- 5073/2009 EBAZPENA, 2009ko urriaren 27koa, Osakidetzako zuzendari nagusiarena, zeinaren bidez Justizia eta Herri Administrazioko sailburuarengan eskuordetzen baita 2010etik 2013ra arteko telekomunikazio-zerbitzuak kontratatzeko prestazioa, hain zuzen ere, Osakidetzaren menpekoa izan eta Osasun eta Kontsumo Sailari atxikita dagoen EAEko Osasun Sareari dagozkion zerbitzuak. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus
Arautegia
Inprimatu5073/2009 EBAZPENA, 2009ko urriaren 27koa, Osakidetzako zuzendari nagusiarena, zeinaren bidez Justizia eta Herri Administrazioko sailburuarengan eskuordetzen baita 2010etik 2013ra arteko telekomunikazio-zerbitzuak kontratatzeko prestazioa, hain zuzen ere, Osakidetzaren menpekoa izan eta Osasun eta Kontsumo Sailari atxikita dagoen EAEko Osasun Sareari dagozkion zerbitzuak.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Ebazpena
- Organo arau-emailea: Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzua; Osasun eta Kontsumo Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 235
- Hurrenkera-zk.: 6475
- Xedapen-zk.: ---
- Xedapen-data: 2009/10/27
- Argitaratze-data: 2009/12/07
Gaikako eremua
- Gaia: Ogasun eta Ekonomía; Administrazioaren antolamendua; Ekonomi Jarduerak
- Azpigaia: Ogasun; Herri Administrazioa; Informazio etak komunikazioak
Testu legala
Jaurlaritzaren Kontseiluak, Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuak proposatuta, 1998ko uztailaren 28an hartu zuen Telekomunikazioetako administrazio-sare korporatiboaren gaineko definizioari buruzko Akordioa.
Erabaki horren azalpen-zatian, eta Administrazio-Sare Korporatiboari dagokionez, zera esaten da:
Horregatik, honela definitu da Administrazio-Sare Korporatiboa: administrazio honek eskatzen dituen telekomunikazio-zerbitzuen kudeaketa zentralizatuaren zentzuzko eremua finkatzen duen sarea. Administrazio-Sare Korporatiboa, telekomunikazioetako organo, higiezin eta zerbitzuei dagokienez, definizio dinamiko gisa ulertu behar da. Oinarrizko parametroak errespetatuz, aldaketa organiko eta fisikoen araberako bilakaera izango du, ezelango etenik gabe.
Erabaki horretan aurreikusten denaren arabera, Administrazio-Sare Korporatiboa honako irizpide hauei jarraituz osatuko da unean-unean:
Kudeaketa zentralizatuko eraikinetan edo beste eraikin batzuetan dauden sailek eta erakunde autonomoek osatuko dute sarea.
Sare horretatik kanpo utziko dira Zuzenbide Pribatuko Erakunde Publikoak eta Sozietate Publikoak, bai eta sare polizial, judizial, sanitario eta hezkuntzakoak ere.
Hala eta guztiz ere, aipaturiko sare sektorial horiekin lotura duten administrazio-zerbitzu batzuk sare horretan sartuko dira, baldin eta dokumentazioaren, ekonomiaren edo giza baliabideen alorrekoak diren informazio-sistema komun edo orokorren eragina badute, sistema horien datu-mugimenduari dagokionez.
Halaber, sare hau Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoko edo beste Administrazio Publiko batzuetako beste sare batzuekin lotzeko erabakiak Ogasun eta Herri Administrazio Sailak hartuko ditu. Sare poliziala salbuetsiko da.
2. paragrafoan adierazten diren poliziala ez beste sare guztien kudeaketaren ardura duten organoek EAEko Administrazioaren kontratazio-araubideari buruzko ekainaren 5eko 136/1996 Dekretuaren 19. artikuluak adierazten duen bidea erabiltzen badute. Telekomunikazio-sare horien kudeaketa egiteko, Ogasun eta Herri Administrazio Sailarekin hartzen dituzten erabakiei jarraituko diete, baita Sail horrek izenpetutako hitzarmenen eremuan hartutako erabakiei ere.
1998ko uztailaren 28ko Erabakiak Administrazio-Sare Korporatiboa definitu zuen, eta telekomunikazioen alorreko kontratuak sare sektorialetara zabaltzeko aukera ekarri zuen, EAEko Administrazioaren kontratazio-araubideari buruzko ekainaren 5eko 136/1996 Dekretuaren 19. artikuluak adierazten duen bidea erabiliz. Aukera horrek zera ekarri zuen: hasiera batean Administrazio-Sare Korporatiboaren zerbitzuak kontratatzea, eta ondoren, zerbitzu horien kontratazioa gainerako sareetara zabaltzea.
Halaber, formula hori aurrera eramateak zera esan nahi zuen: telekomunikazio-zerbitzuen kontratazioa eta kudeaketa Ogasun eta Herri Administrazio Sailaren organo eskudunean kokatu behar zen; alegia, Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordea zen eskuduna.
Azaldutako guztiaren ondorioz, Sare Korporatiboaren telekomunikazio-zerbitzuen kontratazioa indarrean zegoena sare judizial, sanitario eta hezkuntzakora zabal zitekeen.
Hala ere, azaldutako ereduak ez ditu agortzen administrazio araudiak jasotzen dituen aukera guztiak. Azkenean, Sare Sektorialetako kontratazio modurik egokientzat, honako hau jo da: Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legean jasotako gaitasunak eskuordetzeari buruz aurreikusten dena.
Justizia eta Herri Administrazio Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen abuztuaren 28ko 472/2009 Dekretuko 4.c artikuluarekin bat etorriz, telekomunikazio-zerbitzuen kontratazioa eta kudeaketa Justizia eta Herri Administrazio Saileko organo eskumendunaren esku jarri behar da: Justizia eta Herri Administrazio sailburuare esku.
Telekomunikazio-zerbitzuen kudeaketaren hazkuntza eta garapenak, hurrengo kontratazio bati begira, aholkatzen du ezen, ongi bereiztutako bi zatitan banatzea zerbitzua:
Zati bat kontratuen prestakuntza, izapide eta esleipenekin zerikusia duten jarduerek osatuko dute, baita kontratu horien aldaketek, interpretazioek eta amaierek ere. Jarduera horiek guztiak kontratazioaren muina dira, zeinahi delarik ere sarea.
Bigarren zatia kontratuaren kudeaketaren alderdiari dagokio, bai alde materialari, bai aurrekontuei; sareek kudeaketarako dituzten titularren zeregina izango da hori. Ez da hemen sartzen kontratuaren prezioak berrikustea, zeina, bere izaera kontuan izanik, organoari beraren esku utzi behar baita.
Horrela, bada, Euskal Hezkuntza Sistemaren Sareko telekomunikazio-zerbitzuen kontratazioa ni naiz horren kudeaketaren titularra aurrera eramateko formula egokia honako hau da: Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 13.1 artikuluan gaitasunak eskuordetzeari buruz aurreikusten dena. Honela dio artikulu horrek:
Herri-administrazioetako organoek beste organo batzuei beren eskumenak eskuordetzan eman diezazkiekete, organo horiek administrazio berekoak ez direnean, nahiz eta bata bestearen mendekoa ez izan, edo administrazio horiei lotuta edo administrazio horien menpe dauden zuzenbide publikoko erakundeetakoak badira.
Horiek horrela, hau
Justizia eta Herri Administrazioko sailburuarengan eskuordetzea 2010etik 2013ra arteko telekomunikazio zerbitzuak kontratatzeko eskumena, hain zuzen ere, EAEko Administrazioaren Osakidetzako Osasun Sareko zerbitzuak. Sektore Publikoaren Kontratuei buruzko urriaren 30eko 30/2007 Legean jasotako arloak kontratuari aplika dakizkiokeenak- hartuko ditu eskuordetzak:
Kontratuaren prestakuntza (II. liburua).
Administrazioaren eskumenak, aldaketa, iraungitze, lagatze eta azpikontrataziorako IV. liburuko I. tituluko I. kapituluan oro har aurreikusten direnak, eta hornidura-kontratuetarako IV. liburuko II. tituluko IV. kapituluan berariaz aurreikusten direnak.
Kontratua formalizatzea (III. liburua, I. titulua, I. kapitulua).
Kontratazio organoari dagozkion bestelako eskumenak; bereziki, emandako zerbitzuen burutzapenari onespena ematea eta horien ordainketa agintzea, organo eskuordetzailearen esku geldituko dira.
Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean sartuko da indarrean.
Vitoria-Gasteiz, 2009ko urriaren 27a.
Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuko zuzendari nagusia,
JULIÁN PÉREZ GIL.


