- EBAZPENA, 2011ko martxoaren 22koa, Garraio Azpiegituraren zuzendariarena, «Leioa-Urbinaga tranbiaren informazio-azterlana» jendaurrean jartzeko dena. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus
Arautegia
InprimatuEBAZPENA, 2011ko martxoaren 22koa, Garraio Azpiegituraren zuzendariarena, «Leioa-Urbinaga tranbiaren informazio-azterlana» jendaurrean jartzeko dena.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Ebazpena
- Organo arau-emailea: Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 75
- Hurrenkera-zk.: 2198
- Xedapen-zk.: ---
- Xedapen-data: 2011/03/22
- Argitaratze-data: 2011/04/18
Gaikako eremua
- Gaia: Ingurune naturala eta etxebizitza; Garraio eta herri lanak
- Azpigaia: Hirigintza eta etxebizita
Testu legala
Azterlan hori Eusko Jaurlaritza Leioan eta Sestaon barna garraio publikoa egituratzeko burutzen ari den tranbia-planaren barruan sartzen da. Urbinaga eta Leioako geltoki intermodalen artean tranbiaren inguruko alternatiben azterlana idazteko kontratua Fulcrum enpresari esleitu zitzaion, eta 2003an ekin zion lan horri.
Tranbiak Sestao udalerrian egingo duen bideak epe laburrean etxebizitzak eraikiko diren eremuak zeharkatuko ditu. Galindo ibarreko lurretan, esaterako, «La Punta» izeneko proiektuaren barruan, 1.350 etxebizitza eraikitzeko asmoa dago. Era berean, La Naval lantegiaren lurretan ere badago egitasmorik, hirugarren sektoreko erabilerarako, eta horrekin ingurua neurri batean suspertu egingo da. Horiek horrela, Barakaldoko tranbiarekiko konexioa aurreikusi da, eta gaur egun azterketa-fasean dago.
Bilboko metropoli-trenbideak y-aren itxura dauka, eta ezkerraldetik igarotzen diren aldirietako trenbide-lineak elkarren ondoan ez doazenez, ezinezkoa da Nerbioi ibaiaren bokaleko herrien artean konexio eraginkorra sortzea. Tranbiaren bigarren fasea hartzen duen azterlan honek itsasadarraren alde banatara dauden bi garapen-polo lotuko ditu, Leioako herrigunea eta EHU batetik, eta Sestaon itsasadarraren ondoan dauden lantegiak (Construcciones Navales del Norte eta Arcelor Mittal) bestetik, eta pentsatzekoa da bidaiari ugari erakarriko dituela.
Leioa-Urbinaga tranbiaren informazio-azterlanaren xedea da tranbia-linea definitzeko behar diren elementu guztiak ondo zehaztea, informazio-azterlan bati dagokion xehetasun mailarekin.
Tarte horretan bi geraleku jarriko dira: Rivas (inguruko industrientzat) eta Urbinaga (beste garraiobide publiko batzuekiko konexioa: metroa, aldirietako trena eta tranbia).
Proiektuaren idazketa Garraio Azpiegituraren Zuzendaritzako zerbitzu teknikoek gainbegiratu dute, eta egiaztatu, teknikoki zuzena dela eta trenbideen alorreko legeria betetzen duela, bai eta Trenbide Sektoreari buruzko Erregelamenduaren 11. artikulutik 16.era bitartekoetan, eta indarrean dauden gainerako lege-xedapenetan ezarritakoa.
Organo honek eskumena dauka Jaurlaritzaren Kontseiluarentzat gordeta ez dauden trenbide-sareko proiektuak idatzi eta onartzeko, hala xedatuta baitago Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzen duen azaroaren 24ko 607/2009 Dekretuaren 15.1.e) artikuluan.
Trenbide Sektoreari buruzko Erregelamenduaren 10.6 artikuluak ezartzen du, proiektua, behin betiko onartu baino lehen, hogeita hamar egun balioduneko epean jendaurrean izan beharko dela, nahi duenak alegazioak aurkeztu ahal izan ditzan trazaduraren ikusmoldeaz, baldin eta ikusmolde horrek interes orokorreko alderdiei eragiten badie, eta, halakorik bada, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioaz. Horretarako, 1302/1986 Legegintzako Errege Dekretua betearazteko araudia onartzen duen irailaren 30eko 1131/1988 Errege Dekretuaren 15. artikuluak berariaz xedatzen du ingurumen-inpaktuaren azterlana, proiektua egiteko edo baimena emateko prozeduraren barruan eta proiektuarekin batera atera beharko dela jendaurrera, eta prozeduran ezartzen diren bestelako txostenak ere eskatu beharko direla.
Beraz, aipatutako xedapenak, horiekin bat datozenak eta aplikatu beharreko gainerakoak ikusirik, honako hau
Leioa-Urbinaga tranbiaren informazio-azterlana eta haren ingurumen-inpaktuaren gaineko azterlana jendaurrean jartzea, hogeita hamar egun balioduneko epean, ebazpen hau azken aldiz argitaratzen den egunaren biharamunetik hasita. Epe horretan, udal, elkarte eta partikularrek alegazioak aurkeztu ahal izango dituzte jarduketa horren edukiaz, interes orokorreko aitortzeko arrazoiez, trazaduraren ikusmoldeaz eta ingurumen-inpaktuaren ebaluazioaz.
Epe horretan, proiektua jendeak ikusteko moduan izango da, Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Saileko Garraio Azpiegituraren Zuzendaritzan (Donostia kalea 1, Vitoria-Gasteiz), Leioako eta Sestaoko udaletxeetan eta www.euskadi.net webgunean, Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailaren atalean.
Hala adierazten da, guztiak jakinaren gainean egon daitezen.
Vitoria-Gasteiz, 2011ko martxoaren 22a.
Garraio Azpiegituraren zuzendaria,
JESÚS MARÍA BENAITO VILLAGARCÍA.


