- EBAZPENA, 2011ko martxoaren 3koa, Ingurumeneko sailburuordearena. Ebazpen honen bidez erabaki da Ur Agentziak sustatutako Urbina Ezan ur-emaria neurtzeko estazioa eraikitzeko proiektuak ingurumenean izango duen eragina ez ebaluatzea. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus
Arautegia
InprimatuEBAZPENA, 2011ko martxoaren 3koa, Ingurumeneko sailburuordearena. Ebazpen honen bidez erabaki da Ur Agentziak sustatutako Urbina Ezan ur-emaria neurtzeko estazioa eraikitzeko proiektuak ingurumenean izango duen eragina ez ebaluatzea.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Ebazpena
- Organo arau-emailea: Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 87
- Hurrenkera-zk.: 2551
- Xedapen-zk.: ---
- Xedapen-data: 2011/03/03
- Argitaratze-data: 2011/05/10
Gaikako eremua
- Gaia: Ingurune naturala eta etxebizitza; Administrazioaren antolamendua; Garraio eta herri lanak
- Azpigaia: Ingurumena; Herri Administrazioa
Testu legala
2010eko abenduaren 1ean, «Urbina Ezan ur-emaria neurtzeko estazioa eraikitzeko proiektuaren ingurumen-agiria (Cytsa, 2010eko azaroa)» igorri zuen URA Ur Agentziak Ingurumen Sailburuordetza honetara. Agiri horretan, proiektuaren ezaugarriak, kokapena eta proiektuak izan ditzakeen eraginak zehaztu ziren, ingurumenaren gain proiektuak izango duen eragina ebaluatzea beharrezkoa den ala ez zehaztu dezan Ingurumen Sailburuordetzak.
Agiri horrek dioenez, hidrologia eta uraren kalitatea kontrolatzeko EAEren azpiegituraren parte izango litzateke Urbina Ezan egingo den ur-emaria neurtzeko estazioa. Estazioaren kokalekuaren ezaugarriak direla-eta, era guztietako emarien urak kontrolatu ahal izango dira: hasi agorraldirik handieneko emarietatik eta buka uholde-probabilitate urri dituztenetan. Neurketek ingurumenari dagokionez ez dute loturarik izango ingurune horretako Baia ibaiaren egoera ekologikoarekin.
Hona hemen hizpide dugun proiektuaren ezaugarriak:
Kontrol-mozketa: zubiaren azpian izango da, AP-68ko zubiaren zutabeen artean; 20 metroko zabalera izango du; ibaian gorako hondo-kota baino 0,5 metro gorago kokatuko da haren erpina; V formako ertzak izango ditu; eta 10H/1B-ko malda.
Arrainentzako putzua: zabortegitik ibaian behera; 0,2 metroko sakonera izango du; ibaian gora egin nahi duten arrainek bertan atseden hartzeko balio du, ur-jauzian gora egin aurretik. Emariaren araberakoa izango bada ere, emaria txikien den sasoietan gehienez ere 0,5 metro izango ditu ur-jauziak.
Etxola: 5 metro luze, 3,5 metro zabal, eta 4 metro garai izango ditu; ibaiaren ezkerraldean kokatuko da, zubiaren azpian.
Sarbidea: ibaiaren ezkerraldetik izango da, ibilguaren bazterrean harekiko paralelo aurkitzen den hormigoizko bidearen bidez. Sarbidea egokituko da eta, inguru horretan ibairatzen den erreka baten isuria ibaian gora desbideratuko.
Elektrizitate-hartunea: ibaian behera zubitik ehun bat metrotara aurkitzen den lineatik hartuko da argindarra.
Bestetik, Natura 2000 Europako Sare Ekologikoko esparru batean gauzatuko da hizpide dugun proiektua; Batasunaren ES2110006 Intereseko Leku den Baia ibaian, zehatz esatera. Eremu horretako datu normalizatuen arabera, ondoko espezie hauek bizi bertan: ur-ipurtatsa (Mustela lutreola), igaraba arrunta (Lutra lutra), loina (Parachondrostoma miegii) eta errutilo hegatsgorria (Achondrostoma arcasii). Kalte har dezaketen espezie horiek guztiak Habitatei buruzko Zuzentarauko «Zaintza-eremu berezien beharra duten eta batasunaren interesekoak diren animalia- nahiz landare-espezieak» izeneko II. eranskinean ageri dira.
Interes Bereziko Area da hizpide dugun eremua, eta Arabako Foru Aldundiaren Foru Aginduen bitartez onetsitako hainbat plan ditu ondoko espezie hauek kudeatzeko: ur-ipurtatsa (Mustela lutreola), igaraba arrunta (Lutra lutra), iparraldeko katxoa (Squalius pyrenaicus) eta mazkar arantzaduna (Cobitis calderoni). Arabako Foru Aldundiak onetsitako Kudeaketa Planaren bidez, halaber, ibai-kabuxa (Squalius pyrenaicus) banatzeko eremu da hizpide dugun ingurunea.
Urtarrilaren 11ko 1/2008 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez, Ingurumenaren gain Proiektuek izango duten Eragina Ebaluatzeko Legearen testu bategina onetsi zen. Legegintzako Errege Dekretu horretan adierazitakoaren arabera, Natura 2000 Sareko esparruen gain zeharkako edo zuzeneko eragina izango duten eta I. eranskinean jaso ez diren proiektuek ingurumenaren gain izango duten eragina ebaluatu beharra dago, baldin eta kasuan kasuko ingurumen-organoak egoki baderitzo. Aipatu berri dugun ebaluazio hori egitean, mintzagai dugun Legegintzako Errege Dekretuko III. eranskinean ezarritako irizpideak hartu behar dira kontuan, eta proiektuaren eraginpean aurkitzen diren administrazioei, pertsonei eta erakundeei aldez aurretik galdetu behar zaie.
Egitasmoek Ingurumenean duten Eraginaren Ebaluazioaren Legearen testu bategina onesten duen urtarrilaren 11ko 1/2008 Legegintzako Errege Dekretuaren 17. artikuluan xedatutakoaren arabera, egitasmoa gauzatzeren ondorioak pairatuko dituzte hainbat administrazio, pertsona eta erakundek. Horiei guztiei kontsulta egin zien Ingurumen Sailburuordetzak 2010eko abenduaren 15ean.
Ondoko erakunde hauen guztiek erantzun dute: Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritzak, Landa eta Itsasertzaren Garapenerako Zuzendaritzak, eta Biodibertsitaterako eta Ingurumen Partaidetzarako Zuzendaritzak; Arabako Foru Aldundiko Ingurumen Zuzendaritzak, Herrilan eta Garraio Zuzendaritzak; Ondare Historiko, Artistiko eta Arkeologikoaren Zerbitzuak; eta Kuartangoko Udalak.
Natura 2000 Sareari kalte egingo ez zaiola aurreikusi du Eusko Jaurlaritzako Biodibertsitaterako eta Ingurumen Partaidetzarako Zuzendaritzak, eta ez dela beharrezkoa proiektuak ingurumenaren gain izango duen eragina ebaluatzea ondorioztatu. Hala eta guztiz ere, espedienteko txostenetan adierazitako neurri babesle eta zuzentzaileak ezarri beharko dira.
Arabako Foru Aldundiko Ingurumen Zuzendaritzak adierazi du ingurumenaren aldetik, bederen onargarriak direla proiektuak ingurumenaren gain izan dezakeen eragina eta, ondorioz, ez litzateke beharrezkoa izango proiektuak ingurumenaren gain izango duen eragina ebaluatzea, betiere, beharrezkoak diren babes-neurriak eta neurri zuzentzaileak ezartzen badira ingurumen-eragina kontrolatzeko.
Jaso diren beste erantzunetan ez da adierazi ingurumenari kalte adierazgarririk egingo zaionik eta, ondorioz, ez da beharrezkoa ingurumenaren gain proiektuak izango duen eragina ebaluatzea.
Ingurumenaren gain proiektuak izan dezakeen eragina neurtze aldera, eskura den informazioa aztertu da. Azterketa hori egiteko, Ingurumenaren gain Proiektuek izango duten Eragina Ebaluatzeko Legearen Testu Bategina onartzen duen urtarrilaren 11ko 1/2008 Legegintzako Errege Dekretuko III. eranskineko irizpideei heldu zaie. Azterketaren emaitza, beraz, ondoko hau izan da:
Proiektuen ezaugarriak:
Baia ibaian dauden 19 presa txikiek, hein batean, ibaian barrena aske ibiltzea galarazten diete arrainei. Ur-emaria neurtzeko estazioa, beraz, beste oztopo bat litzateke arrainentzat. Hori dela eta, aurretik dauden oztopoei estazio berria gehitzen badiegu, sinergiak sor litezke, eta alderdi hori kontuan hartu behar litzateke bai azpiegitura diseinatzeko orduan, bai eta prebentzio-, babes-, zuzentze- edo, hala badagokio, konpentsazio-neurriak proposatzeko orduan ere.
Proiektuen kokalekua:
Proiektua garatuko den areako ingurumenak kalte har dezake. Proiektua, bestetik, Natura 2000 Sarearen barruko eremu batean gauzatuko da. Gainera, kudeaketa-planak indarrean daude eremu hartan bizi diren espezieetako batzuk zaintzeko. Edonola ere, proiektua leku horretan gauzatzea egoki da: bat, proiektuaren ezaugarriek horretarako bide ematen dutelako; eta, bi, hura eremu artifizial batean gauzatuko delako. Hala eta guztiz ere zenbait neurri zuzentzaile ezarri beharko dira.
Eragin daitekeen kaltearen ezaugarriak:
Espezie interesgarrien habitata hauts daiteke eta, jarduerak iraun bitartean, lotura ekologikoa galdu. Horiexek izango lirateke proiektuak ingurumenaren gain izango lituzkeen eraginik azpimarragarrienak. Mintzagai dugun proiektu hau munta handikoa da eta ibaian sortuko den oztopoa, aldiz, txikia. Hain txikia izango da non neurri zuzentzaile intentsiboen beharrik ez den izango, eta denbora gutxian lehenera daitekeen eremua.
Azpiegitura diseinatzean eta obrak gauzatzean, alabaina, ondoko hauek hartu beharko dira kontuan: batetik, Ingurumen Sailburuordetzara proiektuaren sustatzaileak bidalitako ingurumen-agirian proposatutako ingurumen-kontrolak, prebentzio-neurriak, babes-neurriak, eta neurri zuzentzaileak; eta, bestetik, Eusko Jaurlaritzako Biodibertsitatearen eta Ingurumen Partaidetzaren Zuzendaritzak nahiz Arabako Foru Aldundiko Ingurumen Zuzendaritzako espediente hau dela-eta egindako txostenetan zehaztutako neurriak.
Hizpide dugun proiektuaren ezaugarriak ikusirik; Proiektuek Ingurumenaren gain izango duten Eragina Ebaluatzeko Legearen testu bategina onartzen duen urtarrilaren 11ko 1/2008 Legegintzako Errege Dekretuko III. eranskineko irizpideak kontuan harturik; eta galdegite-izapidean jasotako erantzunak gogoan, ondoko hau ondorioztatu dut: proiektuak ez duela izango eragin kaltegarri adierazgarririk ingurumenaren gain, betiere, sustatzaileak adierazitako babes-neurriak eta neurri zuzentzaileak ezartzen badira, eta ebazpen honetan ezarritako baldintzak betez gero.
Organo honek ebazpen hau idazteko eskumena du, Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen abenduaren 22ko 629/2009 Dekretuan xedatutakoaren arabera.
Kontuan harturik, batetik, Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumena Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Legea, eta bestetik, Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen abenduaren 22ko 629/2009 Dekretua, honako hau
Lehenengoa. Ez dela beharrezkoa ebaluatzea ur-emaria neurtzeko estazioa eraikitzeko proiektuak ingurumenaren gain izango duen eragina. Urbina Ezan egingo den estazioaz ari gara, Ur Agentziak sustaturikoa. Proiektua gauzatzean, hala ere, ondoko hauek guztiak hartu beharko dira kontuan:
Sustatzaileak aurkeztutako agirietako proposamen teknikoak garatu beharko dira, bai eta espedienteko txosten teknikoetan proposatutakoak ere. Horrela, bermatu beharra dago arrainek leku batetik bestera joateko aukera izango dutela eta, ur-emaria neurtzeko estazioa diseinatzeko orduan, ibaiko arrain-espezieen ezaugarriak kontuan hartuko direla, esparrua zaintzeko helburu baitira. Aukera teknikorik egokienaren alde egiteko, ondoko hauetan adierazitakoa har daiteke oinarri:
Environment Agency Fish Pass Manual. Guidance Notes On The Legislation, Selection and Approval Of Fish Passes In England And Wales. Environment Agency, UK. Nov 2010.
Estudio para la adaptación a la migración de la ictiofauna de las estaciones de aforo v-flat (Fase I). VVAA. Confederación Hidrográfica del Duero. 2008.
Flow measurement structures design to aid fish migration without compromising flow data accuracy. Environment Agency (UK), Science Report: SC020053/SR2.2005.
Arabako Lurralde Historikoan onartutako babespeko hainbat fauna-espezieri buruzko kudeaketa-planetan jasotakoaren arabera, gaian eskumena duen Foru Organoaren aurreari baimena eskatu beharko dio aldez aurretik sustatzaileak. Kasuan kasuko espeziea eta haren habitata zaintzeko asmoz proiektuak zer baldintza izan behar dituen zehaztuko da baimen horretan, hala badagokio.
AP-68 autopistako zubiaren azpian kokatuko da ur-emaria neurtzeko estazioa (Errepideen Araubide Orokorra onesten duen irailaren 2ko 1812/1994 Errege Dekretuko 74. artikuluan adierazitakoaren arabera, jabari publikoko egitura da aipatutako hori). Hortaz, araubide horretako 93. eta ondoko artikuluetan ezarritako baldintzak betez, obrak egiteko eta estazioa bertan kokatzeko baimena eman beharko du Avasa (Abertis Taldea) enpresa emakidadunak.
Bigarrena. Ebazpen honen edukia jakinarazi behar zaio bai proiektuaren sustatzaile Ur Agentziari, bai eta Kuartangoko Udalari ere.
Hirugarrena. Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea.
Laugarrena. Ebazpen honek ez du administrazio-bidea amaitzen. Beraren aurka, gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuari, hilabeteko epean, jakinarazpen hau jasotzen den egunaren biharamunetik hasita. Horrela dago ezarrita Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeak 114. artikuluan eta ondorengoetan; urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatu zuen lege hori.
Vitoria-Gasteiz, 2011ko martxoaren 3a.
Ingurumeneko sailburuordea,
NIEVES TERÁN VERGARA.


