Euskadi.eus
  • 64/2010 EBAZPENA, uztailaren 8koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, Eusko Jaurlaritzak egindako zenbait hitzarmen, beherago zehaztutakoak, argitaratzea xedatzen duena. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus

Arautegia

Inprimatu

64/2010 EBAZPENA, uztailaren 8koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, Eusko Jaurlaritzak egindako zenbait hitzarmen, beherago zehaztutakoak, argitaratzea xedatzen duena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Jaurlaritzaren Lehendakaritza
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 199
  • Hurrenkera-zk.: 4739
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2010/07/08
  • Argitaratze-data: 2010/10/15

Gaikako eremua

  • Gaia: Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Sailak; Instituzional

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

Eusko Jaurlaritzak zenbait hitzarmen sinatu dituenez gero, zabalkunde egokia izan dezaten, honako hau

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta Ministerio Fiskalaren arteko koordinaziorako batzorde mistoa sortzeko, Ministerio Fiskalarekin lankidetza-hitzarmena (I. eranskina).

Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailaren eta Getxoko Udalaren arteko lankidetza-hitzarmena. Helburua: Getxoko udalerriko Sarrikobaso eta Venancios eremuetan babes ofizialeko etxebizitzak eta Santa Eugenia eremuan ekipamendu publikoak egitea (II. eranskina).

Eusko Jaurlaritzaren eta Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalaren arteko lankidetza-hitzarmena. Helburua: Aldi baterako ezintasun-prozesuen kudeaketa dela-eta, 2010ean sistema informatiko bat ezartzea bi administrazioak elkarrekin komunikatu ahal izateko (III. eranskina).

Estatuko Administrazio Orokorraren eta Euskadiko Administrazio Orokorraren arteko lankidetza-hitzarmena. Helburua: Euskal Autonomia Erkidegoa Espainiako Kartografia Sisteman txertatzea eta txertaketa horri buruzko arauaren, hau da azaroaren 23ko 1545/2007 Errege Dekretuaren edukiak finkatzea (IV. eranskina).

Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren eta Arabako Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kiroletako Sailaren arteko lankidetza-hitzarmena. Helburua: «EMSIME» web bidez kudeaketa museografikorako eta informazioa trukatzeko aplikazioa batera ustiatzeko oinarriak finkatzea (V. eranskina).

Vitoria-Gasteiz, 2010eko uztailaren 8a.

Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta

Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,

MARÍA JESÚS CARMEN SAN JOSÉ LÓPEZ.

Bilbao, 2010eko martxoaren 25a.

BILDU DIRA:

Eusko Jaurlaritzako Justizia eta Herri Administrazio sailburu Idoia Mendia Cueva and., Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren ordezkaritzan, eta ekitaldi honetarako 2010eko martxoaren 23ko Gobernuko Kontseiluaren Erabakiaren bidez ahalmena duena

Euskal Autonomia Erkidegoko Fiscal nagusia M.ª Ángeles Montes Álvaro and., Estatuaren fiskal nagusiaren ordezkaritzan, eta bere baimenaren bidez, 2010eko martxoaren 5eko Dekretuarekin bat.

Alderdi guztiek parte hartzen dute euren karguen ordezkaritzan eta dagozkien ahalmenekin, eta elkarri aitortzen diote zuzenbidean nahikoa gaitasun eta legitimitate dutela Lankidetza Hitzarmen hau eskuetsi eta sinatzeko.

ONDORENGOA ADIERAZTEN DUTE:

  1. Espainiako Konstituzioak, bere 124. artikuluan ezartzen duenez, Ministerio Fiskalaren eginkizunak dira Justiziaren ekina sustatzea, ahaleginean bermatuz legezkotasuna, herritarren eskubideak eta legeak babestutako interes publikoa, bai ofizioz bai interesatuek eskaturik, eta orobat, auzitegien independentzia begiratzea eta haietan gizartearen interesari erantzun dakion saiatzea. Horretarako, organo propioen bidez betetzen ditu Ministerio Fiskalak bere eginkizunak, jokaera-batasun eta hierarkia-mendekotasun printzipioei atxikiz, eta edozein kasutan, legezkotasun eta inpartzialtasun printzipioei atxikiz.

  2. Euskal Herriko Autonomia Estatutuaren 3/1979 Lege Organikoak, abenduaren 18koak bere 13. artikuluan ezartzen duenez, Justizia Administrazioari dagokionez, justizia militarra kanpo utzirik, Euskadiko Autonomia Erkidegoak gauzatuko ditu bere lurraldean Botere Judizialaren eta Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren Lege Organikoetan Gobernuari aitortu, gorde eta emandako ahalmenak.

  3. Eskumenen gaineko aurreikuspena betez aldarrikatu zen 1684/1987 Errege Dekretua, azaroaren 6koa, Justizia Administrazioaren funtzionamendurako baliabide materialen eta ekonomikoen horniketaren arloko funtzioak eskualdatzekoa eta 514/1996 Errege Dekretua, martxoaren 15ekoa Justizia Administrazioko giza baliabideen arloko eginkizunak eta zerbitzuak Euskal Autonomia Erkidegoari transferitzekoa.

  4. Abenduaren 30eko 50/1981 Legearen bidez araututako Fiskaltzaren Estatutu Organikoak Fiskaltzaren eta Justizia Administrazioko eskumenak dituzten Autonomi Erkidegoen arteko elkarlana aurreikusten du 11. eta 18. artikuluetan. Horren xedea da giza-baliabide eta baliabide materialetan dituen eginkizunetan eraginkorragoa izan dadila. Horrek bere baitan hartuko du eraikin judizial eta fiskaltzakoak eraiki eta berritzea, egoitza judizial eta fiskalen ondasun higigarri eta materialak, baliabide informatiko eta teknologia berriak, eta Justizia Administrazioaren zerbitzupeko funtzionarioak ematea.

    Autonomien estatuari egokitzeko asmoz eta lurralde-hedapen eraginkorragoa ahalbidetzearren, Fiskaltzaren lurralde-antolamenduak aldaketa sakona jasan zuen urriaren 9ko 24/2007 Legeaz geroztik.

  5. Espainiako Konstituzioko 103. artikuluko Herri Administrazioen artean koordinazioa izateko printzipioa, eta Botere Judizialeko Lege Organikoan, Fiskaltzaren Estatutu Organikoan eta haren arau osagarrietan jasotako aurreikuspenak elkarrekin baloratu beharko dira, erakundearteko foroen bidez; izan ere, foro horietan irizpide eta proposamenak eztabaidatuko dira eta posible egingo dute justizia zerbitzua hobetzea herritarren onerako.

    Goian adierazitakoari jarraiki, alderdi sinatzaileek lankidetza-organo bat sortzeko borondatea adierazten dute, ondoko klausulen arabera

    KLAUSULAK

    Lehenengoa. Eraketa eta xedea.

    Euskadiko Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorra eta aipatutako Autonomia Erkidegoko Fiskaltza koordinatzeko Batzorde Mistoa eratzen da, indarrean den araudia betez. Horrela, erakundeen lankidetza hobea lortu nahi da Euskal Autonomia Erkidegoko Fiskaltza Nagusiaren baliabide pertsonal, material eta ekonomikoei dagokienez.

    Bigarrena. Eginkizunak.

    Lankidetza eta laguntza teknikoaren organoa den aldetik, jarraian aipatuko diren arloetan informatu eta jardunak proposatzea dagokio:

    1. Giza-baliabideez hornitzea.

    2. Programa informatikoak eta ekipoak eguneratzea.

    3. Fiskaltzari esleitutako lokal eta egoitzak.

    4. Justizia eta Herri Administrazio Sailarentzat eta Fiskaltzarentzat intereseko dokumentazio eta argitalpenak.

    5. Lankidetza hitzarmenak.

    6. Berariazko trebatze-jarduerak.

    7. Fiskaltza eta Euskal Autonomia Erkidegoaren arteko jardun koordinatua eskatzen duen gai oro.

      Hirugarrena. Osaera.

      Eusko Jaurlaritzako Justizia eta Herri Administrazio sailburuak eta EAEko Fiskaltzako fiskalburuak Koordinazio Batzorde Mistoaren presidente kargua egikarituko dute, sei hilean behin eta alternatiboki. Eusko Jaurlaritzako Justizia eta Herri Administrazioaren sailburua izango da lehen presidentea.

      Koordinazio Batzorde Mistoak, Eusko Jaurlaritzako Justizia eta Herri Administrazio sailburu eta EAEko Fiskaltzako fiskalburuaz gain, hurrengo kideak izango ditu:

    1. Euskal Autonomi Erkidegoaren aldetik:

      Justizia sailburuordea.

      Justizia Administrazioa Eraberritzeko zuzendaria.

      Bulego Judizial eta Fiskaleko zuzendaria.

      Justizia zuzendaria.

    2. Fiskaltzaren aldetik:

      Estatuko Fiskaltza Nagusiak izendatutako fiskal bat.

      Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko Probintzia Fiskaltzetako hiru fiskalburuak.

      Aztertuko diren gaien izaera dela-eta beharrezkoa denean, Batzordearen Presidentetzak beste pertsona batzuk bertaratzea baimendu ahal izango du batzordekideei aholku teknikoak emateko.

      Koordinazio Batzorde Mistoaren idazkaria Eusko Jaurlaritzako Justizia eta Herri Administrazio Saileko Bulego Judizial eta Fiskaleko Zuzendaritzaren Koordinazio eta Plangintza arduraduna izango da. Hark tokia hutsik utzi, bertan egon ez edo gaixotuz gero, Presidentetzak batzordekide bat izendatuko du Koordinazio Batzorde Mistoaren idazkaritza lanak egiten dituen horren ordez.

      Koordinazio Batzorde Mistoa, Justizia arloan eskumena duen Eusko Jaurlaritzako Sailaren egoitzan edo EAEko Fiskaltza Nagusiaren egoitzan bilduko da, edota Koordinazio Batzorde Mistoko Presidenteek adostutako beste toki batean.

      Laugarrena. Funtzionamendu erregimena.

      Koordinazio Batzorde Mistoak urtean ohiko bi bilera egingo ditu, gutxienez. Era berean, presidentetzak egoki deritzonean edo batzordekideen laurden baten eskariz, ohiz kanpoko bilerak ere antolatu ahal izango dira.

      Eguneko gaien zerrenda eta ohiko nahiz ohiz kanpoko bileren deialdiak presidentetzaren erabakiz ezarriko dira eta batzordekideei helaraziko zaizkie, gutxienez, 48 ordu lehenago, ahal dela bide telematikoak erabiliz edota, ezinezkoa balitz, jasotzaileek berauek jasoko dituztela bermatzen duten beste edozein bide erabiliz.

      Presidentetzari dagokio bilerak zuzentzea, eztabaiden nondik-norakoak moderatzea, bidezko arrazoiengatik eztabaida horiek etetea eta, oro har, organo kolegiatuaren presidentearen berezko eginkizun guztiak.

      Idazkariari dagokio presidentearen aginduz Koordinazio Batzorde Mistoaren bileretara dei egitea, bileren aktak jasotzea, agiriak eta artxiboak zaintzea, presidentetzaren oniritziarekin akten, erabakien eta bertaratu izanaren ziurtagiriak egitea eta bere karguari dagozkion bestelako eginkizunak betetzea.

      Bosgarrena. Erabakien erregimena.

      Koordinazio Batzorde Mistoaren erabakiak bi ordezkaritzen arteko adostasun bidez hartuko dira.

      Koordinazio Batzorde Mistoak bere funtzionamendu-arauak egin eta onartu ahal izango ditu, hitzarmen honen edukiaren kalterik gabe.

      Seigarrena. Subsidiarioki aplikagarria den Arandia.

      Hitzarmen honek espresuki jasotzen ez duenerako, Herri Administrazioen Erregimen Juridikoa eta Administrazio Prozedura Erkidea arautzen duen azaroaren 26ko 30/1992 Legea aplikatuko da.

      Zazpigarrena. Izaera eta indarraldia.

      Hitzarmen honek izaera administratiboa du eta ez du epe-mugarik, aldeetako batek espresuki hala eskatzen ez badu.

      Goian adierazitako guztiarekin bat, alderdi sinatzaileek, berez dagozkien ahalmenak egikarituz eta jasota gera dadin, beraien adostasuna agertuz, protokolo honen hiru ale sinatzen dituzte, goiburukoan adierazitako toki eta datan.

      Justizia eta Herri Administrazioko sailburua,

      IDOIA MENDIA CUEVA.

      Euskal Autonomia Erkidegoko fiskal nagusia,

      MARÍA ÁNGELES MONTES ÁLVARO.

Vitoria-Gasteiz, 2009ko azaroaren 2a.

BILDUTA:

Alde batetik, Iñaki Arriola Lopez jauna, Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburua,

Eta bestetik, Imanol Landa Jauregi jauna, Getxoko alkate-udalburua.

BERTARATU DIRA:

Lehena, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza, Herri Lan eta Garrrio sailburu gisa eta Sailaren legezko ordezkari-lanetan.

Eta bigarrena, Getxoko alkate-udalburua denez.

Bi hitzarmenkideek elkarri aitortu diote Konpromezu Akordio hau izenpetzeko legezko gaitasun nahikoa, eta horretarako honakoak adierazi dituzte:

ADIERAZITAKOAK:

Lehenengoa. Euskal Herriko Autonomia Estatutuaren 10.31 atalak zera zehazten du: Euskal Autonomi Elkartea da soilik lurraldearen eta itsas-ertzaren antolaketa, hirigintza eta etxebizitzaren arloetan aginpideduna.

Ildo horretan, Eusko Jaurlaritza helburu programatikoen artean, etxebizitza babestuen eskaintza handitzea bilduta dago, alokatuta lagatzeko gizarte-etxebizitzena nagusiki.

Hori bermatzeko, ezinbestekoa da Administrazioak arduratsu ihardutea eta lurzorua modu eginkorrez kontrolatzea. Horrekin batera Administrazioak kemenez ekin behar dio lurra eskuratzeari eta kudeatzeari. Horregatik, herri aginteek, kasu honetan Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza, Herri Lan eta Garrrio Sailak eta Getxoko Udalak lankidetzan aritu behar dute, beharrezko diren babes ofizialeko etxebizitzak egin ahal izateko baldintzak sortzeko eta etxebizitzetarako lurren herri-ondare egokia lortzeko, espekulazioa baztertuz.

Bigarrena. Era berean, bi herri-erakunde hauek elkarrekin eta batera burutu behar duten eginkizuna baieztatzeko eta sendesteko, aurreko atalean aipatutako alderdiei dagokienez, Autonomi Elkarteak, alde batetik, eta Toki-Erakundeek, bestetik, elkarren arteko harremanetan beste administrazioek beren egitekoak eraginkortasunez betetzeko behar lezaketen lankidetza eta laguntza eman beharko diete, nork bere esparruan.

Hirugarrena. Getxoko Udalak, Toki Araubideari buruzko Oinarriak araupetzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 25.2.d) artikuluaren bidez, eskumena du interes publikoari jarraiki erabili beharreko hirigintzako plangintzaren arloan.

Era berean, Getxoko Udala Lurzoruaren bere Ondare Publikoa kudeatzera behartuta dago, Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legearen 11.2 artikuluak adierazi bezalaxe.

Era berean, kontuan hartu behar da tokiko erakundeek araudian ezarritako gutxieneko zerbitzuak eskaini beharko dituztela. Halaber, beste Herri Administrazio batzuen berezkoen jarduera osagarriak ere egin ditzakete, eta zehazki etxebizitzari dagozkionak.

Laugarrena. Getxoko udalerrirako Hiri Antolamendurako Plan Orokorrak, Bizkaiko Foru Aldundiaren 2000. urteko urtarrilaren 18ko Gobernu Kontseiluaren Erabakiaren bidez behin betiko onetsitakoak, hurrengo eremu hauek mugatzen ditu, besteak beste:

«Santa Eugenia», 7. Banaketa Aldea

«Hiri-lurreko» sailkapena du eta «Bizitegi Mistoko» kalifikazioa. Bertan, jarduketak burutzeko, 7.1 Egikaritze-unitatea zehazten da, Banaketa Aldearekin bat datorrena. Honetan etxebizitzara zuzendutako eraikigarritasuna, guztiz, Babes Ofizialekoa izango da. Aurreikusitako sestra gaineko eraikigarritasun osoa 11.763 m2koa da, gehienez ere 5 solairutan banatu beharrekoa.

«Venancios», 37. Banaketa Aldea.

«Hiri-lurreko» sailkapena du eta «Bizitegi Mistoko» kalifikazioa. Bertan, jarduketak burutzeari begira, 37.1 unitatea zehazten da.

Aipatutako Egikarirze-unitateak birpartzelazioko espediente egokia jaso du. Bertan Getxoko Udala hurrengo lur-zati hauen adjudikazioduna gertatu da:

«B» Lur-zatia, 1.622,37 m2ko azalera duena, 224,87 U.H.ko aprobetxamendua egozten zaiona babes ofizialeko etxebizitzaren erabilerara zuzentzeko. Urbanizazioko kargarik gabe adjudikatzen da.

Jabetza Erregistroan inskribatuta ageri da 22.103 zk.dun finka gisa (322 liburua, 1 folioa).

«C» LUR-ZATIA, 2.103,34 m2ko azalera duena, 226,97 U.H.ko aprobetxamendua egozten zaiona babes ofizialeko etxebizitzaren erabilerara zuzentzeko. Urbanizazioko kargarik gabe adjudikatzen da.

Jabetza Erregistroan inskribatuta ageri da 22.104 zk.dun finka gisa (322 liburua, 4 folioa).

«Sarrikobaso», 31. Banaketa Aldea.

«Hiri-lurreko» sailkapena du eta «Bizitegi Mistoko» kalifikazioa. Sestra gaineko 0,85 m2/m2ko sabaiko koefizientea du eta bere «aprobetxamendu tasa», berriz, 0,88 m2/m2koa da. Bertan, jarduketak burutzeari begira, 31.1 zk.dun Egikaritze-unitatea zehazten da, besteak beste. Honek 5.366 m2ko azalera du eta sestra gaineko 6.332 m2ko eraikigarritasuna.

Egikaritze-unitatea kudeatzeko kontzertazioko sistema erabakitakoan, Hirigintzako Hitzarmen egokia onetsi da, kontzertazioko batzarrean eratzeko konpromisoa betetzeko estatutuekin batera.

Aipatutako Sarrikobaso 31.1 E.U. horren birpartzelazioa egiteke egonik, Udalak ez luke dauden bideei dagokiena eta 50 m2ko zati txikia baino lurzoru gehiago emango. Hala ere, egikaritze-unitatearen barruan jasotako finken jabe gehiengodunek adierazi dute, Getxoko Udalaren alde, birpartzelaziotik ateratzen diren lur-zatiak besterentzeko asmoa dutela.

Bosgarrena. 1998. urteko irailaren 22an (2003. urteko urriaren 3ko aldaketa barne, Eusko Jaurlaritzak eta Getxoko Udalak Lankidetzako Hitzarmena sinatu zuten Santa Eugenia, 7.1 EU eremuan babestutako etxebizitzaren sustapena ahalbidetzeko.

Seigarrena. Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza, Herri Lan eta Garrrio Sailak, etxebizitzaren arloan dituen aginpideak erabiliz, babes ofizialeko etxebizitzak eraikitzeko lurzorua behar du, etxebizitzen beharrizan egiaztatuta duten udalerrietan, hauen artean Getxon, errenta-gaitasun txikia izanik etxebizitzaren merkatu librera jotzerik ez duten familiei begira.

Zazpigarrena. Getxoko Udalak Santa Eugeniako 7.1 E.U.n zuzkidura publikoak garatu ahal izateko interesa du eta xede honekin, alkatetzaren urtarrilaren 30eko 369/2009 zk.dun dekretuaren bidez, espedientea hasi du Getxoko Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren Aldarazpen Zehatza egiteko, «Santa Eugenia» 7.1 E.U.n jasotako lurrak sistema orokorren/tokikoen sareko zuzkidura publiko gisa (espazio libreak, oinezkoen eremuak eta ekipamendu publikoak) birkalifikatzeko xedez, eta hori aipatutako lur horien kokapen estrategikoagatik.

Zortzigarrena. Administrazio bakoitzaren jarduketak ahalbidetzeko xedez, beharrezkotzat jotzen dugu izapide egokiak bultzatzea Euskal Autonomia Erkidegoak Getxoko Udalari Venancios 37.1 EUren B eta C lur-zatiak eta Sarrikobaso 31.1 EUren hirigintzako eraikigarritasunaren % 100 eskuratuta bukatzen dena, horiek Santa Eugenia 7.1 EUn jasotako lurzoruez trukatuz.

Bederatzigarrena. Bion interesak, konpromezuak eta ekarpenak egoki bideratzeko, bi hitzarmenkideek Konpromezu Akordio hau izenpetu dute honako klausula hauen arabera:

KLAUSULAK

Lehenengoa. Hona zein den Kompromezu Akordio honen xedea:

  1. Eusko Jaurlaritzak Getxoko udal mugarte honetako Venancios 37.1 EUren eta Sarrikobaso 31.1 EUren B eta C lur-zatietan babes ofizialeko etxebizitzaren sustapen politikoa burutzea ahalbidetzea.

  2. Udalaren erabilgarri Santa Eugenia Aldeko 7.1 EUn dauden lurrak jar ditzatela ahalbidetzea, Areeta eta Romoko herrigunearen barruko kokapen estrategikoan sistema orokorren/tokikoen sareko zuzkidura publikoak (espazio libreak, oinezkoen eremuak eta ekipamendu publikoak) burutzeko xedez.

    Bigarrena. Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailak eta Getxoko Udalak adostu dute konpromisoen erabaki honek 1998. urteko irailaren 22an sinatutako Lankidetzako Hitzarmena ondoriorik gabe uztea (ondoren 2003. urteko urriaren 3ko hitzarmen bidez aldatuta), trukatzeko akordioak hartuz gero, Santa Eugenia 7.1 EUn babes etxebizitzako sustapena ahalbidetzeko xedez.

    Hirugarrena. Alderdien konpromisoak.

    1. Getxoko Udala.

      Getxoko alkateak, agiri honen bitartez, konpromisoa hartu du hurrengo espediente hauek bultzatzeko:

      Hirigintzako kudeaketa eta Venancios 37.1 EU eta Sarrikobaso 31.1 EU aldeak urbanizatzeko obren burutzapena, hauek azkar egiteko xedez.

      Sarrikobaso 31.1 EUn BOEra zuzendutako lurrak eskuratzea, aipatutako unitatearen kudeaketa bukatutakoan.

      Venancios 37.1 EU eta Sarrikobaso 31.1 EUn dauden udal lurrak Santa Eugenia 7.1 EUn dauden titularitate autonomikoko lurrez trukatzea.

    2. Eusko Jaurlaritza.

      Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio sailburuak, berriz, hurrengo espediente hauek bultzatzeko konpromisoa hartu du:

      Santa Eugenia 7.1 EUn dauden titularitate autonomikoko lurrak Venancios 37.1 EU eta Sarrikobaso 31.1 EUn dauden udal lurrez trukatzea.

      Laugarrena. Santa Eugenia 7.1 EU, Venancios 37.1 EU eta Sarrikobaso 31.1 EU aldeetan dauden lurrak trukatzeko ondarezko eragiketa eskritura publikoan formalizatuko da hiru hilabeteko epearen barruan, Getxoko Udalak Venancios 37.1 EU eta Sarrikobaso 31.1 EUn jasota dauden lurrak eskuratzen dituenetik aurrera zenbatuta.

      Izapidetzen diren trukatzeko espedienteek, beharrezko izanez gero, trukatu beharreko ondasunen balio ezberdinetik eratorritako konpentsazio ekonomikoak jaso behar dituzte.

      Bosgarrena. Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza, Herri Lan eta Garrrio Sailak, Santa Eugenia eremua izeneko 7-1 burutzapen-unitatean ahalbideratzen diren babes ofizialeko etxebizitzak eraikitzeko eta urbanizatzeko obrak idatzi, kontratatu eta osoan burutzeko konpromezua hartu du bere gain, dagozkion aurrekontu-izendapenen ostean.

      Seigarrena. Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza, Herri Lan eta Garrrio Sailak konpromisoa hartu du etxebizitza babestuen sustapenean interesa duen udalerri bakarra Getxo dela deklaratzeko.

      Zazpigarrena. Agiri honetan jasotako betebeharrak ez betetzea, akordioa deuseztatzeko zioa izango da, hitzarmenkideak lehengo egoera juridikora itzuliz, aipatutako deuseztapena eragiten duen hitzarmenkideak, sortaraz ditzakeen kalte eta galerak kalteordaindu beharko dituela, bai beste hitzarmenkideari bai uste oneko besteri.

      Zortzigarrena. Bi parte-hartzaileek beharrezkotzat jotzen dute Akordioa Jarraitzeko Batzordea eratzea, horietako bakoitzaren bi ordezkarik osatuta. Batzorde honen eginkizuna izango da erabakitako aurreikuspenak eta konpromisoak betetzen dituztela begiratzea, zehatz-mehatz betetzera zuzendutako neurriak proposatzea, sor litezkeen gatazkak edo interferentziak ebaztea eta etorkizunean sor litezkeen gorabehera guztiei erantzutea.

      Bederatzigarrena. Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza, Herri Lan eta Garrrio Sailak bere gain hartutako konpromezuak baina Lankidetza-Hitzarmen honen klausuletan hauen zenbateko ekonomikoa zehaztu gabe dutenak, aurretik dagozkion aurrekontuen izendapenen mende egongo dira.

      Hitzarmen honetan zehaztutako ondare-eragiketak burutzeko dagokion baimena lortzea izango da baldintza, hala ezartzen baitu azaroaren 6ko 2/2007ko Legegintza Dekretu bidez onetsitako Euskadiko Ondareari buruzko Legearen Testu Bateginak.

      Eta adostasuna eta uste ona erakusteko, hitzarmen hau izenpetu dute lau aletan, idazpuruan adierazitako leku eta egunean

      Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburua,

      IGNACIO MARÍA ARRIOLA LÓPEZ.

      Getxoko Udaleko alkate-lehendakaria,

      IMANOL LANDA JAUREGI.

Madril, 2010eko maiatzaren 7a.

BILDU DIRA:

Alde batetik, Octavio J. Granado Martínez Gizarte Segurantzako Estatu idazkaria, apirilaren 14ko 480/2008, Errege Dekretuaren bitartez izendatua, eta Fidel Ferreras Alonso Gizarte Segurantzako zuzendari nagusia, apirilaren 23ko 837/2004 Errege Dekretuaren bitartez izendatua, abenduaren 13ko 2583/1996 Errege Dekretuaren 5. artikuluak ematen dizkion eskumenak kontuan izanda.

Eta bestetik, Javier Rafael Bengoa Rentería Euskal Autonomia Erkidegoko Osasun eta Kontsumo sailburua, maiatzaren 8ko 12/2009 Errege Dekretuaren bitartez izendatua (2009-05-09ko EHAA), Euskal Autonomia Erkidegoaren izenean eta haren ordezkari.

Bi alderdiek ituntzeko eta elkar behartzeko gaitasuna onartu diote elkarri eta

ADIERAZTEN DUTE

Lehenengoa. Gizarte Segurantzaren Institutu Nazionalak (GSIN), Lan eta Immigrazio Ministerioan bilduriko erakunde kudeatzaileak, eskumena duela abenduaren 13ko 2583/1996 Errege Dekretuaren 1. artikuluan xedatutakoaren arabera aldi baterako ezintasuneko (AE)o prestazioa kudeatzeko eta kontrolatzeko.

Bigarrena. Euskal Autonomia Erkidegoak, azaroaren 6ko 1536/1987 Errege Dekretuan ezarritakoaren arabera eskumena duela Gizarte Segurantzaren Asistentzia Sanitarioa emateko, Osakidetza osasun-zerbitzu publikoko medikuen bitartez baja-parteak egiteko, bere lurraldean gertatzen diren AEko prozesuen hasiera eta iraupena ezartzen duten bajen eta alten egiaztapen-parteak egiteko eta Osasun Saileko Ikuskaritza Medikoaren bitartez prozesuaren lehen 365 egunetan kudeaketa- eta kontrol-funtzioak betetzeko (apirilaren 18ko 575/1997 Errege Dekretua). (Gizarte Segurantzaren Lege Orokorreko Testu Bateginaren 128. artikuluaren 1. atala; abenduaren 23ko 26/2009 Legeak, 2010. urterako Estatuaren Aurrekontu Orokorrei buruzkoak, eman du idazketa berria).

Hirugarrena. Jarduera desberdinak gauzatuz eta baliabideak jarriz, beharrezkoa dela Euskal Autonomia Erkidegoaren lankidetza GSINek kontrolak jarri ahal izateko aldi baterako ezintasunaren prestazioan Gizarte Segurantzaren Sistemaren iraunkortasunerako beharrezko eta garrantzi sozial handikoan dituen kudeaketa-eskumenei arreta eraginkorra eskaini diezaien.

Laugarrena. GSINen aurrekontuan, 2010. urterako Estatuaren Aurrekontu Orokorrei buruzko Legean bildutako 459. aurrekontu-kontzeptuan, 3.208.310,54 euroko gehienezko kreditua jaso dela Euskal Autonomia Erkidegoarekin egindako hitzarmen honi estaldura ekonomikoa emateko.

Bosgarrena. AEaren arloan GSINek eramaten duen kudeaketa modernizatzea ahalbidetuko duen sistema informatikoa ezartzea helburu duen berariazko Programa martxan jarri nahi dute bi alderdiek. Programa hori Hitzarmen honekin batera doa erantsitako dokumentu modura.

Adierazitako guztiagatik, bi alderdiek administrazioko lankidetza-hitzarmen hau izenpetzea erabaki dute, urriaren 30eko 30/2007 Legearen, sektore publikoko kontratuei buruzkoaren, 4.1.c) artikuluan ezarritakoaren arabera, eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 6. artikuluaren arabera. Hitzarmen hori arautzeko kontuan hartuko dira honako

KLAUSULAK

Lehenengoa. Hitzarmenaren osagai modura erantsi den berariazko Programa garatuz AEaren arloan GSINen kudeaketa bermatzeko Euskal Autonomia Erkidegoarekin lankidetza-neurriak ezartzea da Hitzarmen honen xedea. Programa horretan aipatutako Erkidegoan AEko prestazioetarako GSINek eramaten duen kudeaketa azkartzera eta modernizatzera zuzendutako helburuak ezarri dira.

Bigarrena. Euskal Autonomia Erkidegoak, Osasun eta Kontsumo Sailaren bitartez, honako konpromiso hauek hartu ditu bere gain:

Bajako eta altako parte medikoak bide telematikotik eta bizkortasun eta kalitate egokiaz igortzeko sistema informatikoa gara dadin beharrezkoak diren jarduerak gauzatzea.

Programa aplikatuta ateratako emaitzen berri GSINi ematea, eta dagokion dokumentazioa igortzea beharrezkoak diren balioespenak egin daitezen.

Hirugarrena. GSINek honako konpromisoak hartu ditu bere gain:

Hitzarmenaren xede diren jarduerak gauzatu ahal izateko beharrezkoa den informazio guztia eta dagokion dokumentazioa helaraztea Osasun eta Kontsumo Sailera.

Hitzarmen honen laugarren puntuan ezarritako zenbatekoak horretara zuzendutakoak ordaintzea, programan ezarritakoaren arabera.

Programan jasotzen den elkarrekiko komunikazioa gauzatzeko baliabide egokiak ahalbidetzea, GSINen jardun-eremuan.

Laugarrena. Euskal Autonomia Erkidegoak aurreko klausulan ezarritakoa aplikatzearen ondorioz jasotako funtsak honako hauetara zuzendu beharko ditu: Osasun eta Kontsumo Saileko eta Osakidetza zerbitzu publikoko giza baliabideak sustatzera eta Programa gauzatzeko beharrezkoak diren baliabide informatikoak, materialak eta informaziokoak modernizatzera eta hobetzera. Programa gauzatzearen ondorioz erabilitako funtsek emandako emaitzak zehazten dituen Memoria finantzarioa eta teknikoa lantzeko konpromisoa ere hartu du.

Bosgarrena. Koordinazioa, egiaztapena eta kontrola.

Hitzarmenaren jarraipena Batzorde Misto Nagusiaren eta Probintzia Batzordeen bidez egingo da.

Batzorde Misto Nagusia: osaera eta funtzionamendua.

Honako hauek osatuko dute Batzorde Misto Nagusia:

Gizarte Segurantzaren Institutu Nazionaleko lau ordezkarik, kudeaketa-arloak, arlo medikoak eta arlo ekonomikoak parte hartuz.

Euskal Autonomia Erkidegoko Osasun eta Kontsumo Saileko lau ordezkarik. Ikuskaritza Medikoko Zerbitzuek, Asistentzia Sanitarioko Zerbitzuek eta arlo ekonomikoko arduradunek parte hartuko dute.

Aditu modura Lan Istripu eta Lanbide Gaixotasunen Mutualitateen ordezkari bat gonbidatu ahal izango da.

Bileretako lehendakaria Aldi Baterako Ezintasuneko eta Epe Motzeko bestelako Prestazioen zuzendaria izango da eta Sorospen Arloko burua izango da idazkaria, biak GSINekoak.

Batzordea beharrezko iritzitako maiztasunarekin bilduko da baina betiere sei hilean behin, gutxienez.

Batzordeak honako eginkizun hauek izango ditu bere esku:

Hitzarmen honetan ezarritakoaren jarraipena egitea, eta hitzarmenaren edukia betetzen dela zaintzea edo hala badagokio, egokiak diren koordinazio-eginkizunak gauzatzea; era berean, Programan ezarritakoa gauzatuz egin diren jardueren jarraipenaren emaitzak aztertzea, aztertzen den aldirako jarritako helburuen betetze-maila balioetsiz.

Probintzia Batzordeen bileretan egindakoa aztertzea, batzordeek egindako txostenak ere aztertzea eta Hitzarmenaren funtzionamenduari eta interpretazioari buruz aholku ematea.

Autonomia Erkidegoak lortutako emaitzak zehazten dituen finantza-memoria eta memoria teknikoa aztertzea.

AEko prestazioa kudeatzeko eta kontrolatzeko alderdiek proposatutako bestelako gai interesgarriak aztertzea.

Probintzia Batzordeak. Osaera eta funtzionamendua.

Probintzia-arloan, hiru probintzietako bakoitzean batzorde bat eratuko da, jarduera-planaren gauzatzearen jarraipena egingo duena. Batzorde horren osaera eta funtzionamendu-erregimena honako hauek izango dira:

GSINeko Probintzia Zuzendaritzako hiru ordezkari.

Kudeaketa-arloak eta unitate medikoak parte hartuko dute.

Osasun eta Kontsumo Sailak izendatutako Autonomia Erkidegoko hiru ordezkari, Ikuskaritza Medikoko Zerbitzuek eta Asistentzia Sanitarioko Zerbitzuek parte hartuz.

Probintzia-arloko Lan Istripu eta Lanbide Gaixotasunen Mutualitateen ordezkari bat aditu modura gonbidatu ahal izango da.

Dagokion probintziako GSINeko zuzendaria izango da Batzordearen lehendakaria eta lehendakariak izendatutako funtzionario bat izango da idazkaria.

Beharrezkoa den maiztasunarekin bilduko dira, hilean behin edo bi hilean behin gutxienez.

Probintzia Batzorde bakoitzak dagokion probintziako jarduera-plana gauzatzeko beharrezkoak diren eginkizunak bete beharko ditu.

Batzorde Misto Nagusiko eta Probintzia Batzordeko kideei dagokionez, titularren justifikatutako absentziak gertatzen direnean, horretarako izendatutako ordezko kideek ordeztuko dituzte. Kide horiek beharrezkotzat jotzen dituzten teknikariekin bertaratu ahal izango dira.

Seigarrena. Hitzarmen honetan onartutako Programaren iraunaldia 2010. urtea izango da.

Alderdiek Hitzarmen honetan hartutako konpromisoak ez betetzeak Hitzarmena azkentzea eragingo du, betiere aldez aurretik amaiera esanbidez iragartzen bada, hilabeteko aurrerapenaz gutxienez.

Zazpigarrena. Kredituaren Likidazioa. Programa finantzatzeko ezarritako kreditua gradualki transferituko zaio Osasun eta Kontsumo Sailari. Horretarako honako hauek hartuko dira kontuan:

Programa gauzatu ondoren lortutako emaitzen arabera ordainduko da kreditua.

Osasun eta Kontsumo Sailak Hitzarmen hau martxan jarri ahal izateko beharrezkoa den kredituaren jabe izan behar du prozesuaren hasieran. Kreditu hori (Programan ezarritako zenbatekoa) GSINek emango dio aurrerakin modura.

Ekitaldiaren amaieran Autonomia Erkidegoa ez izatea GSINen zorduna aurreratutako eta justifikatutako kredituagatik.

Hitzarmen honetako laugarren puntuan hitzartutako kreditua da Hitzarmena gauzatzeko GSINek ordaindu beharreko gehienezko muga ekonomikoa.

Zortzigarrena eta azkena. Administrazioarekiko Auzietarako Jurisdikzioari Hitzarmenaren interpretazioari, betetzeari eta iraungitzeari buruzko arazoen berri emango zaio, arazo horiek Batzorde Misto Nagusiak (Hitzarmenaren bosgarren klausulan aipatzen da) konpontzen ez dituen kasuetan.

Eta gure adostasunaren frogagarri, hitzarmen honen bi ale sinatu ditugu goian aipatutako toki-egunetan, eta ale bana aldeetako bakoitzaren esku geratuko da.

Gizarte Segurantzako Estatu-idazkaria,

OCTAVIO J. GRANADO.

Osasun eta Kontsumoko sailburua,

JAVIER RAFAEL BENGOA RENTERÍA.

GSINeko Zuzendari nagusia,

FIDEL FERRERAS ALONSO.

BERARIAZKO PROGRAMA

EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOAN ALDI BATERAKO EZINTASUNEKO (AE) PROZESUEN KUDEAKETA PARTEKATUA MODERNIZATZEA AHALBIDETZEN DUEN SISTEMA INFORMATIKOA EZARTZEA

AEaren kudeaketa globala hobetzeko Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalaren eta Euskal Autonomia Erkidegoaren arteko lankidetzarako esparru orokorra ezartzea da Programa honen helburua. Horretarako bi administrazioen artean koordinazio eta informazio-truke egokia behar da, prestazioaren kudeaketa bizkortzea ahalbidetuko duen eta langileen datuen konfidentzialtasuna bermatuko duen ingurune teknologikoan.

Programa hau zehazki epearen barruan dauden AEko parteak informatizatzeari eta bide telematikoz horiek kudeatzeko GSINek ezartzen dituen taulei egokitutako diagnostiko-kodea betez GSINi igortzeari buruzkoa da.

Autonomia Erkidegoan AEko prozesuen datu-base bat eratu ondoren, Erkidego horrek datu-base horretan dagokion lurralde-eremuko mediku guztiek igorritako baja- eta alta-parte guztiak biltzeko konpromisoa hartzen du. Langileari azterketa medikoa egin, eta lanerako ezindua dagoela egiaztatzen bada, berehala igorri beharko da parte medikoa apirilaren 18ko 575/1997 Errege Dekretuaren 2. artikuluan ezarritakoaren arabera.

Bere sare sanitarioan dagokion prestazioaren informatizazioa zabaltzeko konpromisoa hartzen duen Autonomia Erkidegoak. Bide telematikoz bateragarriak diren programen bidez bidaliko dio parte medikoei buruzko informazioa GSINi, prestazio ekonomikoa kudeatzeko erakunde eskuduna edozein izanik ere, erakunde kudeatzaileak ezartzen dituen berezitasun teknikoen, erregistro diseinuaren eta maiztasunaren arabera.

Fitxategiak egunero igorriko dira eta baja- eta alta-parteak egiten direnetik bost eguneko epean, apirilaren 18ko 575/1997 Errege Dekretuan ezarritakoaren arabera.

Bidalitako parte guztietan Osasunaren Munduko Erakundearen Gaixotasunen Nazioarteko Sailkapenaren (CIE-9 MC) araberako diagnostiko-kodea jarriko da. Autonomia Erkidegoan beste kode-sistemaren bat erabiltzen bada, aipatutako CIE9 MC koderako aldaketa egin beharko da.

Bidali beharreko datuak. Derrigorrez bidali beharreko datuak honako hauek dira:

Baja-partea. Langilearen datu pertsonalak: PFI (NAN edo AIZ etorkinen kasuan); Gizarte Segurantzaren inskripzio-zenbakia; abizenak eta izena; helbidea (udalerria, probintzia eta posta-kodea) eta harremanetan jartzeko telefono-zenbakia.

Baja-partearen datu medikoak. Parte mota (baja); gertakizuna; baja medikoaren data; hala badagokio, lan-istripuaren data; diagnostiko-kodea; prozesuaren aurreikusitako iraupena; gaixoberritzea, eta elkargokide-zenbakia osorik (Estatuko hamar digituko formatua).

Alta-partea. Langilearen datu pertsonalak: PFI (NAN edo AIZ etorkinen kasuan); Gizarte Segurantzaren inskripzio-zenbakia; abizenak eta izena; helbidea (udalerria, probintzia eta posta-kodea) eta harremanetan jartzeko telefono-zenbakia.

Alta-partearen datu medikoak. Parte mota (alta); gertakizuna; alta medikoaren data; altaren arrazoia; hala badagokio, lan-istripuaren data; prozesuaren azken diagnostiko-kodea; gaixoberritzea, eta elkargokide-zenbakia osorik (Estatuko hamar digituko formatua).

Programaren edukia. Programak ondoren adierazten diren azpiatalak ezartzen ditu, bertan zehazten den barne-haztapenaren arabera.

  1. AEko parteak informatizatzea eta bide telematikoz GSINi bidaltzea: % 30.

  2. AEko parte horiek bidaltzeko epea: % 30.

  3. Parte medikoak zuzen betetzea.

    Arreta berezia diagnostiko-kode zuzenari: % 30.

  4. 365 eguneko epea agortzeagatiko (10. kausa) parte medikoak modu informatizatuan igortzea:

    % 10.

    Helburu horiek lortzeak jarduera-plan bat lantzea eskatzen du eta Plan hori Autonomia Erkidegoan zehaztu beharko da, jarduera horiek gauzatzeko egutegi baten bitartez. Jarraipeneko Batzorde Misto Nagusian adostuko da jarduera-plan hori, baita aztertutako aldi bakoitzean lortutako emaitzen balioespen-sistema ere.

    Autonomia Erkidegoak gauzatutako lankidetzaren araberako kontraprestazio ekonomikoak honako parametro hauekin zuzeneko erlazioa izango du:

    Bide telematikoz bidalitako parte medikoen kopurua.

    Parte horiek bizkor bidaltzea.

    Parte medikoak zuzen betetzea, batez ere diagnostiko-kodea.

    Batzorde Misto Nagusiak GSINen eta Osasun eta Kontsumo Sailaren arteko komunikazio bide zehatzak ezarriko ditu, bide horietatik martxan jartzen diren esperientziak modu eraginkorrean gara daitezen behar den informazioa, datuak eta dokumentuak mugitzeko.

    Hilean behin gutxienez, Osasun eta Kontsumo Sailak izendatutako Ikuskaritza Medikoko organotik gauzatutako jardueretan lortutako emaitzei dagozkien datuak eta dokumentazioa jasoko du GSINeko Probintzia Zuzendaritzak.

    GSINek soilik izango du beharrezkoak diren jardunak eta kontrolak burutzeko ahalmena, hain zuzen ere Berariazko Programa aplikatzearen ondoriozko emaitzen balioespenean biltzen diren faktoreak egiaztatzeko.

    Kontraprestazio ekonomikoaren banaketa.

    Transferitutako zenbatekoa esperientzia horietan parte hartu duten agente parte-hartzaileak sustatzari eta esperientzia horiek modernizatzeko eta hobetzeko beharrezko baliabide informatiko eta materialei zuzenduko zaie. Hortaz, horien artean banatuko da zenbateko hori, finkatzen diren irizpideen arabera eta horien berri emango zaio Hitzarmenean jasotzen den Batzorde Misto Nagusiari. Honako hauek dira agenteak: ikuskatzaile medikoak, erizaintza-teknikariak, lehen arretako eta arreta espezializatuko medikuak eta Programa gauzatzeko prozesuan parte hartutako gainerako langileak.

    Kreditua Euskal Autonomia Erkidegora transferitzea

    Dagokigun Erkidegorako Hitzarmenean adierazten den kreditua Hitzarmenaren zazpigarren klausulan ezarritakoaren arabera transferituko da, honako ohar hauek kontuan hartuta:

    Programa gauzatzeko, Osasun eta Kontsumo Sailaren eskura jarriko dira, aurrerakin modura, Programa martxan jartzeko behar diren funtsak. Horren ondoren eta finkatutako etapekin bat etorriz, etapa bakoitzean lortutako helburuen araberako likidazioak gauzatuko dira.

    Aurrerakinak eta likidazioak

    Hiru hilean behin lortutako helburuak balioetsiko dira eta GSINek balioespen bakoitzari dagokion zenbatekoa oso-osorik ordainduko du. Programaren hasieran Osasun eta Kontsumo Sailak kredituaren % 25eko aurrerakina jasoko du. Zenbateko hori aurrerakin modura mantenduko da Hitzarmena gauzatzen den bitartean eta prozesu horren amaieran likidatuko da.

    Abenduko lehen bost egunetan, data hori arte gauzatu den Programaren zatian lortutako helburuei buruzko balioespena egingo da. Balioespen horren arabera gauzatuko da Programaren azken likidazioa.

Alde batetik, Fernando Puig de la Bellacasa Aguirre jauna, Sustapen Ministerioko Erakundeen arteko Harremanen eta Koordinazioaren Idazkari Nagusia (Madrilgo Paseo de la Castellana 67), Geografia Kontseilu Nagusiko lehendakari den partetik.

Beste aldetik, María del Pilar Unzalu Pérez de Eulate andrea, Ingurumen, Lurralde-plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburua (Gasteizko Donostia kaleko 1), Euskadiko Administrazio Orokorreko ordezkari den partetik, Eusko Jaurlaritzako Kontseiluak 2009ko azaroaren 10ean onartu eta eman zion ordezkaritza betez.

Bi aldeek nahikoa gaitasun juridiko onartu diote elkarri bakoitzaren erakundeen izenean lankidetza-hitzarmen hau sinatzeko eta, horrenbestez,

HONAKOA AZALDU DUTE:

Lehenengoa. Azaroaren 23ko 1545/2007 Errege Dekretuak, Kartografia Sistema Nazionala arautzen duenak, honakoa xedatzen du 2. artikuluko 1. atalean: Kartografia Sistema Nazionalaren xedea da informazio geografikoari buruzko zeregin publikoak efikaziaz burutzea, arlo horretako eskumenak dituzten eragile publikoen lana koordinatuz.

Bigarrena. Dekretu horrek 3. artikuluko 2.b) atalean xedatzen duenez, autonomia-erkidegoko administrazioetan informazio geografikoa bildu, gorde, tratatu edo hedatzeko zeregina daukaten erakunde guztiek osatuko dute sistema, bai eta erkidegoko sektore publikoan horretan jarduten diren erakundeek ere, sistemako parte izan nahi dutela adierazten badute.

Hirugarrena. 3. artikuluko 5. atalean, Errege Dekretuak xedatzen du sisteman sartzea eskatzen duten erkidegoko edo herriko administrazioek, lehenik, estatuko administrazio orokorrarekin lankidetza-hitzarmena sinatu beharko dutela, sistemaren parte izango badira, erabat eta guztiz.

Laugarrena. Euskadiko Administrazio Orokorrak, hitzarmen hau burututa, Kartografia Sistema Nazionalean sartu nahi du.

Bosgarrena. Bi aldeek daukate nahia informazio geografikoaren inguruan egiten duten lana elkarrekin koordinatzeko, bai eta gainerako administrazioekin ere, informazio kartografikoa eta geografikoa koordinatuta eta efizientziaz egingo dela ziurtatzeko, administrazioetan eskura dagoen informazio kartografikoa eta geografikoa kokatu eta eskuratzeko modua egon dadin, eta modua egoteko xede jakin baterako benetan ondo egokituta dagoen ebaluatzeko eta hainbat iturritako datu geografikoak koherentziaz konbinatzeko modua egon dadin; hartara, Kartografia Sistema Nazionala osatzen duten kideek batzuen eta besteen datuak partekatzeko modua izango dute.

Seigarrena. Horrenbestez, bi aldeek nahi dutela lankidetza-hitzarmena sinatu (Kartografia Sistema Nazionala arautzen duen azaroaren 23ko 1545/2007 Errege Dekretuaren 3. artikuluko 5. atalak xedatzen duena oinarri hartuta).

Eta, horretarako, bi aldeek lankidetza-hitzarmen hau formalizatu dute, Euskal Autonomia Erkidegoa Kartografia Sistema Nazionalean sartzeko, honako klausulen arabera:

KLAUSULAK:

Lehenengoa. Hitzarmenaren Xedea.

Lankidetza-hitzarmen honen helburua da zehaztea nola sartuko den Euskal Autonomia Erkidegoa Kartografia Sistema Nazionalean, 1545/2007 Errege Dekretutik autonomia-erkidego honi dagozkion edukiak zein diren definitzea eta, eduki horiek elkarren artean kudeatzeko erabiliko den eredua antolatzea.

Horretan, erkidegoaren aldetik, EAEko Ingurumena, Lurralde-plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako Sailak dauka hitzarmen hau betearazteko ardura; bestalde, Geografia Kontseilu Nagusiaren aldetik, bere Idazkaritza Teknikoak izango du ardura, Geografia Institutu Nazionalaren (GIN) Zuzendaritza Nagusiaren bitartez.

Bigarrena. Euskal Autonomia Erkidegoa Kartografia Sistema Nazionalean sartzea.

Lankidetza-hitzarmen hau sinatuta, Euskal Autonomia Erkidegoak adierazten du Kartografia Sistema Nazionalean sartu nahi duela, betiere, 1545/2007 Errege Dekretuko 3. artikuluko 2.b) atalean xedatutakoaren arabera eta hurrengo klausulako baldintzen arabera.

Hirugarrena. 1545/2007 Errege Dekretutik Euskal Autonomia Erkidegoari eragiten dioten edukiak

Euskadiko Administrazio Orokorrak eta Geografia Kontseilu Nagusiak autonomia-erkidegoa Kartografia Sistema Nazionalean sartzea adostu dute; 1545/2005 Errege Dekretuaren kapituluen egitura dela-eta, honako eredu hauxe jarraituta sartuko da:

  1. Erreferentzia Nazionaleko Ekipamendu Geografikoari buruz.

    1. Euskal Autonomia Erkidegoko informazio geografiko eta kartografiko ofizialaren produkzio guztia bere azpiegituratik bertatik eta Erreferentzia Nazionaleko Ekipamendu Geografikotik datorren informazioan oinarrituta ekoitziko du. Ekipamendu Geografikoko informazioa Geografia Institutu Nazionalak emango dio, doan, Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio orokorrari. Halaber, ekipamenduan Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio orokorrak erabakitako azpiegitura autonomikoak sartuko dira, atal honetako ondorengo puntu hauek dioten moduan.

    2. Euskal Autonomia Erkidegoko sare geodesiko aktibo eta pasiboak eta nibelazio-sareak Erreferentziazko Sistema Geodesikoan sartuko dira. Sarrera hau gauzatzeko, eta etorkizunerako finkatzeko, Euskadiko Administrazio Orokorrak eta GINak beharrezko lanak egingo dituzte elkarrekin; lan horien baldintza teknikoak, logistikoak eta finantzaziokoak, eta lanok aurrera begira jarraitzeko lana, hori guztia, GINaren eta Euskadiko administrazio orokorraren arteko hitzarmen espezifiko batean zehaztuko da.

    3. Euskal Autonomia Erkidegoko Geografia Izendegian jasota dagoen toponimia ofiziala, halakorik balego, Espainiako Oinarrizko Geografia Izendegian jasota dagoen toponimia ofizialarekin harmonizatu eta bateratuko da.

      Lan horren emaitza Geografia Izendegi Nazionalaren barruan geratuko da jasota. Sarrera hori gauzatzeko eta etorkizunerako finkatzeko, Euskadiko Administrazio Orokorrak eta GINak beharrezko lanak egingo dituzte elkarrekin; lan horien baldintza teknikoak, logistikoak eta finantzaziokoak, eta lanok aurrera begira jarraitzeko lana, hori guztia, bien arteko hitzarmen espezifiko batean zehaztuko da.

    4. Euskadiko Administrazio Orokorrak ofizialki zehaztuta dauzkan lur-mugak, halakorik balego, bere erregistroan inskribatuko dira, eta Kartografia Erregistro Zentralera transmitituko. Mugaketa horren kokapen-kalitatea hobetzea beharrezkoa ote den aztertuko du Euskadiko Administrazio Orokorrak, eta, beharrezkoa dela irudituko balitzaio, hobetzeari ekingo lioke; lana martxan nola jarri planifikatuko luke, eta, beharrezkoa iritziko balio, GINri elkarlana eskatu. Elkarlan hori hitzarmen berezi baten bitartez mamituko da. Bertan zehaztuko dira lanaren baldintza teknikoak, logistikoak eta finantzaziokoak.

    5. Euskal Autonomia Erkidegoko toki-erakundeen (zehazki, Toki Erakundeen Erregistroan agertzen diren toki-erakundeen) kokapen geografikoa zehazteko GINak edo Euskadik Administrazio Orokorrak egindako lanak, hain zuzen, Udaletako Geografia Erreferentzien Inbentario Nazionalean geratuko dira jasota. Lanok hitzarmen berezi baten bitartez mamituko dira; bertan zehaztuko dira lanaren baldintza teknikoak, logistikoak eta finantzaziokoak

  2. Kartografia Ekoizpen Ofizialaren Planifikazioari buruz.

    1. Euskadiko Administrazio Orokorraren eta Geografia Kontseilu Nagusiaren ardura izango da, biena, bakoitzaren ekoizpen kartografikoko plan eta programak elkarrekin koordinatzea (Kartografia Ordenamenduari buruzko urtarrilaren 24ko 7/1986 Legearen 8. artikuluak xedatzen duen moduan), ahal denik efizientzia handiena bermatzeko eta Kartografia Sistema Nazionalaren premiak betetzeko (1545/2007 Errege Dekretuaren III. kapituluak agindu bezala).

      Horretarako, Euskadiko Administrazio Orokorreko plan eta programei buruz Geografia Kontseilu Nagusiak egingo duen txostenak eta Kartografia Plan Nazionalari buruz eta garapeneko urteroko programa operatiboei buruz Geografia Kontseilu Nagusiaren Lurraldeko Batzordeak egingo duen txostenak, biek ere, aurreikusitako proiektuak bateragarri izateari eta bikoiztuta ez egoteari erreparatu beharko diote, 1545/2007 Errege Dekretuaren 6. artikuluak jasotzen duen zeregin-banaketa ondo betetzen dela aztertu beharko dute, eta Errege Dekretu horren 13. artikuluak ezartzen dituen normalizazio-irizpideak betetzen ote diren behatu.

    2. Baldin eta Euskadiko Administrazio Orokorrak uste badu gerta litekeela ekoizpen kartografikoko bere plan edo programaren bat, nahiz Kartografia Sistema Nazionalerako interes orokorrekoa izan, ezin burutzea eta, horren ondorioz, Sistemaren aurreikuspenak kolokan jartzeko arriskua egotea, Geografia Kontseilu Nagusiaren Idazkaritza Teknikoari jakinaraziko dio. Kasu horretan, eta aurrez Euskadiko Administrazio Orokorrarekin akordioa lortu ondoren, GINk aukera izango du, bere kargura, Kartografia Plan Nazionalean sartu den autonomia-erkidego horren lurraldeari buruzko oinarrizko kartografia-ekoizpena bere gain hartzeko.

      Halatsu, GINk ikusiko balu gerta litekeela Kartografia Plan Nazionalaren edo horiek garatzeko urteko programa operatiboen barruan sartutako proiekturen bat, nahiz Kartografia Sistema Nazionalaren interes orokorrekoa izan, ezin burutzea eta, horren ondorioz, autonomia-erkidegoaren aurreikuspenak kolokan jartzeko arriskua egotea, autonomia-erkidegoko administrazio orokorrari jakinaraziko dio GINk. Kasu horretan, eta aurrez Geografia Kontseilu Nagusiari adierazi ondoren eta GINrekin adostu ondoren, Euskadiko Administrazio orokorrak aukera izango du, bere kargura, Kartografia Plan Nazionalean sartu den autonomia-erkidego horren lurraldeari buruzko proiektu horren ekoizpena bere gain hartzeko.

    3. Baldintza teknikoak, logistikoak eta finantzaziokoak ezarriko dituzten lankidetza-hitzarmen zehatzen bidez, Euskadiko administrazio orokorrak eta GINak Euskadiko autonomia-erkidegoko lurraldeari buruzko kartografia topografikoa eta erreferentziazko informazio geografikoa koordinatu eta harmonizatuko dute, bai eta elkarrekin sortu ere, egokia denean; betiere, 1545/2007 Errege Dekretuaren 27.a) artikuluaren edukiak xedatzen duenaren arabera eta hitzarmen honetako laugarren klausulako urratsak kontuan hartuta.

    4. Bere ekoizpen-plan eta -programak gauzatzeko, Euskadiko administrazio orokorrak egindako kartografia topografiko ofizialak bat etorri behar du lan horri dagozkion arau kartografikoek xedatzen dituzten irizpide normalizatuekin.

    5. Euskadiko administrazio orokorrak eta Estatutuko administrazio orokorrak, biek hala biek, beraiek sortutako produktu eta zerbitzu kartografiko ofizialak doan eskuratzeko aukera daukate, beren lan publikoa egiteko beharrezko badituzte; ekoizleen zehaztapenak aintzat hartuta eta Geografia Kontseilu Nagusiak ezartzen dituen irizpideen arabera, eta kooperazioa, efizientzia eta berdintasuna ardatz hartuta.

    6. Euskadiko administrazio orokorrak eta Estatuko administrazio orokorrak, biek, elkarrekin koordinatuko dituzte beren produktu eta zerbitzu kartografiko ofizialak hedatzeko politikak, Geografia Kontseilu Nagusiak ezarritako gutxieneko irizpide orokorren arabera; koherentzia, efizientzia eta zerbitzu publikoaren kalitatea ahalik eta gehien emanez. Halatsu, erkidego honetarako datuen politika koordinatzen ahaleginduko dira, informazioa erabat eta libre hedatzeko, orain artean, Euskadiko administrazio orokorrak egin duen gisan; administrazio honi aukera emateko aurrerantzean ere koherente jarduteko bestelako informazio geografikoekin.

  3. Kartografia Erregistro Nazionaleko inskripzioari buruz.

    1. Euskal Autonomia Erkidegoko kartografia ofizialak, dela oinarrizkoa topografikoa edo nautikoa dela deribatua edo, kasuan kasu, bere plan kartografikoen ondorioz ekoitzitako kartografia tematikoa, baldin 1545/2007 Errege Dekretuko 11. artikuluko 1. atalean zehaztutako baldintzak betetzen baditu, Kartografia Erregistro Autonomikoan inskribatu behar da (halakorik baldin badago). Erregistro automatikoa telematikoki konektatuta egongo da erregistro zentralarekin, eta bere metadatuak eskuragarri egongo dira Informazio Geografikoaren Azpiegitura Nazionalaren atariko katalogoaren bidez; hartara, Kartografia Erregistro Zentralean eginiko zuzeneko inskripzioaren ondorio juridiko berdinak eragingo ditu.

    2. Euskadiko Administrazio Orokorrak ofizialki zehaztuta dauzkan lur-mugak bertako erregistro autonomikoan inskribatuko dira, halakorik balego, eta Kartografia Erregistro Zentralera transmitituko dira telematikoki.

    3. Euskal Autonomia Erkidegoko Geografia Izendegian bildutako toponimia ofiziala ofizioz txertatuko da Geografia Izendegi Nazionalean.

    4. Euskadiko administrazio orokorrak eta GINk hitzarmen espezifikoa sinatuko dute nahi izanez gero, Kartografia Erregistro Zentralarekin lotutako lan hauei buruzko baldintza teknikoak eta logistikoak, eta, kasuan kasu, finantzaziokoak zehazteko.

  4. Autonomia erkidegoko Geografia Informazioaren Azpiegitura, Geografia Informazioaren Azpiegitura Nazionalean sartzeari buruz.

    1. Euskadiko administrazio orokorrak ekoitzitako edo kontu egindako erreferentziazko informazio geografikoa (hau da: sare geodesiko eta mailaketa-sareak, Geografia Izendegian bilduta daukan toponimia ofiziala, bere eskumeneko dituen lurreko mugak, autonomia-erkidego horretan, Tokiko Erakundeen Erregistroan izena emanda dauden tokiko erakundeen kokapen geografikoa, erkidegoak ateratako datu altimetrikoak, bere eskumeneko garraioaren instalazio, sare eta azpiegiturak, hidrografia eta lur-azalaren deskribapena eta, kasuan kasu, autonomia-erkidegoko hurbileko itsas bazterraren deskribapena) eta datu tematiko funtsezkoak Informazio Geografikoaren Azpiegitura Nazionalean egongo dira eskueran, autonomia-erkidego honetako Geoeuskadi atariaren bidez eta Informazio Geografikoaren Azpiegitura Nazionalera sartzeko IDEE atariaren bidez.

    2. Euskadiko Administrazio Orokorrak eta GINak elkarrekin jardungo dute zuzen-zuzenean. Horretarako, hitzarmen espezifiko bat sina dezakete nahi izanez gero, baldintza teknikoak, logistikoak eta finantzaziokoak zehazteko, eta honakoak bermatzeko asmoz, betiere:

      Euskadiko Datu Espazialen Azpiegitura eskualdeko nodo moduan txertatuko dela Informazio Geografikoaren Azpiegitura Nazionalean, modua egon dadin eskuera dagoen informazio geografikoa partekatzeko, prozedura estandarizatu eta interoperableen bitartez.

      IDEE eta Geoeuskadi geo-atarien administratzaileek elkarrekin jardungo dutela, ziurtatzeko batzuek eta besteek aukera izango dutela besteen atarian jarritako zerbitzuetara jotzeko eta, hartara, bi ataritako zerbitzuak hedatzeko; bereziki, oinarrizko kartografia bistaratzeko zerbitzuak.

      IDEE eta Geoeuskadi geo-atariak konexio-prozedurak ezarri ahal izango dituztela beren metadatuen katalogoan, bietan eskura dagoen informazio etengabe eguneratuko dela ziurtatzeko.

      Informazio Geografikoaren Azpiegitura Nazionalak eta Euskadiko Datu Espazialen Azpiegiturak elkarrekin egingo dutela lan, datu espazialen azpiegiturak garatu, erabili eta aplika daitezela bultzatzeko, zehazki, teknologia, metodo, zehaztapen eta arauei sustapena eta hedapena egiteko eta gai horri buruz prestakuntza emateko.

    3. Euskadiko Administrazio Orokorrak eta GINak bidea emango dute, internet bidez, beren eskumeneko datu eta informazio geografikoak eskuratzeko; informazio geografikoa zabaltzeko zerbitzu hauen bitartartez:

      Lokalizazio-zerbitzuak.

      Bistaratze-zerbitzuak.

      Deskarga-zerbitzuak.

      Eraldatze-zerbitzuak.

      Datu espazialen zerbitzuak.

      Sartzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko Geoeuskadi eta IDEE atariak erabil daitezke.

    4. Bi azpiegiturek beren datuak eta zerbitzuak partekatuko dituzte, ordainetan inongo ordainsaririk emateko obligaziorik gabe.

  5. Geografia Kontseilu Nagusiari buruz.

    1. Euskadiko administrazio orokorreko Lurralde Antolamenduko Zuzendaritzako (EAOLAZ) titularra izango da erkidegoko ordezkari Geografia Kontseilu Nagusiaren osoko bilkuran; ordezko bozeramailea Kartografia Zerbitzuko buruzagitzako titularra edo hark bere ordez izendatutako teknikaria izango da.

    2. EAOLAZeko titularra Geografia Kontseilu Nagusiko Lurraldeko Batzordeko kide izango da.

    3. Gutxienez EAEko ordezkari bat, EAOLAZek proposatutakoa, Geografia Kontseilu Nagusiko Batzorde espezializatutakoren bateko kide izango da. Batzorde espezializatuek egindako lanaren berri EAOLAZri ematen saiatuko da Geografia Kontseilu Nagusiko Idazkaritza Teknikoa, bai eta, gertatzen denean, lan-taldeen bidez egindako partehartzearen berri ere. Edozein kasutan, EAOLAZri aurrez jakinarazi beharko dio zein izango diren bilera bakoitzeko agendak eta batzorde espezializatu bakoitzak urterako dauzkan lan-asmoak, bai bileretako aktak helarazi ere.

    4. EAOLAZaren titularrak erabakiko du nor izango den Euskal Autonomia Erkidegoaren ordezkari Informazio Geografikoaren Azpiegiturako Zuzendaritza Kontseiluan.

    5. Geografia Kontseilu Nagusiko Idazkaritza Teknikoak Kartografia Sistema Nazionalaren nondik norakoen jakitun eduki behar du Euskadiko administrazio orokorra, EAOLAZaren bidez.

    6. Kartografia Sistema Nazionalean bilduta dauden EAEko tokiko erakundeei informazio emateko ardura EAOLAZari dagokio, bai eta sisteman parte hartzeko bidea erraztea ere.

      Laugarrena. Kartografia ekoizteko elkarlana.

      Hirugarren klausularen b.3 atalean xedatutakoaren arabera, lankidetza-hitzarmen zehaztuaren bitartez, Euskadiko administrazio orokorrak (EAOaren kartografia-zerbitzuaren bidez) eta Estatuko administrazio orokorrak (Geografia Institutu Nazionalaren bidez), bien artean, ekoitziko dute kartografia topografiko oinarrizkoa, ekoizpen eredu kooperatiboaren bitartez. Eredu horrek elkarrekin egitekoak diren lanen baldintza teknikoak, logistikoak eta finantzaziozkoak zehaztuko ditu, eta honakoak beteko:

    1. Planifikazioak ere elkarren artean egindakoa behar du, Euskadiko administrazio orokorreko eta GINko teknikarien ardurapean dauden plan kartografikoak erreferentziatzat hartuta.

    2. Ekoizpena, subsidiariotasun printzipioaren araberakoa izango da, eta dena delako lurraldetik hurbilen dagoen administrazioak egingo du, baldin eta ekoizpena kalitatezkoa izango dela bermatzerik badu, GINak eta Euskadiko administrazio orokorrak elkarrekin erabakitako irizpide tekniko eta logistikoen arabera. Nolanahi, bi aldeetako batek ezin baditu agindutakoak bete, beste aldeak badauka hitzarmena errebisatzeko eskatzerik, egoera berrira egokitzeko.

      Bi administrazioen artean ordainduko dituzte kostuak, dena delako hitzarmen espezifikoan ezarritako proportzioan, eta Kartografia Sistema Nazionala arautzen duen azaroaren 23ko 1545/2007 Errege Dekretuaren 6. artikuluan onartutako gutxi gorabeherako zenbatekoa kontuan hartuta.

    3. Bi aldeek izango dute eskubidea hitzarmen espezifiko horren barruan ekoitzi den kartografia, informazio kartografia eta beste erabiltzeko, inongo kosterik edo mugarik gabe, eta informazio hori zabaltzeko ere, bien artean erabakitako datuen politika betez.

    4. Kartografia topografiko oinarrizkoa elkarrekin ekoizteko sinatuko den lankidetza-hitzarmen espezifikoak bere baitan hartzen dituen kartografia topografikoaren ekoizpena eta eguneraketak zehatzagoa izan behar du planimetrian 3 metro baino zehatzagoa eta altimetrian 5 metro baino, eta Topografia Base Nazionala 1:25.000 ekoitzi eta eguneratzeko prozesuan ibiltzeko modukoa.

    5. Plan nazionalen barruan, Euskadiko administrazio orokorra parte dela, egiten diren irudien eta hedadura aeroespazialen ekoizpena bi aldeen ardura izango da; bai Euskadiko administrazio orokorrarena (EAOko kartografia-zerbitzuaren bitartez) bai Estatuko administrazio orokorrarena (GINaren bitartez, zeinak, adostutakoaren arabera, plan nazional horretatik autonomia-erkidego horri dagokiona ordainduko baitu).

    6. Euskadiko administrazio orokorrak, bere produktuak argitaratzeko orduan, kontuan hartuko du GINk eskura jartzen duen inprimaketa-azpiegitura, azpiegitura hori baita Kartografia Sistema Nazionalaren erreferentziazko kartografia-tailerra.

    7. Gutxienez urtean behin, lan-bilera egingo dute EAOko kartografia-zerbitzuak eta Geografia Institutu Nazionalak, hitzarmen espezifikoan aurreikusitako ekoizpenek aurrera egiten duten ikusteko eta ekoizpenon hurrengo urterako planifikazioa eta programazioa prestatzeko, Kartografia Plan Nazionaletik horri dagokion programa operatiboaren arabera.

      Bosgarrena. 1545/2007 Errege Dekretuko edukiak betearazteko eta garatzeko ardura daukan organo autonomikoa.

      Hitzarmen hau bete eta garatzearen inguruan Estatuko administrazio orokorrak dauzkan hartu-eman guztiak -direla erakunde autonomo, bere sektore publiko, edo EAEko tokiko erakundeekin dauzkanak- kartografiaren arloan eskumena daukan zuzendaritzaren bitartez gauzatuko dira.

      Seigarrena. Eduki sektoriala daukan material kartografikoaren inguruko hartu-emanak.

      Hitzarmen honen edukia, garapena eta interpretazioa egiterakoan, kontuan hartu beharko dira indarrean dauden eskumenak eta legedia, sektorean bertan nahiz lurralde bakoitzean; horren bitartez, bi aldeko harremanak taxutu daitezke bi administrazioetako organoen artean, aurreneko klausulan jarritako harremanetatik beste, edo tokiko eremuko bestelako administrazioekin, betiere, asmoa baldin bada, soil-soilik, sektoreko edo lurraldeko eskumena gauzatzea, eta harreman horiek ez badira hitzarmen honek jasotzen dituenen kontrakoak. Edonola ere, halako bi aldeko harremanik taxutuz gero, GINari eta EAOko kartografia-zerbitzuari jakinarazi behar zaie.

      Zazpigarrena. Jarraipen Batzordea.

      Jarraipen batzorde bat eratuko da, lankidetza-hitzarmen hau betetzen dela begiratzeko. Alderdi bakoitzeko hiru ordezkari egongo dira batzordean.

      Lankidetza-hitzarmen hau sinatu eta hurrengo hamar egunen barruan, alde bakoitzak zein ordezkari izendatu dituen jakinarazi beharko dio beste aldeari, idatziz. Jarraipen Batzorde honetan Geografia Kontseilu Nagusiaren ordezkari izendatuko den kideetako batek, ezinbestean, Euskal Autonomia Erkidegoko gobernu-delegazioko ordezkaria izan behar du.

      Honako zereginak izango ditu Jarraipen Batzordeak:

      Lankidetza-hitzarmen honen ondoriozko lanak planifikatu, dinamizatu eta ebaluatzea, bai eta hirugarren eta laugarren klausulan jasotakoaren ondorioz egin daitezkeen lanak ere.

      Lankidetza-hitzarmen hau gauzatu, aplikatu edo interpretatzean sor daitezkeen ez adostasun edo liskarrak ebaztea.

      Lankidetza-hitzarmen hau sinatu duten aldeei hirugarren edo laugarren klausuletan jasotako gaiei buruzko kontuetan edo horietatik eratorritako edo horiekin lotutako kontuetan lankidetza-jardun zehaztuak proposatzea eta jarduera horiei bultzada ematea.

      Lankidetza-hitzarmen honen ibileraren gaineko txostenak idaztea, hitzarmena sinatu dutenei jakinarazteko.

      Zortzigarrena. Hitzarmenaren indarraldia.

      Hitzarmen honen indarraldia mugagabea izango da. Sinatzen den egunean jarriko da indarrean.

      Bederatzigarrena. Lankidetza-hitzarmena hutsaltzea.

      Lankidetza-hitzarmen hau hutsaltzeko arrazoia izango da bi aldeetako batek hutsaltzeko gogoa adieraztea edo hitzarmeneko klausularen bat nabarmen ez betetzea.

      Hitzarmena hutsaltzeko, aldeetako batek hutsaldu nahia iragarri behar du lehenik; ondoren, hilabeteko epea izango du beste aldeak kontraerantzuna aurkezteko, eta, gero, antzeko beste epe bat, hitzarmena bukatutzat emateko. Hutsaltze-akordioak kontuan hartu behar ditu, halaber, gauzatzear dauden akordio filialen betetze-epeak eta baldintzak, eta ez dio inondik ere kalte ekonomikorik eragin behar ez alde bati ez besteari.

      Hitzarmen hau hutsalduz gero, autonomia-erkidegoa Kartografia Sistema Nazionaletik kanpo geratuko da, eta ezingo du berriro ere sartu, iragarpena egin eta bi urte pasa arte.

      Hamargarrena. Jurisdikzioa.

      Sektore Publikoaren Kontratuen Legeak (urriaren 30eko 30/2007 Legeak) 4.2 artikuluan halaxe xedatzen duenez, lege horren printzipioak aplikatuko dira hitzarmen hau betetzean sor daitezkeen zalantza eta hutsuneak saihesteko.

      Lankidetza-hitzarmen honen interpretazioa dela-eta edo hitzarmenean jasotako obligazioak ez betetzea dela-eta gertatzen diren auziak, ezin izan badira horretarako sortutako Jarraipen Batzordean ebatzi, administrazioarekiko auzien jurisdikzioaren bidez ebatziko dira, jurisdikzio horretako legeak agintzen duen moduan.

      Eta, goian esandakoarekin guztiarekin bat datozela adierazteko, bi ale sinatu dituzte bi aldeek, adierazitako hirian eta egunean.

      Madril, 2010eko martxoaren 31.

      Ingurumen, Lurralde Plangintza,

      Nekazaritza eta Arrantzako sailburua,

      MARÍA DEL PILAR UNZALU PÉREZ DE EULATE.

      Sustapen Ministerioko Erakundeen arteko

      Harremanen eta Koordinazioaren Idazkari Nagusia,

      FERNANDO PUIG DE LA BELLACASA AGUIRRE.

Vitoria-Gasteiz, 2009ko abenduaren 3a.

Alde batetik, Blanca Urgell Lázaro andrea, Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailaren sailburua, Eusko Jaurlaritzaren izenean eta haren ordezkari gisa.

Eta beste aldetik, Lorena López de Lacalle Arizti andrea, Arabako Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kiroleko diputatua.

Ordezkari biek elkarri behar besteko gaitasun juridikoa aitortuz, honako dokumentu honetan jasotzen den hitzarmena sinatzea erabaki dute eta elkarrekin ados jarrita honako hau

AZALDU DUTE:

Lehenengoa. Hitzarmen hau kulturaren eremuko lankidetzan erakunde biek elkarren artean duten esparruan kokatzen da. Zehazki, kultura-ondarea babesteko eta zabaltzeko politikaren alorrean, alegia museoak eta bildumak kudeatzen laguntzen duten sistema teknikoak ezartzea eta mantentzea, sistema horien bidez datu-trukea eta web bidez datuok jendaurrean hedatzea ahalbidetzen baita.

Bigarrena. Euskadiko Museoei buruzko abenduaren 1eko 7/2006 Legeak 3. artikuluan arautzen ditu museoen eta bildumen arloan Autonomia Erkidegoko Administrazioak dituen eskumenak. Besteak beste, Euskadiko Museo eta Bildumetako Funtsen Inbentario Orokorra antolatzea eta eguneratzea, Euskadiko museo eta bilduma guztietan erabili ahal izango den sistema informatiko bakarra sarean jartzea sustatzea eta ekimen horretan aurrendari izatea, eta Ondarearen dokumentazio, ikerketa eta hedatze lanak sustatzea. Museoek eta bildumek, bestalde, lege horrek arautzen dituen funtzioak egoki beteko badituzte, beren funtsak inbentariatuta eduki behar dituzte.

Hirugarrena. Eusko Jaurlaritzak, Kultura Sailaren bidez, EMSIME izeneko aplikazio informatikoa garatu du eta haren jabea da. Aplikazioak helburua du Euskadiko museo eta bildumen funts museografikoen dokumentazioa egitea, bai eta horien kudeaketarekin loturiko zeregin eta jarduera guztiak egiteko beharrezkoa den laguntza ematea ere.

Laugarrena. Dokumentazio-lana neurri handi batean hizkuntza eta taula normalizatuetan funtsatzen da eta, horregatik, tresna horien kudeaketa nahitaezkoa da EMSIMEren helburuak iristeko, alegia, Euskadiko funts museografikoen inbentario orokorra lantzea eta on-line ipintzea, eta museo eta bildumek gordetzen duten ondarearen katalogo kolektiboa sortzea.

Bosgarrena. EMSIMEren bidez, museoek eta bildumek gordetzen dituzten kultura-ondasunen kudeaketa erraztu daiteke eta, gainera, aplikazioak museoetako funts museografiko, dokumental eta administratiboen katalogazioa eta tratamendu teknikoa bateratzen lagundu dezake, bai eta museoen arteko informazio-trukaketa bideratzen ere.

Azaldutakoak oinarritzat hartuta, alderdi biek ondorengo klausulak izango dituen hitzarmena sinatzea erabaki dute,

KLAUSULAK

Lehenengoa. Xedea.

  1. EMSIME aplikazioa batera erabiliz, katalogazio-lanak, kudeaketa museografikoa eta informazio-trukaketa erraztea.

  2. Beharrezko oinarriak finkatzea, EMSIME aplikazioan integragarriak diren tresna tekniko partekatuak sortzeko (hiztegiak, thesaurusak), horretara, sistema dokumentalen eraginkortasun eta errentagarritasun handiena lortzeko.

    Bigarrena. Sistema ezartzeko baldintzak.

  1. Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak bere gain hartuko du aplikazioa garatzeko kostua, museoek beste sistemaren batean jada informatizatuta dituen eta Museoen Zentroaren EMSIMEren Jarraipen Batzorde Teknikoaren ustez aplikazioan modu eraginkor batean integra daitezkeen datuen bihurketa automatizatua, eta prestakuntza-ikastaroen kostua.

  2. Arabako Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol Departamentuaren kontura egongo da EMSIME aplikazioak egoki funtzionatzeko behar den ekipamendu informatikoaren (hardwarea eta softwarea) mantentze-lanak eskuratzea, instalatzea eta mantentzea

    EMSIME instalatzeko eta egokiro funtzionatzeko behar den gutxieneko ekipamendua eranskinean agertzen da.

  3. Arabako Foru Aldundiaren esku izango da, baita ere, EMSIMEra migratutako informazioa araztea eta euskarri ez-informatikoetatik abiatuta aplikazioan datuak zuzenean kargatzea.

    Hirugarrena. Museo eta bildumei eman beharreko asistentzia teknikoa, bai eta aplikazio informatikoaren euskarri teknikoa ere.

    Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren esku egongo da museo eta bildumei eman beharreko asistentzia teknikoa, bai eta aplikazio informatikoaren euskarri teknikoa ere:

    Museoak eta bildumak sisteman integratzeko laguntza; zalantzak argitzea datu-bihurketa eta datu-iraulketari buruzko kontrola eta egiaztapenaren alorrean, bai eta erabiltzaile berrien prestakuntzaren alorrean eta lan-metodologiarenean ere.

    Hizkuntza normalizatuaren koordinazioan eta kudeaketan laguntza eta asistentzia ematea: termino berriak baliozkotzea; taulak eguneratzea eta mantentzea.

    Sisteman integratuta dauden museo eta bildumen euskarria eta asistentzia, programaren funtzionaltasunari dagokionez, informazioa sartzeko moduari dagokionez eta abarrez.

    Sistemaren dokumentazioa egitea, eguneratzea eta mantentzea: katalogaziorako esku-liburuak, prozedurak eta abar.

    Lanen egileei buruzko datu-base bateratua eta aplikazioaren orri nagusian gertakari nabarmenak eguneratzeko eta mantentzeko euskarria.

    Aplikazioa egokitzeko eta haren bilakaera aurrera eramateko mantentze-lanak.

    • Aplikazioarekin loturiko beharrizan eta aldaketa berri txikiak sortuz gero, haien analisia, diseinua, garapena eta ezarpena.

    • Oinarrizko hardware eta softwarearekin loturiko elementuen bertsioen edo konfigurazioen aldaketek eragindako gorabehera eta arazoak konpontzea.

      Aplikazioa erabiltzeko aholkularitza eta asistentzia, hainbat alderdiren ikuspuntutik:

    • Tresnak erabiltzeko maila operatiboa

    • Oraingo lan-prozesuak sistema berrira egokitzeko maila logikoa

    • Lanabesak administratzeko maila

      Aplikazioa egokitzeko/moldatzeko euskarri teknikoa, sor daitezkeen ingurune teknologiko informatikoen eguneraketari begira, edo software integratuaren eguneraketari begira (Documentum, Interwoven, ORACLE, irudi-liburutegiak) eta abarri begira.

      Laugarrena. Katalogo kolektiboa.

      Jarraipen Batzorde Teknikoak markaturiko bidearen arabera museo eta bildumetan gordetzen diren funts museografikoen katalogo kolektibo bat sortzeko asmoz katalogoa EMSIME erabiliko duen komunitate osoaren esku egongo da, eta bertsio murriztu bat edonoren esku egongo da Internet bidez, honako baldintza tekniko hauek ezarriko dira:

      1. Museo edo bilduma bakoitzak EMSIMEren erabiltzaile diren gainerako museo eta bildumen eskura jarriko du bere informazioa eta, halaber, beste horien guztien informazioa eskuratu ahal izango du lehen aipaturiko katalogo kolektibo horren bitartez.

      2. Museoek edo bildumek, ahal duten neurrian, ahalegina egingo dute EMSIME aplikazioaren terminologia-kontroleko taulen edukiak arazteko. Horretarako, aldiro-aldiro bidaliko dizkiote Jarraipen Batzorde Teknikoari eremuetako edo thesaurusetako edukien aurkibideetan termino berriak sortzeko proposamenak edota lehengo terminoak aldatzekoak.

      3. Eusko Jaurlaritzako Kultura Saila arduratuko da museoetan eta bildumetan gordetako kultura-ondasunen katalogo kolektibo informatizatua kudeatzeaz.

        Bosgarrena. EMSIMEren erabiltzaile diren erakundeen sarearen Jarraipen Batzorde Teknikoa.

        EMSIME ez da aplikazio itxi bat, ezpada ere irekita dagoena funtzionalitate berrietara irekita, bai eta oraingo funtzionalitateak hobetzeari begira egin daitezkeenetara ere. Gainera, EMSIMEren erabiltzaile-komunitatea hainbat titularitate duten erakundeen esku dagoenez, beharrezko ikusi da Jarraipen Batzorde Tekniko bat sortzea, aplikazioaren erabilera bera eta katalogo kolektiboa sortzeko lanak koordinatuko dituena, eta funtzionalitate berriak eta hobekuntzak proposatuko dituena. Batzorde Teknikoa inplikaturiko erakundeetako langile teknikoek osatuko dute, zeintzuek EMSIME ustiatzean eta abian jartzean ondorioztatzen diren arazoak konpontzeko ardura izango duten eta aplikazioaren terminologia-kontrolaren tresnak garatzea, eguneratzea eta jarraipena egitea.

        Seigarrena. Indarraldia.

      1. Hitzarmen honek lau urte iraungo du, eta baldin eta alderdietako batek ere ez badu hitzarmenaren amaiera iragartzen, hitzarmena berariaz adierazi gabe ondoko ekitaldian urtez urte luzatzen dela ulertuko da.

      2. Hitzarmena suntsiarazi egingo da, honako arrazoi hauetako bat gertatzen bada:

        1. Bertako klausula edo betebeharretako bat urratzen bada.

        2. Alderdietako batek salatzen badu, gutxienez hiru hilabete aurretik.

        3. Alde bien adostasunez.

        4. Indarreko legedian ezarritako gainerakoak.

          Zazpigarrena. Hitzarmenaren izaera eta jurisdikzioa.

          1. Hitzarmen honek izaera juridikoa eta administratiboa du eta Eusko Jaurlaritzari dagokio haren jarraipena eta interpretazioa egitea.

          2. Izaera administratiboa aintzat hartuta, hitzarmenaren aplikazioan sor daitezkeen auziak administrazioarekiko auzien jurisdikzioak ebatziko ditu.

            Eta arestian adierazitako guztiarekin bat datozela frogatzeko, aldeek hitzarmen hau sinatu dute, hiru aletan, goian adierazitako tokian eta egunean.

            Kulturako sailburua,

            MARÍA BLANCA URGELL LÁZARO.

            Euskara, Kultura eta Kiroleko diputatua,

            LORENA LÓPEZ DE LA CALLE ARIZTI.

EMSIME aplikazioa instalatzeko eta zuzen funtzionatzeko gutxieneko ekipamendua:

  1. 500 Mhz-ko prozesadorea duen ordenagailu pertsonala, 256 Mb-ko RAM memoriarekin eta 150 Mb-ko toki libre duen disko gogorra.

  2. Internet nabigatzailea: Internet Explorer 6, Mozilla Firefox

  3. Internet-konexioa.

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik