- ERABAKIA, 2010eko maiatzaren 12koa, Lehendakaritzako idazkari nagusiarena, 2010erako «Euskal Gizartearen Egoera» sariaren deia egiteko dena. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus
Arautegia
InprimatuERABAKIA, 2010eko maiatzaren 12koa, Lehendakaritzako idazkari nagusiarena, 2010erako «Euskal Gizartearen Egoera» sariaren deia egiteko dena.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Ebazpena
- Organo arau-emailea: Jaurlaritzaren Lehendakaritza
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 97
- Hurrenkera-zk.: 2647
- Xedapen-zk.: ---
- Xedapen-data: 2010/05/12
- Argitaratze-data: 2010/05/25
Gaikako eremua
- Gaia: Kultura eta Kirola; Administrazioaren antolamendua
- Azpigaia: Instituzional
Testu legala
Ekainaren 24ko 135/2003 Dekretuaren bidez aldatutako ekainaren 11ko 137/1996 Dekretuak «Euskal Gizartearen Egoera» izeneko ikerketa-saria sortu eta arautu zuen azterlanak eta ikerlanak saritzeko asmoz; beti ere, azterlan eta ikerlanok Euskadiko egoera soziopolitikoa ezagutzen edo errealitate horren ikerketa teorikoki edo metodologikoki garatzen lagunduko duten gaien ingurukoak badira. Dekretu horren lehenengo artikuluan xedatzen denez, urtero egingo da sarirako deialdia ebazpen bidez, beraz 2010eko sariaren deia egitea egokia da.
Ondorioz, hauxe
Euskadiko egoera soziopolitikoa aztertzeko «Euskal Gizartearen Egoera» ikerketa-sariaren 2010eko deialdia egitea. Ebazpen honen eranskinean jasota daude horretarako onartu diren oinarriak.
Lehenengoa. Ebazpen honek eta ekainaren 11ko 137/1996 Dekretuak jasotzen ez duenaren gainean, urtarrilaren 13ko 4/1999 Legearen bidez aldatutako, Herri-Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Guztientzako Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legea aplikatuko da.
Bigarrena. Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2010eko maiatzaren 12a.
Lehendakaritzako idazkari nagusia,
JOSÉ MANUEL SALINERO FEIJOO.
Lehenengoa. Helburua.
Oinarri hauen helburua Euskadiko egoera soziopolitikoari buruzko «Euskal Gizartearen Egoera» ikerketa-sariaren 2010eko deialdia egitea da.
Bigarrena. Egileek bete beharreko baldintzak.
Beraien lanak aurkeztu ahal izango dituzte, lanak aurkezteko epea amaitzen den momentuan, goi-mailako titulazioa eta 35 urte baino gutxiago dituzten pertsona fisikoek.
Pertsona fisiko horiek beren kasa edota beste batzuekin elkartuta aurkez daitezke; kasu honetan, taldeko partaide guztiek bete beharko dituzte deialdiko baldintzak, eta ikerketa-buru bat aukeratuko dute.
Inola ere ez da onartuko pertsona fisikoak pertsona juridikoen izenean edo ordez aurkezterik (institutuak, unibertsitateak, erakundeak, enpresak, elkartek, eta abar).
Dirulaguntza publikoak eskuratzeko ahalmena kentzen dion, ez isun administratibo, ez zigor penalik jaso ez izana, eta horretarako ahalmena kentzen dion legezko debekurik ez izatea, sexu-diskriminazioagatikoak barne, otsailaren 18ko 4/2005 Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Legearen seigarren azken xedapenarekin bat etorriz.
Debekatuta dute sari honetara aurkeztea Euskal Administrazio Publikoetako langileek (Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorra eta bere erakunde autonomoak, Foru Administrazioa eta Tokikoa) eta Estatuko beste Lurralde Administrazio batzuetakoek, baldin eta ikerketa-lana beren lanarekin batera burutu badute, edo ikerketa-lana beren lanbidearekin elkarlotuta dagoenean.
Edozein zentro publiko edo pribatutako unibertsitate irakasle guztiek, berriz, parte hartu ahal izango dute.
Hirugarrena. Sarirako diru-kopurua.
Hau da «Euskal Gizartearen Egoera» sariak 2010ean izango duen diru-kopurua, zergak barne:
Lehenengo saria: 7.500 euro.
Akzesita: 1.800 euro.
Laugarrena. Azterlanak aurkeztea.
Ekainaren 24ko 135/2003 Dekretuaren bidez aldatutako ekainaren 11ko 137/1996 Dekretuaren 4. artikuluan ezarritakoaren arabera, honako hauek aurkeztu beharko dituzte hautagaiek ikerlanarekin batera:
Helburuen txostena. Bertan honako hauek zehaztuko dira: gaiaren justifikazioa, erabilitako metodologia, azterlanak hartzen duen aldia, azterlana noiz burutu den eta, hala badagokio, azterlanaren ekarpen berriak.
Plika edo gutunazal itxia. Bertan zehaztuko dira azterlana egin duenaren edo egin dutenen datu pertsonalak eta curriculum vitaea.
Zinpeko aitorpena adieraziz ez dagoela eranskinaren bigarren oinarrian 3. atalean zehazten den egoeraren batean.
Azterlanak helbide honetan aurkeztu behar dira: Eusko Jaurlaritzaren Lehendakaritza, Azterlan eta Lege Araubide Zuzendaritza, Nafarroa kalea 2 - 01007 Vitoria-Gasteiz (telefonoa: 945 01 80 63). Argi adierazi behar da 2010eko «Euskal Gizartearen Egoera» sarian aurkezteko direla.
Bosgarrena. Azterlanak aurkezteko epea.
Azterlanak aurkezteko epea 2010eko irailaren 10eko 12:00etan bukatuko da.
Seigarrena. Aurkeztutako lanen ezaugarriak.
Lanak idatziz edo euskarri informatikoan, euskaraz edo gaztelaniaz aurkeztu ahalko dira. Horretarako DIN-A4 formatoko orriak erabiliko dira, orrialde batetik eta tarte bikoitzarekin makinaz idatzita, ale bakarra, koadernatu gabe, izenpetu gabe edo ezizen bat erabiliz, saria arautzen duen dekretuaren 4. artikuluan ezarritakoaren arabera.
Aurkeztutako lanetan ez da inolako daturik jasoko egilearen edo egileen izena eta lana burutu edo aurkeztu duen ikastegiarena ezagutzera emateko.
Zazpigarrena. Saria esleitzeko irizpideak.
Honako irizpide hauek izango ditu kontuan epaimahaiak saria nori esleitu proposatzeko:
Kalitatea eta zehaztasun teknikoa eta zientifikoa.
Ikuspuntuaren originaltasuna.
Erabilitako metodologia.
Izaera berritzailea.
Zortzigarrena. Esleipena eta ordainketa.
Saria eta akzesita, hala badagokio, Lehendakaritzako idazkari nagusiaren ebazpenez esleituko dira, saria esleitzeko beren-beregi osatutako epaimahaiak proposamena egin ondoren. Esleipen-ebazpen horrek administrazio bidea amaituko du eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da sei hilabeteko epean, deialdiaren ebazpenak indarra hartzen duenetik kontatzen hasita.
Epe horretan aipatutako argitaratzea egiten ez bada, aurkeztutako hautagaitzak gaitzetsitzat joko dira.
Sariak esleitu ondoren, ordainketa egingo da eta, hala badagokio, ekitaldi publikoan emango zaie irabazleei.
Bederatzigarrena. Oinarriei men egitea.
«Euskal Gizartearen Egoera» sarira lanak aurkezteak ekainaren 11ko 137/1996 Dekretuan, ekainaren 24ko 135/2003 Dekretuak aldatutakoan eta deialdi-erabaki honetan xedatutakoa onartzeko konpromiso formala dakar berekin.


