- 6/2010 EBAZPENA, martxoaren 9koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, Bilboko hiri-trenerako proiektu eta obren inguruan 2010ean egin beharreko hainbat lan Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sareari gomendioan emateko Jaurlaritzaren Kontseiluaren akordioa argitaratzeko dena. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus
Arautegia
Inprimatu6/2010 EBAZPENA, martxoaren 9koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, Bilboko hiri-trenerako proiektu eta obren inguruan 2010ean egin beharreko hainbat lan Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sareari gomendioan emateko Jaurlaritzaren Kontseiluaren akordioa argitaratzeko dena.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Ebazpena
- Organo arau-emailea: Jaurlaritzaren Lehendakaritza
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 66
- Hurrenkera-zk.: 1997
- Xedapen-zk.: ---
- Xedapen-data: 2010/03/09
- Argitaratze-data: 2010/04/12
Gaikako eremua
- Gaia: Administrazioaren antolamendua; Garraio eta herri lanak
- Azpigaia: Herri Administrazioa; Sailak
Testu legala
Jaurlaritzaren Kontseiluak 2010eko martxoaren 2an egindako bileran Bilboko metropoli-trenbiderako proiektu eta obren inguruan 2010ean egin beharreko hainbat lan Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sareari gomendioan ematea erabaki zuenez, zabalkunde egokia izan dezan, honakoa,
Vitoria-Gasteiz, 2010eko martxoaren 9a.
Jaurlaritzaren Idazkaritzako
eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,
M.ª JESÚS CARMEN SAN JOSÉ LÓPEZ.
JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN MARTXOAREN 9KO 6/2010 EBAZPENAREN ERANSKINA
BILBOKO METROPOLI-TRENBIDERAKO PROIEKTU ETA OBREN INGURUAN 2010EAN EGIN BEHARREKO HAINBAT LAN RED FERROVIARIA VASCA-EUSKAL TRENBIDE SAREARI GOMENDIOAN EMATEKO AKORDIOA.
Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen, eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen Lehendakariaren maiatzaren 8ko 4/2009 Dekretuaren 10. artikuluak Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailaren esku utzi zituen trenbideen gaineko egitekoak.
Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzen duen azaroaren 24ko 607/2009 Dekretuaren 15.1.g artikuluak Garraio Azpiegituraren Zuzendaritzaren esku uzten ditu Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak Bilboko metropoli-trenbidearen gainean dituen eskumenetan sartzen diren proiektuak, obrak eta gainerako jarduketak.
Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sareari buruzko maiatzaren 21eko 6/2004 Legearen 5.4 artikuluaren arabera, entearen helburuetan sartzen da, Jaurlaritzak haren gain uzten duen eta, zuzenean edo zeharka, trenbide-garraioko azpiegiturak eraiki, zaindu eta administratzearekin zerikusia duen beste edozein eginkizun, eta bereziki, azterlan eta proiektuak idaztearekin zerikusia duten eginkizunak.
Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 15. artikuluak esaten duenez, «Administrazioko organoen edo zuzenbide publikoko erakundeen eskumeneko jarduera materialak, teknikoak eta zerbitzuzkoak administrazio bereko edo beste bateko organoen edo erakundeen eskuetan jar daitezke, eraginkortasunari begira komeni bada, edo jarduera horiek gauzatzeko baliabide tekniko egokirik ez badago».
Arau horren arabera, kudeatzeko gomendioa administrazio bereko organoen edo zuzenbide publikoko erakundeen artean egiten bada, administrazio horren arauetan ezarritakoari begira formalizatuko da; halako araurik ez badago, berriz, esku hartzen duten organo edo erakundeek berariaz hartuko duten erabaki baten bidez.
Bilboko metropoli-trenbideko proiektuak egiteko, eta proiektuen eta obren jarraipena egin eta kontrolatzeko burutu beharreko jarduera material, tekniko eta zerbitzuzkoei dagokienean, arrazoi tekniko eta materialengatik, jarduketa horiek Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sareari gomendioan ematea da zentzuzkoena, baldin eta interes publikoak lortzeko eraginkorrago izan nahi bada.
Ondorioz, Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuaren proposamenez, eta hura aztertu ondoren, Jaurlaritzaren Kontseiluak honakoa erabaki du:
AKORDIOA:
Lehenengoa. 2010ean Bilboko metropoli-trenbideko proiektuak idatzi, eta horien jarraipena egin eta kontrolatzeko, eta obren jarraipena egin eta kontrolatzeko Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailaren eskumenekoak diren jarduera material, tekniko, juridiko eta zerbitzuzkoen kudeaketa Red Ferroviaria VascaEuskal Trenbide Sareari gomendioan ematea. Kudeatzeko gomendio horrek ez du esan nahi, ez eskumenaren titulartasuna, ez eskumen horretaz baliatzeko funtsezko elementuak lagatzen direnik.
Bigarrena. Kudeaketa-gomendio hori burutzeko baldintza zehatzak akordio honen eranskinean datoz jasota.
Hirugarrena. Akordio honen testua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agindua Jaurlaritzaren Idazkaritzak emango du.
Gomendioaren xedea.
Kudeatzeko gomendio honen xedea da 2010ean zehar Bilboko metropoli-trenbideko proiektuak eta obrak egiteko, eta haien jarraipena egin eta kontrolatzeko lanetan bete beharreko baldintza teknikoak zehaztea.
Administrazioaren eta Euskal Trenbide Sarearen arteko harremanak. Definizioak.
Administrazioaren eta Euskal Trenbide Sarearen arteko harremanak finkatu aurretik, zenbait figura juridiko definitzea komeni da:
Administrazioa: Eusko Jaurlaritza. Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Saila. Garraio Azpiegituraren Zuzendaritza.
Enkarguaren zuzendaria: Administrazioak izendatuko du enkarguaren zuzendaria, eta Garraio Azpiegituraren Zuzendaritzaren esanetara lan egingo du. Lanen zailtasunaren arabera, enkarguaren zuzendariak talde tekniko bat bildu ahal izango du aholkuak eman diezazkion, eta, behar izanez gero, zuzendariaren izenean ere jardun ahal izango du talde horrek.
Euskal Trenbide Sarea SA (aurrerantzean, ETS): Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailaren mende dagoen zuzenbide pribatuko ente publikoa, agiri honetan adieraziko diren lanak egingo dituena.
ETSren ordezkaria: Goi mailako teknikaria izango da, eta ETSk berak izendatuko du lanen koordinazio teknikoa burutzeko, eta Administrazioaren aurrean ETSren izenean jarduteko. ETSko talde guztiak ordezkari horren esanetara lan egingo du. Ordezkariak, enkarguaren zuzendariak eskatzen dion guztietan zuzenean emango dizkio azalpenak.
Lana egiteko era.
Hilean behin, gutxienez, ETSk idatziz emango dio enkarguaren zuzendariari ordura arte egindako lan guztien berri, eta aurrera egiteko behar diren aginduak eskatuko dizkio.
ETSk agindu edo erabakiren bat eskatzen duen guztietan, eskariarekin batera, bere ustez egokiena iruditzen zaiona proposatu beharko du.
Enkarguaren zuzendariaren talde teknikoak noiznahi ikuskatu ahal izango du lanak nola doazen, ETSren bulegoetan.
Ikuskapenaren ondorio diren ohar edo aginduak enkarguaren zuzendariak jakinaraziko dizkio esleipendunari.
Aurrekariak, erreferentziazko agiriak eta planteamendu orokorra.
Kontratu honen baitan Bilboko metropoli-trenbidearen 1. eta 2. lineetako proiektuak eta obrak egiteko eta horien jarraipena eta kontrola egiteko behar diren lan guztiak sartuko dira; hona hemen egiteko horiek zehazteko oinarri gisa hartu ditugun azterlan eta proiektu nagusiak:
Bilboko metropoli-trenbidea eraikitzeko plana.
Bilboko metropoli-trenbidearen proiektu funtzionala.
Diseinu arkitektonikorako irizpideak.
Trazadura- eta eraikuntza-proiektuak.
Geltokien arkitektura-proiektuak.
Ekipo elektromekanikoetarako proiektuak.
ETSk egin beharreko lanak.
ETSk egin beharreko lanak honela sailka daitezke:
Metro proiektuaren plangintza eta kontrol orokorra.
Atal honek Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailak Bilboko metropoli-trenbidearen inguruan izenpetutako kontratu guztien jarraipen eta koordinazio-lanak hartzen ditu, bai proiektuak egiteko aholkularitza-kontratuena, bai eta eraikuntzakoena, kontratu horien ondorio diren plan partzialena barne.
Kontua da aldizka, kontratuen arduradunekin batera, kontratu bakoitzaren programen jarraipena egitea eta eguneratzea, eskura dagoen informazioa bateratzea, eta, aurretik finkatutako helburuak kontuan izanik, aurkezpen xume eta koherente bat atontzea, ulertzeko eta kontrolatzeko erraza gerta dadin; hartara, erabaki zuzentzaileak unerik egokienean hartzeko modua eskaini ahal izango baita.
Lan hori guztia egoera-txosten orokor batean jasoko da. Txosten hori, oraingoz, hilean behin egin beharko da, baina maiztasuna aldatu egin ahal izango da sailaren beharren arabera eta epeak edota prezioak aldatu beharra eragin dezaketen gorabeherarik gertatuz gero.
Eusko Jaurlaritzak kontratatutako proiektuen gainbegiraketa eta ikuskapena.
Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailak sinaturiko aholkularitza-kontratuen ondorioz, enpresa esleipendunek egin beharreko jarduerak nola gauzatzen diren ikusteko behar diren lanak ere ETSk egingo ditu.
Laburbilduz, eta lanen zerrenda itxi bat aurkezteko inolako asmorik gabe, hona hemen nabarmenenak:
Abiaburuko datuak eta hipotesia aztertu eta enpresarekin eztabaidatu, bai proiektua oro har hartuta, bai eta proiektua osatzen duten elementu edo alderdi zehatzei dagokienean.
Proiektu guztien jarraipena eta koordinazioa; horretarako, hilean behin gutxienez, lan-bilerak egin beharko dira.
Enpresak aurkeztutako aurrerabideari buruzko agiriak gainbegiratu, alderdi nabarmenenak eztabaidatu eta, behar denean, argitzeko ohar teknikoak idatzi.
Proiektuan jasotako jardueretan aurrera zenbateraino egin den ikuskatu, eta hileko ziurtagiriak prestatu (enpresarekin baloratutako lanak eztabaidatu ondoren), eta aurrera egindakoak ehunetik zenbat hartzen duen zehaztu.
Alternatiba-azterlanak eta diseinuaren zati batzuk aldatzea eskatzen dituzten alderdi partzialak berrikusteko txostenak eta ohar teknikoak prestatu.
Konponbide partzialak, eta, azkenean, enpresak aurkezten duenean, proiektu osoa onartzeko txostenak egin.
Kontratuen likidazio-agiriak aztertu eta enpresarekin eztabaidatu, likidatu eta ixteko proposamen-txostena barne.
Proiektuaren alderdi guztiak metro proiektuaren eskema orokorrarekin koordinatu, batez ere enpresa baten baino gehiagoren artean egin beharreko tarte eta sektoretako ingeniaritza- eta arkitektura-taldeak.
Lanen aurrerabideari buruzko programak, aurreikuspen-diagramak, gainbegiratu eta suspertu, eta epeak aldatzeko proposamena egin, horretarako arrazoirik bada.
Hori ere tarteka egin beharreko egoera-txostenetan jasoko da.
Azterlan eta proiektu gehigarriak.
ETS, zuzenean edo zeharka metro proiektuarekin erlazionaturik dauden eta Garraio Azpiegituraren zuzendariak agintzen dizkion txosten eta azterlan guztiak idazteaz arduratuko da.
Obrak egin ahala beharrezko gertatzen diren urbanizazio-proiektuak, akaberakoak edo bestelakoak ere idatziko ditu.
Bestetik, ETSk proiektuak gauzatu aurretik egin beharreko zuinketarako baliabide teknikoak eta giza baliabideak erraztuko ditu, proiektuetan jasotako obren lizitazioa egin baino lehen.
Gainera, kontratatutako obren aldaketak eta obra osagarriak ere idatziko ditu ETSk.
Eraikuntzaren kudeaketa.
1. Obra zibilen zuzendaritza.
Behin proiektu bateko obrak eraikitzeko kontratua esleitutakoan, Garraio Azpiegituraren Zuzendaritzak obra-zuzendari bat izendatuko du; obra-zuzendari horrek ETSren ordezkariaren esanetara jardungo du eta kontratu hori bete dadin zainduko du, bai alderdi teknikoei, bai alderdi ekonomikoei dagokienean, eta udal-agintariekiko eguneroko harremanak ere horren ardura izango dira.
Obra-zuzendaria ETSren langilea izango da, eta, behar izanez gero, zuzendari-alboko baten eta aholkularitzarako talde tekniko baten laguntza izango du.
Egitekoen artean, eraikuntza bera akuilatzeaz gain, kontratistarengandik jasotako agiri guztiak batu beharko ditu, egokiak diren ikusi, eskainitako epeekin bat datozen egiaztatu, argibide osagarriak eskatu eta egin beharreko obraren aurreikuspenei eutsi. Lan hori guztia obren aurrerabidearen hileko ziurtagirietan eta hileko txostenetan islatuko da.
Obra-zuzendariak Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailaren izenean jardungo du izaera formala duten zenbait jarduketatan; besteak beste, zuinketa-agiria sinatzekoan eta esleipendunak prezioak edo bestelako alderdi garrantzitsu batzuk aldarazteko aurkezten dituen iradokizunei buruzko lehenengo eztabaidetan.
Halaber, obra-zuzendaria izango da jabearen ordezko teknikoa obrek ukitzen dituzten zerbitzu- eta hornidura-konpainiekin koordinatzeko izan beharreko elkarrizketa eta bileretan.
Obrak zuzentzen laguntzeko talde tekniko bat izango du obra-zuzendariak, eta talde horren ardura izango da egunero-egunero obrak kontrolatu, kalitatea bermatu, geometriak eta zuinketa egin, saiakuntzak burutu eta obrak proiektuarekin bat datozela egiaztatzeko jarraipena egin, lan-oharrak idatzi, eta ziurtagiriak idatzi aurreko oharrak prestatzeko lana.
2. Ekipamendu elektromekanikoetarako kontratuen zuzendaritza.
Ekipamendu elektromekanikoak hornitu eta muntatzeko kontratu bakoitza esleitutakoan, ETSk bere gain hartuko du kontratu horien alderdi teknikoak eta ekonomikoak betetzen direla ikusteko jarraipen-lana.
Lan horretan, fabrikazioaren, kalitatearen kontrolaren, muntaketaren eta frogen jarraipena sartzen da, kasu guzti-guztietan.
Obra zibiletan bezalaxe, hornidura, fabrikazio eta muntaketarako kontratu guztiak hornidura-zuzendari batek gainbegiratu eta zuzenduko ditu. Zuzendari hori ere ETSko langilea izango da, eta, behar izanez gero talde tekniko bat izango du laguntzeko.
3. Kontsultoreak.
Atal honetan, eraikuntza-lanetan edo are proiektuak idazterakoan, ingeniaritzaren arlo jakin batzuetako adituek parte hartzea eskatzen duten lan bereziak sartzen dira.
ETSren lana izango da, arazoa zer-nolakoa den ahalik eta gehien zehaztea, behar diren adituen ezaugarriak finkatzea, eta eskatutako analisia behar bezalako kalitatearekin egingo dela bermatzeko moduko gaitasuna zein enpresa edo profesionalek daukaten ikertzea.
Ildo horretatik, ETS arduratuko da arazoa zehaztu eta behar diren adituak hautatzeaz, eta aholkularitza-lanak koordinatu eta ikuskatuko ditu, proiektuaren koherentziari eutsi ahal izateko eta hasierako helburu nagusiarekiko kongruentea dela bermatzeko.
Hona hemen kontsulten eta adituen beharra eskatuko duten proiektuetako arlo nagusiak:
Geoteknia eta auskultazioa.
Obra zibilak egitekoan, lurpean egin beharreko obrak izango direnez eta lurraren kalitatearen ezaugarriak aldakorrak direnez, egiturazko konponbideak egokitu beharra gertatu ohi da:
Proiektuen diseinua indusketetan lurraren benetako baldintza geoteknikoetara egokitzeko, eta batez ere eraikuntza-lanean NATM, tunelak eraikitzeko metodo austriarra, ahalik eta hobekien erabiltzeko.
Lurpeko indusketetako auskultazio-lanak egiteko, batez ere sekzio berezietan eta geltokietarako leizeetan, horiek inguruko eraikinen zimenduetan izan dezaketen eraginak diagnostikatu eta iragartzeko lanak barne.
Obra zibila egiten den bitarterako arkitektura.
Arestian aipatu bezala lurraren ezaugarriak aldakorrak direnez, akabera arkitektonikoaren xehetasunak egokitu beharra gertatzen da, eta horrek arkitekto-kontsultariak gertutik laguntzea eskatzen du, unean-unean sortutako arazoentzat konponbiderik aproposenak aurkitzeko.
4. Obrek ukitutakoen kudeaketa.
Herri barruan obrak egiten direnean, lurpean izan arren, beti ukitu ohi dira trafikoa, zerbitzuak eta bestelakoak.
ETSk, erasandako horiek kudeatzeko ardura bere gain hartuko du, herritarrei ahalik eta enbarazu txikiena egiteko.
Atal honetan honako egiteko hauek bereiz daitezke, arloka:
Trafikoaren kudeaketa.
Metroa egiteko obrak neurri handi batean lurpean egin beharrekoak dira, eta zeharkatu behar dituen herrietako sare urbanoa hain itxia izanik, normalean tunelak zulatzea erabaki da, obrek irauten duten bitartean lur-azalean ahalik eta eremu txikienak okupatzeko, eta okupatuko diren eremu horiek aukeratzerakoan ere trafikoari ahalik eta gutxien eragingo duten inguruetara jo da.
Alabaina, geltoki inguruek, funtzionaltasunari begira, hiru motatako konexioak eskatzen dituzte, kaiak eta kalea lotzeko: bata, bidaiariak sartu eta irteteko, bestea, aireztapenerako, eta hirugarrena, mugitzeko arazoak dituzten pertsonentzat.
Konexio horiek, kalean ahalik eta eraginik txikiena izateko modua aztertu bada ere, konponbideak beti ez dira nahi bezain malguak izaten, eta, aldi baterako bada ere, zirkulazioko erreiak okupatu beharra izaten da.
ETS plangintzarik onena egiten saiatuko da, obren eragina ahalik eta gehien murrizteko, eta, zenbaitetan nahitaez sortuko diren ibilgailu-ilarak arintze aldera, trafikoarentzat alternatiba egokienak proposatzeko.
Trafikoaren kudeaketarako eskema horren barruan, arlo horretan ardura duten udal-agintariekin harremanak izan beharko dira, arazo gehien non sor daitezkeen jakiteko, trafikoari dagokionean arazoak leku jakin batean pilatzea eragingo luketen aldi bereko obrarik ez egiteko, eta, zuzenean trafikorako alternatibak ez izan arren, trafiko hori oro har hobetzen lagun dezaketen alternatibak proposatzeko.
Zerbitzuen kudeaketa.
Obra zibileko proiektu bakoitzean behar bezala zehaztuta daude obrek erasandako zerbitzuak desbideratu eta lehengoratzeari buruzko xehetasunak. Horretarako kontuan izan dira kasuan kasuko zerbitzuak hornitu edo kudeatzen dituzten konpainiek emandako datuak, eta zerbitzu horiek non dauden ikusteko egin diren katak.
ETSk zorrotz jarraituko ditu erasandako zerbitzuen zuinketa, desbiderapena eta lehengoratzeko lanak, eta kasuan kasuko enpresarekin batera koordinatuko du zein diren desbideratu eta lehengoratzeko konponbiderik egokienak, teknika eta ekonomiaren aldetik, betiere obra-kontratua bere osotasunean hartuta.
Era berean, obra-kontratuetako lanen ondorioz, aurrez ezagutzen ez zen beste zerbitzuren bat agertuz gero, ETSk, beharrezkoa bada, zerbitzu hori desbideratzeko eta lehengoratzeko konponbidea adostuko du hornidura-konpainiarekin eta kontratistarekin. Kasuaren arabera, ETSk obra-zuzendariarekin aztertuko du ea aurreikusi gabeko lan horiek kontratuaren aurrekontuan eta obra-planean eraginik izango duten.
Beste gorabehera batzuk.
ETSk lan-eskema egokiak bilatu beharko ditu, obra koordinatzeko eta obrek zenbait gunetan (Renfe Operadoraren, EuskoTrenen edo Metroaren beraren) trenbidearen ustiapenean izango dituzten eraginak minimizatzeko.
5. Laneko segurtasunaren eta osasunaren kudeaketa.
Atal honetan, obretako istripuak ahalik eta gehien murrizteko modua eskaintzen duten laneko segurtasun eta osasun mailei eutsi ahal izateko beharrezko diren prebentzio-lan guztien jarraipena egin eta suspertzeko lanak sartzen dira.
ETSk, lehenengo eta behin, segurtasunari eta osasunari dagokionean kontratistaren memoria kritiko gisa jardungo du, eta segurtasun-teknikari baten bidez, aholkularitza eskainiko dio obra-zuzendariari, lan bakoitza edo obra-unitate bakoitzari ekin aurretik hartu beharreko prebentzio-neurrien inguruan.
Proiektu bakoitzaren baldintzen orrian lanak hasi aurretik zer prozedura idatzi behar den adierazten denez, ETSk prozedura horiek idazten direla zaintzeaz aparte, hobekuntzak proposatuko ditu, formari nahiz edukiari dagokienean, eraginkorragoak izan daitezen eta segurtasun maila altuagoak erdiesten lagun dezaten.
ETSren lan hori segurtasun- eta osasun-planen kudeaketari buruzko ikuskapen-txostenetan jasoko da.
Gainera, ETSk prestakuntza egokia izango duen teknikari bat edo gehiago izan beharko ditu, obrak egiten diren bitartean edota obra-proiektua idazten den bitartean, segurtasuna eta osasuna koordinatzeko. Teknikari horiek, ETSren ordezkariak proposatu, eta Garraio Azpiegituraren zuzendariak izendatuko ditu.
6. Kalitatea bermatzeko kudeaketa eta ingurumenaren kudeaketa
Atal honetan egitura, osagai eta instalazio guztiak, kontratu, kode, arau eta diseinurako zehaztapenei jarraituz eraikitzen direla egiaztatzeko behar diren ekintzen jarraipena egin eta suspertzeko lanak sartzen dira.
ETSk kontratistek eta hornitzaileek kontratuaren hasieran aurkeztutako kalitatea bermatzeko planen auditore gisa jardungo du, eta kontratuen zuzendariei ebaluazio, iruzkin eta onarpenerako aholkuak emango dizkie.
Lan hori, obrek dirauten artean edo obren fase bakoitzerako kontratistek aurkeztu beharreko kalitate-planetan ere burutu beharko da.
Aldi berean, kalitate-plan bakoitzean jasotako ekintzak nola burutzen diren kontrolatuko du, eta lanen garapenaren arabera, jarduketa horiek egokitzeko proposatu ahal izango du, plan horiek eraginkorrak eta praktikoak izan daitezen, eta obrak kalitate hobekoak izaten lagun dezaten.
Bestetik, ETSk arreta berezia jarriko du kontratuaren ondorioz egin beharreko lanak ingurumenean ahalik eta eragin txikiena izateko irizpideei jarraituz egin daitezen, eta arlo honetan indarrean dagoen legeria betetzen dela zainduko du.
Honako alderdi hauek zainduko ditu bereziki:
Aginpidea duen organoak kasuan kasuko obrarako onartutako ingurumenaren gaineko eraginaren adierazpenean jasotako kontrol- eta zainketa-neurri guztiak eta jarduteko erak betetzen direla.
Obra bakoitzerako kontratistak proposatu duen kalitatea bermatzeko planean ingurumena kudeatzeko jasotako neurriak betetzen direla, eta indarrean dagoen legeriarekin eta araudiarekin bat datozela.
Kontratu honetan aurreikusitako gainontzeko jarduera guztietan, ETSk arreta berezia jarriko du baliabide natural gutxiago erabiltzeko, zabor gutxiago sortzeko, zabor horiek hobeto kudeatzeko eta halakoak ahal den neurrian birziklatzeko.
Kontratazioaren arloko laguntza.
ETSk lehiaketa eta lizitazioetarako baldintzen orriak prestatu eta egokitzen lagunduko dio Garraio Azpiegituraren Zuzendaritzari; laguntza administrazioaren arlokoa, nahiz teknikoa izango da, eta laguntza tekniko horrek alderdi orokorrak nahiz zehatzak hartuko ditu bere baitan.
Atal honetan honako egiteko hauek sartzen dira: kontratu bakoitzerako klausula bereziak idatzi, antzekoak diren kontratuetan ohikoak izan arren kasu bakoitzean argibideak eskatzen dituzten alderdiak zuzendu, eta proiektu batzuetako eta besteetako baldintzen orriak homogeneizatu, hortik aurrera aplikatzeko irizpideak bateratzeko.
Behin baldintzen orriaren zirriborroa prestatutakoan, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailari dagokio ofizial egitea, edo beharrezkoak badira, zuzenketak egitea, eta lizitaziorako agirien artean sartu ahal izateko, onartzea.
ETSren lana ordea, ez da kontratazioaren une horretan amaitzen, baldintzen orria prestatzen aritu den talde teknikoa lehiaketan parte hartu nahi duten kontratisten zerbitzura jarraituko baitu, eta haien iruzkinak jasoko ditu, aurrerantzean idatzi beharrekoetan argibide edo zuzenketa gisa baliagarriak gerta baitaitezke.
Kontratistek eskaintzak prestatzeko duten epean, ETSk talde tekniko bat izango du lehiatzaileek aurkezten dizkioten kontsultei erantzuteko prest, betiere eskatzaile guztien aukera-berdintasuna bermatuko duen Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailarekiko lankidetza-eskemaren barruan.
Lehiaketan parte hartu dutenen gutun-azalak irekitakoan, ETSko teknikariek, obra-zuzendari izateko aukeratutakoak zuzendu eta gainbegiratuta, beste egiteko sorta bati ekingo diote, lehiaketan parte hartzeko aurkeztu diren eskaintzak eta proposamenak aztertu, analizatu eta homogeneizatzeko.
Egitekoen sorta honetan honako hauek sartzen dira: konparazio-taulak prestatzea; baldintzen orrietan finkatutako lehentasunei jarraituz baremoak aplikatzea; eta, beharrezkoa den neurrian, Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailari enpresa lizitatzaileekin izan nahi dituen elkarrizketetarako eta kontsulta eta argibideetarako laguntza teknikoa eskaintzea. Obra-kontratuak zuzentzeko lanaren hasierako fase hori kontratua esleitzeko proposamen-txostenarekin amaituko da. Txosten horretan Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailak erabakiak hartu ahal izateko behar dituen irizpen-osagai adierazgarrienak jasoko dira.
Beste erakundeetako gestioak eta haiekiko koordinazioa.
Metroko obrak egiteko espazio publikoak okupatu beharra dago, batzuetan aldi baterako, beste batzuetan behin betiko. Espazio publiko horiek, berriz, udalarenak, edota beste erakunde eta administrazio batzuenak izan daitezke, eta, hortaz, metro proiektua eta beste interes orokor batzuk uztartzeko koordinazio-neurriak hartu eta gestioak egin beharko dira.
Gainera, lehen esan bezala, obrak azalean, hau da, kalean ere badute eraginik, sarri udalaren zerbitzuekin edo hornidura-konpainienekin egiten dute topo, eta, alderdi horretatik ere, gestioak eta konponbiderik aproposenak aurkitzeko koordinazio-bilerak egin beharra izaten da. ETSk bere gain hartuko ditu ardura horiek.
Desjabetzeen kudeaketaren arloko laguntza.
Metroko obrek erasandako ondasun eta zerbitzuak aldi baterako okupatu edo desjabetzeko behar diren espedienteen inguruko lanak sartzen dira hemen. Lan horiek Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Saileko lege-aholkularitzako zerbitzuekin elkarlanean burutuko dira.
Lehenengo eta behin, proiektuetan bildutako datuak egiaztatu, eta, behar izanez gero, osatu egingo dira, desjabetzeko jardunbidean aurrerago egin beharreko izapideak erraztu eta arintze aldera; eta horrek identifikaziorako ikerketa lan sakona egitea eskatzen du.
Ahalik eta datu gehien egiaztatutakoan, ETSk zerrenda ofizialak osatuko ditu, legeak eskatutako datu guztiekin, sailak argitara dezan.
Atal honen barruan, ETSk bilerak izango ditu azalpenak eskatzen dituzten edota desjabetzearekin ados ez dauden interesdunekin, aurkeztutako alegazioak jaso eta aztertu egingo ditu, alegazio horiei erantzuteko aldeko eta kontrako argudioak emango ditu, eta jardunbidean aurreikusitako jarduketetarako laguntza juridikoa eta teknikoa eskainiko du.
Eskatutakoari jarraituz, ondasun eta eskubideen balioespenak egiten parte hartuko du ETSk; interesdunek azaltzen dituzten argudioak entzungo ditu, eta ondoren Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailari horren aurrean zer-nolako jarrerak har ditzakeen adieraziko dio. Ondasun eta eskubideak desjabetzeko jardunbidearen arabera okupatu aurretik egin beharreko aktetan, Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailaren izenean jardungo du.
Lan horren emaitza bukaeran idazten diren adostasun-aktetan islatuko da.
Jendearentzako etengabeko arreta- eta informazio-zerbitzua
Atal honetan jasotako lana gauzatzeko hiritarren informaziorako bulego finko bat edo gehiago jarriko dira, Bilboko metroa egiteko obren eta, oro har, proiektuaren inguruan sor daitezkeen kexak, kontsultak, iradokizunak eta antzekoak zentralizatzeko behar dituzten baliabide guztiekin. Bulegoetan Bilboko metroaren proiektua ondo ezagutzen duen jendea arituko da lanean, eta egiteko hori burutzeko behar dituzten agiriak izango dituzte.
Pentsatzekoa da kontratu honek irauten duen bitartean, obren hasierekin edota inaugurazioekin batera, informazioa eta komunikazioa etengabe eskaintzeko era hori osatu beharra izatea, jarduketa jakin indartsuagoekin, hau da, argitalpenekin, erakusketekin, jarduketa zehatzen berri emateko kanpaina bereziekin.
Ukitutakoen erreklamazioei buruzko txostenak idaztea.
Bilboko metroa eraikitzeko proiektuak idatzi eta obrak egiten diren bitartean, herritarrek eta herritar-taldeek makina bat erreklamazio aurkeztu ohi dituzte Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailean, arrazoi desberdinek bultzatuta eta xehetasun maila desberdinarekin. ETSk erreklamazio horiek aztertzen lagunduko dio sailari, eta horrek eskatzen dizkion txostenak idatzi, eta bere profesionaltasunak eta Administrazioaren interesak agintzen dizkion ekintzak proposatuko ditu.
2010ean Bilboko metropoli-trenbidearen Santurtzi-Kabiezes tarteko obrak, Ariz-Basauri tartekoak eta Maidaganen trenbidea lurperatzeko obrak egiten jarraituko da. Jendaurrera beste proiekturik ateratzea erabakiz gero, ETSk aurkeztutako alegazio guzti-guztiak aztertuko ditu, eta sailari emango dio horien berri, sailak dagokion Ebazpena idatz dezan.
Horrela bada, ETS arduratuko da lan horietaz, eta horretarako behar dituen langileak aukeratuko ditu, mekanografia, delineazio, topografia eta gainetiko lan osagarrietarako behar dituenak barne.
Lan horiek egiteko taldea honela osatuko da:
Abokatu aditua.
Goi mailako teknikaria.
Maila ertaineko teknikaria.
Administraria.
Egindako lanen balioespena eta ordainketa.
Gomendioan emandako lanek, BEZa barne, lau milioi hirurehun eta bost mila hirurehun eta laurogeita hemeretzi euro eta laurogeita hamar zentimo (4.305.399,90) egingo dutela jotzen da; hona hemen kontzeptuei buruzko xehetasunak:
Kontzeptua Unitate-prezioa Neurketa Zenbatekoa:
Metro proiektuaren plangintza eta kontrol orokorra 12.589,40 12,0 151.072,80
Proiektuen gainbegiraketa eta ikuskapena 11.500,90 12,0 138.010,80
Azterlanak eta proiektu gehigarriak 21.500,70 12,0 258.008,40
Eraikuntzaren kudeaketa
Obra zibilen zuzendaritza 115.385,70 12,0 1.384.628,40
Ekipamendu elektromekanikoetarako kontratuen zuzendaritza 45.000,01 12,0 540.000,12
Kontsultoretzak
Geoteknia 5.690,81 12,0 68.289,72
Arkitektura 11.254,00 12,0 135.048,00
Obrek ukitutakoen kudeaketa
Trafikoa 5.986,90 12,0 71.842,80
Zerbitzuak. 3.158,00 12,0 37.896,00
Beste gorabehera batzuk 2.732,00 12,0 32.784,00
Laneko segurtasun eta osasunaren kudeaketa 5.764,50 12,0 69.174,00
Kalitatea bermatzeko kudeaketa eta ingurumenaren kudeaketa 5.778,00 12,0 69.336,00
Kontratazioaren arloko laguntza 4.599,00 12,0 55.188,00
Beste erakunde batzuetako kudeaketa-lanak eta koordinazioa 3.345,00 12,0 40.140,00
Desjabetzeen kudeaketaren arloko laguntza 8.398,00 12,0 100.776,00
Jendearentzako arreta eta informazio zerbitzua 10.538,00 12,0 126.456,00
Ukitutakoen erreklamazioei buruzko txostenak
Abokatu aditua 3.046,50 35 106.627,50
Goi mailako teknikaria 3.046,50 35 106.627,50
Erdi mailako teknikaria 2.276,39 40 91.055,60
4 Administraria 1.670,00 77 128.590,00
Aurrekontu garbia 3.711.551,64
BEZ (% 16) 593.848,26
Guztira 4.305.399,90
Enkargu honen ondorioz egiten diren lanak hilero ordainduko dira, egindako lanak egiaztatutakoan. Horretarako, kasuan kasuko faktura aurkeztu beharko zaio Administrazioari.


