- EBAZPENA, 2011ko apirilaren 13koa, Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiarena, Akitania eta Euskadiren arteko Lankidetzarako Funts Erkidearen kontura 2011ko ekitaldiko diru-laguntzak emateko deia egiten duena. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus
Arautegia
InprimatuEBAZPENA, 2011ko apirilaren 13koa, Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiarena, Akitania eta Euskadiren arteko Lankidetzarako Funts Erkidearen kontura 2011ko ekitaldiko diru-laguntzak emateko deia egiten duena.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Ebazpena
- Organo arau-emailea: Jaurlaritzaren Lehendakaritza
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 80
- Hurrenkera-zk.: 2355
- Xedapen-zk.: ---
- Xedapen-data: 2011/04/13
- Argitaratze-data: 2011/04/29
Gaikako eremua
- Gaia: Administrazioaren antolamendua
- Azpigaia: Herri Administrazioa; Instituzional
Testu legala
Martxoaren 18ko 51/2008 Dekretuaren bitartez Akitania eta Euskadiren arteko Lankidetzarako Funts Erkidea arautu zen. Dekretu horretan ezarritakoaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak diru-laguntzak ematen ditu Akitania eskualdeko kideekin batera enplegua eta ekintzak sortzeari lehentasuna ematen dioten elkarlan proiektuak burutu ditzaten EAEko gizarte eta ekonomia eragileek.
51/2008 Dekretuan azaldutako helburua betetzeko, eta dekretu horren 10. artikuluan ezarritakoari jarraiki, bidezkoa da 2011. urteko laguntzetarako deia egitea. Deialdi hau Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioren 2011. urteko Aurrekontu Orokorren kontura egiten da.
Horren ondorioz, Jaurlaritzaren Lehendakaritzaren egitura organikoa eta egitekoak ezartzen dituen urtarrilaren 12ko 1/2010 Dekretuaren 15.5 artikuluan ezarritakoari jarraiki, hauxe:
Lehenengoa. Helburua eta diru kopurua.
2011. urteko ekitaldian Akitania eta Euskadiren arteko Lankidetzarako Fondoaren kontura diru-laguntzak emateko deia egiten da, Akitania-Euskadi Lankidetzarako Funts Erkidearen martxoaren 18ko 51/2008 Dekretuaren bitartez onartutako arauei jarraiki. Diru-laguntzok seiehun mila (600.000) euroko zenbatekoa izango dute guztira (150.000 euro 2011ko ekitaldirako; eta 450.000 euro 2012rako, konpromiso modura). Eranskin bakarrean jaso dira deialdirako onartu diren oinarriak.
Lehendakaritzako beste programa batzuek erabili ez dituzten diru-baliabideak izanez gero, artikulu honetako guztizko zenbatekoa aldatu ahal izango da, eskatutako laguntzen zenbateko osoa kontuan hartuta eta diru-laguntzak esleitu aurretik. Egoera horren berri Lehendakaritzako idazkari nagusiak emango du Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko den ebazpen baten bitartez.
Batzordearen 2006ko abenduaren 15eko 1998/2006 Erregelamenduarekin (EE) bat etorriz, diru-laguntza hauek mínimis laguntzen barruan daude, pertsona juridiko edo fisiko zehatz bati emandako diru-laguntza osoak ez duelako 200.000 eurotik gora egiten, hiru zerga-ekitaldietan zehar.
Bigarrena. Eskabideak aurkeztea.
Proiektuak eta eskatzaileak Akitania-Euskadi Lankidetzarako Funts Erkidearen martxoaren 18ko 51/2008 Dekretuan eskatzen direnak betetzen badituzte, proiektuaren jabe diren pertsona fisiko edo juridikoek txosten-eskabide bat aurkeztu beharko dute, laugarren oinarrian jasotako ereduaren arabera. Txosten-eskabide hori bikoizturik aurkeztu beharko da, data jarrita eta eskatzailearen edo bera ordezkatzen duenaren sinadurarekin, honako helbide honetan:
Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusia
Eusko Jaurlaritzaren Lehendakaritza
Nafarroa kalea, 2
Vitoria-Gasteiz 01007
Txosten-eskabidea aurkezteko epea 2011ko maiatzaren 30ean amaituko da. Eskabideak Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan ezarritako edozein eratan aurkeztu daitezke. Lege hori urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatu zuen.
Beste txosten baliokide bat aurkeztu beharko dio Akitaniako Eskualde Kontseiluari (Secrétariat Général aux Affaires Internationales et à la Coopération Interrégional) lankidea den pertsona fisiko nahiz juridikoak alegia, eskualde horretan administrazio egoitza edo egoitza soziala duen lankideak. Hori betetzen dela egiaztatzeko, Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiak etengabeko harremana izango du Akitaniako Eskualde Kontseiluarekin.
Hirugarrena. Ebaluazio Batzordeko kideak.
Akitania-Euskadi Lankidetza Funts Erkidearen martxoaren 18ko 51/2008 Dekretuaren 13. artikuluan aurreikusitako ebaluazio batzordeko kideak honako hauek izango dira:
Ainhoa Alday Palacios andrea, Kanpo Harremanetarako zuzendaria, batzordeburua.
Sofía de Orue Valdés andrea, Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiko teknikaria, bokala.
Rafael Hueso Vicent jauna, Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiko teknikaria, idazkari lanetarako.
François Maitia jauna, Akitaniako Eskualde Kontseiluko presidenteordea, bokala.
Jean-Marie Blanc jauna, Europar Harremanetarako zuzendaria, bokala.
Valérie Sarraute-Larnac andrea, Europar Harremanetarako Zuzendaritzako teknikaria, bokala.
Laugarrena. Eskabide eredua.
(bikoizturik aurkeztu behar da data jarrita eta eskatzailearen edo bera ordezkatzen duenaren sinadurarekin)
Ekintzaren ezaugarriak.
Proiektuaren izenburua.
Helburuak.
Guztizko aurrekontua. Proiektuan parte hartzen duten kide guztiena jaso beharko du, bai Akitaniako kideena bai Euskal Autonomia Erkidegokoena.
EAEn egoitza duten partaideei dagokien aurrekontu zatia.
Funts Erkidearen kontura eskatutako diru-laguntza. Akitanian eskatutakoa eta Euskal Autonomia Erkidegoan eskatutakoa ere jaso beharko ditu.
EAEn egoitza duten partaideek jasoko luketen diru-laguntza.
Hau al da Lankidetzarako Funts Erkidearen kontura diru-laguntza bat eskatzen duzun lehenengo aldia?
Bai Ez
Proiektu bererako eskatutako edo eskuratutako beste diru-laguntza batzuk.
Ondoko zein arlotan sartuko zenuke proiektua?
taldea: Goi Mailako Irakaskuntza eta Teknologia Zentroak: ikerketa aplikatua eta teknologia transferentzia; bekadunak eta ikertzaileak trukatzea; ko-diplomaturak lortzeko prestakuntza.
taldea: Ekonomia Ekintza - Teknologia Berrikuntza: teknologia berrietarako inbertsioa; informaziorako eta komunikaziorako teknologia berriak; esportaziorako elkarte berriak sustatzea; produktu berriak sortzea; industria lankidetza eta enpresen garapena. Nekazaritza; arrantza; turismoa; ingurumena; garraioa.
taldea: Prestakuntza - Kultura: mugaz gaindiko jarduerak garatzeko prestakuntza; irabazi asmorik gabeko erakundeen arteko lankidetza; elebitasun frantses-espainiarra eta euskararen garapena; kirolak; osasungintza; gizarteratzea.
Proiektua hasteko aurreikusitako eguna.
Proiektua amaitzeko aurreikusitako eguna.
Eskatzaileen ezaugarriak.
Izena edo izen soziala.
Helbidea edo egoitza soziala (telefonoa, fax zenbakia eta posta elektronikoa barne).
Bankuko datuak (kontu zenbakiak, sukurtsala, bankua edo kutxa).
EAEko arduradunaren izena.
Erakundearen izaera.
Irabazi asmoduna.
Irabazi asmorik gabekoa.
Akitaniako kideen ezaugarriak.
Izena edo izen soziala.
Helbidea edo egoitza soziala (telefonoa, fax zenbakia eta posta elektronikoa barne).
Akitaniako arduradunaren izena.
Erantsi behar diren beste dokumentu batzuk (bikoiztuak).
Proiektuaren azalpen txostena eta proiektua garatzeko egitaraua.
Pertsona fisikoa bada, NANaren fotokopia; eta pertsona juridikoa bada, sortze agiria eta identifikazio fiskalarena.
Zerga alorreko eginbeharrak eta Gizarte Segurantzari buruzkoak beteta dituela egiaztatzeko ziurtagiria; edo eginbehar horietatik salbuetsita dagoela egiaztatzekoa, bestela.
Estatutuak (partaidea pertsona juridikoa bada).
Aurrekontu banakatua, eranskinean jasotako ereduaren arabera.
Ordezkaritza-ahalordea egiaztatzeko agiria, pertsona juridikoa izanez gero.
Enpresak izanez gero, eskatzailearen aitorpena, urtean bertan eta aurreko bi urteetan beste minimis laguntzaren bat jaso duen ala ez adierazteko.
Zinpeko aitorpena edo erantzukizunezkoa, ondokoa egiaztatuz: eskatzaileak ez duela zigor eta administrazioaren arloan diru-laguntza publikoak jasotzeko debekurik, eta ez dagoela laguntzak jasotzeko ezgaitzen dituen legezko debekuetan sartuta ere, ezta sexua dela-eta eragindako bereizkeriengatik ere, hain zuzen Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legeko seigarren azken xedapenean xedatutakoarekin bat etorriz.
Bosgarrena. Ebazpena.
Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiak, Ebaluazio Batzordeak egindako proposamena ikusita, diru-laguntzen esleipena ebatziko du.
Lehenengoa. Ebazpen honetan eta lehen aipatutako dekretuan aurreikusita ez dagoen guztian, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legea aplikatuko da. Lege hori urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatu zuen.
Bigarrena. Ebazpen honek administrazio bidea agortzen du; hala ere, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez daiteke organo berean hilabeteko epean; edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salan, bi hilabeteko epean. Epeok ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik aurrera hasiko dira kontatzen.
Hirugarrena. Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteiz, 2011ko apirilaren 13a.
Kanpo Harremanetarako idazkari nagusia,
GUILLERMO ECHENIQUE GONZÁLEZ.
Gastuak/Gastos Diru-sarrerak/Ingresos
Euskadi
Kontzeptua/Concepto
Zenbatekoa/Cuantía
Kontzeptua/Concepto
Zenbatekoa/Cuantía
Euskadikoa guztira / Total Euskadi
Akitania/Aquitania
Kontzeptua/Concepto
Zenbatekoa/Cuantía
Kontzeptua/Concepto
Zenbatekoa/Cuantía
Akitaniakoa guztira / Total Aquitania
Guztizko orokorra / Total general


