- EBAZPENA, 2010eko apirilaren 16koa, Energia eta Meategien zuzendariarena, ondoko proiektuari baimena emateko Repsol Butano SAk egindako eskaerari dagokiona: «Petroliotiko Gas Likidotua biltegiratzeko estazioa, Sapur 5 sektorea gas kanalizatuz hornitzeko», hain zuzen ere, Sopuertako udalerriko Camino de la Sotako etxe- eta merkataritza-erabileretarako. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus
Arautegia
InprimatuEBAZPENA, 2010eko apirilaren 16koa, Energia eta Meategien zuzendariarena, ondoko proiektuari baimena emateko Repsol Butano SAk egindako eskaerari dagokiona: «Petroliotiko Gas Likidotua biltegiratzeko estazioa, Sapur 5 sektorea gas kanalizatuz hornitzeko», hain zuzen ere, Sopuertako udalerriko Camino de la Sotako etxe- eta merkataritza-erabileretarako.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Ebazpena
- Organo arau-emailea: Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 154
- Hurrenkera-zk.: 3774
- Xedapen-zk.: ---
- Xedapen-data: 2010/04/16
- Argitaratze-data: 2010/08/12
Gaikako eremua
- Gaia: Ekonomi Jarduerak; Garraio eta herri lanak
- Azpigaia: Industria
Testu legala
Erreferentzia: GUD-P-Sop - CG-B-09/30 - LUI/BMR.
Energia.
Miguel A. Pinedo Aguirre jaunak, Repsol Butano SAren izenean eta ordez, aldez aurretiko baimen administratiboa eskatu zuen 2009ko abenduaren 30ean, PGLren biltegiratzeko estazioko instalazioak eraikitzeko, hain zuzen ere Sopuertako udalerrian (Bizkaia) Camino de la Sotako Sapur 5 sektorea gas kanalizatuz hornitzeko.
Espedientea ebazterakoan beharrezkoa da honako hauek aintzat hartzea eta aipatzea:
Bat. Repsol Butano SAk 2009ko abenduaren 30ean eraikitze- eta exekuzio-proiektua aurkeztu zuen, aldez aurretiko baimen administratiboaren eskaerarekin batera, PGL biltegiratzeko estazioa eraikitzeko, hain zuzen ere Sopuertako udalerrian (Bizkaia) Camino de la Sotako Sapur 5 sektorea gas kanalizatuz hornitzeko.
Bi. Espedientea jendaurrean jarri zen eta iragarkia 2010-01-27ko El Correo eta Deia egunkarietan, 2010-02-01eko BAOn eta 2010-03-04ko EHAAn argitaratu zen; bestalde, Sopuertako Udalari igorri zitzaion, eta bertako iragarki-oholean jarri zen. Lehia egiteko proiekturik ez da aurkeztu, ez eta alegaziorik ere.
Hiru. 2010eko urtarrilaren 20an txostena eta baldintzak galdegin zitzaizkion Sopuertako Udalari. Hala ere, ez da inolako baldintzarik igorri aipatutako epean, 2010eko martxoaren 16an berriz eskatu zen arren.
Lau. Repsol Butano SAk Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Sailaren idazki bat aurkeztu zuen 2010eko apirilaren 8an, eta bertan jakinarazten zen proposatutako esku-hartzeak ez diola kalterik egingo eragindako aldeko inongo ondare arkeologiko ezaguni.
Ebazpenak oinarri hauek ditu:
Bat. Energia eta Meategien Zuzendaritza da espediente hau ebazteko organo eskuduna, betiere Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen dituen irailaren 24ko 514/2009 Dekretuan ezarritakoaren arabera (2009-09-24ko EHAA).
Bi. Hidrokarburoen Sektoreari buruzko urriaren 7ko 34/1998 Legean ezartzen denez (1998-10-08ko BOE), gasa biltegiratu eta banatzeko instalazioak eraikitzeko, aldez aurretik administrazio-baimena izan beharko da.
Hiru. Espedientea izapidetzeari zein edukiari dagokienez eta Repsol Butano SAk aurkeztutako argibideei dagokienez, egiaztaturik dago bete direla legeriak ezarritako betekizun eta baldintzak.
Laugarrena. Proiektua egiteko, eskatzaileak, hau da, Repsol Butano SAk arlo ekonomikoan, finantzarioan, legezkoan eta teknikoan gaitasuna duela egiaztaturik dago.
Aipatutako lege-manuak, eta, oro har zein berariaz, gai honetan aplikagarri diren gainerako xedapen guztiak aintzat hartuta, honakoa
Bat. Sopuertako Udalerrian, Camino de la Sotako Sapur 5 sektorea kanalizazio bidezko gasez hornitzeko PGLren biltegiratze-estazioaren instalazioa baimentzea Repsol Butano Sari; hona hemen instalazioaren ezaugarri nagusiak:
Gas propanoa biltegiratzeko lurrazpiko bi biltegi; bakoitzak 13 m3-ko edukiera izango du, eta biak Sapur 5 sektorean egongo dira, aurkeztutako proiektu teknikoaren 9. planoan zehazten denez. Erregulazio-linea bana izango dute, unitateko eta orduko 100 kg-ko edukiera eta sarerako irteeran 1,75 kg/cm˛-ko gehienezko presioa dutenak.
Dentsitate ertaineko polietilenozko hodi bidezko banaketa-sarea, B tarteko presioduna, SDR 11 DN 40 motakoa (UNE EN 1555-2 arauaren arabera); 780 m ditu luze sareak. Hartuneetarako material berdina erabiliko da, eta diametroa 32 mm-koa izango da.
Aurkeztutako proiektuko memorian eta planoetan deskribatuta daude sarearen ibilbide osoa eta ezaugarriak.
Bi. Baimen honek honako baldintzak bete beharko ditu:
Horniketa egingo deneko aldearen mugak eta alde horretan eskatzaileak sarea hedatzeko dituen konpromisoak aurkeztutako proiektuko 9. planoan zehaztuta daude.
Baimen honen bidez berretsitako konpromisoaren ondoriozko betebeharrak konplitzeko berme gisa, hirurehun eta hogeita zazpi euro eta hirurogeita hamazortzi zentimoko (327,78) fidantza aurkeztuko du Repsol Butano SAk, bi hilabeteko epean, ebazpen hau argitaratzen den egunetik hasita, betiere urriaren 7ko 34/1998 Legearen 73.4 artikuluan ezarritakoari jarraiki. Zenbateko hori proiektu teknikoko aurrekontuaren % 2ri dagokio. Uztailaren 21eko 1775/1967 Dekretuko 11. artikuluaren 3. paragrafoan xedatutakoarekin bat etorriz, eskudirutan edo Estatuko baloretan edo banku-abalen bidez aurkeztu beharko da fidantza hori, Euskal Autonomia Erkidegoaren Gordailuen Kutxa Nagusian; edo, bestela, aseguru-erakunderen batekin egindako aseguru-kontratu bidez, betiere, aseguru-entitatea honako xedapen hauen menpe baldin badago: Aseguru Pribatua Antolatzeari buruzko 1954ko abenduaren 16ko Legea, abuztuaren 2ko 33/1984 Legea eta Espainia EEEri atxikitzeko itunaren ondoriozko konpromisoei egokitzeari buruzko ekainaren 6ko 1255/1986 Legegintzako Errege Dekretua. Fidantza aurkeztu eta hilabeteko epean, eskatzaileak agiri bidez egiaztatu beharko du egindako gordailua, Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailaren Bizkaiko Lurralde Bulegoan. Instalazioak baimendu eta horiek ezartzeko baimenean ezarritako epeetan eraiki ondoren eta, halaber, eskudun lurralde organoek haiek martxan jartzeko akta edo aktak formalizatu ondoren, Repsol Butano SAri fidantza itzuliko zaio.
Instalazioak burutzeko epea 12 hiletik beherakoa izango da, baimena azkenekoz argitaratzen denetik hasita.
Instalazioak guztiz edo zati batean, martxan jartzeari buruzko akta formalizatzen den egunetik harako 30 egunetik beherako epean hasi beharko du gasa eramaten Repsol Butano SAk.
Instalazioek honako arautegi honetan ezarritakoa bete beharko dute: Industria eta Merkataritza Ministerioaren 2006ko uztailaren 28ko 919/2004 Errege Dekretua (2006-09-04ko BOE, 211. zenbakia), Gas-erregaiak erabili eta banatzeko arautegi teknikoa onartu zuena.
Banaketa-sareko adar bakoitzak bereizketa-giltza izan beharko du.
Arauzko arrazoiak direla-eta eraikineko giltza bazter baliteke ere, hartune-giltzak eduki beharko ditu sareak.
Horniketa seguruago eta malguagoak erdiesteko eta gasaren alorreko aurrerakuntza teknikoei erantzuteko taxutu beharko dira instalazioak, eta, bereziki, gas naturala kanalizatzeko ere erabili ahal izateko.
Hasierako baimena eman zuen agintaritzak baimendu beharko du instalazio hauek transmititzea.
Eskatzen duten kontsumitzaile guztiei egingo zaie kanalizatutako gas erregaien horniketa, betiere proiektuari doakion eremuko alde geografikoetan eta arauzko kalitate eta segurtasun baldintzetan.
Baimen honek aipatzen dituen gas-banaketarako instalazioak gas naturalarekin erabili ahal izateko, titularrak baimena eskatu beharko du, eta gas naturala banatzeko instalazioetarako indarrean dauden xedapenei men egin beharko die uneoro.
Repsol Butano SAk behar bezala hornitu beharko du, eta instalazioak behar bezala eta eraginkortasunez zaindu; matxurak konpondu, erreklamazioak artatu eta oro har, erabiltzaileei erantzun. Izan ere, instalazioak egoera onean eduki behar ditu eta ongi funtziona dezaten arduratu behar du; horretarako, arauzko kontrolak, probak eta azterketak egingo ditu, betiere, Gas Erregaiak Banatu eta Erabiltzeko Araudi Teknikoaren (919/2006 ED) ICG-01 jarraibide teknikoaren 6. puntuan xedatutakoari men eginez.
Hiru. Jesús Ruiz Ferreiro meatze-ingeniari teknikoak izenpetu eta 2009-12-29an Euskal Autonomia Erkidegoko, Nafarroako, Errioxako eta Soriako Meatze Ingeniari Teknikoen Elkargo Ofizialak bisatutako proiektuarekin bat etorriz egin beharko dira baimentzen diren instalazioak.
Lau. Baimen hau emateak ez du esan nahi udalen edo probintzien eskumenpeko baimen edo lizentzien eta beharrezko diren bestelakoak eskuratu behar ez direnik, gas-instalazioen obrak egiteko beharrezko diren neurrian. Halaber, inoren eskubideei kalterik egin gabe eta jabetza-eskubideari eutsiz ematen da.
Bost. Edozelan ere, baimen hau ez da ematen monopolio-erregimenean eta ez du ekarriko eskubide esklusiborik.
Sei. Abian jartzeko akta lortzeko, Bizkaiko Lurralde Ordezkaritzan honako hauek aurkeztu beharko dira: obra zuzendaritzari dagozkion ziurtagiriak, eraginpeko erakundeen proba eta baimenei dagozkienak, eta «as built» planoak, non gas-sarearen egoera eta sare hori beste zerbitzu batzuekin non gurutzatzen den zehaztuko baita.
Ebazpen honek ez dio administrazio-bideari amaiera ematen, eta, ondorioz, gora jotzeko errekurtsoa ezar daiteke Industria eta Energia Sailburuordetzan, honako ebazpen hau jakinarazi eta hurrengo egunetik hasita, hilabeteko epean; halaxe dago ezarrita Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legea aldatzen duen 4/1999 Legean.
Vitoria-Gasteiz, 2010eko apirilaren 16a.
Energia eta Meategien zuzendaria,
OSKAR ZABALA RABADÁN.


