- 3/2010 EBAZPENA, urtarrilaren 28koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, Eusko Jaurlaritzak egindako zenbait hitzarmen, beherago zehaztutakoak, argitaratzea xedatzen duena. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus
Arautegia
Inprimatu3/2010 EBAZPENA, urtarrilaren 28koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, Eusko Jaurlaritzak egindako zenbait hitzarmen, beherago zehaztutakoak, argitaratzea xedatzen duena.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Ebazpena
- Organo arau-emailea: Jaurlaritzaren Lehendakariordetza
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 45
- Hurrenkera-zk.: 1271
- Xedapen-zk.: ---
- Xedapen-data: 2010/01/28
- Argitaratze-data: 2010/03/08
Gaikako eremua
- Gaia: Administrazioaren antolamendua
- Azpigaia: Sailak; Instituzional
Testu legala
Eusko Jaurlaritzak zenbait hitzarmen sinatu dituenez gero, zabalkunde egokia izan dezaten, honako hau
Euskal Herriko Unibertsitatearekin lankidetza-hitzarmena. Helburua: hezkuntza-proiektu europarretan parte hartzea (I. Eranskina).
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren eta Euskal Herriko Unibertsitatearen arteko hitzarmena, Batxilergoko eta Lanbide Heziketako, Arte Irakaskuntzetako eta Kirol Irakaskuntzetako Goi Zikloetako ikasleei zuzendutako jarduera praktikoak egiteko (II. Eranskina).
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren eta Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Departamentuaren arteko hitzarmena, Urduñako Euskal Girotze Barnetegiari buruzkoa (III. Eranskina).
Lankidetza Hitzarmena, Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Saila eta Gernika-Lumoko Udalaren artekoa. Helburua: Santa Lucia sektorean babes ofizialeko etxebizitzak sustatzea (IV. Eranskina).
Lankidetza Hitzarmena, Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Saila eta Errenteriako Udalaren artekoa. Helburua: babestutako etxebizitzen sustapena Errenteriako udalerrian, U:I. 13/02 Gaztaño Berri eremuan (V. Eranskina).
Vitoria-Gasteiz, 2010eko urtarrilaren 28a.
Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,
JOSÉ LUIS ERREKATXO LABANDIBAR.
Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariaren urtarrilaren 28ko 3/2010 Ebazpenaren I. ERANSKINA.
EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATEAREKIN LANKIDETZA-HITZARMENA. HELBURUA: HEZKUNTZA-PROIEKTU EUROPARRETAN PARTE HARTZEA
Vitoria-Gasteiz, 2009ko irailaren 30a.
BILDUTA
Alde batetik, Isabel Celaá Dieguez andrea, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburua.
Bestetik, Iñaki Goirizelaia Ordorika jauna, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko errektorea.
Nork bere eskumenak erabiliz eta hitzarmen hau formalizatzeko ahalmenak eta gaitasunak elkarri aitortuz, honako hau azaldu dute.
ADIERAZITAKOAK
Lehenengoa. UPV/EHUren helburuetako bat da kalitatezko goi mailako irakaskuntza eskaintzea, ikasleen heziketa osoa bultzatzea, eta lanean hasteko beharrezkoa den prestaketa ziurtatzea.
Bigarrena. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren helburuetako bat da prestakuntza bizitza osoan zehar hartzeko edo handitzeko bidea emango diguten lanbide-heziketako edo etengabeko ikaskuntzako politikak zehaztea.
Hirugarrena. Europako Etengabeko Ikaskuntzako Programaren helburu nagusia da parte hartzen duten herrialde europarretako hezkuntza- eta prestakuntza-sistemen arteko trukea, lankidetza eta mugikortasuna erraztea, munduan kalitateko erreferentzia bihur daitezen.
Laugarrena. Europar Batasunak irakaskuntzaren kalitatea eta eraginkortasuna eta haren emaitzak hobetzea ezarri du 2010erako erronka estrategiko gisa. Testuinguru horretan, pertsona guztiek funtsezko konpetentziak eskuratzeko aukera izan dezaten bermatzean eta, aldi berean, Europak goi-mailako ikaskuntzaren esparruan posizio global finkoari eustea ahalbidetuko duen bikaintasuna garatzean datza erronka nagusia.
Arestian azaldutakoa dela-eta, honako hau
Lankidetza-hitzarmen hau honako klausula hauen arabera izenpetzea.
KLAUSULAK
Lehenengoa. Helburua.
Hitzarmen honen helburua da sinatu duten erakundeen artean lankidetza-esparrua ezartzea hezkuntzaren berrikuntza, ikasleen eta irakasleen mugikortasuna eta kalitatea kudeatzeko prozesuak sustatuko dituzten proiektuak garatzeko, hezkuntzaren eta prestakuntzaren esparruan eta interesgarriak izan litezkeen gainerako esparru guztietan.
Bigarrena. Garatu beharreko jardunak.
Hitzarmen honen esparruan garatu beharreko jardunak honako hauek dira:
Hitzarmena sinatu duten bi erakundeen artean jardun koordinatuak gauzatzea Europako Batzordearen aurrean, proiektuak garatzeko Leonardo da Vinci eta Erasmus azpiprogramen esparruan, Europako Etengabeko Ikaskuntzako Programaren barruan.
Lotura-lanak egitea hezkuntzaren eta prestakuntzaren esparruko Europako beste programa batzuekin, hala nola Erasmus Mundus programarekin, eta bizitza osoan zeharreko ikaskuntzaren esparruan programak kudeatzeaz arduratzen den Europako Agentzia Exekutiboarekin.
Europako Batzordearekin lankidetzan jardutea Bologna Prozesura eta Europan goi-mailako hezkuntza modernizatzera bideratutako goi-mailako hezkuntzako politikak garatzeko eginkizunean.
Hirugarrena. Alderdien konpromisoak.
Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateak irakasle bat jarriko du, lanaldi osoan, hitzarmen hau garatzeko. Irakasle horrek jakintza kontrastatuak izango ditu Europar Batasunaren hezkuntzako eta prestakuntzako politikei eta Batzordearen funtzionamenduari buruz.
Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak, bere aldetik, 18.000 euro jarriko ditu hitzarmena garatzeari dagozkion gastuen % 50 finantzatzeko, hura indarrean dagoen artean.
Zenbateko hori hiru alditan ordainduko dio Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateari. Lehenengo ordainketa, 5.282 euro, 2009ko ekitaldian, hitzarmena sinatu ondoren. Bigarrena, 7.395 euro, 2010eko ekitaldian, 2009ko ekitaldian gauzatutako ekintzak, horien balorazioa eta 2009ko ekitaldian egindako gastuen justifikazio ekonomikoa bilduko dituen memoria aurkeztu ondoren. Hirugarrena, 5.323 euro, 2011. urtean, 2010ean eta 2011n gauzatutako ekintzak, lortutako emaitzen azken ebaluazioa eta 2010eko eta 2011ko ekitaldietan egindako gastuen justifikazio ekonomikoa bilduko dituen memoria aurkeztu ondoren.
Aurreko 3. puntuan aipatzen diren memoriak Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailari aurkeztuko zaizkio 2010eko martxoaren 31 eta 2011ko azaroaren 30a baino lehen, hurrenez hurren.
Laugarrena. Jarraipen-batzordea.
Lankidetzaren jarraipena errazteko, erakundeetako bina lagunek osatuko duten batzorde misto bat eratuko da. Batzorde hori alderdietariko edozeinek eskatuta bilduko da eta hitzarmenaren interpretazioaren gainean sor litezkeen zalantzak argitzea eta bertan aintzat hartutako jardueren jarraipena eta ebaluazioa egitea izango du eginkizun.
Bosgarrena. Hitzarmenaren indarraldia.
Hitzarmen honek sinatzen den egunetik aurrera sortuko ditu ondorioak eta 2011ko uztailaren 31 arte egongo da indarrean.
Seigarrena. Hitzarmena indargabetzeko arrazoiak.
Hitzarmena indargabetu egingo da alderdietariko edozeinek bere gain hartutako konpromisoak betetzen ez baditu, alderdiek elkarren artean adosten badute edo alderdiren batek salatzen badu.
Zazpigarrena. Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren ekarpen ekonomikorako kontuan hartutako baldintzak aldatzea eta, hala badagokio, diru-laguntza itzultzea.
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak konpromisopean hartu duen ekarpenerako kontuan hartutako baldintzak aldatzeak eta, nolanahi ere, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateak aldi berean beste administrazio edo erakunde publiko zein pribatu batzuek emandako laguntzak edo diru-laguntzak eta, hala badagokio, xede bererako beste edozein sarrera edo baliabide eskuratzeak ekarpen hura aldatzea ekar dezake.
Diru-laguntza zehazki eman zenerako erabiltzen ez badu, diru-laguntza sorrarazi zuen jarduna gauzatzen ez badu, eskatu zuenean adierazitako xedeetarako aplikatu dela justifikatzen ez badu edo, oro har, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren (1998ko urtarrilaren 19ko EHAA) VI. tituluan ezarritako betebeharrak betetzen ez baditu, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateak itzuli egin beharko du eman zaion eta jaso duen zenbatekoa, aplikatzekoak diren legezko interesekin batera, Euskal Autonomi Elkartearen Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan horretarako ezarritako prozedurari jarraiki.
Zortzigarrena. Izaera eta interpretazioa.
Hitzarmen honek administrazio-izaera dauka. Hitzarmen hau interpretatzean, aldatzean, betetzean edo indargabetzean sor litezkeen auzigaiak administrazioarekiko auzien jurisdikzioaren ardura eta eskumenekoak izango dira, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 8.3 artikuluan xedatutakoari jarraiki eta jurisdikzio hori arautzen duen 1998ko uztailaren 13ko Legean ezarritakoaren arabera.
Eta alderdiak ados daudela eta adierazitako guztia onartzen dutela frogatzeko, dokumentu hau sinatu dute, bi aletan, goiburukoan adierazitako lekuan eta egunean.
Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburua,
ISABEL CELAÁ DIEGUEZ.
Euskal Herriko Unibertsitateko errektorea,
IÑAKI GOIRIZELAIA ORDORIKA.
Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariaren urtarrilaren 28ko 3/2010 Ebazpenaren II. ERANSKINA.
EUSKO JAURLARITZAKO HEZKUNTZA, UNIBERTSITATE ETA IKERKETA SAILAREN ETA EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATEAREN ARTEKO HITZARMENA, BATXILERGOKO ETA LANBIDE HEZIKETAKO, ARTE IRAKASKUNTZETAKO ETA KIROL IRAKASKUNTZETAKO GOI ZIKLOETAKO IKASLEEI ZUZENDUTAKO JARDUERA PRAKTIKOAK EGITEKO.
Gasteizen, 2009ko abenduaren 23an.
BILDUTA
Alde batetik, Isabel Celaá Diéguez andrea, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburua, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren izenean,
Eta bestetik, Iñaki Goirizelaia Ordorika jauna, Euskal Herriko Unibertsitateko errektore jauna, Euskal Herriko Unibertsitate horren izenean,
AZALTZEN DUTE:
EHU goi hezkuntzako ikastegi bat dela eta bere gain hartzen duela ikasleak prestatzearen ardura, karrera emankor bat egin dezaten eta pertsona heldu gisa porta daitezen prestakuntza emanez. Halaber, ekoizpen zientifiko eta teknologikoa sustatzeko eragile gisa jarduten du eta ikertzaileen prestakuntzan egiten du lan unibertsitatean eta euskal gizartean. Izan ere, euskal gizarte horri hedatzen dio sortzen duen ezagutza.
EHUren baloreak ondorengo hauek direla:
Zuzentasuna eta kudeaketan garden jokatzea.
Elkarrizketa, parte-hartzea, konfiantza eta ardura partekatua.
Kalitatearen eta etengabeko hobekuntzaren aldeko konpromisoa.
Unibertsitate-ingurunean elkarbizitza baketsu baten aldeko konpromisoa, berdintasun, justizia, askatasun eta begirunean oinarrituz.
Mundura irekitzeko bokazioa, elkartasuna eta aniztasunarekiko begirunea.
Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren ustez, garapena bermatzeko inbertsio estrategikoa dela hezkuntza-unibertsitatea. Zientzia eta gizartearen arteko ikuspegiak desberdina izan behar duela planteatzen du aurreko ereduak. Ikuspegi horri esker, eguneroko bizitza ulertu eta administratzeko eta garapen zientifiko eta teknologikoek kutsatutako mundu batean mugitzeko kultura zientifiko eta teknologikoa izango dute herritarrek.
Funtsezkoa da irakasleek ulertzea hezkuntza zientifiko eta teknologikoak pertsonen prestakuntzan betetzen duten funtzio itzela. Interakzioen, zientziaren, teknologiaren, gizartearen eta ingurugiroaren tratamendua ikasleen jarrera hobetzeko eta zientzia eta teknologiarekiko interesa areagotzeko lagungarri izatea ez ezik, tresnak ere emango dizkie ikasleei, herritar arduratsu gisa gizartean demokratikoki parte hartzeko.
Hitzarmen honen helburu diren jarduerak egitea lagungarri da Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak erabakiak hartzeko eskatzen den ikerketarako, unibertsitateaz kanpoko ikastetxeak Euskal Herriko Unibertsitatera hurbiltzeko euskal espazio bat gauzatzeari dagokionez.
Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren eta EHUren arteko harremanak bi aldeentzat direla aberasgarriak eta harreman horiek areagotu eta sakontzea, gizarteari begira, positiboa eta onuragarria dela.
Bi instituzioek dutela unibertsitatearen eta unibertsitateaz kanpoko munduaren arteko distantzia gutxitzeko interesa, prestakuntza-eskaintza hau zuzenduta doan kolektiboak bere prestakuntza-prozesua unibertsitate-esparruan bukatuko duela eta unibertsitatetik lan-mundura sartzeko prozesuak errazteko asmoz akordioak eta lankidetzan jarduteko hitzarmenak sustatu eta aurrera eramatea instituzio sozial, politiko, akademiko eta ekonomiko guztien eginkizuna dela kontuan hartuta.
Bi erakundeen artean kezka horri heltzen dion proiektu bat definitu eta martxan jartzearen ondorioz, haiek unibertsitate-mundura integratzeaz eta lan-mundura baldintza ezin hobeetan sartzeaz arduratzen garela pentsatuko dute inplikatutako ikasle eta irakasleek. Izan ere, parte aktibo gisa ikusten gaituzte eta enpresaren munduarekin harremanak izateko erraztasunak ematen dizkiegula uste dute, haien garapen pertsonal eta profesionala bideratzen laguntzeko maila erantsi handiko zerbitzuak garatuz.
Horregatik guztiarengatik, erabat positiboa dela EHUk eta Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak beren baliabideak partekatzea eta lankidetzan jardutea, haien ordezkarien eta mundu akademiko eta ikertzailearen arteko lokarria izanez, helburu komunetan eraginkortasun handiagoa lortzeko. Horretarako, izenpetzen duten instituzioek ondorengo klausulak hitzartzen dituzte:
KLAUSULAK
Lehenengoa. Hitzarmenaren helburua.
Bigarren Hezkuntzako ikasle eta irakasleen unibertsitate-ikasketekiko interesa sustatzeko Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak eta Euskal Herriko Unibertsitateak lankidetzan jarduteko baldintzak arautzea du hitzarmen honek helburu. Horrela sustatuko da ezagutza zientifiko eta teknologikoak ikasle eta irakasleen artean garatzeko prozesua eta, batez ere, unibertsitate-munduaren errealitatea hurbilduko zaie ikasleei.
Bigarrena. Hartzaileak.
Batxilergoa eta Lanbide Heziketako, Arte Irakaskuntzetako eta Kirol Irakaskuntzetako goi mailako heziketa-zikloak egiten dituzten ikasle eta etapa horiek ematen dituzten irakasleengana zuzenduta daude hitzarmen honen helburu diren jarduerak eta zenbait jarduera praktikotan parte hartzea izango dute helburu. Landu beharreko gaien arabera erabakiko dira jarduera praktiko horiek eta EHUko fakultate eta eskolek antolatuko dituzte.
Hirugarrena. Istripuak ordaintzea.
Derrigorrezko Eskola Aseguruak (1953ko uztailaren 17ko legea) bere gain hartuko du Batxilergoko eta Lanbide Heziketako, Arte Irakaskuntzetako eta Kirol Irakaskuntzetako heziketa-zikloetako ikasleek egin beharreko jardueran pairatu ahal dituzten kalteen ardura.
Laugarrena. Helburuak.
Egin beharreko jarduerek helburu hirukoitza izango dute:
Jarduera egiten duen fakultatearen ezagutza-esparruan sartzea Batxilergoko eta Lanbide Heziketako, Arte Irakaskuntzetako eta Kirol Irakaskuntzetako goi mailako heziketa-zikloetako ikasleak.
Jardueran aipatzen diren ikasketek gaurko gizartean duten garrantzia azaltzea.
Bokazioak piztea.
Bosgarrena. Prozedura.
Ikasleen errektoreordeak koordinatutako deialdi baten bidez gauzatuko da Euskal Herriko Unibertsitateko fakultateek edo eskolek hitzarmen honetan azaltzen diren jardueretan parte hartzeko prozesua eta, deialdi horren bidez, ikastetxe desberdinek egingo dituzte eskaintza eta parte hartzeko eskaera.
Unibertsitateak, ikasleen errektoreordearen bidez, Hezkuntza Berriztapeneko Zuzendaritzari emango dio fakultate edo eskolen eskaintzen berri eta zuzendaritza horrek dagoen eskaintza jakinaraziko die Bigarren Hezkuntzako ikastetxeei, hauek beren lehentasunak azal ditzaten.
EHUko ikasleen errektoreordeari bidaliko dizkiote, zuzenean eta gaineratzen den dokumentazioaren arabera, eskaerak Bigarren Hezkuntzako ikastetxeek eta errektoreorde horrek dagoen eskaerara egokituko du titulazio bakoitzeko jardueren eskaintza. Eskaerak selekzionatzeko, «betiere hitzarmenaren helburuarekin zerikusia badute «, jaso diren ordenaren arabera jokatuko da, eskainitako plazak agortu arte.
Ikasleen errektoreordeak eskaera onartu edo atzera bota den jakinaraziko die Bigarren Hezkuntzako ikastetxeei eta berauekin koordinatuko da jarduerak egiteko orduan.
Halaber, onartutako ikastetxeak, parte hartuko duten jarduerak eta berauek aurrera eramango diren eskola edo fakultateak jakinaraziko dizkio Hezkuntza Berriztapeneko Zuzendaritzari.
Seigarrena. Aldeen eginbeharrak.
Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak gehienezko 69.188 euroko zenbateko bat erabiliko du jarduera horiek egitean emandako zerbitzuek eragindako gastuak finantzatzeko, eta 2.000 euro, gehienez ere, emango du titulazioko.
Jarduera horiek egiten dituzten ikasleen kopuruaren arabera ordainduko dira 2000 euro horiek. Horiek horrela, 10ek edo 10 ikaslek baino gutxiagok parte hartzen badute, 800 euro emango zaizkie; 1200 euro 10ek baino gehiagok edo 20k edo gutxiagok parte hartzen badute eta 2000 euro 20 ikaslek baino gehiagok parte hartzen badute, jarduera praktiko horiek egiteko aurrekontuan sartutako 69.188 euroak osatu arte.
Bestalde, Euskal Herriko Unibertsitateak instalazio, azpiegitura, material eta irakasleak jarriko ditu, jarduerak aurrera eramateko.
Zazpigarrena. Ordaintzeko era.
Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak EHUri ordainduko dio jarduera horiek egitean emandako zerbitzuengatik behar den zenbatekoa, Hitzarmenaren Jarraipena Egiteko Batzordeak onartutako jardueren eta parte-hartzearen memoria aurkeztu ondoren.
Zortzigarrena. Klausula partikularra.
Hitzarmen hau behar adina kreditu egotearen baldintzaren menpe dago, eragindako betebeharrak finantzatzeko.
Bederatzigarrena. Hitzarmenaren jarraipena egiteko batzordea.
Agertzen diren bi aldeek hartzen dute jarraipen-batzorde bat eratzeko akordioa, helburuak lortzeko behar bezala koordinatu eta lankidetzan jarduteko tresna gisa, baita hitzarmena interpretatu eta gauzatzeko orduan sor daitezkeen eztabaidak ebazteko ere.
Ondorengo kideek osatuko dute batzordea:
Hezkuntza Berriztapeneko zuzendariak edo eskuordetzen duen pertsonak.
Unibertsitate zuzendariak edo eskuordetzen duen pertsonak.
Ikasleen errektoreordeak edo eskuordetzen duen pertsonak.
Ikerketa errektoreordeak edo eskuordetzen duen pertsonak
Batzorde honek funtzio hauek izango ditu:
Hitzarmen honen edukia eta aplikazioa interpretatzea.
Zein mailatan betetzen den eta nola hobetzen den ebaluatzea.
Arrazoitutako proposamenak helaraztea, hitzarmenaren helburuak zabaltzeko aukerak direla-eta.
Txostena derrigorrean eman behar izatea, izenpetzen duen aldeetako batek hitzarmenaren edozein klausula bete ez dela salatzen badu.
Hitzarmenaren garapenari buruzko urteko memoria bat egitea, hitzarmena izenpetu duten aldeei helaraziko zaiena.
EHUk aurkeztutako dokumentazioa aztertu eta, horrela erabakiz gero, dotazioa areagotzea, izandakoa parteko gastuen arabera, betiere EHUko fakultate eta eskolek behar bezala dokumentatzen badituzte eta jarduera guztiak egiteko aurrekontuan sartutako 69.188 euroak gainditzen ez badira.
Idatzitako zenbatekoa aurkeztutako eskaera guztiei arreta emateko nahikoa ez bada eta ezin bada areagotu, heinean banatuko da atera den zenbatekoa, ezarritako guztizkoa egokitzeko.
Hamargarrena. Deuseztatzeko arrazoiak.
Hitzarmen hau ondorengo arrazoiengatik deuseztatu ahal izango da:
Aldeen elkarren arteko adostasunez, haien terminoetan.
Hitzarmena gauzatzean adostutakoa ez betetzeagatik edo irregulartasun larriak egoteagatik.
Bi aldeetako batek salaketa aurkezten badu, hitzarmena indarrik gabe utzi nahi den data baino hilabete lehenago, gutxienez.
Indarreko legeriak zehazten dituen gainontzeko arrazoiengatik.
Edonola ere, lehen hartutako konpromisoek indarrean egoten jarraituko dute, iraungi arte.
Hamaikagarrena. Indarraldia.
Hitzarmen honek 2010eko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitartean izango ditu ondorioak.
Hurrenez hurrengo urteetan eta lankidetza-hitzarmen honi gehitzeko eranskinak izenpetuz, aldeek gaurkotu ahal izango dute Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak onartutako jarduerak egitean emandako zerbitzuek eragindako gastuen finantziazioa, horretarako dagoen aurrekontu-hornikuntzaren arabera.
Hamabigarrena. Hitzarmena ez betetzeagatik salatzea.
Aldeetako edozeinek salatu ahal izango du hitzarmen hau, agertzen dituen akordio eta konpromisoak ez betetzeagatik, aplikatzen den indarreko legeriak xedatutakoaren arabera.
Eta adostasuna adierazteko, hitzarmen hau bi aletan izenpetzen da, idazpuruan adierazitako toki eta datan.
Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburua,
ISABEL CELAÁ DIÉGUEZ.
Euskal Herriko Unibertsitateko errektorea,
IÑAKI GOIRIZELAIA ORDORIKA.
Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariaren urtarrilaren 28ko 3/2010 Ebazpenaren III. ERANSKINA.
EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO ADMINISTRAZIOAREN ETA BIZKAIKO FORU ALDUNDIKO KULTURA DEPARTAMENTUAREN ARTEKO HITZARMENA URDUÑAKO EUSKAL GIROTZE BARNETEGIARI BURUZKOA.
Gasteiz, 2009ko abenduaren 2a.
PARTE HARTURIK
Alde batetik Maria Isabel Celaá Dieguez andrea, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburua, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren izenean eta ordez
Eta bestetik Miren Josune Ariztondo Akarregi andrea, Bizkaiko Foru Aldundiko kultura diputatua.
Elkarri dokumentu hau sinatzeko ahalmena aitortuz,
AZALTZEN DUTE
Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak Euskal Girotze Barnetegiaren kokaleku egokitzat jotzen duela Urduñako aterpetxea. Barnetegi hauek beraien sortze eta funtzionamendua arautzen duen 147/1990 Dekretuaren arabera ikasleen arteko hizkuntza erabilera areagotzera bideratzen dute bere eginkizun nagusia.
Bizkaiko Foru Aldundiak deritzanez, Barnetegia aipaturiko lekuan kokaturik egoteak ez duela galarazten aterpetxeak aterpetxe legez duen funtzionamendua.
Eta azaldutakoari jarraiki, gorago aipatu den Orduñako aterpetxea Euskal Girotze Barnetegi gisa erabili ahal izateko, honako Hitzarmen hau burutzeko ados jarri dira, ondoan zehazten diren baldintzekin:
KLAUSULAK
Lehenengoa. Euskal Girotze Barnetegia urtero eta hitzartutako epealdian zehar irailaren 1etik uztailaren 15 arte egongo da martxan., Gabonetako eta Aste Santuko oporretan izan ezik. Txandak normalean 5 egunekoak izango dira, astelehenean goizeko 9etan hasi eta ostiralean arratsaldeko 6:30ean amaituz.
Ikasturte hasieran Hezkuntza Saileko Euskara Zerbitzuko Nolega atalak Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Departamentuaren esku jarriko du ikasturteko egutegia, txanda bakoitzean parte hartuko duten ikasleen kopurua zehaztuz; inoiz ezingo dute 30 ikasle baino gehiago izan. Ikasle horientzako lekuaz gain, Foru Aldundiak bi irakaslerentzako tokia ere gordeko du.
Bigarrena. Euskal Girotze Barnetegiak honako gela eta lekuok erabiliko ditu:
Guztira 30 ikaslerentzat oheak dituzten 4 logela, behar diren bainugela eta apalekin, aterpetxearen gunean kokaturik (H9-H10-H11-H12).
H12 irakasleen gela izango da. Beti ere, gutxitu fisikoak gela horretan kokatu beharrak eragozten ez duen neurrian. Kasu honetan aterpeko zuzendaritzak, hala behar izanez gero, beste aukeraren bat eskainiko du gela horren ordez.
Irakasle-gela edo bulegoa. Giltzapean eta urte osoan, jai-egunak eta oporrak barne, Barnetegiaren esku: Brigada Etxea deritzanean H2.
Taller-biltegietarako gelak. Giltzapean eta urte osoan, jai-egunak eta oporrak barne, Barnetegiaren esku: Brigada Etxea deritzanean H1 eta H3.
Gela balioanitza Euskal Girotzen Barnetegiaren erabilerarako soilik (jarduna dagoen egunetan): Ispiluen gela.
F gela, Kirol pabeloia eta aterpean dauden bestelako guneak gainontzekoekin partekatuz erabiliko dira.
Horrezaz gainera zerbitzu komunak, jangela, ur beroko dutxak, komunak eta jolas-lekuak.
Aipatutako gelak opor garaietan eta asteburuetan. Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Departamentuaren esku geratuko dira.
Hirugarrena. Urduñako Aterpetxeak bertaratuko diren ikasle-irakasleei honako zerbitzuok eskainiko dizkie:
Ohea eta izara-jokua (astero aldatzekoa) dagozkion estalkiekin (hauek urtean behin garbituko dira, gutxienez).
Pentsio osoa (gosaria, bazkaria, merienda eta afaria).
Erabiltzen diren gela eta lekuen garbitasuna eta berokuntza. Komunak eta dutxak egunero garbituko dira eta gainerakoak taldea aldatzen den bakoitzean, gutxienez.
Ikasleen edota irakasleen arropa garbitzea, arrazoi bereziren batengatik horren beharra suertatuko balitz.
Euskal Girotze Barnetegira etortzen diren taldeak Plentziako egoitzak duen araudiari lotuko zaizkio.
Edozein arazo sortzen dela ere, Barnetegiko zuzendariak horren berri emango dio Egoitzako zuzendariari, honek konpontzeko neurriak har ditzan; bi horiek ados jarriko ez balira, Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Departamentuko Gazteriaren Zuzendaritza Nagusiaren eta Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko Nolega atalaren artean konpondu beharko da.
Laugarrena. Euskal Girotze Barnetegiak egoitza erabiltzeagatik Hitzarmen honen bosgarren eta seigarren ataletan agertzen diren tarifak eta ordainbidea hitzartzen dira.
Bosgarrena. Urtero eguneratuko dira egoitza erabiltzeko ordaindu beharrekoak, aterpetxe erabilpenerako Bizkaiko Foru Aldundiak urterako onartutako gazteentzako prezio publiko arrunta izango dira.
Seigarrena. Ordaindu beharrekoaren zati bat ikasleak ordainduko du bere ikastetxearen bitartez eta gainerakoa Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak. Hezkuntza, Unibertsitate eta ikerketa Sailari dagokio ikasturtero ikastetxeari dagokion zenbatekoa finkatzea. Ikastetxeak egonaldia hasi baino bi hilabete lehenago osorik ordaindua beharko du zenbateko hori, dagokion kontu korrontean diru-sarrera eginez eta horretarako prestaturik dagoen inprimakia betez. Gainerakoa ordaintzea Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailari dagokio, ordainketa hiru hilabeteka gauzatuko delarik eta beti ere gutxienez taldeko 22 ikasleren kostua estaliz. Ordainketa hori egin aurretik, eta dagokion kitapena egiteko, Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Departamentuko Gazteriaren Zuzendaritza Nagusiak hiru hilabete horietan barnetegian izan diren taldeen likidazioa aurkeztuko dio Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailari.
Zazpigarrena. Hitzarmen hau indarrean izango da 2009ko irailaren 1etik 2009ko abenduaren 31 arte. Hala ere, bi aldeetako edozeinek berau baliogabetzeko asmo-azalpena agertzeko aukera mantentzen du. Asmo-azalpen hori 2009ko abenduaren 10a baino lehen egin beharko du erakundeetako edozein lehen urte honetan. Hitzarmen hau berez luzatua ulertuko da, beti ere, 2011ko uztailaren 31ko muga izanik. Hala ere ikasturte bakoitzean bi aldeetako edozeinek berau baliogabetzeko asmo-azalpena agertzeko aukera mantentzen du. Asmo-azalpen hori Aste Santuaren aurretik egin beharko du erakundeetako edozein hurrengo ikasturterako hitzarmena eteteko asmoa azalduz.
Hitzarmen honen balioa, 2010Etik aurrerakoei dagokionean, urte horietan Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan eginkizun jakin honetarako kreditu egokia eta nahikoa egoteari baldintzatua geratzen da.
Eta hala jasota gera dadin, adierazitakoarekiko adostasuna agertzen dute behean azaltzen den leku eta egunean
Vitoria-Gasteiz, 2009ko abenduaren 2a.
Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburua,
MARIA ISABEL CELAÁ DIEGUEZ.
Kulturako foru diputatua,
MIREN JOSUNE ARIZTONDO AKARREGI.
Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariaren urtarrilaren 28ko 3/2010 Ebazpenaren VI. ERANSKINA.
LANKIDETZA HITZARMENA, ETXEBIZITZA, HERRI LAN ETA GARRAIO SAILA ETA GERNIKA-LUMOKO UDALAREN ARTEKOA. HELBURUA: SANTA LUCIA SEKTOREAN BABES OFIZIALEKO ETXEBIZITZAK SUSTATZEA
Vitoria-Gasteiz, 2009ko abenduaren 4a.
BILDUTA:
Alde batetik, Iñaki Arriola Lopez jaun txit gorena, Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburua.
Eta bestetik, Jose Mª Gorroño Etxebarrieta jauna, Gernika-Lumoko alkate udalburua.
ESKU HARTU DUTE
Lehenengoa, Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburu gisa eta Euskal Autonomia Erkidegoaren ordezkaritzan, Gobernu Kontseiluak 2009ko abenduaren 1ean izandako bilkuran hartutako erabakiaren indarrez egintza honetarako baimendua.
Bigarrena, Gernika-Lumoko alkate udalburu gisa eta udalaren izenean, Udalak 2009ko urriaren 28an egindako osoko bilkuran hartutako erabakiaren indarrez egintza honetarako baimendua.
Bi hitzarmenkideek elkarri aitortu diote lankidetza-hitzarmen hau izenpetzeko legezko gaitasun nahikoa, eta horretarako honakoa:
ADIERAZI DUTE
Lehenengoa. Euskal Herriko Autonomia Estatutuaren 10.31 artikuluak adierazten duenez, Euskal Autonomia Erkidegoak soilik du lurraldearen eta itsasertzaren antolamendu, hirigintza eta etxebizitzaren arloan eskumena.
Ildo horretan, Eusko Jaurlaritza helburu programatikoen artean, etxebizitza babestuen eskaintza handitzea bilduta dago, alokatuta lagatzeko gizarte-etxebizitzena nagusiki.
Hori bermatzeko, ezinbestekoa da Administrazioak arduraz jardutea eta lurzorua eraginkortasunez kontrolatzea. Horrekin batera Administrazioak kemenez ekin behar dio herri-lurra eskuratzeari eta kudeatzeari. Horregatik, herri-aginteek, kasu honetan Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailak eta Gernika-Lumoko Udalak batera jardun behar dute eta, nolabait behartuta daude batera jarduteko, beharrezkoak diren babes ofizialeko etxebizitzak egin ahal izan daitezen baldintzak sortzearren eta espekulazioa saihestu eta etxebizitzetarako lurren herri-ondare egokia lortzearren.
Bigarrena. Era berean, bi herri-erakunde hauek aurreko atalean aipatutako alderdiei dagokienez, elkarrekin eta batera burutu behar duten eginkizuna baieztatzeko eta berresteko, Autonomia Erkidegoak batetik, eta Toki Erakundeek bestetik, elkarren arteko harremanetan beren egitekoak eraginkortasunez betetzeko behar dezaketen lankidetza eta laguntza eman beharko diote elkarri, nork bere esparruan.
Hirugarrena. 1989ko abenduaren 29an Lankidetza Hitzarmena sinatu zuten Gernika-Lumoko Udalak eta Eusko Jaurlaritzak; Alhondiga deituriko orubean 36 etxebizitza babestu gauzatzea zen hitzarmen horren helburua.
Era berean, 1995eko azaroaren 21ean beste Lankidetza Hitzarmen bat sinatu zuten Gernika-Lumoko Udalak eta Eusko Jaurlaritzak; Santa Lucia Arean 78 etxebizitza babestu gauzatzea zen hitzarmen horren helburua.
Azkenik, 2005eko abuztuaren 1ean, Gernika-Lumoko Udalak eta Eusko Jaurlaritzak lankidetza-hitzarmena izenpetu zuten Santa Lucia arean 30 etxebizitza sozial eraiki eta errentamendu babestuan jartzeko eta azalera-eskubidepeko babes ofizialeko 86 etxebizitza egiteko.
Une honetan, lan horrekin aurrera jarraitu nahi dugu, dagokion Hitzarmena sinatuta, Hitzarmen horrek Gernika-Lumoko Udalerrian etxebizitza babestuko beste sustapen bat ahalbidetuko duelakoan.
Laugarrena. Otsailaren 7ko 98/2002 Foru Aginduak onartu zuen behin betiko Santa Lucia Sektorearen Plan Partziala. Hori garatzerakoan, dagokion Birzatiketa Proiektua idatzi, izapidetu eta behin betiko onartu da, abenduaren 28ko 882/2004 Alkatetza Dekretuaren bidez behin betiko onartu ere.
Birzatiketa Proiektu horretan honako lur-zati hauek esleitzen zaizkio, besteak beste, Gernika-Lumoko Udalari:
SZ R1 lur-zatia:
Etxebizitzen gehieneko kopurua: 32.
Bizilekutarako aprobetxamendua: 3.840 m2c.
Trastelekutarako eta garajetarako aprobetxamendua: 1.025 m2c.
SZ R4 lur-zatia:
Etxebizitzen gehieneko kopurua: 20.
Bizilekutarako aprobetxamendua: 2.400 m2c.
Trastelekutarako eta garajetarako aprobetxamendua: 781 m2c.
Ildo horretatik, bi alderdiek hitzeman dute Gernika-Lumoko Udalak, aipatutako hirigintzako kudeaketa amaitu ondoren, Euskal Autonomia Erkidegoari SZ R1 eta 4 Lur-zatietan hurrenez hurren 32 eta 20 etxebizitza eraikitzea ahalbidetuko duten lursaila eta eraikuntza-aprobetxamenduak salduko dizkiola. Transmisio horiek urbanizazio-kargarik gabe egingo dira, eraikuntzari loturiko urbanizazio-obra osagarriak izan ezik.
Bosgarrena. Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailak, etxebizitzaren arloan dituen aginpideak erabiliz, babes ofizialeko etxebizitzak eraikitzeko lurzorua behar du, etxebizitzen beharrizan egiaztatua duten udalerrietan, hauen artean Gernika-Lumon, errenta-gaitasun txikia izanik, etxebizitzaren merkatu librera jotzerik ez duten familiei begira.
Ildo honetan, aipatutako Sailak Santa Lucia Arloan SZ R1 eta 4 Lur-zatietan hurrenez hurren 32 eta 20 babes ofizialeko etxebizitza eraikitzea sustatu nahi du.
Seigarrena. Euskadiko Ondareari buruzko Legearen testu bategina onartu zuen 2/2007 Legegintzako Dekretuaren 43. artikuluak agintzen duenez, ondare higiezinak eskuratzeko jardunbidea lehiaketa publikoa da. Baina artikulu bereko 1. zenbakian, zuzeneko kontratazioa ere ahalbidetzen da, aldez aurretik Jaurlaritzaren Kontseiluak baimena emanda, erosteko premia eta higiezinen merkatuko eskaintza urria nabarmenak direnean kasu honetan bezalaxe.
Honako honetan datza proposaturiko eragiketa: Gernika-Lumoko Udalari SZ R1 eta 4 Lur-zatiak erostea (Santa Lucia sektorean daude, jada urbanizatuak), horien hirigintzako aprobetxamenduarekin batera, bertan babes ofizialeko 52 etxebizitza sustatzeko.
Zazpigarrena. Bien interesak, konpromisoak eta ekarpenak behar bezala bideratzeko, bi alderdiek lankidetza-hitzarmen hau izenpetu dute honako klausula hauen arabera:
KLAUSULAK
Lehenengoa. Lankidetza-hitzarmen honen bidez Gernika-Lumo Udalerriko Santa Lucia Sektorean babes ofizialeko etxebizitzen sustapenerako politika gauza dadin ahalbidetzea du helburu.
Bigarrena. Gernika-Lumoko Udalak konpromisoa hartu du Euskal Autonomia Erkidegoari SZ R1 eta 4 Lur-zatiak saltzeko (udal-titulartasunekoak dira eta Santa Lucia Sektorean daude), horien beharrezko hirigintzako aprobetxamenduen % 100arekin batera, babes ofizialeko 52 etxebizitza sustatzeko, urbanizazio-kargarik gabe, eraikuntzari loturiko urbanizazio-obra osagarriak izan ezik.
Salerosketa honen prezioa 1.457.275,35 euro da (BEZa barne hartu gabe), Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Saileko Lurraren Kudeaketarako Zerbitzuak idatzi zuen Balorazio Txostenari jarraituta.
Besterentzeko erabakia bidezko legezko izapideen ondoren hartuko da, hitzarmen hau sinatu eta hiru hilabeteko epean. Ondoren, aipatu den salerosketa notario-eskrituran jasoko da, hitzartutako prezioa emanda.
Hirugarrena. Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailak, dagozkion aurrekontu-izendapenen ostean, Santa Lucia Sektorean babes ofizialeko 52 etxebizitza azalera eskubidean eraikitzeko obrak kontratatzeko eta obrak osorik gauzatzeko konpromisoa hartu du bere gain.
Eraikuntzari loturiko urbanizazio-obra osagarriak gauzatzea ere barne hartzen du konpromiso horrek.
Laugarrena. Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailak konpromisoa hartu du Gernika-Lumo babes oficialezo etxebiziten sustapenean interesa duen udalerri bakar izendatzeko. Halakoetan, ondorioz, udalerrian erroldaturiko pertsonek bakarrik esku hartu ahal izango dute esleipen-prozeduran.
Gernika-Lumoko etxebizitza-eskatzaileak nahikoa ez badira edo lehen adierazitako baldintzak betetzen ez badituzte, gainerako etxebizitzak eskualde-egiturako gainerako udalerrietako babespeko etxebizitzen eskatzaileei esleitu ahal izango zaizkie.
Bosgarrena. Gernika-Lumoko Udalak ondorengo konpromisoak ere hartu ditu bere gain: Eraikuntza, Instalazio eta Obren gaineko Udal Zergaren kuotari onura batzuk ezartzea, hain zuzen ere, Eraikuntza, Instalazio eta Obren gaineko Zergari buruzko ekainaren 30eko 10/1989 Foru Arauak bere 4. artikuluaren a, d eta e idatz-zatietan esandakoak, eta gainera, aipatu onura horiek batera aplikatzea.
Eraikuntza, Instalazio eta Obren gaineko Zergari buruzko ekainaren 30eko 10/1989 Foru Arauaren arabera, Zerga Ordenantzek honako hobariak arautu ahal izango dituzte zerga kuotari dagokionez:
% 95ekoa ere izatera irits daitekeen hobari bat: interes berezikotzat edo udal erabilikotzat aitortutako eraikuntza, instalazio edo obren alde, aitorpen hori justifikatzen duen gorabehera sozial egonez gero.
% 50eko ere izatera irits daitekeen hobari bat: babes ofizialeko etxebizitzei lotutako eraikuntza, instalazio edo obren alde.
Letra honetan xedatutako hobaria aurreko letretako hobariak aplikatuta ateratzen den kuotari ezarriko zaio.
% 90ekoa ere izatera irits daitekeen hobari bat: ezgaien sarbide eta bizigarritasun baldintzak hobetzen dituzten eraikuntza, instalazio edo obren alde:
Letra honetan xedatutako hobaria aurreko letretako hobariak aplikatuta ateratzen den kuotari ezarriko zaio.
Hobari horien aplikazioa ahalbidetu aldera, Gernika-Lumoko Udalak konpromisoa hartu du beharrezkoak diren jardunak egiteko, bere Udal Ordenantzak legez ezarritako prozedurari jarraiki egokitzea barne hartuta.
Seigarrena. Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailak bere gain hartu dituen arren, lankidetza-hitzarmen honetan dagokien zenbateko ekonomikoa zehaztu gabe duten konpromiso guztiak aurretiazko bidezko aurrekontu-izendapenen menpe egongo dira.
Zazpigarrena. Bi Herri Administrazioen iritziz beharrezkoa da bi erakundeetako bina ordezkarik osatuko duten Akordioaren Jarraipen Batzordea eratzea. Batzorde honek hainbat eginkizun izango ditu: hitzartutako aurreikuspenak eta konpromisoak betetzen direla begiratzea, haiek zehatz-mehatz betetzera bideratutako neurriak proposatzea, adierazitako etxebizitza babestuen sustapenak egiten diren bitartean gerta litezkeen gatazka eta/edo gorabeherei konponbidea aurkitzea, sustapenen babes-erregimenak une bakoitzean dauden etxebizitza-premietara egokitzea eta/edo mailakatzea eta, oro har, etorkizunean sor litezkeen gorabehera guztiei aurre egitea.
Zortzigarrena. Dokumentu honetan jasotako betebeharrak ez betetzea kontratua deuseztatzeko zioa izango da, hitzarmenkideak lehengo egoera juridikora itzuliko dira. Aipatutako deuseztapena eragiten duen hitzarmenkideak sortarazi diren kalte eta galeren kalte-ordaina eman beharko die bai beste hitzarmenkideari bai uste oneko hirugarren batzuei.
Eta adostasuna eta uste ona erakusteko, dokumentu hau izenpetu dute lau aletan, idazpuruan adierazitako leku eta egunean
Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburua,
IÑAKI ARRIOLA LOPEZ.
Gernika-Lumoko alkate-udalburua,
JOSE Mª GORROÑO ETXEBARRIETA.
Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariaren urtarrilaren 28ko 3/2010 Ebazpenaren V. ERANSKINA.
LANKIDETZA HITZARMENA, ETXEBIZITZA, HERRI LAN ETA GARRAIO SAILA ETA ERRENTERIAKO UDALAREN ARTEKOA. HELBURUA: BABESTUTAKO ETXEBIZITZEN SUSTAPENA ERRENTERIAKO UDALERRIAN, U.I. 13/02 GAZTAÑO BERRI EREMUAN.
Vitoria-Gasteiz, 2009ko abenduaren 15a.
BILDU DIRA
Alde batetik, Iñaki Arriola López jauna, Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburua,
Eta bestetik, Juan Carlos Merino González, Errenteriako Udaleko alkate-udalburua.
BERTARATU DIRA
Lehenengoa, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburu gisa eta Sailaren legezko ordezkari-lanetan, Jaurlaritzaren Kontseiluak 2009ko abenduaren 1ean egindako bilkuran hartutako erabakiaren bidez egintza honetarako baimendua.
Eta bigarrena, Errenteriako Udaleko alkate-udalburu gisa eta Udalaren ordezkari-lanetan, 2009ko azaroaren 10eko Udal Osoko Bilkurak hartutako erabakiaren bidez egintza honetarako baimendua.
Agertutako bi aldeek elkarri aitortu diote Lankidetza Hitzarmen hau izenpetzeko beharrezkoa den legezko gaitasun nahikoa eta, horretarako, honako hau:
AZALDU DUTE
Lehenengoa. Euskadiko Autonomia Estatutuaren 10.31 artikuluak zehazten duenez, Euskal Autonomia Erkidegoak eskumen esklusiboa du lurraldearen eta itsasbazterraren antolamendu-, hirigintza- eta etxebizitza-arloan.
Ildo horretan, Eusko Jaurlaritzak bere helburu programatikoen artean etxebizitza babestuen eskaintza handitzea biltzen du, alokatuta lagatzeko etxebizitza sozialena nagusiki.
Hori bermatu ahal izateko, lurzoruaren kontrol publiko arduratsu eta eraginkorra lortu behar da, eta kontrol hori lurzoru publikoa eskuratu eta kudeatzeko ekintza irmoarekin osatu beharko da. Hori dela-eta, botere publikoek (Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailak eta Errenteriako Udalak, kasu honetan) batera esku hartu behar dute (eta horretara behartuta daude) beharrezkoak diren babes ofizialeko etxebizitzak egin ahal izateko baldintzak sortzeko, eta bizilekutarako beharrezkoa den eta espekulazioa eragotziko duen lurzoru-ondare publikoa eratzeko.
Bigarrena. Era berean, bi erakunde publiko horiek aurreko idatz-zatian adierazitako alderdietan batera eta koordinatuta egin beharreko jarduna baieztatzeko eta berresteko, Autonomia Erkidegoak alde batetik, eta Toki Erakundeek bestetik, elkarren arteko harremanetan beren zereginak eraginkortasunez betetzeko behar duten lankidetza eta laguntza aktiboa eskaini beharko diote elkarri, nork bere esparruan.
Ildo horretan, bi Administrazio Publikoek aurretik honako dokumentu hauek izenpetu dituzte:
2005eko urtarrilaren 20ko Lankidetza Hitzarmena, Lartzabalgo 39. Sektorean etxebizitza babestua sustatzeko.
2008ko abenduaren 11ko Konpromiso Akordioa, zuzkidura-alojamenduak sustatzea ahalbidetzeko, zehazki Arramendiko 36. sektorean kokaturiko Ekipamendu Komunitarioko Lurzatian (2.143 m2-ko azalera).
Hirugarrena. Errenteriako Hiri Antolamenduko Plan Nagusiaren dokumentua, 2004ko otsailaren 3an behin betiko onartutakoak, ahalbidetzen du, besteak beste, Gaztaño Berriko 13/02 EU eremuan etxebizitza babestuak egitea, zehazki, PUR 3.3 lur-sailean.
Finkatu gabeko hiri-lurzoruaren gaineko jarduna da eta bertan, beste gai batzuen artean, 30 etxebizitza babestu eta 130 aparkaleku-plaza (horietako 100, etxebizitzari lotu gabekoak) sustatzea ahalbidetuko da.
Errenteriako Udalak 2007ko urriaren 19an izapidetu eta behin betiko onartu du eremu horri dagokion Barne Erreformako Plan Berezia eta Birpartzelazio Proiektua eta dokumentu horri esker Errenteriako Udalak PUR 3.3 lurzati urbanizatua lortu du, aipaturiko etxebizitza babestuaren sustapenerako bideratua.
Bi Administrazio Publikoek erabaki dute sustatuko diren etxebizitzak erregimen orokorreko babes ofizialeko etxebizitzen erregimen juridiko eta ekonomikoaren pean jartzea.
Lurzati horretan gizarte-ekipamendurako lokal baten sustapena aurreikusita dago eta Errenteriako Udalak lokal hori eraikitzeko eta bereganatzeko interesa azaldu du.
Laugarrena. Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailak, etxebizitzaren arloan dituen eskumenak baliatuz, babes ofizialeko etxebizitzak eraikitzeko lurzorua behar du etxebizitzen premia egiaztatua duten udalerrietan (eta, horien artean, Errenterian), errenta-ahalmen txikia izanik etxebizitzaren merkatu librera jotzerik ez duten familientzat.
Bosgarrena. Euskadiko Ondareari buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 6ko 2/2007 Legegintza Dekretuaren 43. artikuluak agintzen duenez, ondare higiezinak eskuratzeko jardunbidea lehiaketa publikoa da. Baina artikulu bereko 1. zenbakian, zuzeneko kontratazioa ere ahalbidetzen da, aldez aurretik Jaurlaritzaren Kontseiluak baimena emanda, erosteko premia eta higiezinen merkatuko eskaintza urria nabarmenak direnean, kasu honetan bezalaxe.
Honako honetan datza proposaturiko eragiketa: Errenteriako Udalari PUR 3.3 lurzatia erostea (Gaztaño Berriko 13/02 EU eremuan dago, jada urbanizatua), horien hirigintzako % 100eko aprobetxamenduarekin batera, bertan babes ofizialeko 30 etxebizitza sustatzeko.
Bi sustapenetako behe-oinetan kokatutako gizarte-ekipamendurako lokalei dagokienez, Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailak eraikiko ditu ondoren Errenteriako Udalari besterentzeko.
Seigarrena. Bien interesak, konpromisoak eta ekarpenak egoki bideratzeko, bi alderdiek Lankidetza Hitzarmen hau izenpetu dute honako klausula hauen arabera:
KLAUSULAK
Lehenengoa. Lankidetza Hitzarmen honen helburua da Errenteriako udalerrian etxebizitza babestuen sustapena ahalbidetzea, zehazki, Gaztaño Berriko 13/2 EUan.
Bigarrena. Errenteriako Udalak konpromisoa hartu du Euskal Autonomia Erkidegoari PUR 3.3 lurzatia saltzeko (udal-titulartasunekoak dira eta Gaztaño Berriko 13/02 EU eremuan daude), horien beharrezko hirigintzako aprobetxamenduen % 100arekin batera, babes ofizialeko 30 etxebizitza sustatzeko, urbanizazio-kargarik gabe, eraikuntzari loturiko urbanizazio-obra osagarriak izan ezik.
Salerosketa horren prezioa 1.046.086,65 euro da (BEZa sartu gabe) eta Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Saileko Lurzoruaren Kudeaketaren Zerbitzuak idatzitako Balioespen Txostenaren arabera ezarri da.
Besterentze-akordioa aldez aurreko legezko izapideak egin ondoren hartuko da hiru hilabeteko epean Hitzarmen hau sinatzen den egunaz geroztik. Ondoren, eskritura publikoan formalizatuko da salerosketa eta itundutako prezioa ordainduko da.
Hirugarrena. Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailak konpromisoa hartu du, dagozkion aurrekontuko diru-izendapenak gauzatu ondoren, adierazitako lurrak erosteko eta Errenteriako Udalari 1.046.086,65 euroko zenbatekoa ordaintzeko.
Lurren prezioaren zati bat lurzati horretan eraikiko den lokalaren azalera (egokitu gabe, 180.000 eurotan balioetsia) ordaintzeko emanez ordainduko da. Gainerakoa, hau da, 866.086,65 euro dirutan ordainduko da.
Salerosketa hori eskritura publiko bidez formalizatuko da hiru hilabeteko epean hitzarmen hau sinatzen denetik aurrera zenbatzen hasita. Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailaren jabetzako lokalaren egiazko ematea eskritura publiko bidez formalizatuko da lokal hori kokatuta dagoen higiezinaren behin betiko kalifikazioa egiten denetik zenbatzen hasita hiru hileko epean.
Adierazitako lokalen azaleran falta diren edo soberan dauden metroak dagokion Administrazioak konpentsatuko ditu dirutan, eta aldi berean arestian adierazitako eskritura publikoa emanez. Lokalaren azaleraren metro koadro eraiki bakoitzeko 360 euro ordainduko dira.
Laugarrena. Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailak konpromisoa hartu du, bidezko aurrekontu-kontsignazioa egin ondoren, adierazitako etxebizitzen urbanizazio- eta eraikuntza-obrak kontratatzeko eta osorik egikaritzeko.
Konpromiso horrek barnean hartzen du Oinarrizko Eraikuntza Proiektuak eta Egikaritze Proiektuak idaztea.
Bosgarrena. Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailak konpromisoa hartu du Gaztaño Berriko 13/02 EUko 3/3 PUR lurzatian gauzatuko den sustapena erregimen orokorreko babes ofizialeko etxebizitzen erregimen juridiko eta ekonomikoaren pean jartzeko.
Seigarrena. Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailak konpromisoa hartu du Errenteria izendatzeko etxebizitza guztiak sustatzeko interesa duen udalerri bakartzat.
Zazpigarrena. Errenteriako Udalak konpromisoa hartu du Eraikuntza, Instalazio eta Obren gaineko Udal Zergaren kuotari Gipuzkoako Eraikuntza, Instalazio eta Obren gaineko Zergari buruzko uztailaren 5eko 15/1989 Foru Arauak toki-erakundeen zerga-sistema aldatzeko martxoaren 19ko 4/2003 Foru Arauak aldatuak bere 5. artikuluaren a), d) eta e) idatz-zatietan ezarritako hobariak aplikatzeko, eta hobari horiek batera aplikatzeko.
Toki Ogasunak Aldatzeko uztailaren 5eko 15/1989 Foru Arauaren arabera, Ordenantza Fiskalek Zerga-kuotaren gaineko honako hobari hauek arautu ahal izango dituzte:
% 95era bitarteko hobaria interes berezikotzat edo udal-onuratzat hartutako eraikuntza, instalazio edo obretarako, betiere halakotzat hartzea justifikatzeko moduko gizarte-zirkunstantziarik izanez gero.
% 50era bitarteko hobaria babes ofizialeko etxebizitzei lotutako eraikuntza, instalazio edo obretarako.
Idatz-zati honetan aurreikusitako hobaria aurreko idatz-zatietan aipatutako hobariak aplikatzearen emaitzazko kuotari aplikatuko zaio.
% 90era bitarteko hobaria minusbaliatuen sarbide-baldintzak eta bizigarritasun-baldintzak hobetzen dituzten eraikuntza, instalazio edo obretarako.
Idatz-zati honetan aurreikusitako hobaria aurreko idatz-zatietan aipatutako hobariak aplikatzearen emaitzazko kuotari aplikatuko zaio.
Zortzigarrena. Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailak bere gain hartu dituen konpromiso guztiak, Konpromisoen Akordio honetan zenbateko ekonomikoa zehaztu gabe dutenak, aldez aurretik bidezko aurrekontu-izendapenak egin izanaren baldintzapean egongo dira.
Bederatzigarrena. Bi Administrazio Publikoek beharrezkotzat hartzen dute Akordioaren Jarraipen Batzordea eratzea. Batzorde hori erakunde bakoitzeko bi ordezkarik osatuko dute, eta haren eginkizunak honako hauek izango dira: ezarritako aurreikuspenak eta konpromisoak betearaztea, horiek zorrotz betetzeko neurriak proposatzea, etxebizitza babestuen sustapenak egitean sor daitezkeen gatazkak eta/edo interferentziak konpontzea, sustapenen babes-erregimenak une bakoitzean dauden etxebizitza-premietara egokitzea eta/edo mailakatzea eta, oro har, etorkizunean sor daitezkeen gorabehera guztiei erantzutea.
Hamargarrena. Agiri honetan jasotako betebeharrak ez betetzea, kontratua deuseztatzeko arrazoia izango da, eta alderdiak lehengo egoera juridikora itzuliko dira. Era berean, bai beste alderdiari bai uste oneko besteri eragin ahal izan zaizkien kalte eta galerak ordaindu beharko ditu aipatutako deuseztapena eragiten duenak.
Eta adostasuna eta uste ona erakusteko, dokumentu hau izenpetu dute lau aletan, idazpuruan adierazitako lekuan eta egunean.
Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburua,
IÑAKI ARRIOLA LÓPEZ.
Errenteriako Udaleko alkate-udalburua,
JUAN CARLOS MERINO GONZÁLEZ.


