- EBAZPENA, 2010eko abuztuaren 30ekoa Kalitate, Ikerketa eta Berrikuntza Sanitarioko sailburuordearena. Honen bidez adierazten da Kawa Fundazioak duen obligazioa jasotako diru-laguntza itzultzeko Euskadiko Diruzaintza Nagusira. Diru-laguntza hori 2009ko maiatzaren 11n sinatutako lankidetza-hitzarmena betetzeko emandakoa da. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus
Arautegia
InprimatuEBAZPENA, 2010eko abuztuaren 30ekoa Kalitate, Ikerketa eta Berrikuntza Sanitarioko sailburuordearena. Honen bidez adierazten da Kawa Fundazioak duen obligazioa jasotako diru-laguntza itzultzeko Euskadiko Diruzaintza Nagusira. Diru-laguntza hori 2009ko maiatzaren 11n sinatutako lankidetza-hitzarmena betetzeko emandakoa da.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Ebazpena
- Organo arau-emailea: Osasun eta Kontsumo Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 185
- Hurrenkera-zk.: 4431
- Xedapen-zk.: ---
- Xedapen-data: 2010/08/30
- Argitaratze-data: 2010/09/24
Gaikako eremua
- Gaia: Administrazioaren antolamendua; Ogasun eta Ekonomía; Hezkuntza
- Azpigaia: Herri Administrazioa; Instituzional; Ekonomia; Funtzio publikoa
Testu legala
2009ko maiatzaren 11n lankidetza-hitzarmena sinatu zen Osasun Sailaren, Osakidetza erakunde publikoaren eta Kawa Fundazioaren artean, Kurdu Herrian programa bat garatzeko aditu sanitarioak trebatzeko. Hori dela-eta, hasi den administrazioko espedientean jasotako jardunak ikusita, honako hauek aplikatuko zaizkie:
Lehenengoa. Sailburuordetza honen 2010eko martxoaren 3ko Ebazpenari jarraituz, itzulketa-prozedurari ekitea erabaki zen, lankidetza-hitzarmen hori sinatu ondoren Kawa Fundazioak jaso zuen kopurua itzul zezan. Fundazioak obligazioa hartu zuen diru-laguntza hori eman zen horretarakoxe erabiltzeko, eta hori ez betetzea zen egintza horri heltzeko arrazoia.
Ebazpenak 15 eguneko epea eman zion hartzaileari egoki iritzitako alegazioak azaltzeko, eta bide batez, jakinarazi, behin alegazio horiek jasota, edo erabili gabe epea amaituta, ebazpena emango zela bidezko zen kopurua itzultzeko obligazioa jasoz.
Bigarrena. Ebazpena argitara eman da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 30/1992 Legean 58. artikulutik 61.era bitartekoetan ezarrita bezala, baita urtarrilaren 13ko 4/1999 Legean idatzitakori jarraituz ere. Azken jarduera hori ondorengo ekintza hauengatik sartu da:
Ebazpenaren testu osoa bi aldiz bidali zen fundazioak berak jakinarazpenetarako emandako helbidera, Posta Zerbitzu publikoa erabilita, posta ziurtatua tarteko, hartu izanaren abisua jasotzeko. Ez batean, ez bestean, ez genuen emaitzarik jaso, eta bietan administrazio honetara itzuli zituzten, beren iraungipen-abisu eta guzti, posta-zerbitzuak egindako entregatzeko bi saiakeren ondoren.
Testu bera Madrileko Udaletxeko iragarki-oholean ere jarri zen; horretarako emandako eginbidearen arabera, udalerri horretakoa baita fundazioak emandako helbidea.
2010eko uztailaren 16ko 136. Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, iragarpen bat ezarri zen ekainaren 23an, eta horren bitartez, ebazpenaren berri eman. Iragarpeneko testuan azalpen zehatzak zetozen, fundazioak ebazpena eskuratu, eta horren aurrean alegazioak egiteko.
Hirugarrena. 2010eko martxoaren 3ko Ebazpenaren gainean alegaziorik ezarri gabe igaro da Kawa Fundazioari emandako epea.
Jarduerarik ezaren barruan sartzen da espedientea eskuratzeko duen eskubidea ez erabili izana; erakunde hori ez baita administrazio honekin harremanetan jarri ebazpena jasotzeko, ezta beraien intereseko espediente horretako beste edozein dokumenturen kopia jasotzeko ere.
Lehenengoa. Kalitate, Ikerketa eta Berrikuntza Sanitarioko Sailburuordea da ebazpen hau emateko eskumena duen organoa ondoko araudian ezarritakoaren arabera: 698/1991 Dekretua, abenduaren 17koa, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorraren kontura emandako diru-laguntzen bermeen eta itzulketen jardunbide orokorra arautzen duena eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen eskakizunak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dituena (4.2 artikuluaren amaieran); eta eman zaizkion atribuzioak, berriz, ondoko araudian ezartzen dira: Osasun eta Kontsumo Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzen duen azaroaren 3ko 579/2009 Dekretuko 4. eta 12. artikuluetan.
Bigarrena. Ebazpen honek amaiera ematen dion prozedura zuzentzen duen araua abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua da.
Espedienteari ekiteko arrazoia arau horretan ezarritako zioetako bat da; zio hori metatzen bada, itzulketa-prozedurari hasiera eman dakioke. Zehazki, bere 4.1 artikuluan honela dio: «Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren pentzutan emandako diru-laguntzen edo laguntzen onuradunak eskatu eta eman zaion zenbatekoa, eta legez aplikagarriak izan daitezkeen interesak itzuli egin beharko ditu, honako kasu hauetakoren bat ematen denean: laguntza eskatu eta eman zen helburu zehatz horretarako ez erabiltzea; diru-laguntza edo laguntza egintza baterako eman bazen, egintza hori ez burutzea; aldez aurretik zehaztutako xedeetarako erabili izana ez justifikatzea; edo, oro har, maiatzaren 30eko 1/1991 Legeko 31.4 artikuluan edo dagokion araudian ezartzen diren eginbeharrak ez betetzea».
Hirugarrena. Administrazio-prozedurari dagokionez, dekretu horren 5. artikuluak sartzen dituen berezitasunen babesean, diru-laguntzak eta laguntzak itzultzeko prozeduran, alegia, prozedura xedatzen duen ebazpenak 15 eguneko epea emango dio pertsona edo erakunde interesdunari alegazioak egiteko. Behin alegazioak jasota, edota alegazioak egin gabe epea igarota, organo eskudunak ebazpena emango du, non obligazioa jasoko den egoki den kopurua itzultzeko Euskadiko Diruzaintza Nagusira.
Itzulketa gauzatzeko xedearekin, gehienez bi hilabeteko epea emango zaio obligazioa duen pertsona edo erakundeari, eta borondatezko ordainketa-alditzat joko da.
Epe horretan itzulketa gauzatzen ez bada, jakinaren gainean jarriko da Ekonomia eta Ogasun Saileko organo eskuduna, berak, premiamendu bidez, horretaz indarrean dauden xedapenetan ezarritakoaren arabera joka dezan.
Azaldutako oinarrien, eta orokorrean ezartzeko diren beste zenbaiten argitara, honako hau
Lehenengoa. Kawa Fundazioari Euskadiko Diruzaintza Nagusira 26.522,50 (hogeita sei mila bostehun eta hogeita bi euro eta berrogeita hamar zentimo) itzultzeko obligazioa azaltzea; alegia, 2009ko maiatzaren 11n sinatutako Hitzarmena dela-eta Osasun eta Kontsumo Sailak emandakoak, Herri Kurduetan aditu sanitarioen trebakuntza sanitariorako programa garatzeko.
Bigarrena. Fundazioari bi hilabeteko epea ematea, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denetik kontatzen hasita, kopuru hori borondatez ordaintzeko.
Itzulketa egiteko, aipatutako diru kopurua sartu beharko da Banco Bilbao-Vizcaya Argentariako 0182.5685.07.0000.226271 kontu-zenbakian.
Jakinaren gainean jartzen dugu interesduna, epe horretan diru-sarrerarik egin ezean, Ekonomia eta Ogasun Saileko organo eskudunari horren berri emango zaiola, berak, premiamendu bidez eta indarrean dauden xedapenetan ezarritakoaren arabera joka dezan.
Hirugarrena.Bigarren gertakariko aurrekarietan aipatzen diren egoerak kontuan izanda, eta prozedura ongi amaitu nahirik, agintzea, ebazpen hau argitaratzeko Madrilgo Udaletxeko iragarki-oholean, eta aldi berean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, beti ere, interesdunak emandako helbidean jakinaraztea oztopatu gabe.
Bai jakinarazpenak, baita argitalpenak ere, ondoko ohar hau edukiko du: ebazpen honekin gora jotzeko errekurtsoa jarri dakioke Osasun eta Kontsumo Saileko sailburuari hilabeteren buruan, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita, beti ere, azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114. eta 115. artikuluetan ezarritakoa kontuan izanda, eta zuzenbidean egoki iritzitako beste edozein ekintza egitea oztopatu gabe.
Vitoria-Gasteiz, 2010eko abuztuaren 30a.
Kalitate, Ikerketa eta Berrikuntza
Sanitarioko sailburuordea,
OLGA RIVERA HERNÁEZ.


