Euskadi.eus
  • EBAZPENA, 2011ko apirilaren 6koa, Lehendakaritzako idazkari nagusiarena, euskal lankideentzako laguntzak 2011. urterako iragartzen dituena. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus

Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2011ko apirilaren 6koa, Lehendakaritzako idazkari nagusiarena, euskal lankideentzako laguntzak 2011. urterako iragartzen dituena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentzia
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 78
  • Hurrenkera-zk.: 2303
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2011/04/06
  • Argitaratze-data: 2011/04/26

Gaikako eremua

  • Gaia: Gizarte gaiak eta emplegua; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Gizarte Gaiak; Herri Administrazioa; Instituzional

Testu legala

Azken urte hauetan, euskal gizarteak munduan dauden desberdintasunen inguruan sentsibilizazio handiagoa erakutsi du, bai eta sistema aldakor bidegabeak gutxietsitako pertsonen eta gizarteen bizi-kalitatea hobetzen laguntzeko borondatea ere. Pertsonek, Garapenerako Gobernuz Kanpoko Erakundeek (GGKE) eta Herri Administrazioek hasitako ekimenak horren erakusgarri dira. Gure gizarteko gizonezkoak eta emakumezkoak herrialde pobretuetara joatea eta haien gizatasuna eta profesionaltasuna konpromiso horren adierazpenetako bat dira.

Nolanahi ere, herrialde pobretuek bizi duten egoera latzak erronka berriak jartzen dizkio gure lankidetza-politikari. Borondatezko lankidearen irudia sendotzea eta onartzea ez daude adierazitako errealitatetik urrun, izan ere gure borondatezko lankideen konpromiso pertsonala, gaitasun teknikoa eta lanbide-gaitasunak handitzeko egin behar den ahaleginari eusten ari baitzaio.

Horren ildotik, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak lankide profesionalaren figura sustatzearen aldeko apustua egiten du, lankidetza-politika egiturazko eta eraldatzailearen esparruan.

Garapenean lankide izateko eta laguntzeko fondoaren konturako euskal lankideei laguntza ematekoa da maiatzaren 31ko 124/2005 Dekretua (EHAA, 104. zenbakia, ekainaren 3koa). Dekretu hori, urtarrilaren 10eko 2/2006 Dekretuak (EHAA, 11. zenbakia, urtarrilaren 17koa) eta abenduaren 26ko 264/2006 Dekretuak (EHAA, 6. zenbakia, 2007ko urtarrilaren 9koa) aldatu zuten eta 9. artikuluan dioenez, urtean behin egingo da diru-laguntzetarako deialdia, Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuaren aginduz. Deialdian adierazi beharko dira zuzkiduraren zenbateko orokorra eta laguntzen gehienezko kopurua, bai eta eskabideak aurkezteko lekua, epea eta eskabide-txostenen eredua ere,

Hala ere, deialdia egiteko eskumenari dagokionez, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentzia sortu, arautu eta jardunean jarri ondoren (ekainaren 19ko 5/2008 Legea, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentzia sortu eta arautzen duena; martxoaren 23ko 95/2010 Dekretua, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren antolaketa eta funtzionamenduko erregelamendua onartzen duena; azaroaren 23ko 310/2010 Dekretua, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren jarduerak abiaraztea arautzen duena) eta garapenerako lankidetza oinarri duen jarduera-arloa Jaurlaritzaren Lehendakaritzari izendatu eta Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentzia zuzenbide pribatuko ente publikoa ere atxiki ondoren (Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen dekretua bigarren aldiz aldatzeko den Lehendakariaren maiatzaren 8ko 4/2009 Dekretuko bigarren aldiz aldatzen duen Lehendakariaren urtarrilaren 18ko 6/2011 Dekretuko lehenengo eta bigarren artikuluak), diru-laguntzen deialdi hau egitea Lehendakaritzaren idazkari nagusiari dagokio.

Laguntza horiek kudeatu eta horretarako eman behar diren ebazpenei dagokienez, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako zuzendariarena da eskumena (Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentzia sortu era arautzen duen ekainaren 19ko 5/2008 Legeko 11.2 artikulua; Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren antolaketa eta funtzionamenduko erregelamendua onartzen duen martxoaren 23ko 95/2010 Dekretuko 11.1 artikulua).

Azkenik, adierazi behar da deialdi honek Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako Kontseilu Errektorearen oniritzia jaso zuela 2011ko otsailaren 18an egindako bilkuran.

Horren ondorioz, honako hau

Ebazpen honen xedea 2011. ekitaldi honetarako Euskal lankideentzako laguntzak deitzea da. Laguntza horiek Garapenean Lankide izateko eta Laguntzeko Fondoaren pentzutan borondatezko euskal lankideei laguntzak ematea arautzen duen maiatzaren 31ko 124/2005 Dekretuak arautzen ditu.

Euskal lankideentzako laguntzetarako diru-zuzkiduraren zenbateko osoa 400.000 eurokoa izango da.

Zenbateko hori aldatu ahal izango da, eskatutako laguntzen guztizko kopurua kontuan hartuta, eta laguntza horiek ebatzi aurretik Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren beste laguntza-programa batzuk gauzatzearen ondorioz amaitu gabeko beste diru-iturririk dagoen ikusita. Hala gertatzen bada, EHAAn emango da horren berri, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako zuzendariaren Ebazpen bat argitaratuz.

Diru-laguntzaren zenbatekoa urteko 18.000 euro bitartekoa izango da, gutxienez urtebetez, eta gehienez bi urtez.

Ebazpen hau EHAAn argitaratzen den egunaren biharamunetik zenbatzen hasi eta hilabeteko epean aurkeztu beharko dira eskabideak, eranskinean aurkeztutako eredu normalizatuaren arabera, eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aurreikusitako edozein modutan aurkeztu ahal izango dira, honako honi zuzenduz:

Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentzia.

Nafarroa, 2.

01007 Vitoria-Gasteiz.

Eskabideak aurkezteak esan nahi du guztiz eta espresuki onartzen direla maiatzaren 31ko 124/2005 Dekretuak jasotzen dituen baldintza guztiak (urtarrilaren 10eko 2/2006 Dekretuak eta abenduaren 26ko 264/2006 Dekretuak aldatu zuten dekretu hori).

Diru-laguntzaren xede diren proiektuak lehiaketa bidez hautatuko dira, eta horren arabera eskabideak alderatuko dira haien arteko lehentasun-hurrenkera ezartzeko, maiatzaren 31ko 124/2005 Dekretuko 5. artikuluan zehaztutako balorazio-irizpideei jarraituz. Aipatutako irizpideak aplikatuz punturik gehien jaso duten eskabideek baino ez dute diru-laguntzarik jasoko, dagokion diru-zuzkidura agortu arte.

Ebazpen honetan jasotzen ez diren laguntzen programari dagozkion gainerako gaiei dagokienez, Garapenean Lankide Izateko eta Laguntzeko Fondoaren pentzutan borondatezko euskal lankideentzako laguntzak arautzen dituen maiatzaren 31ko 124/2005 Dekretuan xedatutakoa beteko da.

Lehenengoa. Errekurtsoak.

Administrazio bidea amaitzen duen ebazpen honen kontra aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal zaio Lehendakaritzaren idazkari nagusiari, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean hasita hilabeteko epean; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal da Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik aurrera bi hilabeteko epearen barruan.

Bigarrena. Indarrean sartzea.

EHAAn argitaratzen den egunaren biharamunean jarriko da indarrean agindu hau.

Vitoria-Gasteiz, 2011ko apirilaren 6a.

Lehendakaritzaren idazkari nagusia,

JOSÉ MANUEL SALINERO FEIJOO.

  1. Aurkeztu behar diren agiriak.

    1. Erakunde eskatzaileari buruzko agiriak/argibideak (behin bakarrik erantsi beharko dira, nahiz eta deialdian proiektu bat baino gehiago aurkeztu):

      1. Honako fotokopia legeztatu hauek: erakundearen estatutuena eta dagokion erroldan izena ematearena (erakunde eskatzailea lehenengo aldiz aurkezten bada, edo euskal lankideentzako laguntzen 2010eko deialdian aurkeztutako agirietan edo Garapena eta Lankidetza Sustatzeko Fondoaren kontura bideratutako 2010eko deialdietan aldaketarik izan bada), bai eta eskabidea sinatzen duen pertsonaren ahalordetzaren fotokopia legeztatua.

      2. Erakundearen organigrama. EAEko langile ordainduak eta ordaindu gabeak. Boluntarioak eta laguntzaileak, bazkide-kopurua, erakundeko kideak. EAEn duen egoitza eta ordezkaritzak. Garapen lankidetzarako beste zein erakundetako kide den erakunde eskatzailea (erakunde eskatzailea lehenengo aldiz aurkezten bada, edo euskal lankideentzako laguntzen 2010eko deialdian aurkeztutako agirietan edo Garapena eta Lankidetza Sustatzeko Fondoaren kontura bideratutako 2010eko deialdietan aldaketarik izan bada).

      3. Identifikazio Fiskaleko Zenbakiaren txartelaren fotokopia. Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituztela adieraziko duen ziurtagiria.

      4. Zigorraren iraunaldian honako zigor hauek jaso ez dituela ziurtatzen duen zinpeko edo erantzukizunpeko aitorpena: Euskadiko Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzak lortzeko debekua diru-laguntza edo laguntza publikoen arloko arau-hausteagatik ezarritako zigor irmo baten ondorioz, zigor administratibo edo penalik betetzen ari ez dela sexuarengatiko diskriminazioan erortzeagatik, eta debeku horrekin zigortuta ez egotea Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunerako Legearen arabera.

      5. Erakunde eskatzaileak tokiko bazkide batekin elkartuta dagoela egiaztatu beharko du agirien bitartez. Bazkide horren bitartez burutu beharko da hautagaia txertatuko deneko proiektua.

      6. Eskabideak aurkezteko epea bukatzean, azken txostenak bidaltzen eta lehenago diru-laguntzak jasotako laguntzak osorik justifikatzen hiru hilabete baino gehiagoko atzerapena ez duela dioen aitorpena.

      7. Tokiko erakundeak lankidea lankidetzat nahi duela egiaztatzeko agiria.

      8. Borondatezko lankideak bere jarduera betetzen duen bitartean, proiektua egiten ari den lekuan, gutxienez urtebeteko eta gehienez ere bi urteko iraunaldia bermatzen duen deklarazioa.

      9. Lan-aurrekontratua edo lan-kontratua aurkeztea, ekintzak xede-herrialdean izango dituen ezaugarri bereziak zehazten dituen prestazioa egiteko akordio osagarriarekin batera.

      10. Lankidearen aseguru-konpromisoaren adierazpena, Nazioarteko Lankidetzarako Espainiako Agentziak kontratutako aseguru orokor kolektiboari atxikiz edo poliza bat sinatuz. Poliza horrek, nolanahi ere, Lankidearen Estatutua ezartzen duen apirilaren 28ko 519/2006 Errege Dekretuaren 10.1.e) artikuluan ezarritako baldintzak bete beharko ditu.

    2. Lankideari buruzko agiriak/informazioa.

      1. Erroldaren ziurtagiria, lankide boluntarioa EAEko edozein udalerritan 2011ko urtarrilaren 1a baino lehenagotik bizi dela egiaztatzeko.

      2. Lankidearen gidabaimen-neurriko argazkia.

      3. Lankidearen NANaren fotokopia.

      4. Curriculuma egiaztatzekoak.

      5. Lankidearen zinpeko aitorpena, deialdiaren oinarriak betetzeko konpromisoa bere gain hartuz.

    3. Proiektua non kokatzen den zehazteko mapa (herrialdea, eskualdea eta abar).

    4. Aurrekontuen banaketa diru-sailen eta baterako finantzazioa egiten duten erakundeen arabera (aurkibide bat erabili). Honakoak erantsi: pro forma fakturak, aurrekontuak eta finantzaketa-plana, kanpoko ekarpenak justifikatuz.

  2. Datu pertsonalen babesa.

    Datu Pertsonalen Babesari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege organikoak xedatutakoa betez, jakinarazten dizugu eskabidea betez eman dizkiguzun datuak Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren fitxategi batean sartuko direla, izapidetze-lanak egiteko.

    Hala nahi dutenek, legean aurreikusitako eskuratzeko, zuzentzeko, deuseztatzeko eta aurka egiteko eskubideak baliatu ahal izango dituzu Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentzian (Nafarroa kalea 2, 01007 Vitoria-Gasteiz).

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik