Euskadi.eus
  • EBAZPENA, 2010eko abenduaren 27koa, Ingurumeneko sailburuordearena, Lazkao, Olaberria eta Ataungo udalerrietan, Iberdrola Distribución Eléctrica SA enpresak sustatuta, Lazkao-Ataun izeneko 13,2 KV-ko linea elektrikoaren eta bere adarren zuhaizti-zerrenda zabaltzeko proiektuak ingurumenean duen eragina ebaluatzeko prozedura ez duela behar erabakitzeko dena. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus

Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2010eko abenduaren 27koa, Ingurumeneko sailburuordearena, Lazkao, Olaberria eta Ataungo udalerrietan, Iberdrola Distribución Eléctrica SA enpresak sustatuta, Lazkao-Ataun izeneko 13,2 KV-ko linea elektrikoaren eta bere adarren zuhaizti-zerrenda zabaltzeko proiektuak ingurumenean duen eragina ebaluatzeko prozedura ez duela behar erabakitzeko dena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 31
  • Hurrenkera-zk.: 792
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2010/12/27
  • Argitaratze-data: 2011/02/15

Gaikako eremua

  • Gaia: Ingurune naturala eta etxebizitza; Ekonomi Jarduerak
  • Azpigaia: Ingurumena; Industria; Nekazaritza eta arrantza

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

Energia eta Meategien zuzendariaren 2007ko urtarrilaren 29ko Ebazpenak, goi-tentsioko airetiko linea elektrikoak zuhaiztietatik igarotzeko berariazko preskripzioak ezartzen dituenak, adarrek edo zuhaitz-enborrek linea elektrikoko eroaleak ukitzearen ondorioz gertatzen diren zerbitzu-etenak eta suteak galarazteko neurri batzuk ezartzen ditu, horien artean linearen alde bietan zuhaitzik gabeko alde bat egon behar izatea. Horretarako, ebazpen horrek egon dauden instalazioak egokitzeko epe bat ezartzen du.

Eusko Jaurlaritzaren Energia eta Meategien Zuzendaritzak, 2010eko irailaren 8an, Lazkao, Olaberria eta Ataungo udalerrietan, Iberdrola Distribución Eléctrica SA enpresak sustatuta, Lazkao-Ataun izeneko 13,2 KV-ko linea elektrikoaren eta bere adarren zuhaizti-zerrenda zabaltzeko proiektuaren ingurumen arloko dokumentua igorri zion Ingurumen Sailburuordetzari, ingurumen-organoak ingurumenaren gaineko eragina ebaluatzeko prozedura bete behar duen erabaki zezan.

Proiektuaren helburua da goi-tentsioko airetiko linea elektrikoak zuhaiztietatik igarotzeko berariazko preskripzioak ezartzen dituen Energia eta Meategien zuzendariaren 2007ko urtarrilaren 29ko Ebazpenean ezarritakoari egokitzea. Horrela, linea elektrikoaren alde banatan lur-zerrenda bat zehaztu da, eta aipatutako ebazpenaren irizpideak aplikatuta, kono-enbor forma hartuko du, estuagoa euskarrietan eta zabalagoa baoaren erdialdean, zuhaitzik gabeko lur-zerrenda berriaren batez besteko zabalera linearen albo banatan 10 metrokoa izango delarik. Egokituko den linea elektrikoaren (linea nagusiaren zein eragindako deribazioen) guztizko luzera 24,8 km-koa izango da, eta horietatik 13 km zuhaitz-eremuetatik pasako dira. Linearen zati bat, 10 km gutxi gorabehera, Aralar Parke Naturaletik eta izen bereko Erkidegoko Intereseko Tokitik (EIT ES2120011) pasatzen da. Halaber, orain dagoen lineak Agauntza ibaiaren ibilgua (Erkidegoko Intereseko Tokia ES2120005, Oria Garaia) gurutzatzen du zenbaitetan Sustatzaileak aurkeztutako dokumentazioaren arabera, proiektu honek hartzen duen zuhaitz-azalera, eta beraz zuhaitzak moztu beharreko azalera, 161.524 m²-koa da, eta horietatik 81.444 m² aipatutako Natura 2000 Sarean eremuetan daude.

Otsailaren 27ko 3/1998 Legearen arabera, eta I.B eta I.C eranskinetan egon gabe, lurzoruaren aprobetxamendu-motan aldaketa eragiten duten jarduerek, zuhaixka edo zuhaitzezko geruza deuseztatzen denean eta 5 ha eta 50 ha bitarteko azaleran egiten direnean, Ingurugiro-eraginaren ebaluazio sinplifikatua behar dute.

Euskal Herriko ingurugiroa babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren arabera, energia elektrikoa banatzeko lineak eraikitzeko proiektuek ebaluatzeko prozedura bete beharra izango dute osorik edo zatiren batean ingurumen aldetik kalteberak diren lekuren batean daudenean, eta horien barruan daude Parke Naturalak eta Natura 2000 Sarea.

Euskal Herriko ingurugiroa babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorrak xedatzen du bere 50. artikuluan ezen, Lege horretako I. eranskinean jasota badago, baimenduta, egikaritzen edo egikaritzeko prozesuan dagoen plan edo proiektuen aldaketa edo hedapen oro bertan jasotzen diren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio prozeduretako baten pean jarriko dela, ingurumenean kalte handiak eragin ahal izanez gero.

Proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legearen testu bategina onartu zuen urtarrilaren 11ko 1/2008 Legegintzako Errege Dekretuko 3. artikulua erabiliz, II. eranskineko 9.k) artikuluari lotuz, I. eta II. eranskinetan agertzen diren eta baimenduta, egikaritzen edo egikaritzeko prozesuan dauden proiektuen aldaketa edo hedapen oro ingurumenaren gaineko eragina ebaluatzeko prozeduraren pean jarri behar da kasu bakoitzean ingurumen organoak horrela xedatzen duenean.

Urtarrilaren 11ko 1/2008 Legegintzako Errege Dekretuaren 16. artikuluak xedatzen du II. eranskinean jasotako proiekturen bat egin nahi duen pertsona fisiko edo juridikoak, publiko edo pribatuak, autonomia-erkidego bakoitzak xedatzen duen organoari proiektua ingurumenaren gaineko eraginari buruzko ebaluaziotik pasarazi beharrari buruz irizpena emateko eskatuko diola, III. eranskinean ezartzen diren irizpideen arabera.

Aipatutako arauko 17. artikuluaren arabera, aurreko artikuluan aipatutako eskabidea jasotzen duen organoak azalduko du ea proiektuak ingurumenaren gainean duen eragina ebaluatu behar den ala ez. Hala ere, aurretik, proiektuaren betearazpenaren ondorioak jasango dituzten administrazioak, pertsonak eta erakundeak kontsultatuko dira, eta proiektuaren ingurumen arloko dokumentua haien eskueran jarriko da.

2010eko urriaren 6an, ingurumen-organoak galdera egin zien proiektuaren aldaketak eragiten dien administrazio eta erakundeei, jarduketa horiek ingurumen-inpaktua ebaluatzeko prozeduraren pean jarri behar ote ziren, eta, hala balitz, ingurumen-inpaktuaren ikerketak zein eduki eta gutxieneko irismen izan beharko lituzkeen.

Erantzun dute Kultur Ondarearen Zuzendaritzak, Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko Zuzendaritzak, Biodibertsitaterako eta Ingurumen Partaidetzarako Zuzendaritzak eta Osasun Saileko Gipuzkoako Lurralde Zuzendariordetzak, guztiak ere Eusko Jaurlaritzakoak, baita Gipuzkoako Foru Aldundiko Mendi eta Natur Guneen Zuzendaritza Nagusiak ere.

Eusko Jaurlaritzaren Kultura Ondarearen Zuzendaritzak jakinarazi du bere artxiboetan ez dagoela jasota kultura ondareko elementurik dagoenik proiektuaren eragin-eremuan.

Eusko Jaurlaritzako Biodibertsitaterako eta Ingurumen Partaidetzarako Zuzendaritzak proiektuak biodibertsitatean duen eragina aztertu du, eta proiektuaren ezaugarriak ikusita (proiektuaren tamaina, beste proiektu batzuen ondorio metatzaileak, nola erabiltzen diren natur baliabideak, sortzen diren hondakinak, eragiten diren kutsadura eta bestelako arazoak eta istripuak gertatzeko dagoen arriskua), ez dagoela ingurumen-eraginaren ebaluazioa zertan egin erabaki du.

Eskuragarri dagoen informazioa aztertu da proiektuak ingurumenean izan dezakeen eragina kalkulatzeko, Proiektuen ingurumen-inpaktua ebaluatzeko Legearen testu bategina onartu zuen urtarrilaren 11ko 1/2008 Legegintzako Errege Dekretuaren III. eranskineko irizpideen arabera, eta honako hau izan da emaitza:

Proiektuaren ezaugarriak.

Proiektuaren helburua da «goi-tentsioko airetiko linea elektrikoak zuhaiztietatik igarotzeko berariazko preskripzioak ezartzen dituen Energia eta Meategien zuzendariaren 2007ko urtarrilaren 29ko Ebazpena»ren betekizunak betetzea. Bertan eroaleen inguruan ezarri beharreko zuhaitzik gabeko lur-zerrenda kalkulatzeko baldintzak jasotzen dira. Zuhaitzik gabeko lur-zerrendaren batez besteko zabalera 10 metrokoa izango da.

Egokituko den linea elektrikoaren guztizko luzera 24,8 km-koa izango da, eta horietatik 13 km zuhaitz-eremuetatik pasatzen dira, horien barruan baso naturalak zein landatutakoak edo lorategiak daudelarik.

Proiektu honek hartzen duen zuhaitz-azalera 161.524 m² dira, eta horietatik 81.444 m² Natura 2000 Sarean daude.

Proiektuak hartzen duen azaleraren tamainari dagokionez, proiektuak ingurumen-eraginaren ebaluazioaren prozeduratik pasarazi behar ote diren erabakitzeko, ingurumen-eraginaren ebaluazioari buruzko araudian ezarritako mugak aztertuko dira ondoren.

Euskal Herriko ingurumena babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorrak zehazten du ingurumenaren gaineko eraginaren banakako ebaluazioa egin behar dela lurzoruaren erabilpeneko aldaketetan, zuhaixka edo zuhaitzezko geruza deuseztatzen denean eta interes orokorreko azpiegiturentzat arriskutsua izan daitekeenean, eta, nolanahi ere, aldaketa horiek 50 ha baino azalera handiagoari eragiten dioten bakoitzean.

Bestalde, proiektuen ingurumen-eraginaren ebaluaziori buruzko Legea onartzen duen urtarrilaren 11ko 1/2008 Legegintzako Errege Dekretuaren arabera, zuhaitzak moztea lurra beste zerbaitetarako erabiltzeko ingurumen-eraginaren ebaluazioren prozedura pean geratuko da, antolamendu-planik bete beharrik ez badago eta mozketa horrek 20 hektareako edo gehiagoko azalera hartzen badu. Ez dira atal horretan sartzen 50 urtez behin baino maizago mozten diren zuhaitz-landaketak.

Aipatutako urtarrilaren 11ko 1/2008 Legegintzako Errege Dekretuaren arabera, ingurumen-eraginaren ebaluazio-prozedura pean egongo dira lurzoruaren aprobetxamendu-motan aldaketa eragiten duten jarduerak ere, zuhaixka edo zuhaitzezko geruza deuseztatzen denean eta 10 ha-tik gorako azaleran egiten direnean, eta bereziki kalteberak diren eremuetan (Kontseiluaren 79/409/EEE Zuzentaraua, 1979ko apirilaren 2koa eta Kontseiluaren 92/43/EEE Zuzentaraua, 1992ko maiatzaren 21ekoa aplikatuz izendatutakoak) edo Ramsar hitzarmeneko zerrendako hezeguneetan egiten badira.

Proiektuak 16,15 Ha-ko baso-azalerari eragiten dio, eta hektarea horietatik 8,14 Natura 2000 Sareko eremuetan daude, eta, beraz, ez da iristen aurreko paragrafoetan aipatutako mugetara.

Kontuan hartu beharreko beste alderdi batzuei dagokienez (beste proiektu batzuen ondorio metatzaileak, nola erabiltzen diren natur baliabideak, sortzen diren hondakinak, eragiten den kutsadura eta istripuak gertatzeko dagoen arriskua), kasu honetan ez dira oso esanguratsuak.

Proiektuak eragina izango duen eremuetako ingurumen-sentikortasunari dagokionez, gorago esanda dago 10 kilometroko proiektua dela Aralar Parke Naturalean eta izen bereko EITean, eta zati batzuetan, Oria Garaiko EITean. Eragindako eremu horietako zuhaitz- landarediaren azalera 8 Ha-koa da, gutxi gorabehera.

Oria Garaiko EITaren kasuan, Agauntza ibaiaren ibilgua eta ibaiertzak ditugu, eta bertan 91E0* lehentasunezko interes komunitarioko habitata, Alnus glutinosa eta Flaxinus excelsior baso alubialak, Natura 2000 eremu honetako kontserbazio-helburu direnak.

Halaber, Agauntza ibaia bisoi europarraren (Mustela lutreola) interes bereziko eremua da, baita desman piriniarraren (Galemys pyrenaicus) interes bereziko eremua ere. Espezie biak Arriskuan dauden Espezieen Euskadiko Zerrendan agertzen dira, galtzeko arriskuan dauden espezieen kategorian, eta Aralar EITko kontserbazio-helburu dira. Gainera, bisoi europarra Oria Garaiko EITko kontserbazio-helburu ere bada.

Proiektuak Agauntza ibaian eta bere ibaiertzetan izango duen eragina puntuala izango da, zuhaitz ale batzuk baino ez dira moztuko, oraingo lineak ibaia gurutzatzen duen lekuetan dagoeneko zuhaitzik ez daukan lur-zerrendari gainzabalera bat ematearren.

Ebazpen honetan babeserako edo lehenera ekartzeko ezarri diren neurriak hartzen badira (linearekin bateragarri den zuhaixka edo zuhaitzezko geruza mantentzea, eremu horietan egin beharreko jardueretan esku-tresna arinak erabiltzea, obrak egiteko urte-sasoirik egokiena aukeratzea, ) Agauntza ibaiaren ingurumen-balioen gaineko eragina txikia izango dela pentsatzen da.

Aralar Parke Natural eta EITren kasuan, lineak jendea bizi den inguruei ematen die zerbitzua, eta horregatik aldaketa antropiko handiagoa izan duten lekuetatik pasatzen da, eta ez die eragiten Parkean balio handiagoa duten eremuei.

Halere, eragin puntuala egon badago 91E0* lehentasunezko interes komunitarioko habitatean, Alnus glutinosa eta Flaxinus excelsior baso alubialetan, eta 9.340, Quercus ilex eta Quercus rotundifolia basoetan, baita baso autoktonoko (Quercus robur eta pagadi basofiloak) eremu batzuetan ere.

Halaber, Biodibertsitaterako eta Ingurumen Partaidetzarako Zuzendaritzaren txostenean adierazitakoaren arabera, linearen trazadurak bat egiten du arriskuan dauden flora-espezieen populazioekin, EAEko Katalogoan eta flora baskularreko Zerrenda gorrian sartutakoak, Himantoglossum hircinum (Interes berezikoa), Ilex aquifolium (Interes berezikoa) eta Lycopodium clavatum (arraroa).

Nolanahi ere, pentsatu da elementu baliotsu horien gaineko eragina gutxitu ahalko dela neurri babesle eta zuzentzaileak hartuta, horietako batzuk aurreko paragrafoetan aipatutakoak direlarik, modu horretan Aralar Parke Naturalaren eta EITaren osotasunean izandako eragina ahalik eta txikiena izan dadin.

Proiektuak eragindako ingurumen-inpaktu handienak obra-fasera mugatzen dira. Linea funtzionatzen duen bitartean gerta daitezkeen beste ondorio batzuk, hala nola habitatak zatitzea eta habitat horien kontserbazio-egoeraren kalitatearen gutxitzea, ez dira gaur egun gertatzen direnak baino askoz ere handiagoak izango.

Proiektuaren izaera eta ezaugarriak kontuan hartuta, obra-fasean egon daitezkeen eraginak arrazoi hauengatik izango dira: zuhaitzak botatzeagatik, habitatetan eragina izateagatik eta horrek habitat horietako fauna- eta flora-espezieetan izango dituen ondorioengatik. Ondorio horiek eremu mugatu batean gertatuko dira, lehendik dagoen azpiegitura baten 10 metroko inguratzaile batean.

Eragina handiagoa edo txikiagoa izango da, lanak noiz eta nola egiten diren.

Pentsatzen da Ebazpen honetan ezarritako neurri babesleek eta zuzentzaileek ingurumen-eragin kaltegarriak gutxituko dituztela, eta beraz, ez da aurreikusten ingurumenean kalte nabarmenik gertatuko denik.

Behin aztertuta proiektu honen ezaugarriak, Ingurumen-inpaktua ebaluatzeko Legearen testu bategina onartzen duen urtarrilaren 11ko 1/2008 Legegintzako Errege Dekretuaren III. eranskineko irizpideak, eta kontsultetan jasotako erantzunak, proiektuak ez du ingurumenean eragin txar nabarmenik izango, betiere, Ebazpen honetan adierazitako neurri babesleak eta zuzentzaileak betetzen badira.

Organo honek ebazpen hau idazteko eskumena du, Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen abenduaren 22ko 629/2009 Dekretuan xedatutakoaren arabera.

Aztertu dira Ingurumena babesteko EAEko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorra eta Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen abenduaren 22ko 629/2009 Dekretua, eta horrenbestez, honakoa

Lehenengoa. Lazkao, Olaberria eta Ataungo udalerrietan, Iberdrola Distribución Eléctrica SA enpresak sustatuta, Lazkao-Ataun izeneko 13,2 KV-ko linea elektrikoaren eta bere adarren zuhaizti-zerrenda zabaltzeko proiektuak ez duela behar ingurumenean duen eraginaren ebaluaziorik, baina proiektu hori burutzeko ondorengo baldintzak bete behar dituela:

Proiektuaren ingurumen-ezaugarriei buruzko agiri bat aurkeztu beharko da eta bertan agertuko dira Ebazpen honetan ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak, eta horiekin batera naturguneak eta natur espezieak kudeatzen dituzten Administrazioko beste organo batzuek ezarritakoak, eta zehaztasun-maila nahikoa izan beharko dute ingurumenaren babes egokia bermatzeko. Agiri horretako neurri horiek, gainera, obra kontratatzeko baldintza-agirietan sartu beharko dira, eta baldintza horiek betetzen direla bermatuko duen aurrekontua izan beharko dute. Ingurumen-agiri hori proiektuari dagokion ingurumenaren eraginaren gaineko ebaluazio sinplifikatuaren espedienteari erantsiko zaio, Euskal Herriko ingurugiroa babesteko otsailaren 27ko Lege Orokorraren 49. artikuluaren arabera, I.C eranskineko 7. epigrafeari dagokionez.

Eremuak kalteberak izanez gero, hala nola Natura 2000 Sareko lekuak, Erkidegoko intereseko tokiak, arriskuan dauden espezieen kudeaketa-planen eremuak eta baso-masa autoktonoak, zuinketa-fasean eta zuhaitzak botatzen direnean, Botanikan aditua den batek egon beharko du obran bertan, obra-zuzendaritzari edo obra-arduradunari aholkuak emateko.

Obrak egin behar diren lekuetara sartzeko, ahal den neurrian, lehendik dauden bideak erabiliko dira, eta halakorik egon ezean, dagoen korridorea. Ez da sarbiderik egin behar aurreko paragrafoan aipatutako eremu kalteberetara sartzeko.

Kalterik egin gabe Gipuzkoako mendiei buruzko urriaren 20ko 7/2006 Foru Arauan eta Gipuzkoako Lurralde Historikoko hainbat flora-espezieren babesa agintzen duen urtarrilaren 16ko 4/1990 Foru Dekretuan xedatutakoari, bakarrik botako dira gehienezko garapen begetatiboan linea elektrikoaren segurtasuna bermatzen ez duen distantzia batera gera litezkeen zuhaitz-espezieak, eta egungo zuhaixka geruza guztia dagoen-dagoenean utzi beharko da.

Gorago aipatutako eremu kalteberetan zuhaitzak botatzeko esku-tresna arinak erabiliko dira.

Aralar Parke Naturalean eta arriskuan dauden espezieen kudeaketa-planen eremuetan egitekoak diren jarduerak foru-organo eskudunak emandako baimenean zehaztutako balditzen arabera egin beharko dira. Baimen horrek mugak ezarri ahalko ditu, jakiteko lanak nola eta noiz egin behar diren, kontuan hartuta zein diren zaindu beharreko aldiak, arriskuan dagoen faunaren ziklo biologikoei dagokienez.

Bigarrena. Ebazpen honen edukia Eusko Jaurlaritzaren Energia eta Meategien Zuzendaritzari, Gipuzkoako Foru Aldundiko Mendi eta Natur Guneen Zuzendaritzari, Lazkao, Olaberria eta Ataungo udalei, eta proiektuaren sustatzaileari jakinaraztea.

Hirugarrena. Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea.

Laugarrena. Ebazpen honek ez du administrazio-bidea amaitzen. Beraz, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuari, hilabeteko epean, jakinarazpen hau jaso eta hurrengo egunetik kontatzen hasita. Horrela ezartzen du Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeak 114. artikuluan eta ondorengoetan; urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatu zuen lege hori.

Vitoria-Gasteiz, 2010eko abenduaren 27a.

Ingurumeneko sailburuordea,

NIEVES TERÁN VERGARA.

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik