- EBAZPENA, 2010eko urriaren 8koa, Euskal Herriko Poliziaren Ikastegiko zuzendariarena, zeinen bidez deialdia egiten baita Ertzaintzaren oinarrizko eskalako agente eta agente lehena kategoriako karrerako funtzionarioentzako Bide Segurtasunean Espezializatzeko Ikastaroan sartzeko hautaketa-prozeduran parte hartzeko. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus
Arautegia
InprimatuEBAZPENA, 2010eko urriaren 8koa, Euskal Herriko Poliziaren Ikastegiko zuzendariarena, zeinen bidez deialdia egiten baita Ertzaintzaren oinarrizko eskalako agente eta agente lehena kategoriako karrerako funtzionarioentzako Bide Segurtasunean Espezializatzeko Ikastaroan sartzeko hautaketa-prozeduran parte hartzeko.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Ebazpena
- Organo arau-emailea: Herrizaingo Saila; Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademia
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 206
- Hurrenkera-zk.: 4926
- Xedapen-zk.: ---
- Xedapen-data: 2010/10/08
- Argitaratze-data: 2010/10/26
Gaikako eremua
- Gaia: Administrazioaren antolamendua
- Azpigaia: Funtzio publikoa
Deskribapenak
Testu legala
Euskal Herriko Poliziari buruzko uztailaren 17ko 4/1992 Legearen 7. artikuluan eta, Euskal Herriko Poliziaren Hautaketa eta Prestakuntza Araudia onesten duen uztailaren 19ko 315/1994 Dekretuaren 52. artikuluan eta ondorengoetan ezarritakoarekin bat etorriz, eta Herrizaingo Saileko Segurtasun Sailburuordetzak ezarritako helburuen arabera, Euskal Herriko Poliziaren Ikastegiko Zuzendaritzak deialdia egiten du Ertzaintzaren oinarrizko eskalako agente eta agente lehena kategoriako karrerako funtzionarioentzako Bide Segurtasunean Espezializatzeko ikastaroan sartzeko hautaketa-prozeduran parte hartzeko.
OINARRIAK
Lehenengoa. Deialdiaren xedea.
Deialdia egiten da Ertzaintzaren oinarrizko eskalako agente eta agente lehena kategoriako karrerako funtzionarioentzako Bide Segurtasunean Espezializatzeko Ikastaroan oposizio bidez sartzeko hautaketa-prozeduran parte hartzeko.
Guztira 217 plaza izango dira. Horietatik 190 agenteentzat eta 27 agente lehenentzat.
Bigarrena. Izangaien betekizunak.
Hautaketa-prozeduran parte hartu nahi dutenek, onartuak izateko, ondorengo baldintzak bete beharko dituzte:
Eskabidea aldez aurretik egitea.
Ertzaintzaren karrerako funtzionario izatea.
Ertzaintzaren agente edo agente lehena kategorian jarduteko egoera-administratiboa izatea.
Ebazpen hau argitaratzen den egunetik hasita, atxikitako lanpostu horretan gutxieneko iraunaldi berezi baten mende egon beharrik ez izatea, salbu aldi hori beteta badago, edo eskudun organoak errenuntzia onartuta badauka edo funtzionarioek mendekotasunaren ezaugarri eta arrazoi berberak dituen lanpostu bat lortu nahi ez badute, uztailaren 17ko 4/1992 Legearen 65.5 artikuluan eta abenduaren 22ko 388/1998 Dekretuaren 5.3 azken paragrafoa ezarritakoarekin bat etorriz.
BTP gidabaimena izatea.
A gidabaimen-mota 2 urteko antzinatasunaz izatea.
Bide Segurtasunean Espezializatzeko ikastaroetan sartzeko hiru deialdi baino gehiagotan parte hartu gabe egotea. Deialdi bat agortutzat emango da, eta zenbatgarritzat joko da, funtzionarioa ikastaroan parte hartzeko ontzat ematen den kasuan. Ez ordea, deia egiten duen organoak ikusten badu, nahi gabeko kausa dela-eta, izangaia ikastarora ez dela bertaratu edo ikastaroa ez duela amaitu. Hala denean, behar bezala justifikatuta egon beharko du.
Prozeduran parte hartu nahi dutenek aurreko atalean adierazitako baldintza guztiak bete beharko dituzte eskaerak aurkezteko azken eguna baino lehen.
Onartua izateko eta hautaketa-prozeduran esku hartzeko nahikoa izango da izangaiek euren eskaeretan baldintza guzti-guztiak betetzen dituztela adieraztea, betiere, eskaerak aurkezteko epea amaitu baino lehen. Hori egiaztatzeaz deia egiten duen organoa arduratuko da ofizioz, Giza Baliabideetako Zuzendaritzari egoki deritzon ziurtapena eskatuz.
Aurrekoa hala bada ere, izangairen batek, hautaketa-prozedurak eta prestakuntza-aldiak iraun bitartean, eskudun organoak, onartutakoen eta bazter utzitakoen zerrenda onartzeko, deialdian parte hartzeko eskatutako baldintzak ez dituela edo gertaera bidezko inguruabarrengatik ez dituela betetzen jakinez gero, hautaketa-prozeduratik kanpo utziko luke, edo hala dagokionean, prestakuntza-alditik kanpo, interesatuari entzun ondoren.
Hirugarrena. Eskaerak.
Hautaketa-prozeduran parte hartu nahi dutenek eskaera bete beharko dute, Gurenet bitartez, sailen arteko intranet Gurenet horretan eskuragarri izango den eskaera eredua erabiliz.
Eskaerak aurkezteko epea 20 astegunekoa izango da Euskal Herriko Agintaritza Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita.
Eskabidean oposizio-aldiko ariketak egiteko hautatutako hizkuntza adierazi behar da, euskara edo gaztelania.
Laugarrena. Izangaiak onartzea.
Eskaerak aurkezteko epea amaitu ondoren, Euskal Herriko Poliziaren Ikastegiko zuzendariak onartutako eta baztertutakoen behin-behineko zerrenda onetsiko du. Zerrenda hori Euskal Herriko Poliziaren Ikastegiko iragarki-oholean jarriko da jendaurrean.
Baztertutako izangai bakoitzari buruz, baztertu izanaren arrazoiak eman beharko dira aditzera behin-behineko zerrenda horretan. Erreklamazioak aurkezteko eta eskaerak izan ditzakeen akatsak zuzentzeko 10 asteguneko epea izango dute.
Aurkeztutako erreklamazioak Euskal Herriko Poliziaren Ikastegiko zuzendariaren ebazpenean onartu eta baztertuko dira eta, horren bitartez, onartutakoen eta bazter utzitakoen zerrenda behin betiko egingo da. Zerrenda hori Euskal Herriko Poliziaren Ikastegiko iragarki-oholean jarriko da jendaurrean.
Bosgarrena. Epaimahai Kalifikatzailea.
Oposizio-aldiko probak zehazteko, garatzeko eta ebaluatzeko Epaimahai Kalifikatzaile bat izango da uztailaren 19ko 315/1994 Dekretuaren eta Euskal Herriko Poliziari buruzko 4/1992 Legearen aurreikuspenen arabera. Epaimahaia mahaiburu batek, lau bokalek eta idazkari batek osatuko dute.
Epaimahai Kalifikatzailea osatuko duten kideen eta ordezkoen izendapena Euskal Herriko Poliziaren Ikastegiko zuzendariaren ebazpenaren bitartez jarriko da jendaurrean, Euskal Herriko Poliziaren Ikastegiko iragarki-oholean.
Epaimahai Kalifikatzailearen jarduna organo kolegiatuen funtzionamenduaren arau erregulatzaileek arautuko dute.
Epaimahai Kalifikatzailea osatuko duten kideei Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 28. eta 29. artikuluetan bildutako abstentzio eta errefusatze kausak ezarriko zaizkie.
Hautaketa-sistema osatzen duten proben garapena eta ebaluazioa Epaimahai Kalifikatzaileari dagozkio, autonomia osoz jokatuz. Epaimahai hori prozeduraren objetibotasunez arduratuko da eta deialdiaren oinarriak betetzen direla bermatuko du.
Epaimahai Kalifikatzaileak, bere jardunerako, -hautaketa- sistema osatzen duten probetarako-, aholkulari edo adituen laguntza izan dezake. Horien lana, beren berezitasun-jarduna ikusirik, aholkatzea eta teknikoki laguntzea izango da.
Hautaketa-sistema garatzeko beharrezko diren neurriak hartu ahal izango ditu Epaimahaiak deialdi honetan finkatuta ez dauden guztietan, eta gainera, deialdiko oinarriak interpretatzeak eta aplikatzeak eta euren lanetarako jardunak sortu ahal dituzten arazo guztiei ebazpena emateko ahalmena izango du.
Epaimahaiak ezin izango ditu deitutako ikastokiak baino ikasle gehiago hautatu. Horrelakorik gertatuz gero, gehiagoko horiek baliogabetuak izango lirateke eskubide osoz.
Epaimahai Kalifikatzailearen Akordioak Euskal Herriko Poliziaren Ikastegiko iragarki-taulan jarriko dira jendaurrean.
Epaimahai Kalifikatzaile honetan parte hartzeagatik legez ezarritako ordainsariak emango dira.
Seigarrena. Hautaketa-prozedura.
Hautaketa-prozedura oposizio bitartez gauzatuko da, eta horretan gaitasun-probak, proba teorikoak edota praktikoak egingo dira, gaitasuna eta haien arteko lehentasun-hurrenkera zehaztuz.
Zazpigarrena. Oposizioa.
Oposizioan ondorengo probak izango dira:
Ezagupenen proba, nahitaezkoa eta baztertzekoa. Ebazpen honetako I. eranskinean agertzen diren gaiei buruzko ariketa bat edo batzuk egingo dira, Epaimahai Kalifikatzaileak zehaztutakoak.
Gehienez 60 punturekin baloratuko da eta hautaketa-prozesutik kanpo geratuko dira, gutxienez 30 puntu lortzen ez badute.
Gaitasun probak, nahitaezkoa eta baztertzekoa. Ondorengo aldagarriak baloratuko dira: ahozko arrazonamendua, arrazonamendu abstraktua eta espazio-arrazonamendua.
Gehienez 40 punturekin baloratuko da, eta hautaketa-prozesutik kanpo geratuko dira, gutxienez 20 puntu lortzen ez badute.
Zortzigarrena. Oposizioko proben garapena.
Deialdia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denetik bi hilabete igaro arte ezingo dira hasi probak.
Lehenengo azterketa noiz, zein ordutan eta non egingo den gutxienez zazpi egun natural lehenago iragarriko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian. Gainerakoak noiz eta non egingo diren ere Euskal Herriko Poliziaren Ikastegiko iragarki-oholean argitaratuko dira, gutxienez 72 ordu lehenago.
Epaimahai Kalifikatzaileak egin ahal izango ditu probok edo oposizioa osatzen duten ariketa desberdinak; hau da, ordena desberdinean eta egin edo ez. Azken honetan, ariketa edota proba desberdinen emaitzak deialdiaren oinarrietan agertzen diren hurrenkeran argitaratuko dira.
Hautaketa-prozesuan parte hartu duten izangai kopurua ikusirik eta probak egiteko zerbitzu beharrizanak kontuan harturik egingo dira probak, Epaimahai Kalifikatzaileak hala erabakiko du probak noiz -txanda desberdinetan- eta non egin.
Epaimahaiak derrigorrezko probak edota ariketak egiteko finkatutako tokian, datan eta orduan agertzen ez diren izangaiak hautaketa-prozesutik baztertuta utziko ditu behin betiko, baztertzearen arrazoia ezinbestekoa izan arren. Arau bera aplikatuko zaie edozein derrigorrezko probetara berandu bertaratzen diren izangaiei.
Derrigorrezko probetarikoren batek ariketa bat baino gehiago izanez gero, eta horietariko batera agertu ezean edo berandu iritsiz gero, ez bertaratutzat joko da.
Oposiziogileek parte hartzailearen nortasuna ziurtatzeko agiria eraman beharko dute proba guztietara; Epaimahai Kalifikatzaileak noizbait eska baitiezaieke hori erakusteko.
Proben emaitzak, Epaimahai Kalifikatzailearen erabakiaren bitartez, Euskal Herriko Poliziaren Ikastegiko iragarki-oholean emango dira argitara.
Bederatzigarrena. Euskararen ezagutza-mailaren balorazioa.
Euskararen ezagutza-maila merezimendu modura baloratuko da, Ertzaintzaren I. Hizkuntza-eskakizuna dutenei 10 puntu emanez eskabideak aurkezteko epea amaitu baino lehen. Hautaketa-prozesuan ez da egingo inolako euskaren ezagupenei buruzko maila egiaztatzeko probarik.
Ertzaintzaren I. hizkuntza-eskakizuna dutenei, EGA titulua edo baliokideak dituztenei Epaimahai Kalifikatzaileak ofizioz ziurtatuko die.
Hamargarrena. Oposizioaren azken kalifikazioa.
Oposizioaren azken kalifikazioa osatzen duten probetan edo ariketa desberdinetan lortutakoen gehiketatik aterako da eta, hala dagokionean, euskararen ezagutza-mailaren ebaluazioan ateratakoak areagotua. Horrek finkatuko du hautaketa-prozedurako parte hartzaileen hurrenkera.
Hurrenkera sailkapenean berdinketan ateraz gero, ondorengo irizpideekin bat etorriz ezarriko da ordena, ondorengo zerrendaren arabera:
Emakumeen eta Gizonen Berdintasunari buruzko otsailaren 18ko 4/2005 Legea.
Ezagupenen proban lortutako puntuazio hoberena.
Gaitasun proban lortutako puntuazio hoberena.
Hautaketa-prozeduraren kalifikazioa amaitu eta gero, Epaimahai Kalifikatzaileak onetsi egingo du eta Euskal Herriko Poliziaren Ikastegiko iragarki-oholean argitaratu eta Euskal Herriko Poliziaren Ikastegiko Zuzendaritzari igorriko dizkio ondorengoak:
Hautaketa-prozedura gainditu dutenen behin betiko zerrenda, hain zuzen, kategoria bakoitzean lortutako puntuazio altuenetik gutxienera adierazten duen zerrenda.
Hautatutako izangaien zerrenda, sailkapenean lehentasun-hurrenkerari jarraituz, hautaketa-prozedura gainditu dutenek osaturikoa eta deitutako plazetan sartzen direnak.
Aurreko atalean ezarritako argitalpen eta Bide Segurtasunean Espezializatzeko Ikastaroan sartu artean hautatutakoen zerrendan inguruabarren batengatik aldaketarik gertatuz gero, aldaketok zehazten dituen akordioa edo ebazpena Euskal Herriko Poliziaren Ikastegiko iragarki-oholean jarriko da jendaurrean.
Hamaikagarrena. Betekizunak egiaztatzea.
Hautatutakoek Euskal Herriko Poliziaren Ikastegiko Administrazio eta Zerbitzuen Zuzendaritzan aurkeztu beharko dituzte deialdian parte hartzeko eskatutako betekizunen konpultsatutako kopien egiaztagiriak edo jatorrizko agiriak, hala eskatzen zaienean.
Hamabigarrena. Bide Segurtasunean Espezializatzeko Ikastaroa.
Hautatutakoak, 10.3.b) oinarrian xedatutakoaren arabera, Bide Segurtasunean Espezializatzeko Ikastaroa egiteko Euskal Herriko Poliziaren Ikastegiko zuzendariak deituko ditu bere Ebazpenaren bitartez.
Hautatutakoen uko egiteagatik edo deialdian eskatutako baldintzak ez betetzeagatik hutsik geratzen diren plazak betetzeko, Euskal Herriko Poliziaren Ikastegiko zuzendari aren Ebazpenaren bidez, sailkapenean ondoren dauden izangaiek bete ahal izango dituzte, eskainitako plazak bete arte.
Hautatutakoak Euskal Herriko Poliziaren Ikastegiko zuzendariak banatu ahal izango ditu ondoz-ondoko txandetan. Ikastegiko irakasleen eginkizunen eta Ertzaintzaren zerbitzuaren eta bere antolaketaren arabera. Txanda desberdinetako atxikipenean 10.3.a) oinarrian ezarritako lehentasun hurrenkera jarraituko da zehaztasunez.
Euskal Herriko Poliziaren Ikastegiko zuzendariak emango die hautatutakoei ikastaroan sartzearen berri, Ertzaintzaren Ikuskapen eta Administrazio Alorreko Administrazio Unitatearen bitartez.
Bide Segurtasunean Espezializatzeko Ikastaroa Euskal Herriko Poliziaren Ikastegian egingo da. Ikastaro hau, ikasketa-planean aurreikusitakoaren araberakoa izango da, halaber, bertan adierazten den iraupena izango du.
Ikastaroaren azken kalifikazioa Euskal Herriko Poliziaren Ikastegiko Iragarki-oholean argitaratuko da, ikasketa-planean aurreikusitakoarekin bat etorriz.
Euskal Herriko Poliziaren Ikastegiko zuzendariak ebatziko du prestakuntza-aldia gainditzen ez dutenen baztertzea.
Hamahirugarrena. Moduluen konbalidazioa.
Euskal Herriko Poliziaren Ikastegiko zuzendariak Bide Segurtasunean Espezializatzeko Ikastaroaren hainbat modulu edo azpimodulu konbalidatu ahal izango ditu Ikasketa Planean aurreikusitako hitzetan. Ondorengoak hartuko dira kontuan:
Ofizioz, Euskal Herriko Poliziaren Ikastegiak emandako ikastaroak gaindituta dituztenei eta eman beharreko modulu beraren edukiak eman behar badira berriz ere.
Interesdunei dei eginez; idatziz egin beharko da konbalidazio eskaera eta 12.1 oinarrian aurreikusitako Ebazpenak agintzen duen hurrengo zazpi egun naturalen barruan. Aipatutakoa, Euskal Herriko Poliziaren Hautaketa eta Prestakuntza Araudia onesten duen uztailaren 19ko 315/1994 Dekretuaren 58. artikuluan ezarritako moduan egin beharko da.
Euskal Herriko Poliziaren Ikastegiko zuzendariak trebakuntza ikastaroen eta moduluen konbalidazio taula jarriko du jendaurrean, Euskal Herriko Poliziaren Ikastegiko iragarki-oholean. Prestakuntza-aldia hasi baino lehen konbalidazio eskaerei ebazpena eman beharko die, beharrezko kudeaketak burutu ondoren.
Hamalaugarrena. Bide-segurtasunean espezializatzeko lanpostu hutsak betetzea.
Ikastaroa gainditzen dutenek prestakuntza eta jasotako ezagupenak eskatzen diren lanpostuak betetzeko lanpostu huts guztiak eskatzera behartuta egongo dira. Horrela egin ezean, edozein lanpostu huts betetzera derrigortu ahal izango dira.
Hamabosgarrena. Azken xedapenak.
Prestakuntza-aldiak dirauen bitartean, ikasleak Euskal Herriko Poliziaren Ikastegiko Barne Erregimeneko Erregelamenduaren barne erregimeneko eta diziplinako arauen mende egongo dira eta, gehigarri moduan, ikas denborako hutsegitea ez denetan, Euskal Herriko Polizia Kidegoetako Diziplinazko Erregelamenduaren araudipean.
Funtzionarioek Bide Segurtasunean Espezializatzeko Ikastaroaren hiru deialditan parte hartu ahal izango dute gehienez. Deialdi bat agortutzat emango da, eta zenbatgarritzat joko da, funtzionarioa ikastaroan parte hartzeko ontzat ematen den kasuan. Ez ordea, deia egiten duen organoak ikusten badu, nahi gabeko kausa dela-eta, izangaia ikastarora ez dela bertaratu edo ikastaroa ez duela amaitu. Hala denean, behar bezala justifikatuta egon beharko du.
Deialdi honetan parte hartzea borondatezkoa izango da.
Ebazpen honen kontra, Administrazio bideari amaiera ematen diona, interesdunek Administrazioarekiko Auzi Errekurtsoa jarri ahal izango diote eskudun Administrazio Auzigaietako Epaitegiari, Administrazio Auzigaietako Jurisdikzioko Lege Arautzailearen 14. artikuluarekin bat etorriz, Euskal Herriko Agintaritza Aldizkarian argitaratu eta agertzen den hurrengo egunetik hasita bi hilabeteko epean.
Deialdi honetatik, Epaimahai Kalifikatzailearen jardunetik edo Euskal Herriko Poliziaren Ikastegiko organuetatik sor daitezkeen egintza administratiboak inpugnatu ahal izango dituzte interesdunek administrazio prozedura erkidearen araudi erregulatzailean aurreikusitako kasuetan eta eran.
Arkaute, 2010eko urriaren 8a.
Euskal Herriko Poliziaren Ikastegiko zuzendaria,
ELENA MORENO ZALDIBAR.
IKASGAIAK
EUSKADIKO BIDE SEGURTASUNEKO PLAN ESTRATEGIKOA, 2010-2014
Euskal Autonomia Erkidegoko bide Segurtasun Batzordea:
212/2008 Dekretua, abenduaren 16koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Bide Segurtasun Batzordearen antolamendua eta jarduteko modua arautzen dituena (abenduaren 31ko EHAA, 250. zk).
Herrizaingo Saileko Egitura:
471/2009 Dekretua, abuztuaren 28koa, Herrizaingo Saileko egitura organiko eta funtzionalari buruzkoa.
Ertzaintzaren egitura:
Agindua, 2010eko otsailaren 5ekoa, Herrizaingoko sailburuarena, Ertzaintzaren egitura berria onetsi, eta, beraz, 2006ko martxoaren 15eko Aginduan onartutako orain arteko egitura aldarazten duena.
Trafikoari, Motordun Ibilgailuen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko Legeria:
Atariko titulua: Legeriaren xedea eta jardute eremua.
titulua: Eskumenen gauzatzea eta koordinazioa.
titulua: Zirkulaziorako jokabide-arauak.
titulua: Seinaleak.
titulua: Administrazioaren baimenak.
titulua: Arau-hausteak, zigorrak, kautelazko neurriak eta erantzukizuna.
titulua: Zigor-prozedura eta errekurtsoak.
Errege-dekretua: Ibilgailuei buruzko Araudi Orokorra.
Lurreko Garraioen Antolamenduari buruzko Legea:
Atariko titulua, lehen kapitulua: Aplikazio-eremua (1. eta 2. artikuluak).
titulua: Errepideko garraioaren zerbitzuak eta jarduerak, VII. kapitulua izan ezik.


