- EBAZPENA, 2011ko apirilaren 18koa, Etxepare Euskal Institutuko zuzendariarena, euskararen eremu geografikotik kanpo euskal kultura sustatzeko eta hedatzeko xedea duten kultura programa edo jarduera bereziak 2011. urtean garatzeko diru-laguntzak emateko modua arautzen duena. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus
Arautegia
InprimatuEBAZPENA, 2011ko apirilaren 18koa, Etxepare Euskal Institutuko zuzendariarena, euskararen eremu geografikotik kanpo euskal kultura sustatzeko eta hedatzeko xedea duten kultura programa edo jarduera bereziak 2011. urtean garatzeko diru-laguntzak emateko modua arautzen duena.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Ebazpena
- Organo arau-emailea: Kultura Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 110
- Hurrenkera-zk.: 3070
- Xedapen-zk.: ---
- Xedapen-data: 2011/04/18
- Argitaratze-data: 2011/06/10
Gaikako eremua
- Gaia: Kultura eta Kirola; Administrazioaren antolamendua
- Azpigaia: Gobernua eta herri administrazioa; EAEko udalak
Testu legala
Apirilaren 20ko 3/2007 Legeak, Etxepare Euskal Institutua Sortzeko eta Arautzekoak, bere 3. artikuluaren b) atalean zehaztu du aipatu institutuaren xedea dela euskal kultura, bere hizkuntza ofizialetako edozeinetan eta zeinahi adierazpen, euskarri, bide eta adierazmoldetan, kanpoan ezagutarazten eta hedatzen laguntzea, bereziki euskaraz sortutako kultura-eskaintza sustatuz eta bermatuz. Halaber, aipatu legearen 4. artikuluaren 1. zatiak dio Etxepare Euskal Institutuari dagokiola euskal kulturaren sortze-lana kanpoan sustatzeko ekintzak eta estrategiak gauzatzea, artisten eta artelanen kanpoko zirkulazioa bultzatzea eta euskal ondare artistikoaren ezagutza zabaltzea, bereziki euskaraz sortutako kultura-eskaintza sustatuz eta bermatuz.
Ildo horretatik, eta Etxepare Euskal Institutuaren ardurapekoak diren arloak kontuan hartuta, berariazko deialdiak egiten dira sektore pribatuan garatzen diren lehenetsitako kultur jarduerak garatu ahal izateko. Hala eta guztiz ere, jasotzen diren hainbat eskariren bitartez gauzatu nahi diren jarduerak, Etxepare Euskal Institutuaren eskumen-eremuetan sar daitezkeen arren, indarrean dagoen araudian zehaztutako ezohiko moduetan baino ezin dira gauzatu.
Etxepare Euskal Institutuaren laguntza jaso dezaketen jarduerak mota askotakoak izan daitezke, gaur egungo kultura-kontzeptua oso zabala baita. Horregatik, berariazko deialdietan oinarrituz laguntzagai izan daitekeen jarduera-multzoa aldez aurretik identifikatzea erabat ezinezkoa da. Hori horrela izanda ere, ez da ahaztu behar administrazio publikoek, besteak beste, sustapen-lanak egiterakoan konkurrentzia, objektibotasun eta publizitate printzipioak gorde behar dituztela eta, ondorioz, behar-beharrezkoa dela prozedura orokor bat finkatzea, horrela Etxepare Euskal Institutuak, bere-bereak dituen eskumen-eremuetako kultur jarduerak sustatzeko gutxieneko arau batzuk izan ditzan.
Esandako horrek guztiak ondorio nagusi bat baino ez dauka, hots, eskuarki eragin zuzena euskararen eremu geografikotik kanpora duen lurralde-eremuan euskal kulturgintza sustatzeko izendatutako baliabide ekonomikoak konkurrentzia, objektibotasun eta publizitate printzipioen arabera banatzeko irizpideak ezartzen dituen eta, aldi berean, indarrean dagoen araudiarekin bat datorren tresna baten beharra dagoela.
Horiek horrela, honako hau
Ebazpen honen xedea da, Etxepare Euskal Institutuaren jarduera-eremuarekin bat etorrita ere, haren deialdien babesean diru-laguntzarik jaso ezin duten kultura programa edo jarduera bereziak 2011. urtean burutzeko Etxepare Euskal Institutuari eskatzen zaizkion diru-laguntzak emateko modua finkatzea, beti ere ebazpen honetan ezartzen den prozeduraren arabera eskatu baldin dira.
Deialdi honi begira, hona zer ulertzen den diruz lagundu daitekeen kultur programa edo jarduera berezitzat: euskal kultura euskararen eremu geografikotik kanpora sustatu eta hedatzeko xedea duten programa edo jarduerak, euren kalitatearen, erabileraren edo helburuaren ikuspuntutik eta haien balio komertziala edozein izanik ere, adierazpen kulturalak transmititzen dituztenak.
Halaber, hona zer ulertzen den adierazpen kulturaltzat: eduki kulturala duten pertsonen, taldeen eta gizarteen sormenaren ondoriozkoak. Adierazpen horiek, besteak beste, hitzen bidez igorritako mezuek, soinuek eta irudiek osatzen dituzte, edozein euskarri, ekintza edo objektu erabiltzen dela ere.
Ebazpen honen babesean aurkeztuko diren kultur programa edo jarduera bereziak 2011ko urtarrilaren 1etik 2011ko abenduaren 31ra bitartean garatu beharko dira eta epe-luzapenik ez da inolaz ere onartuko.
Ebazpen honetara aurkeztuko diren kultur programak euskararen eremu geografikotik kanpora garatu beharko dira.
Ebazpen honetan ezarritako xedeari aurre egiteko laurogeita zortzi mila seiehun eta hirurogeita hamasei (88.676) euroko gehienezko zenbatekoa erabiliko da; halere, zenbateko hori handitu ahal izango da xedapen gehigarrietako lehenengoan ezarritakoaren arabera.
Honako ebazpen honek finkatzen dituen diru-laguntzak bertan aipatzen diren programa edo jarduera bereziak burutzeko asmoa duten pertsona juridikoek, jaso ahal izango dituzte, baldin eta eskabidea edo eskabideak aurkezten diren egunerako euren helbide soziala eta fiskala Europar Batasuneko zein Europar Gune Ekonomiko kide diren edozein lurraldetan badituzte.
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo erakunde autonomiadunek ezaugarri bereko beste laguntza edo diru-laguntzaren batzuk eman izana dela-eta horiek itzultzeko edo zigortzeko prozesuren bat oraindik ere izapidetzen ari bada, prozesu hori amaitu egin beharko da onuradunei diru-laguntzak edo laguntzak eman eta ordaindu ahal izateko.
Ezingo dute ebazpen honetako diru-laguntzarik eskatu laguntza publikoak lortzeko zigor administratibo edo penalik duten pertsona juridikoek, ez eta horretarako gaitasuna kentzen dion legezko debekurik dutenek ere, sexu-bereizkeria dela-eta gertatu direnak barne, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legeak xedatutakoaren indarrez.
Honako Ebazpen honetatik kanpo geratuko dira ondoko programak edo jarduerak:
Objektuari edo xedeari begira.
Etxepare Euskal Institutuak ezarritako beste ebazpen espezifikoago baten bidez bideratu behar izan zirenak, baldin eta eskabidea egitean ebazpen hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuta bazegoen eta, aldi berean, aurkezteko epea itxita bazegoen.
1. Eskaerak egiteko garaian, onartzeko bidean dagoen ebazpenen batera edo, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuta balego ere, aurkezteko epea itxita ez duen baten batera biltzeko modua izango duten programak edo jarduerak hobekien dagokien ebazpen zehatzean sartuko dira eta ebazpen horientzat bereziki ezarritako arauak aplikatuko zaizkie. Hori horrela, programa edo jarduera horiek jasotzen dituzten kasuan kasuko eskabideak beste ebazpen espezifikoago batera desbideratzeko ardura eta baita entitate interesdunari jakinaraztekoa ere Etxepare Euskal Institutuak hartuko du bere gain.
2. Era berean, euren izaeragatik edo xedeagatik Etxepare Euskal Institutuaren beste ebazpen espezifiko batera oker bildutako programak edo jarduerak ebazpen honen bitartez tramitatu ahal izango dira, baldin eta ebazpen honetako deialdian eskabideak aurkezteko epea irekita badago eta ezarritako baldintzak betetzen badituzte. Horrelako kasuetan, aipatu programak edo jarduerak jasotzen dituzten eskabideak ebazpen honetara desbideratzeko ardura eta baita entitate interesdunari jakinaraztekoa ere Etxepare Euskal Institutuak hartuko du bere gain.
Etxepare Euskal Institutuaren beste edozein ebazpen espezifikoagotara biltzeko aukera egonda ere, jo eta horietatik kanpo geratzen direnak, dela programa horietarako ezarritako baldintza berezietakoren bat ez betetzeagatik, dela entitate interesdunari egotzi dakiokeen bestelako arrazoiren batengatik.
Politika, erlijio, giza zein kultura mailako efemerideak gogorarazteko egin ohi diren antzezpenak edo errepresentazio bizidunak hala nola Erdi Aroko azoken eta antzekoen errekreazioak egitea xede dutenak.
Ikasketa-bidaiak, ibilaldiak, txangoak, elkartrukeak, aisialdia edo antzekoak egitea xede dutenak.
Xedea modarekin, hezkuntza arautuarekin, gizarte ekintzarekin, ingurumenarekin, nekazaritzarekin eta, azkenik, bitxigintza, urregintza zein artisautzarekin erlazio zuzen-zuzena dutenak.
Balioetan eta bakearen kulturan heztea, memoria historikoa berreskuratzea zein gerra zibilaren eta frankismoaren biktimen ezagutze morala lortzea xede dutenak. Zehazki, jarraian aipatzen diren arauzko xedapenen babesean laguntzagai izan daitezkeen programak edo jarduerak espresuki baztertuta geratzen dira: «memoria historikoa berreskuratzeko jarduerak eta proiektuak gauzatzeko diru-laguntzen deialdia egiten eta diru-laguntza horien oinarri arautzaileak ezartzen dituen Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburuaren 2009ko martxoaren 11ko Ebazpena» (2009ko martxoaren 24ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria, 57 zenbakiduna) eta gerra zibilarekin eta frankismoaren biktimekin zuzen-zuzen erlazionaturiko jarduerak gauzatzeko diru-laguntzetarako emateko modua arautzen duen eta, aldi berean, 2009. urterako dei egiten duen 2008ko abenduaren 3ko PRE/3536/2008 Ebazpena (2008ko abenduaren 5eko Estatuko Buletin Ofiziala, 293 zenbakiduna).
Denbora-esparruari begira.
2011ko abenduaren 31tik haratagoko burutzeko epea dutenak.
Lurralde-esparruari begira.
Euskararen eremu geografikotik kanpora zabalkunderik ez dutenak.
Aurrekontuari begira.
Kasuan kasuko programak edo jarduerak duen gastu-aurrekontuaren edozein zati xede hauetakoren bat dituenak:
1. Inbertsioak egitea edo ibilgetu-elementuak finantzatzea.
2. Web orrien zein Interneteko atarien diseinua, garapena, hobekuntza, aldaketa edo mantentzea.
3. Datu-baseen mantentzea edota ustiatzea.
4. Aldizkarien, liburuen edo egunkarien argitalpen digitalak egitea.
5. On-line moduan kontsultatzeko produktuak egitea.
% 40tik beherako finantziazio-maila propioa dutenak. Deialdi honi begira, hona zer ulertzen den programaren edo jardueraren finantziazio-maila propiotzat: kasuan kasuko entitate eskatzailearen diru-ekarpena ez ezik, entitateak berak izan ditzakeen bestelako diru-sarrerak eta nazioko edo nazioarteko iturri publiko zein pribatuetatik eskuratzea aurreikusten dituenak, honako ebazpen honen babesean Etxepare Euskal Institutuari eskatzen zaion diru-kopurua guztizko zenbatekotik kanpo geratzen delarik.
Hizkuntzari begira.
Hartzaile edo onuradun nagusi haurrak edo gazteak izanik, euskaraz edo, gutxienez, Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialetan, garatuko ez direnak.
Entitate eskatzaileari begira.
Honako entitate mota hauek aurkeztutakoak:
1. Merkataritza entitateak, baldin eta euren kapitalaren gehiengoa Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrarena bada.
2. Alderdi politikoek, hauteskunde-koalizioek, sindikatuek edo elkargo profesionalek eta baita horiekiko lotura organikoa duten fundazioek eta elkarteek ere.
Jasotzaileei begira.
Entitate eskatzailearen bazkideak onuradun bakarrak dituztenak.
Kasuan kasuko entitate eskatzaile bera onuradun dutenak. Horrelakoetan, entitate onuradunak jaso zezakeen diru-laguntza entitatearen azpiegitura-gastuei eta funtzionalei aurre egiteko baino ez luke erabiliko. Beste modu batean esanda, benetako kultur jarduera garatzerik ez dakarten programak.
Ebazpen honek ezartzen dituen diru-laguntzak emateko prozedura lehiaketa izango da. Horretarako, aurkeztutako eskabide guztiak elkarrekin alderatuko dira, eskariak hurrenkera jakin batean jartzeko, baina beti ere 14. artikuluan ezarritako balorazio-irizpideak kontuan harturik. Horrela, 50 puntu edo gehiago lortu duten eskabideei baino ez zaie diru-laguntza emango.
Kasuan kasuko diru-laguntzaren zenbatekoa finkatzeko, deialdiarentzat izendatutako gehienezko diru-kopurua gutxieneko puntuazioa lortu duten eskabideen artean modu zuzenki proportzionalean banatuko du Balorazio batzordeak.
Aipatutako diru-banaketa kasuan kasu lortutako puntuazioaren eta eskatutako diru-kopuruaren arabera egingo da. Horretarako honako formula hau erabiliko da:
S1 = (E1 X P1)/100
non,
Si = Programa edo jarduera bakoitzari dagokion diru-laguntzaren zenbatekoa.
Ei = Kasuan kasu eskatutako diru-laguntzaren zenbatekoa.
Pi = Batzordeak programa edo jarduera bakoitzari emandako puntuazioa.
Aurreko idatzi-zatian esandako moduan kalkulatutako diru-laguntzen baturak aurrekontuaren muga gainditzen badu, kasuan kasu eman beharreko diru-kopurua honela kalkulatuko da:
non,
Si = Aurreko formularen arabera programa edo jarduera bakoitzari berez legokiokeen zenbatekoa.
Si = Programa edo jarduera bakoitzari behin betiko ematen zaion zenbatekoa.
D = Diru-laguntza jasoko duten programa edo jarduera guztien artean banatu beharreko zenbatekoa.
Aurreko bi kasuetan, 15. artikuluak ezarritako mugak errespetatu egingo dira.
Ebazpen honek finkatzen dituen diru-laguntzak kudeatzeko ardura Etxepare Euskal Institutuarena izango da.
Halaber, Etxepare Euskal Institutuaren zeregina izango da diru-laguntza jaso duten programak edo jarduerak behar bezala burutzen ari direla bermatzeko egoki iritzitako ikuskapenak edo egiaztapenak egitea, Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun Sailak eta Herri-Kontuen Euskal Epaitegiak arlo horretan dituzten ahalmenei kalterik eragin gabe.
Ebazpen honen babesean eskabideak aurkezteko epea bi hilabetekoa izango da, Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita.
Eskabideak, I. eranskineko ereduari jarraituta eta dokumentazio osagarriarekin batera, Etxepare Euskal Institutuko zuzendariari zuzenduko zaizkio eta, deialdiko eranskinetako dokumentazioarekin batera, 20006 Donostiako Prim kalearen 7an dagoen Etxepare Euskal Institutuko egoitzan aurkeztuko dira zuzenean edo azaroaren 26ko 30/1992 Legean ezarritako edozein bidetatik (30/1992 Legea, azaroaren 26koa, Herri administrazioen Araubide Juridikoaren Prozedura Erkidearena).
Entitate eskatzaileek laguntza-eskabidea aurkez dezakete, beharrezko dokumentazioarekin batera, haiek aukeratutako hizkuntza ofizialean. Gainera, laguntza-eskabidetik eratorritako jardunetan eta prozedura osoan, entitate eskatzaileak aukeraturiko hizkuntza baliatuko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1. artikuluetan ezarritakoaren arabera.
Aurretiazko argibideak.
Entitateak diru-laguntza eskaera bat baino gehiago eginez gero, hari buruzko dokumentazioa eskabide bakar batekin baino ez da aurkeztu beharko.
Eskaera egiten duen entitateak bere helbide soziala eta fiskala atzerrian izatekotan, 2.a), 2.b), 2.c), 2.d) eta 2.e) apartatuetan eskatutako dokumentazioa tokian tokiko herrialdean horren baliokidea dena aurkeztuz egiaztatu beharko da.
Entitate eskatzaileari buruzko dokumentazioa.
Estatutuen fotokopia (entitatearen izaera kontuan hartuta, indarrean dagoen legeriaren arabera entitateak nahitaez izan behar baditu) edo, entitate-motaren arabera, eraketa-eskriturarena.
Entitatea ordezkatzeko lege-ahalmena duen pertsona fisikoaren Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia eta baita eskabidea egin duen egunean ordezkapena indarrean dagoela adierazten duen agiria ere. Egiaztatzea ahalordetze-eskrituraren fotokopiaren bidez egingo da edo, hala badagokio, eskumena duen organoak berariaz emandako egiaztagiriaren bidez.
Entitatea ordezkatzeko lege-ahalmena duen pertsona fisikoaren zinpeko aitorpena, non adieraziko baitu eskabidea egin duen egunean berak ordezkatzen duen entitatearen estatutuak edo, hala badagokio, eraketa-eskritura dagokion erregistro publikoan inskribatuta daudela.
Aipatu aitorpena ez da aurkeztu beharko baldin eta, indarrean dagoen legeriaren arabera, estatutuak izatea nahitaezkoa izan arren, horiek erregistroan inskribatzea ezinbesteko lege-betekizuna ez bada.
Entitatea ordezkatzeko lege-ahalmena duen pertsona fisikoaren zinpeko aitorpena, non adieraziko baitu, eskabidea egin duen egunean, berak ordezkatzen duen entitateak ez duela zigor administratibo edo penalik diru-laguntza edo laguntza publikoak lortzeko, ez eta horretarako gaitasuna kentzen dion legezko debekurik ere.
Entitatearen Identifikazio Fiskaleko Zenbakia egiaztatzen duen txartelaren fotokopia.
Entitateak zerga-zorrak kitatuta dituela egiaztatzen duen ziurtagiri gaurkotua, Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontu orokorren pentzutan diru-laguntzak eskuratu dituztenek zerga mailako obligazioak bete dituztela egiaztatzeari buruzko Ogasun eta Finantza sailburuaren 1991ko urriaren 7ko Ebazpenaren arabera.
1. Fiskalitatearen arloari dagokionez, atzerrian helbideratuta dauden entitateek aurreko paragrafoan aipaturiko dokumentua aurkeztu behar izatetik salbuetsita badaude ere, kasuan kasuko bizileku-lurraldean eskumena duen organoak emandako bizileku fiskalaren ziurtagiria aurkeztea nahitaezkoa dute.
Helbide soziala zein fiskala Euskal Autonomia Erkidegoan duten entitateek honako hau ere aurkeztu beharko dute: kasuan kasuko entitatearen legezko ordezkariak izenpetutako zinpeko aitorpen bat, non adierazko baitu berak ordezkatzen duen entitateak ez duela jo giltza artean adierazten diren legez kanpoko eta bateraezinak diren laguntza fiskaletako batera edo gehiagotara [Araba I, II, III (CR 48/99, CR 49/99, CR 58/00); Bizkaia I, II, III (CR 52/99, CR 54/99, CR 60/00); Gipuzkoa I, II, III (CR 50/99, CR 53/99, CR 59/00)] edo, hala badagokio, laguntza fiskal horietako batera edo gehiagotara jo ondoren baten edo gehiagoren onuradun izanik, hori edo horiek itzuli egin dituela edota blokeaturiko kontu batean ordaindu egin dituela, dagozkion interesak barne.
Garatu nahi den programa edo jarduerari buruzko dokumentazioa:
Programa edo jarduera zertan datzan adierazten duen memoria, ahalik eta xehatuena, zeinak, ahal den neurrian, gutxienez, honako aspektu hauek garatu beharko baititu:
1. Programaren edo jardueraren interesa euskal kultura euskararen eremu geografikotik kanpora sustatzeari eta hedatzeari begira izan dezakeen garrantziaren aldetik.
2. Euskararen erabilera programaren edo jardueraren garapenean (ikus II. eranskina) (arrazoitu).
3. Programaren edo jardueraren onuradun-unibertsoa (arrazoitu).
4.Programaren edo jardueraren lurralde-eragina (arrazoitu).
Programaren edo jardueraren exekuzio-egutegia, posible bada, kronograma baten bitartez adierazita.
Programaren edo jardueraren aurrekontu zehatza eta xehatua, eskaera egin duen entitatea ordezkatzeko lege-ahalmena duen pertsona fisikoak izenpetua.
1. Entitate eskatzailea Balio Erantsiaren gaineko Zergaren aitorpena egitera behartuta badago, aipatu zergari dagokion zenbateko kengarria ezingo da inolaz ere gastu diruz lagungarritzat hartu. Hori horrela, entitatea ordezkatzeko lege-ahalmena duen pertsona fisikoaren zinpeko aitorpena aurkeztu beharko da, non adieraziko baitu berak ordezkatzen duen entitatea BEZ zergaren aitorpena behartuta dagoenentz eta, ondorioz, aurkeztutako gastu-aurrekontuak BEZ zergari dagokion zenbateko ez-kengarria barne hartzen duela edo, aldiz, zenbateko kengarria kanpoan uzten duela.
2. Aurrekontuak orekatua beharko du izan, hots, gastuak berdin diru-sarrerak, eta diru-sarreren atalean honako datu hauek zehaztu beharko dira:
2.1. Xede berberaz diru-laguntza edo diru-laguntzak eskatu zaizkien edo, hala badagokio, eskatu asmo zaizkien nazio mailako zein nazioarteko herri administrazioen edo entitate publiko zein pribatuen zerrenda zehatza.
2.2. Aurreko paragrafoan aipaturiko herri administrazioei edo entitateei eskatutako diru-kopurua edo, besterik ezean, kasuan kasu jasotzea espero dena.
2.3. Diru-laguntza guztien egoera (eskatzekoa, ebazpenaren zain, esleituta, ea.).
2.4. Etxepare Euskal Institutuari eskatutako diru-kopurua.
3. Eskabidea aurkezten den egunerako beste diru-laguntzarik eskatu ez bada edo hura aurkeztu ondoren beste diru-laguntzarik eskatzeko asmorik ez badago, hori horrela dela zinpeko aitorpen bidez adierazi beharko da. Aitorpena eskaera egiten duen entitatea ordezkatzeko lege-ahalmena duen pertsona fisikoak izenpetu beharko du.
Aurkeztutako programa edo jarduera hobeto baloratu ahal izateko, eskaera egiten duen entitateak egokitzat jotzen duen nahi beste dokumentazio osagarri ere erantsi dezake.
Dena dela, aurkeztutako programa edo jarduerak hobeto baloratze aldera, Etxepare Institutuak edo Balorazio batzordeak informazio eta dokumentazio gehiago eskatu ahal izango diete entitate eskatzaileei.
Ordainketa egiteko dokumentazioa.
Banku-helbideratzea Espainian duten entitate eskatzaileak badira:
1. Banku-erakundeak (banketxeak edo aurrezki-entitateak) emandako edo ziurtatutako dokumentua-edo, zeinek, gutxienez, honako datuak jasoko baititu:
1.1. Banku-erakundearen izena.
1.2. Banku-erakundearen helbidea.
1.3. Kontuaren zenbakia (20 digitu).
1.4. Kontuaren titularra.
Aipaturiko dokumentua «Datuen Alta/ Doakion Interesatua» inprimakiaz (egoki beteta eta bertan eskatzen den dokumentazioaz lagunduta) ordezkatu daiteke.
Banku-helbideratzea atzerrian duten entitate eskatzaileak badira:
1. Banku-erakundeak (banketxeak edo aurrezki-entitateak) emandako edo ziurtatutako dokumentua-edo, zeinek, gutxienez, honako datuak jasoko baititu:
1.1. Banku-erakundearen izena.
1.2. Banku-erakundearen helbidea.
1.3. IBAN (International Bank Account Number/Bankuko Kontuaren Nazioarteko Zenbakia).
1.4. BIC (Bank Identifier Code/Bankuaren Identifikazio Kodea).
1.5. Kontuaren titularra.
Aipaturiko dokumentua «Datuen Alta/Doakion Interesatua» inprimakiaz (egoki beteta eta bertan eskatzen den dokumentazioaz lagunduta) ordezka daiteke.
Kasuan kasuko eskabidea aztertuta, horrek akatsen bat duela edo osatugabea dela Etxepare Euskal Institutuak ikusiz gero, institutuak berak eskabidea egin duen entitate interesdunari eskatuko dio, idatziz, akatsa zuzen dezala edota falta den dokumentazioa bidal dezala eta horretarako hamar eguneko epea emango dio, jakinarazpen-idazkia jasotzen den egunaren biharamunean zenbatzen hasita. Horretaz gain, eskaera egin duen entitate interesdunari igortzen zaion jakinarazpen-idazkian honako hau ere adieraziko zaio: eskatutako oro horretarako dagoen epean aurkeztu ezik, eskabidearen tramitazioan atzera egin duela ulertuko dela.
Atzera egin izanaren berariazko ebazpena hilabeteko epean jakinaraziko zaio entitate interesdunari, aurreko puntuan adierazitako epea bukatzen den egunaren biharamunean zenbatzen hasita.
Aurkeztutako eskabideak aztertu eta ebaluatzeko, Balorazio batzorde bat osatuko da jarraian azaltzen den moduan:
Batzordeburua: Etxepare Euskal Institutuko zuzendaria edo horrek eskuordetutako pertsona.
Batzordekideak:
1. Eusko Jaurlaritzako Kultura Sustatzeko Zuzendaritzako zuzendaria edo, bestela, berak izendatutako zuzendaritza bereko teknikari bat.
2. Eusko Jaurlaritzako Euskara Sustatzeko Zuzendaritzako zuzendaria edo, bestela, berak izendatutako zuzendaritza bereko teknikari bat.
3. Etxepare Euskal Institutuko konpententzia alor ezberdinetako bi arduradun, Etxepare Euskal Institutuko zuzendariak izendatutakoak.
Idazkaria: Etxepare Euskal Institutuko zuzendariak izendatutako institutu bereko teknikari bat. Teknikari honek ez du izango botoa emateko eskubiderik; bai, ordea, iritzia ematekoa.
Lehenengo bilera egin aurretik, batzordea osatzen duten kideen izendapena jendaurrean jakinaraziko da, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaraturiko Etxepare Euskal Institutuko Zuzendariaren ebazpen baten bidez. Hartara, entitate interesdun orok ezespen eskubidea erabili ahalko du.
Balorazio batzordeak, beharrezko iritziz gero, aholkularitza eskatu ahal izango du.
Eskabideak aurkezteko epea amaituta, batzordeak ebazpen-proposamena egingo dio Etxepare Euskal Institutuko zuzendariari hiru hilabeteko epean.
Proposamen horrek honako aspektu hauek zehaztuko ditu:
Entitate onuradunen zerrenda, diru-laguntza jaso dezaketen programak edo jarduerak eta kasuan kasuko diru-laguntzaren zenbatekoa.
Diru-laguntzarik jasoko ez duten entitateen zerrenda, bazter utz daitezkeen programak edo jarduerak eta hori horrela izateko kasuan kasuko arrazoia.
Ebazpen-proposamena egiteko, Balorazio batzordeak irizpide hauek hartuko ditu kontuan:
Programak edo jarduerak euskal kultura euskararen eremu geografikotik kanpora sustatzeari eta hedatzeari begira izan dezakeen interes-maila (% 50).
Euskararen erabilera programaren edo jardueraren garapenean (% 15) (ikus II. eranskina).
Programaren edo jardueraren autofinantziazioa (% 15). Bere maila neurtzeko, nazio mailako zein nazioarteko beste administrazio publikoen diru-sarrerak izan ezik (Etxepare Euskal Institutuari eskatutako diru-kopurua barne), gainerako diru-sarrera mota guztiak hartuko dira kontuan [(autofinantziazioa -40) x 15/60].
Programaren edo jardueraren balizko onuradun-unibertsoa (% 10).
Programaren edo jardueraren lurralde-eragina (% 10).
Ebazpen honen babesean eman daitekeen kasuan kasuko diru-laguntza ezingo da programa edo jarduera horretarako aurkeztutako aurrekontu osoaren % 60 baino handiagoa izan, ez eta 13.391 eurotik gorakoa ere.
Ebazpen honek araututako diru-laguntzak eta, xede berberaz, nazio mailako zein nazioarteko bestelako herri administrazioek edo entitate publiko zein pribatuek esleitu ditzaketenak bateragarriak izango dira, azkeneko horiek, bakarka hartuta zein batera metatuta, ezingo direlarik, inolaz ere, entitate onuradunak burututako programaren edo jardueraren kostua baino handiagoa izan ez eta eskabidearekin batera aurreikusitako gastu-aurrekontua baino handiagoa ere.
Edonola ere, Ebazpen honen babesean araututako diru-laguntzak eta, xede berberaz, administrazio bereko beste edozein organok eman ditzakeenak bateraezinak dira.
Diru-laguntzak esleitzeko kontuan izandako edozein baldintza aldatzeak, eta, edozein kasutan, diruz lagundutako programaren edo jardueraren kostua gainditzen duten nazio mailako zein nazioarteko herri administrazioen edo entitate publiko zein pribatuen diru-laguntzak metaketa bidez eskuratzeak esleipen-erabakia aldatzea ekarriko du eta baita, hala badagokio, entitate onuradunak jasotako zenbatekoa itzuli behar izatea ere.
Balorazio batzordeak egindako proposamenaren argitan, Etxepare Euskal Institutuak dagokion ebazpena emango du. Ebazpen horrek administrazio-bidea amaitzen du eta interesdunek, horren aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa ezarri ahal izango diote Etxepare Euskal Institutuko zuzendariari hilabeteko epean.
Prozeduraren ebazpena jakinarazteko gehienezko epea sei hilabetekoa izango da, honako ebazpen honek eragina izango duen egunean bertan zenbatzen hasita. Epea igarota eta entitate interesdunek ebazpenaren jakinarazpen-idazkirik jaso ez badute, eskabidea edo eskabideak ezetsi direla ulertuko da, nahiz eta horrek ez salbuetsi Etxepare Euskal Institutua ebazpen adierazia emateko betekizunetik.
Ebazpena entitate interesdun orori jakinarazteaz gain, entitate onuradunak, diru-laguntza jaso duten programak edo jarduerak eta kasuan kasuko diru-laguntzaren zenbatekoa jasotzen dituen Etxepare Euskal Institutuaren ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian ere argitaratuko dira, jendeak horren berri izan dezan.
Ebazpen honen bitartez araututako diru-laguntzen entitate onuradunek honako hauek bete behar dituzte:
Esleitutako diru-laguntza onartzea. Hartara, entitate onuradunak laguntza onartzen duela adierazteko hamabost egun balioduneko epea izango du, jakinarazpen-idazkia jasotzen duen egunaren biharamunetik zenbatzen hasita. Epe horretan adierazpenik egin ezean, laguntza onartzen duela ulertuko da, horrek dakartzan eskubide eta betebehar guztiekin.
Diru-laguntza esleitzea oinarri den programa edo jarduera burutzea, diru-laguntza jasotako programak edo jarduerak aurreikusitako exekuzio-eta justifikazio-epeak hala nola programetatik edo jardueretatik eratortzen diren xehetasunak betez.
Emandako diru-laguntza programaren edo jardueraren exekuzioak sortarazitako gastuei aurre egiteko erabiltzea, diru-laguntza jasotzeko aurkeztu duen aurrekontuan ezarritakoaren arabera.
Egiaztatze-jarduerei men egitea eta, bestalde, Etxepare Euskal Institutuari, Ekonomia eta Ogasun Sailaren Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari diru-laguntzen fiskalizazio-lanetan behar duten informazio guztia ematea.
Diruz lagundutako jardueraren edo jardueren hasierako programa aldarazi dezakeen edo ditzakeen edozein intzidentziaren edo gertakariren berri Etxepare Euskal Institutuari eman beharko dio entitate onuradunak eta baita, jakinarazitako aldaketa gauzatu baino lehenago, Etxepare Euskal Institutuaren zuzendariaren baimena jaso ere. Edonola ere, aldaketak ezingo du eraginik izan jarduketaren izaeran, hots, diruz lagundutako programaren zein jardueraren objektuan edo xedean.
Xede berberaz nazio mailako zein nazioarteko bestelako herri administrazioetatik edo entitate publiko zein pribatuetatik jasotako diru-laguntzen edo laguntzen berri ematea Etxepare Euskal Institutuko zuzendariari.
Diruz lagundutako programa edo jarduera promozionatzeko egindako testu, dokumentu eta antzeko elementuetan, Etxepare Euskal Institutuaren diru-laguntza jaso dela adierazten duen aipamena egitea. Aipamen hori euskaraz egin beharko da edo, bestela, Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialetan.
Diruz lagundutako programak edo jarduerak bestelako finantziazio-iturriak izanik eta, aldi berean, entitate onuradunak hori horrela dela publizitatu beharra izanez gero, Etxepare Euskal Institutuak esleitutako diru-laguntzari entitate onuradunak eskainitako zabalkunde-bideek eta garrantziak bestelako finantziazio-iturrienekiko antzekoak izan beharko dute.
Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legean xedatutakoari jarraituz, diruz lagundutako programa edo jardueraren exekuzio-aldian hizkera ez-sexista erabiltzea, eta gizonen eta emakumeen rolei dagokienez, erabilera ez-estereotipatua egitea.
Ordenamendu juridikoak eta, bereziki, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak ezartzen duen beste edozein.
Ebazpen honetan oinarrituz esleitutako diru-laguntza bi zatitan ordainduko da:
Lehenengo zatiaren ordainketa, diru-laguntza osoaren ehuneko hirurogeita hamabosta (% 75), diru-laguntza onartzen den egunetik zenbatzen hasi eta handik hilabeteko epean.
Bigarrenarena, baldin eta hala badagokio, diru-laguntza osoaren ehuneko hogeita hamabosta (% 25), diru-laguntza behin zurituta, baldin eta justifikazioa zuzena, nahikoa eta egokia bada.
Kasuan kasuko hirugarren interesdunari egin beharreko ordainketa edo ordainketak gauzatu direla egiaztatzen duten dokumentu bat edo gehiago izan ezik, diruz lagundutako programaren edo jardueraren edo jardueren objektua edo xedeak zuzen, nahiko eta egoki beteak izanik, esleitutako diru-laguntzaren bigarren zatiaren ordainketa tramitatu ahal izango da, zeinaren gerorako justifikazioa edo zuriketa 23.2 artikuluan aipatzen den dokumentazioa aurkeztearen menpe gelditzen baita.
Esleitutako diru-laguntza justifikatzeko dokumentazioa aurkezteko bi hilabeteko epea egongo da, diruz lagundutako programa edo jarduera bukatzen den egunetik kontatzen hasita. Edonola ere, 2012ko otsailaren 1a baino lehen justifikatu beharko da.
Justifikazioak, III. eranskineko ereduari jarraituta eta dokumentazio osagarriarekin batera, Etxepare Euskal Institutuko zuzendariaren izenean aurkeztu behar dira 20006 Donostiako Prim kalearen 7. zenbakian dagoen Etxepare Euskal Institutuaren egoitzan, edo 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan ezarritako beste edozein bide erabil dezakete justifikazioak aurkezteko (30/1992 Legea, azaroaren 26koa, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearena).
Diru-laguntza eskuratzeko eskabide-orriarekin batera aurkeztutako programa edo jardueraren gaineko memoria deskriptiboa, ahalik eta zehatzena, non haren exekuzioa, betetze-maila eta ebaluazioa ere jaso behar baitira.
Diruz lagundutako programa edo jardueraren behin betiko exekuzio-aurrekontua (gastuak eta diru-sarrerak), ahalik eta zehatzena, entitate onuraduna ordezkatzeko lege-ahalmena duen pertsona fisikoak izenpetutako zinpeko aitorpen bidez.
1. Aurrekontuak orekatua beharko du izan, hots, gastuak berdin diru-sarrerak, eta diru-sarreren atalean honako datu hauek, besteak beste, zehaztu beharko dira:
1.1. Entitate onuradunaren behin betiko diru-ekarpena.
1.2. Xede berberaz nazio mailako zein nazioarteko bestelako herri administrazioen edo entitate publiko zein pribatuen diru-ekarpenak.
1.2.1. Diruz lagundutako programa edo jarduera burutzeko entitate onuradunak Etxepare Euskal Institutuak emandakoaz gain bestelako laguntzarik edo diru-laguntzarik jaso ezik, hori horrela dela adierazten duen zinpeko aitorpena ere aurkeztu beharko da, entitate onuraduna ordezkatzeko lege-ahalmena duen pertsona fisikoak izenpetua.
1.3. Etxepare Euskal Institutuak esleitutako diru-laguntza.
1.4. Beharrezkoa izanez gero, aurrekontu-oreka lortze aldera, entitate onuradunak jarritako diru-kopuru osagarria, zeina entitate onuradunak metatutako defizit gisako zenbatekotzat hartuko baita.
Diruz lagundutako programa edo jardueraren exekuzioa dela-eta ordaindutako nomina oro edota sortarazitako gastuen faktura edo ordainagiri oro jasotzen dituen zerrenda ulergarria, IV. eranskineko ereduari jarraituta. Zerrendari honako hau atxikitu beharko zaio: entitate onuraduna ordezkatzeko lege-ahalmena duen pertsona fisikoak izenpetutako zinpeko aitorpena, non, berariaz, adieraziko baita zerrendatutako nominetako, fakturetako zein ordainagirietako bakoitzak esleitutako diru-laguntzaren objektuarekin edo xedearekin zerikusi zuzena baino zuzenagoa duela.
1. Entitate onuraduna Balio Erantsiaren Gaineko Zergaren aitorpena egitera behartuta badago, aipatu zergari dagokion zenbateko kengarria ezingo da inolaz ere egindako gastutzat hartu eta, ondorioz, justifikagirien zerga-oinarriari dagokion zenbatekoa besterik ez da izango gastu justifikatua. Hori horrela, entitatea ordezkatzeko lege-ahalmena duen pertsona fisikoaren zinpeko aitorpena aurkeztu beharko da, non adieraziko baitu berak ordezkatzen duen entitatea BEZ zergaren aitorpena behartuta dagoenentz eta, ondorioz, aurkeztutako gastu-aurrekontuak BEZ zergari dagokion zenbateko ez-kengarria barne hartzen duela edo, aldiz, zenbateko kengarria kanpoan uzten duela.
2. Salbuespen gisa, eskabide-orriarekin batera aurkeztutako hasierako gastu-aurrekontua 100.000 eurotik gorakoa bada, diru-muga hori iritsi arterainoko gastuen zerrendaketa baino ez da aurkeztu beharko.
3. Dena dela, Etxepare Euskal Institutuak hala eskatzen badu eta beti ere esleitutako diru-laguntza behar bezala justifikatzeko beharrezkoa den dokumentazioa aurkezteko epea bukatu eta handik hiru hilabeteko epean, exekutatutako gastu osoa estaldu arteko gainontzekoen zerrenda zuzendaritza horren esku jarriko dutelako konpromisoa beren gain hartzen dute entitate onuradunek.
Diruz lagundutako programa edo jardueraren exekuzioa dela-eta ordaindutako nominak edota sortarazitako gastuen faktura edo ordainagiriak, diru-laguntza eskuratzeko eskabide-orriarekin batera aurkeztutako gastu-aurrekontu osoaren pareko zenbatekoari dagozkionak. Kasuan kasuko hirugarren interesdunari egin beharreko ordainketa gauzatu dela egiaztatzen duen dokumentu edo agiriren bat fakturarekin zein ordainagiriarekin batera aurkeztea nahitaezko baldintza da.
1. Eskuarki, gastu-justifikantetzat hartzen diren dokumentu edo agiriak nominak eta fakturak edo ordainagiriak dira. Horiek guztiek, baliozkoak izateko, enpresariek eta profesionalek fakturak egin eta emateko beharra arautzen duen indarreko araudi fiskalak ezartzen dituen baldintza guztiak bete beharko dituzte.
2. Etxepare Euskal Institutuaren kontura egiten den finantzazioak diru-laguntza eskuratzeko eskabide-orriarekin batera aurkeztutako gastu-aurrekontuaren % 50a gainditzen ez badu, ordaindutako nominak edota programa edo jardueraren exekuzioak sortarazitako gastuen egiaztagiriak ere aurkeztu beharra dagoen arren, horiek, salbuespen gisa, esleitutako diru-laguntzaren pareko zenbatekoari dagozkionak baino ez dira izan behar.
3. Dena dela, Etxepare Euskal Institutuak hala eskatzen badu eta beti ere esleitutako diru-laguntza behar bezala justifikatzeko beharrezkoa den dokumentazioa aurkezteko epea bukatu eta handik hiru hilabeteko epean, diru-laguntza eskuratzeko eskabide-orriarekin batera aurkeztutako gastu-aurrekontuaren zenbateko osoari dagozkion gainontzeko gastuen egiaztagiriak zuzendaritza horren esku jarriko dituztelako konpromisoa beren gain hartzen dute entitate onuradunek.
4. Gastuen egiaztagiriak aurkezteko moduari dagokionez, jatorrizkoak besterik ez dira onartuko, edo besterik ezean, Etxepare Euskal Institutuaren egoitzan (Prim kalea, 7. 20.006 Donostia-San Sebastián) konpultsatutako fotokopiak edo dagokion Lurralde Historikoko Zuzenean zerbitzuaren bulegoetan konpultsatutakoak.
Diruz lagundutako programa edo jarduera dela-eta sortutako material orotatik bina ale -hizkuntz bertsio guztietan eta euskarri fisiko, optiko nahiz magnetikoan-, zeinetan Etxepare Euskal Institutuaren diru-laguntza jaso dela adierazi beharko baita.
1. Diruz lagundutako programak edo jarduerak bestelako finantziazio-iturriak izanik eta, aldi berean, entitate onuradunak hori horrela dela publizitatu beharra izanez gero, Etxepare Euskal Institutuak esleitutako diru-laguntzari entitate onuradunak eskainitako zabalkunde-bideek eta garrantziak bestelako finantziazio-iturrienekiko antzekoak izan beharko dute.
2. Etxepare Euskal Institutuaren diru-laguntza jaso dela adierazten duen aipamena euskaraz egin beharko da edo, besterik ezean, Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialetan. Nolanahi ere, konpromiso hori ez dute bete beharko programa edo jarduera buruturik edukita diru-laguntzaren baten onuradunak direla adierazten duen jakinarazpen-idazkia jasoko duten entitateek.
Diru-laguntzaren bigarren zatiaren ordainketa 2012. urtean egiten bada, aurreko dokumentazioaz gain, entitate onuradunak zerga-zorrak kitatuta dituela egiaztatzen duen ziurtagiri gaurkotua ere erantsi beharko da, zerga mailako obligazioak bete direla egiaztatzeari buruzko Ogasun eta Finantza sailburuaren 1991ko urriaren 7ko Ebazpenaren arabera. Ebazpen hori, Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontuen pentzutako diru-laguntzen onuradunen zerga-obligazioei buruzkoa da.
1. Fiskal arloari dagokionez atzerrian helbideratuta dauden entitateek aurreko paragrafoan aipaturiko dokumentua aurkeztu behar izatetik salbuetsita badaude ere, kasuan kasuko bizileku-lurraldean eskumena duen organoak emandako bizileku fiskalaren ziurtagiria aurkeztea nahitaezkoa dute.
Kasuan kasuko justifikazioa aztertuta, horrek akatsen bat duela edo osatugabea dela Etxepare Euskal Institutua ohartuz gero, institutuak berak entitate interesdunari eskatuko dio, idatziz, akatsa edo akatsak zuzen ditzala edota falta diren dokumentua edo dokumentuak bidal ditzala eta horretarako hamar eguneko epea emango dio, jakinarazpen-idazkia jasotzen den egunaren biharamunean zenbatzen hasita.
Horretaz gain, justifikazioa aurkeztu duen entitate interesdunari igortzen zaion jakinarazpen-idazkian honako hau ere adieraziko zaio: eskatutako oro ezarritako epean aurkeztu ezik, honako ebazpen honen 26. artikuluak aipatzen dituen suposamenduetako batean sartuko litzatekeela entitate onuraduna eta, ondorioz, aipatu artikuluaren 2. puntuak dioena aplikatuko litzatekeela.
Eskatutako dokumentazioa aurkeztutako gastu-justifikante bati edo gehiagori dagozkion kasuan kasuko hirugarren interesdunari edo interesdunei egin beharreko ordainketa edo ordainketak gauzatu direla egiaztatzen dutena izanez gero, aurkezteko epea hilabetekoa izango da, jakinarazpen-idazkia jasotzen den egunaren biharamunean zenbatzen hasita. Nolanahi ere, egoera honek ez du eragozten 19.2.a) artikuluak aipatzen duen bigarren zatiaren ordainketa izapidetzea.
Kasu honetan, entitate interesdunari igortzen zaion jakinarazpen-idazkian honako hau ere adieraziko zaio: eskatutako dokumentazioa ezarritako epean aurkeztu ezik, esleitutako diru-laguntzaren zenbatekoa gutxiagotuko litzatekeela, horretarako propio emandako Kitapen-Ebazpen baten bitartez.
Entitate onuradunak aurkeztutako justifikazioan bertan jakinarazten badu ebazpena emateko unean kontuan edukitako baldintzetan ebazpena bera alda zezakeen intzidentziaren edo gertakariren bat izan dela eta aldaketa horiek egin baino lehen, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren 49.12 artikuluari jarraiki, eskumena duen organoak eman behar duen baimenaren tramitea alde batera utzi dela, Etxepare Euskal Institutuak aurkeztutako justifikazio hori onar dezake, baldin eta ez bada kalterik sortzen hirugarrenentzat.
Justifikazio-aldian Etxepare Euskal Institutuak aldaketak onartzeak ez du onuraduna salbuesten legozkiokeen bestelako zigorretatik.
Irizpideak.
Eskabidearekin batera aurkeztutako hasierako gastu-aurrekontua baino handiagokoa justifikatzeak ez dakar, inola ere, esleitutako behin-behineko diru-laguntzaren zenbatekoa gehitzeko eskubiderik.
Diru-laguntzak emateko kontuan izandako edozein baldintza aldatu egiten bada, eta, edozein kasutan, diruz lagundutako programaren edo jardueraren kostua gainditzen duten nazio mailako zein nazioarteko bestelako herri administrazioen edo entitate publiko zein pribatuen diru-laguntzak metaketa bidez eskuratzeak esleipen-erabakia aldatzea ekarriko du eta baita, hala badagokio, entitate onuradunak jasotako zenbatekoa itzuli behar izatea ere.
Diru-laguntzak esleitzearekin batera ezarritako baldintzaren bat edo gehiago ez betetzeak eragindako balizko aldaketetan aplikatuko diren graduazio-irizpideak zuzenki proportzionalak izango dira, beti ere honako bi aspektu kontuan harturik: alde batetik, aurkeztutako proiektuak eta behin betikoz gauzatutakoak eta, bestetik, aurreikusitako burutze-aurrekontua eta behin betikoz exekutatutakoa.
Partezko edo zatikako ez betetze kasuetan, itzuli beharreko diru-kopurua finkatzeko proportzionaltasun-printzipioa gidari izango da, kontuan hartuta, alde batetik, guztizko betetzearen eta partezkoaren arteko aldea nabarmena izan ez dadila eta, bestetik, entitate onuradunak bere gain hartutako konpromisoak betetzearen aldeko zalantzarik gabeko jarduna egon dadila.
1. Hori horrela, diruz lagundutako programa edo jardueraren xedea beteta ere, aurreikusitako burutze-aurrekontuaren eta behin betikoz exekutatutakoaren artean alde bat badago, esleitutako diru-laguntzaren zenbatekoa ez da gutxituko baldin eta jarraian jakinarazten diren hiru zirkunstantziak aldi berean gertatzen badira:
1.1. Aurreikusitako gastu-aurrekontuaren eta behin betikoz exekutatutakoaren arteko aldea % 15a edo hortik beherakoa izatea.
1.2. Behin betiko diru-laguntza bene-benetan exekutatutako gastuaren % 60a ez gainditzea.
1.3. Gainfinantziaziorik ez gertatzea.
2. Horiek horrela ez badira gertatzen, kasuan kasuko kitapen-ebazpena emango du eskumena duen organoak, eta esleitutako diru-laguntzaren murrizketa-gradua aldi berean gertatu ez den aipatu hiri zirkunstantzia horietako baten araberakoa izango da.
Prozedura.
Diru-laguntza justifikatzeko bidalitako dokumentazioa aztertu ondoren bigarren ordainketa gutxitu behar izatea edo hura bertan behera utzi beharra gertatuz gero, eta, hala badagokio, jasotakoa, oso-osorik nahiz haren zati bat, dena delako arrazoiarengatik Etxepare Euskal Institutuari itzuli behar izanez gero, Etxepare Euskal Institutuaren zuzendariak kitapen-ebazpen indibidualizatua emango du egiaztagiriak aurkezteko epea bukatzen den egunetik hasi eta handik bi hilabeteko epean, eta, hala badagokio, bi hilabeteko epea emango du ebazpenaren jakinarazpen-idazkia jasotzen denetik, dagokion diru itzulketa egin ahal izateko. Ebazpen horrek administrazio-bidea amaitzen du eta interesdunek, horren aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa ezarri ahal izango diote ebazpena eman duen Etxepare Euskal Institutuko Zuzendariari hilabeteko epean.
Honako hauek joko dira ez-betetzetzat:
Esleitutako diru-laguntza ez justifikatzea eta baita justifikaziorako aurkeztutako dokumentazioa zuzentzeko edota osatzeko errekerimenduari kasurik ez egitea ere, kasuan kasu 23.1 artikuluak ezarritako epeetan.
Laguntza jasotzea horretarako ezinbestekoak diren baldintzak bete gabe.
Jasotako diru-laguntza osoa edo haren zati bat lagundutako programak edo jarduerak ez diren bestelakoetarako erabiltzea.
Kitapen-ebazpenak diru-kopuru jakin bat itzuli behar izatea ekarriz gero, diru-kopuru hori horretarako ezarritako epean ez itzultzea.
Etxepare Euskal Institutuaren, Ekonomia eta Ogasun Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren edo Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren kontrol-lanari uko egitea edo oztopatzea.
Ebazpen honetan ezarritako betebeharrak edo bestelako xedapenek izaera orokorrez betetzeko ezartzen duten beste edozein betebehar ez betetzea.
Artikulu honen aurreko zenbakian ez-betetzat jotako suposamenduren bat gertatzen dela egiaztatzen bada, horrek ekarriko du ezingo zaiola exijitu Etxepare Euskal Institutuari diru-laguntzaren ordainketa egitea eta, hala badagokio, jasotako zenbatekoak eta kasuan kasu dagozkion interes legalak Etxepare Euskal Institutuari itzuli beharra, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuan eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan adierazitakoa betez eta horretarako ezartzen den prozedurari jarraituz.
Lehenengoa. 1. artikuluan izendatutako guztizko diru-zenbatekoa aldatu ahal izango da eskatutako laguntza guztien zenbatekoa kontuan izanda eta deialdi honetako eskabideak ebatzi aurretik, Etxepare Euskal Institutuaren beste egitarau batzuk egin ondoren ahitu gabe geratutako aurrekontuko diru erabilgarriaren arabera. Aipatutakoaren berri eman beharko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko den Etxepare Euskal Institutuko zuzendariaren ebazpen baten bitartez.
Bigarrena. Honako ebazpen honen izapidetzea dela-eta Etxepare Euskal Institutuak eskuratuko dituen norberaren datuak fitxategi automatizatu batean sartuko ditu, ondoren erabili ahal izateko, Datu Pertsonalak Babesteko 15/1999 Lege Organikok xedatutakoaren arabera.
Fitxategiko datuok ez zaizkio beste inori lagako eta fitxategia Etxepare Euskal Institutuak berak sustatutako diru-laguntzak kudeatzeko baino ez da erabiliko.
Aipatutako Lege horretan jasotzen den moduan, datuok ikusteko, zuzentzeko ezabatzeko edo kontra egiteko eskubideak erabili ahal izango dira. Horretarako, idazki bat bidali beharko zaio Etxepare Euskal Institutuko zuzendariari honako helbide honetara: Etxepare Euskal Institutua. Prim kalea 7. 20006 Donostia.
Hirugarrena. Laguntza-programa honek ez du Europako batzordearen baimena behar, honelaxe xedatuta dago-eta Batzordearen 2006ko abenduaren 15eko 1998/2006 araudian (araudi hori Tratatuko 87. eta 88. artikuluak «minimis» laguntzei aplikatzeari buruzkoa da). Izan ere, enpresa jakin bati emandako laguntza osoa ezin da izan 200.000 eurotik gorakoa edozein alditako hiru ekitaldi fiskaletan.
Lehenengoa. Administrazio-bidea amaitzen duen ebazpen honen aurka, interesdunek aukerako berraztertzeko errekurtsoa ezarri ahal izango diote Etxepare Euskal Institutuko zuzendariari hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita, edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietarako Sailari bi hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita.
Bigarrena. Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango du eragina.
Donostia-San Sebastián, 2011ko apirilaren 18a.
Etxepare Euskal Institutuko zuzendaria,
MARIA AITZPEA GOENAGA MENDIOLA.
Gaiarekin lotutako edukiak
Arauaren historia
- Zuzendutakoa: EBAZPENA, Etxepare Euskal Institutuaren zuzendariarena, zeinen bidez 2011ko apirilaren 18ko Ebazpenaren hutsak zuzentzen diren. Aipatutako abazpenaren bidez, euskararen eremu geografikotik kanpo euskal kultura sustatzeko eta hedatzeko xedea duten kultura
- Aldatutakoa: EBAZPENA, 2011ko irailaren 27koa, Etxepare Euskal Institutuaren zuzendariarena, euskararen eremu geografikotik kanpo euskal kultura sustatzeko eta hedatzeko xedea duten kultura programa edo jarduera bereziak garatzeko diru-laguntzak emateko modua arautzen


