Euskadi.eus
  • 17/2011 EBAZPENA, martxoaren 15ekoa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, Eusko Jaurlaritzak egindako zenbait hitzarmen, beherago zehaztutakoak, argitaratzea xedatzen duena. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus

Arautegia

Inprimatu

17/2011 EBAZPENA, martxoaren 15ekoa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, Eusko Jaurlaritzak egindako zenbait hitzarmen, beherago zehaztutakoak, argitaratzea xedatzen duena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: ---
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 131
  • Hurrenkera-zk.: 3515
  • Xedapen-zk.: 17
  • Xedapen-data: 2011/03/15
  • Argitaratze-data: 2011/07/11

Gaikako eremua

  • Gaia: Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Sailak; Instituzional

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

Eusko Jaurlaritzak zenbait hitzarmen sinatu dituenez gero, publikotasun egokia izan dezaten, honako hau

  • Hitzarmena, Euskal Autonomia Erkidegoaren eta Sukarrietako udalaren artekoa, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 30/1992 legearen 38.4.b) artikuluan ezarritakoa betetzeko. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioari zuzendutako idazkiak udal erregistroetan aurkezteko lankidetza (I. eranskina).

  • Hitzarmena, Ingurumen, Landagune eta Itsas Inguruetako Ministerioaren, Eusko Jaurlaritzaren, eta Gautegiz Arteaga, Kortezubi, Sukarrieta, Ibarrangelu eta Gernika-Lumoko udalen artekoa, Urdaibai Biosfera Erreserbako garapen iraunkorra kudeatzeari buruzkoa. (II. eranskina).

  • Protokolo orokorra, Sustapen Ministerioak, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Irungo udalak, ADIF-ek, Renfe-operadorak, Eusko Trenbideak sozietateak eta Euskal Trenbide Sareak Irungo trenbide-espazioa berrantolatzekoa. (III. eranskina).

    Vitoria-Gasteiz, 2011ko martxoaren 15a.

    Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,

    M.ª JESÚS CARMEN SAN JOSÉ LÓPEZ.

HITZARMENA, EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOAren ETA SUKARRIETAKO UDALAREN ARTEKOA, HERRI-ADMINISTRAZIOEN ARAUBIDE JURIDIKOARI ETA ADMINISTRAZIO PROZEDURA ERKIDEARI BURUZKO 30/1992 LEGEAREN 38.4.B ARTIKULUAN EZARRITAKOA BETETZEKOA (EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO ADMINISTRAZIOARI ZUZENDUTAKO IDAZKIAK UDAL ERREGISTROETAN AURKEZTEKO LANKIDETZA)

Vitoria-Gasteiz, 2011ko otsailaren 25a.

BILDU DIRA:

Batetik, Idoia Mendia Cueva andrea, Justizia eta Herri Administrazioko sailburua dena, EAEren ordezkari gisa, eta bestetik,

Pedro Sainz Vizcaya Ortiz de Artiñano, Sukarrietako udaleko alkate-lehendakari jauna, esandako Udalaren ordezkari gisa.

Bi ordezkariok, ondorengo manu hauek emandako eskumenak erabiliz dihardute: batetik, Justizia eta Herri Administrazio Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen dituen abenduaren 28ko 472/2009 Dekretua nahiz Jaurlaritzaren Batzordeak, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 30/1992 Legearen 38.4.b) artikuluan aurrikusitako hitzarmenak gauzatzeko, 1996ko urriaren 29an hartutako Erabakia; eta bestetik, Toki Araubidearen Oinarriak Arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legea nahiz, Toki Araubide arloko indarrean dauden xedapenen Testu Bateratua onartu zuen apirilaren 18ko 781/1986 Legegintzazko Errege Dekretua.

Bi aldeek, elkar onartzen dute eta elkarri aitortzen diote honako hitzarmen hau gauzatzeko legezko gaitasuna. Horretarako zera

ADIERAZI DUTE:

30/1992 Legearen 38.4.b) artikuluaren arabera, Administrazio Publikoei zuzendutako eskaera, idazki eta jakinarazpenak, Estatuko Administrazio Orokorreko nahiz Autonomi Erkidegoetako edozein organotako erregistroan edota Toki-Administrazioko erakunderen batetakoan aurkez daitezke, beti ere, azken kasu honetan, dagokion hitzarmena sinatu bada.

Aipatutako manu hori betetzea eta herritarren eta administrazio publikoen arteko harremanak erraztea da gaur sinatzen den hitzarmen honen helburua; izan ere, administrazio sinatzaileek lehendik zuten asmoa, hots, herritarrek, EAEko Administrazioaren edozein organo edo erakunderi zuzendu nahi dizkioten agiriak Sukarrietako Udalaren erregistroetan, erakinkortasun osoz, aurkeztu ahal izatea, gauzatu egiten da honako hitzarmen hau dela medio.

Gauzak horrela, arestian aipatutako administrazioek hitzarmen hau sinatzen dute, hona hitzarmenaren

KLAUSULAK

  1. EAEko Administrazioko Organoei edo administrazio horri atxikiriko Zuzenbide Publikoko Erakundeei herritarrek zuzentzen dizkieten eskaera, idazki eta jakinarazpenak bere Erregistroetan onartzea.

  2. EAEko Administrazioari zuzendutako eskaera, idazki eta jakinarazpenei bere Erregistroetan sarrera ematea, eta honako hauek idatzita gordetzea: sarrera-zenbakia, izenburua, idazkia jaso zeneko eguna eta ordua, interesatuaren datuak, eta, hala dagokionean, idazkia bidali duen organoaren izena, edo bidaltzen zaion pertsona edo organoaren izena; behar denetan, idazki edo jakinarazpenaren laburpena ere jasoko da; hori guztia 30/1992 Legearen 38.3 artikulua eta bigarren xedapen gehigarriaren arabera.

  3. Agiriok erregistroan jaso eta, beranduen, handik bi egunetara, dagozkien organo edo erakundeei zuzenean bidaltzea, beti ere, irteera-data idatzita egongo delarik. Agiriok ahalik eta azkarren jaso daitezen, ahal delarik behintzat, egoki iritzitako teknika eta bitarteko elektroniko, informatiko eta telematikoak erabiliko dira; beti ere, 30/1992 Legearen 45. artikuluan eta horrekin bat datozen gainerako manu eta xedapenetan aurrikusten diren berme eta betebeharrak kontuan izanik.

  1. Sukarrietako Udalari, admimistrazioa osatzen duten organo eta erakundeei buruzko informazioa ematea, hala nola informazio hori, etengabe, eguneratzea.

  2. Sukarrietako Udalari baliabide egokiak ematea, honek, EAEko Administrazioari eta honi atxikitako zuzenbide publikoko erakundeei buruzko informazioa eman diezaien herritarrei.

  3. Erregistroak informatizatzeko laguntza teknikoa eta behar den lankidetza eskaintzea.

Hitzarmena, ondorengo arrazoi hauek direla kausa ere iraungi egingo da: administrazio sinatzaileek adostasunez hala erabakitzen badute; edota administrazioetako batek, beste administrazioak hitzarmenean ezarritako betebeharrak nabarmenki urratu dituelako, bere aldetik hala erabakitzen badu.

Hitzarmen honen formalizazioa nahiz iraungipena, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, Bizkaiako Aldizkari Ofizialean eta Sukarrietako Udaleko iragarki taulan argitaratuko dira.

Ados daudela adierazteko, hala jasota gera dadin eta dagozkion ondorioak izan ditzan, interesatuek jatorrizko bi aleak sinatu dituzte, idazpuruan esandako lekuan eta egunean.

Justizia eta Herri Administrazioko sailburua,

IDOIA MENDIA CUEVA.

Sukarrietako Udaleko alkate-lehendakaria,

PEDRO SAINZ VIZCAYA ORTIZ DE ARTIÑANO.

Madril, 2010eko abenduaren 16a.

BILDURIK:

Alde batetik, Josep Puxeu Rocamora jauna, Ingurumen, Landagune, eta Itsas Inguruetako Ministerioko Landa-inguruneko eta Uretako estatu-idazkaria. Apirilaren 21eko 574/2008 Errege Dekretu bidez izendatu zen kargu horretarako Puxeu Rocamora. Estatuko Administrazio Orokorraren Departamentu horren izenean dator Puxeu Rocamora jauna, eta hura ordezkatuko du, horretarako ahalmena baitu eskumenak eskuordetzeari buruzko ekainaren 8ko ARM 1603/2010 Aginduko I. kapituluko 1. paragrafoko c) idatz-zatian ezarritakoaren arabera.

Bestetik, María Pilar Unzalu Pérez de Eulate andrea, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburu eta Urdaibai Biosfera Erreserbako patronatuko presidente dena. Eusko Jaurlaritzako Administrazio Orokorraren ordez eta haren izenean dator Unzalu Pérez de Eulate andrea, horretarako baimena eman baitio 2010eko abenduaren 14ko Gobernu Kontseiluaren Erabakiak.

Eta, bestetik, Miren Lourdes Bilbao Arruti andrea, Gautegiz Arteagako alkatea; Domingo Bilbao Echevarria jauna, Kortezubiko alkatea; Pedro Sainz Vizcaya jauna, Sukarrietako alkatea; Jesús María Ziluaga Acebo jauna, Ibarrangeluko alkatea, eta José María Gorroño Etxebarrieta jauna, Gernika-Lumoko alkatea. Alkate izateagatik, egintza honetan parte hartzeko ahalmena dute horiek guztiek.

Hitzarmen hau sinatzeko gaitasuna eta zilegitasuna aitortu diote alderdiek elkarri eta, horrenbestez, hauxe

AZALTZEN DUTE:

  1. Gobernuaren politika proposatzeko eta betearazteko ardura du Ingurumen, Landagune eta Itsas Inguruetako Ministerioak, besteak beste, ondoko gai hauetan: landa-garapena, natura-ingurunearen babesa, biodibertsitatearen babesa, eta, bereiziki, Espainiako biosfera-erreserben kudeaketa iraunkorraren koordinazioa, sustapena, eta babesa. Horrez gain, landa-ingurunearen garapen iraunkorra sustatzeko neurrien bateratzea ezarri eta sustatu behar du ministerio horrek. Bestetik, Departamentuko oinarrizko egitura organikoa garatzen duen uztailaren 4ko 1130/2008 Errege Dekretuan aurreikusitakoarekin bat etorriz, beste administrazioekin elkarlanean aritu behar du Ministerioak. Azken horrek, bidenabar, Konstituzioak Estatuari emandako eskumenen esparruan jardun beharko du, ekonomia-jardueraren plangintza orokorraren oinarriei eta koordinazioari buruz Konstituzioaren 149.1.13 artikuluan adierazitakoa betez.

  2. Unescoren MaB programako 40 biosfera-erreserba izanik, natur baliabideen aprobetxamendu iraunkorra eta natur ingurunearen zaintza bateratzen aurrendari da Espainia. 2008ko otsailean, esaterako, Biosfera Erreserben Munduko III. Biltzarra Madrilen egin zen, Espainian. Biltzar horretan, besteak beste, Biosfera Erreserben Munduko Sarearen indarreko Ekintza Plana eratu zen, eta XXI. mendean garapen iraunkorra sustatzeko area nagusi bihurtu ziren biosfera-erreserbak.

  3. Lurralde-antolamenduaren eredua birformulatu beharra dago garapenaren iraunkortasuna bermatu ahal izateko. Beraz, ereduak sortuko eta alderaketa eraginkortasunez egin ahal izateko, biosfera-erreserbaren kontzeptuari buruzko ekimenak martxan jarri behar dira. Xede horiek bete daitezen, biosfera-erreserbako ekintza-planak kudeatzeko eta koordinatzeko instrumentuak garatu behar dituzte botere publikoek, tresna bereziak, antolakuntza-formulak, eta baliabide-zuzkidurak sustatzearen bidez.

  4. Arestian aipatutako nazioarteko xede eta konpromisoak betetzeko asmoz, 2009an hasitako bideari eutsi dio Estatuko Administrazio Orokorrak. Testuinguru horretan, biosfera-erreserben erakunde kudeatzaileekin elkarlanean aritzeko esparruak babestea xede duten hainbat zuzkidura jaso ziren Estatuko 2010eko Aurrekontu Orokorren Legean. Horrela, Landa-ingurunearen Garapen Iraunkorrerako Zuzendaritza Orokorraren aurrekontuan (414C aurrekontu-programako, 23. ataleko 18. azpiatalean), hiru kontu-sail jaso ziren autonomia-erkidegoekin (757 kontzeptua), udalbatzekin (764 kontzeptua) eta irabazi-asmorik gabeko erakundeekin (786 kontzeptua) hitzarmenak egiteko. Kontu-sail horien xedea, hain zuzen, Biosfera Erreserben koordinazioa sustatzea da.

  5. Landaren Garapen Iraunkorrerako Programa onartzen duen ekainaren 4ko 752/2010 Errege Dekretuko laugarren xedapen gehigarrian, ondoko hau adierazi da: Ingurumen, Landagune eta Itsas Inguruetako Ministerioak garapen iraunkorra sustatuko du Biosfera Erreserben Espainiako Sarean. Horretarako, biosfera-erreserben erakunde kudeatzaileekin lankidetza-hitzarmenak sinatuko ditu, betiere, Espainiako MaB Batzordeak proposatutakoari jarraituz, eta estatu-idazkariak zehaztutako zuzentarauei nahiz lehentasunei eutsiz.

  6. Batzorde horrek proposatutakoari jarraituz, halaber, Departamentuaren eta biosfera-erreserbetako erakunde kudeatzaileen artean 2010ean lankidetza-hitzarmenak ezartzerakoan kontuan hartu beharreko zuzentarauak eta lehentasunak ezarri ziren Estatu Idazkaritzaren 2010eko ekainaren 16ko Ebazpenaren bidez.

  7. Eusko Jaurlaritzari dagokio Urdaibai Biosfera Erreserba kudeatzea. Biosfera Erreserben Espainiako Sarearen barruan dago Euskal Autonomia Erkidegoan aurkitzen den erreserba hori. Espainiako MaB Lantaldeak aurrez adierazitako zenbait lehentasun hartu ditu bere gain Landa eta Itsas Inguruetako Estatu Idazkaritzak. Lehentasun horiek gogoan eta hizpide dugun biosferaren iraunkortasuna hobetzeko asmoz, hainbat jarduera gauzatuko ditu Landa eta Itsas Inguruetako Idazkaritzak. Jarduera horien bidez, ondoko hauek egin nahi ditu: ingurumena hobetu, biodibertsitatearen erabilera iraunkorraren alde egin, klima-aldaketa eten, eta mugikortasun hobea sustatu. Horiek guztiak lantzeko, aipatutako jarduera horien kudeaketaren eraginkortasuna hobetzeko, eta Erreserba kudeatzeko orduan toki-udalbatzarrek parte har dezaten sustatu nahi du Eusko Jaurlaritzak. Hori dela eta, Gautegiz Arteaga, Kortezubi, Sukarrieta, Ibarrangelu eta Gernika-Lumoko udalekin elkarlanean arituko da Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Saila, laguntza eskainiko baitie dagozkion proiektuak gauzatzeko eta kudeatzeko.

  8. Zuzentarauen eta lehentasunen barruan, biosfera-erreserben landa-garapen iraunkorra bermatzeko hainbat jarduera koordinatu gauzatzea proposatu zen. Gerora gauzatzekoak ziren jarduera koordinatu horiek, Ministerioaren eta erakunde-kudeatzaile bakoitzaren arteko lankidetza-hitzarmenen bidez. Horiek horrela, 2010eko uztailaren 2an, Espainiako MaB Batzordea Sanlúcar de Barrameda-n bildu zen, Gizona eta Biosfera izeneko programari buruz aritzeko. Bilera hartan, biosfera-erreserben landa-garapen iraunkorra bermatzeko jarduera koordinatuen proposamen orokorra sustatu eta haren aldeko txostena egin zen. Jarduera koordinatuen proposamen horren barruan aurkitzen dira, esaterako, erakunde kudeatzaileak Urdaibai Biosfera Erreserbako landa-garapen iraunkorra bermatzeko asmoz sustatutako jarduerak. Azken horiek izango dira, hain zuzen, lankidetza-hitzarmen honen xede.

    Beraz, arestian aipatutakoarekin bat etorriz, lankidetza-hitzarmen hau egiteko nahia agertu dute alderdiek, ondoko klausula hauekin bat etorrriz

    KLAUSULAK

Hitzarmen honen xedea da Ingurumen, Landagune eta Itsas Inguruetako Ministerioa, Eusko Jaurlaritza -Urdaibai Biosfera Erreserbaren kudeaketa sustatu eta koordinatu duen erakunde den aldetik-, eta Gautegiz Arteaga, Kortezubi, Sukarrieta, Ibarrangelu eta Gernika-Lumo Erreserbako udalak lankidetzan aritzeko esparrua zehaztea. Hiru alderdiak lankidetzan arituko dira I. eranskinean zehaztutako jarduerak gauzatzeko. Jarduera horien bidez ondoko bi helburu hauek bete nahi dira: garapen sozioekonomikoko helburuak bateratzea natura-ondarea zaintzeko eta babesteko helburuekin, eta Biosfera Erreserbaren xedeen betetze-maila hobetzea; hori guztia Ingurumeneko Estatu Idazkaritzaren 2010eko ekainaren 16ko Ebazpenean jasotako zuzentarauei eta argibideei helduz.

  1. eranskinean zehaztu da zer jarduera zehatz gauzatu behar diren, horiek zer erakundek gauzatu behar dituzten, eta horiek gauzatzeko gutxi gorabeherako aurrekontuak.

    Jarduera guztiak inbertsio erreal izan behar dira toki-udalentzat. Gastuak, aldiz, hitzarmena sinatu ondotik baimendu eta prestatu behar dira.

  1. Lankidetza-hitzarmen honen xedea egoki betetzeko asmoz, ondoko hauek egiteko konpromisoa hartuko du Ingurumen Sailaren bitartez Eusko Jaurlaritzak -Biosfera Erreserbaren kudeaketa-organo denetik-:

    1. Herri-Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 15. artikuluan ezarritakoa betez, eta eraginkortasuna bermatzeko asmoz, I. eranskinean jasotako jarduerak gauza ditzaten aginduko dio Jaurlaritzak, hurrenez hurren, Gautegiz Arteaga, Kortezubi, Sukarrieta, Ibarrangelu eta Gernika-Lumoko udalei. Hitzarmen hau sinatzen denetik horiek amaitu arte izango dute udalek hizpide ditugun jarduerak gauzatzeko ardura.

    2. Urdaibai Biosfera Erreserbako Bulego Teknikoaren bidez koordinatuko eta ikuskatuko ditu Jaurlaritzak jarduera horiek. Jaurlaritzak zainduko du, baita ere, Biosfera Erreserbetan garapen iraunkorra eta koordinazioa bermatzeko jarduerak gauzatzeko lankidetza-hitzarmenetarako zuzentarauekin eta lehentasun orientagarriekin bat gauzatzen direla lehen aipatutako jarduera horiek.

    3. Programan parte hartzen duten udalek eman beharreko agiriak bildu, bateratu eta zehaztutako epean bidaliko dizkio Ministerioari Jaurlaritzak.

  2. Hitzarmen hau egoki betetze aldera, ondoko hauek egiteko konpromisoa hartuko dute Gautegiz Arteaga, Kortezubi, Sukarrieta, Ibarrangelu eta Gernika-Lumoko udalek:

    1. Eusko Jaurlaritzak agindutakoa betez, I. eranskinean zehaztutako jarduerak gauzatuko eta kudeatuko dituzte udalek, baita horiek gauzatzeko ardura beren gain hartu ere. Besteak beste, ondoko hauek egin beharko dituzte udalek: dagozkion obra-zuzendaritzak eta -proiektuak egin; beharrezko izapide guztiak gauzatu; nahitaezko baimenak eta txostenak lortu; ingurumen-legeei eta kultur ondareari lotutako prozedurak egin; beharrezko lursailak, ondasunak edo eskubideen erabilera lortu; beharrezko baliabide teknikoak eta giza baliabideak eduki, eta, hasieran onartutako aurrekontuaz gain, obrak amaitzeko beharrezkoa den gainetiko finantzazioa prestatu.

    2. Hitzarmen honetako jardueren ondorioz sortutako azpiegituren eta beste ondasunen xedea egoki betetzen dela bermatzeko, egoki den administrazio-mekanismoa ezarri beharko dute udalek. Hori egitean, kontserbazio- eta mantentze-kostuak beren gain hartu beharko dituzte udalek.

    3. Urdaibai Biosfera Erreserbako Bulego Teknikoaren ikuskaritza eta koordinaziopean jardun beharko dute udalek.

    4. Jarduerak denboran egituratu beharko dituzte, eta, Bulego Teknikoaren bitartez, Ministerioari egituratzearen berri emango diote udalek. Bulego Teknikoa medio eta ezarritako epearen barruan, ondoko agiri hauek helaraziko dizkiote udalek Ministerioari: zatiko txostena, azken txostena, eta gauzatutako jardueren nahiz egindako ordainketen egiaztagiriak eta ziurtagiriak.

    5. Udalek ziurtatu behar dute gauzatu beharreko jarduerak ez direla aldez aurretik gauzatu, ez direla gauzatzen ari, eta etorkizunean ez direla gauzatuko beste herri-administrazio batzuetako planen, programen, edo proiektuen baitan.

    6. Hitzarmen honetako jarduerak egoki gauzatzeko beharrezkoak diren beste jarduera batzuk egin beharko dituzte udalek.

  3. Hitzarmen hau egoki betetze aldera, Landa-ingurunearen Garapen Iraunkorrerako Zuzendaritza Orokorraren bidez ondoko hauek egiteko konpromisoa hartuko du Ingurumen, Landagune, eta Itsas Inguruetako Ministerioak:

    1. Hitzarmen honetako bosgarren klausulan zehaztutako aurrekontu-zuzkidurak emango dizkie Ministerioak Gautegiz Arteaga, Kortezubi, Sukarrieta, Ibarrangelu eta Gernika-Lumoko udalei.

    2. Landa-ingurunearen Garapen Iraunkorrerako abenduaren 13ko 45/2007 Legearen printzipioak eta xedeak betez, mintzagai ditugun jarduerak gauzatzeko beharrezkoa den laguntza eskainiko du Ministerioak. Parke Nazionalen Organismo Autonomoaren bidez ere eskainiko du laguntzarik, biosfera-erreserbei buruzko estatuko nahiz nazioarteko ekintza-planekin bat gauza dadin hizpide dugun Programa.

    3. Hitzarmeneko jarduerak jendarteratu eta gure mugetatik haraindi ezagutaraziko ditu Ministerioak.

    4. Espainiako MaB Batzordearen Kudeatzaile Kontseiluak proposatutakoari jarraituz, hitzarmen honen modukoak ebaluatzeko eta horien jarraipenerako protokolo komuna egingo du Ministerioak.

    5. Hitzarmen honetako jarduerak egoki gauzatzeko beharrezkoak diren beste jarduera batzuk egin beharko ditu Ministerioak.

  4. Alderdiek hitz ematen dute erkidegoari baterako finantzaketarik ez diotela eskatuko edo horrelakorik ez dutela aplikatuko hitzarmen honen xede diren jarduerak gauzatzeko.

  5. Gauzatutako lanei buruzko nahiz lan horiek gauzatzeko funtsezko auziei buruzko informazioa elkarri emateko konpromisoa hartu dute hitzarmen hau sinatu duten alderdiek.

Hitzarmen honen jarraipena egin, hitzarmena gauzatu eta hura interpretatuko duen Jarraipen-Batzordea sortu da. Haren kide izango dira ondoko hauek:

  • Landa-inguruneko Garapen Iraunkorreko zuzendari nagusia edo hark izendatutako pertsona. Batzordeko presidente izango da hura.

  • Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Saileko Biodibertsitate arloko zuzendariak izendatutako Eusko Jaurlaritzaren bi ordezkari. Erreserbako Bulego Teknikoko kidea izan beharko da bi ordezkari horietako bat.

  • Hitzarmenean parte hartu duten udal bakoitzetik ordezkari bat.

  • Parke Nazionalak Organismo Autonomoko ordezkari bat, erakunde horretako zuzendariak izendatutakoa.

  • Landa-ingurunearen Garapen Iraunkorreko zuzendari nagusiak izendatutako Ingurumen, Landagune eta Itsas Inguruetako Ministerioko ordezkari bat izango da Batzordeko idazkari. Idazkariak hitza eta botoa izango ditu.

    Alderdiak ados badaude, alderdiek egokitzat jotzen dituzten funtzionario teknikoek har dezakete parte Jarraipen-Batzordean, auzia argitu bide. Teknikari horiek hitza izango dute baina ez botorik.

    Batzordearen funtzioak, berriz, ondoko hauek dira:

  • Hitzarmena betetzen dela zaintzeaz gain, Batzordeak zaindu beharko ditu, baita ere, hitzarmeneko jardueren gauzatze-maila eta jarduera horiek ingurumenaren gain, gizartearen gain eta ekonomiaren gain duten eragina.

  • Beharrezkoa izanez gero, I. eranskineko jarduerak zer proiektu bereziren bidez gauzatu behar diren zehaztuko du Batzordeak. Hori egitean, alabaina, ezin izango da gainditu Ministerioak udalei egin beharreko ekarpena.

  • Hitzarmena izenpetu duten udalentzako aurrekontu-zuzkidurari dagokionez, udalek gauzatu beharreko jardueren aurrekontu partzialak doitu beharko ditu Batzordeak. Horrez gain, jarduerak gauzatze, funtzionamendua bikaintze, edota Erreserbaren iraunkortasunera edo xedeetara jarduerek egiten duten ekarpena hobetze aldera, jardueren hainbat alderdi egoki, alda eta zuzen ditzake Batzordeak.

  • Gerta daiteke aldez aurretik aurreikusi ez diren inguruabar justifikatuengatik ezin gauzatu ahal izatea I. eranskineko jardueretako bat, edota jarduera horietako bat gauzatzea galaraztea. Horrelakoetan, 1. klausulako xede berberak dituzten eta Ingurumeneko Estatu Idazkaritzaren 2010eko ekainaren 16ko Ebazpenean jasotako zuzentarauak eta lehentasun orientagarriak betetzen dituzten jarduerak gauza daitezke, betiere, hitzarmeneko aurrekontu-zuzkiduratik eta -programaziotik atera gabe.

  • Erreserbako erakunde kudeatzaileak egindako zatiko txostena, azken txostena eta gastuen egiaztagiriak berrikusi eta aztertuko ditu Batzordeak.

  • Hitzarmen honi lotutako administrazioek informazioa elkar trukatzen diotela zaindu behar du Batzordeak.

  • Hitzarmena interpretatzean edo aplikatzean sortutako zalantzak edo gatazkak ebatziko ditu Batzordeak.

    Alderdiak ados jarri badira, Jarraipen-Batzordeak erabaki bat har dezake.

    Herri-Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen II. tituluko II. kapituluan ezarritakoaren arabera funtzionatu behar du Jarraipen-Batzordeak. Batzordeak, hala ere, funtzionamendu-arau horiek osa ditzake.

Guztira, milioi bat, hirurehun eta hamalau mila, ehun eta hogeita hamazortzi (1.314.138) euroko aurrekontua izango da lankidetza-hitzarmen hau gauzatzeko.

Aurrekontu horren bi herenak (2/3), hau da, zortziehun eta hirurogeita hamasei mila eta laurogeita hamabi (876.092) euro Ingurumen, Landagune eta Itsas Inguruetako Ministerioko Landa-ingurunearen Garapen Iraunkorrerako Zuzendaritza Nagusiak ordainduko ditu, 2010eko Estatuko Aurrekontu Orokorretako 23.18.414C.764 aurrekontu-aplikazioaren kontura. Justifikatu beharreko aurrerakin gisa emango zaie Gautegiz Arteaga, Kortezubi, Sukarrieta, Ibarrangelu eta Gernika-Lumoko udalei lehen aipatutako zenbateko hori, lankidetza-hitzarmen hau izenpetu ondotik eta, betiere, 2010eko aurrekontu-ekitaldiaren barruan.

(Ikus .PDF)

Aurrekontuaren beste herena (1/3), hau da, laurehun eta hogeita hamazortzi mila eta berrogeita sei (438.046) euro Gautegiz Arteaga, Kortezubi, Sukarrieta, Ibarrangelu eta Gernika-Lumoko udalek finantzatuko dute 2010 edo 2011rako aurrekontuen kontura. I. eranskineko jarduerengatik, beraz, udalek ondoko hau ordaindu beharko dute:

(Ikus .PDF)

Gauzatze-txostenak, gauzatze-egiaztagiriak eta gastuen egiaztagiriak bidali beharko dizkiote Gautegiz Arteaga, Kortezubi, Sukarrieta, Ibarrangelu eta Gernika-Lumoko udalek Ingurumen, Landagune eta Itsas Inguruetako Ministerioari, Biosfera Erreserbaren Bulego teknikoaren bidez eta ondoko une hauetan, gutxienez:

  • 2011ko irailaren 30ean; gauzatze-txostena egiteko eta gastuen egiaztatze nahiz justifikatze partziala gauzatzeko.

  • 2012ko otsailaren 28an; gastuen azken justifikazioa, txostena eta gauzatze-egiaztagiria egiteko.

    Agiri horiek jaso eta hilabete bat igaro aurretik, Jarraipen-Batzordeak ohiko bilera egingo du agiriok aztertu eta horiei buruzko txostena egiteko.

    2012ko martxoaren 31 baino lehen, ohiko bilera egingo du Batzordeak, jarduera guztiak gauzatu diren aztertzeko, ikuskatzeko, horri buruzko txostena egiteko, eta jardueren azken egiaztagiria emateko.

    Gastuen gauzatze- eta justifikazio-agirian, besteak beste, ondoko hauek jasoko dira:

    1. I. eranskineko jarduera zehatzak gauzatzeaz arduratu den erakunde kudeatzailearen (hau da, udalen) erantzukizunpeko adierazpena. Adierazpen horretan ondoko hiru hauek jasoko dira: hitzarmeneko jardueretatik gauzatutakoen zerrenda; horiekin lotuta egindako ordainketen zerrenda; jarduera horiek guztiak egin izanaren ziurtagiria; gastuen jatorrizko espedienteak Estatuko Administrazio Orokorraren zaintzapean uzteko eta haren esku jartzeko konpromisoa -erakunde horrek beharrezko egiaztapenak eta kontrolak egin ditzan-.

    2. Aurkibidedun agiria, gauzatutako jardueren zerrendaren arabera antolatutakoa. Jarduera bakoitzeko gastuen egiaztagirien kopia konpultsatuak jaso behar dira agiri horretan. Horrez gain, ondoko agiri hauek sartu behar dira gastu-espediente bakoitzean: gastua baimentzeko eta egiteko kontabilitate-agiriak; kudeaketa-kontratua edo -gomendioa, eta betebeharra edo ordainketa aintzatesteko kontabilitate-agiriak, egiaztagiriak nahiz fakturak. Kontabilitate-agiriek udal bakoitzeko Kontu-hartzailetzaren sinadura izan behar dute.

      Hitzarmenaren arabera, aurrekontu jakin bat gauzatu behar du udal bakoitzak. Beraz, udaletako batek ez badu justifikatu aurrekontu osoa gastatu duela, justifikatu eta gastatu ez duen aurrekontuaren bi herenak bueltan eman beharko dizkio kasuan kasuko Ministerioari. Horretarako, likidazio bat egingo da.

Gautegiz Arteaga, Kortezubi, Sukarrieta, Ibarrangelu eta Gernika-Lumoko udalek seinaleak jarriko dituzte jarduerak iragartzeko. II. eranskineko ereduari jarraituz eta Jarraipen-Batzordeak ezarritako argibideak gogoan izanik egin beharko dituzte iragartze-panelak. Hitzarmen honetako jarduerak iragartzean, halaber, hitzarmenean parte hartu duten administrazioak aipatu behar dira nahitaez. Horiek aipatzeko, bidenabar, administrazio bakoitzaren identitate korporatiboaren arauak bete beharko dira. Bestetik, jardueraren izaera berezia aipatu beharra dago, hau da, Biosfera Erreserbaren garapen iraunkorra zaintzeko jarduerak direla adierazi.

Hitzarmen honetan aurreikusitako jardueren ondorioz, hainbat aurkezpen-, harrera- edota inaugurazio-egintza gauzatu beharko dira. Horietan guztietan berdintsu hartuko dute parte sinatzaileek. Berdintasun hori zaintze aldera, sinatzaileak jakinaren gainean izango dira egintza horiek egin baino 15 egun lehenago.

Jarraipen-Batzordeak hala proposatzen badu eta alderdiak ados badaude, lankidetza-hitzarmen honetan aldaketak egin daitezke. Hitzarmenak irauten duen bitartean egin ahal izango dira aldaketak.

Hitzarmena suntsi daiteke: alderdiek hala adostu badute; Jarraipen-Batzordean behin baino gehiagotan adostasunik izan ez bada hitzarmenaren funtsezko hainbat alderdiri buruz; alderdi sinatzaileek ez badute bete hitzarmeneko klausuletako bat -hori gertatzen bada, arau-hauste horren kontrako salaketa arrazoitua jar daiteke hiru hilabetez aurretik abisua emanez gero-; edo, bestela ere, hitzarmena ebazteko legezko arrazoiren bat gertatu bada. Hitzarmena suntsituz gero, hura egoki likidatzeko beharrezkoak diren erabakiak hartuko dira.

Hori gertatzen bada, hau da, hitzarmena suntsitzen bada, Jarraipen-Batzordeak jardunean jarraituko du, eta martxan diren edota hitzarmenetik eratorritako jardueren inguruko auziak ebatziko ditu. Esan bezala, hitzarmena azkenduz gero, Jarraipen-Batzordea jardunean izango da ebazteke dauden auziak ebatzi arte.

Sinatzen den egunetik 2012ko martxoaren 31ra arte izango ditu ondorioak hitzarmenak.

Hitzarmen honetan zehaztutako jarduerak amaiturik egon behar dute 2011ko abenduaren 31n. Erakunde kudeatzaileak, bere aldetik, jarduera horien azken egiaztagiria eta justifikazioa bidali behar dizkio Ministerioari 2012ko otsailaren 28a baino lehen, Jarraipen-Batzordeak horiek aztertu eta berrikusi behar baititu 2012ko martxoaren 31 baino lehen.

Alabaina, hitzarmena luza daiteke programatutako jarduerak amaitzeko beharrezkoa den gutxieneko denboraz, betiere, horretarako arrazoiak ematen badira eta alderdiak ados badaude. Luzapena formalizatu beharra dago hitzarmenaren iraupen-epea amaitu aurretik.

Herri-Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroren 26ko 30/1992 Legearen 6. eta 8. artikuluek arautzen dute hitzarmen hau. Hitzarmena administratiboa da eta, lehen aipatutako Lege horren 4.1.c) artikuluan adierazitakoaren arabera, Sektore Publikoko Kontratuen urriaren 30eko 30/2007 Legearen aplikazio-eremutik kanpo dago. Hala ere, Lege horretan adierazitako printzipioak aplika daitezke hitzarmeneko zalantzak ebatzi eta hutsuneak betetzeko.

Jarraipen-Batzordeak ebatzi beharko ditu hitzarmena interpretatzeko eta betetzeko orduan suerta daitezkeen gatazkak. Jarraipen-Batzordean ezin izan bada erabakirik hartu, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legean ezarritakoari jarraituz ebatziko dira gatazka horiek.

Eta ados daudela erakusteko, ondorio bera izango duten hitzarmen honen zortzi aleetako orrialde guztiak izenpetu dituzte alderdiek, hasieran adierazitako lekuan eta egunean.

Ingurumen, Landagune eta Itsas Inguruetako ministroa.

HO (ekainaren 8ko ARM/1603/2010 Aginduaren bidez).

Landa-ingurunearen eta Uraren estatu-idazkaria,

JOSEP PUXEU ROCAMORA.

Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburua,

MARÍA PILAR UNZALU PÉREZ DE EULATE.

Gautegiz Arteagako alkatea,

MIREN LOURDES BILBAO ARRUTI.

Kortezubiko alkatea,

DOMINGO BILBAO ECHEVARRIA.

Sukarrietako alkatea,

PEDRO SAINZ VIZCAYA.

Ibarrangeluko alkatea,

JESÚS MARÍA ZILUAGA ACEBO.

Gernika-Lumoko alkatea,

JOSÉ MARÍA GORROÑO ETXEBARRIETA.

Irun, 2011ko martxoaren 11.

Francisco Javier López Álvarez Lehendakariaren eta Markel Olano Arrese Gipuzkoako Diputatu Nagusiaren aurrean

BILDURIK:

Jose Blanco López jauna, Sustapen Ministroa, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen hamahirugarren Xedapen Gehigarrian, 4/1999 Legeak emandako idazketan, ezarritakoaren arabera diharduena.

Ignacio María Arriola López jauna, hiru ardura dituen aldetik; lehena, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza, Herrilan eta Garraioak saileko arduraduna, azaroaren 24ko 607/2009 Dekretuaren 4.c) artikuluan ezarritakoaren arabera diharduena, artikulu horrek ezartzen baitu Etxebizitza, Herrilan eta Garraio Sailaren egitura organikoa eta funtzionala; bigarrena, maiatzaren 24an 105/1982 Dekretuz sorturiko Eusko Trenbideak-Ferrocarriles Vascos, S.A. sozietate publikoaren Presidentea, zeinaren ordezkaritza baituen 2009ko ekainaren 3ko Administrazio Kontseiluaren erabakiz; eta zuzenbide pribatuko Euskal Trenbide Sarea (ETS) erakunde publikoaren Presidentea, Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sarearen maiatzaren 21eko 6/2004 Legearen 12.a) artikuluan ezarritakoaren arabera.

María Aranzazu Tapia Otaegui andrea, Gipuzkoako Foru Aldundiaren ordezkaritzan, Mugikortasuneko eta Lurralde Antolamenduko Foru Diputatu gisa, ekintza honetarako berariaz ahalmena duena 2011ko otsailaren 1eko Diputatuen Kontseiluko bilkuran hartutako erabakiz.

José Antonio Santano Clavero jauna, Irungo Udaleko Alkate Udalburua, Toki Erregimeneko Oinarrien Legeko 7/1985 Legean ezarritakoaren arabera.

Antonio González Marín jauna, Trenbide Azpiegituren Administratzailea (Adif) enpresa-erakunde publikoaren ordezkaritzan, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen hamahirugarren Xedapen Gehigarrian ezarritakoaren arabera diharduena, eta abenduaren 30eko 2395/2004 Errege Dekretuak ezartzen duenarekin bat, horren bitartez onesten baita Erakunde honen Estatutua.

Teófilo Serrano Beltrán jauna, Renfe-Operadora enpresa-erakunde publikoaren Administrazio Kontseiluko Presidentea, orobat 30/1992 Legearen hamahirugarren Xedapen Gehigarrian ezarritakoaren arabera diharduena, eta abenduaren 30eko 2395/2004 Errege Dekretuarekin bat etorriz, horrek onesten baitu erakunde publiko honen Estatutua.

Bildu direnek behar adinako gaitasuna aitortzen diote elkarri asmo-Protokolo hau gauzatzeko ordezkatzen dituzten Administrazioen izenean, eta horri jarraiki ondokoa

AZALTZEN DUTE:

  1. Irun hiriko tren instalazioek lurraldeko zerrenda zabala hartzen dute, eta leku- eta funtzio-ebakidura handia eragiten dute hiriko erdiguneko bilbean.

    Trenbide gunea Hendaiarantz luzatzen da, eta funtsezkoa da hiriarentzat, erabilera horrek Irunen lurralde handia hartzen baitu.

    Gaur egun, dauden bi tren-sistemak (Adifen, ETSen eta Euskotrenen titulartasuna) eguneratze- eta birmoldatze-prozesu batean sartuta daude, zeinaren helburua zerbitzuaren maila hobetzea baita, bidaiarientzat nahiz merkantzietarako, abiadura handiko trena, euskal «Y» izenekoa, Irunen sartzearen testuinguruan.

  2. Irungo Udalaren iritziz, Trenbide Gunearen Birmoldaketa lehentasunezko helburuetako bat da Hiri antolamenduko Plan Nagusia Berrikusteko prozesuan, honako hauek lortze aldera:

    1. Egun trenbideak hirian uzten duen arrastoa nabarmen murriztea.

    2. Osorik berritzea Geltokiko gunea.

    3. Topo-Euskotrenen trazatua gainerako trenbideekin batera berregokitzea, eta Geltoki berrian integratzea.

    4. Zerbitzu, ekonomi jarduera eta bizitegitarako jardueren Gune berri bat ematea hiriari.

      Lehentasunezko helburu horiek Dokumentu batean jasota geratu dira; eta hasieran onesteko Proiektua erredaktatzeko oinarri izango da dokumentu hori.

  3. Bestalde, Sustapen Ministerioak azterlan tekniko batzuk enkargatu ditu azken urteotan, Irungo tren-azpiegiturak bateratuz berrantolatzeko, Euskal «Y» izeneko abiadura handiko sare berria gune horretan sartzea helburutzat hartuta eta halabeharrez bidaiarien eta merkantzien geltokiak birmoldatzeko eta lekualdatzeko.

    Azterlan horiek beren helburuen artean daukate hiriguneko tren-azpiegiturak hobetzea, gainerako Administrazio eta erakunde publiko eskudunekin hitzartuta.

  4. Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasunerako eta Lurralde Antolamendurako Departamentua eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Saila Donostia-Bidasoa Beherea Funtzio Eremuko Lurralde Plan Partzialaren izapidetza sustatzen ari dira, eta funtsezko proposamenen artean daude pertsonen eta merkantzien funtzio-eremuko mugikortasunari buruzkoak eta proposamen horiek lurralde-antolamendua konfiguratzerakoan daukaten eragin erabakiorra.

    Ildo horretatik, Irunen proposatzen da tren-instalazioen berrantolaketa integrala egitea; tren-geltoki berri bat egitea; tren-errepidearen intermodalitatea optimizatzea; hiri-bideetako ardatz berriak egitea eta autobus-geltokiarekin integratzea; eta horrela, eremu hori bidaiari- garraioaren truke-modaleko gune gisa konfiguratzea.

    Estrategia honetan, funtsezkoa da ETSen trazatua Adifen trenbideen ondoan integratzea, trenbide gunerako eta geltoki berrirako sarbide bakarrekoa, hark hiriko erdigunean dakarren ebakidura gehigarria kenduz eta bi trenbide-sistemen zerbitzuaren intermodalitatea eta aldakortasuna hobetuz.

  5. Aipatutako Herri Administrazioek eta erakunde publikoek argi ikusi dute mahaigaineratzen den edozein jarduketa era bateratuan begiratu beharra dagoela, eta elkarrizketa- eta hitzarmen-prozesu bat hasi dute, helburutzat hartuta funtsezko hobekuntza lortzea bai bidaiarien eta merkantzien zerbitzuan bai lurraldearen antolamendu integralean, tren-guneari dagokionez hiri-bilbea batzea eta artikulatzea lortze aldera, eta, era berean, tren-trazatuaren bi aldeetako auzoak elkarlotzea eta hiriko erdigunea zabaltzea lortze aldera.

    Horretarako, honako jarduketa hauek mahaigaineratu dira:

    • Tren gunea berrantolatzea, tren-instalazioak Irunera abiadura handia iristeak gerora ekarriko dituen beharratera egokituz eta tren-ustiapenerako beharrezkoak ez diren tren-trazatu berriaren ondoko lurrak hiria garatzeko libratuz.

    • Trenbideen gainaldean geltoki intermodal berria sortzea, San Migel eta Pio XII inguruak konektatzeko biaduktu berriaren hegoaldean, garraio-modu desberdinak integratuz (abiadura handiko trena, aldirikoak, euskotren eta autobus-geltokia). Geltoki berriko eraikina merkataritzako, hirugarreneko, aisiako eta abarreko erabilerekin osatuko da.

    • Mantentze-lanetako instalazioak egokitzea eta berritzea eta trenen eta material ibiltarien tratamendua egitea tren-trafiko berrietarako zerbitzu horren eskariak asebetetzeko.

    • Bizitegitarako, ekonomi jardueretarako eta ekipamenduetarako programa bat definitzea libre utzitako lurzoru berrietan, hiriko erdigune berri bat konfiguratzeko aukera emango duena Baiona-Donostia eurohiriaren markoan.

    • Bide-konexio berriak egitea tren gunearen gainean, egungo guneak daukan oztopo fisikoa gainditzeko aukera emateko eta hiria saretzen eta tren-trazatuko bi aldeetan dauden auzoen artean komunikazioa hobetzen laguntzeko.

    • Tren gunea estaltzea, geltoki berritik Lope de Irigoyen kalearekin konektatu arteraino, erabilera publikoko gune handi bat sortzeko.

    • ETS sarea Adif en trenbide-plataformaren ondoan sartzea, trenbide hori paraleloan jarrita.

    • Merkantzien gunea berrantolatzea Plaiaundiko egungo trenbide-gunean, Colón hiribidearen eta Bidasoako zubien artean, eta instalazioak Lezo-Gaintxurizketara lekualdatzea.

      Eta hori betetzeko, esku hartzen duten Administrazioek eta erakunde publikoek asmoen Protokolo hau izenpetzea erabaki dute, honako klausula hauen arabera.

      KLAUSULAK

Protokolo honek administrazio-izaera dauka, eta Sustapen Ministerioaren, Eusko Jaurlaritzaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren, Adifen, Renfe-Operadoraren, Euskotrenen, ETSen eta Irungo Udalaren arteko harremanak arautzeko marko nagusia, jarraibideak eta metodologia ezartzen ditu, abiadura handia iristerako tren-instalazioak egokitzeko eta trena Irungo hirian integratzeko lanak egikaritzeko eta finantzatzeko beharrezko diren azterlan teknikoak eta ekonomikoak egite aldera.

Honako hauek dira jarduera bateratuarekin lortu nahi diren helburuak:

  1. Azterlan teknikoak eta ekonomikoak egitea, jarduketa bat definitzeko, betiere honako hauek kontuan hartuta:

    • Tren gunea hiri-eremuan integratzea, iragazkortasun transbertsala bide-konexio berriekin hobetuz bide-sare nagusia kontuan hartuta, eta, horrekin batera, hiriko erdigunean dauden trenbide-guneak estaltzea gune publiko handi bat sortzeko.

    • Trenbide-instalazioak, eta trenak eta material ibiltaria mantentzeko eta tratatzeko instalazioak Irunera euskal «Y» izeneko abiadura handia iristeak gerora ekarriko dituen beharretara egokitzea, horiek ohizko parkea mantentzeko eta tratamendu teknikoa emateko beharrekin integratuz.

    • Irungo egungo geltokia birkokatu eta Geltoki Intermodala bihurtzea trenbidearen gainaldean, garraio-modu desberdinak integratuz: abiadura handiko trena, aldirikoak, euskotren eta autobus-geltokia.

    • Hiri-garapenerako berreskuratzea tren-ustiapenerako beharrezkoak ez diren Soroxartako zubiaren eta GI-636 arteko trazatuaren ondoko lursailak, gune berriak sortuz bizitegi-erabilerako, ekonomi jardueretarako eta ekipamenduetarako.

    • ETS sarea Adifen trenbide-plataformaren ondoan integratzea, sare horiek paraleloan jarrita.

    • Merkantzia-garrioaren gunea berrantolatzea Plaiaundiko egungo trenbide-gunean, Colon hiribidearen eta Bidasoako zubien artean, eta instalazioak Lezo-Gaintxurizketara lekualdatzea.

  2. Lehen aipatutako obrak Finantzatzea, Protokolo honetako aldeen titulartasuneko tren-zerbitzutik liberatutako lurzoruei atxikitako hirigintza-aprobetxamenduekin, Protokoloan esku hartzen duten Administrazioei eta erakunde publikoei dagozkien inbertsioen kalterik gabe.

  3. Azterlan tekniko eta ekonomiko horiek ikusita, aukera aztertzea esku hartzen duten aldeen artean zertasun juridikoa duen sozietate edo entitate bat eratzeko; haren helburua izango da aurreikusitako jarduketak koordinatzea eta tren-arteriako sarea birmoldatzetik eratorritako eraldaketa urbanistikoa sustatzea.

Tren-instalazioak Irunera abiadura handia iristeak gerora ekarriko dituen beharretara egokitzeko beharrezko diren azterlan teknikoak eta ekonomikoak egingo ditu Sustapen Ministerioak, egungo geltokia birkokatu eta Geltoki Intermodala bihurtzea eta ETS sarea integratzea ere aurreikusiz.

Azterlan horien emaitzak ikusita, Sustapen Ministerioak bere ondorioak sartu ahal izango ditu izapidetzen ari diren Irungo eta Larramongo tren gunearen informazio-azterlanetara eta proiektuetara; hori guztia, indarrean dauden sektoreko eta ingurumeneko araudian ezarritako prozeduren arabera. Eragiketa egikaritzeko beharrezko diren finantza-baliabideak dagokion garapen-hitzarmenean zehaztu ondoren onetsiko da azterlan hori, azterlan teknikoek eta ekonomikoek balizko hirigintza-aprobetxamenduetatik eratorritako kostuei eta finantzatzeko aukerei dagokienez emandako datuetatik abiatuta.

Era berean, Eusko Jaurlaritzak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak, bakoitza beren eskumenen alorrean, eta dagozkien sailen bidez, haren azpiegituren intermodalitatea hobetzeko beharrezko diren azterlanak ere garatuko dituzte, Sustapen Ministerioarekin eta Irungo Udalarekin koordinatuta.

Eragiketa egikaritzeko beharrezko diren finantza-baliabideak dagokion garapen-hitzarmenean zehaztu ondoren onetsiko dira azterlan horiek, azterlan teknikoek eta ekonomikoek balizko hirigintza-aprobetxamenduetatik eratorritako kostuei eta finantzatzeko aukerei dagokienez emandako datuetatik abiatuta.

Irungo Udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin eta Eusko Jaurlaritzarekin elkarlanean eta indarrean dagoen legeriaren arabera, konpromisoa hartzen du behin betiko onetsi arte hirigintzako plangintza sustatzeko eta izapidetzeko. Plangintza horrek bat etorri beharko du Azterlan informatiboarekin eta tren-azpiegituren eta trenen eta merkantzien mantentze-lanak eta tratamendu teknikoa gauzatzeko instalazioen proiektuekin, eta Protokolo honetako gainerako helburuekin; eta, gainera, jarduketa eremuan dauden Estatuaren, Adiferen, Renfe-Operadoraren, Euskotrenen eta ETSen titulartasuneko tren-zerbitzutik libre utzitako lurretan higiezinak garatzea ere ahalbidetuko beharko du.

Dokumentu honen izaera juridikoaren arabera (Protokolo Orokor bat, 30/1992 Legearen 6.4 artikuluan ezartzen diren horietakoa), Protokolo honetan islatzen diren jarraibideak, irizpideak eta asmoak garapeneko hitzarmen batean edo gehiagotan zehaztu beharko dira, akordio horiek alde guztientzat izaera loteslea eduki dezaten.

Garapen-hitzarmen horiek parte hartzen duten Entitateek sinatuko dituzte, aurrez tramitatuta hala behar bada, azterlan teknikoetan eta ekonomikoetan zein hirigintza plangintzaren beharrezko tramitazioan aurrera egin ahala. Azterlan tekniko eta ekonomikoak ikusita, hitzarmenetako edukietan jasoko dira Administrazioek eta parte hartzen duten erakunde publikoek bere gain hartzeko prest dauden eduki ekonomikoen betebeharrak eta kontraprestazioak.

Bi aldeen asmoa da eragiketa Estatuko Administrazio Nagusiaren, Eusko Jaurlaritzaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Irungo Udalaren ekarpenen bidez finantzatu dadin, eta, bestetik, hirigintzako eragiketatik lortutako baliabide ekonomikoen kargura egitea.

Aurreko guztiarekin bat etorriz, aldeen asmoa obren finantzaketa ondorengo irizpideen arabera egitea da:

  • Sustapen Ministerioak, zuzenean edo Adifen bitartez, abiadura handia Irunera irits dadin beharrezkoak diren trenbide-obren gastuak bere gain hartzeko asmoa du.

  • Eusko Jaurlaritzak ETSaren trazatua Adifeko bideen plataformarekin integrazioa finantzatzeko asmoa du, baita bere eskumenetako markotik eratortzen diren inbertsioak ere.

  • Gipuzkoako Foru Aldundiak, planteatu diren helburuen barruan eta eskumen mailaren arabera, dagokion finantzaketa ere bere gain hartzeko asmoa du, eta, bereziki, geltoki intermodal berrian autobusezko garraio zerbitzuaren ezarpena eta trenbide gunetik pasatzen den GI 636 errepidearen trazatua.

  • Irungo Udalak laguntza emateko asmoa du bere titulartasunetik ateratzen diren lursailak eta hirigintza-aprobetxamenduak ekarriz baita hirigintza jarduketak eratorritako plusbalioen komunitatean parte hartzeagatik legez dagokion hirigintza-aprobetxamendua ere, indarrean dagoen hirigintza markoaren barruan eta protokolo honetan ezartzen diren helburuekin.

  • Adifek, Renfe-Operadorak, Euskotrenek eta ETSak integrazio proiektuan laguntzeko asmoa dute beren titulartasunetik ateratzen diren lursailak eta edo hirigintza-aprobetxamenduak emanez, beraien desafektazio prozesua, hala badagokio, amaitu ondoren, beharrezkoak ez badira trenbidearen esplotaziorako edo trenen mantenimendurako.

    Lurzoruak eta aprobetxamenduak behin behineko izaerarekin eratuko den Elkartera transmititzeko, Hitzarmen espezifikoak sinatuko dira elkartearen eta lau entitate publiko horien artean (hau da, Elkarteak era independientean Adifekin, Renfe-Operadorarekin, Euskotrenekin eta ETSarekin siantutako hitzarmenak) eta hitzarmen horietan entitate horiek jaso beharreko kontraprestazioak zehaztuko dira.

    Era berean, eta hala badagokio, Bide Berriak (Vías Nuevas) esparruan kokatutako Renfe-Operadoraren tailerra Plaiaundiko esparrura lekualdatzea eta hornitzea ahalbidetzeko xedeaz, Adifek eta Renfe-Operadorak trukatzearen edo beste formula juridikoaren bitartez, dagozkien lurzoruak eskura uzteko hitzarmen bat sinatzeko asmoa adierazi dute: Bide Berriak esparruan aipatutako tailerrak hartzen dituen Renfe-Operadorarenak eta Plaiundin Adifen lurzoruen azalera bera. Aurrekoaren ondorioz, Adifek egingo luke Bide Beriak esparruari dagozkion lurzoruen ekarpena.

    Hitzarmen honetan aurreikusten diren helburuei begirako Adifen eta Renfe-Operadoraren ekarpena bakarrik izango da beraien desafektazio prozesua amaitu ondoren titulartasunetik ateratzen diren lursailak eta edo hirigintza-aprobetxamendua emateari dagokionez, aurreko paragrafoan aipatutako salbuespenarekin.

Azterlan teknikoak eta ekonomikoak ikusita, Protokolo hau sinatzen duten instituzioek zertasun juridikoa duen sozietate edo entitate bat eratzeko aukera aztertuko dute, eta aurreikusitako jarduketak koordinatzea eta arteria tren-sarea birmoldatzetik eratorritako eraldaketa urbanistikoa sustatzeko helburua izango du.

Protokoloan aurreikusitako jarduketak gauzatzeko, sinatzen duten aldeek kapital sozial gisa jarri beharreko parte-hartze ekonomikoa bosgarren klausulan aipatzen diren garapen-hitzarmenetakoren batean arautuko da.

Beharrezkoak diren ahalmenak bere gain hartzeko eta Protokolo honetako helburuak beteko direla ziurtatzeko, Protokoloaren Jarraipen Batzorde bat sortu da, parte-hartzaileak hauek direla:

  • Sustapen Ministerioko Trenbide Azpiegituren zuzendari nagusia.

  • Eusko Jaurlaritzako Garraio eta Herri Lanetako sailburuordea.

  • Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasunerako eta Lurraldearen Antolamendurako foru diputatua

  • Irungo alkatea.

  • Adifeko Ondare eta Hirigintzako zuzendaria.

  • Renfe-Operadorako Erosketa eta Ondare zuzendaria.

  • ETSko zuzendari nagusia.

  • Euskotreneko zuzendari nagusia.

    Edo haiek eskuordetutakoak.

    Batzorde horrek, Organismo bakoitzari dagozkion ahalmenen kalterik gabe, eta Kontratazio Organoak bereziki, ondoko funtzioak bere gain hartuko ditu:

    1. Protokolo honetan zehazten diren jarduketen jarraipena burutzea.

    2. Informazioa ematea protokolo horren xedea den jarduketaren azterketa teknikoen eta ekonomikoen edukiari buruz.

    3. Estatutuak informatzea Elkartea eratzeko.

    4. Informazioa ematea Protokolo honetan jasotzen diren helburuak gauzatzeko erredaktatu behar diren hitzarmenen edukiei buruz.

    5. Indarrean dagoen hirigintza-plangintza jarduketaren beharretara egokitzearen inguruko gaiei buruzko informazioa ematea.

    6. Protokoloaren interpretazioari eta betetzeari buruz sor litezkeen arazoak ebaztea.

      Batzorde honetako parte hartzaileek, edo haiek eskuordetutakoek, gutxienez seihilean behin bilduko dira, dagozkien erabakiak aho batez hartuz beraiek.

      Batzordearen gain dauden funtzioak betetzeko komenigarritzat jotzen den teknikarien presentzia gehitu ahal izango zaio Batzorde horri, aldeen akordioaren bitartez.

      Jarraipen Batzordeak eskuordetzeko izendatzen den Azpibatzorde Tekniko batean eskuordetu ahalko ditu proiektuei eta obrei buruzko alderdi teknikoak, nolanahi ere horiei buruzko azken erabakia hartzeko eskubidea gordez.

      Protokoloaren Jarraipen batzordearen buru Sustapen Ministerioko ordezkaritza izango da.

Protokolo hau sinatzen den datatik hasi eta bosgarren klausulan aipatzen diren Hitzarmenetako jarduketak amaitu arteko aldia izango da Protokolo honen indarraldia.

Protokolo hau suntsitu ahal izango da sinatzen duten aldi guztien akordioaren bitartez, baita bertan adierazten diren betebeharrak ez betetzeagatik ere, edozein aldek egindako salaketaren bitartez, frogatzeko moduko idatzizko komunikazioaren bidez, gutxienez hilabete bat lehenagoko epearekin.

Protokolo honek izaera juridiko administratiboa dauka. Protokolo hau interpretatzetik edo betetzetik sor litezkeen ezbaiak ebazteko, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikziora joko dute aldeek.

Eta aurretik adierazitako guztiarekiko adostasuna frogatzeko, adierazitako lekuan eta datan honako hauek dira Protokolo hau sinatzen dutenak:

Sustapen ministroa,

JOSÉ BLANCO LÓPEZ.

Lehendakaria,

FRANCISCO JAVIER LÓPEZ ALVAREZ.

Gipuzkoako diputatu nagusia,

MARKEL OLANO ARRESE.

Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburua,

IGNACIO MARÍA ARRIOLA LÓPEZ.

Mugikortasuneko eta Lurralde Antolamenduko foru diputatua,

MARÍA ARÁNZAZU TAPIA OTAEGUI.

Irungo alkatea,

JOSÉ ANTONIO SANTANO CLAVERO.

Adif-eko presidentea,

ANTONIO GONZÁLEZ MARÍN.

Renfe-Operadorako presidentea,

TEÓFILO SERRANO BELTRÁN.

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik