Euskadi.eus
  • EBAZPENA, 2010eko uztailaren 26koa, Eusko Jaurlaritzako Bulego Judizial eta Fiskalaren zuzendariarena, Getxoko Barruti Judizialeko Bulego Judizial Berriaren antolamendu zehatza eta bere Zerbitzu Orokor Prozesal Erkide eta Betearazpenekoaren oinarrizko funtzionamendu-arauak zehazten dituena. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus

Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2010eko uztailaren 26koa, Eusko Jaurlaritzako Bulego Judizial eta Fiskalaren zuzendariarena, Getxoko Barruti Judizialeko Bulego Judizial Berriaren antolamendu zehatza eta bere Zerbitzu Orokor Prozesal Erkide eta Betearazpenekoaren oinarrizko funtzionamendu-arauak zehazten dituena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Justizia eta Herri Administrazio Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 143
  • Hurrenkera-zk.: 3585
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2010/07/26
  • Argitaratze-data: 2010/07/27

Gaikako eremua

  • Gaia: Administrazioaren antolamendua; Segurtasuna eta justizia
  • Azpigaia: Herri Administrazioa; Justizia

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

Botere Judizialaren uztailaren 1eko 6/1985 Lege Organikoa aldatzen duen abenduaren 23ko 19/2003 Lege Organikoko 435. artikuluaren arabera, epaile eta epaitegien jurisdikzio-jarduerari euskarria eman eta laguntzeko izaera instrumentaleko erakundea da bulego judiziala. Arau bereko 436. artikuluak ezartzen duenez, bulego judizialaren antolamenduko oinarrizko elementua unitatea izango da, eta bi unitate-mota bereiztuko dira: Zuzeneko Laguntza emateko Unitate Prozesalak (ZULUP) eta Zerbitzu Orokor Prozesalak.

Lege organiko bereko 437. artikuluak zuzeneko laguntza emateko unitate prozesalaren irismena mugatzen du. Artikulu horrek honela deskribatzen du unitate hori: bulego judizialeko unitatea, epaileei eta magistratuei beraien zereginak gauzatzeko zuzeneko laguntza ematen diena eta haien ebazpenak zehatz eta eraginkortasunez betetzeko egin beharreko jarduerak egiten dituena. Era berean, eratuta dauden eta funtzionatzen ari diren epaitegi edo auzitegietako sala edo sekzio adina ZULUP egongo direla ezartzen du artikulu horrek, eta bertako titularrekin osatuko dutela organo judiziala. ZULUP bakoitzak, bere eskumen eta zereginetaz arduratuko den idazkari judizial bat eta jurisdikzio-ordena bakoitzaren arabera lagundu beharreko organoari laguntzeko beharrezkoak diren lanpostuak izango ditu. Lanpostuen zerrendetan zehaztuko dira lanpostu horiek. Justizia Ministerioak eta eskumenak bereganatuta dituzten autonomia-erkidegoek txostena egin ondoren, Justizia Ministerioak zehaztuko ditu ZULUPetako oinarrizko dotazioak, urriaren 18ko JUS/3244/2005 Aginduaren bidez egin zuen bezala.

Zerbitzu Orokor Prozesalei dagokienez, Botere Judizialaren Lege Organikoko 438. artikulua betez, autonomia-erkidegoek eskumena izango dute beraien lurraldeetako Zerbitzu Orokor Prozesalak diseinatu, sortu eta antolatzeko. Eskumen horiek baliatuz, Eusko Jaurlaritzak, Jaurlaritzaren Kontseiluaren 2008ko uztailaren 29ko bilkuran, onetsi egin zuen Euskadiko Justizia Administrazioaren Bulego Judizial eta Fiskaletako Antolamendu Plana (2008-2010), aurretik Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak egindako aldeko txostena jasota. Bertan zehazten da, alde batetik, antolamendu-planean proposatutako zerbitzu orokor prozesalen sorrera agindu bidez onartuko dela eta, bestetik, barruti judizial bakoitzeko antolamendu xehatua eta zerbitzu orokorren funtzionamenduko oinarrizko arauak ebazpen bidez zehaztuko direla.

Getxoko Barruti Judizialeko Zerbitzu Orokor Prozesal Erkide eta Betearazpenekoaren eraketa onartzeko den Justizia eta Herri Administrazioko sailburuaren 2010eko uztailaren 23ko Agindua onartu ondoren, egoki da Getxoko Barruti Judizialeko Bulego Judizial Berriaren antolamendu zehatza eta bere Zerbitzu Orokor Prozesal Erkide eta Betearazpenekoaren oinarrizko funtzionamendu-arauak zehazten dituen Ebazpena argitaratzea.

Ebazpen hau Getxoko Barruti Judizialeko Bulego Judizialeko Zuzeneko Laguntza emateko Unitate Prozesalei eta Zerbitzu Orokor Prozesal Erkide eta Betearazpenekoari buruzkoa da eta goian aipatutako aginduko artikuluak garatzen ditu. Hain zuzen ere zerbitzu horien irismena eta Zerbitzu Orokor Prozesal Erkide eta Betearazpenekoko antolamenduaren kalitatea kudeatzeko sistema zehazten ditu.

Horiek horrela, Justizia eta Herri Administrazio Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen dituen abuztuaren 28ko 472/2009 Dekretuko 12. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak txostena egin ondoren, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Gobernu Sala, Euskal Autonomia Erkidegoko Fiskaltza Nagusia, Gobernu Idazkaritza eta erakunde sindikalak jakinaren gainean jarri ondoren, hauxe

Getxoko Barruti Judizialaren antolamendu zehatza eta bertako Zerbitzu Orokor Prozesal Erkide eta Betearazpenekoaren oinarrizko funtzionamendu-arauak zehaztea.

  1. Getxoko Barruti Judizialeko Bulego Judiziala bi unitate-motek osatzen dute: Zuzeneko Laguntza emateko Unitate Prozesalek eta Zerbitzu Orokor Prozesal Erkide eta Betearazpenekoak.

  2. Zuzeneko laguntza emateko unitate prozesalen kopurua bat etorriko da eratuta dauden eta funtzionatzen ari diren epaitegien kopuruarekin, eta horietako titularrekin osatuko da organo judizial bakoitza.

Zerbitzu Orokor Prozesal Erkide eta Betearazpenekoak bi atal ditu: Atal Orokorra eta Betearazpen Atala. Azken horrek, bere aldetik, bi talde ditu: Zibileko Betearazpen Taldea eta Zigor Arloko Betearazpen Taldea.

  1. Atal Orokorrak jardun-arlo hauetako zerbitzuak emango ditu:

    1. Salari laguntza ematea.

    2. Komunikazio- eta betearazpen-egintzak.

    3. Espediente judizialen eta gordailatutako konbikzio-objektu eta -piezen Lurraldeko Artxiboa.

    4. Erregistroa eta banaketa.

    5. Herritarrei eta profesionalei informazioa eta arreta ematea.

    6. Posta eta paketeria.

    7. Erreprografia.

    8. Guardia-zerbitzuari laguntza ematea.

    9. Epaile dekanoari laguntza ematea.

    10. Bideokonferentzia pasiboak kudeatzea.

    11. Apud-acta ahalordeak egitea.

  2. Organo judizialek prozedura zibiletan eta falta-judizioetan ematen dituzten epai, auto eta dekretu irmoen betearazpen prozesalarekin zerikusia duten zerbitzuak emango ditu Betearazpen Atalak.

Atal Orokorrak salari laguntzearekin zerikusia duten zerbitzuak emango ditu; funtsean jarduera hauek egingo ditu:

  1. Agenda masiboa bide informatikoen bitartez jaso eta zerbitzua planifikatu, salako saioak aurreikusi, eta saioen berri eman.

  2. Zerbitzuko idazkari zuzendariak izendatutako laguntza-kidegoko funtzionarioek salako saioak prestatuko dituzte eta saio horietan laguntza emango dute.

  3. ZULUPeko idazkariak adierazitako saioak grabatu eta, hala badagokio, horiek eman.

  4. Herritarrei eta profesionalei informazioa eta arreta eman.

  5. Zerbitzua kudeatu eta estatistikak eta kontrolak egin, baita zerbitzu hori behar bezala ematen dela bermatzeko beharrezkoak diren gainerako eginkizun guztiak ere.

  1. Atal Orokorrak komunikazio- eta betearazpen-egintzekin zerikusia duten zerbitzuak emango ditu; funtsean jarduera hauek egingo ditu:

    1. Jarduteko Protokoloan jasotako arauak kontuan hartuta, exhorto bidez, erreguzko gutun bidez edo zuzenean Getxoko Barruti Judizialeko bulego judizialen bidez jasotako komunikazio- eta betearazpen-egintzak aztertu, dokumentatu eta bide informatikoen bidez helarazi.

    2. Entregan diharduten langileen artean pertsona bakarreko komunikazio-egintzak banatu, bakoitzari esleitutako eta Zerbitzu Orokor Prozesal Erkide eta Betearazpenekoak estalitako zonaren arabera.

    3. Komunikazio- eta betearazpen-egintzak Zerbitzu Orokor Prozesal Erkide eta Betearazpenekoa konprometitu den epearen barruan bete eta emaitzak jakinarazi. Betetze horretan gutxienez bi saiakera egin beharko dira.

    4. Emaitzak jaso eta aztertu.

    5. Egintza jatorrizko bulego judizialera itzuli.

    6. Herritarrei eta profesionalei dagokien arreta eta informazioa eman.

    7. Zerbitzua kudeatu eta estatistikak eta kontrolak egin.

    8. Kaleko pertsonalaren banaketa-irizpideak etengabe ikuskatu.

  2. Prokuradore bidez egin daitekeen pertsona bakarreko eginbiderik ez da inola ere bidaliko, ezta beste organo judizial, agintari, erakunde ofizial, banku-erakunde edo erakunde pribatu batzuetara zuzendutako idatzagiri edo ofiziorik ere.

  3. ZULUPek eta Zerbitzu Orokor Prozesal Erkide eta Betearazpenekoko Betearazpen Atalak komunikazioak posta ziurtatu hartu-agiridun bidez egingo dituzte, baldin eta legeak horrela aurreikusten badu eta ezezkoak direnak Zerbitzu Orokor Erkidera bidali aurretik.

  4. Egunero eta etengabe bidaliko zaizkio eginbideak zerbitzuari, Jarduteko Protokoloak zehaztutako ordutegi-mugen barnean.

  5. Zerbitzu Orokor Prozesal Erkide eta Betearazpenekoko antolamenduak egunean sar daitekeen eginbide-kopurua mugatu ahal izango du, egin beharreko eginbide-bolumenaren eta zerbitzuaren neurriaren arabera.

  1. Alderdiekin zerikusia duten eginbide hauek egingo dira:

    1. Alderdiak epatu.

    2. Judizioetarako zitazioak egin, eta demandak eta dokumentuak helarazi hala egin behar denean.

    3. Alderdiei errekerimenduak edo zitazioak egin, eginbide pertsonal jakinak egiteko.

    4. Auzi-iheseko alderdi demandatuei epaiak jakinarazi, alderdi horiek prokuradoreek ordezkatuta ez daudenean.

    5. Eteteko aginduak jakinarazi.

  2. Perituen eta lekukoen zitazioak Atal Orokorrera bidaliko dira kasu hauetan:

    1. Judizioa ondorengo hamabost egunetarako jarrita baldin badago.

    2. Hartu-agiriaren bidalketaren bidezko komunikazioak huts egiten badu.

    3. Justifikatutako beste edozein arrazoirengatik, Idazkaritza Judizialeko epailearen edo idazkariaren ebazpenaren bidez hala erabaki bada.

Atal Orokorrak zigor-arloko pertsona bakarreko eginbide hauek egingo ditu:

  1. Akusatutako alderdiak ahozko judizioetara joateko zitatu.

  2. Alderdiak falta-judizioak egiteko zitatu, prokuradore batek ordezkatuta baleude izan ezik.

  3. Ahozko judizioa irekitzearen jakinarazpena eta fidantza emateko eta epatzeko errekerimendu-eginbideak egin, delako autoan adostutako abokatua eta prokuradorea izendatzeko.

  4. Epaiak jakinarazi eta espetxeratu-egoera pertsonaleko autoak egin.

  5. Ebazpen ziodunen bidez adostutako behin betiko beste ebazpen batzuk jakinarazi.

  6. Berariaz eskatzen diren errekerimenduak.

  7. Lekukoen eta perituen zitazioak, ondorengo egoeretakoren bat baldin badago: judizioa ondorengo hamabost egunetarako jarrita egotea; hartu-agiriaren bidalketaren bidezko komunikazioak huts egitea; edo sortutako beste edozein egoera, epaileak edo idazkariak ebatzitakoaren arabera adostu bada.

Atal Orokorrak ondorengoak egingo ditu: enbargoak, enbargo-hobekuntzak, aurreneurrizko enbargoak, ondasun higigarri-emateak, gordailu-enkaintzeak, ondasun higiezinen jabetza-emateak, botatzeak eta, orokorrean, bulego judizialek eskatutako antzeko izaerako beste edozein eginbide, ondorengo salbuespenekin:

  1. Prozedura Zibilaren Legeko 588.2 artikuluak aurreikusitako enbargo orokorrak.

  2. Erregistro publikoan inskribatutako ondasunen enbargoak.

  3. Erregistroko kontsulta-zerbitzuaren bidez bulego judizialean jasota dauden ondasunen eta eskubideen enbargoak (betiere ondasun higigarrien salbuespenarekin).

  1. Pertsona bakarreko eginbideak Gorlizko Bake Epaitegiko langileek (Udal Elkartzea) egingo dituzte Plentzia, Lemoiz, Maruri eta Gorlizko udalerrietan; Barrika, Berango, Gatika eta Urdulizen, Berangoko Bake Epaitegia (Udal Elkartzea) arduratuko da; Leioan, Leioako Bake Epaitegia; eta, Sopelan, Sopelako Bake Epaitegiko langileak.

  2. Batzordeko eginbideak Atal Orokorreko langileek egingo dituzte Plentzia, Lemoiz, Maruri, Gorliz, Barrika, Berango, Gatika eta Urdulizeko udalerrietan. Leioa eta Sopelako udalerrietan batzordeko eginbideak Leioa eta Sopelako bake-epaitegietako langileek egingo dituzte, hurrenez hurren.

Atal Orokorrak hau dena egin beharko du:

  1. Artxibatzeko egoeran dauden espedienteak, piezak eta horien zerrendak ezarritako arauen edota Jarduteko Protokoloan biltzen diren arauen arabera jaso, kutxetan sartu, informatizatu, zaindu eta kokatu.

  2. Espediente eta efektuen maileguak eta itzultzeak kudeatu.

  3. Iraungipen eta preskripzioak kontrolatu.

  4. Preskribatutako edo iraungitako espedienteen urteko zerrendak egin.

  5. Beharrezkoa denean, ondasun eta efektuen zertarakoa erabaki dezatela eskatu bulego judizialei.

  6. Garbitze Batzorde Judizialarentzako zerrendak egin.

  7. Ondare historikoaren arloan eskumena duen aginteari interes historiko-dokumentala duten espedienteak eman.

  8. Garbitze Batzorde Judizialak adierazitako espedienteak suntsitu.

  9. Ziurtagiriak, lekukotasunak eta/edo kopiak erakutsi eta egin.

  10. Zerbitzua emateko moduaren jarraipena, estatistikak eta kontrol-lanak egin.

Erregistro eta banaketako zerbitzuak ondorengoa eskaintzen du:

  1. Idazki eta demanda zibilen jasotze telematiko edo fisikoa eta horien erregistroa, informatizazioa eta/edo eskaneatze eta digitalizazioa.

  2. Guardian dagoen ZULUPetik edo postaz/paketeriaz zuzenean jasotako idazki, salaketa, kereila eta atestatuen jasotze telematiko edo fisikoa eta horien erregistroa, informatizazioa eta/edo eskaneatze eta digitalizazioa. Salbuespen izango dira guardian dagoen ZULUPean jasotako salaketak, kereilak eta atestatuak, delako guardiako zerbitzuaren jardun-arlokoak badira; baita emakumearen aurkako indarkeriaren arloko premiazko jarduerak ere. Horiek guztiak delako guardiako zerbitzuak erregistratu, informatizatu edo digitalizatuko ditu. Getxoko Barruti Judizialean espediente digitala garatzen doan heinean ezarriko dira jasotze telematikoa, eskaneatze eta digitalizazioa eta kudeaketa.

  3. Demanda zibilen banaketa, banaketa-arauen araberakoa, baita salaketa, kereila eta atestatuena ere, betiere delako banaketa-arauei jarraituta, eta, horrelakorik egon ezean, guardian dagoen epaileak emandako arauak kontuan hartuta.

  4. Exhortoen eta erreguzko gutunen jasotze zuzen edo digitalizatua eta horien kudeaketa, erregistroa eta banaketa. Banaketatik kanpo gelditzen dira komunikazio- edo betearazpen-egintza bat helburu duten exhortoak eta erreguzko gutunak, horiek zerbitzuak berak beteko baititu.

  5. Dagokion bulego judizialari banaketatik eta auzien datuetatik ateratako informazioa informatikoki bidaltzea eta/edo dagokion bulego judizialera eramatea.

  6. Zerbitzua kudeatzea eta estatistikak eta kontrolak egitea.

Herritarrei eta profesionalei arreta emateko zerbitzuak ondorengoa eskaintzen du:

  1. Herritarrari edo profesionalari harrera egitea eta informazio orokorra eta berezia datu-basearen bidez ematea, eskatzailea alderdi gisa identifikatu ondoren. Informazio berezi zehaztua dagokion bulego judizialak emango du.

  2. Zerbitzu Orokor Prozesal Erkide eta Betearazpenekoak ematen dituen zerbitzuetatik eratorritako telefono bidezko arreta eta arreta pertsonala.

  3. Zerbitzua emateko moduaren jarraipena, estatistikak eta kontrol-lanak.

Posta eta paketeria zerbitzuak ondorengoa eskaintzan du:

  1. Gutun-azal barruko hartu-agiridun posta eta zerrendak jasotzea.

  2. Emate-agiriak egin eta postetxera eramatea.

  3. Postetxetik jasotzea eta dagokion bulego judizialera eramatea.

  4. Paketeria jasotzea eta dagokion bulego judizialera eraman eta bertan banatzea.

  5. Getxoko bulego judizialek beste destino batzuetara bidalitako espedienteak edo antzekoak jasotzea eta, paketatzearen edo mezularitza-bidalketen bidez horien kudeaketa zentralizatua egitea.

  6. Zerbitzua kudeatzea eta estatistikak eta kontrolak egitea.

Erreprografia-zerbitzuak ondorengoa eskaintzen du:

  1. Espedienteen fotokopiak egitea.

  2. Ikustaldi, judizio eta antzekoen CD kopiak egitea.

  3. Posta, dokumentazioa, idazkiak, demandak, salaketak, kereilak eta atestatuak eskaneatzea eta digitalizatzea, eta horiek ezartzen diren heinean kudeatzea.

  4. Zerbitzua kudeatzea eta estatistikak eta kontrolak egitea.

  1. Guardian dagoenari laguntza emateko zerbitzuan, apud acta betebeharren kontrolaz gain, telefono bidezko arreta eta arreta pertsonala ematen dira.

  2. Funtzionarioak, lanpostu horretan dagoen bitartean, guardian dagoen ZULUPeko idazkari judizialaren mende jardungo du, bere kidegoaren funtzioetatik atera gabe, eta eskatzen zaizkion funtzio eta zereginetan arituko da, bere kidegoari dagozkion neurrian.

  3. Ministerio Fiskaletik datozen edo hara doazen faxak jaso eta bidaltzea, guardian sortutakoak izan ezik.

Epaile dekanoari laguntza emateko zerbitzuak ondorengoa hartzen du barne:

  1. Kexak eta iradokizunak jasotzea, izapidetzea eta jakinaraztea.

  2. Epaimahaiaren desenkusak jasotzea, izapidetzea eta jakinaraztea.

  3. Gobernu-arloko laguntza hala nola ordezko epaileak izendatzea, komunikazioak jasotzea eta banatzea, salak kudeatzea, etab.

  4. Inprimakiak ematea, doako laguntza juridikoko eskaerak jasotzea eta erregistratzea eta dagokion abokatu-elkargoari bidaltzea.

  5. Zerbitzua kudeatzea eta estatistikak eta kontrolak egitea.

Beste barruti judizialek lankidetza judizialaren bidez eskatzen dituzten bideokonferentzia pasiboen kudeaketa-zerbitzuak zeregin hauek ditu:

  1. Bideokonferentzia hasteko ordua telefono bidez egiaztatzea.

  2. Grabazio-ekipoa egiaztatzea.

  3. Zitatutako parte-hartzaileak azaltzen direla egiaztatzea eta jakinaraztea.

  4. Parte-hartzaileak identifikatzea.

  5. Eteterik egonez gero, parte-hartzaileei jakinaraztea.

  6. Organo judizialari parte-hartzailearen identifikazio-agiria erakustea.

  7. Organo judizialaren argibideei kasu egitea.

  8. Bertaratze-ziurtagiriak egitea.

  9. Agurtu eta ekipoa itzaltzea.

  10. Zerbitzua kudeatzea eta estatistikak eta kontrolak egitea.

Apud-acta ahalordeak egiteko zerbitzuak ondorengoa eskaintzen du:

  1. Apud-acta ahalordeak egiteko dokumentazioa prestatzea.

    Organo hartzaileari bidaltzea.

  2. Zerbitzua kudeatzea eta estatistikak eta kontrolak egitea.

Auzitegiko Medikuntzako Euskal Erakundearen Bizkaiko Zuzendariordetzak hartuko du bere gain Auzitegiko Klinikari zuzenean laguntza emateko zerbitzua.

  1. Jasotzen diren lan-arloko betearazpen-demandak eta betearazpen-demanda zibilak behin-behineko betearazpenak barne jasoko dituzte Betearazpen Atalean, baita ZULUPek Atal Orokorreko erregistro eta banaketako zerbitzuari bidaltzen dizkieten betearazpen-agindu orokorrak ere.

  2. Betearazpen Atalak emango dituen zerbitzu nagusiak hauek izango dira:

    1. Betearazpen-demanda zibilak eta betearazpen-agindu orokorrak informatikoki prozesatzea edo, hala badagokio, eskaneatu eta digitalizatzea.

    2. Betearazpen-demandei eta betearazpen-agindu orokorrei zenbakia jartzea eta espedientea fisikoki edo digitalki eratzea.

    3. Dagokion ZULUPari eskatzea betearazpen-agindu orokorra eman dezala, titulu ez judizialetako betearazpen-demandak izapidetu edo hala badagokio demanda horietan antzemandako akatsak zuzendu ondoren.

    4. Epailearen edo idazkari judizialaren ebazpena betearaztea.

    5. Demandak, idazkiak, dokumentuak, komunikazio-egintzak, posta, espedienteak, konbikzio-piezak eta abar fisikoki edo telematikoki jasotzea eta aztertzea, ZULUPen eta Zerbitzu Orokor Prozesal Erkide eta Betearazpenekoaren arteko Erlazio Protokoloarekin bat etorriz.

    6. Sailkatzea, sarrerak banatzea eta betearazpen-aginduak osatzen hastea.

    7. Betearazpen-ebazpenak eta horietatik eratorritako idatzagiriak informatikoki dokumentatzea. Zerbitzuak ematerakoan betekizun informatiko aplikagarriak bete beharko dira.

    8. Prozesu-egintza osoa, hala nola egintzaren egunaren izendapena, ikuskapena eta segurtapen, etete eta komunikazioa prestatu, garatu eta dokumentatzea; baita edozein egintza prozesal agertzeak eta enkanteak besteak beste garatu eta dokumentatzea ere.

    9. Edozein dokumentu fisiko edo telematiko, espediente, konbizkio-pieza, komunikazio-egintza, zerrenda eta oro har betearazpen-taldetik ateratzen den guztia kudeatzea, irteera zuzena izan dela ziurtatzeko eta Interrelazio Protokoloarekin nahiz zerbitzuko kontrol-adierazleekin bat etortzeko.

    10. Edozein kidek herritarrei eta profesionalei harrera egitea, aurrez aurre nahiz telefonoz. Zerbitzu hori arina, eraginkorra eta profesionala izango da, erabiltzaileak alde batetik bestera ibiltzea saihestuko da, jarduerak leku berean kokatzeko ahalegina egingo da, eta herritarrei merezi duten errespetu eta enpatiarekin erantzungo zaie.

    11. Zerbitzua kudeatzea eta estatistikak eta kontrolak egitea.

  1. Betearazpen Atalak bi betearazpen-talde izango ditu: Zibileko Betearazpen taldea eta Zigor Arloko Betearazpen Taldea.

  2. Zibileko Betearazpen Taldea hiru lantaldez osatuta dago: hasierako lantaldea, familiako betearazpen-lantaldea eta gainerako betearazpenetarako lantaldea.

  3. Zigor Arloko Betearazpen Taldea bi lantaldez osatuta dago: hasierako lantaldea eta betearazpeneko lantaldea.

  1. Lantalde bakoitza kudeatzaile batek eta izapidegile batek edo gehiagok osatuko dute. Kudeatzaileak lantalde bat edo gehiago osatu ditzake.

  2. Prozesu eta Administrazio Kudeaketako Kidegoko funtzionarioek batak bestea ordezkatuko dute, baita Izapidetzako Kidegokoek ere.

  3. Prozesu eta Administrazio Kudeaketako Kidegoari dagokio:

    1. Talde bakoitzari dagokion lana dinamizatu, koordinatu eta ikuskatzea.

    2. Betearazpeneko kontsignazioen kontua kudeatzea, eta jarduteko protokoloetan ezarritakoa betez idazkari judizialak ikuskatu eta kontrolatzea.

    3. Erregistro publikoak kudeatzea jarduteko protokoloetan ezarritakoarekin bat etorriz.

    4. Goren-mailako zeregin prozesalak egitea. Arlo zibilean, honakoak eraman eta izapidetzea dira zeregin horiek: hipoteka-betearazpenak, diruzkoak ez diren betearazpenak, eta daukaten konplexutasunarengatik, parte-hartzaileen kopuruarengatik, lan-kargaren nibelazioarengatik edo beste edozein arrazoirengatik idazkari judizialak erabakitzen dituen beste guztiak. Zigor-arloan, genero-indarkeriarekin eta familia barruko indarkeriarekin zerikusia duten gaiak eraman eta izapidetzea dira zeregin horiek. Honakoak jotzen dira izapide konplexuagotzat: lehenengo betearazpen-dekretuak, enkanteak, esleipenak, betearazpen-metatzeak eta, oro har, daukaten konplexutasunarengatik, alderdi parte-hartzaileen kopuruarengatik edo beste arrazoiengatik idazkari judizialak erabakitzen dituen bestelako dekretuak egitea.

  4. Prozesu eta Administrazio Izapidetzako Kidegoari dagokio:

    1. Ezarritako dinamizazio- eta koordinazio-parametroak betez taldean sartzea.

    2. Zeregin prozesalak gauzatzea (aurreko paragrafoan Prozesu eta Administrazio Kudeaketako Kidegoari egotzitako zereginak izan ezik).

  1. Espediente digitala ohiko lan-jardueran sartu arte, betearazpen-agindua fisikoki Zerbitzu Orokor Prozesal Erkide eta Betearazpenekoaren Betearazpen Atalean gordeko da eta, gehienez ere, dagoen fase eta egoeran bidaliko da prozedura informatikoa.

  2. Zerbitzuko idazkariak hala iritziz gero edo dagokion ZULUPeko epaileak eskatuta, espediente fisikoa edo ebazpenerako interesagarriak diren atalen fotokopiak bidali ahal izango dira.

  3. ZULUPak espediente informatikoa itzuliko du eta dagokion ebazpena erantsiko dio, Betearazpen Atalari jakinarazteko eta horren ondorioetarako. Hura bidaliko da eta dagozkion fase eta egoerari buruz ezarritakoa kontuan hartuko da.

  4. Espediente fisikoa ZULUPari bidali bazaio, espediente informatikoaren data berean bueltatuko da.

  1. Zerbitzu Orokor Prozesal Erkide eta Betearazpenekoaren Atal Orokorraren eta Betearazpen Atalaren nahiz horien lantaldeen barne-funtzionamendua, osaera, bakoitzari emandako lanaren zehaztapena eta lanaren barne-banaketa idazkari zuzendariaren ardura izango dira eta, horrek, gobernu-idazkariak onartutako jarduteko protokoloak kontuan hartu beharko ditu.

  2. Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak onartutako irizpide orokorrak aplikatuko dituzte jarduteko protokolo horiek. Nolanahi ere, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak Zerbitzu Orokor Prozesal Erkide eta Betearazpenekoarentzat ezarritako diseinu eta antolamendura eta lanpostuen zerrendan lanpostu bakoitzari ezarritako zereginetara egokituko dira jarduteko protokoloak.

Lanpostuen zerrendan guardiaren erreferentzia daukaten dotazioetako ZULUPeko bi funtzionariok eta lanpostuen zerrendan guardiaren erreferentzia daukaten Zerbitzu Orokor Prozesal Erkide eta Betearazpenekoko bi funtzionariok emango dute guardiako zerbitzua (bietako bat Laguntza Judizialeko Kidegokoa izango da).

  1. Zibil arloan, Kudeaketako Kidegoari dagokio prozedura eta izapide hauek izapidetzea:

    1. Hitzezko judizio bereziak.

    2. Utzarazpenari buruzko hitzezko judizioak.

    3. Kautelazko neurriak.

    4. Banantzeko edo dibortziatzeko demanda jarri aurreko neurriak.

    5. Atariko eginbideak.

    6. Ondarearen zatiketa judiziala eta kanbio-judizioak.

    7. Borondatezko jurisdikzioko espedienteetako deklinatorien, egintza-metatzeen, prozesu-metatzeen, abstentzioen, errekusatze-intzidenteen eta azken dekretuen inguruko izapideak.

    8. Alderdi parte-hartzaileen kopuruak, konplexutasunak, lan-kargen prozedurak nibelatzeak edo beste arrazoiek eraginda idazkari judizialak erabakitzen dituen prozedurak.

  2. Zigor arloan, Kudeaketako Kidegoari dagokio prozedura eta izapide hauek izapidetzea:

    1. Sumarioak.

    2. Zinpekoen epaimahaiaren prozedurak.

    3. Behin-behineko espetxeratzea edo/eta sumarioko sekretua agintzen zaien edo agindu zaien kausak.

    4. Babes eta kautelazko neurrien aginduak.

    5. Alderdi parte-hartzaileen kopuruak, konplexutasunak, lan-kargen prozedurak nibelatzeak edo beste arrazoiek eraginda idazkari judizialak erabakitzen dituen prozedurak.

    6. Prozedura eraldatzeko autoekin, prozedura laburtuetan ahozko judizioa hasteko autoekin, telefono- edo posta-interbentzioen autoekin eta sarrera- eta erregistro-autoekin zerikusia duten izapideak.

    7. Behin-behineko eta errekisitoriapeko presoen nahiz preso auzi-iheslarien eta babes-agindu eta kautelazko neurrien egoera eta epeei buruzko jarraipena egitea, oharrak prestatzea eta idazkari judizialari berri ematea.

  3. Prozesu eta Administrazio Izapidetzako Kidegoari dagokio prozesu-zereginak egitea (artikulu honetan Prozesu eta Administrazio Kudeaketako Kidegoari egotzitako zereginak izan ezik).

Zerbitzu Orokor Prozesal Erkide eta Betearazpenekoaren jardueretan euskararen erabilera sustatuko da, zerbitzu orokorrak bi hizkuntza koofizialetan ematea errazten duten ekimenen bidez.

  1. Bitarteko materialen espazio fisikoa eta teknologia berriak barne erabileran aplikatuko den printzipioa arrazionaltasunarena izango da.

  2. Bideokonferentzien erabilera, egintza prozesalen grabaketa eta espediente digitalak sustatuko dira, betiere horiek denak egiteko bitartekoak baldin badaude.

  1. Zerbitzu Orokor Prozesal Erkide eta Betearazpenekoko antolamendua, prozeduren eskuliburu batean bilduta egongo den kalitatea kudeatzeko sistemari lotuta egongo da. Sistema hori Bulego Judizialaren arloko eskumena duen Eusko Jaurlaritzako zuzendaritzak diseinatu eta koordinatuko du Bulego Judizialaren eraginkortasunean inplikatuta dauden gainontzeko eragileekin eta batez ere idazkari judizialekin eta Justizia Administrazioko langileekin lankidetza estuan.

  2. Onartzen diren jarduteko protokoloak izango ditu barruan kalitatea kudeatzeko sistemak, eta plangintza, helburuen betetze-mailaren neurketa, disfuntzioen analisia, eta neurri zuzentzaileak sustatuko ditu, Zerbitzu Orokor Prozesal Erkide eta Betearazpenekoa etengabe hobetzen joan dadin. Horretarako, hobetzeko aukerak, helburuak eta kalitate-sistema bera ebaluatuko dira.

  3. Kalitatea kudeatzeko sistemak parte-hartzea, motibazioa, prestakuntza, informazioa eta komunikazioa sustatuko ditu.

  4. Herritarrek Justiziaren aurrean dituzten Eskubideen Gutunetik eratorritako konpromisoak betez, prozesuak eta hartutako konpromisoak deskribatu eta dokumentatuko ditu kalitatearen eskuliburuak, eta zerbitzuak kalitatez, arin eta eraginkortasunez emateko behar diren prozedurak dokumentatuko ditu.

  5. Kalitatea kudeatzeko sistema Kalitatearen eta Egiaztapen Judizialaren Kudeaketa Integraleko araura bideratuta egongo da (GICA-Justizia).

Koordinatu eta Hobetzeko Batzorde bat ezarri da. Kide hauez osatuta dago: epaile dekanoa, Bizkaiko idazkari koordinatzailea, Zerbitzu Orokor Prozesal Erkide eta Betearazpenekoko idazkari zuzendaria, Justizia Administrazioko langileen ordezkari bat eta Bulego Judizial eta Fiskalaren arloko eskumena duen Eusko Jaurlaritzako zuzendaritzaren ordezkari bat. Gutxienez hiru hiletik behin bilduko da, Zerbitzu Orokor Prozesal Erkide eta Betearazpenekoaren funtzionamendu egokian eta etengabeko hobekuntzan inplikatuta dauden alderdien arteko koordinazioa eta lankidetza sustatzeko helburuarekin.

Vitoria-Gasteiz, 2010eko uztailaren 26.

Bulego Judizial eta Fiskalaren zuzendaria,

ROSA GÓMEZ ÁLVAREZ.

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik