Euskadi.eus
  • EBAZPENA, 2010eko azaroaren 29koa, Ingurumeneko sailburuordearena, Oka itsasadarraren eskuinaldean, Urdaibaiko Biosferaren Erreserban, Kortezubin, bidexkak berreskuratu eta bidexka berriak egiteko proiektuak ¿Kortezubiko Udalak bultzatua¿ ingurumen-inpaktuaren ebaluaziorik behar ez duela erabakitzen duena. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus

Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2010eko azaroaren 29koa, Ingurumeneko sailburuordearena, Oka itsasadarraren eskuinaldean, Urdaibaiko Biosferaren Erreserban, Kortezubin, bidexkak berreskuratu eta bidexka berriak egiteko proiektuak ¿Kortezubiko Udalak bultzatua¿ ingurumen-inpaktuaren ebaluaziorik behar ez duela erabakitzen duena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 24
  • Hurrenkera-zk.: 602
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2010/11/29
  • Argitaratze-data: 2011/02/04

Gaikako eremua

  • Gaia: Ingurune naturala eta etxebizitza; Garraio eta herri lanak
  • Azpigaia: Ingurumena; Hirigintza eta etxebizita

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

Kortezubiko Udalak, 2010eko uztailaren 27an, Ingurumen Sailburuordetza honetara igorri zuen Oka itsasadarraren eskuinaldean, Urdaibaiko Biosferaren Erreserban, bidexkak berreskuratzeko eta bidexka berriak egiteko proiektua, Erreserbako bulego teknikoak egina, eta proiektuaren ingurumen-dokumentua ere jasotzen du txostenak.

Proiektuaren xedea da oinez eta bizikletan ibiltzeko bidea egitea Oka itsasadarraren eskuinaldean, Kortezubiko udalerriaren eremuan, eta Natura 2000 Europako Sare Ekologikoan sartuta dauden eremu hauetan eragiten du: «Urdaibaiko Itsasertzak eta Padurak» (ES2130007) eta «Urdaibaiko Ibai Sarea» (ES2130006), biak ere Europar Batasunaren Intereseko Leku (EBIL), eta «Urdaibaiko itsasadarra» (ES0000114), Hegaztientzako Babes Bereziko Eremua (HBBE).

Proiektua ez dago zuzenean lotuta aipatutako Natura 2000 lekuen kudeaketarekin, eta ez da beharrezkoa horretarako.

Ingurumen-inpaktua ebaluatzeko Legearen testu bategina onartzen duen urtarrilaren 11ko 1/2008 Legegintzako Errege Dekretuaren arabera, arau horretako I. eranskinean ez dauden proiektuek Natura 2000 Sareko espazioei zuzenean edo zeharka eragin badiezaiekete, ingurumenean duten eragina ebaluatuko da, baldin eta ingurumen-organoak hori zehazten badu kasu bakoitzean, aipatutako Legegintzako Errege Dekretuko III. eranskinean ezarritako irizpideen arabera, eta proiektuaren ondorioak jasan dituzten administrazioei, pertsonei eta erakundeei kontsultatu ondoren.

Hala, 2010eko abuztuaren 27an, ingurumen-organoak galdera egin zien proiektuaren aldaketak eragiten dien administrazio eta erakundeei, jarduketa horiek ingurumen-inpaktua ebaluatzeko prozeduraren pean jarri behar ote ziren, eta, hala balitz, ingurumen-inpaktuaren ikerketak zein eduki eta gutxieneko irismen izan beharko lituzkeen, betiere Proiektuen ingurumen-inpaktua ebaluatzeko Legearen testu bategina onartu zuen urtarrilaren 11ko 1/2008 Legegintzako Errege Dekretuaren 17.2 artikuluan xedatutakoaren arabera, eta horren berri eman zion Kortezubiko Udalari.

Erantzun dute Osasun Saileko Bizkaiko Lurralde Zuzendariordetzak, Kultur Ondarearen Zuzendaritzak eta Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko Zuzendaritzak guztiak ere Eusko Jaurlaritzakoak, bai eta Euskal Herriko Itsasertz Mugarteak eta Bizkaiko Foru Aldundiko Mendi eta Natur Guneen Zuzendaritza Nagusiak ere.

Osasun Saileko Bizkaiko Lurralde Zuzendariordetzaren iritziz, osasunaren aldetik ez da aurreikusten inpaktu garrantzitsurik, proiektuaren inpaktua ebaluatu beharra eragiteko adinakorik.

Eusko Jaurlaritzako Kultur Ondarearen Zuzendaritzak jakinarazi du proiektuaren eragin-eremuaren barruan Barrutibaso baserria dagoela, eta legez babesteko proposamena duenez Euskal Kultur Ondareari buruzko uztailaren 3ko Legeak ezarritako mekanismoen arabera, baserri horretatik 15 metroko gutxieneko tartea uzteko gomendatzen du, tarte horretan eraikin berriak egiteko instalaziorik eta hesirik jarri gabe.

Eusko Jaurlaritzako Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko Zuzendaritzak gomendatu du, proiektuak EAEko Basogintza antolatzeko Lurraldearen Arloko Planean (gaur egun hasierako onespenaren fasean) sartuta dauden eremuetan eraginik ez badu ere, proiektuak nekazaritza-lurretan eta nekazaritza-ustiategietan duen eragina baloratzeko eta neurri zuzentzaile egokiak proposatzeko.

Euskal Herriko Itsasertz Mugarteak adierazi du Kostaldeei buruzko uztailaren 28ko 22/1988 Legeak araututako esparruan aurreikusitako jarduketak bat datozela legedi horrekin.

Bizkaiko Foru Aldundiko Mendi eta Natur Guneen Zuzendaritza Nagusiak jakinarazi du, beste gai batzuen artean, bere eskumenekoak diren arau hauek aplikatzekoak direla: urriaren 14ko 11/1997 Foru Araua bertako hainbat baso-espezieren araubide berezia ezartzen duena eta ekainaren 19ko 118/2006 Foru Dekretua Mustela lutreola (Linnaeus, 1761) bisoi europarra Kudeatzeko Plana onartzen duena.

Eskuragarri dagoen informazioa aztertu da proiektuak ingurumenean izan dezakeen eragina kalkulatzeko, Proiektuen ingurumen-inpaktua ebaluatzeko Legearen testu bategina onartu zuen urtarrilaren 11ko 1/2008 Legegintzako Errege Dekretuaren III. eranskineko irizpideen arabera, eta honako hau izan da emaitza:

Proiektuaren ezaugarriak.

Proiektuaren xedea da oinez eta bizikletan ibiltzeko bidea egitea Oka itsasadarraren eskuinaldean, Kortezubiko udalerriaren eremuan. Bidea 1.300 metro luze da, eta 1,5-2 metro zabal. Barrutia auzotik Enderikara doa, eta zatirik handiena gaur egun erabiltzen ez diren antzinako bidexkek osatzen dute.

Lehendik ere baziren bide asfaltatuekin lotura egiteko zatietan izan ezik, gainerakoetan, lurra perfilatuko da eta zabalgunea finkatuko da (azpiko oinarria jarriko zaio, landugabeko harrizkoa, eta oinarria ere bai, dena bat egindakoa, han inguruko harri basaltiko berdexkakoa). Zoruaren akabera egiteko, oinarria egiteko erabilitako harri beraren txintxarrezko geruza fin bat botako zaio gainetik. Horrez gain, bide-ertzetan lur begetala botatzea aurreikusten du proiektuak. Egurrezko langara bidez bilduko da ura.

Proiektua gauzatzeko lur gutxi mugitu behar da: hondeaketaren bolumen osoa 1.245 m3 dira. Material horren zati bat obran erabiliko da berriz, eta, gainerakoa baimendutako hondakindegi batera eramango da.

Proiektuaren barruan sartzen dira espezie inbaditzaileak desagerraraztea Barrutia errekan, eta ibaiertzeko espezie autoktonoak landatzea erreka inguruko jardun-eremuan. Horrez gain, aurreikusten da Barrutiako hariztia balioestea eta kontserbatzea, informazio- eta dibulgazio-taulak jartzea eta ondare-elementuak berreskuratzea, Barrutiako garbitegia kasu.

Bide honen erabilera kontrolatu egingo da, ibilgailu motordunei bidexketarako sarrera eragozteko baliza edo mugarriak jarrita.

Obrak egiteko epea 2 hilabetekoa da.

Proiektuak ingurumen-dokumentu bat du, obrak egiteko hartu beharreko neurri zuzentzaileak ezartzen dituena, bai eta ingurumena zaintzeko programaren edukia ere. Proiektuaren aurrekontuan jasota daude Barrutiaren erreka-bazterrak berreskuratzeko neurriak gauzatzeko aurrekontu-partidak, Barrutiako hariztia balioesteko eta berreskuratzekoak eta ingurumena zaintzeko programa gauzatzekoak.

Proiektuaren kokapena.

Proiektua Urdaibaiko Biosferaren Erreserbaren barruan dago, araubide juridiko berezia duen gunean (uztailaren 6ko 5/1989 Legea, Urdaibaiko Biosferaren erreserba babestu eta antolatzeari buruzkoa, urriaren 31ko 15/1997 Legeak aldatua, eta Urdaibaiko Biosferaren Erreserba Erabiltzeko eta Kudeatzeko Plan Zuzentzailea (EKPZ), 1993ko abuztuaren 3an onartua eta otsailaren 11ko 27/2003 Dekretuaren bidez aldatua).

Proiektuaren ingurumen-arloko dokumentuak Urdaibaiko Biosferaren Erreserbaren Bulego Teknikoak egina ondorioztatzen du aurreikusitako obrek betetzen dutela Erreserba Erabiltzeko eta Kudeatzeko Plan Zuzentzaileak eremu horietarako ezarritakoa, A2 eta A3 Nekazaritza Intereseko Guneetan; Itsasertza babesteko gune, erreka-bazter eta natura-interes handiko guneetan (P4), eta Itsasertzaren Eremuan (P1).

Halaber, proiektuan jasotako jarduketen zati bat Europar Batasunaren Intereseko Lekuetan (EBIL) garatzeko da (ES2130006 Urdaibaiko Ibai Sarea eta ES2130007 Urdaibaiko Itsasertzak eta Padurak), eta Urdaibaiko Hegaztientzako Babes Bereziko Eremuan (HBBE) ere bai (ES0000144 Urdaibaiko itsasadarra); guztiak ere Natura 2000 Sareko parte. Nolanahi ere, eremu horietan eragin txikia du proiektuak, bidexka zaharrak baliatuko dira eta.

Bestalde, Bisoi europarra Kudeatzeko Plana, 118/2006 Foru Dekretuaren bidez onartua, Bizkaiko Lurralde Historiko osoan aplikatzekoa da, eta interes bereziko eremutzat jotzen ditu Okaren ibai-tarteak. Nolanahi ere, Urdaibai Biosferaren Erreserbako bulego teknikoak egindako proiektuan Bisoi europarrarentzako (Mustela lutreola) puntu beltzak Urdaibaiko Biosferaren Erreserban. Diagnostikoa, problematika eta neurri zuzentzaileak», ez da jasotzen jardun-eremuan bisoi europarra dagoenik. Hala eta guztiz ere, aurreikusitako lanek ez dute aldatuko bisoi europarraren habitata.

Proiektuak izan lezakeen eraginaren ezaugarriak.

Proiektuak eragindako inpaktuak obren fasera mugatzen dira. Fase horretan, ingurunean hainbat inpaktu gertatuko direla aurreikus liteke; adibidez, solidoen kontzentrazio handiagoa ibai-ibilguetan eta, beraz, fauna-komunitateei eragitea, zarata egitea, hautsa harrotzea eta higadura-prozesuak eragitea.

Aurkitutako inpaktuak txikiak dira eta aldi batekoak, batez ere bidea profilatzeko egin beharreko lur-mugimenduari lotutakoak dira eta. Lur-mugimendu gutxi egin behar dira (hondeaketaren bolumen osoa 1.245 m3 da), bidearen zati handi bat lehendik zeuden bidexkek osatzen dute eta.

Proiektuak Barrutia errekaren eta Mundaka itsasadarraren bazterretan dauden ibaiertzeko hostozabalei eta landaretza autoktonoari ez eragitea lortzen du, espezie aloktonoak desagerraraziz eta haltzak eta ibaiertzeko basoetako beste espezie batzuk birlandatuz. Bidea Barrutia errekarekin gurutzatzen den tokian, egitura hegalkinak egingo dira, ibilguari ahalik eta gutxien eragiteko.

Bai obren faserako ezarritako neurri zuzentzaileek bai eta ingurumena zaintzeko programan jasota dagoen jardueren jarraipen eta kontrolak murriztu egiten dute inpaktu globala, eta, horrenbestez, ez da aurreikusten kalte nabarmenik gertatuko denik Natura Sarea 2000n.

Behin aztertuta proiektu honen ezaugarriak, Ingurumen-inpaktua ebaluatzeko Legearen testu bategina onartzen duen urtarrilaren 11ko 1/2008 Legegintzako Errege Dekretuaren III. eranskineko irizpideak, eta kontsultetan jasotako erantzunak, proiektuak ez du ingurumenean eragin txar nabarmenik izango, betiere, sustatzaileak adierazitako neurri babesleak eta zuzentzaileak eta ebazpen honetan ezartzen diren baldintzak betetzen badira.

Organo honek ebazpen hau idazteko eskumena du, Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen abenduaren 22ko 629/2009 Dekretuan xedatutakoaren arabera.

Aztertu dira Ingurumena babesteko EAEko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorra eta Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen abenduaren 22ko 629/2009 Dekretua, eta horrenbestez, honakoa

  1. Oka itsasadarraren eskuinaldean, Urdaibaiko Biosferaren Erreserban, Kortezubin, bidexkak berreskuratu eta bidexka berriak egiteko proiektuak Kortezubiko Udalak bultzatua ez du behar ingurumenean duen inpaktuaren ebaluaziorik, baina proiektua gauzatzeko honako baldintza hauek bete beharko dira:

    Proiektuan eta ingurumen-dokumentuan sartutako babes-neurri eta neurri zuzentzaile guztiak aplikatuko dira.

    Hala badagokio, neurri horiez gain, eskumena duen foru-organoak ezarritako neurriak beteko dira, betiere honakoak aplikatuz: urriaren 14ko 11/1997 Foru Araua bertako hainbat baso-espezieren araubide berezia ezartzen duena eta ekainaren 19ko 118/2006 Foru Dekretua Mustela lutreola (Linnaeus, 1761) bisoi europarra Kudeatzeko Plana onartzen duena.

    Kalterik egin gabe Euskal Kultur Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legean xedatutakoari, kontuan hartuko dira Eusko Jaurlaritzako Kultur Ondarearen Zuzendaritzak bere txostenean (espedienteari erantsia 2010eko irailaren 22an) ezarritako neurriak, Barrutibaso baserriari kalterik ez eragite aldera; izan ere, ondasun higiezin hori legez babesteko proposamena egina dago, uztailaren 3ko 7/1990 Legean ezarritako mekanismoen bidez babesteko, hain zuzen.

    Jarduera gauzatzerakoan sortutako hondakinak kudeatzeko, Hondakinei buruzko apirilaren 21eko 10/1998 Legea eta berariazko araudietan xedatutakoa beteko da.

    Hondakinak teknikoki eta ekonomikoki bideragarriak badira, hondakinen balorizatzaile baimendu bati eraman behar zaizkio.

    Hondakinak deuseztatzera bidali ahal izango dira, soilik baldin eta aldez aurretik horiek balorizatzea teknikoki, ekonomikoki eta ingurumenaren aldetik bideraezina dela frogatzen bada.

    Zabortegira bidali beharreko hondakinak, hondakinak zabortegietan utziz ezabatzea arautzen duen abenduaren 27ko 1481/2001 Errege Dekretuaren eta hondakinak zabortegietan utziz ezabatzea eta betegarriak egikaritzea arautzen duen otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuaren arabera kudeatuko dira. Hondakin horiek Kontseiluaren 2002ko abenduaren 19ko 2003/33/EE Erabakiarekin bat etorriz karakterizatu beharko dira. Erabaki horren bidez hondakinak zabortegietan hartzeko irizpide eta prozedurak ezartzen dira, 1999/31/EEE Zuzentarauaren 16. artikuluarekin eta II. eranskinarekin bat etorriz.

  2. Ebazpen honen edukia Kortezubiko Udalari eta Urdaibaiko Biosfera Erreserbako Patronatuari jakinaraztea.

  3. Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea.

  4. Ebazpen honek ez du administrazio-bidea amaitzen. Beraz, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuari, hilabeteko epean, jakinarazpen hau jaso eta hurrengo egunetik kontatzen hasita. Horrela ezartzen du Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeak 114. artikuluan eta ondorengoetan; urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatu zuen lege hori.

    Vitoria-Gasteiz, 2010eko azaroaren 29a.

    Ingurumeneko sailburuordea,

    NIEVES TERÁN VERGARA.

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik