- EBAZPENA, 2010eko azaroaren 2koa, Ingurumeneko sailburuordearena, Kanpanzar harrobia ustiatzeko proiektuak (hau da, atari zabaleko meatzea lurpeko meatze bihurtzeko proiektuak) ingurumenean duen eraginari buruzko adierazpena egiteko dena. Cantera de Campazar SA sozietateak sustatu du proiektu hori, Arrasaten. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus
Arautegia
InprimatuEBAZPENA, 2010eko azaroaren 2koa, Ingurumeneko sailburuordearena, Kanpanzar harrobia ustiatzeko proiektuak (hau da, atari zabaleko meatzea lurpeko meatze bihurtzeko proiektuak) ingurumenean duen eraginari buruzko adierazpena egiteko dena. Cantera de Campazar SA sozietateak sustatu du proiektu hori, Arrasaten.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Ebazpena
- Organo arau-emailea: Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 7
- Hurrenkera-zk.: 149
- Xedapen-zk.: ---
- Xedapen-data: 2010/11/02
- Argitaratze-data: 2011/01/12
Gaikako eremua
- Gaia: Ingurune naturala eta etxebizitza; Ekonomi Jarduerak
- Azpigaia: Ingurumena; Industria
Deskribapenak
Testu legala
Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumena Babesteari buruzko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren arabera, I. eranskineko B) idatz-zatian jasotako proiektuak ingurumenean duten eraginaren banan-banako ebaluazio-prozeduraren menpe daude. Prozedura horren ondorioz Ingurumenaren gaineko eraginari buruzko adierazpena sortuko da. Proiektu horiek egiteko edo baimentzeko hartuko den administrazio-ebazpenaren aurretik egingo da adierazpena.
Cantera de Campazar SA sozietateak Arrasateko atari zabaleko Kanpanzar harrobia lurpeko bihurtu nahi du. Kanpanzar harrobia ustiatzeko proiektu hori onartzeko prozedura hasi delarik, bi arau aplikatu behar dira: batetik, otsailaren 27ko Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumena Babesteari buruzko 3/1998 Lege Orokorra eta, bestetik, proiektuek ingurumenaren gainean duten eraginari buruzko legearen testu bategina onesten duen urtarrilaren 11ko 1/2008 Legegintzako Errege Dekretua. Beraz, bi arau horiek betez, proiektu horrekin zerikusia duten eta jarraian jasotzeko diren izapideak gauzatu dira, besteak beste:
Ingurumenaren gaineko eraginari buruzko azterlanaren edukia ezartzea. Proiektuaren sustatzaileak eskatuta, Ingurumen Sailburuordetzak 2008ko apirilaren 17an ekin zion kontsulten izapideari. Izapide hori jasota dago, urtarrilaren 11ko 1/2008 Legegintzako Errege Dekretuaren 8.1 artikuluan. Behin Ingurumen Sailburuordetzak 2008ko uztailaren 21ean proiektuak ingurumenean zuen eraginaren azterlanaren zabalera eta xehetasun mailari buruzko txostena bidali eta gero, izapidetzea bukatu zen.
Jendaurrean jartzeko izapidea. Energia eta Meategien Zuzendaritzak proiektua eta proiektu horrek ingurumenean duen eraginaren ebaluaziorako azterlana jendaurrean jartzea ebatzi zuen (2010eko urtarrilaren 14ko 8 zenbakiko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria).
Espedientea bidali eta ingurumenarekiko eraginaren adierazpena eskatzea. 2010eko irailaren 14an Energia eta Meategien Zuzendaritzak espedientea Ingurumen Sailburuordetzara bidali zuen, proiektuek ingurumenean duten eragina ebaluatzeko Legearen testu bategina onartzen duen urtarrilaren 11ko 1/2008 Legegintzako Errege Dekretuaren 12.1 artikuluan ezarritakoa betez.
Aipatutako proiektuaren espedientean jasotzen diren agiri tekniko eta txostenak aztertu dira eta ingurumenaren gaineko eraginari buruzko azterlana zuzena da indarrean dagoen araudian xedatutakoaren arabera; beraz, Ingurumen Sailburuordetzak, bera baita organo aginpideduna Ingurumenaren gaineko Eraginaren Adierazpen hau emateko, Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumena Babesteari buruzko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren eta Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezarri duen abenduaren 22ko 629/2009 Dekretua, eta horrenbestez, honakoa
Kanpanzar harrobia ustiatzeko proiektuak ingurumenean duen eraginari buruz aldeko adierazpena egitea. Cantera de Campazar SA sozietateak sustatu du proiektu hori, Arrasateko atari zabaleko Kanpanzar harrobia lurpeko bihurtzeko asmoz.
Honako baldintza hauek ezartzea proiektua burutzeko; baldintzok lotesleak dira Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumena Babesteari buruzko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 47.2 artikuluari jarraituz.
A. Ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioren espedienteko agirietan jasotakoaren arabera, eta berariaz ebazpen honetan finkatutako zehaztapenen arabera gauzatu beharko da proiektua.
B. Proiektua aldatu edo handitu nahi izanez gero, urtarrilaren 11ko 1/2008 Legegintzako Errege Dekretuaren 16. artikuluan xedatutakoa aplikatu behar da, haren II. eranskineko 9.k) epigrafearekin bat. Haren bidez onartu zen Proiektuek Ingurumenean duten Eragina Ebaluatzeko Legearen testu bategina.
Proiektuan egingo diren aldaketa jakinak aurreko idatz-zatian adierazitako garrantzirik ez dutenean, jarduera bitartean sortzen direnean, ingurumenaren ikuspegitik ere arrazoitu egin beharko dira. Kasu horietan, neurri babesle eta zuzentzaileetan, eta ingurumena zaintzeko programan, dagozkion aldaketak egingo dira proiektu berrira egokitzeko.
C. Neurri babesle eta zuzentzaileak.
Neurri babesle eta zuzentzaileak egitasmoaren titularrak ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioa egiteko aurkeztu zituen agirietan jasotakoaren arabera gauzatuko dira. Era horretan, neurri horiek hartzeak, batetik, eta kontrolerako esleitutako pertsonalak, bestetik, azterketan ezarritako eta ingurumenaren gaineko eraginaren adierazpen honetan ezarritako kalitate-helburuak bermatu ahal izango dituzte. Ondorengo idatz-zatietan adierazitako neurriak gehitu beharko dituzte.
C.1. Proiektuaren eremua.
Proiektuak ingurumenaren gain izango duen eragina ebaluatzeko prozeduran, hainbat agiri aurkeztu zituen sustatzaileak. 2010eko irailaren 14an, esaterako, agiri hau bidali zuen Ingurumen Sailburuordetzara: «Kanpanzar U.A. atari zabaleko meatzea lurpeko meatze bihurtzeko ustiatze-proiektua, 4743 zk., 2009ko uztaila». Agiri horretako 11. planoan, «08 fasea: amaiera topografikoa 2023-2024» izenekoan, jarduera eremuaren mugak jaso ziren. Horiexek izango dira, hain zuzen, proiektuaren eragin-eremu maximoa zedarriztatuko duten mugak.
Hala eta guztiz ere, lehen aipatutako eremu horretan egin daitezkeen ustiatze-lanen zabalera mugatuta egongo da, baldintza hauek bete behar dira eta:
Proiektuaren eraginpean diren administrazioei entzuteko izapidean, Uraren Euskal Agentziak txosten bat egin zuen 2010eko maiatzaren 14an. Ustiatzea kareharrian egingo da, eta, txosten horren arabera, ez dakigu zehatz-mehatz harri horren maila piezometrikoa non dagoen. Beraz, ustiatzearen kota minimoa zehazte aldera, zundaketa nahiz azterketa hidrokimikoak egin beharko dira, berriz ere. Zundaketa eta azterketa horien ezaugarri orokorrak, bidenabar, lehen aipatutako txosten horretan zehaztuta daude. Edonola ere, akuiferoaren saturazio-mailaren gainetik gutxienez 10 metrora egongo da behin betiko ustiatze-kota.
Ingurumen-organoari datu hauek helaraziko zaizkio espedientean sar ditzan: batetik, azterketen emaitza eta, bestetik, lurpeko zein atari zabaleko ustiatzearen behin betiko geometria. Azken horretan, gainera, hondeatze-kota minimoak zein diren adierazi behar da.
Proiektuan lurpeko ustiatze malgua proposatu da. Hau da, harrizko mendigunearen kalitatearen menpe egongo da ustiatzea. Horrek esan nahi du harria nahikoa egokia ez den lekuetan ez dela ustiatzerik egingo. Beraz, aldaketa txikiak izan daitezke lurpeko ustiatzearen azken geometrian. Horrez gain, karstifikazio handia dagoen zonetan eta mineralizazio metaliko ugariko eremuetan ez da ustiatzen jarraitu behar.
C.2. Udalaitz sektoreko urak eta ur-sistema babesteko neurriak.
Urari buruzko legerian xedatutakoa bete beharra dago, bai eta arroetan eskumena duen erakundeak bere agintepeko gaietan ezarritako baldintzak ere horrelakorik egonez gero. Horrez gain, ondoko neurri babesle eta zuzentzaile hauek bete behar dira:
C.2.1. Aurreko paragrafoan adierazitakoari eutsiz, karstifikazio handia dagoen eremuetan lurpeko ustiatzeak aurrera egin dezan eragotzi beharra dago. Nolanahi ere, gerta liteke ustiatze-lanetan aritu bitartean bide karstiko aktiboekin edo lehentasunezko ur-ibilguekin topo egitea. Hala bada, bide horiek berregokitu beharko dira; hau da, ura bideratu beharra dago, goiko kotako mozketa-puntutik beheko kotan kokatutako hobira.
C.2.2. Mendigunearen barruan egon daitezkeen ibilguetako, dekantazio-putzuetako, eta infiltrazio-putzuetako urak biltzeko sare bat eraikitzea aurreikusi da ingurumenaren gaineko eraginari buruzko azterlanean.
Iragazkortasun urriko eremuetan egin behar dira dekantazio-putzuak. Putzu horien neurriak ezartzean, bidenabar, infiltrazio-putzuen bidez akuiferora iragaziko diren uren kalitatea zaindu beharra dago. Nahikoa kalitate ez izateagatik ur hori ezin bada akuiferora iragazi, kanpora aterako da horretarako prestatutako mekanismo berezien bidez. Behin kanpoan, ur hori tratatu egingo da, edo berrerabili kalitate handiko uraren beharrik ez duten prozeduretan (hormigoi-fabrikan, ureztatze-sistemetan, ibilgailuen gurpilak garbitzeko gailuetan, eta abar). Hortaz, dekantazio-putzuen nahiz urak kanpora ateratzeko putzuen irteeran, uren kalitatea neurtzeko sistema eraginkorra garatu eta ezarriko da.
Infiltrazio-putzuetara, beraz, ezin izango dira mineral-olioak edo hidrokarburoak dituzten urak isuri, ez eta esekiduran litroko 10 mg solidotik gora dituzten urak ere.
Proiektuaren sustatzaileak ur horiek kudeatzeko sistemaren proposamen zehaztua egin beharko du, eta hura ingurumen-organoari bidali, hark onar dezan. Proposamen horretan, besteak beste, honako hauek zehaztuko dira: dekantazio- eta infiltrazio-putzuen ezaugarriak; infiltrazio-putzuetara isuriko diren uren kalitatea kontrolatzeko metodoak; eskatutako baldintzak betetzen ez dituzten urak kanpora ateratzeko mekanismoak, eta ur horien erabilera.
C.2.3. Hondeatze-jarduerak iturrien funtzionamenduaren edo iturrietako uren kalitatearen gain eragina duela egiaztatzen bada, beharrezkoak diren neurri babesle nahiz zuzentzaile gehigarriak ezarri beharko dira iturri horien funtzio ekologikoa edota aprobetxamendua zaintzeko.
C.2.4. Atari zabaleko ustiatzean, lurgaineko urak drainatzeko sarea izango da. Sare horren bidez, ur hauek guztiak bilduko dira: ustiatze-hobiko isuriak; harrobiaren instalazioak dauden zonetatik datozenak; harrobira sartzeko bideetako, aparkalekuetako, eta pistetako urak; eta 2.c.2.2 atalean adierazitako urak.
Drainatze-sare horren azken elementua ura tratatzeko sistema izango da. Tratatze-sistemak bi elementu hauek izango ditu: esekiduran dauden solidoen dekantazio-putzuak, batetik, eta hidrokarburoak bereizteko modulua, bestetik. Putzu-sistemak egiterakoan, putzuek solidoak egoki atxikitzeko moduko neurria dutela bermatuko da, eta horretarako beharrezkoak diren kalkulu hidraulikoak egingo dira. Horrez gain, bermatuko da isuria leku jakin batean egiten dela eta isuritako uraren parametro fisiko eta kimikoak bat datozela indarreko arauekin.
C.2.5. Proiektua gauzatu ahala, ustiatzearen egitura aldatuko da. Hori dela eta, ustiatzean sortutako isuriak bilduko direla, solidoak egoki atxikiko direla, isurketa lokalizatua egongo dela, eta azken horrek indarreko arauak uneoro beteko dituela bermatzeko asmoz, ustiatzearen unean uneko egiturari egokitu behar zaizkio drainatze-sarea nahiz sare horretako azken elementuak.
Alde horretatik, Ingurumen Sailburuordetzan aurkeztutako agirien arabera, sare berria egingo da atari zabaleko lurgaineko urak drainatzeko ustiatzearen azken faseetan. Sare berri hori lurpeko ustiatzeko urak drainatzeko sarearekiko independentea izango da. Lurrazaleko urak drainatzeko sare berriaren lokalizazioa eta ezaugarri nagusiak, bidenabar, proiektuak ingurumenaren gain duen eragina ebaluatzeko azterlaneko 6. planoan, «Drainatze-sarea. Etorkizuneko egoera. 2009ko uztaila» izenekoan, jaso dira.
Ustiatzearen azken faseari ekin aurretik, aipatu berri ditugun drainatze-sareei buruzko proiektu zehatza bidali behar dio sustatzaileak Ingurumen Sailburuordetzari, drainatze-sareak egokiak eta nahikoak direla egiazta dezan. Proiektu horretan, bidenabar, lurpeko ustiatzetik kanpoko aldera behin-behinean isur litezkeen urak hartuko dira kontuan.
C.2.6. Hormigoi-makinak garbitzeko erabiltzen den ura zirkuitu itxian kudeatuko da, eta hura hormigoia egiteko prozesuan berrerabiliko, halaxe aurreikusi baita sustatzaileak proiektuak ingurumenean duen eraginaren ebaluaziorako aurkeztutako agirietan.
C.2.7. Proiektuak ingurumenaren gain izango duen eragina neurtze aldera, sustatzaileak zenbait agiri aurkeztu zituen. Garbiketako hondakin-urak, beraz, agiri horietan zehaztutakoari jarraituz bilduko eta araztuko dira.
C.2.8. Aurreko epigrafeetan aurreikusitako hondakin-urak arazteko sistemak aldian-aldian garbitu behar dira, tratamendu-sistemaren etekinik onena bermatzeko eta uneoro erabilera-gaitasun nahikoa eduki dezaten.
C.2.9. Ustiatzetik isuritako hondakin-urak tratatzeko sistema guztiek irteerako kutxatila bana izango dute laginak hartzeko.
C.2.10. Lurpeko uren kalitatearen gain eragina izan dezaketen jarduerak hala nola deposituak erregaiz betetzea edota hustea, ibilgailuei olioa aldatzea, ibilgailuak zaintzeko edo konpontzeko lanak egitea, eta abar atari zabalean egingo dira beti, zola iragazgaitza duen eta isuriak biltzeko sistema daukan eremu batean.
C.2.11. Horrez gain, debekatuta egongo da lurpeko ustiatzearen barruan substantzia nahiz hondakin arriskutsuak gordetzea. Lurrazaleko instalazioetan gorde beharko dira gai arriskutsu horiek, estalpean, eta ingurunean zabaldu ezin daitezkeen moduan (hau da, edukinontzi hermetikotan, bidoitan, drainatze-sarea eta efluenteak biltzeko sarea dutenetan, eta abar).
C.2.12. Lurpeko nahiz atari zabaleko ustiatzeetan, bietan izan behar da hidrokarburoak xurgatzeko materiala. Material hori eskura egongo da, gai arriskutsuren bat ustekabean isuri edo ihes eginez gero berehala erabili ahal izateko.
C.4. Hautsa gutxitzeko neurriak.
Airearen kalitatea eta atmosferaren babesaren arloan indarrean dagoen araudia betetzeaz gain, honako beste neurri babesle eta zuzentzaile hauek hartuko dira:
C.4.1. Jardueran ezin dira gainditu Airearen Kalitatea Ebaluatzeari eta Kudeatzeari buruzko urriaren 18ko 1073/2002 Errege Dekretuan ezarri diren sufre dioxidoaren, nitrogeno dioxidoaren, nitrogeno oxidoen, partikulen, berunaren, bentzenoaren eta karbono monoxidoaren gehieneko kopuruak.
C.4.2. Zulatze-lanetan, lan-tresneria guztiek hautsa jasotzeko gailuak izango dituzte.
C.4.3. Agregatuak birrindu, sailkatu eta biltegiratzeko instalazioek partikula-igorpenak gutxitzeko gailuak izan beharko dituzte hauts asko sortzen den leku guztietan.
Uhal garraiatzaileak estalita egongo dira; birrindu eta sailkatzeko instalazioetan eta uhal garraiatzaileen arteko transferentzia puntuetan ixteko egiturak jarriko dira.
Hautsez betetako materialak filtrodun silo itxietan biltegiratuko dira.
C.4.4. Kamioien zama-lanak, ahalik eta hauts gutxien aireratuta eta harrotuta egin behar dira. Horretarako, zama-lanerako gunea itxita egon beharko da, eta ur-difusoreak edo beste edozein sistema eraginkor instalatu beharko da.
Material hori leku batetik bestera eramango duten kamioiek zama estaltzeko olanak izan behar dituzte, materiala estali eta hautsa airean zabaldu ez dadin.
C.4.5. Ibilgailuak bertatik igaro eta maniobrak egiten dituzten lekuetan, egoki diren bide-zoladurak eta ureztatze-sistemak jarriko dira, ibilian hautsa harrotu ez dezaten ibilgailuek. Horrez gain, makinek ustiatzearen barruan maniobrak egiteko erabiltzen dituzten eremuak, pistak, eta sarbideak aldian aldian ureztatuko dira. Neurri horren xedea da materiala harrobitik ateratzean eta harrobiaren barruan leku batetik bestera eramatean ahalik hauts gutxien harrotzea.
C.4.6. Kamioiak harrobitik irten aurretik garbitzeko sistema bat izango da, dekantazio-putzuari lotuta, proiektuak ingurumenean duen eraginaren ebaluaziorako sustatzaileak aurkeztutako agirietan aurreikusi bezala.
C.4.7. Ustiategiko hautsa murrizteko sistemari ahalik eta etekin gehien ateratzeko, ohitura onen kodea ezarri eta harrobiko langileei sistema nola erabili irakatsi behar zaie.
C.4.8. 2022-2024 urteetan egungo bereizketa-instalazioak kenduko dira, eta haien lekuan berriak jarriko, proiektuak ingurumenean duen eraginaren ebaluaziorako sustatzaileak aurkeztutako agirietan aurreikusi bezala. Eraikin horiek egin aurretik, alabaina, bereizketa-instalazio berriak zuzentzeko neurriei buruzko proiektua bidaliko du sustatzaileak Ingurumen Sailburuordetzara. Proiektu horretan, hautsa gutxitzeko eta hautsik egon ez dadin prebenitzeko zer neurri ezarriko diren zehaztuko da.
C.5. Zaraten eta dardaren ondoriozko efektuak gutxitzeko neurriak.
C.5.1. Leherketek 22-381-93 UNE Araua bete behar dute. Hain zuzen ere, proiektuaren atxikipen-eremuko eraikinetan erregistratzen den dardara ezin da izan arau horretan ezarritako mugez gaindikoa. Aire-uhinen presioari dagokionez, goreneko puntuan, ezin da izan 128 dB(L) baino handiagoa eraikinetan, eta, zehatzago esanda, leherketari begira dagoen fatxadan.
C.5.2. Sustatzaileak harrobi inguruan bizi diren lagunentzako informazio pertsonalizatu sistema bat jarri beharko du martxan, bizilagunek ezagut ditzaten leherketek eragindako aire-uhinen eta bibrazioen ondorioak kontrolatu eta gutxitzeko neurriak.
C.5.3. Urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuan, Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duenean zarataren arabera eremuak banatzeari, kalitate-helburuei, eta zarata egiteari dagokionez, 22. artikuluan ezarritakoa betez, harrobian erabilitako makinek hau bete beharko dute: atari zabalean makinak erabiltzearen ondorioz sortutako zaratari buruz indarreko legeetan adierazitako; aplikagarri zaienean, otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan ezarritakoa (dekretuak atari zabalean erabili beharreko zenbait makina erabiltzearen ondorioz ingurunean sortutako zaratak arautzen ditu), eta arau osagarrietan ezarritakoa. III. eranskineko B1 taulan, bestetik, zarataren muga-balioak ezarri dira. Hortaz, urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuko 24. artikuluan ezarritakoaren arabera, instalazio berrietan beharrezkoak diren neurriak hartu beharko dira zarata-eremuen kanpoko ingurumenean B1 taula horretan zehaztutakoak baino zarata-maila handiagoak egon ez daitezen. Balio maximo horiek ebaluatzeko, IV. eranskinean adierazitako prozedurei jarraitu behar zaie.
Era berean, ondoko helburu hauek beteko direla bermatzen duten neurriak ezarriko dira:
Zaratak egunez: Etxebizitzen barruan zarata ezin da izan 40 dB (A) baino handiagoa, Leq 60 segundo etengabeko balioan neurtuta, 08:00 eta 22:00ak bitartean, leihoak eta ateak itxita, eta gehieneko maila ezin da izan 45 dB (A) baino handiagoa.
Zaratak gauez: Etxebizitzen barruan zarata ezin da izan 30 dB (A) baino handiagoa, Leq 60 segundo etengabeko balioan neurtuta, 22:00 eta 8:00ak bitartean, leihoak eta ateak itxita, eta gehieneko maila ezin da izan 35 dB (A) baino handiagoa.
C.6. Hondakinak kudeatzeko neurriak.
C.6.1. Hondakinei buruzko apirilaren 21eko 10/1998 Legean eta arautegi zehatzetan aurreikusitakoarekin bat etorriz kudeatuko dira jarduerak iraun bitartean sortutako hondakinak.
Hondakinak teknikoki eta ekonomikoki bideragarriak badira, baimendutako hondakinen balioztatzaile batengana eraman behar dira.
Hondakinak deusestatzera bidali ahal izango dira, baldin eta aldez aurretik horiek balioztatzea teknikoki, ekonomikoki eta ingurumenaren aldetik bideraezina dela frogatzen bada.
C.6.2. Zabortegira bidali beharreko hondakinak, hondakinak zabortegietan utziz ezabatzea arautzen duen abenduaren 27ko 1481/2001 Errege Dekretuaren eta hondakinak zabortegietan utziz ezabatzea eta betegarriak egikaritzea arautzen duen otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuaren arabera ere kudeatuko dira. Hondakin horiek Kontseiluaren 2002ko abenduaren 19ko 2003/33/EE Erabakiarekin bat etorriz karakterizatu beharko dira. Erabaki horren bidez hondakinak zabortegietan hartzeko irizpide eta prozedurak ezartzen dira, 1999/31/EEE Zuzentarauaren 16. artikuluarekin eta II. eranskinarekin bat etorriz.
Jardueraren soberakinak betegarri moduan erabil daitezke. Hala izanez gero, otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan xedatutako baldintzak bete behar dituzte soberakin horiek.
Lur-beteketetan, gai kutsatzaileak A ebaluazioko balio adierazleen (EBA-A) azpitik dituzten materialak baimenduko dira bakarrik. Adierazle horiek lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzeko otsailaren 4ko 1/2005 Legearen I. eranskinak jasotzen ditu.
C.6.3. Proiektua gauzatu bitartean eraikuntza- eta eraiste-hondakinak sortzen badira (bereizketa-instalazio berriak egiten direlako, eraikin zaharrak eraisten direlako, eta abar), otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretuan aurreikusitakoaren arabera kudeatu beharko dira (Dekretuak eraikuntza- eta eraiste-hondakinak sortzea eta kudeatzea arautzen du).
C.6.4. Erabilitako olioei dagokienez, erabilitako industria-olioen kudeaketari buruzko ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretua eta Euskal Autonomia Erkidegoan erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen irailaren 29ko 259/1998 Dekretua aplikatuko dira.
Baimendutako kudeatzaile bati eman arte, erabilitako olioa andel estankoetan bilduko da estalitako biltegi batean; andelok etiketatuta egon eta azpila edo atxikipen-sistemaren bat eduki beharko dute. Zola iragazgaitz gainean egon beharko dute, edozein ihes edo isuriri aurre egiteko prestatuta, baita elementu nagusia hautsiko balitz ere.
C.6.5. Araudi hau betetzea errazte aldera, zeregin desberdinetan sortutako hondakinak kudeatzeko sistemak prestatuko dira. Sistema horiek zeregin bakoitzaren arduradunek kudeatuko dituzte eta beraiek arduratuko dira langileei behar bezala betearazteaz. Bereziki, inolaz ere ez da eragingo kontrolatu gabeko efluenterik erregai eta produktuak biltegiratzean eta makineria mantentzeko lanak egitean, ezta hondakinik erreko ere.
C.7. Kultur ondarea babesteko neurriak.
Euskal Kultur Ondareari buruzko 7/1990 Legeko xedapenak gorabehera, ustiatze-lanak egin bitartean aurkikuntza arkeologikorik egin bada, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Saila jakinaren gainean jarri behar da berehala, azken horrek egoki diren neurriak ezar ditzan.
C.8. Paisaia eta ustiapenaren eraginpeko eremua leheneratzeko neurriak.
Erauzte-jarduerek ukituriko naturguneak leheneratzeari buruzko ekainaren 20ko 115/2000 Dekretuan eta arlo honetako gainerako arauetan ezarritakoa betetzeaz gainera, erauzketa-lanek ukituriko eremu guztiak leheneratu behar dira, are ustiapena amaitutakoan aldatzen direnak ere, nahiz eta aurkeztutako leheneratze planean agertu ez.
D. Ingurumena Zaintzeko Programa.
Ingurumena Zaintzeko Programa jardueraren titularrak proiektuaren ingurumenaren gaineko eraginari buruzko ebaluazioan aurkeztutako dokumentazioan aurreikusten denaren arabera egingo da. Gainera, ondoren zehazten diren beste kontrol hauek ere erantsi behar zaizkio.
D.1. Aire-uhinaren dardara eta presioa kontrolatzea.
Proiektuak ingurumenaren gain duen eragina neurtzeko azterlanean dardarak kontrolpean izateari buruz adierazitakoa gorabehera, sei hilean behin neurtuko da leherketek sortutako aire-uhinek leherketetatik gertuen dauden eta barruan jendea bizi den eraikinetan eragiten duten presioa. Neurketa hori egiteko, harrobiaren geometria eta lehertze-tokia hartuko dira kontuan.
Aipatutako UNE 22-381-93 Arauan jasotako metodologiaren arabera egingo dira neurketak.
Aurreko neurketen emaitzak aurkezterakoan, leherketei buruzko datuak eta aire-uhinaren hedadura baldintzatzen duten faktore meteorologikoak adieraziko dira.
D.2. Isurketa-uren kalitatea kontrolatzea.
Isuria baimentzen duen erakunde eskumendunak ezarritakoa gorabehera, isurien kalitatea hilero aztertuko da. Tratatze-sistemetatik ateratzen den ura aztertuko da, isuri aurretikoa. Aldagai hauek kontrolatuko dira:
pH-a.
Eroankortasuna.
Solidoak esekita.
Olioak eta koipeak.
D.3. Lurpeko uren gaineko eragina kontrolatzea.
Proiektuak ingurumenaren gain izango duen eraginari buruzko azterlanean, lurpeko urak kontrolatzeko proposamena egin da. Hala eta guztiz ere, ebazpen honetako 2.c.1 atalean adierazitako zundaketek eta azterketa hidrokimikoek emandako datuak ikusirik, proposamen berria egin beharra dago, harrobiari eta akuiferoaren funtzionamenduari buruzko parametro hidrogeologikoak hobeto ezagutzeko bidea emango baitu.
Aipatutako zundaketa eta azterketa hidrokimiko horiek egin ondoren, proposamen berria igorri beharko zaio Ingurumen Sailburuordetzari.
D.4. Ingurumena zaintzeko programari buruzko agiri bategina.
Sustatzaileak ingurumena zaintzeko programaren agiri bategina prestatu beharko du; bertan ingurumenaren gaineko eraginaren azterlanean proposatzen diren betebehar guztiak eta Ebazpen honetan ezarritakoak bilduko dira.
Programa horrek ondo zehaztu beharko ditu kontrolatu beharreko parametroak, eta, orobat, ondoko hauek jaso: parametro bakoitzaren erreferentzia-balioak; lagina hartzeko eta azterketa egiteko metodologia; kontrol-puntuek kartografian duten kokapenaren xehetasuna; horien maiztasuna; eta azterlana egiteko aurrekontu zehatza.
D.5. Ingurumena zaintzeko programaren emaitzak bidaltzea.
Ingurumena zaintzeko programa osatzen duten txosten eta analisien emaitzak behar bezala erregistratu eta Ingurumen Sailburuordetza honi bidaliko zaizkio. Ingurumena zaintzeko programaren emaitzak urtean behin bidaliko dira ingurumenean aditua den erakundeak egindako txostenarekin batera. Esandako txostenean emaitzen analisia jasoko da, epe horretan emandako gertakari nagusiak bereziki aipatuta, haien balizko kausa eta konponbideak eta, halaber, laginak nola hartu diren zehaztuko da, aldez aurretik ez bada egin.
Sustatzaileak euskarri egokian bilduko ditu datuak bi urtez, gutxienez, eta Herri Administrazioen ikuskaritza-zerbitzuen esku egongo dira; hori guztia, hala ere, ez da eragozpena izango kasu bakoitzean aplikagarri den araudia betetzeko.
E. Baldin eta arautegi berria indarrean sartzean, edo barneratzen diren sistemen egitura eta funtzionamenduari buruzko ezagutza berri esanguratsuetara egokitu beharrak hala egitera bagaramatza, neurri babesle zein zuzentzaileak eta ingurumena zaintzeko programa aldarazi ahal izango dira, bai neurtu behar diren parametroen kasuan, baita neurketaren aldizkakotasuna eta aipatutako parametroek hartu behar duten tarteari dagozkion mugen kasuan ere. Era berean, jardueraren sustatzaileak hala eskatuta, edo ofizioz, ingurumen-organoak neurri babesle zein zuzentzaileak eta ingurumena zaintzeko programa, aldaraz ditzake. Hori guztia, ingurumena zaintzeko programan lortutako emaitzetan oinarrituta, edo ingurumenarekiko eragina saihesteko ezarri diren neurri babesle, zuzentzaile zein osabidezkoak gutxiegizkoak direla egiaztatzen denean.
F. Ebazpen honetako aurreko idatz-zatietan xedatutakoa gorabehera, sustatzaileak agiri hauek bidali behar dizkio Ingurumen Sailburuordetzari, espedientean sar ditzan:
F.1. Ebazpen hau argitaratzen denetik zenbatzen hasita, hiru hilabeteko epea izango du sustatzaileak lurpeko ustiatzean sortutako urak kudeatzeko sistemari buruzko proposamen zehaztua aurkezteko. Proposamen horretan, alderdi hauek zehaztuko dira: dekantazio- eta infiltrazio-putzuen ezaugarriak; infiltrazio-putzuetara isuriko diren uren kalitatea kontrolatzeko metodoak; eskatutako baldintzak betetzen ez dituzten urak kanpora ateratzeko mekanismoak, eta, ebazpen honetako 2.c.2.2 atalean aurreikusitakoaren arabera, azken ur horiek zertarako erabiliko diren.
F.2. Ustiatzearen azken faseari ekin aurretik, lurgaineko urak drainatzeko sare berriaren berariazko proiektua aurkeztu beharko du sustatzaileak. Proiektuak ingurumenean izango duen eragina ebaluatzeko azterlanaren 6. planoan, «Drainatze-sarea. Etorkizuneko egoera. 2009ko uztaila» izenekoan, aurkeztu dira sare berri horren oinarrizko ezaugarriak, ebazpen honetako 2.c.2.5 atalean aurreikusitakoarekin bat etorriz.
Bereizketa-instalazio berriak eraiki baino sei hilabete lehenago, eta ebazpen honetako 2.c.4.8 atalean aurreikusitakoa betez, instalazio berri horien neurri zuzentzaileen proiektua aurkeztu beharko du sustatzaileak. Bereizketa-instalazio horien ezaugarriak ustiatze-proiektuko «03 eranskina. Bereizketa-instalazioak» izeneko agiriaren 3. atalean azaldu dira.
G. Ebazpen honetako aurreko idatz-zatietan xedatu dena gorabehera, sustatzaileak agiri hauek bidali behar dizkio Ingurumen Sailburuordetzari, espedientean sar ditzan.
G.1. Ebazpen honetako 2.c.1 atalean aurreikusitako azterketa hidrokimikoak eta zundaketak amaitzean, azterlan horien emaitza aurkeztu beharko du sustatzaileak, bai eta proiektuaren eragin-eremuko ur-sistemaren funtzionamenduaren eredu zehatza ere.
G.2. Ebazpen honetako 2.c.1 atalean aurreikusitako azterketa hidrokimikoak eta zundaketak amaitzean, lurpeko nahiz atari zabaleko ustiatzearen behin betiko geometria aurkeztu beharko du sustatzaileak. Txosten horretan zehaztu beharko du, baita ere, zein diren hondeatze-kota minimoak.
G.3. Ebazpen honetako 2.c.1 atalean aurreikusitako azterketa hidrokimikoak eta zundaketak amaitzean, ingurumena zaintzeko programaren testu bategina aurkeztuko du sustatzaileak. Horrela, ebazpen honetako 2.d.4 atalean aurreikusitakoarekin bat etorriz, lurpeko urak kontrolatzeko proposamen berria azterketek ekarritako ondorioetan oinarritutakoa ekarriko du programa horrek.
G.4. Urtean behin, ingurumena zaintzeko programaren emaitza aurkeztuko du sustatzaileak, betiere, ebazpen honetako 2.d.5 atalean aurreikusitakoaren arabera.
Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumena Babesteari buruzko otsailaren 27ko 3/1998 Legeko 47.3. artikuluan ezarritakoaren arabera, ingurumenaren gaineko eraginari buruzko adierazpen hau jarduera lizentzia emateko behar diren neurri zuzentzaileei buruzko txostenaren ordezkoa da, ondorio guztietarako.
Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumena Babesteari buruzko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 47.8 artikuluaren arabera, bi urteko epea ezarri da proiektua gauzatzen hasteko, ingurumenaren gaineko eraginari buruzko adierazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denetik zenbatzen hasita. Sustatzaileari egotz dakizkiokeen arrazoiengatik epe hori proiektuari hasiera eman gabe bukatzen bada, ingurumenaren gaineko eraginari buruzko adierazpen hau baliogabetuko da. Hala ere, organo aginpidedunak hasiera emateko epea luzatu ahal izango du, behar bezala justifikatutako arrazoirik balego.
Proiektuek ingurumenean duten eraginaren Ebaluazioari buruzko Legearen testu bategina onartzeko den urtarrilaren 11ko 1/2008 Legegintzako Errege Dekretuaren 14.3 artikuluan ezarritakoaren arabera, proiektuaren sustatzaileak aldez aurretik jakinarazi beharko dio ingurumen organoari proiektuari dagozkion lanak zein egunetan hasiko diren.
Ingurumenaren gaineko eraginari buruzko adierazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.
Vitoria-Gasteiz, 2010eko azaroaren 2a.
Ingurumeneko sailburuordea,
NIEVES TERÁN VERGARA.


