- EBAZPENA, 2010eko martxoaren 16koa, Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordearena, zenbait erretaula monumentu izendapenaz sailkatutako kultura ondasuna deklaratu zuen abenduaren 19ko 273/2000 Dekretua aldatzeko espedienteari hasiera emateko, interes - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus
Arautegia
InprimatuEBAZPENA, 2010eko martxoaren 16koa, Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordearena, zenbait erretaula monumentu izendapenaz sailkatutako kultura ondasuna deklaratu zuen abenduaren 19ko 273/2000 Dekretua aldatzeko espedienteari hasiera emateko, interesdunei entzunaldia emateko eta jendaurrean jartzeko dena.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Ebazpena
- Organo arau-emailea: Kultura Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 80
- Hurrenkera-zk.: 2297
- Xedapen-zk.: ---
- Xedapen-data: 2010/03/16
- Argitaratze-data: 2010/05/03
Gaikako eremua
- Gaia: Kultura eta Kirola; Administrazioaren antolamendua; Ingurune naturala eta etxebizitza
- Azpigaia: Herri Administrazioa; Hirigintza eta etxebizita
Testu legala
Euskal Autonomia Erkidegoak, Konstituzioaren 148.1.16 eta Estatutuaren 10.19 artikuluen babesean, eskumen osoa bereganatu zuen Kultura Ondarearen gaiari dagokionez. Aipaturiko eskumen horretaz baliatuz, uztailaren 3ko Euskal Kultura Ondareari buruzko 7/1990 Legea onartu zen, Euskal Kultura Ondarea babesteko, defendatzeko eta aberasteko prozedurak arautzen dituena.
1999ko abenduaren 13ko Ebazpenak (1999ko abenduaren 23ko EHAA, 244. zk.) bere I. eranskinean zerrendatutako hainbat erretaula, banan-banan, monumentu izendapenaz sailkatutako kultura-ondasuna deklaratzeko espedienteari hasiera ematea onartu zuen. Informazioa jendaurrean jartzeko eta interesdunei entzuteko izapideak egin ondoren, Kulturako sailburuaren proposamena kontuan harturik eta Jaurlaritzaren Kontseiluak aztertu eta onetsi ondoren, abenduaren 19ko 273/2000 Dekretuak (2001eko urtarrilaren 11ko EHAA, 8. zk.) Euskal Autonomia Erkidegoan dauden hainbat erretaula sailkatutako kultura-ondasuna deklaratu zuen, monumentu izendapenaz.
Ondorengo azterlanek erakutsi dute 273/2000 Dekretuaren zerrendan ez dauden beste erretaula batzuek ere badutela kultura-balioa eta babesaren premia, esaterako, Arrietako San Martinen erretaula nagusiak, bai eta Bergarako San Migelen poliptikoak eta San Pedroren erretaula nagusiak, Zestoako Artzainen gurtzaren triptikoak, eta bai Zumaiako San Bernaberen kaperako triptikoak ere.
Aipaturiko erretaulek duten kultura-balioa, eta Kultura Ondarearen Zentroko Zerbitzu Teknikoek emandako ebazpen-proposamena ikusirik, honako hau
Lehenengoa. Zenbait erretaula, monumentu izendapenaz, sailkatutako kultura-ondasuna deklaratu zuen abenduaren 19ko 273/2000 Dekretua aldatzeko espedienteari hasiera ematea, aipatutako Dekretuan zerrendatutako erretaulez gain beste batzuk ere sartzeko, ebazpen honen eranskinean jasotzen den zerrendaren, deskribapenaren eta babes araudiaren arabera. Zerrenda eta deskribapen horiek 273/2000 Dekretuaren I. eta II. eranskinak osatuko dituzte, eta babes araudia Dekretuaren III. eranskinean agertzen den berbera izango da.
Espediente honi hasiera emateak uztailaren 3ko Euskal Kultura Ondareari buruzko 7/1990 Legeak ondasun higigarri hauetaz ezartzen duen babes araudia behin-behinean indarrean jartzea dakar.
Bigarrena. Hasiera ematea Euskal Autonomia Erkidegoan dauden espedientean zerrendatuko eta deskribatuko hainbat erretaula, banan-banan, monumentu izendapenaz sailkatutako kultura-ondasuna deklaratu zuen abenduaren 19ko 273/2000 Dekretua aldatzeko irekitako espedientea jendaurrean jartzeko epeari. Jendaurreko informazio-aldia hogei egunekoa izango da, Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita. Ezarritako epe horretan interesatuek nahi dituzten alegazioak egin eta agiriak aurkez ditzakete Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legearen 84. eta 86. artikuluek aurreikusten duten legez. Aipatutako espedienteak Kultura Ondarearen Zentroan daude (Donostia kalea, 1, Vitoria-Gasteiz).
Hirugarrena. Jakinaraztea Arrietako Udalari (Bizkaia), eta Bergarako, Zestoako eta Zumaiako Udalei (Gipuzkoa), bai Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Sailari eta Garraio eta Hirigintza Sailari, baita Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura eta Euskara Departamentuari eta Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako Departamentuari ere, espediente honi hasiera emate izanak Euskal Kultura Ondareari buruzko 7/1990 Legeko 22. artikuluaren arabera, sailkatutako ondasun higigarri hauetaz ezartzen duen babes araudia behin-behinean indarrean jartzea dakarrela.
Laugarrena. Espedientearen izapideei ekitea, indarrean dauden xedapenekin bat etorriz.
Bosgarrena. Sailkapena aldatzeko espedienteari hasiera emateko den ebazpen hau jakinaraztea interesdunei, Arrietako Udalari (Bizkaia), eta Bergarako, Zestoako eta Zumaiako Udalei (Gipuzkoa), bai Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Sailari eta Garraio eta Hirigintza Sailari, baita Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura eta Euskara Departamentuari eta Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako Departamentuari ere eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailari.
Seigarrena. 273/2000 Dekretua aldatzeko espedienteari hasiera emateko den ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, Bizkaiko Aldizkari Ofizialean eta Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, guztiek honen berri izan dezaten.
Vitoria-Gasteiz, 2010eko martxoaren 16a.
Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordea,
ANTONIO RIVERA BLANCO.
Erretaula
Retablo Lekua
Emplazamiento Udalerria
Municipio Lurraldea
Territorio
San Martinen erretaula nagusia
Retablo Mayor de San Martín San Martin parrokia-eliza
Iglesia Parroquial de San Martín Arrieta Bizkaia
San Migelen poliptikoa
Políptico de San Miguel Ariznoako San Pedro parrokia-eliza
Iglesia Parroquial de San Pedro de Ariznoa Bergara Gipuzkoa
San Pedroren erretaula nagusia
Retablo Mayor de San Pedro Ariznoako San Pedro parrokia-eliza
Iglesia Parroquial de San Pedro de Ariznoa Bergara Gipuzkoa
Artzainen gurtzaren triptikoa
Tríptico de la Adoración de los Pastores Aizarnako Andre Mariaren Natibitatearen parrokia-eliza
Iglesia Parroquial de la Natividad de Nuestra Seńora de Aizarna Zestoa Gipuzkoa
San Barnaberen kaperako triptikoa
Tríptico de la capilla de San Bernabé San Pedro parrokia-eliza
Iglesia Parroquial de San Pedro Zumaia Gipuzkoa
Mugaketa:
Erretaula hauei dagokien mugaketa 273/2000 Dekretuak ondasun hauei buruz ezartzen duen mugaketarekin bat dator.
Kontuan izango den ondasuna kalifikatutakoa baino ez da izango. Horren barruan hauek sartzen dira: egitura (arkitektura), hori horman eta zokaloan ainguratzen duten sistemak eta erretaularen beste elementu guztiak, eskulturak zein pinturak izanda; baita erretaulari elkartutako santutegia ere, atxikia zein bereizia.
Deskribapena:
Erretaula: San Martingo erretaula nagusia
Lekua: San Martin parrokia-eliza
Herria-Udalerria: Arrieta
Lurraldea: Bizkaia
Kutxatila-erretaula gotiko berantiarra, XVI. mendeko lehen laurdenburu aldekoa. Predela bat, hiru gorputz eta atikoa ditu, eta bost kaletan antolatuta dago. Programa ikonografikoak hiru atal bereiz ditu: predela, gorputzak eta burua. Predelan zortzi apostoluren figurak daude, eta erretaulako gorputzek titularraren bizitzaren gaineko hamar pasartez osaturiko zikloa islatzen dute, alegia, goitik behera eta ezker-eskuin: Kapa zatitzen, Bataioa, Akolito ordenatzea, Erasoa, Gurasoen bihurtzea, Apezpikugintza, Sendabide miragarria, San Martinen meza, Kristoren agertzea hil-ohatzean eta Hiltzea. Azkenik, erretaularen atikoan, Kalbario bat, Amabirjina eta San Joanekin.
Trantsizioko gotiko berantiarraren estilo-joerekin bat, mukulu-irudiak agertzen dira predelan eta kale nagusian, eta behe-erliebeak erretaularen gainerakoan. Behe-erliebe horiek eskala handiko irudiak dira, adierazkortasun gutxikoak eta dinamikotasun eskasa islatzen dutenak, baina aldi berean, jite narratibo biziz hornituta daude eta ia burualde osoa okupatzen dute.
Erretaularen arkitekturari dagokionez, nahiz eta droselak eta kale nagusiko egitura nagusia galduta egon, gordetzen ditu oraindik alboko kaleetako pilare gotiko faszikulatuak, pinakuluetan bukatzen direnak, eta predelan «a candelieri» erako apainduraz hornitutako erdi-kolomak ditu. Predela, gainera, landare-molduraz apainduta ageri da.
Sagrarioa geroagokoa da, klasizista. Gorputz bakarra du, bai eta erdi-puntuko atetxo korintiar bat ordenako kolomen artean ere, kupula hemiesferiko batez estalia.
Erretaula hau bere antzinatasunagatik nabarmentzen da, eta gotikoaren azken garaiko tokiko ekoizpenaren eredu esanguratsua izategatik ere bai. Azpimarratzekoa da, halaber, programa hagiografikoaren zabalkundea, bere hamar pasarterekin ez baitu parerik Euskal Herri osoan.
Erretaula: San Migelen poliptikoa
Lekua: Ariznoako San Pedro parrokia-eliza
Herria-Udalerria: Bergara
Lurraldea: Gipuzkoa
mendeko poliptiko flandestarra. Margo-multzo narratzaile bat da, predela eta errematxe zirkularra duten hiru kalez osatua. Predelak zazpi ohol ditu, eta bederatzi kaleetatik lehenengo gorputzaren erdikoa desagertu egin da. Predelaren erdian Kristoren irudia dago, eta alboetan apostoluena parez-pare. Erdiko kalean, lehenengo gorputzean, San Pedroren XVII. mendeko eskultura dago, hain zuzen San Migelena zegoen toki berean. Bigarren gorputzean San Gregorioren meza agertzen da, eta errematxean Trinitatea. Alboko kaleetan, lehenengo gorputzean, emaileak beren babesleekin ageri dira Gaspar erregea eta Ama Birjina haurrarekin eta ume multzoa. Gainerako lau oholetan San Migelen bizitza kontatzen da, testu apokrifoetan oinarrituta: ebanjelioaren aldean, Gargamo mendiko agerkundea aditzera ematen da eta, haren gainean, Saint Michel mendiko miraria; epistolaren aldean, Gargamo mendiko San Migel elizako sagarapena eta napolitarren aurkako garaipena.
Euskarriak fuste apainduko kolomatxoak dira, egitura nagusiari atxikiak, pinakuluz amaitzen direnak eta lau aterpetxodun horma-hobi dituztenak; erdikoetan, gotiko tankerako San Migelen eta Ama Birjinaren irudiak daude. Preladako oholak inguratzen dituzten kolomatxoak balustratuak dira, taxu errenazentistagokoak. Erretaulak kardu-hostoz apainduta daude errematxeetan.
Estilo aldetik, bi une bereizten dira. Batetik predela, 1520-1530 ingurukoa, tradizio gotiko berantiarreko maisu flandestarren batek landua, egikera eta marrazki onekoa, eta pertsonaiak ongi karakterizatuak dituena. Bestetik, gainerako oholak, 1530-1540 ingurukoak, margolari flandestarren batek egindakoak, zeinen estiloak Anbereseko margolari manieristena gogorarazten duen. Pinturotan, halako lańotasun eta desproportzioak antzematen dira; kolorea distiratsua da, gorrimina eta okrea batik bat; pertsonaiak ongi karakterizatuta daude, batez ere emaileak, adierazkortasuna islatzeaz gainera egikera zehatz-mehatza dute-eta, pintura flandestarraren estiloarekin bat.
Erretaula hau bere antzinatasunagatik nabarmentzen da, eta gotikoaren azken garaiko Euskal Herriko ekoizpenaren eredu esanguratsua izategatik ere bai.
Erretaula: San Pedroko erretaula nagusia
Lekua: Ariznoako San Pedro parrokia-eliza
Herria-Udalerria: Bergara
Lurraldea: Gipuzkoa
mendearen lehenengo zatiko kutxatila-erretaula. Predela bat, hiru gorputz eta atikoa ditu, eta bost kaletan antolatuta dago. Predelan lau ebanjelisten figurak daude, eta erdian sagrarioa, jatorriz lauki honetan zegoen Pietatearen ordez. Erretaulako gorputzetan, erdiko kalean San Pedro gotzain-aulkian, San Roke eta Azken Afariaren erliebea. Alboko kaleetan, lehenengo gorputzeko ebanjelioaren zatian, San Bartolome eta San Andres; bigarren gorputzean, San Bizente eta San Lorentzo; epistolaren zatian, San Paulo eta Santiago, eta haien gainean San Esteban eta San Antolin. Goiko solairuan, ezkerretik eskuinera, pasarte hauek: Ortuko Otoitza, Kalbariora Bidean, Zigorkadak eta Judasen Musua. Azkenik, errematxeko atikoan, Kalbarioaren pasartea, eta gainean frontoi triangeluarra, erdian Jainko Aita eta alboetan Adam eta Eva.
Erretaularen euskarriak kolomatxo balustratuak dira, erretaulako laukiak inguratzen dituzten beheratutako arkuak sustengatzen dituzten apaindutako taulamenduei eusten dietenak. Goiko aldean frontoi triangeluarra, kiribildutako hegalekin. Apaindura lehendabiziko Errenazimendukoa du, erromatarraren elementuz hornituta: gruteskoak eta «candelieri»erako konposizioak, maskorrak, gizon eta emakumeen buruak dituzten tondoak, eta kerubinak taulamenduan eta arkuarteetan.
Polikromia Juan de Anda margolari gasteiztarrarena da, erretaularen garaikidea, eta nabarmentzekoa da kalitateko urre txartatuaren erabilera, konbinaturik eremu urdin ilunekin, gorriminez estofatutako irudien arropekin, haragi-kolore matearekin eta esgrafiatutako lanekin, jantzietako mendeletan.
Estilo aldetik, lehenengo Errenazimenduko ezaugarriak ditu, eta horregatik bereiz litezke predela eta gainerako elementuak. Hortaz, erretaularen zati gehienetan oraindik gotiko berantiarraren eragina nabaritzen den arren seguru aski XVI. mende hasierakoa eta Juan de Gantek egindakoa baita, predela geroagokoa da, 1546 eta 1548 urteen artekoa, estilo adierazkorragoa islatzen du, eta egilea Juan de Ayala II.a dugu.
San Pedroko erretaula nagusia kalitate handikoa da, antzinatasunagatik nabarmentzen dena. Izan ere, Euskal Herriko erromatar garaiko erretaula zaharrenetakoa da, alegia, Errenazimenduko erretaulen hasierakoa. Historia aldetik ere garrantzitsua da, haren patronatua ongi dokumentatuta baitago. Polikromia garaikidea da, eta aski dokumentatua dago baita ere, eta horrek multzoaren balioa areagotzen du.
Erretaula: Artzainen gurtzaren triptikoa
Lekua: Aizarnako Andre Mariaren Natibitatearen parrokia-eliza
Herria-Udalerria: Zestoa
Lurraldea: Gipuzkoa
Pieter Aertsen-en taldeari egotzitako XVI. mendeko triptiko flandestarra. Hiru kaletan eta bi gorputzetan egituratuta dago, pasarteak ezin hobeki banaturik eta enkoadratuta daude. Aurkian, behe-aldean, Artzainen gurtza agertzen da, tamaina handiz eta eite karratuan; eskuinaldean Ama Birjinaren Ikustaldia, eta ezkerraldean Erdainkuntza. Goialdean, pasarteak markora egokituta dago, zeina polilobulatua eta irregularra baita. Hala, erdialdearen buruan Kristo Gurutzean dago, paisaia atzealdean duela; eskuinaldean Deikundea, Jainko Aitaren bedeinkaziopean, eta ezkerraldean Errege Magoen Gurtza. Taulen ifrentzuan emaile bikote bat, belauniko otoitzean: gizonezkoa Santiago Apostoluaren ondoan, eta emakumezkoa Alexandriako Santa Katalinaren ondoan.
Taulen kalitate artistikoa zalantzazkoa da, nahiz eta oro har maila altua izan. Irudiek kanon desberdinak dituzte: batzuetan perfekzio eta xehetasun handiko aurpegiak, eta beste batzuetan zabarragoak, feismorako joera eta guzti. Arroparen tolesduretan ere alde handiak daude batetik bestera; Deikunderen pasarteko oihalen kalitatetik beste parte batzuetako tolesdura ez hain naturalistetara. Azpimarratzekoa da, bestalde, erretaularen kolore-aberastasun argitsu aparta.
Aizarnako triptikoa oso interesgarria da, duen antzinatasunagatik 1540. urte ingurukoa da eta bai beste arrazoi batzuengatik ere, besteak beste duen tamainagatik, benetan handia baita, eta hori ez da oso ohikoa Herbehereetatik Euskal Herrira ekarritako lanen artean. Horretaz gainera, haren interes historikoa ere kontuan hartzekoa da, enkarguzko lana da-eta, non emaileen irudiak zinezko erretratuak diren, eta kalitate artistikoa ere bikaina da, ez bakarrik margolan autoktonoekin alderatuz gero, baita beste lan flandiarrekin konparatzen badugu ere.
Erretaula: San Barnaberen kaperako triptikoa
Lekua: San Pedro parrokia-eliza
Herria-Udalerria: Zumaia
Lurraldea: Gipuzkoa
mende hasierako triptiko flandestarra, taula bakoitzaren aurkian moldurarik gabeko bi pasarte erakusten dituena, bigarren mailakoak taula nagusiaren paisaiak probesten duelarik. Erdiko taulan, behealdean, emaileak ageri dira, belauniko, San Pedroren bi alboetan. Emaile gizonezkoen ondoan San Barnabe dago, eta emakumezkoen ondoan Alexandriako Santa Katalina. Goialdean Kalbarioa, emaileen pasartean baino figura txikiagoekin. Eskuineko hegalean Kalbariorako bidea ageri da, eta goialdean Ortuko Otoitzaren pasartea. Ezker hegoan Piztuera, eta haren gainean Pietate bat. Ifrentzu aldean, berriz, Deikunderen pasarte batzuk, Aingerua eta Ama Birjina ate banatan daudela.
Aurkian kolorea bizia eta distiratsua da, gorria batik-bat, bai eta berdea eta okreak ere. Ifrentzuan, aldiz, kolore ilunak baina beroak nagusitzen dira. Konposizioak interesgarriak dira, XV. mendeko eskema ospetsuetan oinarrituak.
Erretaularen interesa duen antzinatasunean datza, bai eta inportatutako lana izateagatik, XVI. mendekoa izan arren triptikoaren tipologiari eusten diolako. Kalitate artistiko ona dauka, eta nabarmentzekoa da oso ongi islatzen duelako garai hartan zer nolako atxikimendua zegoen hainbat ikonografia-gairekiko eta konposiziorekiko.
Babes-erregimen honek Euskal Kultur Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 12. artikulua du oinarri, eta helburua du honekin batera doan I. eranskineko erretaulak kultura-ondasun kalifikatuak deklaratzeko prozedura abian jartzea.
Babes-erregimen honen barruan sartuko dira I. eranskineko erretaulak, II. eranskineko sailkapenean deskribatzen eta mugatzen direnak.
Erretaulak direla-eta egiten diren esku-hartze guztietan nahitaez beteko dira babes-araubide honen arauak. Ondasun hori babes-araubidearen arabera kontserbatu beharko da, Euskal Ondareari buruzko Legearen 37.1 artikuluari jarraituz.
Euskal Kultura Ondareari buruzko Legeak bere 24. artikuluan dioenez, I. eranskineko erretaulen jabeek, edukitzaileek eta gainontzeko eskubide errealen titularrek informazioa eman beharko diete agintari eskudunei, lege hori aplikatzeko ezinbestekoa zaien bakoitzean.
Era berean, aurreko puntuan aipatutakoek agintariei utziko diete erretaulak ikusten, aldez aurretik baimena eskatuz gero eta ondasunak ikuskatzea egoki izanez gero. Gainera, ikertzaileei ere utziko diete erretaulak aztertzen, ardura duen Foru Aldunditik jasotako baimena erakutsirik.
Ondasuna bisitariei erakusteko baldintzak. Erretaulak bisitariei erakusteko Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 24.3 artikuluari jarraituko zaio. Administrazioak erretaulen bat gordailuan jasotzen duen bakoitzean, erretaula jendaurrean erakusteko eskubidea ere bereganatuko du, esandako legearen 40.2 artikuluak dioenez.
Erretaula saldu nahi duenak Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailari jakinarazi beharko dio asmo hori, jakinarazpena frogatzeko balio duen moduren batean eta Euskal Kultura Ondareari buruzko Legeak bere 25. artikuluan eskatutakoa beteta. Artikulu horrek baimena ematen dio Eusko Jaurlaritzari ondasuna lehentasunez erosteko edo, kasua bada, atzera eskuratzeko.
Erretaulak dauden tokian utziko dira, ez dira inguru arrotzen batean jarriko, daukaten zentzua galdu ez dezaten, eta erlijio-kultuko elementuak diren aldetik errespetatu egingo dira. Ardura duen Foru Aldundiak erabaki dezake erretaula behin behinean beste toki batera eramatea, ohiko tokiak ez baditu kontserbatzeko baldintzak betetzen, Euskal Kultura Ondareari buruzko 7/1990 Legearen 39.2 artikuluak dioenari jarraituta.
Euskal Kultura Ondareari buruzko 7/1990 Legearen 23. artikuluaren arabera, erretaula erabiltzeko edozein modu onartuko da, kontserbatzeko baldintzak bermatu eta erlijio-izaera errespetatuz gero.
I. ATALA
IRIZPIDE OROKORRAK
Kultura-ondasunean zuzenean edo zeharka egiten diren esku-hartze guztien helburua ondasun hori osorik babestea eta gerora begira osorik transmititzea da.
Onartzen diren esku-hartzeak hauek izango dira: ondoren adierazten diren jarduketei dagokienez egiten diren prebentziozko kontserbazioko edo babesteko lanak, kontserbaziokoak eta zaharberritzekoak:
Prebentziozko kontserbazioa edo babestea: zeharkako jarduerak burutzea, ondasuna erabili eta ondasunaz gozatu ahal izateko, baldintzarik onenetan, eta aldaketak eta kalteak saihesteko behar den guztia eginez, eta, bestalde, ondasuna egoera onean mantentzeko aldiro-aldiro behar diren jarduerak burutzea.
Kontserbatzea: jarduera tekniko zuzenak burutzea, kultura-ondasuna sendatzeko eta espero izatekoak diren kalteak ahalik eta gehien atzeratzeko.
Zaharberritzea: kultura-ondasunean jarduera zuzenak burutzea, hura hobeto ulertu ahal izateko, betiere haren osotasun estetiko, fisiko edo historikoa errespetatuta.
Kultura-ondasun kalifikatuaren prebentziozko kontserbazioa izango da lehenengo helburua, esku-hartze zuzenen aurretik. Hau da, lehenengo eta behin ahaleginak egin behar dira ondasunak aldaketarik ez jasateko, eta kalteak ahalik eta beranduen sor daitezen. Erretaulan zerbait egitekotan, kontserbazio egoki batek eskatzen duena baino ez da izango, edo, gehienez, ondasuna ulertu eta transmititzeko ezinbestekoa dena.
II. ATALA
PREBENTZIOZKO KONTSERBAZIOA EDO BABESTEA
Foru Aldundi eskudunak erretaulak mantentzeko plana egin ahalko du, horien egoera ikuskatu eta kontrolatzeko. Plan horren barruan ondokoa sartuko da:
Erretaula aldiro-aldiro ikuskatzea, garbitzeko eta izurriak bilatu eta deusezteko. Ezkutatuta dauden txokoak ere garbituko dira.
Erretaula dagoen tokiko baldintzak kontrolatzea (hezetasuna, tenperatura, argia, aireko elementu kutsatzaileak).
Erretauletarako kaltegarriak diren izakiei ugaltzen ez uztea, aldez aurreko tratamendu egokiak erabilita.
Erretaularen barneko egitura aldiro-aldiro ikuskatzea (hau da, taulak arkitekturara lotzeko sistemak eta ainguratzeko sistemak).
Erretaulen legezko jabe eta edukitzaileek Aldundiko teknikariei erretauletan lan egiten utziko diete, horiek mantentzeko plana burutu behar denean. Era berean, horretarako behar den informazio guztia emango diete.
Kalifikatutako erretaula dagoen eraikina ez badago legez babestuta, horretarako espedienterik egin ez delako, ahalik eta egoera hoberenean eutsiko zaio eraikinari, erretaula behar bezala kontserbatzeko baldintzak izan daitezen.
Euskal Kultura Ondareari buruzko 7/1990 Legearen 102. artikuluak agintzen duenez, erretaula dagoen eraikinean egiten diren obrak ondasun kalifikatua kontserbatzeko jardueratzat jo daitezke.
Erretaulak aldiro-aldiro garbitzerakoan erabiltzen diren prozedurak ez dira inola ere bortitzak izango eta produktu kimikoak ahalik eta gutxienetan erabiliko dira. Zerbait xurgatu behar bada, indar txikiko sistemen bidez egingo da, erretaulen atzealdean izan ezik.
Erretaulan eta haren inguruan ez da inola ere kandelarik jarriko edo erabiliko, ezta lekua berotu edo hozteko sistemarik ere, horiek arriskutsuak badira erretaularen ingurumen-girorako.
Erretaularen egituran edo horren inguruetan ez da inolako instalazio elektrikorik jarriko, ezta argitzeko instalaziorik ere, horiek arriskutsuak izan daitezke-eta.
III. ATALA
KONTSERBATZEKO ETA ZAHARBERRITZEKO JARDUKETAK
Erretaulan burutzen diren esku-hartze zuzen guztiak adituek nabaritzeko modukoak izango dira, elkarrekin bateragarriak eta egonkorrak, eta posible izango da egindakoa deuseztea. Erabiltzen diren produktuak, materialak eta prozedurak ez dira ondasunerako kaltegarriak izango. Ahaleginak egingo dira geroko azterketak, tratamenduak eta analisiak ez eragozteko.
Erretaulari ez zaio inolako materialik kenduko, bi kasutan izan ezik: kentzea ezinbestekoa bada ondasuna babesteko, edo bertan materialen bat uztea kaltegarria bada ondasunaren balore historiko eta estetikoak mantentzeko. Irizpide anitzak badaude eta ezin badira adostu, arlo anitzeko batzordea osatuko da eta horrek erabakiko du.
Esku-hartze guztiak dokumentuetan agertuko dira, eta haien helburua izango da beti ondasun babestuarekin bat ez datozen elementuak eta ondasunaren balorea kaltetzen duten elementuak kentzea. Kendu nahi den guztia esku-hartzeen egitasmo teknikoan aipatu beharko da, eta egitasmo hori ondorengo artikuluari jarraituz egingo da.
Erretaulan esku-hartze zuzenen bat burutu aurretik, haiei buruzko proiektu teknikoa egingo da. Horretarako, arlo anitzeko talde bat osatuko da, bertan honelako adituak sartuko direla: kontserbatzaileak, zaharberritzaileak, historialariak eta ondasun hauen gaixotasunak detektatu eta sendatzen adituak.
Esku-hartzeko proiektu teknikoan hauek sartuko dira:
Diagnostikorako ikerketa. Horren barruan:
Erretaularen dokumentazio fotografiko eta planimetriko osoa.
Erretaularen ikerketa historiko eta artistikoa, historia materiala barne, eta pieza bakoitzaren txosten historiko eta artistiko osoa, fitxa teknikoekin ere.
Erretaularen kontserbazio-egoeraren azterketa eta diagnostikoa, patologiak eta kalteen jatorriak ere azalduta.
Esku hartzeko jarduerak aurrera eramateko egitasmoa. Horren barruan sartuko direnak:
Esku-hartze bakoitzaren proposamena. Horretan adieraziko dira egin beharreko lanak, erabiliko diren materialak eta teknikak, eta jarduketen balorazio justifikatua.
Jardueraren kronograma, egitasmoa betetzeko aldiak eta epeak deskribatuko dituena.
Erretaula mantentzeko eta haren prebentziozko kontserbaziorako teknikak eta baliabideak.
Jarduera zuzenak burutu ahal izateko beharrezkoa izango da Foru Aldundi eskudunaren baimena eskuratzea, Euskal Kultura Ondareari buruzko 7/1990 Legearen 38.1 artikuluak aginduta. Baimena emateko ala ez emateko, Aldundiak aurreko artikuluan aipatutako azterketa eta diagnostikoa ikusiko ditu, baita esku-hartzeen egitasmo teknikoa ere.
Erretauletan ezinbestekoak diren jarduerak baino ez dira burutuko; batez ere, erretaularen ezaugarriak errespetatuko dira eta, beraz, tratamendu sakonegiak baztertzekoak izango dira, ahal den neurrian, baita zaharberritzerakoan irudimena gehiegi erabiltzeko edo interpretazio bitxiak emateko joerak ere. Ondasunaren historikotasuna ere zainduko da.
Erretaula kalifikatuak kontserbatu eta zaharberritzeko lanak profesional kontserbatzaile eta zaharberritzaileen eskuetan utziko dira beti.
Erretaulak kontserbatzeko tratamendu edo metodoren bat aplikatu aurretik, saioak egingo dira, kaltegarria ez izateaz gain eraginkorra dela egiaztatzeko.
Aurreko puntuko probak ahalik eta mugatuenak izango dira, eta erretaulan gutxien ikusten diren aldeetan egingo dira.
Ondasuna kontserbatzeko erabiltzen diren tratamendu edo metodoetan beti material egokiak erabiliko dira, lanetan atzera egiten uzten dutenak, ahal bezainbeste. Gauza frogatua izango da material horiek ondasunak zaharberritzeko eraginkorrak direla. Esan gabe doa arte-lanaren osagaiak ez direla inola ere hondatu behar; beraz, tratamendu kimiko indiskriminatu eta masiboak baztertuko dira.
Aurreko artikuluetan erretaulak kontserbatu eta zaharberritzeko irizpide orokorrak abiapuntutzat hartuta, hona berariazko erretaulen elementu bakoitzari dagozkion betebehar espezifikoak:
Polikromiak.
Polikromia-geruzak eta gune urreztatuak finkatu behar badira, aldez aurretik nonbait erabilitako formulak aukeratuko dira horretarako. Eranskin historikoak ez dira kenduko, kasu batean izan ezik: kentzea ezinbestekoa bada obraren balore historikoa egokiro neurtzeko. Faltsu historikoak saihestu behar dira beti; hori dela-eta, erretaulako polikromia-mailen ikerketa osoa egin behar da. Eranskin historikoren bat kentzeko, adituak guztiz seguru egon behar du hori komenigarriena dela. Bestalde, jatorrizko polikromiaren patina kontserbatu behar da, ahal izanez gero. Nolanahi ere, esku-hartze egitasmoan eranskina baloratuko da eta bera kentzeko dauden arrazoiak azalduko dira, ondo azaldu ere.
Pintura berrintegratzeko lanei dagokienez, horiek ahalik eta gutxienetan egingo dira: obra bere osotasunean ulertzeko ezinbestekoak direnean baino ez. Kasu horretan, bolumenak ez dira berregingo, integrazio optikoko teknikak erabiliko dira eta berrintegrazioaren detaileak ageri-agerian utziko dira. Azkenean ematen den babes-produktuak ez ditu polikromiaren tonu kromatikoak aldatuko eta iraunkorra eta aldagaitza izan beharko du. Gainera, erretaula ondo kontserbatzeko behar bezain iragazkorra izango da.
Iruditeria eta egitura nagusia.
Bolumenak ez dira berrintegratuko, kasu batean ez bada: obra ulertzea eta obrak irautea oso gauza zailak bihurtzen direnean. Pitzadurak betetzerakoan ingurua ez da berregingo eta fantasiazko berrintegrazioak saihestuko dira. Bestalde, eroritako zatiak ez dira beren lekura itzuliko, hori egitea arriskutsua bada polikromia edo gune urreztaturako, edo horrela erretaularen beste piezak erortzeko arriskuan jartzen badira. Oro har, zerbait gehitzekotan, piezak eta osotasuna batera kontserbatzeko behar-beharrezkoa dena baino ez da izango.
Armazoia.
Armazoia ez da ordeztuko, ordeztea nahitaezkoa ez bada. Beharrezkoa bada, armazoi-tipologiaren araberako egitura-diseinuarekin bat egingo da. Erabiltzen diren materialak oso egonkorrak izango dira, hondatu ohi dituzten eragileei aurre egiteko modukoak.
Nolanahi ere, esku hartzeko berariazko irizpideak obraren beharrei egokituko zaizkie eta detaile guztiekin deskribatuko dira esku-hartzeen egitasmoan, 15. artikuluari jarraituz.
Erretaula kontserbatu eta zaharberritzeko desmuntatzea ezinbestekoa bada, esku-hartzeen egitasmo teknikoan desmuntatze-egitasmoa sartuko da. Azken hori osatuko dutenak: argazki-txostenak, desmuntatzeko hartutako planoak, jarritako siglak eta beste seinaleak, neurtutako maila eta kota orokorrak, eta erretaula behar bezala muntatzeko behar den guztia. Desmuntatze-egitasmoan kalifikatutako erretaula desmuntatzeko epeak ere jasoko dira, desmuntatuta edukitzekoak eta berriz muntatzeko epeak, baita piezak gordeko diren lekua eta baldintzak ere.
Erretaula zaharberritzeko lanak bukatu eta gero, horren gaineko txostena egingo da, horren berri dokumentuetan jasota uzteko. Txostenean ondorengoa adieraziko da:
Lanen arduradunen izenak eta lanak egin diren datak.
Erretaularen deskribapena: nola zegoen ezer egin aurretik eta zein elementu aldatu diren.
Erretaula tratatzeko edo kontserbatzeko metodoaren justifikazioa, erabilitako materialak aipatuta.
Erretaularen egoerari buruzko azken balorazioa, zuzendu ahal diren arriskuak eta baldintza desegokiak aipatuta, horrelakorik egotekotan, eta kontserbatzeko teknikak eta baliabideak azalduta.
Esku-hartze txostena tokian tokiko Foru Aldundiko Kultura Zerbitzuetara bidaliko da, baita Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritzara ere.
Ondasun kalifikatua lekuz aldatzea ondorengo kasuetan onartuko da:
Dagoen lekuan ez badira betetzen babesteko gutxieneko baldintzak. Kasu horretan, erretaula ez da hor jarriko, kaltearen iturria desagertu arte.
Erretaulan egin beharreko lanek eskatzen badute. Lan horiek bukatutakoan, erretaula bere tokian jarriko da berriro.
Aldi bateko erakusketaren baterako posible izango da erretaula lekuz aldatzea, osorik zein zatika, baina beti kontserbatu, mugitu eta erakusteko gutxieneko baldintzak beteta, kalterik jasan ez dezan.
Leku berria zaharra baino hobea dela frogatzen denean, erretaula bere babes-araubidearen arabera kontserbatzeari dagokionez.
Nolanahi ere, erretaula betiko tokitik kanpo dagoen bitartean, ziurtatuko da gordetzen den tokian kontserbatzeko baldintza guztiak betetzen direla. Horren egiaztatzea tokian tokiko Foru Aldundian erakutsi beharko da.
Erretaula toki berrira eraman baino lehen, horretarako proiektua landu beharko da. Proiektu hori Euskal Ondarearen Zuzendaritzak onartu beharko du.
Erretaula tokiz aldatzeko proiektuan ondorengoa agertuko da:
Tokiz aldatzeko baldintzak. Erabiliko diren garraiobideak eta babesak zehazki deskribatuko dira hemen.
Toki berria zein den. Babes-araubidearen arabera kontserbatuko dela bermatzen duten baldintzak deskribatuko dira.
Erretaula eta bere inguru berriaren arteko lotura, bata besteari nola egokitzen zaion esanda.


