- 1249/2010 EBAZPENA, martxoaren 10ekoa, Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuko zuzendari nagusiarena. Honen bidez, Osasun Sistema Nazionaleko beste Osasun Zerbitzu batzuetan egiaztatutako Garapen Profesionaleko Mailak Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuan onartzeko prozedura ezartzen da. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus
Arautegia
Inprimatu1249/2010 EBAZPENA, martxoaren 10ekoa, Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuko zuzendari nagusiarena. Honen bidez, Osasun Sistema Nazionaleko beste Osasun Zerbitzu batzuetan egiaztatutako Garapen Profesionaleko Mailak Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuan onartzeko prozedura ezartzen da.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Ebazpena
- Organo arau-emailea: Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzua; Osasun eta Kontsumo Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 68
- Hurrenkera-zk.: 2034
- Xedapen-zk.: ---
- Xedapen-data: 2010/03/10
- Argitaratze-data: 2010/04/14
Gaikako eremua
- Gaia: Administrazioaren antolamendua; Osasun eta kontsumoa
- Azpigaia: Herri Administrazioa; Funtzio publikoa
Testu legala
Osasun zerbitzuetako pertsonal estatutarioaren Estatutu Markoaren Legeak (abenduaren 16ko 55/2003 Legea) 40. artikuluan karrera profesionaleko irizpide orokorrak ezartzen ditu. Bere 1. puntuan zehazten du «Autonomia Erkidegoek, dagozkion mahaietan negoziatu ondoren, karrera profesionaleko mekanismoak ezarriko dituztela bere osasun zerbitzuetako pertsonal estatutarioarentzat» eta 3. puntuan dio «Osasun Sistema Nazionaleko Giza Baliabideetako Batzordeak printzipio eta irizpide orokorrak ezarriko dituela osasun zerbitzu desberdinen karrera profesionaleko sistemak homologatzeko, bermatu ahal izateko karrerako graduen eta profesional horien zirkulazio librearen elkarrenganako aitorpena Osasun Sistema Nazional osoan».
Bestalde, Osasun Lanbideen Antolamenduaren Legeak (azaroaren 21eko 44/2003 Legea) 39. artikuluan ezartzen du «Osasun Sistema Nazionaleko Lurralde arteko Batzordeak, Giza Baliabideetako Batzordeak proposatuta eta Profesionalen Aholkularitza Batzordeari entzunda, printzipio eta irizpide orokorrak ezarriko dituela, garapen profesionalaren aitorpena Osasun Sistema Nazional osoan homologatzeko, eta bereziki gradu desberdinen izenei, merituen balorazio-sistemei, ebaluazio-batzordeen osaketari eta osasun zerbitzu desberdinetako profesionalek lortutako graduak elkarri aitortzeari dagokionez».
Araudi horren babesean, Osakidetzako profesionalen Garapen Profesionala arautzen duten dekretu hauek onartu zituen Osakidetzak:
395/2005 Dekretua, azaroaren 22koa, A.1 taldeko profesional sanitarioen garapen profesionala arautzen duena.
35/2007 Dekretua, otsailaren 27koa, Osakidetzako B.1 lanbide-taldeko profesional sanitarioen garapen profesionala arautzen duena.
248/2007 Dekretua, abenduaren 26koa, Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuko kategoria ez-sanitarioen eta goi-mailako eta erdi-mailako lanbide heziketako kategoria sanitarioen garapen profesionala arautzen duena.
Osasun Lanbideak Antolatzeko Legearen (OLAL) 39. artikulua eta Estatutu Markoaren 40.3 artikulua aplikatuta, Osasun Sistema Nazionaleko Giza Baliabideetako Batzordeko Batzorde Tekniko Delegatuak akordio bat sinatu zuen 2006ko urriaren 26an. Akordio horren arabera, osasun zerbitzuetako pertsonalaren karrera profesionaleko sistemak homologatzeko irizpide orokorrak ezarri ziren, eta Giza Baliabideetako zuzendari nagusiaren eta Ekonomia eta Aurrekontuetako Zerbitzuen 2007ko urtarrilaren 29ko Ebazpen bidez argitaratu zen.
Akordio horren 1.a puntuan ezartzen da «karrera profesionaleko sistemen homologazioa osasun zerbitzuetako pertsonal estatutario finkoari aplikatuko zaiola, dagozkion aplikazio-arauetan jasotzen den eran», eta 2.a puntuan dio «Osasun zerbitzuek automatikoki onartuko dituztela beste osasun zerbitzu batean profesional batek egiaztatutako karrerako graduak (hasierako gradua hasierakoagatik, I. gradua I-engatik, etab.), betiere espezialitate, kategoria profesional edo titulazio-talde berekoari dagokionez».
Ebazpen honen ondorioetarako, eta osasun zerbitzu desberdinetan erabiltzen den terminologia desberdina kontuan hartuta, berdin erabiliko dira bata zein bestea, Maila zein Gradua, eta Garapen Profesionala zein Karrera Profesionala.
Garapen Profesionalaren gaineko arauen arabera (eta Osakidetza Ente Publikoaren Estatutu Sozialak ezartzen dituen Dekretuan (azaroaren 11ko 255/1997 Dekretua) araututakoaren arabera,
Lehenengoa. Helburua eta aplikazio-eremua.
Ebazpen honen helburua da Osasun Sistema Nazionaleko beste zerbitzu batzuetan onartutako karrera edo garapen, gradu edo mailen aitorpenerako prozedura arautzea Osakidetzan plaza lortzen duen pertsonal estatutario finkoarentzat edo, Estatutu Markoan edo bere garapen-arauetan aurreikusitako horniketa-prozedura orokorren bidez, Osakidetzan benetan lan egiten dutenentzat.
Aitorpen hori interesdunak aldez aurretik eskatuta egingo da. Interesdunak eskabidean eskatzen diren baldintzak betetzen dituela egiaztatu beharko du.
Bigarrena. Baldintzak eta eskabidea.
Beste osasun zerbitzu batean esleitutako karrera edo garapen profesionaleko maila aitortzea eskatzen dutenek baldintza hauek egiaztatu beharko dituzte:
Pertsonal estatutario finkoa izatea.
Zerbitzu aktiboan edo baliokidean egotea Osakidetzan.
Beste Osasun Zerbitzu batean karrera edo garapen profesionaleko maila aitortuta izatea.
Aitorpen-eskabideak egiteko, Ebazpen honen 1. eranskinean dagoen dokumentua bete behar da, eta profesionalak lan egiten duen zerbitzu erakundeko Pertsonalaren Departamentuan entregatu.
Eskabidearekin batera beste hauek ere aurkeztu behar dira: jatorrizko osasun zerbitzuaren maila-esleipenaren Ebazpen originala edo fotokopia konpultsatua edota, horrelakorik ez bada, organo eskudunak emandako ziurtagiria, bertan adieraziko direlarik aitortutako maila, kategoria, lanbide-taldea eta/edo espezialitatea eta aitorpen-data. Interesdunak zuzendu ahalko du aurkeztutako dokumentazioa, Osakidetzaren ustez dokumentazio hori nahikoa ez denean aitorpena eman ahal izateko.
Hirugarrena. Mailaren aitorpena.
Beste Osasun Zerbitzuetan egiaztatutako garapen profesionaleko mailen aitorpena automatikoki egingo da eremuan ezarritako baldintzak betetzen dituzten profesionalentzat, betiere espezialitate, kategoria edo lanbide-talde bereari dagokionean.
Aitorpen hori dagokion Zerbitzu Erakundeko Zuzendaritza Gerentziaren Ebazpen bidez egingo da.
Osakidetzak egin beharreko baliokidetzei dagokionez, beste osasun zerbitzu batzuetan egiaztatutako garapen profesionaleko mailak baliokidetu behar dituenean, Osasun Sistema Nazionaleko Giza Baliabideetako Batzordearen Batzorde Tekniko Delegatuaren Akordioaren 2.f atalean dioena hartuko da kontuan: «Osasun Sistema Nazional osoan izendapen eta aitorpen sistema homogeneo bat erabiltze aldera, eta Osasun Lanbideak Antolatzeko Legearen 38. artikuluari jarraiki, hasierako graduari G-0 deituko zaio; lehen graduari G-I; bigarrenari G-II; hirugarrenari G-III eta laugarrenari G-IV. Azken hori baino goragoko maila ezartzekotan, G-IV hartuko da abiapuntutzat».
Laugarrena. Aitorpenaren ondorioak.
Ebazpen honen bidez aitortutako mailei aplika dakiekeen araubide juridikoa eta araudia, eta eska daitezkeen maila profesional berriei aplika dakiekeena, Osakidetzako Garapen Profesionalaren Sistema arautzen duen araudian ezarritakoa izango da.
Ondorio administratiboek, eta zehazki mailan mantentzeari buruzkoek, ondorioetarako data hau izango dute, jatorrizko osasun zerbitzuak emandako aitorpen-data.
Beste osasun zerbitzu batzuetan egiaztatutako maila-aitorpenen ondorio ekonomikoak, interesdunak aitorpen-eskabidea erregistratzen duen egunetik aurrera izango dute eragina.
Bosgarrena. Ebazpen honen aurka Gora jotzeko Errekurtsoa jar dakioke Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuko Administrazio Kontseiluari hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legean (azaroaren 26ko 30/1992 Legea) araututakoaren arabera.
Seigarrena. Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2010eko martxoaren 10a.
Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuko zuzendari nagusia,
JULIÁN PEREZ GIL.
Datu pertsonalak:
Lehen abizena Bigarren abizena Izena
IFZ Letra Telefonoak:
Helbide elektronikoa:
Datu profesionalak:
Garapen maila edo gradua
Lanbide taldea / kategoria profesionala
Garapen profesionala esleitzen duen Osasun Zerbitzua
Esleipen data
Egoera Osakidetzan (Zerbitzu-Eginkizunetan, Osakidetzan plaza izanik)
Orain lan egiten duen zentroa
Osakidetzan aitortzea eskatzen duen maila (markatu «X» batekin):
n I. maila n II. maila n III. maila n IV. maila
Beste Osasun Zerbitzu batean aitortutako maila egiaztatzen duen dokumentazioa:
Aitorpenaren ebazpena:
Beste batzuk (espezifikatu):
Behean sinatzen duen honek adierazitako garapen profesionaleko maila aitortzea eskatzen du eta adierazten du betetzen dituela eskatutako baldintzak, eta idatzitako datuak egiazkoak direla.
Vitoria-Gasteizen, 20........(e)ko ..................................................ren ............an
(Interesdunaren sinadura)
................................................................. ZUZENDARI GERENTEA


