Euskadi.eus
  • EBAZPENA, 2010eko martxoaren 25ekoa, Hezkuntzako sailburuordearena. Honen bidez, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako graduatu titulua lortzeko proba berezirako dei egiten zaie etapa horretan gehienez ere bost ikasgai gainditzeke duten ikasleei. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus

Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2010eko martxoaren 25ekoa, Hezkuntzako sailburuordearena. Honen bidez, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako graduatu titulua lortzeko proba berezirako dei egiten zaie etapa horretan gehienez ere bost ikasgai gainditzeke duten ikasleei.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 71
  • Hurrenkera-zk.: 2089
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2010/03/25
  • Argitaratze-data: 2010/04/19

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

Abenduaren 29ko 1631/2006 Errege Dekretuaren bitartez Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako gutxieneko irakaskuntzak ezartzen dira. Dekretu horren 1.1 artikuluan, berriz, ezartzen denez, etapa horrek lau ikasturte ditu, normalean hamabi urtetik hamasei urte bitartean egingo direnak, eta, orokorrean, ikasleek eskubidea izan dute erregimen arruntean jarraitzeko harik eta ikasturtea amaitzen den urtean hamazortzi urte bete arte.

Era berean, 15. artikuluan ezartzen dira zein baldintza bete behar diren ikasleek Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako graduatu titulua lortzeko; eta bertan zehazten ezartzen denez, Hezkuntza-administrazioek ezarri ahal izango dute etapa hori amaitzean Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako titulua lortu ez baina 1.1 artikuluak aipatutako gehienezko adina dutenek hurrengo urte bietan urtean proba bana izan ahal izango dutela kalifikazio positiborik gabe dituzten ikasgaiak gainditzeko, baldin eta bost baino gehiago ez badira.

Otsaileko 3ko 23/2009 Dekretuaren bitartez, Batxilergoko curriculuma finkatu eta Euskal Autonomia Erkidegoan ezartzen da. Dekretu horren azken xedapenetatik lehenengoak urriaren 16ko 175/2007 Dekretua aldatu zuen, hau da, Oinarrizko Hezkuntzako curriculuma finkatu eta Euskal Autonomia Erkidegoan ezartzen duen Dekretua, eta sartu egin zuen abenduaren 29ko 1631/2006 Errege Dekretuan gainditu gabeko ikasgaien inguruan ikasle horientzat aurreikusten duen proba berezia.

Ebazpen honek arautu egiten du zein baldintzetan egin behar den proba hori 2009/2010 ikasturtetik aurrera, pertsona horiek era izan dezaten Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako graduatu titulua lortzeko.

Horren ondorioz, hau

Lehenengoa. Xedea eta aplikazio-eremua.

  1. Ebazpen honen xedea da proba bereziko urteroko deialdia arautzea, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan gehienez ere bost ikasgai gainditu gabe duten ikasleek etapa horretako graduatu titulua lortu ahal izan dezaten.

  2. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza emateko baimena duten ikastetxe guztietan aplikatuko da ebazpen hau.

    Bigarrena. Proba egin ahal izateko baldintzak.

    Ikasleek proba hau egin ahal izango dute, baldin eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eskolatze-aldia amaitu eta titulua lortu ez badute. Horretarako baldintza hauek bete behar dituzte:

    1. Proba egiten duten urteko abenduaren 31 baino lehenago 18 urte beteta izatea.

    2. Titulua lortzeko, bost ikasgai izatea gehienez ere gainditu barik.

    3. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza amaitzen denetik eskabidea egiten denera bi urte baino gehiago ez igarotzea.

    4. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza graduatu titulua lortzeko bestelako ikastaro batean matrikulatuta ez egotea.

      Hirugarrena. Proba berezia: eskabideak eta egutegia.

      1. Eranskinean ezarritako ereduaren bitartez eskatuko du ikasleak proba hori egiteko onartzeko, eta eskaera hori apirilean aurkeztu beharko du etapako laugarren maila azkenengoz egin duen ikastetxean edo curriculum aniztasuneko programako azken urtean egin duenean.

      2. Izena ematen duenean, ikasleak bizitokia udal batetik bestera aldatzen badu, proba egiteko eskatzeko, eranskinean ezarritako eredua erabili eta Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko dagokion lurralde-ordezkaritzan aurkeztu beharko du. Hezkuntzako Ikuskaritzak zehaztuko du zein ikastetxetan egingo duen proba.

      3. Maiatza amaitu baino lehenago, ikastetxeek argitara emango dituzte eskatzaileen izenak eta probaren xede diren ikasgaiak, baita zein tokitan eta ordutegitan egingo diren ikasgai bakoitzeko ariketak.

      4. Ikastetxeek aldi berean egin ahal izango dituzte proba berezi honetako ariketak eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan izena emanda duten ikasleen deialdi berezikoak; edozelan ere, ekainaren 30 baino lehenago egingo dituzte.

        Laugarrena. Probaren edukia eta garapena.

      1. Aztertu eta gainditu behar diren ikasgai adina ariketa izango ditu proba bereziak Ariketa bakoitza gehienez ere 90 minutukoa izango da. Ikasleren batek hiru ariketa baino gehiago egin behar baditu, probaren egutegia egun bitan antolatuko da, gutxienez.

      2. Ariketek kontuan izango dute indarrean dagoen arautegiak zein curriculum ezarri duen ikasgai bakoitzerako. Ikasgaia zein ikastetxeri atxiki, ikastetxe horretako departamentuak prestatu, aplikatu eta zuzenduko ditu ariketak, baina departamentu hori ez badago, proba egiten den ikastetxeko zuzendariak izendatuko du zein irakasleek egingo duten lan hori.

        Ikastetxean ematen ez den ikasgai baten gaineko ariketarik egin behar izanez gero, ikastetxeko zuzendaritzak izendatuko du zein irakaslek arduratu behar duten horretaz.

      3. Ikasleek Curriculum Aniztasuneko Programa egin badute, proba independente eta bereziak egongo dira programa horretako arloak ebaluatzeko.

      4. Ikastetxeek parte-hartzaileei jakinaraziko diete ariketa jakin batzuk egiteko atzerriko hizkuntzako hiztegia eta kalkulagailu ez programagarria erabili ahal duten.

        Bosgarrena. Ebaluazioa eta erreklamazioak.

      1. Ariketak egin eta gero, departamentuetako burutzak edo, behar izanez gero, izendatutako irakasleak ebaluazio-saioan bilduko dira, zuzendaria buru dela, titulazio-proposamenen inguruan erabakitzeko.

      2. Ikasgai bakoitzaren ebaluazioa dagokion irakasleak egingo du, materia bakoitzeko ebaluazio-irizpideak kontuan hartuta.

      3. Oinarrizko Hezkuntzako ikasleen ebaluazioari buruzko 2008ko uztailaren 7ko Aginduan ezarritako moduan adieraziko dira ikasgai guztietan lortutako kalifikazioak eta jaso ere horrela jasoko dira aktetan. Zerrendetan jasoko dira nortzuk diren probetako parte-hartzaileak, zain kalifikazio lortu duten ikasgai guztietan eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako graduatu titulua emateko proposatzen den ala ez. Ikasleren bat ikasgai bateko probara aurkezten ez bada, ez aurkeztu (EA) moduan jasoko da; beraz, kalifikazio negatiboa izango du ondorio guztietarako.

      4. Ebaluazio-aktak ikastetxeko iragarki-taulan argitaratuko dira probak egin eta zazpi egunera. Gainera, ikastetxeetan adierazi egin beharko dute ikasleek zelan eskatu ahal dizkieten argibideak ikasgai bakoitzaz arduratzen diren irakasleei, eta, behar izanez gero, lortutako emaitzen inguruko erreklamazioak aurkeztu ahal izango dituzte, hori ezartzen baitu 2008ko uztailaren 7ko Aginduak, Oinarrizko Hezkuntzako ikasleen ebaluazioari buruzkoak.

        Seigarrena. Tituluak ematea.

        Deialdi guztietan, probak egiten dituen ikastetxeak berak ofizioz eskatuko du Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako graduatu titulua emateko ikasleei, titulua lortzeko proposatutakoei, Oinarrizko Hezkuntzako ikasleen ebaluazioari buruzko 2008ko uztailaren 7ko Aginduaren 21. artikuluan aurreikusitakoaren arabera.

Ikastetxeek proba berezi honetan matrikula egiteko epea jakinaraziko diete ikasle zaharrei, hau da, proba horretara aurkezteko baldintzak betetzen dituztenei.

Indarrean jartzea. Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2010eko martxoaren 25a.

Hezkuntzako sailburuordea,

M.ª ANTONIA OZCARIZ RUBIO.

Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako graduatu titulua lortzeko probak egiteko urteko deialdian izena emateko eskabidea

  1. Datu pertsonalak

    Lehenengo abizena:

    Bigarren abizena:

    Izena:

    NAN/Pasaportea: Jaioteguna ____/__/__

    Telefonoa/Posta elektronikoa:

    Helbidea: Posta-kodea

    Herria:

    Zein ikastetxetan amaitu zenuen derrigorrezko bigarren hezkuntzako eskolatze-aldia?

  2. Ebaluazio negatiboko ikasgaiak edo arloak

  3. Erantsitako dokumentazioa (ikastetxez aldatu bada)

    Erroldaren ziurtagiria

    Ikasketen historialaren fotokopia konpultsatua

    BAI n EZ n Iazko deialdira aurkeztu da.

    AITORTZEN DUT: ez nagoela matrikulatuta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako graduatu titulua lortzeko bestelako ikasketetan. __-__ ikasturtean ikastetxe horretan egon nintzen matrikulatuta eta benetakoak dira inskripzio-eskabide honetan jasotzen diren datuak.

    ESKATZEN DUT Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako graduatu titulua lortzeko urteko deialdian parte hartzeko onartzea

    ____________________-n, 20_ko ________-ren______________-(e)an

    (Ikastetxeko zigilua) (Sinadura)

    Zuzendari jauna/andrea:.................. IKASTETXEKO ZUZENDARIAK

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik