakinarazteaz gain, SOS Deiak eta Udalari ere jakinarazi beharko zaie berehala. Ondoren, eta gehienez ere 48 orduko epean, ezbeharrari buruzko txosten xehatua bidali beharko da Ingurumen Sailburuordetzara. Txosten horretan, gutxienez, honako datu hauek agertuko dira:
Gertakari-mota.
Gertakaria non, zergatik eta zein ordutan gertatu den.
Iraupena.
Ustekabeko isuria izanez gero, emaria eta isuritako gaiak.
Mailak gainditu badira, isurtzeei buruzko datuak.
Eragindako kalteen balioespena.
Hartutako neurri zuzentzaileak.
Berriro gerta ez dadin aurreikusitako neurriak.
Prebentziozko neurriak eraginkortasunez aplikatzeko ezarritako epeak.
Instalazioek suteen aurkako babesari buruz indarrean dagoen araudian ezarritako betekizunak betetzen dituztela egiaztatu egin beharko da. Egiaztapen hori egiteko, Ingurumen Sailburuordetza honi aurkeztuko zaizkio eskumena duten erakundeek emandako egiaztagiriak. Hori egin ezean, egindako eskaeraren kopia aurkeztu beharko da eskumena duen erakundearen aurrean.
Baldin eta arautegi berria indarrean sartzeak, edo barneratzen diren sistemen egitura eta funtzionamenduari buruzko ezagutza berri esanguratsuetara egokitu beharrak hori egitea gomendatzen badute, neurri babesle zein zuzentzaileak eta ingurumena zaintzeko programa aldarazi ahal izango dira, bai neurtu behar diren parametroen kasuan, bai neurketaren aldizkakotasuna eta aipatutako parametroek hartu behar duten tarteari dagozkion mugen kasuan. Era berean, neurri babesle zein zuzentzaileak eta ingurumena zaintzeko programa, jardueraren sustatzaileak hala eskatuta, edo ofizioz, aldaraz daitezke, ingurumena zaintzeko programan lortutako emaitzetan oinarrituta.
Urtean behin Cerámica Marlo SA enpresak Ingurumeneko Sailburuordetzari jakinaraziko dizkio atmosferara botatako kutsagarriei, uretara egindako isurketei eta sortu dituen hondakinei buruzko datuak, E-PRTR-Euskadi botatako eta eskualdatutako kutsagarrien Europako Inbentarioa landu eta eguneratzeko, E-PRTR Araudiko eta ingurumeneko baimen bateratuetako isurketen gaineko informazioa ematea arautzen duen apirilaren 20ko 508/2007 Errege Dekretuari jarraituz.
Informazio hori osatzen duten datuak ekitaldi horren hurrengo martxoaren 31 baino lehen bidali beharko dira, Ingurumenari buruzko Adierazpenaren (IA) bidez. Informazio-trukaketa horren funtsa Ingurumenari buruzko Adierazpenari (IA) dagozkion ingurumeneko datu teknikoak eta prozedurakoak sartzean datza, IKS-eeM Sistemako erakundeentzako bertsioaren bidez (www.eper-euskadi.net web orrian eskuragarri): Ingurumen-informazioa Kudeatzeko Sistema. Datu horiek guztiek Ingurumenean Eragina duten Jardueren Euskal Autonomia Erkidegoko Erregistroa osatuko dute, Europako Ingurumen Agentziaren Erregistrora (Europako E-PRTR Erregistroa) egiten diren informazio-bidalketen oinarri dena.
Halaber, ebazpen honetan aurreikusitako gainerako informazio-trukeak aipatutako Ingurumenari buruzko Adierazpenaren bidez gauzatuko dira, ahal izanez gero.
Informazio hori agerikoa izango da, uztailaren 18ko 27/2006 Legearen xedapenekin bat etorriz. Lege horren bidez informazioa eskuragarri izateko, herritarren partaidetzarako eta ingurumen-gaietan justizia eskura izateko eskubideak arautzen dira (2003/4/EE eta 2003/2005/EE Zuzentarauak jasotzen ditu). Horrez gain, uneoro bermatu beharko da datu pertsonalak babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan ezarritakoa betetzen dela.
Apirilaren 21eko 509/2007 Errege Dekretuaren 4. artikuluko 3. atalari jarraituz, lehendik dauden instalazioen titularrek agintaritzari jakinarazi beharko diote 1907/2006 EE araudian aurreikusitako erregistratu eta ebaluatzeko prozesuan identifikatu diren instalazio horietan erabiltzen eta ekoizten diren substantziek giza osasunerako eta ingurumenerako izan dezaketen arriskua.
Ingurumeneko baimen bateratu honen eraginpeko instalazioan egindako aldaketek bat etorri beharko dute kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legeak 10.3 artikuluan ezarritako komunikazio-erregimenarekin. Hori horrela, ingurumeneko beste baimen bateratu bat beharko da aldaketak funtsezkoak direnean.
Hirugarrena. Ebazpen hau eraginkorra izan dadin, aurretik Ingurumeneko Sailburuordetzari agiri bidez egiaztatu beharko zaio Ebazpen honetako bigarren ataleko puntu hauetan ezarritako baldintzak betetzen direla: B.1 (Instalazioan onartutako hondakinen erregistroa); B.1.c (Agiri-erregistroko eredua); B.3.1.e eta B.3.2.c (Sortutako hondakin arriskutsu eta ez-arriskutsuak onartzeko agiriak); B.3.1.l eta B.3.2.e (Sortutako hondakin arriskutsuen eta ez-arriskutsuen kontrolaren erregistroa egiteko eredua); C.1 (Atmosferako isuriak kontrolatzea hala badagokio); C.4 (Zarata kontrolatzeko neurketen proposamena); C.6 (Ingurumena zaintzeko programaren agiri bategina); D.1 (Mantentze-lanetako emisioen eta hondakinen kalkulua); D.3.a (Prebentzioko mantentze-lanetarako eskuliburua); D.3.d (Ustiaketaren eskuliburua); D.3.h (Produktu kimikoak gordetzeko ziurtagiriak); D.3.i (Larrialdi-egoeretarako eskuragarri dauden materialen zerrenda): D.3.r (Suteen aurkako babes-ziurtagiriak).
Halaber, baimen hau indarrean jarri aurretik, ingurumen organo honi atxikitako zerbitzu teknikoen ikuskaritza-bisitan egiaztatu beharko da instalazioak aurkeztutako proiektuaren arabera eta Ebazpen honetan ezarritakoarekin bat etorrita eraiki eta hornitu direla. Horretarako, aipatutako ikuskaritza-bisitaren aurretik, sustatzaileak Ingurumen Sailburuordetza honetan aurkeztu beharko du baldintza horiek betetzen direla egiaztatzen duen agiria, teknikari aditu batek eginda.
Goiko baldintza horiek guztiak betetzeko 6 hilabeteko epea ezarri da, ingurumeneko baimen bateratua eraginkorra dela adierazteko Ingurumen Sailburuordetzak emandako Ebazpen hau jakinarazten den egunetik kontatzen hasita.
Adierazitako baldintzak betetzen direla ziurtatzean, ebazpena emango da eta, horren bitartez, ingurumeneko baimen bateratua eraginkortzat aitortuko da.
Laugarrena. Ingurumeneko baimen bateratu hau 8 urteko epean egongo da indarrean, aurreko atalean ezarritakoaren arabera ondorioak dauzkan egunetik kontatzen hasita. Epe hori igarota, baimena berritu egin beharko da eta, hala badagokio, jarraian datozen aldietarako eguneratu.
Ingurumeneko baimen bateratua amaitu baino hamar hilabete lehenago, titularrak baimena berritzeko eskaera egin beharko du, uztailaren 1eko 16/2002 Legearen 25. artikuluan xedatutakoa betez.
Bosgarrena. Edonola ere, ingurumeneko baimen bateratua ofizioz aldatu ahal izango da uztailaren 1eko 16/2002 Legearen 26. artikuluan ezarritako kasuak aintzat hartuta.
Ingurumeneko baimen bateratu honetan jasotako ibilgurako isurketen baldintzei dagokienez, Jabari Publikoko Urguneen Erregelamenduaren 261. artikuluan eta ondorengoetan ezarritakoak, eta baldintza horiek hainbat aldiz ez betetzea berrikusi, bertan behera utzi eta indargabetzeko kausa izango dira.
Seigarrena. Cerámica Marlo SA enpresak Ebazpen honen xede den hondakinak kudeatzeko jardueran titulartasun-aldaketarik eginez gero, aldaketa hori Ingurumen Sailburuordetzan jakinarazi beharko du, hark onar dezan.
Zazpigarrena. Baimen honek balioa galduko du kausa hauek gertatzen direnean:
Epearen barruan ez egiaztatzea Ebazpen honetako hirugarren atalean ingurumeneko baimen bateratuak ondorioak izan ditzan ezarritako baldintzak betetzen direla, interesdunak behar bezala justifikatuz epea luzatzeko eskatzen ez badu.
Cerámica Marlo SA enpresaren nortasun juridikoa bukatzea, indarrean dagoen araudian ezarritako kasuetan.
Baimena indarrean jartzen dela adierazten duen ebazpenean xedatutakoak.
Zortzigarrena. Ebazpen honen edukia jakinaraztea Cerámica Marlo SA enpresari, Armiñongo Udalari, ingurumeneko baimen bateratua emateko prozeduran parte hartu duten erakundeei, eta gainerako interesdunei.
Bederatzigarrena. Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea.
Hamargarrena. Ebazpen honek ez du agortzen administrazio-bidea; horrenbestez, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuari, hilabeteko epean, Ebazpen hau jakinarazi eta hurrengo egunean kontatzen hasita, hori guztia Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114. artikuluarekin eta ondorengoekin bat etorriz (urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatu zuen lege hori).
Vitoria-Gasteiz, 2009ko urriaren 23a.
Ingurumeneko sailburuordea,
NIEVES TERÁN VERGARA.


