Euskadi.eus
  • EBAZPENA, 2010eko apirilaren 20koa, URA-Uraren Euskal Agentziaren zuzendariarena, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak eta URA-Uraren Euskal Agentziak kudeaketa gomendatzeko egindako akordio bat argitaratzea xedatzen duena. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus

Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2010eko apirilaren 20koa, URA-Uraren Euskal Agentziaren zuzendariarena, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak eta URA-Uraren Euskal Agentziak kudeaketa gomendatzeko egindako akordio bat argitaratzea xedatzen duena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Uraren Euskal Agentzia
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 135
  • Hurrenkera-zk.: 3442
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2010/04/20
  • Argitaratze-data: 2010/07/15

Gaikako eremua

  • Gaia: Administrazioaren antolamendua; Hezkuntza
  • Azpigaia: Herri Administrazioa; Sailak; Funtzio publikoa

Testu legala

URA-Uraren Euskal Agentziak eta Herri Arduralaritzaren Euskal Institutuak 2010eko apirilaren 20an akordioa sinatu dute Herri Arduralaritzaren Euskal Institutuari gomendatzeko Ura erakundeak 2010eko Lan Eskaintza Publikorako hautaketa-probak egiteko beharrezko izango den kudeaketa material eta teknikoa egin dezala. Hautaketa-prozesu horietarako deia 2009ko azaroaren 18ko Aginduaren bidez egin zuen URAren Administrazio Kontseiluak.

Honen bidez xedatzen da akordio hori ebazpen honen I. eranskin gisa argitara dadila, guztiak jakinaren gainean egon daitezen.

Vitoria-Gasteiz, 2010eko apirilaren 20a.

Uraren Euskal Agentziako zuzendari nagusia,

IÑAKI URRIZALQUI OROZ.

KUDEATZEKO GOMENDIOARI BURUZKO AKORDIOA, ZUZENBIDE PRIBATUKO URA ERAKUNDE PUBLIKOAREN ETA HERRI ARDURALARITZAREN EUSKAL ERAKUNDEAREN ARTEKOA

Vitoria-Gasteiz, 2010eko apirilaren 20a.

BILDUTA:

Alde batetik, María Encarnación Echazarra Huguet Andrea, IVAP erakundearen zuzendaria, eta, bestetik, Iñaki Urrizalqui Oroz jauna, Uraren Euskal Agentziaren zuzendari nagusia.

ADIERAZI DUTE:

URA erakundearen Administrazio Kontseiluak 2009ko azaroaren 18an onartu zuen erakunde horretako Lanpostu Eskaintza Publikoa, egun horretan bertan hartutako akordio baten bidez.

Uztailaren 6ko 6/1989 Legeak, Euskal Funtzio Publikoari buruzkoak, hauta-proben arteko elementu homogenizatzaile izateko ahalmena eman dio IVAPi, izan era, arau horren 29. artikuluak xedatzen du administrazioek aukera izango dutela bertan lan egingo duen jendea erakunde autonomo horren bitartez aukeratzeko, horretarako hitzarmen bat sinatuz gero.

Bi erakundeak prest daude eskuera dauzkaten bitarteko guztiak erabiltzeko, hautaketa-prozesuak berdintasunaren, merituaren eta gaitasunaren printzipioen arabera egin daitezen, enplegu publikoa eskuratzekotan ezinbestean bete beharrezkoa dira eta.

Halatsu, hautaketa-prozesuak egitean, baliabideak kudeatzeko ahalik eta arrazionaltasun handienaz jokatzen saiatzeko prest daude, eta behar besteko arintasuna, gardentasuna eta zerbitzu publikoko kalitatea emateko.

Egoera horretan erabaki dute bi erakundeen kudeaketa gomendio sinatzea, zehazki, klausula hauen arabera.

KLAUSULAK

Lehenengoa. Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 15. artikuluak xedatzen duenez, Uraren Euskal Agentziak eta Herri Arduralaritzaren Euskal Institutuak erabaki dute, eraginkortasunaren mesedetan, IVAPek Uraren Euskal Agentziarekin lankidetzan jardun behar lukeela lehen aipatutako prozesu horretako hauta-probak martxan jartzen eta garatzen laguntzeko.

Bigarrena. Laguntza eskatzen badute, Herri Arduralaritzaren Euskal Institutuak laguntza emango die epaimahaiei, hautaketa-prozesuaren edozein fasetan. IVAPek emango duen laguntza, nolanahi, prozesuko honako fase guztietarako edo batzuetarako emango du.

  1. Hautaketa-prozesuak kudeatzeko aplikazio informatikoa egokitzea aipatutako hautaketa-prozesu horretako eskabideak jasotzeko.

  2. Eskaerak jasotzeko kudeaketa.

  3. Tasen ordainketaren izapideen kudeaketa.

  4. Euskararen 1., 2., 3. eta 4. hizkuntza-eskakizunak ziurtatzeko probak egin eta zuzentzea, Uraren Euskal Agentziak egin behar dituen hautaketa-prozesuetan.

  5. Fase bakoitzeko onartuen eta baztertuen zerrenda jartzea eta errebisatzea Uraren Euskal Agentziaren web-orrian.

  6. Uraren Euskal Agentziak izendatutako idazkaritzarekin koordinazioan jardutea, hautaketa-prozesuaren faseetako epeak eta betekizunak betetzen ote diren ikusteko.

  7. Azterketa-ereduak prestatzea, epaimahaiek eskatutakoaren arabera, egin beharreko probak prestatzeko gida izan daitezen.

  8. Epaimahaiek eskatutakoaren arabera, azterketak egitea eta, hala badagokio, haien zuzenketa mekanizatua.

  9. Kide bat jartzea epaimahaietan, IVAPeko ordezkari.

    Hirugarrena. Uraren Euskal Agentzia-URA izango da sortuko den datu-fitxategiaren arduraduna. IVAP izango da datuen tratamenduaren eragilea, eta kudeaketa-gomendioaren xedea gauzatutakoan eta hautaketa prozesuan parte hartu dutenen datuak hitzartutako euskarrian URA-Uraren Euskal Agentziari eskualdatutakoan, IVAPek suntsitu egingo ditu datuok, eskualdaketa egin ondoko 7 eguneko epean.

    Laugarrena. Tratamenduaren eragileak, tratamenduaren arduradunak emandako jarraibideen arabera bakarrik tratatuko ditu datuak, eta ez ditu aplikatuko ez erabiliko kudeaketa-gomendio honetan ezarritakoaz besteko xedeetarako. Gainera, ez dizkie inori helaraziko datuok, ezta kontserbatzeko ere.

    Tratamenduaren eragileak ez ditu inoiz eta inola ere gordeko datuok, ez eta kopiatuko ere. Gainera, ez dizkio datuok jarduera honekin zerikusirik ez duen inori jakinaraziko, ez eta erakutsiko edo helaraziko ere, eta betebehar hori izaten jarraituko dute fitxategiaren arduradunak kudeaketa amaitutakoan ere. Betebehar horrek tratamenduaren eragileari eta datu pertsonaletara sarbidea izan dezakeen edonori eragiten die.

    Bosgarrena. Izaera Pertsonaleko datuak Babesteari buruzko Lege Organikoaren 9. artikulua betetze aldera, Tratamenduaren Eragileak datu pertsonalen erabateko segurtasuna bermatzeko behar diren neurri teknikoak eta antolaketa-neurriak ezarri beharko ditu, datuok inola ere alda edo gal ez daitezen, baimenik gabe tratatu ez daitezen edo datuotara baimenik gabeko sarbiderik izan ez dadin.

    Seigarrena. Kudeaketa-gomendioaren indarraldia akordio hau sinatzen den egunean hasiko da, eta hautaketa-prozesuaren behin betiko emaitzak argitaratzen direnean amaituko.

    Zazpigarrena. Kudeatzeko gomendio honek ez dakar URA-Uraren Euskal Agentziari emandako eskumenen titularitatea lagatzerik, ez eta eskumen horiek erabiltzeko osagai funtsezkoen titularitatea lagatzerik ere.

    Zortzigarrena. URA-Uraren Euskal Agentziaren erantzukizuna da izaera juridikoko ebazpenak edo egintzak ematea, kudeatzeko gomendio honen xedea den jarduera material zehatzaren euskarri izan daitezen edo jarduera bera ebazpen edo egintza horietan integra dadin.

    Bederatzigarrena. Epamahai bakoitzak akta egindo du, edukia bera eta kasuan kasu beharko den elkarlan mota ahalik eta zehaztapen handienaz jasota, eta argi eta garbi utzita noiz haziko eta bukatuko den elkarlana. Hautaketa-probetatik agindu zaizkion faseak edo zareginak IVAPek ondo bete ditzan, Epaimahai Kalifikatzaile bakoitzak aukera izango du IVAPen lan hori egitekoa den esparru orokorra edo jarraibideak zehazteko.

    Edonola ere, lankidetza behar beste denbora aurretik eskatu behar da, agindu zaizkion lanak behar bezala egiteko modua izan dezan.

    Hamargarrena. Zenbait gauza inork ardura hartu gabe ez geratzeko, edo batek baino gehiagoren ardurapean ez geratzeko, IVAPek soil-soilik prozesuko zenbait zeregin edo fase hartuko ditu bere gain, baldin bere osotasunean agintzen bazaizkio.

    Hamaikagarrena. Halako akordioren bat sinatuta daukaten epaimahaiek idatziz jo beharko dute IVAPeko zuzendari andrearengana, URA-Uraren Euskal Agentziaren Adminsitrazio eta Zerbitzuen Zuzendaritzaren bitartez, laguntzeko eskatzeko, betiere, elkarlaneko hitzarmen honetako klausuletan adierazitako baldintzen arabera.

    Hamabigarrena. Herri Arduralaritzaren Euskal Institutuko zuzendariak izendatuko du agindutako zeregin bakoitzean arduraduna izango dena (edo izango direnak), eta Epaimahai Kalifikatzaileari jakinaraziko dio idatziz.

    Hamahirugarrena. URA-Uraren Euskal Agentziaren kontura izango dira kudeaketa-gomendio honek dakarren kudeaketa materialaren gastuak.

    IVAPek emandako zerbitzuen ebaluazio ekonomikoa Ogasuneko eta Administrazio Publikoko sailburuaren 2007ko uztailaren 18ko Aginduaren arabera egingo da, agindu horrek zehazten baititu Herri Arduralaritzaren Euskal Institutua osatzen duten zerbitzuek ematen dituzten jardueren prezio publikoak. Agindu horren ordez besteren bat ateratzen bada, beste hori izango da araua.

    Alderdi biak agiri honen edukiarekin ados daudenez, eta horrela jasota gera dadin, URA-Uraren Euskal Agentziaren zuzendariak eta Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendariak tresna hau sinatu du kudeaketa-gomendioa formalizatzeko.

    Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendaria,

    MARIA ENCARNACIÓN ECHAZARRA HUGUET.

    Uraren Euskal Agentziako zuzendari nagusia,

    IÑAKI URRIZALQUI OROZ.

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik