- EBAZPENA, 2010eko otsailaren 3koa, HABEren zuzendari nagusiarena, HABEren Erregistroan inskribatuta dauden euskaltegi edo euskararen autoikaskuntza-zentro homologatuetako, eta espainiar estatuko Euskal Etxeetako ikasleen euskara-mailak, Helduen Euskalduntzearen Oinarrizko Kurrikuluaren lehen, bigarren, hirugarren eta laugarren mailak, egiaztatzeko 2010. urteko azterketen deialdiak egiten dituena. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus
Arautegia
InprimatuEBAZPENA, 2010eko otsailaren 3koa, HABEren zuzendari nagusiarena, HABEren Erregistroan inskribatuta dauden euskaltegi edo euskararen autoikaskuntza-zentro homologatuetako, eta espainiar estatuko Euskal Etxeetako ikasleen euskara-mailak, Helduen Euskalduntzearen Oinarrizko Kurrikuluaren lehen, bigarren, hirugarren eta laugarren mailak, egiaztatzeko 2010. urteko azterketen deialdiak egiten dituena.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Ebazpena
- Organo arau-emailea: Kultura Saila; HABE
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 45
- Hurrenkera-zk.: 1283
- Xedapen-zk.: ---
- Xedapen-data: 2010/02/03
- Argitaratze-data: 2010/03/08
Gaikako eremua
- Gaia: Ingurune naturala eta etxebizitza; Hezkuntza
- Azpigaia: Nekazaritza eta arrantza
Testu legala
Kultura sailburuaren 2003ko abuztuaren 6ko Aginduak zehazten du Helduen Euskalduntzearen Oinarrizko Kurrikuluan (HEOK) ezarritako euskararen gaitasun-mailak egiaztatzeko sistema.
HABEn sistema horren egituraren oinarrizko ardatz dira Kultura sailburuaren 2000ko urtarrilaren 24ko Agindua, HEOK onartzen duena, eta Kultura sailburuaren 2006ko martxoaren 13ko Agindua, HEOKaren laugarren mailari dagozkion eduki eta ebaluazio-irizpideak onartzen dituena.
Halaber, apirilaren 8ko 64/2008 Dekretuak helburu du euskararen ezagutza egiaztatzen duten titulu eta ziurtagirien baliokidetza finkatu eta Hizkuntzen ikaskuntza, irakaskuntza eta ebaluaziorako Europako Erreferentzia Marko Bateratura (EEMB) egokitzea.
Kultura sailburuaren 2003ko abuztuaren 6ko Aginduaren 8. artikuluak xedatzen du, ikaslearen gaitasun komunikatiboa mailaz maila ziurtagiri batez aitortua izateko, ezinbestekoa izango duela azterketariak maila bakoitzari dagokion gaitasun-azterketa gainditzea.
Horrela, egiaztatze-proba bakoitzak neurtuko ditu Dekretu eta Agindu horietan gaitasun-maila bakoitza zedarritzeko finkatutako helburuak eta edukiak (linguistikoak, testualak, estrategikoak) trebetasunez trebetasun, betiere finkaturiko ebaluazio-irizpideei jarraiki.
Kultura sailburuaren 2003ko abuztuaren 6ko Aginduaren 9. artikuluak, gaitasun-ziurtagiri hauek lortzeko azterketon ezaugarri nagusiak ematen dituenak, eskumena ematen dio HABEren zuzendari nagusiari, Ebazpenez gaitasun-proben urteroko deialdia egin eta azterketaldion beharrezko xehetasunak arautzeko.
Zehaztasunez aztertu da nola gauzatu diren, 2009an, HABEren zuzendari nagusiaren Ebazpenez antolatutako gaitasun-probak bi deialdietan: izaniko ikasle-kopurua mailaka, antolaketa-modua, azterketarien banaketa lurraldez lurralde, aztertzaile eta tutoreek aplikatutako ebaluazio-irizpideak, ondorioak eta azterketariek izandako emaitzak. HABEn egin gogoetaldi horren ondorioz proposatutako hobekuntzak biltzen dira 2010eko Ebazpen honetara, egiaztatze-proba hauen kalitate-mailak hobetzea izaki helburu nagusia.
Hori dela eta,
Ebazpen honen xedea da HABEren Erregistroan inskribatuta dauden euskaltegi edo euskararen autoikaskuntza-zentro homologatuetan eta espainiar estatuko Euskal Etxeetan euskara-ikasleen komunikazio-gaitasunen mailak egiaztatzeko, 2010. urteko azterketa-deialdiak egin eta prozedurak zehaztea.
Helduen Euskalduntzearen Oinarrizko Kurrikulua eta Hizkuntzen ikaskuntza, irakaskuntza eta ebaluaziorako Europako Erreferentzia Markoa dira hizkuntz trebetasunen neurketaren oinarri.
Deialdiok HEOKen zedarritutako lehen, bigarren, hirugarren eta laugarren mailak egiaztatzeko egiten dira.
Ebazpen honi atxikirik doan I. Eranskinera bilduta daude azterketa hauen ezaugarriak, antolamendu-modua, ebaluazio-irizpideak eta atalez ataleko kalifikazioa. Maila horiek gainditu nahi dituen azterketariak HEOKen maila bakoitzarentzat xedatutako gutxienekoak gainditu beharko ditu, ahoz zein idatziz.
Probok azterketari bakoitzaren euskarazko gaitasun komunikatiboa neurtzeko dira.
HABEren Azterketa-batzordearen menpe burutuko dira deialdiotako azterketen antolaketa eta kalifikazio-lanak.
HABEren Azterketa-batzordearen funtzioak eta osaketa Kultura sailburuaren 2003ko abuztuaren 6ko Aginduaren 11. artikuluan daude jasota.
Azterketa-batzordeak lurraldeko azpibatzordeetan egituratuta antolatuko ditu bere lanak:
Gaitasun-proben antolaketarako azpibatzordeak.
Gaitasun-proben kalifikaziorako azpibatzordeak.
Gaitasun-proben antolaketarako azpibatzordeko kide izango dira: HABEren lurralde-arduraduna, lurraldeko lau koordinatzaile didaktikoak, hauetariko batek idazkari-lanak egingo dituelarik, eta, gutxienez, HABEren zuzendari nagusiak izendatutako lurraldeko euskaltegietako bi ordezkari.
Gaitasun-proben antolaketarako azpibatzordearen egitekoak dira:
Deialdiotara bildutako gaitasun-proben egutegia lurralde bakoitzean aplikatzea.
Gaitasun-probok egingo diren leku egokiak aukeratzeko irizpideak finkatzea.
Gaitasun-proba bakoitzaren antolamendu-arauak jarri eta ordutegiak erabakitzea.
Azterketariak dagozkien azterlekuetan banatzea.
Onartuen zerrenda osatzea.
Onartuen zerrenden aurka erreklamazioak aurkez litzaketen azterketariei erantzun ahal izateko, erantzun teknikoen oinarriak prestatzea.
Azterketa-batzordeari onartuen zerrenden aurka erreklamazioak aurkez litzaketenentzako erantzun-proposamenak igortzea.
Gaitasun-proben kalifikaziorako lurraldeko azpibatzordeek bat mailako, gutxienez kide hauek izango dituzte: maila horretako koordinatzaile didaktikoa, aztertzaile-talde bakoitzeko tutoreak eta deialdi horretan eta maila horretan tutore horien ardurapean azterketak zuzendu dituzten aztertzaileak.
Gaitasun-proben kalifikaziorako azpibatzorde hauen egitekoak dira:
Proba osoan egin diren azterketa guztien lagin jakin bat berraztertzea.
HABEk jarritako zuzenketa-irizpideak aztertzaileek erabilitakoekin alderatzea.
Zailtasun jakinak edo kontraesanak izan ditzaketen probak birzuzentzea.
Gaitasun-proben kalifikazioen aurka izan daitezkeen erreklamazioak erantzun ahal izateko, erantzun teknikoen oinarriak prestatzea.
Azterketa-batzordeari gaitasun-proben kalifikazioen aurka erreklamazioak aurkez litzaketenentzako erantzun-proposamenak igortzea.
Kultura sailburuaren 2003ko abuztuaren 6ko Aginduaren 13. artikuluari jarraiki, HABEren Ebaluazio-atalari dagokio azterketa-deialdi hauetako kudeaketa-lanak burutzea.
Ebaluazio-atalburuak koordinatuko ditu Azterketa-batzordeko azpibatzordeen lanak.
Egiaztatze-proba hauetan parte hartzeko matrikulazio-prozedura, emaitzen jakinarazteak, galderak, azterketa-deialdien noiz-nongoak, erreklamazio-eskabideak eta ziurtagirien eskaerak, HABEk berak azterketarien zerbitzura www.habe.euskadi.net atarian jarriko duen sistema erabiliz eramango dira aurrera.
Azterketariren batek deialdi batera aurkezteko gutxienekoak bete eta bere izena deialdi horretara aurkezteko behin-behineko onartuen zerrendetan ez dagoela ikusiko balu eta bat ez baletor, dagokion erreklamazioa aurkez dezake gaitasun-probon lurraldeko antolaketa-azpibatzordearen aurrean, zerrendak argitaratu eta hurrengo egunetik hasita bost egun naturaleko epean, www.habe.euskadi.net atarian jarritako erreklamazio-inprimakia betez.
Jarraian, HABEk behin betiko onartuen zerrendak argitaratuko ditu.
Era berean, azterketariren bat HABEk argitaratutako behin-behineko emaitzekin edo emaitza orokorrekin bat ez baletor, erreklamazioa aurkez dezake, gaitasun-probon dagokion lurraldeko kalifikazio-azpibatzordearen aurrean, kalifikazioak argitaratu eta biharamunetik hasita bost egun naturaleko epean, www.habe.euskadi.net atariko erreklamazio-inprimakia betez.
Erreklamazioa egin azterketariak bere espedientea berrikusia izatea nahiko balu, HABEren zuzendari nagusiaren aurrean gora jotzeko errekurtsoa idatziz aurkez dezake deialdiko behin betiko zerrendak argitaratu eta hilabeteko epean.
Horrelakoetan, HABEren zuzendari nagusiak gora jotzeko errekurtsoa egin duen azterketariaren emaitzen zergatia oinarritzea eskatuko dio HABEren Azterketa-batzordeko buruari.
Azterketa-deialdi hauetako gora jotzeko errekurtsoek ez dituzte etengo Ebazpen honetan jasotako ohiko prozedurak.
Egiaztatze-deialdiotako gora jotzeko errekurtsoen idatziak zuzentzeko helbidea HABEren Donostiako Erregistro Nagusiarenak dira: Vitoria-Gasteiz kalea, 3-6.a. 20018 Donostia-San Sebastián.
Ikasle bezala matrikulatuta egon izana.
HABEren Erregistroan inskribatuta dauden euskaltegi edo euskararen autoikaskuntza-zentro homologatuetan, edota espainiar estatuko Euskal Etxeetan ikasle bezala matrikulatuta egon izana 2009ko martxoaren 20tik 2010eko martxoaren 23ra bitartean, lehenengo, bigarren eta hirugarren mailetako lehen deialdirako, eta 2009ko maiatzaren 25etik 2010eko maiatzaren 5era bitartean laugarren mailako lehen deialdirako; eta 2010eko irailaren 7ra bitartean, lau mailetako bigarren deialdirako.
Maila aitortua.
Azterketariak egiaztatze-deialdiotara aurkezteko ezinbestekoa izango du aurkeztu nahi deneko maila 2010eko martxoaren 23rako, lehen, bigarren eta hirugarren mailetan, eta laugarren mailan 2010eko maiatzaren 5erako aitortua izatea, lehen deialdirako; eta 2010eko irailaren 7rako, bigarren deialdirako.
Euskaltegian, autoikaskuntza-zentroan edota Euskal Etxean matrikulatuta egon eta, behar den datarako, ikasten ari den maila euskaltegian gainditu ez duen azterketariak beheragoko mailan aurkezteko aukera izango du, nahiz eta maila horretan euskaltegian matrikulatuta izan ez. HABEk kontuan hartuko ditu 2000-2001 ikasturtetik aurrera euskaltegiak ikasle honi Q87n emandako emaitzak.
Maila batera baino gehiagora aurkeztu ahal izateko, ezinbestekoa izango da maila horiek euskaltegian, autoikaskuntza-zentroan edo Euskal Etxean gaindituak izatea, lehen, bigarren eta hirugarren mailetakoak, 2010eko martxoaren 23rako, eta laugarren mailakoak 2010eko maiatzaren 5erako, lehen deialdirako; eta 2010eko irailaren 7rako, bigarren deialdirako.
Azterketariaren betebeharrez.
Azterketariak deialdi hauetara biltzen diren gutxieneko hauek bete beharko ditu:
Matrikula bideratu.
Azterketa-eskubideak ordaindu.
Azterketa-egunean ordurako bertan izan.
Azterketako arduradunen aurrean identifikatu, nortasun-agiria edo agiri ofizial baliokideren bat aurkeztuz.
Betebehar hauek betiere Ebazpen honetan ematen diren epe eta prozedurei jarraiki bete beharko dira, salbuespenik gabe, 15. artikuluan zehazten direnak izan ezik. Horietakoren bat bete ezean, ez du azterketa egiterik izango.
Azterketaria inskribatuta dagoen euskaltegi edo euskararen autoikaskuntza-zentro homologatuko zuzendariaren egitekoa da ikasle bakoitzaren matrikula-fitxa osatua eta ebaluazio-datuak euskaltegien kudeaketarako aplikazio informatikoan (Q87) eguneratuta izatea.
Azterketa-deialdi bakoitzeko, euskaltegiak edo euskararen autoikaskuntza-zentro homologatuak, HABEren berariazko aplikazio informatikoaren prozedurei jarraiki, matrikulaturik dituen ikasleon gaitasun- eta erabilera-mailen gutxienekoak egoki ziurtatuko dizkio HABEri, 8. artikuluan adierazitako egunetarako.
Data horietarako aurkezten den maila aitortua beharko du izan azterketariak eta euskaltegiak edo euskararen autoikaskuntza-zentro homologatuak horrela aditzera emanda HABEri, Ebazpen honek emandako epeetan eta salbuespenik gabe, Q87 aplikazio informatikoaren mailaz mailako kodeetan:
Lehen maila: 106 kodea.
Bigarren maila: 109 edo 201 kodeak.
Hirugarren maila: 112 edo 202 kodeak.
Laugarren maila: 401 eta 411 kodeak.
Euskal Etxeetako ikasleen kasuan, azterketa egin ahal izateko gainditua eduki beharreko mailak goian aipatutakoak eta data berberetan izango dira, eta baldintza hori betetzen dela Euskal Etxearen ziurtagiriaren bitartez zurituko da.
Euskararen gaitasun-mailak egoki ziurtatu ahal izateko, Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu ondoren, HABEren zuzendari nagusiak izendatuko ditu:
HABEren Azterketa-batzordeko kideak.
Gainera, izendatuko ditu lurralde-arduradunak HABEren teknikarien artean.
Mailaz mailako koordinatzaile didaktikoak, Autonomia Erkidegorakoak zein lurraldeetakoak.
Tutoreak.
Aztertzaileak.
HABEren zuzendari nagusiak egiaztatze-deialditarako izendapenak eginez emaniko Ebazpenean, izendapen bakoitzeko ordezko bat izendatuko du, zernahi gerta ere, euskararen gaitasun-maila neurtzeko probok aurrera eraman ahal izateko.
Azterketa-batzordeko kideak.
HABEren Azterketa-batzordeko kideen funtzioak Kultura sailburuaren 2003ko abuztuaren 6ko Aginduaren 11. artikuluan zehaztutakoak dira. Batzordekide hauen artetik idazkari denak honako egiteko berezi hauek bereganatuko ditu:
Deialdiotako ezaugarri, irizpide eta gutxienekoak bete eta betearaztea, aldian aldiko ekintzen aktak idatziz edo dagokion arduradunari idatzaraziz.
Ebazpen honetan zehaztutako prozedura eta urrats oro egoki betetzen dela ziurtatzeko, prozedurak gertutik jarraitu, eta okerrik bada, zuzenaraztea.
Lurralde-arduradunak.
Gaitasun-mailak egiaztatzeko azterketa hauek egoki antolatzeko, HABEren zuzendari nagusiak HABEren teknikarien artean lurralde-arduradun bat izendatuko du lurralde bakoitzeko.
Lurralde-arduradunaren egitekoak izango dira:
Azterketa-lekuak aukeratzea.
Azterketak egoki eta kalitate-maila duinez egiteko moduan antolatzea.
Euskaltegiei euren azterketarien ordutegi eta gela- banaketaren berri ematea.
Euskaltegiei azterketa-egunetan parte hartu behar duten aztertzaileen berri ematea.
Azterketen banaketa eta zuzendu osteko bilketa antolatzea.
Azterketa idatziak egiten diren egunetako aktak bete, aztertzaileei kalifikazio-orriak betearazi eta grabazio informatikora zuzen eta egoki eramaten direla bermatzea.
Lurraldeko mailaz mailako koordinatzaileak eta euskaltegietako arduradunak koordinatzea.
Mailaz mailako koordinatzaile didaktikoak.
1. Autonomia Erkidegorakoak.
HABEren zuzendari nagusiak Ebazpenez izendatuko du maila bakoitzeko koordinatzaile didaktikoa. Mailaz mailako koordinatzaile didaktiko hauek HABEko teknikarien artean izango dira izendatuak eta HABEren Azterketa-batzordearen esanera jardungo dute.
Maila bakoitzeko koordinatzaile didaktikoaren egitekoa izango da maila hori neurtzeko landu den azterketa egoki prestatu dela bermatzea (helburuak, edukiak eta ebaluazio-irizpideak).
2. Lurraldeetarakoak.
HABEren zuzendari nagusiak Ebazpenez izendatuko ditu HABEren teknikarien artean lurraldeko mailaz mailako koordinatzaile didaktikoak. Mailaz mailako koordinatzaile didaktiko hauek Autonomia Erkidegorako mailaz mailako koordinatzaileen esanera jardungo dute arlo didaktikoari dagokionetan, eta lurralde-arduradunaren irizpideetara antolaketari dagokionez.
Lurraldeko mailaz mailako koordinatzaile didaktikoen egitekoak izango dira:
Lurraldean jasotako azterketen zaintzaz eta azterketa-egunerako prestaketa lanez arduratzea.
Azterketa egiteko baliabide egokituak eskatzen dituzten azterketarien beharrizanei erantzutea.
Azterketa idatzietarako zaintza-lanak eta burutzapena antolatzea.
Ahozko azterketetarako materialen prestaketaz arduratzea eta aztertzaileen nahiz azterketarien antolaketa burutzea.
Landu den azterketa egoki aplikatuko dela bermatzea.
3. Aztertzaile-taldeetako tutoreak.
Aztertzaile-taldeetako tutoreen egitekoak izango dira:
Aztertzaile-talde baten orientatzaile-lanak bideratzea azterketen ebaluazio-irizpideen aplikazioan.
Bateratze-saioetan aztertzaileen lanaren ardura izatea.
Azterketak zuzentzea.
Aztertzaileek egindako zuzenketak berrikustea.
Berrazterketa-saioen ardura izatea.
Aztertzaileak.
HABEren zuzendari nagusiak Ebazpenez izendatuko ditu aztertzaileak, euskaltegi-sare ezberdinetako irakasleen artean edo egun HABEn akreditatuta dauden aztertzaileen artean, HABEk antolatutako bateratze-saioetan parte hartu eta egiaztatu ondoren.
Aztertzailearen egitekoak izango dira:
Bateratze-saioetan parte hartzea.
Azterketa-egunean azterketa-lekuan lurralde-arduradunaren esanera izatea.
Azterketak gorde eta zaintzea.
Azterketak zuzentzea.
Berrazterketa-saioetan parte hartzea.
Kalifikazio-orriak eta, dagokionetan, aktak egoki eta zuzen betetzea.
DEIALDION XEHETASUNAK
Bi deialdi izango dira 2010. urtean: uda aurretik, lehena; uda ondoren, bigarrena.
HABEk www.habe.euskadi.net atarian emango du jakitera bi deialdiok egituratzeko antolatu den egutegia: matrikula-epea; onartuen behin-behineko zerrendak eta behin betiko zerrendak argitaratzeko egunak; proba idatziaren data; behin-behineko emaitzak argitaratze-eguna; ahozko probaren data; behin-behineko emaitzak argitaratzeko eguna eta emaitza orokorrak jakinarazteko data.
HABEk egutegian azalduko diren egunak alda ditzake deialdiotako prozeduretan gerta litezkeen gorabeheren arabera, matrikula-epeak izan ezik.
Matrikula 18 eurokoa izango da maila bakoitzeko, kopuru hori ezartzen baitu Kultura sailburuaren 2008ko irailaren 4ko berariazko Aginduak, 6. artikuluan, HABEk eskaini eta betetzen dituen jardueren prezio publikoetarako.
Maila batera baino gehiagora aurkeztu nahi duen azterketariak zenbat matrikula, hainbeste matrikula-ordain egin beharko ditu. Matrikula bakoitza deialdi baterako izango da.
Azterketarako izena ematea internet bidez egingo da, www.habe.euskadi.net atarian matrikula-inprimakia betez.
Matrikularen ordainketa ere internet bidez egin ahal izango da edo, bestela, bide hori eskaintzen duten kutxa edo banketxeetan, izena ematean eskuratu den matrikula-inprimakia erabiliz eta bertan esaten den epearen barruan.
HABEk azterketariaren matrikularen ordainketa ziurtatutakoan emango du gauzatutzat eta osatutzat bere matrikulatze-prozesua.
Matrikula egiteko epea amaitu ondoren, onartutako azterketarien behin-behineko zerrendak osatuko ditu HABEk eta www.habe.euskadi.net atarian argitaratuko, azterketari bakoitzak bere matrikulazioaren berri izan dezan.
Erreklamazio-epea amaitu ondoren, behin betiko zerrendak argitaratuko dira.
Azterketok egoki egiteko berezitasunen bat behar duen azterketariak, matrikularekin batera, HABEren www.habe.euskadi.net atariko matrikulazio-orriak horretarako bereziki duen atala egoki betez, HABEren lurralde-arduradunari jakinaraziko dio nolako egokitzapena behar duen (aulki, mahai edo ordenagailu berezia, entzungailuak, braille-sistema). HABEk, egoki irizten dionean, denbora nahiz baliabideak egokituko dizkio, betiere azterketariak egiaztatu nahi duen gaitasun-maila egoki egiaztatu ahal izatea bermatuz.
Edozein maila egiaztatzeko azterketak azterketariaren gaitasun komunikatiboa lau trebetasunetan neurtzeko da eta bi proba izango ditu: ahozkoa eta idatzia.
Ebazpen hau indarrean jarri eta hamar eguneko epean jarriko ditu HABEk, www.habe.euskadi.net atarian, 2010. urteko azterketa-deialdiotarako aurreikusitako datak eta lekuak.
HABEren Helduen Euskalduntzearen Oinarrizko Kurrikuluari jarraiki, Hizkuntzaren Didaktika Zerbitzuko Ebaluazio-atalak ahozko zein idatzizko probak diseinatuko ditu, mailaz mailako ebaluazio-irizpideak oinarri izaki.
Egiaztatze-maila bakoitza neurtzeko prestatutako azterketek azterketari bakoitzaren euskarazko gaitasun komunikatiboa neurtuko dute: azterketariak euskaraz entzundakoa ulertzeko eta irakurritakoa bereganatzeko duen gaitasuna, batetik; eta euskaraz aditzera eman nahi dituen diskurtsoak ahoz zein idatziz egiteko duen gaitasuna, bestetik.
Lau egiaztatze-mailetan egingo dira azterketok. Maila bakoitzeko azterketak, mailaren ezaugarriak kontuan hartuta, azterketariaren ahozko eta idatzizko gaitasun komunikatiboa neurtuko ditu, I. Eranskinera bildutako ebaluazio-irizpideen arabera.
Ahozkora aurkeztu ahal izateko, ezinbestekoa izango da idatzia gainditzea.
Azterketaren bi zatiak eta trebetasun bakoitzaren neurketarako I. Eranskinean eman gutxienekoak gainditu beharko ditu azterketariak azterketa gainditutzat emateko. Maila bakoitzean azterketak denera 100 puntu izango ditu gehienez, eta gainditzeko, gutxienez, 50 puntu lortu beharko ditu azterketariak.
Laugarren mailako proiektua ontzat ematean euskaltegiak aitortutako eskubideak (Q87n, 411 kodean aitortuak) hurrengo lau deialdi jarraietan baliatu ahal izango ditu azterketariak, HABEk jarritako azterketa gainditzeko. Deialdi horien ondoren, iraungi egingo zaio proiektuari euskaltegiak aitortutako balioa, eta, ondorioz, HABEk ofizioz baja emango dio Q87n, horren berri emanez azterketariari eta dagokion euskaltegiari.
Idatzizko zein ahozko proben kalifikazio-aktak egingo dira. Ondorioz, bi akta-eredu izango dira: proba idatziarena eta ahozko probetarakoa, aldian aldiko aztertzaile bakoitzak izenpetuko dutena.
Azterketa-batzordearen Erabakiz, azterketen behin-behineko eta behin betiko emaitzak argitaratuko dira www.habe.euskadi.net atarian, mailaz maila, kalifikazioetarako emandako banaketa-taulari jarraiki.
DEIALDION ONDORENGOAK
Deialdiotako azterketen emaitzak behin betikoak direnean, HABEren Azterketa-batzordeko buruak HABEren zuzendari nagusiaren eskutan jarriko du deialdi horretako azterketari guztien azken emaitzak jasotzen dituen Azterketa-batzordearen Erabakia. HABEren zuzendari nagusiak, HABESEA 29/1983 Legearen 2.g artikuluari jarraiki, Kultura sailburuari igorriko dio azken emaitzen Erabakia, azterketarioi dagokien mailaz mailako euskararen gaitasun komunikatiboa ziurtagiriz onar dakien.
Kultura sailburuak mailaren bat egiaztatu duen azterketariari maila horri dagokion euskararen komunikazio-gaitasuna aitortuko dion ziurtagiria luzatuko dio. Ziurtagiri honek behin betiko emaitzak argitaratu eguneko data eramango du eta, ondorioz, egun honetatik aurrera izango du balioa eta eragina.
Azterketon behin betiko emaitzak HABEren www.habe.euskadi.net atarian argitaratu egunetik gaitasun-maila egiaztatu izanaren ziurtagiria jaso bitartean, azterketariren batek frogagiriren bat beharko balu, HABEren Ebaluazio-atalera idatziz eskatu beharko du eta posta arruntez helaraziko zaio HABEren zuzendari nagusiak izenpeturiko frogagiria. Frogagiri honek ere ziurtagiriaren eragin-data bera eramango du.
Irailaren 11ko 1/2007 Legegintzako Dekretuaren eta abenduaren 23ko 2/2009 Legean zehaztutakoaren arabera, 2010 urtean zehar 18,87 euroko tasa ordaindu beharko da lehen, bigarren, hirugarren edo laugarren mailako agiria eskuratzeko, eta 1,75 euro agiriaren duplikatua eskuratzeko. Hurrengo urteetan, agiria eskatuko balu, eskari-unean indarrean legokeen tasa ordaindu beharko luke.
HABEren Hizkuntzaren Didaktika zerbitzuak posta arruntez igorriko dio etxera dagokion ziurtagiria eskatu eta gaitasun-proba gainditu duen azterketariari, behin honek eskatu eta aurrezki-kutxa edo banku bidez, internet erabiliz dagokion tasa ordaindua duela frogatu ondoren.
HABEren Hizkuntzaren Didaktika zerbitzuak ikerketarako gordeko du aldian-aldian ahozko zein idatzizko egin azterketen lagin jakin bat Ebaluazio-atalean.
Gora jotzeko errekurtsorik izan ez duten azterketen garbiketa egingo du HABEren Ebaluazio-atalak deialdia bere osoan amaitu eta Euskal Autonomia Erkidegoan eskumena duen Sailak horretarako jarritako epean. Azterketon garbiketa egin aurretik, garbiketa-akta idatziko da Ebaluazio-ataleko buruaren ardurapean, Ebaluazio-ataleko artxiboan gordetzeko.
Gaitasun-probon kudeaketan, bertan parte hartu duen azterketariaren datu pertsonalak erabili eta argitara ematen dira deialdiaren aldian aldiko urratsetan (matrikulatzean, onartuen eta baztertuen zerrendak jakinaraztean, azterketen emaitzak ateratzerakoan). Hori dela eta, datu pertsonalak babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoak ezarritakoa eta ekainaren 11ko 994/1999 Errege Dekretuz indarrean jarritakoa kontuan hartuz, datu pertsonalak dituzten fitxategi automatizatuen segurtasun-neurriak bete ahal izateko, deialdi hauetan parte hartzen duen azterketariak baimena ematen dio HABEri bere datu pertsonalak Ebazpen honetan aurreikusitako prozeduratan erabili eta argitaratzeko.
Datu eta informazio guzti hau izaera pertsonala duen fitxategi batean egongo da jasota. Datuok ezagutzeko, zuzentzeko, ezabatzeko edota datuon aurka egiteko azterketariak dituen eskubidez baliatu nahi izanez gero, HABEren Erregistro Nagusira jo behar du.
Kurrikuluaren mailen egiaztapen-lanetan, ahozko zein idatzizko frogetan aztertzaile izan, epaimahaietan parte hartu edo Ebazpen honetara bildutako beste ezein ardura hartzen duen HABEkoa ez den lankide orok du zerbitzuon ondorioz dagokion diru-ordaina jasotzeko eskubidea. Diru-ordain horren zenbatekoa, lankidetzon ordainketa-irizpideak eta eskainitako lanez laneko tarifak HABEren zuzendari nagusiaren Ebazpen baten bidez emango dira jakitera.
HABEtik kanpoko lankideen joan-etorrietako gastuen ordainketak zerbitzuon ondoriozko kalte-ordainei buruzko ekainaren 13ko 121/2006 Dekretuan xedatutakoaren arabera kitatuko dira.
Euskal Autonomia Erkidegoan eskumena duen Sailak egindako azterketak gordetzeko epea zehazten ez duen bitartean, HABEk errekurtsorik izan ez duten azterketa guztien garbiketa egingo du deialdia bere osoan amaitu eta urtebete pasa ondoren.
Lehenengoa. Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik hasita jarriko da indarrean.
Bigarrena. Ebazpen honetako euskal eta erdal idazkien artean interpretazio-auzirik sortuko balitz, jatorrizkoa euskaraz idatzitakoa dela kontuan izanik, euskarazkoa hartuko da korapiloa askatzeko gidari.
Hirugarrena. Ebazpen honen aurka, ez baitu bide administratiboa agortzen, interesatuek gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete HABEren presidentearen aurrean, hilabeteko epearen barruan, Euskal Herriko Agintaritzaren aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik hasita.
Donostia-San Sebastián, 2010eko otsailaren 3a.
HABEren zuzendari nagusia,
EUGENIO MUJIKA GALPARSORO.
maila
Proba idatzia
Irakurmena:
Emandako testua edo testuak irakurri ondoren, azterketariak zenbait galdera erantzun beharko ditu. Testuaren ulermen orokorra, xehea edota informazioa testutik ateratzea eskatuko zaio azterketariari.
Erantzun okerrengatik ez da punturik kenduko. Zati honek 20 puntu izango ditu denera eta gainditzeko 10 puntu lortu beharko dira. Proba honen iraupena 35 minutu ingurukoa izango da.
Idazmena:
Azterketariari egoera bat emango zaio testuinguru jakin batean, eta gutxienez 140 hitzeko testu bat ala 100 inguruko bi testu idatzi beharko ditu. Testuak inprimakiak, oharrak, gutun informalak, kontakizun laburrak izan daitezke. Idatzien ebaluaziorako irizpide hauek hartuko dira kontuan: a) balorazio orokorra, b) baliabide linguistikoak eta hizkuntzaren aberastasuna eta egokitasuna, eta c) zuzentasuna.
Zati honek, gehienez, 30 puntu izango ditu eta gainditzeko 15 puntu lortu beharko dira. Proba honen iraupena 60 minutu ingurukoa izango da.
Bi proba horiek batera ordubete eta hogeita hamabost minutuko iraupena izango dute gehienez.
Ahozko proba
Entzumena:
Azterketariak eguneroko bizitzako edo ohiko gaien inguruko hainbat testu grabatuta entzungo ditu. Testu horien ulermena frogatu beharko du, egingo zaizkion zenbait galderari erantzunez. Testua luzea izan liteke (5/6 minutu ingurukoa, bi zatitan) edo zenbait testu labur (minutu 1 ingurukoak), minutu-kopurua osatu arte. Testuko ideia nagusia jasotzen jakin beharko du, informazio garrantzitsua bereizten edota xehetasun batzuk nabarmentzen.
Zati honek 20 puntu izango ditu denera, eta gainditzeko, gutxienez, 10 lortu beharko dira. Proba honen iraupena 25 minutukoa izango da, gehienez.
Mintzamena:
Azterketariak elkarrizketa bat izango du aztertzaileekin edo beste azterketari batekin. Probak hiru atal izango ditu: a) aztertzaileen galderak, sarrera gisa, b) aurrez prestatutako gai baten azalpena eta c) gai batekin lotutako elkarrizketa, argazkiak oinarri hartuta.
Proba neurtzeko irizpideak hauek izango dira: a) hizkuntzaren egokitasuna eta jariotasuna, b) diskurtsoaren antolaketa eta elkarreragina, eta c) hizkuntzaren aberastasuna eta zuzentasuna.
Gehienez 30 puntu izango ditu atal honek eta gainditzeko 15 puntu beharko dira. Azterketariak 10 minutu izango ditu gaia prestatzeko eta 10 minutu inguru proba egiteko.
Kalifikazioak:
Ahozko eta idatzizko azterketen kalifikazioak horrela emango dira:
1. maila: azterketaren atalak eta kalifikazioak
Kalifikazioa Guztira Gutxienez
Proba idatzia
Irakurmena 20 10
Idazmena 30 15
Guztira A multzoa 50 25
Ahozko proba
Entzumena 20 10
Mintzamena 30 15
Guztira B multzoa 50 25
Guztira 100 50
Emaitza:
A multzoan: gai/ez gai
B multzoan: gai/ez gai
Guztira: gai/ez gai
maila
Proba idatzia
Irakurmena:
Emandako testua edo testuak irakurri ondoren, azterketariak zenbait galdera erantzun beharko ditu. Testuaren ulermen orokorra, xehea, informazioa testutik ateratzea, idazlearen jarrera eta gaia bereiztea edota bestelako osagai linguistikoak ulertzea eskatuko zaio azterketariari. Erantzun okerrengatik ez da punturik kenduko.
Zati honek 20 puntu izango ditu denera eta gainditzeko 10 puntu lortu beharko dira. Proba honen iraupena 45 minutu ingurukoa izango da.
Idazmena:
Azterketariari egoera bat emango zaio eta gutxienez 200 hitzeko testu bat edo 150 inguruko bi testu idatzi beharko ditu. Testuak oharrak, gutun informalak eta formalak, kontakizunak, deskribapenak, azalpenak, kronikak izan daitezke. Idatzien ebaluaziorako irizpide hauek hartuko dira kontuan: a) balorazio orokorra, b) hizkuntza baliabideak, hizkuntzaren aberastasuna eta egokitasuna, eta c) zuzentasuna.
Zati honek, gehienez, 30 puntu izango ditu eta gainditzeko 15 puntu lortu beharko dira. Proba honen iraupena 60 minutu ingurukoa izango da.
Bi proba horiek batera, gehienez, ordubete eta berrogeita bost minutuko iraupena izango dute.
Ahozko proba
Entzumena:
Azterketariak eguneroko bizitzako edo ohiko gaien inguruko hainbat testu grabatuta entzungo ditu. Testu horien ulermena frogatu beharko du, egingo zaizkion zenbait galderari erantzunez. Testua luzea izan liteke (5/6 minutu ingurukoa, bi zatitan) edo zenbait testu labur (minutu bat ingurukoak), minutu-kopurua osatu arte. Testuko ideia nagusia jasotzen jakin beharko du, informazio garrantzitsua bereizten edota xehetasun batzuk nabarmentzen. Jakin ere jakin beharko du hizlariaren jarrera eta informazioa bereizten eta testuari dagozkion ondorioak ateratzen.
Zati honek 20 puntu izango ditu denera, eta gainditzeko, gutxienez, 10 lortu beharko dira. Proba honen iraupena 25 minutukoa izango da, gehienez.
Mintzamena:
Azterketariak elkarrizketa bat izango du aztertzaileekin edo beste azterketari batekin. Probak hiru atal izango ditu: a) aztertzaileen galderak, sarrera gisa, b) azterketariak aurrez prestatutako gai baten azalpena eta c) gai batekin lotutako elkarrizketa, argazkiak oinarri hartuta.
Proba neurtzeko irizpideak hauek izango dira: a) hizkuntzaren egokitasuna eta jariotasuna, b) hizkuntz baliabideak, diskurtsoaren antolaketa eta elkarreragina, eta c) hizkuntzaren aberastasuna eta zuzentasuna.
Gehienez 30 puntu izango ditu atal honek, eta gainditzeko 15 puntu beharko dira. Azterketariak 10 minutu izango ditu gaia prestatzeko eta 10 minutu inguru proba egiteko.
Kalifikazioak:
Ahozko eta idatzizko azterketen kalifikazioak horrela emango dira:
2. maila: azterketaren atalak eta kalifikazioak
Kalifikazioa Guztira Gutxienez
Proba idatzia
Irakurmena 20 10
Idazmena 30 15
Guztira A multzoa 50 25
Ahozko proba
Entzumena 20 10
Mintzamena 30 15
Guztira B multzoa 50 25
Guztira 100 50
Emaitza:
A multzoan: gai/ez gai
B multzoan: gai/ez gai
Guztira: gai/ez gai
maila
Proba idatzia
Irakurmena:
Emandako testuak irakurri ondoren, azterketariak zenbait egiteko burutu beharko ditu.
Alde batetik, azterketariak frogatuko du ulertzen duela testuen esanahi orokorra, ideia nagusiak nahiz bigarren mailakoak edo xehetasunak, edota espresuki testuan adierazten ez diren ideiak, hala nola, komunikazio-xedea, idazlearen jarrera, ikuspuntua edo iritzia, besteak beste.
Ariketak honelakoak izan daitezke: aukera anitzeko galderak, erantzun laburrekoak, egia/gezurra erakoak, testu zatiei dagozkien ideiak aukeratu, lotura egokiak egin, testua ordenatu, laburtu, ideiak edota paragrafoak lotu.
Bestalde, zenbait testu azterketariaren sintaxiaren eta lexikoaren erabilera neurtzeko izango dira. Horretarako, hainbat ariketa-modu jarriko da: azpimarratutako hitzen sinonimoak jarri emandako testuan, aukera anitzekoen bidez lexikoa aukeratu, hitz eratorri eta elkartuak erabiliz testuak berridatzi, aukera anitzen bidez egitura sintaktikoak osatu, proposatutako esaldien esaldi baliokideak edota egitura koherenteak sortu testua osatzeko.
Guztira 20 puntu izango dira eta gainditzeko 10 puntu lortu beharko dira. Proba honen iraupena ordubetekoa izango da.
Idazmena:
Azterketariak gutxienez 300 hitzeko testu bat edo 180 hitzeko bi testu idatzi beharko ditu. Hainbat idatzi-mota gauza ditzake: iritzi-artikulua, gutuna, txostena, proposamena, laburpena, eskaera, informazio-orria Eskatuko zaion egitekoaren egoera, gaia, testu-generoa, erabilera-esparrua, enuntziatzailearen eta hartzailearen rola eta xede komunikatiboa zehaztuko zaizkio.
Idazlanaren ebaluaziorako kontuan hartuko da eskatutakoari zuzen eta egoki erantzun zaion, planteatutako egoera komunikatibora egokitu zaion, beharrezko informazioa aukeratu duen, era logikoan ordenatu eta lotu duen, eta hizkuntz baliabide aberatsak, askotarikoak, zehatzak eta zuzenak erabili dituen.
Zati honek, gehienez, 30 puntu izango ditu eta gainditzeko 15 puntu lortu beharko dira. Proba honen iraupena ordu eta erdikoa izango da.
Azterketa idatziak 2 ordu eta 30 minutu iraungo du.
Ahozko proba
Entzumena:
Azterketariak kultura orokorreko gaien inguruan grabatuta entzungo dituen testuen ulermena frogatu beharko du, egingo zaizkion zenbait galderari erantzunez. Entzungaia testu bakarra izan liteke edo zenbait testu labur.
Grabazioak behin edo bitan entzungo dira entzungai motaren arabera eta azterketariak denbora jakin bat izango du grabazioa entzun aurretik galderak irakurtzeko.
Testuko ideia nagusia, informazio garrantzitsua edota xehetasunak ulertu beharko ditu. Era berean, informazioa eta iritzia bereizi edo ondorioak ere atera beharko ditu.
Hainbat egiteko mota erabil daiteke: aukera anitzekoak, egia/gezurra erakoak, erantzun laburrekoak, esaldiak osatzekoak, taulak osatzekoak edo loturak egitekoak.
Zati honek 20 puntu izango ditu denera, eta gainditzeko, gutxienez, 10 lortu beharko dira. Proba honen iraupena 25 minutu ingurukoa izango da.
Mintzamena:
Azterketariak elkarrizketa bat izango du aztertzaileekin edo beste azterketari batekin. Atal honek bi ariketa izango ditu:
Azterketariak aurrez prestatutako egiteko bat gauzatzea.
Aztertzaileek gai bat eskainiko diote azterketariari presta dezan. Horretarako, testu-aipamenak, elementu grafikoak edo irudiak eman dakizkioke azterketariari egitekoa prestatzeko.
Azterketariak 20 minutu izango ditu azaldu beharreko gaia prestatzeko, eta 5 minutuz hitz egitea eskatuko zaio aztertzaileen aurrean. Epaimahaiaren aurrean gaia garatzeko gidoiaz balia daiteke, baina ez da onartuko aldez aurretik prestatutako testurik irakurtzea. Tarteka, aztertzaileek gaiaren inguruan egin ditzaketen galderei ere erantzun beharko die azterketariak.
Argazki edo beste elementu grafikoez baliatuz, bat-bateko elkarrizketa aztertzaileekin edo beste azterketari batekin.
Bat-bateko elkarrizketak 10 minutu inguru iraungo ditu (azterketari bakoitzak 5 minutu).
Bi ariketen kalifikazioak gehienez 30 puntu izango ditu eta gainditzeko 15 puntu beharko ditu.
Mintzamenaren ebaluaziorako kontuan hartuko da egitekoari zuzen eta egoki erantzun zaion, azalpenean diskurtso argia, landua eta jarioduna garatu duen, elkarreraginean galderei erantzunez norbere ikuspuntua eta iruzkinak egoki adierazten dituen eta, oro har, nolako zuzentasunez aritu den, nolako baliabide morfosintaktiko edo lexikoak erabili dituen, jariotasuna eta ahoskera.
Kalifikazioak:
Ahozko eta idatzizko azterketen kalifikazioak horrela emango dira:
3. maila: azterketaren atalak eta kalifikaizoak
Kalifikazioa Guztira Gutxienez
Proba idatzia
Irakurmena 20 10
Idazmena 30 15
Guztira A multzoa 50 25
Ahozko proba
Entzumena 20 10
Mintzamena 30 15
Guztira B multzoa 50 25
Guztira 100 50
Emaitza:
A multzoan: gai/ez gai
B multzoan: gai/ez gai
Guztira: gai/ez gai
maila
Proba idatzia
Irakurmena:
Emandako testu bat irakurriko du azterketariak. Ondoren, hitz gutxitan (50-70 hitzetan) laburbilduko du idatziz.
Idazmena:
Azterketariak gutxienez 350 hitzeko testu bat idatziko du, ekintza komunikatibo jakin bat gauzatuz. Probaren enuntziatuak argi azalduko ditu ekintza komunikatiboaren zer-nolakoak: testu-generoa, erabilera-esparrua, enuntziatzailearen rola, hartzailearen rola eta xede edo asmo komunikatiboa.
Idatzizko proba honen iraupena, guztira, hiru ordukoa izango da gehienez.
Ahozko proba
Entzumena:
Testu bat grabatuta entzungo du azterketariak, eta hitz gutxitan (50-70 hitzetan) laburbilduko du idatziz.
Mintzamena:
Idazmena neurtzeko proban jorratutako gaia izango du hizpide azterketariak, ordu erdi lehenago adieraziko zaion ekintza komunikatiboa gauzatzeko aztertzaileen aurrean.
Ariketak berak 10 minutu inguru iraungo du.
Ebaluatzeko irizpideak:
Idazmenaren eta mintzamenaren probak ebaluatzerakoan, kontuan izango dira a) zer neurritan egin duen azterketariak agindu zaiona, eta b) zuzen (gramatikaren arauak betez) eta egoki (testuinguruaren arabera eta testuaren legeen arabera) egin duen.
Entzumenaren eta irakurmenaren probak ebaluatzerakoan, kontuan izango da a) zer neurritan egin duen azterketariak agindu zaiona eta b) zuzen eta egoki egin duen.
Kalifikazioak:
Ahozko eta idatzizko azterketen kalifikazioak horrela emango dira:
4. maila: azterketaren atalak eta kalifikazioak
Kalifikazioa Guztira Gutxienez
Proba idatzia
Irakurmena 20 10
Idazmena 30 15
Guztira A multzoa 50 25
Ahozko proba
Entzumena 20 10
Mintzamena 30 15
Guztira B multzoa 50 25
Guztira 100 50
Azterketariak lau trebetasunak (irakurmena, idazmena, entzumena eta mintzamena) gainditu beharko ditu.
Emaitza:
Idatzia: gai/ez gai
Ahozkoa: gai/ez gai
Guztira: gai/ez gai


