- 6/2011 EBAZPENA, urtarrilaren 24koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, Eusko Jaurlaritzak egindako zenbait hitzarmen, beherago zehaztutakoak, argitaratzea xedatzen duena. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus
Arautegia
Inprimatu6/2011 EBAZPENA, urtarrilaren 24koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, Eusko Jaurlaritzak egindako zenbait hitzarmen, beherago zehaztutakoak, argitaratzea xedatzen duena.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Ebazpena
- Organo arau-emailea: Jaurlaritzaren Lehendakaritza
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 29
- Hurrenkera-zk.: 726
- Xedapen-zk.: ---
- Xedapen-data: 2011/01/24
- Argitaratze-data: 2011/02/11
Gaikako eremua
- Gaia: Administrazioaren antolamendua
- Azpigaia: Sailak; Instituzional
Testu legala
Eusko Jaurlaritzak zenbait hitzarmen sinatu dituenez gero, zabalkunde egokia izan dezaten, honako hau
Arabako Foru Aldundiarekin eta Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuarekin lankidetzan aritzeko hitzarmena. Hitzarmen horren bidez kudeatu eta mantenduko da Arabako Lurralde Historikoko «Abegia» egoitza-unitate soziosanitarioa (I. eranskina).
Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalarekin lankidetzan aritzeko hitzarmena. Hitzarmenaren helburua: 2010ean administrazioen arteko komunikazio-sistema bat ezartzea, laneko aldi baterako ezintasun-prozesuak kudeatzeko (II. eranskina).
Vitoria-Gasteiz, 2011ko urtarrilaren 24a.
Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,
M.ª JESÚS CARMEN SAN JOSÉ LÓPEZ.
JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN URTARRILAREN 24KO 6/2011 EBAZPENAREN I. ERANSKINA
EUSKO JAURLARITZAREN OSASUN ETA KONTSUMO SAILAREN, ARABAKO FORU ALDUNDIAREN ETA OSAKIDETZAREN ARTEKO LANKIDETZA-HITZARMENA, ARABAKO LURRALDE HISTORIKOKO «ABEGIA» EGOITZA SOZIOSANITARIOA KUDEATZEKO ETA MANTENTZEKO.
Vitoria-Gasteizen, 2010eko ekainaren 7an.
Alde batetik, Jesús María Fernández Díaz jaunak, Eusko Jaurlaritzaren Osasun eta Kontsumo Saileko Osasun sailburuordeak,
bestetik, M.ª Covadonga Solaguren Santamaría andreak, Arabako Foru Aldundiaren Gizarte Politikaren eta Gizarte Zerbitzuen foru diputatuak, eta
hirugarrenez, Julián Pérez Gil jaunak, Osakidetza Erakunde Publikoko zuzendari nagusiak
parte hartzen dute adierazitako karguetan jardunez eta legez eman zaizkien eskumenak erabiliz, eta hitzarmen hau izenpetzeko gaitasuna aitortzen diote elkarri.
AZALTZEN DUTE:
Erakunde bakoitzaren berezko eskumenen barruan, Osasun Sailak eta Arabako Foru Aldundiak, erakunde horren orduko Gizarte Ongizate Sailaren eta Osakidetzaren bidez, lankidetzarako esparru-hitzarmena sinatu zutela 1998ko azaroaren 16an, Arabako Lurralde Historikoko behar soziosanitarioei erantzuteko, eta hitzarmen horren hirugarren klausulan jaso zela esparru-hitzarmen hori hitzarmen espezifiko eta partikularren bidez edo beste era bateko akordio eta protokoloen bidez gauzatuko zela, eta dena delako horietan, jakina, lortu beharreko helburuak, horretarako baliabideak eta aplikatzeko ardura izango duten organoak jasoko zirela.
Era berean, 2003ko urtarrilaren 30ean Eusko Jaurlaritzak, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Foru Aldundiek, eta EUDEL Euskadiko Udalen Elkarteak lankidetza-hitzarmena sinatu zuten, Euskal Autonomia Erkidegoan arreta soziosanitarioa garatzeko. Hamargarren xedapenak xedatutakoaren arabera:
«Baliabide soziosanitario guztietan, edozein delarik ere jatorria, prestazioaren guztirako kostua bi modulutan zatitu behar da: bat, osasun-zerbitzuena izango da, eta, bestea, gizarte-zerbitzuena.
Ahaleginak egin behar dira bi moduluen kostua estandarizatzeko, eta haren zenbatekoa zuzenean lortzeko jasotako prestazioaren konplexutasunarekin, formula generikoak alde batera utzita: oheko edo egonaldiko batez besteko kostua».
Horrekin guztiarekin, ezinbestekoa da lankidetzarako tresnak izatea Arabako Lurralde Historikoan «Abegia» izeneko egoitza-unitatea garatzeko, eta buru-gaixotasun larriak dituzten, droga-kontsumo arazoak dituzten eta gizartearen edo erkidegoaren euskarririk ez duten 18-65 urte bitarteko pertsonei arreta soziosanitario integratua emateko. Unitate hori, organikoki, Arabako Foru Aldundiaren mendekoa izango da, baina Osasun eta Kontsumo Sailak eta Osakidetzak, hitzarmen honi jarraiki, zentro hori kudeatzeak eta mantentzeak duen gastua ordainduko diote Gizarte Politikaren eta Gizarte Zerbitzuen Sailari.
Adierazitakoa bete dadin, aipatutako alde horiek lankidetza-hitzarmen hau sinatzea erabaki dute, honako klausula hauei jarraiki.
KLAUSULAK
Lehenengoa. Hitzarmenaren helburua.
Hitzarmen honen helburua da Arabako Foru Aldundiaren Gizarte Politikaren eta Gizarte Zerbitzuen Sailaren, Eusko Jaurlaritzaren Osasun eta Kontsumo Sailaren eta Osakidetza erakunde publikoaren arteko koordinazioa eratzea, Arabako Foru Aldundiak kudeatzen duen «Abegia» egoitza soziosanitarioan zerbitzu soziosanitarioak emateko, eta hura finantzatzeko eredua ezartzea.
Bigarrena. Arreta soziosanitarioa.
«Abegia» egoitza soziosanitarioa hauei laguntzeko diseinatu da, berezi-bereziki: egoera biopsikosozialarekin bat datorren euskarri sozio-komunitario egokirik ez duten pertsonak eta tratamendu klinikoetara atxikitzeko zailtasunak dituztenak hartu, eta haiei laguntzeko. Helburua da, pertsona horien osasun-egoerak hobera egin dezan laguntzea, eta gizarteratzen eta pertsona gisa egokitzen laguntzea.
Zehatzago, «Abegia» egoitza soziosanitarioaren misioa da epe ertain eta luzera hauetako egoeraren batean dauden 18-65 urte bitarteko pertsonak psikikoki eta sozialki errehabilitatzea:
buru-nahasmendu larriak dituztenak (psikosia, eskizofrenia, nortasun-nahaste larria, nahasmendu bipolarra);
droga eta/edo alkohol kontsumo arazotsuak dituztenak, bai eta ikuspuntu psikiatrikotik, errehabilitazio psiko-sozialerako aldeko pronostikoa izanik minusbaliotasun iraunkorra dutenak ere;
gizarte-euskarri egokirik eta beren beharrei eusteko modukorik ez dutenak;
tratamendu psikiatrikoan daudenak;
ohiko bizilekua Araban dutenak.
Errehabilitazio psikosozialerako, banakako plana egingo da; egoitzako profesional-taldeak eta Osakidetzako dagokion taldeak adostuko dute plana.
Egoitza horietako lekuak ez dira behin betikoak izango; horrenbestez, errehabilitazio psiko-soziala bukatutakoan edo seigarren klausulako 3. atalean ezarritakoa betez, Balorazio eta Orientazio Soziosanitariorako Batzordeak emandako proposamenari jarraituz, egoera zehatzak izaten direnean, erabiltzaileek utzi egin beharko dute egoitza, eta beste era bateko zerbitzua eskaini beharko zaie, haien beharrak behar bezala asetzeko.
Osasun eta Kontsumo Sailak ordainduko dizkio Arabako Foru Aldundiari egoitza horretan emandako osasun-arretagatik egiten dituen gastuak, osasun-moduluaren eta laugarren klausulan ezarritako baldintzen arabera.
Hirugarrena. Gizarte Zerbitzuak.
Arabako Foru Aldundiaren Gizarte Politikaren eta Gizarte Zerbitzuen Sailak 14 lagunentzako lekua duen zentro bat jarriko du proiektu hau gauzatzeko, eta proposatutako zeregina betetzeko beharrezkoak diren baliabide materialez eta giza baliabidez hornitua egongo da egoitza.
Ondorio guztietarako, hitzarmen soziosanitario honetan sartu diren gaiei buruz Osasun eta Kontsumo Sailarekin Arabako Foru Aldundiak bakarrik hitz egingo du, Gizarte Politikaren eta Gizarte Zerbitzuen Sailaren bidez.
Laugarrena. Baldintza ekonomikoak.
Leku bakoitzaren kostua finantzatzeko kontuan hartuko da: batetik, osasun-modulu bat dagoela, leku bakoitzeko kostu osoaren % 50 hartuko du, eta bestetik, gizarte-modulua dagoela; horrek, leku bakoitzeko kostu osoaren beste % 50a izango du.
Hitzarmen honen ondorioetarako, eta 2010eko ekitaldirako leku bakoitzaren kostua, guztira, 180 euro izango da eguneko.
Osasun-moduluaren zenbatekoa Osasun eta Kontsumo Sailak ordainduko du. Kostua hilero ordainduko da, behar bezalako eginbideak egin ondoren osatutako zerrenda aurkeztu ondoren.
Osasun-moduluaren zenbatekoa: 90 euro eguneko. Urtero aztertuko da prezioa.
Gizarte-moduluaren zenbatekoa ere, hau da, lekuaren guztizko kostua ken osasun-moduluaren kostua, 90 euro izango da eguneko, 2010. urtean, eta Gizarte Politikaren eta Gizarte Zerbitzuen Sailak eta erabiltzaileak ordainduko dute.
Gizarte Politikaren eta Gizarte Zerbitzuen Sailak urtero ezarriko ditu erabiltzaileek unitate horretarako ordaindu beharreko prezio publikoak, dagokion arautegiaren bidez.
Erabiltzaileek aldi baterako egoitza utzi behar badute (ospitaleratu egin dituztelako edo beste arrazoi batzuk tarteko), eta plaza gordetzea beharrezkoa bada, Osasun eta Kontsumo Sailak eta Gizarte Politikaren eta Gizarte Zerbitzuen Sailak konpromisoa hartu dute aurreikusitako tarifaren % 90 ordaintzeko, bakoitzari dagokion ehunekoan, gehienez ere elkarren segidako 45 egun naturaletan. Egun horiek igaro eta erabiltzailea egoitzara itzuli ez bada, behin betiko baja emango zaio egoiliarrari, eta ez da fakturazio gehiagorik egingo egun horretatik aurrera. Gordeta dauden lekuak hutsik egongo dira, eta ezingo ditu beste egoiliar batek bete lekua gorde zaionari behin betiko baja eman arte, Balorazio eta Orientazio Batzordeak behar bezala balioetsitako aldi baterako egonaldietarako izan ezik.
Modu berean jardungo da halaber, okupatu gabeko eta gorde gabeko plazekin ere, hau da, inori esleitu gabeko plazekin, plaza okupatzen den arte.
Bosgarrena. Zerbitzuetara heltzea.
Leku soziosanitario bat bete nahi duen pertsonari edo haren legezko tutoreari behar besteko informazioa emango zaio lekuaren ezaugarriei buruz, eta egonaldia aldi baterako dela esango zaio, eta funtzionamendu-arautegiaren berri, ordaindu beharko duen prezio publikoaren berri eta bere interesekoak izan daitezkeen alderdien berri emango zaio.
«Abegia» unitateaz baliatu nahi duten pertsonek, beren kabuz, edo, bestela, legezko tutorearen bidez, eskaera aurkeztu beharko diote Gizarte Ongizateko Foru Erakundeko Zuzendaritza-gerentziari. Eskaerarekin batera Osakidetzako osasun mentaleko zerbitzuen txostena eta horretarako eskatutako gainerako agiriak aurkeztu behar dira.
Balorazio eta Orientazio Soziosanitariorako Batzordeari bidaliko zaio eskaera, aztertu, baloratu eta ebazpen-proposamena egin dezan. Ebazpen hori loteslea izango da.
Aurreko ebazpen hori oinarri hartuta, Gizarte Ongizatearen Foru Erakundearen Zuzendaritza-gerentziak dagokion ebazpena emango du, eta jakinaraziko dio interesdunari, edo, hala badagokio, legezko tutoreari erabakitakoa.
Egoitzan sartzeko aldeko ebazpena jaso duen lagunak, edo buru ezintasuna badu, haren legezko arduradunak kontratua sinatuko du, unitatean egingo duen egonaldirako.
Seigarrena. Batzordeak.
Arreta Soziosanitariorako Lurralde Kontseiluak izango du lankidetza-hitzarmen honen garapenean koordinazio egokia bermatzeko ardura.
Zeregin hauek izango ditu:
Hitzarmena interpretatzea eta behar bezala beteko dela zaintzea.
Ondo funtzionatzen duen jakiteko segimendua eta ebaluazioa egitea, eta egoki iritzitako aldaketa-proposamenak egitea.
Zeregin horiek dagokion batzorde teknikoaren esku utz ditzake.
«Abegia» egoitza soziosanitarioko Balorazio eta Orientazio Batzordea, batzorde paritarioa izango da, eta Eusko Jaurlaritzaren Osasun eta Kontsumo Saileko eta Arabako Foru Aldundiko Gizarte Politikaren eta Gizarte Zerbitzuen Saileko ordezkariek osatuko dute. Funtsezko zeregin hauek izango ditu: onarpenak erabaki, segimendua egin, araudia betearazi, bai eta esleitutako beste edozein ere.
Zazpigarrena. Baliogabetze-klausula.
Hitzarmen hau baliogabetzeko arrazoi izango dira: hitzarmenean jasotako klausulak ez betetzea, bai eta izaera berezi horren ondorio diren gainerakoak ez betetzea ere.
Zortzigarrena. Hitzarmenaren indarraldia eta luzapena.
Hitzarmen hau indarrean sartuko da sinatzen den unetik, eta indarrean egongo da 2010eko abenduaren 31rarte. Dagokion aurrekontuetan kreditu egokia eta nahikoa badago, luzatu egingo da, urte naturalka, esku-hartzen duten aldeetakoren batek hitzarmenaren amaiera iragarri arte; iragarpen hori gutxienez hiru hilabete lehenago egin behar du.
Bederatzigarrena. Datu pertsonalak babestea.
Bi aldeek adierazi dute ezagutzen dituztela Datu Pertsonalak Babesteko 15/1999 Legean jaso diren xedapenak, eta hitzarmen honen barruan erabiliko diren erabiltzaileen datuei dagokienez, legeak eskatutako eskakizunak beteko dituztela adierazi dute.
Adierazitako guztiarekin bat datozela adierazteko, hitzarmen honen hiru ale sinatzen dituzte, bertan ezarritako klausulak onartuz, hasieran adierazitako lekuan eta egunean.
Osasuneko sailburuordea,
JESÚS MARIA FERNÁNDEZ DÍAZ.
Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusia,
JULIÁN PÉREZ GIL.
Gizarte Politikaren eta Gizarte Zerbitzuen foru diputatua,
M.ª COVADONGA SOLAGUREN SANTAMARÍA.
JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN URTARRILAREN 24KO 6/2011 EBAZPENAREN II. ERANSKINA
GIZARTE SEGURANTZAKO INSTITUTU NAZIONALAREKIN LANKIDETZAN ARITZEKO HITZARMENA. HITZARMENAREN HELBURUA: 2010EAN ADMINISTRAZIOEN ARTEKO KOMUNIKAZIO SISTEMA BAT EZARTZEA, LANEKO ALDI BATERAKO EZINTASUN PROZESUAK KUDEATZEKO.
Madril, 2010eko maiatzaren 7a.
BILDU DIRA
Alde batetik, Octavio J. Granado Martínez Gizarte Segurantzako Estatu idazkaria, apirilaren 14ko 480/2008, Errege Dekretuaren bitartez izendatua, eta Fidel Ferreras Alonso Gizarte Segurantzako zuzendari nagusia, apirilaren 23ko 837/2004 Errege Dekretuaren bitartez izendatua, abenduaren 13ko 2583/1996 Errege Dekretuaren 5. artikuluak ematen dizkion eskumenak kontuan izanda.
Eta bestetik, Javier Rafael Bengoa Rentería Euskal Autonomia Erkidegoko Osasun eta Kontsumoko sailburua, maiatzaren 8ko 12/2009 Errege Dekretuaren bitartez izendatua (2009-05-9ko EHAA), Euskal Autonomia Erkidegoaren izenean eta haren ordezkari.
Bi alderdiek ituntzeko eta elkar behartzeko gaitasuna onartu diote elkarri eta
ADIERAZTEN DUTE
Lehenengoa. Gizarte Segurantzaren Institutu Nazionalak (GSIN), Lan eta Immigrazio Ministerioan bilduriko erakunde kudeatzaileak, eskumena duela abenduaren 13ko 2583/1996 Errege Dekretuaren 1. artikuluan xedatutakoaren arabera aldi baterako ezintasuneko (AE)o prestazioa kudeatzeko eta kontrolatzeko.
Bigarrena. Euskal Autonomia Erkidegoak, azaroaren 6ko 1536/1987 Errege Dekretuan ezarritakoaren arabera eskumena duela Gizarte Segurantzaren Asistentzia Sanitarioa emateko, Osakidetza osasun-zerbitzu publikoko medikuen bitartez baja-parteak egiteko, bere lurraldean gertatzen diren AEko prozesuen hasiera eta iraupena ezartzen duten bajen eta alten egiaztapen-parteak egiteko eta Osasun Saileko Ikuskaritza Medikoaren bitartez prozesuaren lehen 365 egunetan kudeaketa- eta kontrol-funtzioak betetzeko (apirilaren 18ko 575/1997 Errege Dekretua) (Gizarte Segurantzaren Lege Orokorreko Testu Bateginaren 128. artikuluaren 1. atala; abenduaren 23ko 26/2009 Legeak, 2010. urterako Estatuaren Aurrekontu Orokorrei buruzkoak, eman du idazketa berria).
Hirugarrena. Jarduera desberdinak gauzatuz eta baliabideak jarriz, beharrezkoa dela Euskal Autonomia Erkidegoaren lankidetza GSINek kontrolak jarri ahal izateko aldi baterako ezintasunaren prestazioan Gizarte Segurantzaren Sistemaren iraunkortasunerako beharrezko eta garrantzi sozial handikoan dituen kudeaketa-eskumenei arreta eraginkorra eskaini diezaien.
Laugarrena. GSINen aurrekontuan, 2010. urterako Estatuaren Aurrekontu Orokorrei buruzko Legean bildutako 459. aurrekontu-kontzeptuan, 3.208.310,54 euroko gehienezko kreditua jaso dela Euskal Autonomia Erkidegoarekin egindako hitzarmen honi estaldura ekonomikoa emateko.
Bosgarrena. AEaren arloan GSINek eramaten duen kudeaketa modernizatzea ahalbidetuko duen sistema informatikoa ezartzea helburu duen berariazko Programa martxan jarri nahi dute bi alderdiek. Programa hori Hitzarmen honekin batera doa erantsitako dokumentu modura.
Adierazitako guztiagatik, bi alderdiek administrazioko lankidetza-hitzarmen hau izenpetzea erabaki dute, urriaren 30eko 30/2007 Legearen, sektore publikoko kontratuei buruzkoaren, 4.1.c) artikuluan ezarritakoaren arabera, eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 6. artikuluaren arabera. Hitzarmen hori arautzeko kontuan hartuko dira honako
KLAUSULAK
Lehenengoa. Hitzarmenaren osagai modura erantsi den berariazko Programa garatuz, Euskal Autonomia Erkidegoarekin lankidetza-neurriak ezartzea da hitzarmen honen xedea, hain zuzen, AEaren arloan GSINren kudeaketa bermatzeko. Programa horretan, aipatutako Erkidegoan AEko prestazioetarako GSINek eramaten duen kudeaketa azkartzera eta modernizatzera zuzendutako helburuak ezarri dira.
Bigarrena. Euskal Autonomia Erkidegoak, Osasun eta Kontsumo Sailaren bitartez, honako konpromiso hauek hartu ditu bere gain:
Bajako eta altako parte medikoak bide telematikotik eta bizkortasun eta kalitate egokiaz igortzeko sistema informatikoa gara dadin beharrezkoak diren jarduerak gauzatzea.
Programa aplikatuta ateratako emaitzen berri GSINi ematea, eta dagokion dokumentazioa igortzea beharrezkoak diren balioespenak egin daitezen.
Hirugarrena. GSINek honako konpromisoak hartu ditu bere gain:
Hitzarmenaren xede diren jarduerak gauzatu ahal izateko beharrezkoa den informazio guztia eta dagokion dokumentazioa helaraztea Osasun eta Kontsumo Sailera.
Hitzarmen honen laugarren puntuan ezarritako zenbatekoak horretara zuzendutakoak ordaintzea, programan ezarritakoaren arabera.
Programan jasotzen den elkarrekiko komunikazioa gauzatzeko baliabide egokiak ahalbidetzea, GSINen jardun-eremuan.
Laugarrena. Euskal Autonomia Erkidegoak aurreko klausulan ezarritakoa aplikatzearen ondorioz jasotako funtsak honako hauetara zuzendu beharko ditu: Osasun eta Kontsumo Saileko eta Osakidetza zerbitzu publikoko giza baliabideak sustatzera eta Programa gauzatzeko beharrezkoak diren baliabide informatikoak, materialak eta informaziokoak modernizatzera eta hobetzera. Programa gauzatzearen ondorioz erabilitako funtsek emandako emaitzak zehazten dituen Memoria finantzarioa eta teknikoa lantzeko konpromisoa ere hartu du.
Bosgarrena. Koordinazioa, egiaztapena eta kontrola.
Hitzarmenaren jarraipena Batzorde Misto Nagusiaren eta Probintzia Batzordeen bidez egingo da.
Batzorde Misto Nagusia: osaera eta funtzionamendua.
Honako hauek osatuko dute Batzorde Misto Nagusia:
Gizarte Segurantzaren Institutu Nazionaleko lau ordezkarik, kudeaketa-arloak, arlo medikoak eta arlo ekonomikoak parte hartuz.
Euskal Autonomia Erkidegoko Osasun eta Kontsumo Saileko lau ordezkarik. Ikuskaritza Medikoko Zerbitzuek, Asistentzia Sanitarioko Zerbitzuek eta arlo ekonomikoko arduradunek parte hartuko dute.
Aditu modura Lan Istripu eta Lanbide Gaixotasunen Mutualitateen ordezkari bat gonbidatu ahal izango da.
Bileretako lehendakaria Aldi Baterako Ezintasuneko eta Epe Motzeko bestelako Prestazioen zuzendaria izango da eta Sorospen Arloko burua izango da idazkaria, biak GSINekoak.
Batzordea beharrezko iritzitako maiztasunarekin bilduko da baina betiere sei hilean behin, gutxienez.
Batzordeak honako eginkizun hauek izango ditu bere esku:
Hitzarmen honetan ezarritakoaren jarraipena egitea, eta hitzarmenaren edukia betetzen dela zaintzea edo hala badagokio, egokiak diren koordinazio-eginkizunak gauzatzea; era berean, Programan ezarritakoa gauzatuz egin diren jardueren jarraipenaren emaitzak aztertzea, aztertzen den aldirako jarritako helburuen betetze-maila balioetsiz.
Probintzia Batzordeen bileretan egindakoa aztertzea, batzordeek egindako txostenak ere aztertzea eta Hitzarmenaren funtzionamenduari eta interpretazioari buruz aholku ematea.
Autonomia Erkidegoak lortutako emaitzak zehazten dituen finantza-memoria eta memoria teknikoa aztertzea.
AEko prestazioa kudeatzeko eta kontrolatzeko alderdiek proposatutako bestelako gai interesgarriak aztertzea.
Probintzia Batzordeak. Osaera eta funtzionamendua.
Probintzia-arloan, hiru probintzietako bakoitzean batzorde bat eratuko da, jarduera-planaren gauzatzearen jarraipena egingo duena. Batzorde horren osaera eta funtzionamendu-erregimena honako hauek izango dira:
GSINeko Probintzia Zuzendaritzako hiru ordezkari. Kudeaketa-arloak eta unitate medikoak parte hartuko dute.
Osasun eta Kontsumo Sailak izendatutako Autonomia Erkidegoko hiru ordezkari, Ikuskaritza Medikoko Zerbitzuek eta Asistentzia Sanitarioko Zerbitzuek parte hartuz.
Probintzia-arloko Lan Istripu eta Lanbide Gaixotasunen Mutualitateen ordezkari bat aditu modura gonbidatu ahal izango da.
Dagokion probintziako GSINeko zuzendaria izango da Batzordearen lehendakaria eta lehendakariak izendatutako funtzionario bat izango da idazkaria.
Beharrezkoa den maiztasunarekin bilduko dira, hilean behin edo bi hilean behin gutxienez.
Probintzia Batzorde bakoitzak dagokion probintziako jarduera-plana gauzatzeko beharrezkoak diren eginkizunak bete beharko ditu.
Batzorde Misto Nagusiko eta Probintzia Batzordeko kideei dagokionez, titularren justifikatutako absentziak gertatzen direnean, horretarako izendatutako ordezko kideek ordeztuko dituzte. Kide horiek beharrezkotzat jotzen dituzten teknikariekin bertaratu ahal izango dira.
Seigarrena. Hitzarmen honetan onartutako Programaren iraunaldia 2010. urtea izango da.
Alderdiek Hitzarmen honetan hartutako konpromisoak ez betetzeak Hitzarmena azkentzea eragingo du, betiere aldez aurretik amaiera esanbidez iragartzen bada, hilabeteko aurrerapenaz gutxienez.
Zazpigarrena. Kredituaren Likidazioa. Programa finantzatzeko ezarritako kreditua gradualki transferituko zaio Osasun eta Kontsumo Sailari. Horretarako honako hauek hartuko dira kontuan:
Programa gauzatu ondoren lortutako emaitzen arabera ordainduko da kreditua.
Osasun eta Kontsumo Sailak Hitzarmen hau martxan jarri ahal izateko beharrezkoa den kredituaren jabe izan behar du prozesuaren hasieran. Kreditu hori (Programan ezarritako zenbatekoa) GSINek emango dio aurrerakin modura.
Ekitaldiaren amaieran Autonomia Erkidegoa ez izatea GSINen zorduna aurreratutako eta justifikatutako kredituagatik.
Hitzarmen honetako laugarren puntuan hitzartutako kreditua da Hitzarmena gauzatzeko GSINek ordaindu beharreko gehienezko muga ekonomikoa.
Zortzigarrena eta azkena. Administrazioarekiko Auzietarako Jurisdikzioari Hitzarmenaren interpretazioari, betetzeari eta iraungitzeari buruzko arazoen berri emango zaio, arazo horiek Batzorde Misto Nagusiak (Hitzarmenaren bosgarren klausulan aipatzen da) konpontzen ez dituen kasuetan.
Eta gure adostasunaren frogagarri, hitzarmen honen bi ale sinatu ditugu goian aipatutako toki-egunetan, eta ale bana aldeetako bakoitzaren esku geratuko da.
Lan eta Immigrazio Ministerioa,
Gizarte Segurantzako Estatu idazkaria,
OCTAVIO J. GRANADO MARTÍNEZ.
GSINeko zuzendari nagusia,
FIDEL FERRERAS ALONSO.
Euskal Autonomia Erkidegoa,
Osasun eta Kontsumoko sailburua,
JAVIER RAFAEL BENGOA RENTERÍA.
BERARIAZKO PROGRAMA
EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOAN ALDI BATERAKO EZINTASUNEKO (AE) PROZESUEN KUDEAKETA PARTEKATUA MODERNIZATZEA AHALBIDETZEN DUEN SISTEMA INFORMATIKOA EZARTZEA.
AEaren kudeaketa globala hobetzeko Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalaren eta Euskal Autonomia Erkidegoaren arteko lankidetzarako esparru orokorra ezartzea da Programa honen helburua. Horretarako bi administrazioen artean koordinazio eta informazio-truke egokia behar da, prestazioaren kudeaketa bizkortzea ahalbidetuko duen eta langileen datuen konfidentzialtasuna bermatuko duen ingurune teknologikoan.
Programa hau zehazki epearen barruan dauden AEko parteak informatizatzeari eta bide telematikoz horiek kudeatzeko GSINek ezartzen dituen taulei egokitutako diagnostiko-kodea betez GSINi igortzeari buruzkoa da.
Autonomia Erkidegoan AEko prozesuen datu-base bat eratu ondoren, Erkidego horrek datu-base horretan dagokion lurralde-eremuko mediku guztiek igorritako baja- eta alta-parte guztiak biltzeko konpromisoa hartzen du. Langileari azterketa medikoa egin, eta lanerako ezindua dagoela egiaztatzen bada, berehala igorri beharko da parte medikoa apirilaren 18ko 575/1997 Errege Dekretuaren 2. artikuluan ezarritakoaren arabera.
Bere sare sanitarioan dagokion prestazioaren informatizazioa zabaltzeko konpromisoa hartzen duen Autonomia Erkidegoak. Bide telematikoz bateragarriak diren programen bidez bidaliko dio parte medikoei buruzko informazioa GSINi, prestazio ekonomikoa kudeatzeko erakunde eskuduna edozein izanik ere, erakunde kudeatzaileak ezartzen dituen berezitasun teknikoen, erregistro diseinuaren eta maiztasunaren arabera.
Fitxategiak egunero igorriko dira eta baja- eta alta-parteak egiten direnetik bost eguneko epean, apirilaren 18ko 575/1997 Errege Dekretuan ezarritakoaren arabera.
Bidalitako parte guztietan Osasunaren Munduko Erakundearen Gaixotasunen Nazioarteko Sailkapenaren (CIE-9 MC) araberako diagnostiko-kodea jarriko da. Autonomia Erkidegoan beste kode-sistemaren bat erabiltzen bada, aipatutako CIE9 MC koderako aldaketa egin beharko da.
Bidali beharreko datuak. Derrigorrez bidali beharreko datuak honako hauek dira:
Baja-partea. Langilearen datu pertsonalak: PFI (NAN edo AIZ etorkinen kasuan); Gizarte Segurantzaren inskripzio-zenbakia; abizenak eta izena; helbidea (udalerria, probintzia eta posta-kodea) eta harremanetan jartzeko telefono-zenbakia.
Baja-partearen datu medikoak. Parte mota (baja); gertakizuna; baja medikoaren data; hala badagokio, lan-istripuaren data; diagnostiko-kodea; prozesuaren aurreikusitako iraupena; gaixoberritzea, eta elkargokide-zenbakia osorik (Estatuko hamar digituko formatua).
Alta-partea. Langilearen datu pertsonalak: PFI (NAN edo AIZ etorkinen kasuan); Gizarte Segurantzaren inskripzio-zenbakia; abizenak eta izena; helbidea (udalerria, probintzia eta posta-kodea) eta harremanetan jartzeko telefono-zenbakia.
Alta-partearen datu medikoak. Parte mota (alta); gertakizuna; alta medikoaren data; altaren arrazoia; hala badagokio, lan-istripuaren data; prozesuaren azken diagnostiko-kodea; gaixoberritzea, eta elkargokide-zenbakia osorik (Estatuko hamar digituko formatua).
Programaren edukia. Programak ondoren adierazten diren azpiatalak ezartzen ditu, bertan zehazten den barne-haztapenaren arabera.
AEko parteak informatizatzea eta bide telematikoz GSINi bidaltzea: % 30.
AEko parte horiek bidaltzeko epea: % 30.
Parte medikoak zuzen betetzea. Arreta berezia diagnostiko-kode zuzenari: % 30.
365 eguneko epea agortzeagatiko (10. kausa) parte medikoak modu informatizatuan igortzea: % 10.
Helburu horiek lortzeak jarduera-plan bat lantzea eskatzen du eta Plan hori Autonomia Erkidegoan zehaztu beharko da, jarduera horiek gauzatzeko egutegi baten bitartez. Jarraipeneko Batzorde Misto Nagusian adostuko da jarduera-plan hori, baita aztertutako aldi bakoitzean lortutako emaitzen balioespen-sistema ere.
Autonomia Erkidegoak gauzatutako lankidetzaren araberako kontraprestazio ekonomikoak honako parametro hauekin zuzeneko erlazioa izango du:
Bide telematikoz bidalitako parte medikoen kopurua.
Parte horiek bizkor bidaltzea.
Parte medikoak zuzen betetzea, batez ere diagnostiko-kodea.
Osasun eta Kontsumo Sailaren eta GSINen arteko komunikazioa.
Batzorde Misto Nagusiak GSINen eta Osasun eta Kontsumo Sailaren arteko komunikazio bide zehatzak ezarriko ditu, bide horietatik martxan jartzen diren esperientziak modu eraginkorrean gara daitezen behar den informazioa, datuak eta dokumentuak mugitzeko.
Hilean behin gutxienez, Osasun eta Kontsumo Sailak izendatutako Ikuskaritza Medikoko organotik gauzatutako jardueretan lortutako emaitzei dagozkien datuak eta dokumentazioa jasoko du GSINeko Probintzia Zuzendaritzak.
GSINek soilik izango du beharrezkoak diren jardunak eta kontrolak burutzeko ahalmena, hain zuzen ere Berariazko Programa aplikatzearen ondoriozko emaitzen balioespenean biltzen diren faktoreak egiaztatzeko.
Kontraprestazio ekonomikoaren banaketa.
Transferitutako zenbatekoa esperientzia horietan parte hartu duten agente parte-hartzaileak sustatzeari eta esperientzia horiek modernizatzeko eta hobetzeko beharrezko baliabide informatiko eta materialei zuzenduko zaie. Hortaz, horien artean banatuko da zenbateko hori, finkatzen diren irizpideen arabera eta horien berri emango zaio Hitzarmenean jasotzen den Batzorde Misto Nagusiari. Honako hauek dira agenteak: ikuskatzaile medikoak, erizaintza-teknikariak, lehen arretako eta arreta espezializatuko medikuak eta Programa gauzatzeko prozesuan parte hartutako gainerako langileak.
Kreditua Euskal Autonomia Erkidegora transferitzea.
Dagokigun Erkidegorako Hitzarmenean adierazten den kreditua Hitzarmenaren zazpigarren klausulan ezarritakoaren arabera transferituko da, honako ohar hauek kontuan hartuta:
Programa gauzatzeko Osasun eta Kontsumo Sailaren eskura jarriko dira aurrerakin modura Programa martxan jartzeko behar diren funtsak. Horren ondoren eta finkatutako etapekin bat etorriz, etapa bakoitzean lortutako helburuen araberako likidazioak gauzatuko dira.
Aurrerakinak eta likidazioak.
Programaren hasieran, Osasun eta Kontsumo Sailak kredituaren % 25eko aurrerakina jasoko du. Zenbateko hori aurrerakin modura mantenduko da Hitzarmena gauzatzen den bitartean eta prozesu horren amaieran likidatuko da.
Hiru hilean behin lortutako helburuak balioetsiko dira eta GSINek balioespen bakoitzari dagokion zenbatekoa oso-osorik ordainduko du.
Abenduko lehen bost egunetan, data hori arte gauzatu den Programaren zatian lortutako helburuei buruzko balioespena egingo da. Balioespen horren arabera gauzatuko da Programaren azken likidazioa.


