- EBAZPENA, 2010eko azaroaren 16koa, Ingurumeneko sailburuordearena, «Parque Eólico de Baños de Ebro» proiektuak ingurumenean duen eraginari buruzko adierazpena egiteko dena. Capital Energy SL merkataritza-sozietateak sustatu du proiektu hori, Mañuetako udalerrian. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus
Arautegia
InprimatuEBAZPENA, 2010eko azaroaren 16koa, Ingurumeneko sailburuordearena, «Parque Eólico de Baños de Ebro» proiektuak ingurumenean duen eraginari buruzko adierazpena egiteko dena. Capital Energy SL merkataritza-sozietateak sustatu du proiektu hori, Mañuetako udalerrian.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Ebazpena
- Organo arau-emailea: Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 28
- Hurrenkera-zk.: 715
- Xedapen-zk.: ---
- Xedapen-data: 2010/11/16
- Argitaratze-data: 2011/02/10
Gaikako eremua
- Gaia: Ingurune naturala eta etxebizitza; Ekonomi Jarduerak
- Azpigaia: Ingurumena; Industria
Deskribapenak
Testu legala
Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumena Babesteari otsailaren 27ko buruzko 3/1998 Lege Orokorraren arabera, I. eranskineko B idatz-zatian agertzen diren proiektuek ingurumenaren gaineko eragina banaka ebaluatzeko prozedura bete behar dute, eta prozedura horri amaiera emateko, Ingurumenaren gaineko Eraginari buruzko Adierazpena egin beharko da, betiere proiektu horiek egiteko edo, hala badagokie, baimentzeko hartzen den administrazio-erabakiaren aurretik.
«Parque Eólico de Baños de Ebro» onartzeko prozedura hasi delarik (proiektu hori Capital Energy SL merkataritza-sozietateak sustatu du, Mañuetako udalerrian), bi arau aplikatu behar dira: batetik, otsailaren 27ko Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumena Babesteari buruzko 3/1998 Lege Orokorra eta, bestetik, proiektuek ingurumenaren gainean duten eragina ebaluatzeko legearen testu bategina onartzeko den urtarrilaren 11ko 1/2008 Legegintzako Errege Dekretua. Beraz, bi arau horiek betez, proiektu horrekin zerikusia duten eta jarraian jasotzeko diren izapideak gauzatu dira, besteak beste:
Ingurumenaren gaineko eraginari buruzko azterlanaren edukia ezartzea. Proiektuaren sustatzaileak eskatuta, 2008ko ekainaren 17an, Ingurumen Sailburuordetzak jendaurreko izapideari hasiera eman zion, proiektuek ingurumenaren gainean duten eragina ebaluatzeko legearen testu bategina onartzeko den urtarrilaren 11ko 1/2008 Legegintzako Errege Dekretuaren 8.1 artikuluan ezarritakoa betez. Behin Ingurumen Sailburuordetzak 2008ko abuztuaren 28an proiektuak ingurumenean zuen eraginaren azterlanaren zabalerari eta xehetasun-mailari buruzko txostena bidali eta gero, izapidetzea bukatu egin zen.
Jendaurreko informazioaren izapidea. Energia eta Meategien Zuzendaritzak proiektua eta proiektu horrek ingurumenean duen eraginaren ebaluaziorako azterlana jendaurrean jartzea ebatzi zuen (2009ko ekainaren 1eko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria, 102 zenbakikoa).
Espedientea bidaltzea eta ingurumenaren gaineko eraginaren adierazpena eskatzea. 2010eko urriaren 20an, Energia eta Meategien Zuzendaritzak Ingurumen Sailburuordetzara bidali zuen espedientea, proiektuek ingurumenaren gainean duten eragina ebaluatzeko legearen testu bategina onartzeko den urtarrilaren 11ko 1/2008 Legegintzako Errege Dekretuaren 12.1 artikuluan aurreikusitakoari jarraituz.
Biodibertsitate eta Ingurumen Partaidetza Zuzendaritzaren 2010eko azaroaren 11ko txostena, jendaurreko informazioko eta eragindako administrazioentzako entzunaldiko izapidearen ondorioz proiektuan sartutako aldaketen ingurukoa, espedienteari txertatzea.
Aipatutako proiektuaren dosierrean ageri diren txostenak eta dokumentazio teknikoa aztertu dira. Ingurumenaren gaineko eraginari buruzko azterlana zuzena dela ikusi da, eta indarrean dagoen araudian aurreikusten diren alderdiei egokitu egiten zaiela. Ingurumen Sailburuordetza da ingurumenaren gaineko eraginari buruzko adierazpena emateko eskumena duen organoa, xedapen hauen arabera: alde batetik, Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumena Babesteari buruzko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorra, eta, bestetik, Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen abenduaren 22ko 629/2009 Dekretua. Horiek horrela, hau
«Parque Eólico de Baños de Ebro» proiektuak ingurumenean duen eraginari buruz aldeko adierazpena egitea. Capital Energy SL merkataritza-sozietateak sustatu du proiektu hori Mañuetako udalerrian.
Proiektua gauzatzeko baldintzak finkatzea. Baldintzak lotesleak dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumena Babesteari buruzko otsailaren 27ko 3/1998 Legearen 47.2 artikuluan ezarritakoaren arabera. Hona hemen baldintzak:
A. Proiektuak ingurumenean duen eraginaren ebaluaziorako espedientearen arabera gauzatu beharko da proiektua, eta, bereziki, ebazpen honetan finkatutako zehaztapenen arabera.
B. Prozedura honetan kontuan izan dira proiektuaren jendaurreko informazioaren izapidearen eta ingurumenaren gaineko eraginaren azterlanaren ondorioz proiektuan egindako aldaketak. Aldaketa horiek jasota geratu dira organo eskudunak 2010eko urriaren 20an igorri zuen dokumentazioan, eta, besteak beste, hasieran proiektatutako bost haize-sorgailuetako bat ezabatzea (BE4 posizioarekin identifikatua) eta gainerako lauen abatza gehitzea (80 m-tik 105 m-ra igotzea) eta potentzia unitarioa (2 MWtik 3 MWra) ekarri dute aldaketok, bai eta sarrerako bidearen trazadura aldatzea ere. Hortaz, Mañuetako parke eolikoa 4 haize-sorgailuko parkea izango da: haietako bi 3 MWkoak, eta beste biak, 2 MW potentzia unitariokoak, hau da, 10 MWko potentzia instalatuaren baliokidea izango da.
Azkenean parke eolikoa osatuko duten 4 haize-sorgailuen kokaera dokumentu honetan aurreikusten dena izango da: «Separata Adicional al Proyecto Básico de Parque eólico de Baños de Ebro. Mayo de 2010. Capital Energy Centro Norte SLU». Dokumentu hori 2010eko urriaren 20an igorri zuen Ingurumen Sailburuordetzara Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak. Kokaera horren UTM koordenatuak dokumentu horretan ageri dira, eta kokapen zehatza, berriz, separata horretako 4. dokumentuko («Planos») PR0087-PB-01-0202 - PR00087-PB-01-02 zenbakiko planoetan grafiatuta dago.
Bestalde, espediente honetako ingurumen-eragineko ebaluazioaren prozedurak kontuan izan ditu azpiestazio elektrikoa eta energia elektrikoaren ebakuazioko linea instalatzeko obrak, bai eta parkerako sarbidea eta barneko bideak eraikitzeko bestelako obrak ere. Obra horiek, betiere, ingurumenaren gaineko eraginari buruzko azterlanei dagokion dokumentazioan aurreikusitakoarekin bat etorriz garatuko dira, eta aplikaziokoak izango zaizkio dokumentu horretan jasotzen diren neurri zuzentzaile guztiak, bai eta ondorengo idatz-zatian zehazten direnak ere. Hori guztia, kasuan kasu aplikatu beharrekoa den baimentze substantiboko eta ingurumen-eragineko ebaluazioa egiteko prozedura berariazkoaren emaitza alde batera utzita.
C. Proiektua aldatu edo handitu nahi izanez gero, urtarrilaren 11ko 1/2008 Legegintzako Errege Dekretuaren 16. artikuluan xedatutakoa aplikatu behar da, haren II. eranskineko 9.k) epigrafearekin bat. Haren bidez onartu zen, hain zuzen ere, proiektuek ingurumenaren gainean duten eragina ebaluatzeko legearen testu bategina.
Proiektuan egingo diren aldaketa jakinak aurreko idatz-zatian adierazitako garrantzirik ez dutenean, jarduerak irauten duen bitartean sortzen direnean, ingurumenaren ikuspegitik ere arrazoitu egin beharko dira. Kasu horietan, neurri babesle eta zuzentzaileetan, eta ingurumena zaintzeko programan, dagozkion aldaketak egingo dira proiektu berrira egokitzeko.
D. Neurri babesle eta zuzentzaileak.
Neurri babesle eta zuzentzaileak egitasmoaren titularrak ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioa egiteko aurkeztu zituen agirietan jasotakoaren arabera gauzatuko dira. Era horretan, neurri horiek hartzeak, batetik, eta kontrolerako esleitutako pertsonalak, bestetik, azterketan ezarritako eta ingurumenaren gaineko eraginaren adierazpen honetan ezarritako kalitate-helburuak bermatu ahal izango dituzte. Ondorengo idatz-zatietan adierazitako neurriak gehitu beharko dira.
Neurri horiek guztiak, gainera, obra kontratatzeko baldintza-agirietan sartu beharko dira, eta baldintza horiek betetzen direla bermatuko duen aurrekontua izan beharko dute.
D.1. Proiektua burutzen den bitartean aplikatu beharreko neurri babesle eta zuzentzaileak.
D.1.1. Ondare naturalaren gaineko eragina zuzentzeko neurriak.
Kalterik egin gabe Mendiei buruzko 11/2007 Foru Arauak, martxoaren 26koak, aplikatuz Arabako Foru Aldundian mendiak kudeatzeko eskumena duen organoak ezartzen duenari, honako neurri hauek hartuko dira:
Lehentasunezko interes komunitarioko presentzia duten enklabeei dagozkien natura-interes handiko espazioen gaineko eragina (Thero-Brachypodietearen urteko gramineen alde subestepikoak) ahalik eta txikiena izan dadin, aldatu egin beharko da azpiestazio elektrikoaren kokapena, bai eta kontratistaren instalazio-eremua ere (obrako behin behineko instalazioak eta materiala biltzeko aldea, alegia). Hori dela eta, proiektuaren sustatzaileak, eragin hori ekiditeko, azpiegitura horiek kokatzeko proposamen alternatibo bat prestatu beharko du, eta ingurumen-organora igorri, hark onar dezan.
Aurreko idatz-zatian aipatutako enklabeen gaineko eragina duten proiektuko beste ekintza batzuetarako, aldi baterakoak edo iraunkorrak, muturrera eraman beharko dira neurriak, erabat beharrezkoa den eremua baino gehiagori ez eragiteko. Horretarako, aipatutako aldeetan aurreikusitako jarduketen zedarripen zehatza eta balizatua egin beharko da, eta beste kalte batzuk ekiditeko beharrezko neurriak hartuko dira, kalte horiek eragitea ez bada erabat beharrezkoa.
Bestalde, proiektuaren eraginpean dagoen esparruan, Basa eta Itsas Fauna eta Landaredian Arriskuan dauden Espezieen Euskadiko Zerrendan interes bereziko kategoriarekin sartuta dagoen Thimus loscosii espeziearen populazio batzuen presentzia detektatu da. Euskal Herriko Natura Babesteko ekainaren 30eko 16/1994 Legearen eta Basa eta Itsas Fauna eta Landaredian Arriskuan dauden Espezieen Euskadiko Zerrenda arautzeko uztailaren 9ko 167/1996 Dekretuaren arabera, debekatuta geratzen da baimenduta ez dagoen edozein jarduketa, baldin eta haien asmoa espezie horiek hondatzea, moztukatzea, ebakitzea edo erauztea eta haien habitata hondatzea bada.
Populazio horien kontserbazioa ziurtatzeko, proiektuaren sustatzaileak BE-3 haize-sorgailurako sarbidearen trazadurari buruzko alternatiba-analisi bat egin beharko du, espezieari ahalik eta eraginik txikiena egitea bilatzeko. Analisi horren emaitza ingurumen-organora igorri beharko da, obrak egiten hasi aurretik.
Dena dela, proiektuari lotutako jarduketa guztiak gauzatzeko beharrezko diren obren zuinketa-fasean eta lurren mugimendu fasean, Botanikan aditua den batek egon beharko du obran bertan, obra-zuzendaritzari aholkuak emateko, natura-interesa handiko enklabeen gaineko eragin handiak ekiditeko.
Hegaztiak elektrokutatzeko arriskua ahalik eta txikiena izan dadin, elektrokuzioaren aurkako neurriak hartuko dira elektrizitatea eramateko linearen euskarrietan. Horretarako, linea elektrikoko proiektu honi aplikatzen zaizkion segurtasuneko arauei eta arau teknikoei kalterik egin gabe, elektrokuzioaren aurkako neurri hauek aplikatuko dira:
Hegaztiak elektrokutatu ez daitezen diseinaturiko neurriak dituzten euskarriak erabiliko dira, eta edozelan ere, isolagailu zurrunen eta euskarrien langeta eta burualdeetan isolatu gabeko zubi lasaiak erabiltzea saihestuko da.
Isolatu gabeko edozein tentsio-elementu eta lurrari konektaturiko euskarrietako edozein punturen arteko distantzia ez da 0,7 m baino txikiagoa izango. Isolatu gabeko eroaleen arteko distantzia, berriz, gutxienez 1,5 m-koa izango da.
Zubiak, ebakitzaileak, fusibleak eta transformatzaileak dituzten euskarrietan, bai eta deribaziokoak, ainguraketakoak eta linea-amaierakoak direnetan ere, tentsio-elementuak ez dira euskarrien langeta edo burualdeak baino luzeagoak izango. Edozelan ere, hegaztiak elektrokutatu ez daitezen, tentsio-elementuen arteko loturazko zubiak isolatu egingo dira, edo hori bezain eraginkorra den beste neurri zuzentzaileren bat aplikatuko da.
Ezarritako neurri zuzentzaileak behar bezain eraginkorrak ez direla ikusten bada, sustatzaileak beste seinaleztapen-sistema batzuk edo/eta elektrokuzioaren aurkako beste neurri batzuk aplikatu beharko ditu, hegaztiek duten arriskua maila onargarrietara murrizteko.
D.1.2. Ura eta lurzorua babesteko neurriak.
Aplikatu beharreko prozeduren esparruan arroaren eskumena duen organoak ezar ditzakeen baldintzak betetzeari utzi gabe, neurri babesle eta zuzentzaile hauek hartu beharko dira:
Ingurumenaren gaineko azterlanean proposatutakoaren arabera, euri asko egiten duen egunetan saihestu egingo dira lur-mugimenduak, makinen joan-etorria, eta, oro har, eremuko azaleko uretara solido esekiak botatzea ekar dezakeen edozein jarduera.
Era berean, bidezko neurriak hartuko dira gainazaleko uren kalitatearen gainean eragin dezaketen nahigabeko isurketak eta lur-mugimenduak ekiditeko. Beharrezko izanez gero, kutsatutako urak biltzeko kautela-elementu edo sistemak antolatuko dira, eta horrela eragotzi egingo da ezusteko egoeretan ur horiek Ebro ibaira isurtzea.
Obren eraginez soildutako gainazalen landare-berritze azkarra eta handia egingo da. Horrela, obra-leku bakoitzean lur-mugimenduak amaitu ahala ingurumen-eraginaren azterlanean adierazten diren birmoldatze- eta landareztatze-lanak egingo dira.
Kontratistak erabiliko dituen instalazio-eremuak egokitu egingo dira, bertan gauzatuko diren jarduera desberdinen ondorioz ingurumenean sor daitezkeen kalteak ahalik eta txikienak izateko.
Obra-makineriako parkearentzat bereizitako azalera eta haren mantentzegunea drainatze naturaleko saretik bereiziko dira. Zolata iragazgaitza eta efluenteak biltzeko sistema izango ditu, lurzorua eta ura olio eta erregaien eraginaren ondorioz kutsa daitezen saihesteko. Erregaien zamalanak, olio-aldaketak eta tailerreko jarduerak ez dira baimenduko adierazitako eremuetatik kanpo.
D.1.3. Hautsa ez zabaltzeko neurriak.
Obrak dirauen bitartean, ibilgailuak iragan ondoko garbiketa-lanak zorrotz kontrolatuko dira, bai obrek ukitutako ingurunean, bai obretara sartzeko guneetan. Pistak eta aldi baterako soil egongo diren eremuak ureztatzeko sistema bat egongo da.
Obrako aldeen irteeran, ibilgailuak garbitzeko gailuak ezarriko dira.
Elementu horien ezaugarriak eta kokapena ebazpen honen 2.D.1.10 idatz-zatian aipatzen den dokumentazioan jaso beharko dira.
D.1.4. Zarataren ondorioak gutxitzeko neurriak.
Eraikuntza-faseak irauten duen bitartean, beharrezkotzat jotzen diren obra-jardunbide egokien multzoa aplikatu beharko da, obra-makineriaren mantentze-lan orokorrei eta zarata gutxitzeari dagokienez.
Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta igorpen akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen soinu-igorpenei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokie, kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-igorpenak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan eta arau osagarrietan ezarritakora.
D.1.5. Hondakinak kudeatzeko neurriak.
Jarduerak irauten duten bitartean sortzen diren hondakinak, hondakinei buruzko apirilaren 21eko 10/1998 Legean eta araudi berariazkoetan aurreikusitakoarekin bat etorriz kudeatuko dira.
Hondakin guztiak, haien balioztatzea teknikoki eta ekonomikoki bideragarria bada, balioztatzaile baimendu bati igorri beharko zaizkio.
Teknikoki, ekonomikoki edo ingurumen-ikuspegitik balioztatzea bideraezina dela behar bezala ziurtatu ondoren soilik ezabatu ahal izango dira hondakinak.
Eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak kudeatzeko, eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak sortzea eta kudeatzea arautzen duen otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretuan ezarritakoa hartuko da aintzat. Horren haritik, eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak kudeatzeko azterlan bat bildu beharko da eraikuntza-proiektura, otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretu horren 4.1.a) artikuluan ezarritako edukiarekin.
Proiektuaren ingurumenaren gaineko eragina ebaluatzeko sustatzaileak aurkeztutako dokumentazioaren arabera, hondeaketa-lanean sortutako materialak parke eolikoaren plataforma eta bideetako betelanean erabilitakoarekin konpentsatuko dira, eta, hori dela eta, ez da aurreikusten hondeaketa-soberakinetako biltegietara bideratuko den soberakinik sortzea.
Edonola ere, lanak amaitzen direnean, sustatzaileak lur-mugimenduen gaineko balioespen xehatua bidali beharko ditu Ingurumen Sailburuordetzara. Balantzean adieraziko da proiektuarekin zerikusi zuzenik ez duten beste erabilera batzuetara bideratu den material kantitate osoa. Balantze hori Ingurumen Sailburuordetzara bidaliko da lanak amaitu eta 2 hilabeteko epea baino lehen.
Zabortegira eramateko hondakinak, hondakinak zabortegian utzita ezabatzeari buruzko abenduaren 27ko 1481/2001 Errege Dekretuari eta hondakinak zabortegian utzita ezabatzea eta betelanak egitea arautzen duen otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuari jarraiki kudeatuko dira. Hondakin horiek karakterizatu egin beharko dira, 2002ko abenduaren 19an Kontseiluak hartutako 2003/33/EE Erabakiaren arabera, 1999/31/EEE Zuzentarauaren 16. artikuluaren eta II. eranskinari jarraiki hondakinak zabortegietan onartzeko irizpide eta prozedurak ezartzen dituenaren arabera.
Jarduerako material-soberakinak betelanak egiteko erabiltzen badira, otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan ezarritako baldintzak bete beharko dira.
Lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzeko otsailaren 4ko 1/2005 Legearen I. eranskinean adierazitako EBA-A Ebaluazioko Balio Adierazleak baino kutsatzaile-kopuru txikiagoa duten materialekin soilik egin ahal izango dira lurrak betetzeko lanak.
Hondakin arriskutsuak jasotzen dituzten ontziek, hondakin toxiko eta arriskutsuei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Oinarrizko Legea betearazteko Erregelamendua onartzen duen uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuak 13. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak kontuan izan beharko dituzte, eta itxita egongo dira kudeatzaileak jaso arte, isuri edo lurrundu ez daitezen.
Aurreko paragrafoan aipatzen diren ontziek etiketatuta egon beharko dute, eta etiketak argia, irakurtzeko modukoa eta ezabaezina izan beharko du; etiketa aipatutako uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuak 14. artikuluan horretarako adierazitako jarraibideen araberakoa ere izango da.
Olio erabilia kudeatzeko honako hauek hartuko dira kontuan: industriako olio erabiliaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretua eta olio erabiliaren kudeaketa Euskal Autonomia Erkidegoan arautzen duen irailaren 29ko 259/1998 Dekretua.
Baimendutako kudeatzaileei aurkeztu arte, amaitutako olioen biltegiratzea estalpeko lekuetan, behar bezala etiketatutako ontzi hermetikoetan, zolata iragazgaitzean, ontzien barruan edo isuri edo ihes posibleek eusteko sistemetan egin beharko da.
Arau horiek betetzea errazteko, lan-mota bakoitzean sortutako hondakinak kudeatzeko sistemak ezarri beharko dira. Sistema horiek lan horien arduradunek kudeatuko dituzte, haiek izango baitira langileek sistemak zuzen erabiltzearen arduradunak. Bereziki, erregai eta produktuak gordetzearen, makinen mantentze-lanak egitearen edo hondakinak erretzearen ondorioz, ez dira inola ere sortuko efluente kontrolatugabeak.
Aurrekoaren haritik, kontratistaren instalazio-eremuan aldi batean hondakin arriskutsuak pilatzeko eremu jakin bat egokituko da, hala nola olio-poteak, iragazkiak, olioak, margoak eta abar. Gainera, hondakin geldoentzako edukiontziak ere jarriko dira, hondakin arriskutsuen guneetatik bereizita. Era berean, sortzen diren hondakinak biltzeko gailu iragazgaitzak jarriko dira (upelak, e.a.) eta hondakin horiek, euren izaeraren arabera bereiziko dira, aipatutako gune garbian aldi batean pilatu aurretik.
Obretan sortutako hondakinen ingurumeneko jarraipena jasoko duen txosten bat egin beharko da, eta txosten horrek, indarrean dagoen legeriak jasotzen dituen hondakinen kontrolerako, jarraipenerako eta onarpenerako agiriak erantsi beharko ditu.
D.1.6. Kultur ondarea babesteko neurriak.
Euskal Kultur Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legeak ezarritakoez gain, honako xedapen hauek beteko dira:
Kultur ondarea babestera bideratzen diren prebentzio-neurriak ingurumen-eragineko azterlanean proposatzen denaren arabera gauzatuko dira.
Obrak egiten diren bitartean, arkeologikoa izan litekeen elementuren bat aurkituz gero, badaezpada eten egingo dira eremu horretako lanak. Horrez gain, horren berri emango zaio berehala Arabako Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol Sailari, eta hark hartu behar diren neurriak finkatuko ditu. Hori guztia, Euskal Kultur Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legean ezarritakoa betetzearen kalterik gabe.
D.1.7. Obrak lehengoratzeko eta integratzeko neurri zuzentzaileak.
Obrak kaltetutako eremu guztiak oneratuko dira, bai eta, ingurumenaren gaineko eraginaren azterlanean agertu ez arren, proiektuaren ondorioz kaltetu direnak ere. Ingurumen-lehengoratzeak lurraren berroneratze geomorfologikoa eta edafikoa eta landare-azalera izan dezaketen guneen landare-berritzea barne hartuko ditu.
Lur-mugimenduak dauden bitartean, landaretza daukaten lur-eremuak kendu, metatu eta era bereizian zabalduko dira, aldatutako eremuan landare berriak jartzea eta eremua lehengoratzea errazteko.
Obrak eragindako eremu guztian, ahal den neurrian, lehengoratzeko neurriak obrarekin batera gauzatuko dira; horrela, obra egin ahala ingurumenaren gaineko azterlanean adierazitako birmoldatze- eta landareztatze-lanak gauzatuko dira. Lehengoratu beharreko azalerek ureztapen-sistema izan beharko dute, landare-berritzearen lehenengo faseetan gutxienez.
Lan-plataformak, aldi baterako sarbideak, gehiago erabiliko ez diren pista- eta sarbide-tarteak eta elektrizitatea eramateko linearen trazadurak ukitutako eremuak: horiek guztiak, ahal den neurrian, jatorrizko egoerara lehengoratuko dira, bai alderdi morfologikoan, bai osaera edafikoan. Lortuko den lursaila behar bezala destrinkotuta eta egokituta geratuko da, putzurik sor ez dadin eta aurrez ikusitako erabilerarako baldintza desegokiak sor ez daitezen. Eremu horietan landare-estalkia lehengoratuko da, jatorrizko egoerarekin bat etorriz.
Parkearen mantentze-lanak egiteko erabilgarri egon behar duten parke barruko bideei dagokienez, ahalegina egingo da bide-zorua ingurunearekin bat etortzeko, bide-zoruaren material, kolore eta egiturak ingurunearen ikuspen-ezaugarrietara egokituz.
Azpiestazio elektrikoari eta kontrolguneari dagokienez, bertako landa-inguruarekin bat datozen horma- eta teilatu-tipologia, -altuera eta -tratamenduko eraikinak diseinatuko dira. Proiektuaren sustatzaileak egitura horien diseinuari buruzko proposamen zehaztua egin beharko du, eta hura ingurumen-organora igorri.
D.1.8. Garbiketa eta obra bukatzea.
Obra amaitu ondoren, garbiketa-kanpaina zorrotz bat burutuko da, eta proiektuaren eragin-eremua obra-soberakinez guztiz garbi geratu beharko da. Sortutako hondakinak, eremutik atera eta baimendutako zabortegira eramango dira.
D.1.9. Ingurumen-aholkularitza.
Obren zuinketa-fasetik obra horiek amaitu arte, bai eta obren bermealdian ere, ingurumen gaietan, ondare artistiko-kulturalaren zaintzan eta neurri babesleetan zein neurri zuzentzaileetan ondo jantzitako aholkularitza eduki beharko du obra-zuzendaritzak, ingurumenaren gaineko eraginari buruzko azterlaneko xedapenen arabera. Gai horiei buruzko baldintza-agiriak, obra-zuzendaritzari esleitzen dizkion eginkizunekin lotutako ebazpenak aholkularitza hori egiten duten adituek txostena egin aurretik eman beharko dira.
D.1.10. Lan-programaren diseinua.
Lanak hasi aurretik, kontratistak jarraian datozen idatz-zatietan azaltzen diren gaiei buruzko jarduera-proposamen zehaztua egin beharko du. Proposamen horiek, ingurumenaren gaineko eraginari buruzko adierazpenean kasu bakoitzerako ezartzen diren irizpideen arabera diseinatuko direnak, obra-zuzendaritzak espresuki onetsi beharko ditu, aurreko idatz-zatian aipatutako ingurumen-aholkularitzak aurrez txostena eginda, eta lanak burutzeko programan txertatuko dira. Jarraian zehaztukoak dira agiriak:
Obra-aldearen zedarripena. Ingurumenaren aldetik sentiberak diren enklabeetan aurreikusitako jarduketak balizatzeko plana, ebazpen honen 2.D.1.2.d) idatz-zatian aurreikusitakoaren arabera.
Kontratistaren instalazio-eremuei buruzko ezaugarriak, eta egingo diren jardueren ondorioz sortzen diren ingurumen-eraginak ahalik eta txikienak izateko, ebazpen honen 2.D.1.2.d) idatz-zatian aurreikusitakoaren arabera.
D.1.3.b) idatz-zatian aurreikusitako kamioien gurpilak garbitzeko gailuen ezaugarriak eta kokapena.
Obran sortutako eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak kudeatzeko plana, eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak sortzea eta kudeatzea arautzen duen otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretuaren 5.1 artikuluan aurreikusitakoari jarraiki.
Obraren fase bakoitzari dagokion kronograma xehatua.
D.2. Parkearen funtzionamendu-faseko neurri zuzentzaileak.
D.2.1. Faunaren gaineko eraginak zuzentzeko neurriak.
Ingurumenaren gaineko eraginari buruzko azterlanean xedatutakoari kalterik egin gabe, ondoren zehaztutako neurriak hartuko dira hegazti-fauna eta kiropteroak babesteko:
Haize-sorgailuen inguruan argientzako zutoinak edota argi biziak jartzea ekidingo da, gaueko intsektuak bertara ez joan daitezen; izan ere, gaueko intsektu horiek kiropteroak erakar ditzakete eta istripuak egon daitezke elkarren artean talka egiteagatik.
Ingurumena zaintzeko programaren emaitzen arabera, haize-sorgailu jakin batzuen funtzionamenduak hegazti-faunarentzako edo kiropteroentzako arrisku handia dakarrela ikusten bada, haize-sorgailu horien funtzionamendu-araudian aldaketak egin ahal izango dira.
D.2.2. Soinu-igorpenei dagozkien prebentzio-neurriak.
Urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren, Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzeko denaren 24. artikuluan aurreikusitakoari jarraituz, zonakatze akustikoari, kalitate helburuei eta sortuko den zaratari dagokionez, beharrezkoak diren neurriak hartu beharko dira zarata-eremuen kanpoko ingurumenean III. eranskineko B1 taula horretan zehaztutakoak baino zarata-maila handiagoak egon ez daitezen. Muga-balio horiek ebaluatzeko, IV. eranskinean adierazitako prozedurei jarraitu behar zaie.
D.2.3. Eremu elektromagnetikoetarako esposizioaren inguruko kautelazko neurriak.
Osasun eta Kontsumo Saileko Osasun Publikorako Zuzendariordetzaren 2009ko maiatzaren 26an egindako txostenaren arabera, transformazio-zentroaren inguruan eremu elektriko eta magnetikoek ez dituzte gaindituko 1999ko uztailaren 12an Europako Batasunaren Kontseiluaren Gomendioan jendea oro har eremu elektromagnetikoen eraginpean egoteko ezarritako erreferentziako neurriak eta oinarrizko murrizketak (0tik 300 GHz bitartean).
D.2.4. Parke eolikoan sortutako hondakinen kudeaketa.
Jarduera garatzen den bitartean sortzen diren hondakinak ebazpen honen 2.D.1.5 idatz-zatian xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.
Sustatzaileak hondakin arriskutsuen ekoizle izateko dagokion baimena eskatu beharko du, edo, hala badagokio, EAEko Hondakin Arriskutsuen Ekoizle Txikien Erregistroan inskribatu beharko da, hondakinei buruzko apirilaren 21eko 10/1998 Legeak ezarritakoarekin eta berariazko araudiekin bat etorriz.
D.3. Instalazioak bertan behera uztea.
Jarduera uzten denean berariazko araudia aplikatuko da. Horrez gain, deuseztatzeko lanak egiteko orduan Ingurumenaren gaineko Eraginari buruzko Adierazpenean obra-faserako ezarritako neurri babesleen zein neurri zuzentzaileen antzekoak aplikatuko dira, batez ere honakoei dagokienez: interes botaniko eta kulturala babestea, fauna babestea, uren kalitatea eta hondakinen kudeaketa. Behin instalazioak utzita, haiek hartutako gainazal guztiak lehengoratu beharko dira, ingurumenaren gaineko eraginari buruzko azterlanaren arabera.
Instalazioek okupatuko dituzten gainazal guztien ingurumenaren gaineko eraginaren azterlanean aurreikusitako lehengoratzea haien bizitza amaitutakoan egingo da, eta lehengoratze hori eremuaren natura aldeko lehengoratzera eta paisaia aldeko kalitatea berreskuratzera bideratuko da.
E. Ingurumena zaintzeko programa.
Jardueraren titularrak proiektuaren ingurumenaren gaineko eraginari buruzko ebaluazioan aurkeztutako dokumentazioan aurreikusten denaren arabera egingo da ingurumena zaintzeko programa. Gainera, ondoren zehazten diren beste kontrol hauek ere erantsi behar zaizkio.
Ingurumena zaintzeko programa obra kontratatzeko baldintza-agirian integratuta geratuko da, eta dagokion aurrekontua edukiko du, ez soilik obraren behin-behineko harrera egiten den arte, bai eta obraren bermealdian eta parke eolikoaren funtzionamenduan ere.
E.1. Gorabeheren erregistroa.
Obrak egin ahala sortutako gorabeheren erregistroa egin beharko da, bai eta neurri babesleak zein neurri zuzentzaileak noraino bete diren jasotzeko ere. Erregistro hori Ingurumen Sailburuordetzak ikuskatzeko moduan egon beharko da, eta, obrak amaitzen direnean, nolanahi ere, Sailburuordetzari igorri beharko zaio hori.
Proiektua gauzatzean aldaketarik egin bada, aldaketa horiek xehetasunez adierazi beharko dira. Aldaketa guztiak, ingurumenean eragin dezaketen kaltearen ikuspegitik justifikatu behar dira.
E.2. Obrak hartzen duen eremuaren mugak kontrolatzea.
Lanetarako hartzen den eremua proiektuan adierazitakoarekin bat datorrela egiaztatuko da, aurreikusitakoa baino lur-azalera handiagoan eragin ez dezan.
E.3. Faunaren gaineko eraginaren controla.
Parke eolikoaren funtzionamenduak, oro har, faunarengan, eta, bereziki, hegazti-faunarengan eta kiropteroengan daukan eraginaren kontrola eta jarraipena egingo dira. Kasu honetan, parkeak hegazti-faunaren eta kiropteroen gainean izango duen eragina aztertzeko ezarriko dira kontrolak, haize-sorgailuen kontrako talken ondorioz sortutako heriotza-tasari dagokionez.
Horretarako, haize-sorgailuen miaketa aktiboa egingo da hamabostean behin. Kasu honetan, behatzaile kualifikatu batek miaketa egingo du arretaz, hautatutako haize-sorgailuen oinarritik hasi eta 50 metrora hegaztienak izan daitezken hondar guztiak jasoz; hondar horiek identifikatu eta aztertu egingo dira, heriotzaren zioa ezagutzeko. Informazio hau kontuan hartuta, heriotza-tasaren indizeak kalkulatuko dira, dagozkion zuzenketa faktoreak aplikatu ondoren.
Kontrol horien emaitzaren bidez, parke eolikoak sortutako hegazti eta kiropteroen hilkortasunaren balioespen orokorra egingo da, eta hegazti handien artean izandako hildakoen balio absolutuak jasoko dira. Informazio hau kontuan hartuta, hurrengo aldeak aztertuko dira: hilkortasunaren banaketa espazioan eta denboran, eragina jasan duten espezieak, eta eragina duten baldintzak.
Hegaztien kontrola egiterakoan ikusitako guztia txosten berariazkoetan adieraziko da. Txosten horietan, honakoei buruzko gorabeherak zehatz-mehatz jasotzen dira: animalien gaineko eragina eta horien hilketa (aerosorgailuak, espezieak eta banakoen kopurua, eraginaren emaitza, eguna, abiadura eta haizearen norabidea, baldintza meteorologikoak, e.a.), hegaztien portaera-aldaketak (bertakoak, negutarrak zein migratzaileak izan), eta neurri babesle eta zuzentzaileen funtzionamendua. Txosten horiek sei hilean behin bidali beharko dira ingurumen-organora.
E.4. Landare-berritzearen kontrola.
Egindako landare-berritzearen, mantentze-lanen (berrereitea, ureztatzea, etab.) eta, hala badagokio, aplikatutako neurri osagarrien eraginkortasuna kontrolatuko da urtean behin.
E.5. Ingurumena zaintzeko programari buruzko agiri bategina.
Sustatzaileak ingurumena zaintzeko programaren agiri bategina landu beharko du, ingurumenaren gaineko eraginari buruzko azterlanean eta ebazpen honetan proposatutako betekizunak biltzeko.
Programa horretan, kontrolatuko diren parametroak eta parametro bakoitzerako erreferentziako balioak zehaztuko dira; horrez gain, laginketarako eta analisirako metodologia, kontrolerako puntuen kokapenari buruzko kartografia xehekatua, haien maiztasuna eta guztia gauzatzeko aurrekontuaren gaineko xehetasunak ere jasoko dira.
E.6. Ingurumena zaintzeko programaren emaitzak bidaltzea.
Ingurumena zaintzeko programa osatzen duten analisi eta txostenen emaitzak behar bezala erregistratuko dira, eta Ingurumen Sailburuordetzara bidaliko dira. Ingurumena zaintzeko programaren emaitzak urtean behin bidaliko dira, ingurumenean aditua den erakundeak egindako txostenarekin batera. Txosten horretan emaitzak analizatuko dira, eta batez ere, epe horretan izandako gertakari nagusiak, gertakari horiek izatearen arrazoiak eta irtenbideak, eta aurretik zehaztu ez diren kasuetan lagin-hartzearen xehetasunak aztertuko dira.
Kasu bakoitzean aplika daitekeen arautegia kaltetu gabe, sustatzaileak datuak euskarri egokian bilduko ditu bi urtez gutxienez, eta herri-administrazioen ikuskaritza-zerbitzuen esku egongo dira.
F. Baldin eta arautegi berria indarrean jartzeak edo barneratzen diren sistemen egitura eta funtzionamenduari buruzko ezagutza berri esanguratsuetara egokitu beharrak hori egitea gomendatzen badu, neurri babesle zein zuzentzaileak eta ingurumena zaintzeko programa aldarazi ahal izango dira, bai neurtu behar diren parametroen kasuan, bai neurketaren aldizkakotasuna eta aipatutako parametroek hartu behar duten tarteari dagozkion mugen kasuan ere. Era berean, ingurumen-organoak, jardueraren sustatzailearen eskariz edo bere kabuz, neurri babesle eta zuzentzaileak edota ingurumen-zaintzako programa aldatzea erabaki dezake, baldin eta egoki baderitzo ingurumen-zaintzako programaren ondorioak ikusita edo neurri babesle, zuzentzaile edo konpentsatzaileek gerta daitezkeen ingurumenaren gaineko eraginen inguruan erakusten dituzten gabeziak kontuan hartuta.
G. Aurreko paragrafoetan ezarritakoari kalterik egin gabe, sustatzaileak honako agiri hauek igorri beharko ditu Ingurumenaren Sailburuordetzara, onarpena eman diezaion:
G.1. Obrei ekin aurretik, azpiestazio elektrikoa eta kontratistaren instalazio-eremua kokatzeko proposamen alternatibo bat, ebazpen honen 2.D.1.1.a) idatz-zatian adierazitakoaren arabera.
G.2. Obrei ekin aurretik, BE 2 haize-sorgailuaren sarbideari buruzko trazadurarako alternatiba-analisia eta azkenean proposatutako irtenbidea, ebazpen honen 2.D.1.1.c) idatz-zatian adierazitakoaren arabera.
G.3. Obrak hasi baino lehen, ebazpen honetako 2.E.5 idatz-zatian aurreikusitako ingurumena zaintzeko programari buruzko agiri bategina.
G.4. Azpiestazio elektrikoa eta kontratistaren instalazio-eremua eraikitzeko obrei ekin aurretik, egitura horien diseinua, egitura horiek paisaian txertatzeko neurriak adierazita, ebazpen honen 2.D.1.7.f) idatz-zatian adierazitakoaren arabera.
H. Aurreko paragrafoetan ezarritakoari kalterik egin gabe, sustatzaileak honako agiri hauek igorri beharko ditu Ingurumenaren Sailburuordetzara, espedientean sartu ahal izan daitezen:
H.1. Obrak amaitu eta 2 hilabeteko epean, gehienez, obrak egin direnean sortu diren gorabeheren gaineko erregistroa, bai eta neurri babesle eta zuzentzaileak zer neurriraino bete diren adierazten duen agiria ere. Hondaketa-soberakinen eta hondakinen ingurumen-jarraipenari dagokion txostena ere sartu beharko da.
H.2. Urtean behin, ingurumena zaintzeko programaren emaitza aurkeztuko du sustatzaileak, betiere, ebazpen honetako 2.E.6 idatz-zatian aurreikusitakoaren arabera.
Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumena Babesteari buruzko otsailaren 27ko 3/1998 Legeak 47.3 artikuluan ezarritakoaren arabera, ingurumenaren gaineko eraginari buruzko adierazpen honek, ondorio guztietarako, jarduera-lizentzia emateko behar diren neurri zuzentzaileen txostena ordezkatzen duela jakitera ematea.
Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumena Babesteari buruzko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 47.8 artikuluaren arabera, 2 urteko iraupena duen proiektua martxan jartzeko epea ezartzea, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian ingurumenaren gaineko eraginari buruzko adierazpen hau argitaratzen den unetik kontatzen hasita. Epe hori proiektuari hasiera eman gabe bukatzen bada, sustatzaileari egotzi dakizkiokeen arrazoiengatik, ingurumenaren gaineko eraginari buruzko adierazpen hau baliogabetu egingo da. Hala ere, organo aginpidedunak hasiera emateko epea luzatu ahal izango du, behar bezala justifikatutako arrazoirik balego.
Jakinaraztea, urtarrilaren 11ko 1/2008 Legegintzako Errege Dekretuaren, proiektuek ingurumenaren gainean duten eragina ebaluatzeko legearen testu bategina onartzeko denaren, 14.3 artikuluan ezarritakoa betez, proiektuaren sustatzaileak aldez aurretik jakinarazi beharko diola ingurumen-organoari proiektuari dagozkion lanak zein egunetan hasiko diren.
Ingurumenaren gaineko eraginari buruzko adierazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadin agintzea.
Vitoria-Gasteiz, 2010eko azaroaren 16a.
Ingurumeneko sailburuordea,
NIEVES TERÁN VERGARA.


