- EBAZPENA, 2010eko urtarrilaren 20koa, Ingurumeneko sailburuordearena, arrautzak ekoizteko eta merkaturatzeko ingurumeneko baimen bateratua emateko dena. Ekimen hori Avícola Tolosa SAT enpresak sustatu du, Eginoko udalerrian (Araba). - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus
Arautegia
InprimatuEBAZPENA, 2010eko urtarrilaren 20koa, Ingurumeneko sailburuordearena, arrautzak ekoizteko eta merkaturatzeko ingurumeneko baimen bateratua emateko dena. Ekimen hori Avícola Tolosa SAT enpresak sustatu du, Eginoko udalerrian (Araba).
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Ebazpena
- Organo arau-emailea: Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 192
- Hurrenkera-zk.: 4365
- Xedapen-zk.: ---
- Xedapen-data: 2010/01/20
- Argitaratze-data: 2012/10/02
Gaikako eremua
- Gaia: Ingurune naturala eta etxebizitza; Ekonomi Jarduerak; Garraio eta herri lanak
- Azpigaia: Ingurumena; Industria; Nekazaritza eta arrantza
Testu legala
2006ko abenduaren 29an, Ana Maria Jiménez andreak, Avícola Tolosa SAT enpresaren izenean eta ordezkaritzan, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Sailari ingurumeneko baimen bateratua ematea eskatu zion, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2006 Legeak xedatutakoaren arabera, Eginoko udalerrian (Araba) arrautzak ekoizteko eta merkaturatzeko. Geroago, 2007ko maiatzaren 30ean, Avícola Tolosa SAT enpresak Asparrengo Udalak 2006ko uztailaren 26an emandako aldeko hirigintza-txostena igorri zuen, honako agiri tekniko hauekin batera:
Proiektu Teknikoa. Ingurumeneko baimen bateratua. Avícola Tolosa SAT Oinarrizko proiektua (2007).
Laburpen ez-teknikoa. Ingurumeneko baimen bateratua. Avícola Tolosa SAT Laburpen ez-teknikoa (2007).
Ingurumeneko baimen bateratua lortzeko proiektu teknikoaren eranskinak. Avícola Tolosa SAT (2007).
Erreferentziako baimena eskatzeko unean, Avícola Tolosa SAT enpresak, besteak beste, jarduerarako 1994ko ekainaren 15eko baimena zuen arrautzak ekoizteko hegaztitegia instalatzeko.
2007ko ekainaren 5ean, Ingurumenaren Kalitatearen Zuzendaritzak prozeduran parte hartzen duten hainbat organori txostenak eskatu zizkion, Ingurumen Organoak proiektua jendaurrean jartzeko. Zehazki, Asparrengo Udalari, Osasun Sailari eta Ebroko Ur Konfederazioari egin zitzaien kontsulta.
2007ko uztailaren 24an, Ingurumen Organoak agiri gehigarriak txertatzeko eskatu zion sustatzaileari.
Aurkeztutako agiriak nahikoak zirela egiaztatu ondoren, Ingurumeneko sailburuordeak 2008ko irailaren 19an emandako ebazpenaren bidez, jendaurrean jarri zen 30 egun balioduneko epean, Avícola Tolosa SAT enpresak sustatutako proiektua, egoki iritzitako alegazioak aurkezteko. Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Arabako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, bietan 2008ko urriaren 17an. Era berean, ondoko auzokide bakoitzari jakinarazpena bidali zitzaion.
Jendaurrean jartzeko izapidea amaitu ondoren, alegaziorik ez dagoela egiaztatu da.
Uztailaren 1eko 16/2002 Legearen 17. eta 18. artikuluetan xedatutakoa betez, 2008ko azaroaren 27an Ingurumenaren Kalitatearen Zuzendaritzak txostenak eskatu zizkien Asparrengo Udalari, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailari eta Ebroko Ur Konfederazioari, espedientean ageri den emaitza jasoz.
Eskaeraren izapidetzearekin jarraitzeko asmoz, 2009ko urtarrilaren 27an eta maiatzaren 11n, agiri gehigarriak txertatzeko eskatu zitzaion sustatzaileari, eta 2009ko azaroaren 6an osatu ziren agiriak.
Azkenik, 2009ko azaroaren 24an txostena eskatu zitzaion Ebroko Ur Konfederazioari.
2009ko abenduaren 28an, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legearen 20. artikuluan xedatutakoa betez, espediente osoa Avícola Tolosa SAT enpresaren esku utzi zen, Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailak egindako ebazpen-proposamena gehituta. Horren inguruan ez da jakinarazpenik jaso.
Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legearen 1. artikuluan xedatutakoaren arabera, lege horren xedea da atmosferaren, uraren eta lurzoruaren kutsadura saihestea edo, hori ezinezkoa denean, kutsadura hori gutxitu eta kontrolatzea; eta hori lortzeko, ingurumen osoaren babes maila altua helburutzat harturik, kutsadura prebenitu eta kontrolatzeko sistema integratu bat ezartzea.
Uztailaren 1eko 16/2002 Legea garatu eta burutzeko Erregelamendua onartzen duen apirilaren 20ko 509/2007 Errege Dekretuaren 3. artikuluan xedatutakoarekin bat eginez, baimen honetan sartzen dira ekoizpen-elementu eta -lerro guztiak; 16/2002 Legearen 1. eranskinean aipatzen ez diren arren, lege hori aplikatu beharreko esparruko jardueren instalazioetan gauzatzen direnak eta jarduera horrekin zerikusia dutenak.
Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legearen 9. artikuluari jarraituz, ingurumeneko baimen bateratua behar dute 1. eranskinean aipatzen diren jardueraren bat garatzen duten instalazioak eraiki, muntatu, ustiatu, lekuz aldatu nahiz funtsezko beste aldaketaren bat egiteko. 11. artikuluaren arabera, baimen honen oinarrizko helburua baldintzak ezartzea da, araua, berau aplika daitekeen instalazio guztietan betetzen dela bermatzeko; horretarako, baimena emateko parte hartuko duten Herri Administrazio desberdinen artean koordinatuta izango den prozedura bat erabili nahi da, izapideak erraztu eta partikularrek ordaindu beharreko kargak gutxitzearren. Era beran, indarrean dagoen araudiaren araberako administrazio-baimen guztiak egintza administratibo bakar batean bildu nahi izan dira. Avícola Tolosa SAT enpresaren kasuan, baimen hauek guztiak behar ditu: jabari hidrauliko publikora isurtzeko baimena, hondakin arriskutsu eta ez-arriskutsuak sortzekoa, eta ingurumen-izaerako beste zehaztapenen artean, atmosferaren kutsadurari dagozkion baimenak eta lurzoruaren kutsadura prebenitu eta zuzentzeari dagozkionak. Gainera, espedientean beste administrazio eta erakunde eskudun batzuek ere parte hartu dute, aginduzko txostenak igorriz.
Uztailaren 1eko 16/2002 Legearen 29. artikuluan xedatutakoaren arabera, ingurumeneko baimen bateratua emateko prozedurak Jarduera Gogaikarri, Osasungaitz, Kaltegarri eta Arriskutsuei buruzko azaroaren 30eko 2414/1961 Dekretuak aurreikusten duen jarduera sailkatuetarako udal-baimenaren prozedura ordezkatzen du; ez du ordezkatzen, ordea, udal agintaritzak emango duen behin betiko ebazpena. Ondorio horietarako, ingurumeneko baimen bateratua udal-agintarientzat loteslea izango da baldin eta lizentzia ukatzeko bada edota neurri zuzentzaileak ezartzeko; baita goiko arauaren 22. artikuluan jasotako ingurumen-alderdiei buruzko aipamena egiten bada ere. 29. artikulu horretan aipatzen denez, goiko guztiak ez ditu kaltetuko autonomia-erkidego bakoitzean jarduera sailkatuei aplikatzekoak diren gainerako arauak. Transkribatutako aginduak aplikatuz, Avícola Tolosa SAT enpresari dagokion ingurumeneko baimen bateratuaren prozedurak barne hartu ditu Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumena Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorrean aurreikusitako izapideak; horiez gain, espedientean sartu dira Eginoko Udalaren eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren txostenak.
Instalazioak gehienez isur ditzakeen gai kutsagarrien balioak eta ingurumena, oro har, ahalik eta gehien babesteko ustiapenerako ezarriko zaizkion beste baldintza batzuk zehazte aldera, ebazpen hau egiterakoan kontuan izan dira teknika erabilgarri egokienak eta aplikatzekoa den arloko legerian ezarritako baldintzak. Zehazki, Europako Batzordearen 2003ko uztaileko Reference Document on Best Available Techniques for intensive rearing of poultry and pigs BREF agiriaren edukia hartu da kontuan. Gainera, sektorean aplikatzekoak diren araudiei dagokienez, kasu honetan aplikatzekoa da bereziki uztailaren 6ko 141/2004 Dekretua, abeltzaintzako ustiategietarako arau teknikoak, higieniko-sanitarioak eta ingurumenekoak ezartzen dituena, eta abenduaren 22ko 390/1998 Dekretua, nekazaritzatik eratorritako nitratoekin ura kutsatzeko arriskuan dauden inguruak izendatzeko arauak finkatzen dituena, eta Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritzako jardunbide egokien kodea onartzen duena.
Ingurumeneko baimen bateratu hau emateko eskuduna, aipatutako araudiaren 13. artikuluan eta Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Saileko egitura organikoa ezartzen duen abenduaren 22ko 629/2009 Dekretuaren 8. artikuluan ezarritakoaren arabera.
Ondorengo araudia ikusi da: Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailak 2009ko abenduaren 28an emandako ebazpen-proposamena; otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorra, Euskal Herriko Ingurumena Babesteari buruzkoa; 16/2002 Legea, uztailaren 1ekoa, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzkoa; urtarrilaren 11ko 1/2008 Legegintzako Errege Dekretua, proiektuen Ingurumenaren gaineko Eraginaren Ebaluazioari buruzko Legearen testu bategina onartzen duena; abenduaren 22ko 629/2009 Dekretua, Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren egitura organikoa ezartzen duena; azaroaren 26ko 26/ Legea, Herri Administrazioen Araubide Juridikoa eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa, eta aplikatzeko den gainerako araudia, honako hau
Lehenengoa. Egoitza soziala Eginoko udalerriko (Araba) auzo sakabanatuan eta IFK: F-01024058 duen Avícola Tolosa SAT enpresari ingurumeneko baimen bateratua ematea Eginoko udalerrian arrautzak ekoizteko eta merkaturatzeko jarduerarako.
Halaber, Ingurumeneko Baimen Bateratu hau eman da, uztailaren 1eko 16/2002 Legearen 19. artikuluaren arabera Arroko Erakundeak landu beharreko txostenaren emaitzei kalterik egin gabe.
Jarduera Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legearen 1. eranskinaren 9.3.a kategorian sartuta dago, arrautzatarako oiloen kasuan, 40.000 plazatik gora dituzten eskortako haztegien hazkuntza intentsibora zuzendutako instalazioak, eta hegaztiak ekoizteko beste moduei haren kopuru baliokidea dagokie.
Avícola Tolosa SAT enpresa Eginoko udalerriko (Araba) landa-jabetzako lur zati batean dago, eta lur zatiaren azalera, guztira, 17.250 m2-koa da.
Instalazioa osatzen duten pabiloi bakoitzaren ekoizte-ahalmena ondorengoa da:
(Ikus .PDF)
Ekoizpen-pabiloiek hilabete bateko geldialdia izaten dute saneamendu-hustualdian zehar. Aldi horretan ez da hegaztirik barruan.
4 pabiloi daude arrautzak ekoizteko industria-ustiapenerako. Pabiloi horien ondoan 10 m ingurura, enpresaren jabetzako etxebizitza bat dago, eta geletako bat bulego gisa gaitu da.
Ustiapenak oin errektangeluarreko lau pabiloi ditu, eta horietan daude oilo ekoizleentzako sailak. 1. eta 2. pabiloiek 90 × 12 = 1.080 m2-ko azalera eraikia dute. 3. pabiloiak 95 × 13,5 = 1.282,5 m2-ko azalera eraikia du. 4. pabiloiak 90 × 14 = 1.260 m2-ko azalera eraikia du.
2 pabiloietako bakoitzaren artean aurrealdetik guztiz irekitako eraikin bat dago, bi pabiloietako zirina edo oilo-gorotza etengabean biltegiratu eta biltzen duena. Ekoizpen-sailak eraikita dauden solairuak gorozkiak airez lehortzeko sistema bat duten uhal garraiatzaile batzuetan jarrita daude, eta eginkariak etengabean eramaten dituzte horiek biltegiratzeko lokaletara.
Ekoizpen-pabiloiei atxikita, horiekiko perpendikularrean jarrita, elkarren ondoko zenbait lokal daude, honetarako:
Bidalketak: lokalean bertan aldagelak eta komunak, produktu desinfektatzaileetarako saila eta arrautza hautsiak kontserbatzeko hotz-ganbera daude.
Stock-biltegia.
Hautapen-zentroa.
Tresna-biltegia.
Ekoizpen-pabiloien eta produktua hartu, hautatu, biltegiratu eta bidaltzeko zentroen arteko komunikazioa eraikin guztiak lotzen dituen 2 m zabaleko sarbide estali baten bidez egiten da. Barrendegi bakoitzak eta ekoizpen-pabiloiek sarbide independenteak dituzte kanpoaldetik.
Ustiapenak zirina biltegiratzeko bi lokal ditu, bat bi pabiloiko.
Lokalen gainean jotzen duen eguzki-erradiazioa murriztearren, panel jarraitu batzuk jarri dira eraikin bakoitzean, beroa leihoetatik sartzea saihesteko eta aireberritzeko aireari sartzen uzteko.
Oilo erruleak elikatzeko lehengaiak batik bat pentsuaz eta uraz osatutako elikagai-anoa dira. Pentsua kanpoaldean eta ekoizpen-pabiloiei atxikitako siloetan biltegiratzen da. Horietako bakoitzak 15.000 kg-ko edukiera du. Gehienez egon daitekeen stocka ekoizpen-pabiloi bakoitzeko 30.000 kg-koa da, guztira 120.000 kg.
Ustiapenak 300.000 l-ko edukierako andel bat du, zerbitzuetarako, garbiketarako eta erruleak elikatzeko beharrezko ura hornitzen duena.
Jarduera arrautzak ekoiztea da, eta horretarako aukerako ugaltzaileetako erruleak erabiltzen dira. Erruleak 20-22 asteko adinarekin sartzen dira pabiloietan, eta ekoizte-sailak zatituta dauden kaioletan sartzen dira.
Ustiapen-sistema 4 solairuko sailen bidez egiten da. Sailek atal bakoitzeko hainbat hutsune ditu, eta hutsune bakoitzak hegazti kopuru jakin bat du.
Ustiapenak duen sail motak 40 hegazti/atal ditu. Pabiloi bakoitzean 5 ekoizpen-lerro (5 sail) daude, eta horien luzetarako neurriak 150.000 oilo hartzeko ahalmena du, pabiloietan banatuta.
Ekoizpen-lerroak errute-kaiolez osatuta daude, eta hutsune bakoitzean 5 hegazti sartzen dira. Kaiolen aurrean eta sailaren alde bakoitzean 4 solairuetan, janontziak daude, eta horien azpian arrautzak biltzen dituzten luzetarako uhalak. Horiek zeharkako uhal batekin lotuta daude, eta horrek pabiloi bakoitzeko arrautzak hautapen-zentrora eramaten ditu aldi berean. Bertan, sailkagailu/ontziragailua dago, aurrelikagailu baten bidez sailen zeharkako uhalei lotuta dagoena. Makinak begiraketa-kabina bat eta pisuaren arabera sailkatzeko 6 lerro ditu.
Azkenik, arrautzak sailkagailutik kartoian edo estutxean ontziratzera igarotzen dira zuzenean, elikagailu automatiko baten bidez.
Prozesuaren azken fasea estutxeak edo ontziak kartoizko kaxetan jartzea da, eta horiek ondoko lokal batean metatuko dira, berehala bidaltzeko.
Elikadura aginte-mahai edo kontrol batetik zuzentzen da. Sailaren alde bakoitzean lau kanabera edo hodi garden dituen erloju programatzailea duen orga edo tobera autopropultsatu automatiko baten bidez burutzen da, eta pentsua solairuetako janontzi bakoitzean erortzen ikus daiteke. Hodi horiek pentsu-dosifikatzaile bat dute, eta bidean zehar pentsu-nahasketa egiten du.
Edateko ura PVC gardenezko hodien bidez eramaten da. 3 balbula edo «txupete-erako» hartune ditu hutsune bakoitzeko, horietako bi trenkadetan, eta bat erdian. Horien azpian V erako kanaleta berreskuratzaile bat dago.
Hodiek uhal garraiatzaile batzuk dituzte, bat solairu bakoitzeko, sortutako eginkariak biltzen dituztenak, eta aire-injekzio bidez lehortu ondoren, ekoizpen-pabiloiaren ondoko zirin-biltegira zuzenean eramaten duen zeharkako uhal batera igarotzen da.
Jarraian, hartzitze-prozesu batean, horren hezetasuna % 30 murrizten da, eta balio organiko handiko ongarri bat sortzen da.
Urtean behin eta 25 egunetan zehar, pabiloi bakoitzaren saneamendu-hustualdia egiten da, eta horien garbiketa eta desinfekzioa burutzen da. Lehenik lehorreko garbiketa egiten da, eta jarraian desinfekzioa egiten da, desinfektatzaile bat uretan nahastuta edo kare-esnearen gehigarri gisa horma eta sabaietan aplikatuz. Eragiketa hori egin ondoren, pabiloia itxita edukitzen da 25 egunetan; denbora horretan nahasketa lurrundu eta aplikatutako eremuak lehortzen dira.
Instalazioak isuri atmosferikoen isurtze-foku ez-sistematiko bat du, multzo elektrogenoari dagokiona. Gainera, isuri barreiatuak sortzen dira hegaztiak ukuiluratzeko pabiloietan, uhal garraiatzaileetako simaurretan eta pentsua siloetan biltegiratzean.
Fabrikan isurtze-puntu bakarra dago. Ur sanitarioak, euri-urak eta industria-urak Burundi ibaira isurtzen dira fluxu bakar baten bidez.
Sortutako hondakinei dagokienez, hondakin horiek batez ere eragiketa orokorretatik datoz.
Avícola Tolosa SAT enpresak aurkeztutako proiektuak Europako 2003ko uztaileko «Reference Document on Best Available Techniques on Intensive Rearing of Poultry and Pigs» BREF agirian jasotako teknika erabilgarri onenak (TEO) diren batzuk erabiltzen ditu. Zehazki, agiri horretan TEO gisa hartzen diren neurri hauek ditu fabrikak: ur-, energia- eta pentsu-kontsumoen erregistroa, mantentze-lanen programak eta garbiketa-programak gauzatzea, nutrizio-teknikak aplikatzea, oilo-gorotza erretiratzea, instalazioak presiozko urez garbitzea, ur-kontsumoaren kontrola, pabiloien aireberritze-sistema optimizatzea, eta kontsumo txikiko argi-sistemak erabiltzea.
Bigarrena. Avícola Tolosa SAT enpresak Eginoko udalerrian arrautzak ekoizteko eta merkaturatzeko jarduera ustiatzeko ondorengo baldintzak eta eskakizunak jartzea:
Administrazioarekiko harremanen arduradunari buruz emandako datuetan aldaketarik badago, Avícola Tolosa SAT enpresak aldaketa horien berri emango du Ingurumen Sailburuordetzan.
Neurri babesle eta zuzentzaileak, sustatzaileak Ingurumen Sailburuordetza honetan aurkeztu dituen agirietan aurreikusi bezala burutuko dira, indarrean dagoen araudiaren arabera eta ondorengo ataletan ezarritakoari jarraituz:
1. Airea babesteko baldintzak.
1.1. Baldintza orokorrak.
Avícola Tolosa SAT enpresaren instalazioa ustiatzean atmosferara egingo diren isuriak murriztuko dira eta ebazpen honetan ezarritako aginduak beteko dira.
Prozesuan zehar atmosferara isurtzen den gai kutsatzaile oro bildu eta ihesbide egokienean zehar kanpora bideratuko da, behar denean, gai kutsatzaileen ezaugarrien arabera diseinatutako gasak arazteko sistema batetik igaro ondoren.
Arau orokor hori bete beharrik ez dute izango isuri zarratuak biltzea teknikoki edota ekonomikoki bideragarria ez denean, edo ingurunean kalte urria eragiten dutela egiaztatzen denean.
Neurriak hartuko dira ustekabeko isuririk ez egiteko, eta egiten direnak giza osasunerako eta gizartearen segurtasunerako arriskutsuak izan ez daitezen. Gas-efluenteak tratatzeko instalazioak behar bezala ustiatu eta mantenduko dira, efluenteen tenperatura- eta konposizio-aldakuntzei modu eraginkorrean aurre egiteko. Era berean, ahalik eta gehien murriztuko dira instalazio horiek gaizki dabiltzan edo geldirik dauden aldiak.
1.2. Fokuak identifikatzea eta isuri barreiatuak. Katalogazioa.
Arrautzak ekoiztu eta merkaturatzeko instalazioan isuri barreiatuak sortzen dira, hegaztiak ukuiluratzeko pabiloietan, simaurra garraiatzen duten uhaletan geratzen den simaurretik eta pentsuak siloetan biltegiratzean.
Ukuiluratzeko edukieraren arabera kalkulatuta, eta EPER Espainiako IPPC Zuzentarauarekin lotutako abeltzaintza-sektoreko gasen isurien kalkulu-taulak, eta Eusko Jaurlaritzak emandako airera egindako isuriak neurtzeko, balioesteko eta kalkulatzeko gida teknikoak kalkulatzeko faktoreak erabilita, Avícola Tolosa SAT enpresaren instalazioak isuri barreiatu hauek sortzen ditu:
(Ikus .PDF)
Horrez gain, arrautzak ekoiztu eta merkaturatzeko instalazioak foku ez-sistematiko hau du:
(Ikus .PDF)
D fokurako, sustatzaileak IPPC gidako 6. eranskina bete beharko du Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumeneko baimen bateratua eskatzeko (atmosfera kutsa dezaketen foku ez-sistematikoak adierazteari buruzko formularioak).
1.3. Isuriak murrizteko neurriak eta isurtzeko muga-balioak.
Instalazioa ustiatzeko orduan, teknikoki zein ekonomikoki bideragarria den guztietan, isuriak murrizteko neurri hauek ezarriko dira:
Erruteko hegaztien bizitzaren faseetan nutrizio-teknikak aplikatu beharko dira:
Nitrogeno-iraizteari aplikatutako nutrizio-teknikak: pentsuetan proteina gordina adierazten duten maila hauek lortu beharko dira:
(Ikus .PDF)
Nutrizio-teknikak aplikatuko dira fosforo-iraizketan: pentsuen guztizko fosforoari dagokionez, maila adierazgarri hauek lortu behar dira:
(Ikus .PDF)
Hegaztiak ukuiluratzeko sistemaren mantentze-lana egin behar da.
Baterian jarritako kaiolen sistema; simaurra eramateko simaur-uhalak erabiltzen dira.
Isuri barreiatuak murriztearren, ukuiluratzeko instalazioetatik eginkariak biltegiratzeko lokaletaraino airez lehortzeko sistema bat duten uhal garraiatzaile batzuen bidez erretiratuko da sortutako oilo-gorotza.
2. Ibilgura isurtzeko baldintzak.
2.1. Isurketen sailkapena, jatorria, ingurune hartzailea eta kokapena.
Isurketa sortzen duen jarduera mota nagusia: hegazti-hazkuntza.
Jarduera-taldea: 17 (zooteknia).
Mota-taldea-EJSN: 0124-17-3.
(Ikus .PDF)
2.2. Gehienez isur daitezkeen emariak eta bolumenak.
isurketa: ur sanitarioak, industria-urak eta euri-urak.
(Ikus .PDF)
2.3. Isurtzeko muga-balioak.
Ibilgura egiten diren isurketen ohiko kutsadura-parametroak ondoren zerrendatutakoak izango dira soil-soilik, bakoitzerako zehazten diren gehienezko balioekin:
1. isurketa: ur sanitarioak, industria-urak eta euri-urak.
(Ikus .PDF)
Ezingo dira diluzio-teknikak erabili isurtzeko muga-balioak lortzeko.
Gainera, ingurune hartzaileari dagozkion arauak eta kalitate-helburuak bete behar dira. Aitzitik, titularrak tratamendu egokia instalatu beharko du, isurketaren ondorioz aipatutako kalitate-helburuak urratzen ez direla ziurtatzeko.
Era berean, titularrak ur publikoak erabiltzeko Ebroko Ur Konfederazioak emandako aginduzko emakida izan beharko du, edo aprobetxamendu-eskubidearen egiaztagiria.
Baimen honek baldintza honetan berariaz aipatutako substantzien isurketak bakarrik hartzen ditu barne eta, batez ere, Uraren abuztuaren 2ko 29/1985 Legeko Atariko, I, IV, V, VI eta VIII. Tituluak garatzen dituen Jabari Publikoko Urguneen Erregelamendua onartzen duen apirilaren 11ko 849/1986 Errege Dekretua aldatzen duen maiatzaren 23ko 606/2003 Errege Dekretuaren hirugarren xedapen gehigarriak aipatzen dituen substantzia arriskutsuak.
Ibaira egiten den isurketaren immisioak Ebroren Plan Hidrologikoan barne hartutako kalitate-helburuak beteko ditu.
2.4. Araztu eta husteko instalazioak.
Avícola Tolosa SAT enpresaren jarduerak sortutako hiri-hondakinekin batera daitezkeen hondakin-urak tratatzeko arazketa-sistema hiru gorputzeko hobi septiko bat da, dekantagailuaz, digestoreaz eta iragazki biologikoaz osatua.
Dekantazioa: grabitatearen bidez solidoak ezabatzeko prozesua. Efluentea hobian sartzen da eta partikula pisutsuenak hobiaren hondoan jalkitzen dira.
Dekantatutako lohien digestioa: lohi dekantatuek bakterio anaerobikoek sortutako dekantazioa jasaten dute.
Hobiak iragazkia izango du eta horren bidez, noizean behin gai esekiak ateratzea saihestuko da, horrek ondorengo arazketa-sistema buxatu dezakeelako. Aurretiaz dekantatutako ura andelean sartzen da eta banatzaile baten bidez, efluenteak bakterioak itsasten diren gai iragazleen masa zeharkatzen du.
Arazketa-sistemak 20 bizt. bal.ren karga kutsatzailea tratatzeko neurriak ditu. Arazketa-sistemak OEB5-aren % 75-80ko eta SE-en % 90eko arazketa-errendimendua lortzen du.
Dagoen arazketa-sistemak F1, F2 eta F3 fluxuei dagozkien ur gordinak tratatzen ditu, eta pabiloien aurrealdeko eta atzealdeko euri-uren F4 eta F5 fluxuak arazketa-sistemako hondakin-ur tratatuak eramateko kolektorera gehitzen dira.
F4 eta F5 fluxuetako euri-urek, isurketen kolektore nagusira konektatu aurretik, dekantatze-kutxeta bana dute, arrastatutako elementu solidoak jalkitzeko.
Egiteko dauden jarduketak.
Laginak hartzeko kontrol-kutxeta bat eraiki beharko da jarritako arazketa-sistemaren ondoren, eta jarduerako hondakin-urak ibilgura isurtzeko kolektore bakarrera edozein euri-ur gehitu aurretik. Titularrak kontrol-kutxeta horren UTM koordenatuak adierazi behar ditu, eta aurrez jarritako arazketa-sisteman tratatutako hondakin-uraren laginak non hartuko diren.
Halaber, hondakin-uren baterako isurketaren irteerako kolektoreak kutxeta bat izango du, azken isurketaren lagin esanguratsuak hartzeko eta emariaren neurketak egiteko. Kanpotik sartzeko aukera izango du, jarduera garatzen den esparruan sartu behar izan gabe.
Hartutako neurri zuzentzaileak nahikoak ez direla ikusiz gero, Avícola Tolosa SAT enpresak behar beste aldaketak egingo ditu arazketa-instalazioetan, isurketak baimenean ezarritako baldintzak bete ditzan. Aldaketak Administrazioari jakinaraziko dizkio lehenik; behar izanez gero, baimena aldatzeko ere eskatuko du.
Etorkizunean isurketa hori udaleko edo arlo publikoko saneamendu-sare orokor batera lotu badaiteke, sare horretara lotu beharko da, eta baimen hau eraginik gabe geratuko da.
Arazketa osagarria ere eskatzeko aukera izango da, ingurune hartzailean gorabehera negatiboren bat antzemanez gero.
Baimenaren titularrak kolektoreak eta arazketa-instalazioak funtzionamendu-egoera egokian mantendu beharko ditu. Horrela, betebehar horietarako pertsona bat izendatu beharko du eta instalazioak zaindu eta funtzionatzeko arau zorrotzak eta beharrezko neurriak emango dizkio.
Isuritako emaria neurtzeko sistema bat izan beharko da, uneko balioa eta metatua noiznahi ezagutzeko. Hilabete bateko epean emari-neurgailu bat instalatzea teknikoki eta/edo ekonomikoki bideraezina dela justifikatzen bada, isuritako emaria zeharkako metodoen bidez neurtzea baimenduko da, betiere isuritako emariaren balioa bidaltzen bada.
Baimenaren titularrak arazketa-instalazioen funtzionamendua eta isurketen kalitatea eta kantitatea maiz kontrolatu beharko ditu. Kontrol hori hidraulika-administrazioaren erakunde laguntzaile baten bidez egingo da, edo zuzenean, baina erakunde laguntzaile baten auditoretzarekin. Informazio hori Ingurumen Sailburuordetzak aztertzeko eskuragarri egongo da, eta egiaztapen eta analisi aproposak egin ahal izango ditu horrek. Gutxienez ebazpen honetan zehaztutako parametroak analizatuko dira.
2.5. Isurien kontrol-kanona.
Uraren Legearen Testu Bateginaren 113. artikulua eta Jabari Publikoko Urguneen Erregelamenduaren (606/2003 Errege Dekretua) 291. artikulua aplikatuz, hauxe da isurien kontrol-kanona:
(IKK): Isurien kontrol-kanona = V × Pu.
Pu = Po × Km.
Km = K2 × K3 × K4.
Honela ulertuta:
V = Isurketa baimenduaren bolumena (m3/urte).
Pu = Isurketaren kontroleko prezio unitarioa.
Po = Oinarrizko prezioa m3-ko isurketaren izaeraren arabera.
Km = Isurketaren maiorazioko edo minorazioko koefizientea.
K2 = Isurketaren ezaugarrien araberako koefizientea.
K3 = Isurketaren kutsadura-mailaren araberako koefizientea.
K4 = Ingurune hartzailearen ingurumen-kalitatearen araberako koefizientea.
isurketa: ur sanitarioak, industria-urak, eta euri-urak.
(Ikus .PDF)
Km = 1,18 × 0,5 × 1,25 = 0,7375.
Pu = 0,03005 × 0,7375 = 0,022162 euro/ m3.
Isurien kontrol-kanona = 220 m3/urte × 0,022162 euro/m3 = 4,88 euro/urte.
Kanonaren zenbatekoa ez da aldatuko isurtzeko baimenaren baldintzak edo isurien kontrol-kanonaren kalkulua osatzen duten faktoreetako bat aldatzen ez diren artean.
Ebroko Ur Konfederazioak isurien kontrol-kanonaren likidazioa egin eta jakinaraziko du dagokion urteko ekitaldia bukatu orduko.
Isurketen kontrol-kanona ez da lotuta egongo saneamendu- eta arazte-lanak finantzatzeko autonomia-erkidegoek edo udalek ezar ditzaketen kanonekin edo zergekin (TRLAren 113.7 artikulua).
2.6. Nekazaritza-jardueratik datozen nitratoek uretan eragindako kutsadura.
Avícola Tolosa SAT enpresaren instalazioak Eginoko udalerrian daude. Nekazaritzatik eratorritako nitratoekin kutsatzeko Arriskuan dauden Inguruak izendatzeko arauak finkatzen dituen abenduaren 22ko 390/1998 Dekretuaren arabera nekazaritza-jardueratik datozen nitratoek ura kutsatzeko arriskuan dauden inguruen artean ez dago udalerri hau.
Avícola Tolosa SAT enpresaren simaur-ekoizpen zenbatetsia 5.500 t/urtekoa da.
Avícola Tolosa SAT enpresak jarduerak sortutako simaurrak simaurra garraiatzeko uhaletan gordeko ditu, hormigoizko zola gaineko ukuiluratze-instalazio iraunkorren barruan. Hustuketa, aldiz, simaurra erretiratzeko kamioi baten bidez egingo da beharrezkoa den maiztasunarekin, kanpora isurketak gertatzeko arriskurik egon ez dadin.
Bestalde, simaurra erabiltzen bada ongarri moduan, abenduaren 22ko 390/1998 Dekretuaren, nekazaritza-jardueratik datozen nitratoek kutsatzeko arriskua duten zonak izendatzeko denaren eta Euskal Autonomia Erkidegoko Nekazaritza Jardunbide Egokien Kodea onartzen duenaren I. eranskineko baldintzen arabera egingo da; modu berean, kontuan hartuko dira uztailaren 6ko 141/2004 Dekretuaren, abeltzaintza-ustiapenek bete beharreko arau teknikoak, higieniko-sanitarioak eta ingurumenekoak ezartzen dituenaren I. eranskineko 3. kapituluko 6. puntuan adierazitakoak.
3. Instalazioan sortutako hondakinak egoki kudeatzen direla bermatzeko baldintzak.
Instalazioetan sortzen diren hondakin guztiak hondakinei buruzko apirilaren 21eko 10/1998 Legean eta aplikatzekoa den berariazko gainerako araudian xedatutakoari jarraituz kudeatuko dira; hala badagokio, hondakinak karakterizatu egin beharko dira euren izaera zehaztu eta helburu egokiena erabakitzeko.
Espresuki debekatuta dago sortzen diren tipologia desberdineko hondakinak elkarrekin edo beste hondakin nahiz efluente batzuekin nahastea; hondakinak jatorritik bertatik bereiziko dira eta horiek bildu eta biltegiratzeko bide egokiak jarriko dira, nahasketak saihesteko.
Hondakinen kudeaketari buruzko printzipio hierarkikoei jarraituz, hondakin oro balioztatu egin behar da eta horretarako balioztagune baimendu batera eraman behar dira. Hondakinak ezabatu ahal izango dira, baldin eta horiek balioztatzea teknika, ekonomia edota ingurumen aldetik bideragarria ez dela behar bezala egiaztatzen bada. Birsortzea eta berrerabiltzea lehenetsiko dira balioztatzeko beste modu material edo energetikoren aurretik.
Era berean, hondakinak tratatzeko Euskal Autonomia Erkidegoan instalazio baimenduak badaude, instalazio horietara bidaliko dira lehentasunez, autosufizientzia- eta gertutasun-printzipioei jarraituz.
Baimendutako zabortegian ezabatzea aurreikusita dagoen hondakinen karakterizazioa, 2002ko abenduaren 19ko Kontseiluaren 2003/33/EE Erabakiarekin bat etorriz gauzatuko da. Erabaki horren bidez, hondakinak zabortegian hartzeko irizpideak eta prozedurak ezartzen dira. Bestela, erabaki hori garatzeko Euskal Autonomia Erkidegoan onartutako jarraibideekin bat etorriz gauzatuko da.
Hondakinak biltzeko guneak edo guneek lurzoru estankoa izan beharko dute. Egoera fisiko likidoan edo oretsuan dauden edo oso bustita daudelako isurketak edo lixibiatuak sor ditzaketen hondakinen kasuan, horiek biltzeko kubeta edo sistema egokiak jarriko dira, ezbeharrez gerta daitezkeen jarioak kanpora irten ez daitezen. Hondakina hautsa bada, euri-urarekin kontakturik izan dezan edo haizeak arrasta dezan saihestuko da; behar izanez gero, estali egingo da.
Hondakinak desagertu, galdu edo ihes eginez gero, berehala jakinaraziko da gertatutakoa Ingurumen Sailburuordetzan eta Eginoko Udalean.
3.1. Hondakin arriskutsuak.
Sustatzaileak adierazitako hondakin arriskutsuak hauek dira:
prozesua: «Zerbitzu orokorrak».
hondakina: «Gai arriskutsuen hondarrak dituzten plastikozko ontziak».
Identifikazioa: F-01024058 /1/1.
Hondakinaren kodea: Q5//R13//S36//C41-51//H5//A102//B0019.
EHZ: 150110.
Urtean sortutako kantitatea: 2.500 kg.
hondakina: «Gai arriskutsuen hondarrak dituzten metalezko ontziak».
Identifikazioa: F-01024058 /1/2.
Hondakinaren kodea: Q5//R13//S38//C41-51//H5//A102//B0019.
EHZ: 150110.
Urtean sortutako kantitatea: 1.200 kg.
hondakina: «Pilak».
Identifikazioa: F-01024058 /1/3.
Hondakinaren kodea: Q6//R13//S37//C11/16/22//H6/14//A102//B0019.
EHZ: 200133.
Urtean sortutako kantitatea: 20 kg.
hondakina: «Olio erabilia».
Identifikazioa: F-01024058 /1/4.
Hondakinaren kodea: Q7//R13/9//L8//C51//H5/6//A102//B0019.
EHZ: 130205.
Urtean sortutako kantitatea: 200 kg.
hondakina: «Informatikako hondakinak».
Identifikazioa: F-01024058 /1/5.
Hondakinaren kodea: Q14//R13//S40//C6/18//H6/14//A102//B0019.
EHZ: 160213.
Urtean sortutako kantitatea: 20 kg.
hondakina: «Fluoreszenteak».
Identifikazioa: F-01024058 /1/6.
Hondakinaren kodea: Q6//R13//S40//C16//H14//A102//B0019.
EHZ: 200121.
Urtean sortutako kantitatea: 10 kg.
hondakina: «Berunezko bateriak».
Identifikazioa: F-01024058 /1/7.
Hondakinaren kodea: Q6//R13//S37//C18/23//H8//A102//B0019.
EHZ: 160601.
Urtean sortutako kantitatea: 10 kg.
Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak bereiziak izango dira, duten tipologia dela-eta, jarioren bat gertatuz gero, nahasi, arriskutsuago bihurtu edo kudeaketa zaildu dezaketen kasuetan.
Hondakin arriskutsuak dituzten ontziek hondakin toxiko eta arriskutsuei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Oinarrizko Legea betearazteko erregelamendua onartzen duen uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuak 13. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak kontuan izan beharko dituzte, eta itxita egongo dira kudeatzaileak jaso arte, isuri edo lurrundu ez daitezen.
Aurreko atalean aipatzen diren ontziek etiketatuta egon beharko dute, eta etiketak argia, irakurtzeko modukoa eta ezabaezina izan beharko du; etiketa uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuak 14. artikuluan horretarako adierazitako jarraibideen araberakoa izango da.
Hondakin arriskutsuak biltegiratzeko denbora ezingo da 6 hilabetetik gorakoa izan.
Hondakinak kudeatzaile baimenduaren instalazioetara eraman aurretik, nahitaezko baldintza izango da agiri baten bidez egiaztatzea kudeatzaile baimendu horrek hondakinak onartu dituela. Agiri horretan hondakinak onartzeko baldintzak ezarriko dira, eta egiaztatu egingo da tratatu beharreko hondakinaren ezaugarriak administrazio-baimenarekin bat datozela. Agiri hori Ingurumen Sailburuordetzara bidaliko da hondakina lehenengoz erretiratu aurretik eta, behar izanez gero, hondakinen kudeatzaile berri batengana eraman aurretik. Beharrezkoa izanez gero, karakterizazio xehatua egingo da, proposatutako tratamenduaren egokitasuna egiaztatzeko. Hala badagokio, arrazoitu egin beharko da proposatutako kudeaketa-modua ebazpen honetako hondakinen kudeaketari buruzko printzipio hierarkikoei egokitzen zaiela.
Hondakin arriskutsuak eraman aurretik eta, hala badagokio, araudian ezarritako aurretiazko jakinarazpena egin ondoren, kontrolerako eta jarraipenerako agiria bete beharko da. Agiri horren zati bat garraiolariari emango zaio, zamarekin batera jatorritik helmugaraino eraman dezan. Avícola Tolosa SAT enpresak artxibategian gorde beharko ditu onarpen-agiriak eta kontrolerako zein jarraipenerako agiriak, edo horien agiri ofizial baliokideak, bost urtean gutxienez.
Egiaztatu egin beharko da hondakin arriskutsuak kudeatzaile baimenduaren instalazioetara eramateko erabiliko den garraiobideak horrelako gaiak garraiatzeko indarrean dagoen legerian ezarritako baldintzak betetzen dituela.
Avícola Tolosa SAT enpresak industriako olio erabilien kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuaren eta Euskal Autonomia Erkidegoan olio erabiliaren kudeaketa arautzen duen irailaren 29ko 259/1998 Dekretuaren arabera kudeatu beharko du sortutako olio erabilia.
Ekipo elektriko eta elektronikoen hondakinak, horien artean lanpara fluoreszenteak, tresna elektriko zein elektronikoei eta horien hondakinen kudeaketari buruzko otsailaren 25eko 208/2005 Errege Dekretuan ezarritakoaren arabera kudeatuko dira.
Kudeatzaile baimenduak egindako onarpen-agiria izateari, aurretiazko jakinarazpena egiteari eta kontrolerako eta jarraipenerako agiria betetzeari buruzko neurriak ez dituzte bete beharko kudeaketa-sistema bateratuen kudeaketa-azpiegiturara entregatutako hondakinek, edo udal-hondakinekin eta gaika bildutako izaera berekoekin bateratu daitezkeenekin batera kudeatzeko udal-erakundeetara entregatutakoek, betiere dagokion udal-erakundearen aldetik entrega hori egiaztatzen baldin bada. Entrega horiek udal-erakundeei egin izanaren egiaztagiriak bost urtez gorde beharko dira gutxienez.
Nolanahi ere, hondakinak sortzeko kontrol-erregistroan ekipo elektriko eta elektronikoen sortutako hondakinen kantitateak adieraziko dira.
Avícola Tolosa SAT enpresak poliklorobifeniloak dituzten edo eduki ditzaketen gailuak baditu, kudeaketa egokia izan dadin, nahitaez bete behar ditu poliklorobifeniloak, polikloroterfeniloak eta horiek dituzten gailuak ezabatu eta kudeatzeko neurriak ezartzen dituen 1999ko abuztuaren 27ko 1378/1999 Errege Dekretuaren baldintzak eta errege dekretu hori aldatzen duen 2006ko otsailaren 24ko 228/2006 Errege Dekretua.
Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2000ko ekainaren 29ko 2037/2000 EE Arautegian ozono-geruza agortzen duten substantzia batzuk zehazten eta arautzen dira. Avícola Tolosa SAT enpresak era horretako substantziarik badu, substantzia horiek bildu eta suntsitu egingo dira aldeek erabakitako bide teknikoak erabiliz edota ingurumen-ikuspuntutik onar daitekeen suntsiketarako beste edozein bide erabiliz; hondakin horiek birziklatu edo birsortu egingo dira bestela, aparailuak aztertu eta mantentzeko lanen aurretik nahiz desmuntatu eta suntsitu baino lehen.
Erregistro bat edukiko du, hondakin arriskutsuei buruzko datu hauek agerrarazteko: kopurua, izaera, identifikazio-kodea, jatorria, tratatzeko metodo eta tokiak, sorrera- eta lagapen-datak, jasotzeko maiztasuna eta garraiatzeko modua, uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren 17. artikuluan ezarritakoa betez, eta uztailaren 20ko 952/1997 Errege Dekretuaren bidezko aldaketan ezarritakoa betez. Sei hilean behin, Ingurumen Sailburuordetzari kontrolerako erregistro horren kopia bidaliko dio.
Aurreko e), f) (kudeatzaileak EAEn daudenean), eta l) ataletan adierazitako agiriak Ingurumen Sailburuordetzara bidaliko dira, ahal dela transakzio elektroniko bidez, IKS-eeM Sistemaren erakundeentzako bertsioa erabilita.
Amiantoa duten hondakinak antzemanez gero, Avícola Tolosa SAT enpresak 1991ko otsailaren 1eko 108/1991 Errege Dekretuan, amiantoak ingurumenean sortzen duen kutsadura saihestu eta gutxitzekoan, ezarritako eskakizunak bete beharko ditu. Era berean, amiantoa duten hondakinak kudeatzeko egingo diren manipulazioak martxoaren 31ko 396/2006 Errege Dekretuan ezarritako aginduen arabera burutuko dira; dekretu horren bidez ezarri ziren amiantoarekin lan egiterakoan segurtasun- eta osasun-arloan bete behar diren gutxieneko baldintzak.
3.2. Hondakin ez-arriskutsuak.
Sustatzaileak adierazitako hondakin ez-arriskutsuak hauek dira:
(Ikus .PDF)
Erabilitako ontziak eta ontzi-hondakinak gaika behar bezala bereizi eta eragile ekonomiko bati emango zaizkio (hornitzaileari), erabilitako ontzien kasuan berriro erabili ahal izateko; ontzi-hondakinak, berriz, berreskuratzaile, birziklatzaile edo balioztagune baimendu batera.
Hondakin horiek ezabatzeko direnean ezin dira urtebetetik gora biltegiratu. Hondakinen azken helburua balioztatzea denean, 2 urtez biltegiratu ahal izango dira.
Oro har, hondakinak hustu aurretik, kudeatzaile baimendu batek onartzen dituela dioen agiria izan beharko dute, onarpen horretarako baldintzak zehaztuta. Agiri horren kopia bidali beharko da Ingurumen Sailburuordetzara, proposatutako kudeaketa egokia dela eta ebazpen honetan ezarritako oinarrizko printzipioak betetzen direla egiaztatzeko. Hala badagokio, arrazoitu egin beharko da proposatutako kudeaketa-modua ebazpen honetako hondakinen kudeaketari buruzko printzipio hierarkikoei egokitzen zaiela. Avícola Tolosa SAT enpresak artxibategian gorde beharko ditu onarpen-agiriak edo horien agiri ofizial baliokideak, horiek beharrezkoak direnean, bost urtean gutxienez.
Halaber, hondakinak zabortegietan utzita eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duen otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuarekin bat etorriz, hondakin ez-arriskutsuak zabortegi baimendu batera eraman aurretik, jarraipenerako eta kontrolerako dagokion agiria bete beharko da. Agiri horiek bost urtez gorde beharko dira.
Erregistro bat egingo da, hondakinei buruzko datu hauek agerrarazteko: kopurua, izaera, identifikazio-kodea, jatorria, tratatzeko metodo eta tokiak, sorrera- eta lagapen-datak, biltzeko maiztasuna eta garraiatzeko modua. Urtero, Ingurumen Sailburuordetzari bidaliko zaio kontrolerako erregistro horren kopia.
Aipatutako c), d) (kudeatzaileak EAEn daudenean) eta e) ataletan adierazitako agiriak Ingurumen Sailburuordetzara bidaliko dira, ahal dela transakzio elektroniko bidez, IKS-eeM Sistemaren erakundeentzako bertsioa erabilita.
3.3. Animalia-azpiproduktuak ezabatzea.
Avícola Tolosa SAT enpresaren instalazioetan 146.000 kg/urteko animalia hil inguru sortzen dira. Hondakin horiek hilotzak erretiratzeko zerbitzu baimendu batek biltzen ditu eta arrisku-material espezifikoko (AME) tratamendu-instalazio batera bidaltzen dituzte.
Oilo-gorotzari dagokionez, Avícola Tolosa SAT enpresaren instalazioetan 5.500 t/urte simaur sortzen dira.
Edonola ere, ustiapeneko animalia hilak eraman edo desagerrarazteko, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2002ko urriaren 3ko 1774/2002 Araudian (EB) xedatutakoari jarraituko zaio.
3.4. Ontziak eta ontzi-hondakinak.
Avícola Tolosa SAT enpresa produktu ontziratuak merkaturatzeko arduraduna da. Beraz, Ontziei buruzko apirilaren 24ko 11/1997 Legea betez, Kudeaketako Sistema Integratu bati atxikia dago.
Avícola Tolosa SAT enpresak urtero aitortu beharko ditu merkaturatutako ontzien kopurua, kudeatzeko entregatutakoak eta bere jabetzakoak diren itzultzeko ontzien kopurua, bakarka edo bere ontziak atxiki dituen kudeaketa-sistema integratuaren bitartez.
Arauen arabera (782/1998 ED, 3. artikulua) finkatutakoak baino ontzi gehiago jartzen baditu merkatuan, Avícola Tolosa SAT enpresak Ontzien Prebentziorako Enpresa Plan bat osatu beharko du. Bestela, Avícola Tolosa SAT enpresa sartuta dagoen Arloko Elkarteak edo ontziak atxikita daudeneko Kudeaketa Sistemak sustatutako ontzien prebentziorako Arloko Plan batean jasotako neurriak bereak balira bezala hartu beharko ditu.
4. Zaratari buruzko baldintzak.
Ondorengo maila akustikoak gaindi ez daitezen beharrezko neurri guztiak ezarriko dira:
1. Jarduera maila hauei egokitu behar zaie: etxebizitzen barrualdean entzungo den LAeq,60 segundo zarata-indizeak ezin izango du inoiz ere 40 dB (A) gainditu, 07:00ak eta 23:00ak bitartean, leiho eta ateak itxita, ezta LAmax indizeak 45 dB (A) ere.
2. Jarduera maila hauei egokitu behar zaie: etxebizitzen barrualdean entzungo den LAeq,60 segundo zarata-indizeak ezin izango du inoiz ere 30 dB (A) gainditu, 23:00ak eta 07:00ak bitartean, leiho eta ateak itxita, ezta LAmax indizeak 35 dB (A) ere.
Zamalanetan eta materiala kamioietan garraiatzean egiten den zaratak ez du handituko sentsibilitate akustiko handieneko guneetako zarata-maila.
5. Usainei buruzko baldintzak.
Mugakideei usainengatik kalteak ez eragiteko behar diren neurriak hartuko dira.
BREF agirian usain-isuriak murrizteko ematen diren gomendioak jarraituz, faseen araberako elikadura-teknika nutrizionalak eta proteina gutxiko dietak osatzeko teknikak aplikatuko dira, B.1.1.3 atalean adierazten den moduan.
6. Animalien osasunarekin eta ongizatearekin lotutako baldintzak.
Avícola Tolosa SAT enpresak arrautzatarako oiloak babesteko gutxieneko arauak ezartzen dituen urtarrilaren 11ko 3/2002 Errege Dekretuan xedatutakoa bete beharko du.
7. Programa Sanitarioarekin lotutako baldintzak.
Instalazio, tresna eta ekipo guztiak aldizka garbituko dira. Beharrezkoa denean, instalazioan desinfekzioa, desintsektazioa eta arratoi-garbiketa egingo dira.
Espeziearen gaixotasun nagusien aurkako osasun-programa abian jarri beharko dute ustiategiek, albaitariaren kontrolpean, eta indarren dauden osasun-araudiak bete beharko dituzte.
Ingurumena zaintzeko programa.
Ingurumena zaintzeko programa sustatzaileak aurkeztutako agirietan aurreikusitakoaren eta ondoko atal hauetan ezarritakoaren arabera gauzatu beharko da:
1. Isuritako uraren kalitatea kontrolatzea.
Analisi hauek egingo dira:
Arazketa-sistemaren ondoren eta euri-uren fluxuak gehitu aurretik laginak hartzeko jarritako kutxetan:
(Ikus .PDF)
Gainera, kolektore nagusian eta ibilgura isuri aurretik laginak hartzeko jarritako kutxetan, eta euritean, analisi hauek egingo dira:
(Ikus .PDF)
Sustatzaileak bi kontrol-kutxeten UTM koordenatuak aurkeztu behar ditu.
Kanpoan egiten den kontrol bakoitza, laginak hartzea zein ondorengo analisia, «Erakunde Laguntzaile» batek egin eta egiaztatuko du (Jabari Publikoko Urguneen Erregelamenduko 255. artikulua) eta goian aipatutako parametroak hartuko dira kontuan. Sustatzaileak isurketa-puntu bakoitzeko lagin hartu berri baten analisia aurkeztu beharko du gutxienez; lagina 24 orduko ur-emariarekiko proportzionala izango da, edo bestela, lagin puntual esanguratsua.
Isurketen kontrolen emaitzak Ingurumen Sailburuordetzara bidaliko dira laginak hartzen direnetik hilabete bateko (1) epean.
Laginketak kutsatzaile gehien sortzen den aldietan egingo dira.
Aurreko baldintzetan ezarritako kontrolez gain, Ingurumen Sailburuordetzak eta Arroko Erakundeak egoki deritzoten analisi eta ikuskapenak egin ahal izango dituzte isurketaren ezaugarriak aztertu eta, hala badagokio, kontrol horien baliozkotasuna alderatzeko. Lan horiek erakunde laguntzaileek zuzenean, edo horien bitartez egin ahalko dira.
Isurketak baimenean jarritako baldintza guztiak betetzen dituela ulertuko da, B.2.3 ataleko parametro guztiek ezarritako mugak betetzen badituzte.
Isurketan lehen aipatutako maiatzaren 23ko 606/2003 Errege Dekretuaren hirugarren xedapen gehigarriak aipatzen dituen gai arriskutsuak dauden ala ez dioen adierazpen bat igorriko du titularrak urtero. Adierazpen horretan ekoizte-prozesuan manipulatu diren substantzia guztiak adierazi behar dira, nahiz eta isurketan ez detektatu.
Titularrak aldizkako txosten bat igorriko du Ingurumen Sailburuordetzara, datu hauek agertuz:
Sei hilero: isurketaren adierazpen analitikoa, emariari eta efluentearen konposizioari dagokienez (efluenteen kontrol-analisi guztiak barne egongo dira).
Urtero: tratamendu-sistemaren ustiapeneko gorabehera guztien adierazpena, eta isurketaren hobekuntzan lortutako emaitzak; baita arazketa-instalazioen mantentze-lan zuzena eta garbiketa justifikatzen dituzten fakturak edo bestelako agiriak ere. Efluenteen kontrol-analisi guztiak barne egongo dira, eta isuritako urteko bolumenaren kalkulua ere bai.
2. Jardueraren adierazleak kontrolatzea.
Sustatzaileak jardueraren gaineko ondorengo parametro adierazleen jarraipena egingo du urtero, ingurumenean duten eragina aztertzeko:
(Ikus .PDF)
Era berean, atmosferara egindako isuri barreiatuen estimazioa adierazi beharko da, pabiloika xehatuta, uneko ekitaldian pabiloi bakoitzak duen okupazioaren arabera kalkulatuta, eta EPER Espainiako IPPC Zuzentarauarekin lotutako abeltzaintza-sektoreko gasen isurien kalkulu-taulak, eta Eusko Jaurlaritzak emandako airera egindako isuriak neurtzeko, balioesteko eta kalkulatzeko gida teknikoak kalkulatzeko faktoreak erabilita, formatu honen arabera:
(Ikus .PDF)
3. Zarataren kontrola.
Ld, Le, Ln, LAeq, Ti eta LAeq,60 segundo indize akustikoen ebaluazioak egin beharko dira hiru hilean behin. Kontroleko lehen urtean izandako emaitzen arabera erabakiko da aurrerantzean neurketak egiteko maiztasuna.
Aurreko atalean adierazitako ebaluazio guztiak ENAC erakundeak espazio- eta denbora-laginketarako egiaztatutako akustikaren esparruko entsegu-laborategiek egin beharko dituzte. Nolanahi ere, ingurumen-organoak ebaluazio horiek egiten dituzten erakundeek gaitasun tekniko egokia dutela zainduko du.
Ebaluazio-metodoak eta -prozedurak, eta ebaluazio horiei buruzko txostenak Ingurumen Sailburuordetza honek landutako jarraibide teknikoetan ezarritakora egokituko dira.
4. Emaitzak kontrolatu eta bidaltzea.
Ingurumena zaintzeko programa osatzen duten analisi eta txostenen emaitzak behar bezala erregistratuko dira, eta Ingurumen Sailburuordetzara bidaliko dira. Ingurumena zaintzeko programaren emaitzak urtean behin bidaliko dira, beti martxoaren 30a baino lehen, ingurumenean aditua den erakunde aske batek egindako txostenarekin batera. Txosten horretan adieraziko dira neurri zuzentzaileen funtzionamendua, eta prozesuak eta ingurunearen kalitatea kontrolatzeko sistemak. Emaitzen analisia ere adieraziko da, eta bereziki aipatuko dira aldi horretan gertatu diren gorabehera garrantzitsuenak, horien ustezko arrazoiak eta konponbideak, eta baita laginketen xehetasunak ere, aurretik zehaztu ez baldin badira.
5. Ingurumena zaintzeko programaren agiri bategina.
Sustatzaileak ingurumena zaintzeko programaren agiri bategina landu beharko du, aurkeztu dituen agirietan eta ebazpen honetan proposatutako betebeharrak bilduz. Programa horrek hauek zehaztu beharko ditu: kontrolatu beharreko parametroak, parametro bakoitzerako erreferentzia-mailak, analisi edo neurketen maiztasuna, laginketak eta analisiak egiteko teknikak, eta laginak hartzeko puntuen kokapen xehatua. Halaber, dagokion aurrekontua ere barne hartu beharko du.
Ingurumena zaintzeko programan jardueraren ohiko adierazleak eta horiek analizatzeko sistematika sartuko dira, ingurumen-hobekuntza ziurtatzeko enpresak berak ezarritako neurri eta mekanismoen eraginkortasuna egiaztatzeko (ingurumen-adierazleak).
Ezohiko egoeretarako prebentziozko neurriak eta jardunerako baldintzak.
1. Fabrika gelditzeko eta abiarazteko eragiketak eta mantentze-lanetarako programatutako eragiketak.
Programatutako urteko mantentze-lanei dagokienez (saneamendu-hustualdia adibidez), sortuko diren hondakin eta kutsagarrien balioespena egin beharko du enpresak, eta dagokionean, horiek kudeatzeko eta tratatzeko proposamena ere bai.
2. Jarduera uztea.
Arrautzak ekoiztu eta merkaturatzeko instalazioaren ustiapena etetean, kutsadura eragiteko arrisku oro saihesteko neurriak eta kasuan kasu ezar daitekeen araudiaren arabera kokalekua baldintza egokietan uzteko neurriak ezarriko dira.
3. Ezohiko jardunean aplikatzeko prebentziozko neurriak eta jarduketak.
Aurkeztutako agirietan egindako proposamenean ezohiko egoeretan aplikatu beharreko prebentziozko neurriak eta jardunerako baldintzak zehazten dira. Horiez gain, ondorengo ataletan aipatzen diren baldintzak bete behar dira:
Prebentziozko mantentze-lanen eskuliburua eduki beharko da instalazioen egoera ona bermatzeko, batez ere ustekabeko jario edo ihesak daudenean kutsadura ekiditeko eskuragarri dauden baliabideei eta ezarritako segurtasun-neurriei dagokienez. Ihesak daudenean lurzorua babesteko hartu beharreko neurriak zehaztuko dira, eta zehatz adieraziko da hauei dagokien guztia: eraikuntzako materialak (iragazgaiztea), biltegiratzeko neurri bereziak (gai arriskutsuak), egon daitezkeen ihesak antzemateko neurriak edo gainbetetzerako alarma-sistemak, lantegiko kolektore-sarea zaindu eta garbitzekoak (sistematikoki garbitzeko beharra, maiztasuna, garbiketa mota), eta lurzoruaren gaineko isuriak biltzeko sistemak.
Aurreko paragrafoan adierazitako eskuliburuak ikuskapen eta kontrolerako programa jaso beharko du, hauek bilduko dituena: estankotasun-probak, mailen eta adierazleen egoera, balbulak, presioa arintzeko sistema, hormen egoera eta lodieren neurketa, andelen barnealdearen begi-bidezko ikuskapenak (hormena eta estaldurena) eta kubetetako detekzio-sistemen aldizkako kontrol sistematikoa, lurzorua kutsa dezakeen edozein egoerari aurrea hartzeko.
Goian aipatutako prebentziozko mantentze-lanen eskuliburuan, atmosferaren kutsadurari aurrea hartzeko eta zuzentzeko (arazketa, minimizazioa, eta abar) sistemen egoera ona bermatuko duten neurriak gehitu behar dira.
Era berean, erregistro bat eduki behar da, eta bertan, aldizka egindako mantentze-lanen berri eman behar da, baita antzemandako gorabeherena ere.
Besteak beste, erregaiak, olioak, desinfektatzaileak, sodio hipokloritoak eta, orokorrean, fabrikan sortutako hondakinak maneiatzeak lurzorua eta ura kutsa ditzake. Beraz, isurketak, jarioak edo ihesak gertatzeko arriskua izan dezaketen lur zatien azalera guztiak iragazgaiztuko dira.
Prozesurako behar diren lehengaiak, erregaiak eta produktuak ingurunean ez sakabanatzeko moduan biltegiratuko dira.
Segurtasun-tarteei eta babes-neurriei dagokienez, egiaztatu egin beharko da biltegiratzeko instalazio horiek bete egiten dituztela produktu kimikoak biltegiratzeari buruz indarrean dagoen araudian ezarritako betebeharrak. Egiaztapen hori egiteko, Ingurumen Sailburuordetza honi aurkeztuko zaizkio eskumena duten erakundeek emandako egiaztagiriak.
Hautsezko produktuak biltegiratzeko silo itxiak izango dira.
Larrialdi-egoera sortzen denean, berehala eta eraginkortasunez jarduteko behar beste material eduki behar da: berriro ontziratzeko erreserbako edukiontziak, beharrezkoa izanez gero; gerta daitezkeen jarioei eusteko produktu xurgatzaile selektiboak, segurtasuneko edukiontziak, hesiak eta kaltetutako inguruneak isolatzeko seinaleztapen-elementuak eta babes pertsonalerako ekipamendu bereziak.
Ingurumen Sailburuordetzara bidaliko da kubetak husteko eragiketak kontrolatzeko protokolo edo agiri bidezko prozedura; eraginkortasunean eragin dezaketen produktuen jarioak ez dira tratamendu-instalaziora eramango.
Pabiloien barruan zolak garbitzean sortutako ura tratamendu-lerrora bidaliko da.
Hobi septikoaren eta iragazki biologikoaren sisteman pilatutako solidoak eta lohiak ez dira ibilgura isuriko aldizkako garbiketa-lanetan zehar, eta kudeatzeko edo zabortegi baimenduan uzteko erretiratu beharko dira. Behar izanez gero, andel iragazgaitzetan eta hondoan hustubiderik ez dutenetan gordeko dira. Inoiz ez dira pilatuko euri-uren jariatzearen ondorioz ibilgu publikoko ura kutsatzeko arriskua egon daitekeen eremuetan.
Urtean behin instalazio horien garbiketaren eta mantentze-lanen fakturaren kopia bat bidaliko da.
Larrialdi-egoeretan, babes zibileko legeriari helduko zaio, eta bertan ezarritako betekizun guzti-guztiak bete beharko dira.
Titularrak behar diren bitartekoak izango ditu arazketa-instalazioak zuzen ustiatzeko eta ustekabeko isurketak prebenitzeko hartu diren segurtasun-neurriak abian izateko. Kasu honetan, baldintza hauek azpimarratu behar dira:
Estazioan erroilu erako edo gai pikortatuzko, edo antzeko berariazko gai xurgatzailea egongo da, ustekabeko jario edo ihesetan berehala aplikatu ahal izateko.
Hondakin-ura ezingo da «by pass» bidez isuri arazketa-instalazioetan.
Ingurunearen edo jardueraren kontrolaren gainean kalteak eragin ditzakeen gorabehera edo ezohiko gertaeraren baten aurrean (besteak beste, isurketaren parametroen aldakuntzak, ustekabeko isurketak, etab.), sustatzaileak gorabehera edo ezohiko gertaera horren berri eman beharko du Ingurumen Sailburuordetzan.
Gertakari edo arazo larriren bat edo atmosferara ustekabeko isuriren bat eginez gero, Ingurumen Sailburuordetzari jakinarazteaz gain, SOS Deiak eta Udalari ere jakinarazi beharko zaie berehala. Ondoren, eta gehienez ere 48 orduko epean, ezbeharrari buruzko txosten xehatua bidali beharko da Ingurumen Sailburuordetzara. Txosten horretan, gutxienez, datu hauek agertuko dira:
Gertakari mota.
Gertakaria non, zergatik eta zer ordutan gertatu den.
Iraupena.
Ustekabeko isurketa izanez gero, emaria eta isuritako gaiak.
Mugak gainditu badira, isuriei buruzko datuak.
Eragindako kalteen balioespena.
Hartutako neurri zuzentzaileak.
Prebentziozko neurriak berriro gerta ez dadin.
Prebentziozko neurriak eraginkortasunez aplikatzeko ezarritako epeak.
Instalazioek suteen aurkako babesari buruz indarrean dagoen araudian ezarritako betekizunak betetzen dituztela egiaztatu egin beharko da. Abenduaren 3ko 2267/2004 Errege Dekretua aplikatu behar bada, egiaztapen hori egiteko, Ingurumen Sailburuordetza honi aurkeztuko zaizkio eskumena duten erakundeek emandako egiaztagiriak. Hori egin ezean, egindako eskaeraren kopia aurkeztu beharko da eskumena duen erakundearen aurrean.
Bestela 2267/2004 Errege Dekretu hori zergatik ezin den aplikatu justifikatu beharko da. Gainera, instalazioek suteen aurkako babesaren arloan ezarritako exijentziak betetzen dituztela egiaztatu beharko dute. Egiaztapen hori egiteko Ingurumen Sailburuordetza honi aurkeztuko zaio enpresa instalatzaileak egindako ziurtagiria, «suteen aurka babesteko instalazioen araudia onartzen duen azaroaren 5eko 1942/1993 Errege Dekretuan» ezarritakoarekin bat etorrita. Halaber, tresna, ekipo eta sistemen mantentze-lana Errege Dekretu horretan finkatutakoaren arabera gauzatzen dela egiaztatzen duen agiria aurkeztu beharko dute. Agiri horiekin batera, baimendutako instalazio- edo mantentze-enpresen industria-erregistroan inskribatzeko ziurtagiria aurkeztu beharko dute.
Baldin eta arautegi berria indarrean sartzean, edo barneratzen diren sistemen egitura eta funtzionamenduari buruzko ezagutza berri esanguratsuetara egokitu beharrak hala egitera bagaramatza, neurri babesle zein zuzentzaileak eta ingurumena zaintzeko programa aldarazi ahal izango dira, bai neurtu behar diren parametroen kasuan, baita neurketaren aldizkakotasuna eta aipatutako parametroek hartu behar duten tarteari dagozkion mugen kasuan ere. Era berean, neurri babesle eta zuzentzaileak eta ingurumena zaintzeko programa jardueraren sustatzaileak hala eskatuta edo ofizioz aldaraz daitezke, ingurumena zaintzeko programan lortutako emaitzetan oinarrituta.
Urtean behin Avícola Tolosa SAT enpresak Ingurumen Sailburuordetzari jakinaraziko dizkio atmosferara eta uretara egindako isuriei eta sortu dituen hondakinei buruzko datuak, E-PRTR-Euskadi, botatako eta eskualdatutako kutsagarrien Europako Inbentarioa landu eta eguneratzeko, apirilaren 20ko 508/2007 Errege Dekretuaren, E-PRTR Araudiko eta ingurumeneko baimen bateratuetako isurketen gaineko informazioa ematea arautzen duenari jarraituz.
Informazio hori osatzen duten datuak ekitaldi horren hurrengo martxoaren 31 baino lehen bidali beharko dira, Ingurumenari buruzko Adierazpenaren (IA) bidez. Informazio-trukaketa horren funtsa Ingurumenari buruzko Adierazpenari (IA) dagozkion ingurumeneko datu teknikoak eta prozedurakoak sartzean datza, IKS-eeM Sistemako erakundeentzako bertsioaren bidez (www.eper-euskadi.net web-orrian eskuragarri): Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Saileko Ingurumen-informazioa Kudeatzeko Sistema. Datu horiek guztiek Ingurumenean Eragina duten Jardueren Euskal Autonomia Erkidegoko Erregistroa osatuko dute, Europako Ingurumen Agentziaren Erregistrora (Europako E-PRTR Erregistroa) egiten diren informazio-bidalketen oinarri dena.
Halaber, ebazpen honetan aurreikusitako gainerako informazio-trukeak aipatutako Ingurumenari buruzko Adierazpenaren bidez gauzatuko dira, ahal izanez gero.
Informazio hori agerikoa izango da, uztailaren 18ko 27/2006 Legearen xedapenekin bat etorriz. Lege horren bidez informazioa eskuragarri izateko, herritarren partaidetzarako eta ingurumen-gaietan justizia eskura izateko eskubideak arautzen dira (2003/4/EE eta 2003/2005/EE Zuzentarauak jasotzen ditu). Horrez gain, uneoro bermatu beharko da datu pertsonalak babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan ezarritakoa betetzen dela.
2007ko apirilaren 21eko 509/2007 Errege Dekretuaren 4. artikuluko 3. atalari jarraituz, lehendik dauden instalazioen titularrek agintaritzari jakinarazi beharko diote instalazio horietan erabiltzen eta ekoizten diren substantziek, 1907/2006 EE Erregelamenduan erregistratu eta ebaluatzeko aurreikusitako prozesuan identifikatu direnak, giza osasunerako eta ingurumenerako izan dezaketen arriskua.
Ingurumeneko baimen bateratu honen eraginpeko instalazioan egindako aldaketek bat etorri beharko dute kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legeak 10.3 artikuluan ezarritako komunikazio-erregimenarekin. Hori horrela, ingurumeneko beste baimen bateratu bat beharko da aldaketak funtsezkoak direnean.
Hirugarrena. Avícola Tolosa SAT enpresak ingurumen-organoaren aurrean egiaztatu beharko du ebazpen honetako bigarren ataleko ondorengo puntuetan ezarritako baldintzak betetzen dituela, ebazpen hau jakinarazten denetik gehienez 6 hilabeteko epean: B.2.4 (Egiteko dauden jarduketak gauzatu izanaren ziurtagiria); B.3.1.e) eta B.3.2.c) (Hondakin arriskutsu eta ez-arriskutsuen onarpen-agiriak); B.3.1.l) eta B.3.2.e) (Hondakin arriskutsu eta ez-arriskutsuen erregistro-eredua); C.1.a) (Kontrol-kutxeten UTM koordenatuak); C.1 (Isuritako uraren kalitatea kontrolatzea); C.3 (Zarata kontrolatzeko proposamena); C.5 (Ingurumena zaintzeko programaren agiri bategina); D.1 (Mantentze-lanetako isuri eta hondakinen balioespena); D.3.a) (Prebentziozko mantentze-lanen eskuliburua); D.3.g) (Produktu kimikoen biltegiratzeen egiaztagiriak); D.3.i) (Larrialdietarako materialen zerrenda); D.3.j) (Kubetak husteko maniobraren protokoloa); D.3.r) (Suteen aurkako babesari buruzko egiaztagiriak).
Halaber, lehen aipatutako epean, sustatzaileak Ingurumen Sailburuordetza honetan aurkeztu beharko du teknikari eskudunak emandako ziurtagiria. Bertan, instalazioak aurkeztutako proiektuarekin eta ebazpen honetan xedatutakoarekin bat etorrita eraiki eta ekipatu direla ziurtatuko du. Dena den, baldintza horiek bete ote diren egiaztatzeko, ingurumen-organo honi atxikitako zerbitzu teknikoek ikuskapen-bisita egingo dute.
Laugarrena. Ingurumeneko baimen bateratu hau 8 urtez egongo da indarrean. Epe hori igarota, baimena berritu egin beharko da eta, hala badagokio, jarraian datozen aldietarako eguneratu.
Ingurumeneko baimen bateratua amaitu baino hamar hilabete lehenago, titularrak baimena berritzeko eskaera egin beharko du, uztailaren 1eko 16/2002 Legearen 25. artikuluan xedatutakoa betez.
Bosgarrena. Edonola ere, ingurumeneko baimen bateratua ofizioz aldatu ahal izango da uztailaren 1eko 16/2002 Legearen 26. artikuluan ezarritako kasuak aintzat hartuta.
Seigarrena. Avícola Tolosa SAT enpresak ebazpen honen xede den arrautzak ekoiztu eta merkaturatzeari dagokionez egindako edozein titulartasun-aldaketa jakinarazi beharko du, Ingurumen Sailburuordetzak onar dezan.
Zazpigarrena. Baimen honek balioa galduko du kausa hauek gertatzen direnean:
Epearen barruan ebazpen honetako hirugarren atalean ezarritako baldintzak betetzen direla egiaztatzen ez badu, baldin eta interesdunak ez duen behar bezala justifikatuz epea luzatzeko eskatzen.
Avícola Tolosa SAT enpresaren nortasun juridikoa bukatzea, indarrean dagoen araudian ezarritako kasuetan.
Zortzigarrena. Ebazpen honen edukia jakinaraztea Avícola Tolosa SAT enpresari, Eginoko Udalari, ingurumeneko baimen bateratua emateko prozeduran parte hartu duten erakundeei, eta gainerako interesdunei.
Bederatzigarrena. Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea.
Hamargarrena. Ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, haren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuari, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi eta hurrengo egunetik hasita, hala xedatuta baitago Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114. artikuluan eta ondorengoetan (urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatu zuen lege hori).
Vitoria-Gasteiz, 2010eko urtarrilaren 20a.
Ingurumeneko sailburuordea,
NIEVES TERÁN VERGARA.


