Euskadi.eus
  • 20/2011 EBAZPENA, apirilaren 18koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, Eusko Jaurlaritzak egindako zenbait hitzarmen, beherago zehaztutakoak, argitaratzea xedatzen duena. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus

Arautegia

Inprimatu

20/2011 EBAZPENA, apirilaren 18koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, Eusko Jaurlaritzak egindako zenbait hitzarmen, beherago zehaztutakoak, argitaratzea xedatzen duena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Jaurlaritzaren Lehendakaritza
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 104
  • Hurrenkera-zk.: 2926
  • Xedapen-zk.: 20
  • Xedapen-data: 2011/04/18
  • Argitaratze-data: 2011/06/02

Gaikako eremua

  • Gaia: Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Sailak; Instituzional

Testu legala

Eusko Jaurlaritzak zenbait hitzarmen sinatu dituenez gero, zabalkunde egokia izan dezaten, honako hau

Euskal Herriko Unibertsitatearekin sinatutako lankidetza-hitzarmena, berdintasunerako masterra egiteko ikasketen prestakuntza-programaren barruan praktikak burutzekoa (I. eranskina).

Osasun, Gizarte Politika eta Berdintasun Ministerioarekin sinatutako lankidetza-hitzarmena, genero-indarkeriaren biktima diren emakumeei informazioa eta aholku emateko 016 telefono-zerbitzua eskaintzekoa (II. Eranskina).

Herri-Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4.b) artikuluan ezarritakoa betez, Eskoriatzako udalarekin sinatutako hitzarmena, Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioari zuzendutako idazkiak udal erregistroetan aurkezteko lankidetzari buruzkoa (III. eranskina)

Zumarragan bidaiarien geltoki intermodala eraikitzeko, Zumarragako udalarekin izenpetutako lankidetza-hitzarmena aldatzekoa (IV. Eranskina).

Hondarribiko udalerriko Muliate hirigintza-eremuan etxebizitza babestuak sustatzeko, Hondarribiko udalarekin sinatutako lankidetza-hitzarmena (V. Eranskina).

Vitoria-Gasteiz, 2011ko apirilaren 18a.

Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta

Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,

M.ª JESÚS CARMEN SAN JOSÉ LÓPEZ.

JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN APIRILAREN 18KO 20/2011 EBAZPENAREN I. ERANSKINA

LANKIDETZA-HITZARMENA, EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOAREN, HERRIZAINGO SAILAREN BIDEZ, ETA EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATEAREN ARTEKOA, BERDINTASUNERAKO MASTERRA EGITEKO IKASKETEN PRESTAKUNTZA PROGRAMAREN BARRUAN PRAKTIKAK BURUTZEKO.

Vitoria-Gasteiz, 2011ko otsailaren 15a.

BILDU DIRA:

Alde batetik, Rodolfo Ares Taboada jauna, Herrizaingoko sailburua den aldetik, Euskal Autonomia Erkidegoaren izenean.

Eta bestetik, Francisco Javier Quel López jauna, Euskal Herriko Unibertsitateko Zuzenbide Fakultateko dekanoa eta «Gizonen eta emakumeen berdintasunerako Masterra» izeneko berezko tituluaren proposamen-egilea.

PARTE HARTU DUTE:

Lehenengoa, Herrizaingoko sailburu gisa eta Euskal Autonomia Erkidegoaren izenean, maiatzaren 8ko Lehendakariaren 5/2009 Dekretuaren arabera, Herrizaingoko sailburua izendatzeko dena.

Bigarrena, Euskal Herriko Unibertsitateko Zuzenbide Fakultateko dekano gisa eta «Gizonen eta emakumeen berdintasunerako Masterra» izeneko berezko tituluaren proposamen-egilea.

ADIERAZI DUTE:

Lehenengoa. Alde biek praktika-hitzarmen hau sinatzeko beharrezko lege-gaitasuna aitortzen diote elkarri; horretan parte hartzen dute hitzarmen honen Euskal Herriko Unibersitatearen Zuzenbide Fakultateko «Gizonen eta emakumeen berdintasunerako Masterra» izeneko berezko tituluan matrikulatuta dauden ikasleek.

Bigarrena. UPV/EHUko Estatutuetako 123. artikuluan ezarritakoaren arabera, Gobernuaren Kontseiluak baimen dezakete, ikastegiek eta, hala badagokie, Ikerketarako Unibertsitate Sailak edo Institutuek proposatuta, beste erakunde batzuek zati bat irakastea, hitzarmenaren bidez eta irakaskuntzaren izaerako arrazoiengatik.

Hirugarrena. Berezko Ikasketen Araudiko 21. artikuluaren arabera, hitzarmenak sinatu ahal izango dira ikasleek praktikak egiteko, finantzaketarako, lokalak erabiltzeko eta egoki irizten zaion beste edozein helburutarako.

Laugarrena. Herrizaingo Saileko Araubide Juridiko eta Zerbitzuen Zuzendaritza da Saileko zuzendaritza eta arlo guztiekin, eta organismo autonomoekin, erakunde publikoekin eta erakunde horiei atxikitako organoekin lankidetzan aritzeaz, koordinatzeaz eta horiek guztiak indartzeaz arduratzen den organo eskuduna, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako den otsailaren 18ko 4/2005 Legean eta Eusko Jaurlaritzak onarturiko Berdintasunerako Planean xedaturikoa betearazteko. Araubide Juridiko eta Zerbitzuen Zuzendaritzaren borondatea da euskal gizarteak berdintasunerako arauen ezagutza bultzatzea, baita arlo horretan sentsibilizazio eta prestakuntza eraginkorra ere.

Bosgarrena. Aurreko adierazpen horiek kontuan hartuta, alde biek praktika-hitzarmen hau sinatu dute ondoko klausuletan xedatutakoari jarraiki.

KLAUSULAK

Lehenengoa. Xedea.

Programaren helburu nagusia da ikasleen prestakuntza indartzea, tituluan bereganatutako ezagutza teorikoak praktikan aplikatuz.

Bigarrena. Ikasleak.

Hitzarmen honetan parte hartzen duten ikasleak aukeratuak izan dira horretarako, eta bete egiten dituzte Gobernu Kontseiluak onartutako Berezko Ikasketen Araudiko baldintzak eta arautegi hori garatzen duten xedapen guztiak.

Hirugarrena. Praktiken lekua, gauzapena eta programa.

Hitzarmenaren eranskinean zehaztuko da kasu bakoitzean non egingo diren praktikak.

Praktiken iraupena eta ordutegiak zehaztuko dira horien ezaugarriak kontuan hartuta eta Herrizaingo Saileko Araubide eta Zerbitzuen Zuzendaritzak dituen aukeren arabera, eta, beti ere, ahalegina egingo da erakundearen ohiko jarduerari ahalik eta eragozpen txikiena sortzeko.

Edonola ere, elkarrekin adostuta ezartzen den ordutegia hitzarmen honen eranskinean azaldu behar da.

Praktiken programa Batzorde Akademikoak zehaztuko du praktikak hasi baino lehen. Programa erantsiko zaio hitzarmen honi eta bertan datu hauek zehaztuko dira, gutxienez:

UPV/EHUk emandako irakaskuntzako prestakuntza-programan hauek daude: egin beharreko praktika, lan edo proiektuak. Praktikak, lanak edo proiektuak zein erakundetan eta zein lekutan egingo diren.

Unibertsitateak ikasleei jarriko dien tutore akademikoa.

Enpresako instrukzio-egilea. Instrukzio-egile horri automatikoki emango zaio ordainik gabeko venia docendi eta kasuan kasuko UPV/EHU-ko sailaren aldez aurretik egindako txostena, hori ez bada berezko tituluaren antolatzailea.

Praktika-programaren arduraduna (berezko tituluaren zuzendari akademikoa, Batzorde Akademikoak zuzenean beste inor izendatu ez badu horretarako).

Praktikak egingo dituzten ikasleen zerrenda.

Egin beharreko praktiken, lanen edo proiektuen helburua.

Laugarrena. Herrizaingo Saileko konpromiso espezifikoak.

  1. Instalazioetan sartzeko aukera ematea eta hitzarmen honetako programa egiteko behar diren materialak eskura jartzea.

  2. Beharrezko informazioa eta aholkularitza ematea, praktika-lana burutzeko.

    Bosgarrena. EHUren konpromiso espezifikoak. Bestelako konpromisoak.

  1. Ikasleei prestakuntza eta aholkua ematea proiektuko gai espezifikoetan.

  2. Ikasleen praktika-jarduera jarraitzea, praktika-programaren arduradunaren eta ikasketa-tutorearen bidez.

  3. Ikasleei zein erakundeari beharrezko aholkularitza ematea, praktika-programa behar bezala garatzeko.

    Seigarrena. Ikasleen betebeharrak.

    Hitzarmen honen arabera, honako betebeharrak izango dituzte ikasleek:

    1. Enpresa/erakundeak jarritako ordutegi eta arauak betetzea.

    2. Ematen zaizkion zereginak ondo betetzen saiatzea.

    3. Harremanetan egotea tutoreekin eta programan daukaten zuzendariarekin haiek zehazten duten moduan.

    4. Ezartzen diren kontrol-dokumentuak betetzea.

    5. Sekretu profesionala gordetzea enpresa/erakundean dagoen bitartean eta ondoren.

      Zazpigarrena. Ikasketa-tutorearen betebeharrak.

      Hitzarmen honen arabera, hauek dira ikasketa-tutorearen betebeharrak:

    1. Praktikak gainbegiratzea eta sor litezkeen zalantza akademikoak argitzea.

    2. Praktikak amaitutakoan, ebaluazio txostena egitea.

      Zortzigarrena. Instrukzio-egilearen betebeharrak.

      Hitzarmen honen arabera, Herrizaingo Saileko Araubide Juridiko eta Zerbitzuen instrukzio-egilearen betebeharrak hauek dira:

    1. Ikaslearen lan-plana egitea.

    2. Ikasleari argibideak eta laguntza ematea, Herrizaingo Sailean dagoen bitartean zalantzak edo eragozpenak sortzen zaizkionean.

    3. Praktikak amaitutakoan, ebaluazio txostena egitea.

      Bederatzigarrena. Praktika Programaren arduradunaren betebeharrak.

      Hauek dira praktika Programaren arduradunaren betebeharrak:

    1. Azken ebaluazio-txostenak izan behar dituen ezaugarriak zehaztea.

    2. Argibideak eta laguntza ematea enpresako instruktoreari eta tutore akademikoari zalantzak edo eragozpenak sortzen zaizkienean.

      Hamargarrena. Herrizaingo Sailaren betebeharrak.

      Praktikak amaitutakoan, Herrizaingo Sailaren betebeharra da ikasleei egindako lanen ziurtagiria ematea; horretan, informazio-izaera zehaztuko da, baita Herrizaingo Sailarekin ikasleak duen lan-lotura eza ere.

      Hamaikagarrena. Herrizaingo Sailaren konpromisoak.

      Herrizaingo Sailak hitzarmen hau sinatzeak ez dakar berarentzat beste konpromisorik, hitzarmenean zehaztutakoez gain, eta, edozelan ere, hitzarmenak ez dio sortuko lan kontratu bati dagozkionak bezalako betebeharrik, enpresaren eta ikaslearen artean sortuko den harremana ez baita halakoa izango.

      Hamabigarrena. Erantzukizunak.

      1. Euskal Herriko Unibertsitateak erantzukizun zibileko poliza dauka kontratatua ikasleek praktikaldian sor litzaketen kalteetarako.

      2. Ez unibertsitateak ez praktiketako ikasleek ez dute erantzukizunik izango kalterik sortzen bada erakundeko/enpresako instruktorea praktiketako programatik kanpo emandako agindu edo jarraibideen ondorioz.

      3. Eskola-aseguruak ikasleak babesten ez dituenez, berezko tituluaren zuzendari akademikoak sinatutako polizen kargura babestuko dira izan litezkeen gertakizunak.

        Hamahirugarrena. Jarraipen Batzordea.

      1. Jarraipen-batzordea eratuko da eta lau kidek osatuko dute: Konstituzio Zuzenbide, Administrazio Zuzenbide eta Zuzenbidearen Filosofia Saileko bi ordezkari eta Herrizaingo Saileko beste bi. Ordezkari horiek hitzarmena sinatzen duten alderdiek izendatuko dituzte eta ondoko funtzioak bete beharko dituzte:

        1. Ikasle bakoitzak zein zerbitzutan egingo dituen praktikak zehaztea.

        2. Praktikak egitean edo hitzarmena betetzean sor litezkeen interpretazio eta aplikazio-arazoak konpontzea.

        3. Praktikak egitean gerta litezkeen diziplina akademikoko gertakizunak batzorde akademikoari jakinaraztea.

      2. Hitzarmena sinatzen duten alde biak izango dira batzordearen buru, txandaka, ikasturte batez; lehenbiziko txanda EHUri dagokio.

      3. Klausula honek arautzen duen Batzordea arautuko da emandako funtzionamendu-arauen arabera, eta horiek errespetatuko dituzte Herri Administrazioen Araubide Juridiko eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeak II. tituluko II. kapituluan kide anitzeko organoentzat ezartzen dituen xedapenak.

        Hamalaugarrena. Hitzarmenaren araubidea eta interpretazioa.

      1. Hitzarmen honek administrazio izaera du eta, interpretatzeko eta garatzeko, indarreko ordenamendu juridiko-administratiboari lotu behar zaio.

      2. Hitzarmen honek edo haren aplikazioak sor ditzakeen arazoak Jarraipen-batzordeak erabaki beharko ditu, aurreko klausulan datorrenaren arabera.

        Hamabosgarrena. Hitzarmenaren iraupena eta ondorioak.

      1. Hitzarmen hau aldeek sinatzen dutenean sartuko da indarrean eta indarraldia 2011ko abenduaren 31n bukatuko da.

      2. Hitzarmen hau bukatzeko aurreikusi den egunaren aurreko bi hilabeteen barruan, hitzarmena amaitutzat eman nahi duela adieraz dezake aldeetariko edozeinek. Kasu horretan, hitzarmen hau amaitutzat joko da amaierarako aurreikusi den egunean.

        Aldeetariko edozeinek halakorik adierazi ezean, hitzarmena berez luzatutzat joko da beste urtebeterako.

      3. Aldeetako batek ez baditu betetzen bere gain hartuak zituen konpromisoak, besteak eskubidea izango du hitzarmenaren suntsiarazpena eskatzeko.

        Eta horren guztiaren ondorioz, eta horrekin guztiarekin ados, hona agertu direnek sinatu egiten dute hitzarmena, hiru aletan, goiburuan adierazitako lekuan eta egunean.

        Herrizaingoko sailburua,

        RODOLFO ARES TABOADA.

        UPV / Euskal Herriko Unibertsitateko

        Zuzenbide Fakultateko dekanoa

        FRANCISCO JAVIER QUEL LÓPEZ,

        JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN APIRILAREN 18KO 20/2011 EBAZPENAREN II. ERANSKINA

        LANKIDETZA HITZARMENA, OSASUN, GIZARTE POLITIKA ETA BERDINTASUN MINISTERIOAREN ETA EUSKO JAURLARITZAKO HERRIZAINGO SAILAREN ARTEKOA, GENERO INDARKERIAREN BIKTIMA DIREN EMAKUMEEI INFORMAZIOA ETA AHOLKU EMATEKO 016 TELEFONO-ZERBITZUA ESKAINTZEKOA.

        Madrilen, 2011ko otsailaren 2a.

        BILDU DIRA:

        Alde batetik, Leire Pajín Iraola andrea, Osasun, Gizarte-politika eta Berdintasun ministroa, urriaren 20ko 1329/2010 Errege Dekretuaren bidez izendatua (Estatuko Aldizkari Ofiziala, 255. zenbakia, 2010eko urriaren 21ekoa), Estatuko Administrazio Orokorraren izenean eta haren ordezko gisa, urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatzen duen (12. zenbakiko Estatuko Aldizkari Ofiziala, 1999ko urtarrilaren 14koa) Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legean xedatutakoaren arabera, baita Autonomia erkidegoekin lankidetza-hitzarmenak egiteko eskumenari buruzko 1998ko uztailaren 3ko Erabakiak (1998ko uztailaren 16ko BOE) aldatzen duen 1990eko martxoaren 2ko Ministro Kontseiluaren Erabakian (1990eko martxoaren 16ko BOE) xedatutakoaren arabera ere.

        Eta, bestetik, Rodolfo Ares Taboada jauna, Herrizaingoko sailburua, maiatzaren 8ko 5/2009 Dekretuaren bidez izendatua (Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria, 86. zenbakia, maiatzaren 9koa), Eusko Jaurlaritzaren izen eta ordezkaritzan, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituenak eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen Jaurlaritzako Lehendakaritzako maiatzaren 8ko 4/2009 Dekretuaren 6.1.i) artikuluan ezarritakoaren arabera.

        Bi aldeek hitzartzeko eta izenpetzeko gaitasuna aitortzen diote elkarri eta horretarako

        ADIERAZI DUTE:

        Lehenengoa. Genero-indarkeriaren Aurkako Babes Osorako Neurriei buruzko abenduaren 28ko 1/2004 Lege Organikoak (aurrerantzean, Lege Integrala) 18. artikuluan aitortzen du genero-indarkeriaren biktima diren emakumeek eskubidea dutela euren egoera pertsonalaren inguruko informazio osoa eta aholkularitza egokia izateko, Administrazio publikoek izan ditzaketen zerbitzuen bidez.

        Informazio horretara bilduko dira Lege Integralean jasotako neurriak, biktima horien babesari eta segurtasunari buruzkoak, eta lege horretan jasotako eskubide eta laguntzak; baita arreta, larrialdi, babes eta sendabide osorako zerbitzuak emango diren lekuaren aipamena ere.

        Halaber, beharrezko bideak erabilita ziurtatuko da genero-indarkeriaren biktima diren emakume minusbaliatuek zein, euren inguruabar pertsonal edo sozialengatik, informazio osoa eskuratzeko eragozpen gehiago izan dezaketen emakumeek, eskubide horren benetako erabilera bermatuta izatea.

        Bigarrena. Genero-indarkeriari aurre egiteko, 2006ko abenduaren 15ean Ministro Kontseiluak onartutako Presako Neurrien Katalogoak aurreikusten du genero-indarkeriaren biktima diren emakumeei informazioa eta arreta emateko telefono-zerbitzu berria abian jartzea, eguneko 24 orduetan laguntza espezializatua eskainiz.

        Telekomunikazioen eta Informazioaren Gizarterako Estatu Idazkaritzaren 2007ko ekainaren 19ko Ebazpenaren bidez, labur markatzeko 016 telefono zenbakia Osasun, Gizarte Politika eta Berdintasun Ministerioari esleitu zitzaion, era horretan genero-indarkeriaren biktima diren emakumeek informazioa eta aholkularitza juridikoa jaso ditzaten Telefono-zerbitzua emateko, Estatu osorako eta 24 ordutan; eta, Berdintasun Politiketarako Idazkaritza Nagusiaren 2007ko uztailaren 9ko Ebazpen bidez, telefono-zenbaki hori zerbitzuan jartzeko 2007ko abuztuaren 1a finkatu zen.

        Hirugarrena. Genero-indarkeriaren biktima diren emakumeei Informazioa eta aholkularitza juridikoa emateko Zerbitzu telefonikoak, Estatu osorako eta 24 ordutan aritzeko, honako ezaugarri hauek ditu:

        1. Doakoa da.

        2. Eguneko 24 orduetan jardunean aritzen da.

        3. Espainiako edozein tokitatik egiten diren dei guztiak hartzen dira.

        4. Zerbitzua erabiltzen dutenen datuen konfidentzialtasuna bermatzen da.

        5. Entzumen-urritasuna duten pertsonak zerbitzuan sartu ahal izatea bermatzen da. Horretarako, entzumen-urritasuna duten pertsonei arreta emateko 900 116 016 zenbaki berezia jarri da.

        6. Deiak 24 ordutan gaztelaniaz eta ondorengo hizkuntzetan hartzen dira: ingelesa, frantsesa, katalana, galiziera, euskara, alemana, arabiera, txinera, portugesa eta errumaniera. Gainera, astelehenetik ostiralera, 08:00etatik 18:00etara, beste 42 hizkuntzatan.

        7. Genero-indarkeriarekin lotutako larrialdi-deiei arreta jartzen zaie eta desbideratzen dira.

        8. Biktimen eskubideei eta baliabide erabilgarriei buruzko informazio eguneratua: genero-indarkeriaren biktimentzat eskuragarri dauden enplegua, gizarte-zerbitzuak, diru-laguntzak, informazio- eta laguntza-bitartekoak.

        9. Aholkularitza juridikoa:

          Urteko egun guztietan, 09:00etatik 21:00etara, astelehenetik ostiralera, eta 12:00etatik 20:00etara larunbat, igande eta jaiegunetan.

          Esperientziaren eta lanbide-ezagutzen arabera, Zigor Zuzenbide, Familiako Zuzenbide Zibil eta Lan Zuzenbidearen arloan genero-indarkeriaren gainean egiten diren kontsultez erabakia hartuko du.

          Beharrezkoa izanez gero, genero-indarkeriaren biktima diren emakumeei informazioa emango die, hala eskatzen badute, zuzen esku hartzeko dauden beste programa eta baliabide batzuei buruz, baita legezko esku-hartzea berehala egiteko berariazko zerbitzuei eta Ofiziozko Txandei buruz ere.

          Laugarrena. Osasun, Gizarte Politika eta Berdintasun Ministerioaren eskumenetan, oro har, emakumeen eta gizonen arteko aukera-berdintasunerako politikak bultzatzea dago; baita, emakumeei eragindako indarkeriari loturiko gaietan, Estatuko Administrazio Orokorraren politika publikoak planifikatu, zuzendu, koordinatu eta ebaluatzea ere. Horregatik, Osasun, Gizarte Politika eta Berdintasun Ministerioari dagokio, Genero Indarkeriaren aurkako Gobernu Ordezkaritzaren bitartez, genero-indarkeriaren biktima diren emakumeei informazioa eta aholkularitza juridikoa emateko Zerbitzu telefonikoa eskaintzea.

          Bosgarrena. 2007ko uztailaren 23an egindako Emakumearen Sektoreko Konferentzian Osasun, Gizarte Politika eta Berdintasun Ministerioak eta Autonomia Erkidegoek eta Ceuta eta Melillako hiriek erabaki zuten lankidetza-hitzarmenak egitea genero-indarkeriaren biktima diren emakumeen informazio-eskubidea bermatzeko tresna gisa informazioa eta aholkularitza emateko zerbitzu telefonikoaren bidez.

          Seigarrena. Euskal Autonomia Erkidegoari eskumenak dagozkio gizarte-laguntzaren arloan, Euskadiko Autonomia Estatutuaren 10.12 artikuluak dioen bezala. Eskumen horiek garatzeko, eta emakumeen kontrako indarkeriari erantzuteko berariazko eremuan, Euskal Autonomia Erkidegoa bitartekoez hornitu da eta egun tresna eta zerbitzu ugari du; hala nola, Etxeko Tratu Txarren eta/edo Sexu-erasoaren Biktima diren Emakumeentzako Telefono bidezko Arreta Zerbitzua. Hain zuzen, zerbitzu hori 2006. urtearen hasieran EAE osorako hasi zen bere arreta eskaintzen eta zerbitzuen sare nagusian sartuta dago. Sare horrek baliabide-sistema trinko eta koherentea du arreta jarri behar den egoera eta premia guztietan erantzuna emateko; halako moldez non erakundeetatik zabaltzen diren ekintza guztiak, betiere beharren arabera, elkarren osagarri, eta sekuentziatu, elkartu edo gainjartzen baitira.

          Zazpigarrena. Genero-indarkeriaren Biktima diren Emakumeei Laguntzeko autonomia-erkidegorako eta 24 ordutarako den Telefono bidezko Arreta Zerbitzuak honako ezaugarri hauek ditu:

          Doakoa da.

          Eguneko 24 orduetan jardunean aritzen da, urteko egun guztietan.

          Sarbide unibertsalekoa, genero-indarkeria mota guztien biktima diren emakumeentzat, senideentzat edo hurbileko pertsonentzat eta arreta-zerbitzu publikoetako profesionalentzat.

          Konfidentzialtasuna eta anonimotasuna bermatzen ditu, deitzen duenarena zein deia egiten den tokiarena egindako deiaren erregistroa ez da geratzen fakturetan.

          Deiak 51 hizkuntzatan erantzuten dira. Deiak eguneko 24 orduetan erantzuten dira eta erabili ahal diren hizkuntzak gaztelania, euskara eta ondorengo hauek dira: ingelesa, frantsesa, portugesa, mandarina, arabiera, errumaniera. Horiez gain, astelehenetik ostiralera, 08:00etatik 18:00etara, beste 44 hizkuntza erabili ahal dira.

          Entzumen-urritasuna duten pertsonentzako/emakumeentzako arreta bermatzen da.

          SOS Deiakekin koordinatuta larrialdietako telefonoa-, 112 telefonoaren bidez horren beharra duten pertsonei berehalako arreta eskaintzen zaie.

          Aholkularitza juridikoa: aholkularitza juridikoa genero-indarkerian eta familia-zuzenbidean aditua den abokatu batek emango du, indarkeriaren biktima den emakumeak hala eskatzen duenean.

          Arreta ikuspegi integralarekin eskaintzen da, hartzailetzat emakumeak, beren seme-alabak edo beren ardurapeko adineko pertsonak hartuz.

          Jarduteko printzipioa da zerbitzuak ez gainjartzea, era horretan sarea ez bikoizteko edo desegituratzeko.

          Bere balio nagusia laguntza psikologiko espezializatua ematea da, hurbiltasuna eta; halaber, kasua bideratzeko edo modu koordinatuan esku hartzeko baliabideak sakon ezagutzea.

          Zerbitzu telefonikoaren balio erantsi gisa aipatu behar da bere gaitasuna gizarte-, osasun-zerbitzu edo zerbitzu judizialetarako sarbidea dinamizatu eta zabaltzeko, eta inola ere ez beraiek ordezkatzeko.

          Sektore Publikoaren Kontratuen urriaren 30eko 30/2007 Legearen 4.1.c) artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, Hitzarmen hau lege horren aplikazio-eremutik kanpo geratzen da.

          Horrenbestez, alde biek, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen (4/1999 Legeak aldatua) 6. artikuluan ezarritakoari jarraiki, adostu dute lankidetza-hitzarmen hau sinatzea. Hona hemen bete beharreko

          KLAUSULAK

          Lehenengoa. Hitzarmenaren xedea.

          Hitzarmen honen xedea da Estatuko Administrazio Orokorraren; Osasun, Gizarte Politika eta Berdintasun Ministerioaren bidez, eta Euskal Autonomia Erkidegoaren artean, Herrizaingo Saileko Genero Indarkeriaren Biktimei Laguntzeko Zuzendaritzaren bidez, lankidetzan aritzea genero-indarkeriaren biktima diren emakumeei informazioa eta aholkularitza juridikoa emateko zerbitzu telefonikoa eskaintzeko; hain zuzen, Genero Indarkeriaren Aurkako Babes Osorako Neurriei buruzko abenduaren 28ko 1/2004 Lege Organikoaren 18. artikuluan aitortutako informazio-eskubidearen berme gisa.

          Bigarrena. Aldeen konpromisoak.

          Euskal Autonomia Erkidegotik, genero-indarkeriari lotuta, egingo diren deiak Osasun, Gizarte Politika eta Berdintasun Ministerioak bermatuko du Euskal Autonomia Erkidegoko Genero-indarkeriaren Biktima diren Emakumeei Laguntzeko Telefono bidezko Arreta-zerbitzura bideratuko direla eta, halaber, erabiltzaileari beti deia zein telefonotara bideratuko den jakinaraziko zaiola.

          Era berean, Euskal Autonomia Erkidegotik erabiltzaileak egindako deiaren bitartez aholkularitza juridiko espezializatua eskatuz gero, Osasun, Gizarte Politika eta Berdintasun Ministerioak bermatuko du deia genero-indarkeriaren biktima diren emakumeei laguntzeko arreta-zerbitzura bideratuko dela eta, halaber, erabiltzaileari beti deia zein telefonotara bideratuko den jakinaraziko zaiola.

          Hori horrela izanda ere, Euskal Autonomia Erkidegotik egiten diren deiak, zerbitzua teknikoki bideragarria izan bezain laster; Osasun, Gizarte Politika eta Berdintasun Ministerioak bermatuko du era automatikoan eta aurrizki bitartez Euskal Autonomia Erkidegoko Genero Indarkeriaren Biktimei Laguntzeko Telefono bidezko Arreta-zerbitzura bideratuko direla.

          Halaber, Euskal Autonomia Erkidegoak genero-indarkeriari buruzko deiak 016 zerbitzu telefonikora bideratu ahalko ditu deiari behar bezalako arreta ematen zaiola bermatzeko.

          Osasun, Gizarte-politika eta Berdintasun Ministerioak bermatuko du autonomia erkidegoko zerbitzu telefonikoaren zabalkundea eta; horretarako, publizitate-bide grafikoetan (prentsa idatzia, aldizkariak, liburuxkak,) eta kanpokoetan Euskal Autonomia Erkidegoko lurraldean burutuko diren kanpainetan, 016 zerbitzu telefonikoarekin batera, Euskal Autonomia Erkidegoko 900 840 111 zerbitzu telefonikoa azalduko da; Osasun, Gizarte Politika eta Berdintasun Ministerioak egin beharreko publizitate-kanpaina bakoitzean Euskal Autonomia Erkidegoarekin zabalkunde-moduak adostea eragotzi gabe.

          Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak bermatuko du 016 zerbitzu telefonikoaren zabalkundea; hain zuzen, genero-indarkeriaren biktima diren emakumeei arreta eskaintzeko baliabide gisa, publizitate-bide grafikoetan (prentsa idatzia, aldizkariak, liburuxkak,) eta kanpokoetan Euskal Autonomia Erkidegoko lurraldean burutuko diren kanpainetan.

          Osasun, Gizarte-politika eta Berdintasun Ministerioak konpromisoa hartzen du, Euskal Autonomia Erkidegoaren lurraldetik egindako deiak kontuan hartuta, hiru hilean behin erantzundako deiei buruzko informazioa eta estatistikak emateko; baita bideratu ez diren deien kopuruari eta ez bideratzeko arrazoiei buruzkoak ere.

          Hirugarrena. Jarraipenerako Bitariko Batzordea.

          Hitzarmen honen jarraipena egiteko, Hitzarmenaren Jarraipenerako Bitariko Batzorde bat sortuko da.

          Jarraipenerako Bitariko Batzordea osatuko dutenak honako hauek dira:

          1. Berdintasun Politiketarako Idazkaritza Nagusiak izendatutako bi pertsona; Osasun, Gizarte Politika eta Berdintasun Ministerioaren aldetik.

          2. Herrizaingo Saileko Genero Indarkeriaren Biktimei Laguntzeko Zuzendaritzak izendatutako bi pertsona, Euskal Autonomia Erkidegoaren aldetik.

          3. Gobernuak Euskal Autonomia Erkidegoan duen Ordezkaritzaren ordezkari bat, Estatuko Administrazio Orokorraren Antolaketa eta Jardunbideari buruzko apirilaren 14ko 6/1997 Legearen 27.1.b) artikuluan aurreikusitakoaren arabera.

            Kide anitzeko organo honen lehendakaritza, kalitate-botoa izango baitu, eta idazkaritza Jarraipenerako Bitariko Batzorde hau osatzen duten alde sinatzaileen ordezkariei txandaka egokituko zaizkie.

            Jarraipenerako Bitariko Batzordearen eginkizunak honako hauek dira: hitzarmen honetan ezarritakoa betetzen dela zaintzea, hitzarmena betetzean sor daitezkeen zalantzak argitzen saiatuz, eta burutzeko eta jarraitzeko beharrezkoak diren agiri teknikoak eta txostenak zehaztea.

            Jarraipenerako Bitariko Batzordeak berak zehaztu duen maiztasunaz bilduko da, baina gutxienez urtean behin.

            Jarraipenerako Bitariko Batzordearen funtzionamenduak, osagarri gisa, jarraituko dio Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko II. tituluaren II. kapituluan ezarritakoari.

            Laugarrena. Hitzarmenaren Iraupena.

            Hitzarmen hau izenpetu eta biharamunean sartuko da indarrean, 2011ko abenduaren 31 arte, eta berritu ahal izango da iraupen berbereko denboraldi gehiagotarako isilbidezko luzapena eginez.

            Bosgarrena. Hitzarmena amaitzeko arrazoiak.

            Aurreko klausulan ezarritako iraupena gorabehera, aldeetako batek hitzarmena betetzen ez badu, hitzarmena iraungi egingo da. Iraungitzeak legezko ondorioak izango ditu, bete ez dena eta ez-betetzea gertatu den unea kontuan hartuta. Hitzarmena amaitzeko beste arrazoi batzuk ere izan daitezke ondorengo hauek: xedea betetzea, ezinbestea, bi aldeen adostasuna edo hitzarmenean aurreikusitakoa aurrera eramateko ezintasuna.

            Hitzarmena iraungiz gero, bi aldeak behartuta daude beren konpromisoak betetzera amaiera gertatzen den arte.

            Seigarrena. Izaera juridikoa.

            Hitzarmen honek administrazio-izaera du eta, beraz, Sektore Publikoko Kontratuen urriaren 30eko 30/2007 Legearen aplikazio-eremutik kanpo dago, hori guztia lege beraren 4.1.c) artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.

            Lankidetza Hitzarmen honen administrazio-izaera dela eta, bere klausulak interpretatzean eta betetzean sor litezkeen auziak administrazioarekiko auzien jurisdikzioko epaitegi eta auzitegian ebatzi beharko dira.

            Eta, ados daudela erakusteko, aldeek Lankidetza Hitzarmen honen hiruna ale sinatu dituzte, goiburuan adierazitako tokian eta egunean.

            Osasun, Gizarte Politika eta Berdintasuneko Ministroa,

            LEIRE PAJÍN IRAOLA.

            Herrizaingoko sailburua,

            RODOLFO ARES TABOADA.

            JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN APIRILAREN 18KO 20/2011 EBAZPENAREN III. ERANSKINA

            HITZARMENA, EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOA ETA ESKORIATZAKO UDALAREN ARTEKOA, HERRI ADMINISTRAZIOEN ARAUBIDE JURIDIKOAREN ETA ADMINISTRAZIO PROZEDURA ERKIDEARI BURUZKO 30/1992 LEGEAREN 38.4.B) ARTIKULUAN EZARRITAKOA BETETZEKOA.

            (EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO ADMINISTRAZIOARI ZUZENDUTAKO IDAZKIAK UDAL ERREGISTROETAN AURKEZTEKO LANKIDETZA).

            Vitoria-Gasteizen, 2011ko otsailaren 25ean.

            BILDU DIRA:

            Batetik, Idoia Mendia Cueva andrea, Justizia eta Herri Administrazioko sailburua dena, EAEren ordezkari gisa, eta bestetik,

            Pedro Lasagabaster Armendariz, Eskoriatzako Udaleko alkate-lehendakari jauna, esandako udalaren ordezkari gisa.

            Bi ordezkariok, ondorengo manu hauek emandako eskumenak erabiliz dihardute: batetik, Justizia eta Herri Administrazio Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen dituen abenduaren 28ko 472/2009 Dekretua nahiz Jaurlaritzaren Kontseiluak, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 30/1992 Legearen 38.4.b) artikuluan aurreikusitako hitzarmenak gauzatzeko, 1996ko urriaren 29an hartutako Erabakia; eta bestetik, Toki Araubidearen Oinarriak Arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legea nahiz, Toki Araubide arloko indarrean dauden xedapenen Testu Bateratua onartu zuen apirilaren 18ko 781/1986 Legegintzazko Errege Dekretua.

            Bi aldeek, elkar onartzen dute eta elkarri aitortzen diote honako hitzarmen hau gauzatzeko legezko gaitasuna. Horretarako zera

            ADIERAZI DUTE:

            30/1992 Legearen 38.4.b) artikuluaren arabera, Administrazio Publikoei zuzendutako eskaera, idazki eta jakinarazpenak, Estatuko Administrazio Orokorreko nahiz Autonomia Erkidegoetako edozein organotako erregistroan edota Toki-Administrazioko erakunderen batetakoan aurkez daitezke, betiere, azken kasu honetan, dagokion hitzarmena sinatu bada.

            Aipatutako manu hori betetzea eta herritarren eta administrazio publikoen arteko harremanak erraztea da gaur sinatzen den hitzarmen honen helburua; izan ere, administrazio sinatzaileek lehendik zuten asmoa, hots, herritarrek, EAEko Administrazioaren edozein organo edo erakunderi zuzendu nahi dizkioten agiriak Eskoriatzako Udalaren erregistroetan, eraginkortasun osoz, aurkeztu ahal izatea, gauzatu egiten da honako hitzarmen hau dela medio.

            Gauzak horrela, arestian aipatutako administrazioek hitzarmen hau sinatzen dute. Hona hemen hitzarmenaren

            KLAUSULAK

            Lehenengoa. Hitzarmen honen helburua da, EAEko Administrazioari eta nortasun juridikoa duten zuzenbide publikoko erakundeei herritarrek zuzentzen dizkioten eskaera, idazki eta jakinarazpenak Eskoriatzako Udalaren erregistroetan aurkeztu ahal izatea.

            Bigarrena. EAEko Administrazioari eta nortasun juridikoa duten zuzenbide publikoko erakundeei herritarrek zuzentzen dizkieten eskaera, idazki eta jakinarazpenak Eskoriatzako Udalaren erregistroetan aurkezten direneko data hartuko da kontuan interesatuek epeak betetzeari dagokionean; ildo horretatik, 30/1992 Legearen 48. artikuluan ezarritakoari jarraituko zaio.

            Hirugarrena. Eskoriatzako Udalak honako konpromiso hauek hartzen ditu:

            1. EAEko Administrazioko organoei edo administrazio horri atxikiriko zuzenbide publikoko erakundeei herritarrek zuzentzen dizkieten eskaera, idazki eta jakinarazpenak bere erregistroetan onartzea.

            2. EAEko Administrazioari zuzendutako eskaera, idazki eta jakinarazpenei bere erregistroetan sarrera ematea, eta honako hauek idatzita gordetzea: sarrera-zenbakia, izenburua, idazkia jaso zeneko eguna eta ordua, interesatuaren datuak, eta, hala dagokionean, idazkia bidali duen organoaren izena, edo bidaltzen zaion pertsona edo organoaren izena; behar denetan, idazki edo jakinarazpenaren laburpena ere jasoko da; hori guztia 30/1992 Legearen 38.3 artikulua eta bigarren xedapen gehigarriaren arabera.

            3. Agiriok erregistroan jaso eta, beranduen, handik bi egunetara, dagozkien organo edo erakundeei zuzenean bidaltzea, betiere, irteera-data idatzita egongo delarik. Agiriok ahalik eta azkarren jaso daitezen, ahal delarik behintzat, egoki iritzitako teknika eta bitarteko elektroniko, informatiko eta telematikoak erabiliko dira; betiere, 30/1992 Legearen 45. artikuluan eta horrekin bat datozen gainerako manu eta xedapenetan aurreikusten diren berme eta betebeharrak kontuan izanik.

              Laugarrena. EAEko Administrazioak honako konpromiso hauek hartzen ditu:

            1. Eskoriatzako Udalari, administrazioa osatzen duten organo eta erakundeei buruzko informazioa ematea, hala nola informazio hori, etengabe, eguneratzea.

            2. Eskoriatzako Udalari baliabide egokiak ematea, honek, EAEko Administrazioari eta honi atxikitako zuzenbide publikoko erakundeei buruzko informazioa eman diezaien herritarrei.

            3. Erregistroak informatizatzeko laguntza teknikoa eta behar den lankidetza eskaintzea.

              Bosgarrena. Baldin eta, hitzarmen hau sinatzen duten administrazioek euren erregistroak informatizatzeko neurririk hartzen badute, elkarri jakinarazteko konpromisoa hartzen dute, betiere, neurriok interkomunikazio sistemen bateragarritasuna eragiten badute; horrelakoetan, administrazio sinatzaileok, aipatutako bateragarritasuna eta euren erregistroen arteko koordinazioa bermatzeko hitzarmena sinatzen dute.

              Seigarrena. Hitzarmen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunetik aurrera, lau urtez egongo da indarrean. Baldin eta, administrazio sinatzaileetako batek, hitzarmena amaitu baino, gutxienez, bi hilabete lehenago, espresuki, kontrakorik ez badio, hitzarmen hau, besterik gabe, beste lau urtetarako luzatuko da.

              Hitzarmena, ondorengo arrazoi hauek direla kausa ere iraungi egingo da: administrazio sinatzaileek adostasunez hala erabakitzen badute; edota administrazioetako batek, beste administrazioak hitzarmenean ezarritako betebeharrak nabarmenki urratu dituelako, bere aldetik hala erabakitzen badu.

              Hitzarmen honen formalizazioa nahiz iraungipena, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean eta Eskoriatzako Udaleko iragarki taulan argitaratuko dira.

              Zazpigarrena. Hitzarmen honen interpretazioa eta aplikazioa direla eta sor daitezkeen zalantza eta eztabaiden inguruko erabakiak hartzea, Justizia eta Herri Administrazioko sailburuari dagokio; erabakiok betearazleak izango dira eta haien kontra administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahalko da.

              Ados daudela adierazteko, hala jasota gera dadin eta dagozkion ondorioak izan ditzan, interesatuek jatorrizko bi aleak sinatu dituzte, idazpuruan esandako lekuan eta egunean.

              Justizia eta Herri Administrazioko sailburua,

              IDOIA MENDIA CUEVA.

              Eskoriatzako Udaleko alkate-lehendakaria,

              PEDRO LASAGABASTER ARMENDARIZ.

              JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN APIRILAREN 18KO 20/2011 EBAZPENAREN IV. ERANSKINA

              ZUMARRAGAN BIDAIARIEN GELTOKI INTERMODAL BAT ERAIKITZEKO, EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO ADMINISTRAZIOAREN ETA ZUMARRAGAKO UDALAREN ARTEAN SINATUTAKO LANKIDETZA-HITZARMENAREN ALDATEKA

              Bildu dira, batetik, Ignacio María Arriola López jauna, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburua, eta, bestetik, Mikel Serrano Aperribay jauna, Zumarragako alkate-udalburua.

              ESKU HARTU DUTE:

              Lehenengoak, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburu den heinean eta haren ordezkari legez, horretarako baimena eman baitio Jaurlaritzaren Kontseiluak 2010eko abenduaren 28an egindako bilkuran.

              Bigarrenak, Toki-Jaurbidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 21. artikuluak, apirilaren 21eko 11/1999 Legearen 1.3 artikuluak aldatuak, udalaren legezko ordezkari gisa jarduteko ematen dion ahalmena erabiliz.

              Aldeek bata besteari beharrezko legezko gaitasuna onartzen diote lankidetza-hitzarmen hau aldatzeko eta

              ADIERAZI DUTE:

              Lehenengoa. 2009ko urriaren 6an Jaurlaritzaren Kontseiluak baimena eman zuen Zumarragan bidaiarientzako geltoki intermodal bat eraiki ahal izateko Zumarragako Udalarekin lankidetza-hitzarmen bat sinatzeko, eta horren arabera, EAEko Administrazioak milioi bat euro (1.000.000) jarri behar zituen, Euskal Autonomia Erkidegoaren 2009, 2010 eta 2011ko Aurrekontu Orokorretako 09.0.1.16.21.0100.2.722.01.51421.005.M partidatik, honela banatuta:

              2009: 600.000 euro

              2010: 200.000 euro

              2011: 200.000 euro

              Hitzarmena 2009ko azaroaren 24an sinatu zen.

              Bigarrena. Baina horrelako azpiegitura intermodalen garrantzia ikusirik eta mugikortasun iraunkorra lortzeko, Eusko Jaurlaritzak horrelako ekimenei eman nahi dien babesa kontuan izanik, ekarpena handitzea komeni da, eta horretarako udalarekin sinatutako hitzarmena aldatu beharra dago.

              Hirugarrena. Horiek horrela, 2009ko azaroaren 24ko lankidetza-hitzarmena aldatu eta honela uztea erabaki da,

              KLAUSULAK

              Lehenengoa. Hirugarren klausula honela utziko da:

              Hirugarrena. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren konpromisoak.

              Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak, Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailaren bidez, honako konpromiso hauek hartuko ditu bere gain:

              1. Milioi bat laurehun eta berrogeita hamar mila euro (1.450.000) finantzatu eta ordainduko du, Zumarragan bidaiarientzako geltoki intermodal bat eraikitzeko proiektuan jasotako lanak egiteko; diru hori honela banatuko da aurrekontuetan:

                2009: 600.000 euro

                2010: 450.000 euro

                2011: 400.000 euro.

              Bigarrena. Seigarren klausula honela geratzen da:

              Seigarrena. Laguntzaren zertarakoa eta ordainketa.

              1. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren laguntzaren zenbatekoa kontratazioak normal burutzeak eragindako gastuak finantzatzeko soilik erabili ahal izango da. Beraz, ezin izango dira horren kontura ordaindu, ez kontratazio-organoari dagozkion kontratu bidezko betebeharrak ez betetzeagatik sortutakoak (konparazio batera, zuinketa gaizki egiteagatik, terrenoak eskura ez izateagatik edo gastu-ziurtagiriak berandu ordaintzeagatik sortutakoak), ez eta bestelako kontzeptu batzuk, esan nahi baita, finantza-kostuak, edo terrenoak erosi, proiektuak idatzi, zuzendaritza eta ikuskapen-lanak egin, obrak zaindu eta antzekoak burutzeko kostuak.

              2. Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailak honela ordainduko ditu, gehienez ere jarri beharreko 1.450.000 euro horiek:

                2009: 600.000 euro

                2010: 450.000 euro

                2011: 400.000 euro

                Urte bakoitzean ordaindu beharreko diru kopurua, ordainketaldi bakarrean edo hain zatitan ordaindu ahal izango da, zuzendari teknikoak egin eta udal-organo aginpidedunak onartutako obren ziurtagiriak aurkeztu ondoren. Ziurtagiri horiek Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailera bidali beharko dira, eta ziurtagiriak egiaztatukoan, horretarako jarriko den kontuan sartu beharko du dirua.

                Nolanahi ere, obra amaitutakoan, bidaiarientzako geltoki intermodalaren eraikuntzaren amaierako dokumentazioa bidali beharko zaio Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailari.

              3. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak dagokion ekarpenaren kasuan kasuko transferentzia egin gabe izan arren, udalak ezin izango du obren ziurtagirien ordainketa, horren baitan utzi, eta garaiz ordaindu beharko dizkie kontratistei, ez berantesteko; eta, hala egiten ez badu, eta kalterik izaten bada, enpresa izango da erantzule.

              Eta hori guztiaren ondorioz eta harekin bat, bi aldeek idazpuruan adierazitako leku eta egunean sinatu dute hitzarmena bi aletan.

              Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburua,

              IGNACIO MARÍA ARRIOLA LÓPEZ.

              Zumarragako alkate-udalburua,

              MIKEL SERRANO APERRIBAY.

              JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN APIRILAREN 18KO 20/2011 EBAZPENAREN V. ERANSKINA

              LANKIDETZA-HITZARMENA, HERRI LAN ETA GARRAIO SAILA ETA HONDARRIBIKO UDALAREN ARTEKOA. HELBURUA: HONDARRIBIKO UDALERRIKO MULIATE HIRIGINTZA-EREMUAN ETXEBIZITZA BABESTUAK SUSTATZEA.

              Vitoria-Gasteizen, 2011ko martxoaren 18a.

              BILDU DIRA:

              Alde batetik, Iñaki Arriola López jauna, Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburua,

              Bestetik, Aitor Kerejeta Cid jauna, Hondarribiko alkate-udalburua.

              BERTARATU DIRA:

              Lehenengoa, Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburu gisa eta Sailaren legezko ordezkari-lanetan, Jaurlaritzaren Kontseiluak 2010eko azaroaren 9an egindako bileran hartutako erabakiaren bidez egintza honetarako baimenduta.

              Eta bigarrena, Hondarribiako Udaleko alkate-udalburu gisa eta Udalaren ordezkari-lanetan, 2010eko ekainaren 28ko Udal Osoko Bilkurak hartutako erabakiaren bidez egintza honetarako baimenduta.

              Bi aldeek elkarri aitortu diote Lankidetza Hitzarmen hau izenpetzeko beharrezkoa den legezko gaitasun nahikoa eta, horretarako, honako hau:

              AZALDU DUTE:

              Lehenengoa. Euskadiko Autonomia Estatutuaren 10.31. artikuluak adierazten duenez, Euskal Autonomia Erkidegoak soilik du lurraldearen eta itsasertzaren antolaketaren, hirigintzaren eta etxebizitzaren arloan eskumena.

              Ildo horretan, Euskadiko Autonomia Erkidegoko Herri Administrazioen helburu estrategiko erkidea da etxebizitza babestuen eskaintza handitzea, alokatuta lagatzeko babestutako etxebizitzena nagusiki.

              Hori bermatu ahal izateko, lurzoruaren kontrol publiko arduratsu eta eraginkorra lortu behar da, eta kontrol hori lurzoru publikoa eskuratu eta kudeatzeko ekintza irmoarekin osatu beharko da. Hori dela-eta, botere publikoek, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailak eta Hondarribiako Udalak, kasu honetan, batera esku hartu behar dute (eta horretara behartuta daude) beharrezkoak diren babes ofizialeko etxebizitzak egin ahal izateko baldintzak sortzeko, eta bizilekutarako beharrezkoa den eta espekulazioa eragotziko duen lurzoru-ondare publikoa eratzeko.

              Bigarrena. Era berean, bi erakunde publiko horiek aurreko idatzi-zatian adierazitako alderdietan batera eta koordinatuta egin beharreko jarduna baieztatzeko eta berresteko, Autonomia Erkidegoak alde batetik, eta Toki Erakundeek bestetik, elkarren arteko harremanetan beren zereginak eraginkortasunez betetzeko behar duten lankidetza eta laguntza aktiboa eskaini beharko diote elkarri, nork bere esparruan.

              Hirugarrena. Muliateko Plan Partziala 2006ko urriaren 3an onartu zen Hondarribiako Arau Subsidiarioak garatzeko. Birpartzelatze proiektua behin betiko onartu zen 2008ko otsailaren 5ean, eta bertan jasotako zehaztapenen arabera, Hondarribiako Udalak du lur-zati eraikigarri baten jabetza osoa du. Lur-zati horretan babespeko 195 etxebizitza (garaje eta trasteleku eta guzti) eraiki ahal izango dira.

              Hondarribiako Udalak ohiko esleipen-prozeduratik kanpo utziko ditu babestutako 2 etxebizitza, hirigintzako udal-jardueren ondoriozko birkokatzeetarako, hain zuzen.

              Laugarrena. Bi Herri Administrazioen helburua da etxebizitza babestua sortzea, betiere errenta-ahalmen txikia duten familien mesedetarako; hortaz, bi aldeak ados jarrita, errentamendu babestuaren erregimeneko etxebizitza sozialaren eskaintza sortu behar dela erabaki dute: 25 etxebizitza guztira, bereizitako lur-zati batean.

              Bosgarrena. Hondarribiako Udalak 2009ko abuztuaren 17an erabaki zuen erreferentziako partzela horren azalera-eskubidea besterentzea. Hona helburua: 195 etxebizitzako (bakoitza bere garaje eta trastelekuarekin) bi eraikin egin eta salgai jarri azalera-eskubidearen araubidepean eta babestutako errentamenduan. Babes ofizialeko etxebizitzen itundutako sustapena izango da, eta horietatik 170 araubide orokorrekoak izango dira eta 25 alokairura bideratutako araubide berezikoak. Merkataritzako lokal bat eta salmenta libre edo atxiki gabeko 45 garaje-plaza ere egongo dira.

              Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailak etxebizitza sozial horiek eskuratzeko interesa du, gero errentamendu babestuan emateko, eta horretarako, harremanetan dago Hondarribiako Udalarekin. Udalak bere aldetik azalera-eskubidearen araubidepeko itundutako sustapen lehiaketako pleguan adierazi du lehiaketako esleipendunak Etxebizitza Sailari besterendu beharko dizkiola etxebizitza sozialak eta atxikitako eranskinak dena-delako hitzarmena sinatzen bada. Prezioari dagokionez, kalifikaziokoa izango da.

              Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailak konpromisoa hartu du zehaztutako baldintzetan erosiko dituela, etxebizitzak hartzen dituen lur-zatiaren jabetza soila barne. Dena den, konpromiso hori Etxebizitza Alokairuetarako Sozietate Publikoa SA-ren bidez gauza daiteke. Jabetza soila eskuratzea doan egingo da, Euskadiko Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legeak 118.a) artikuluan zehaztutakoaren arabera.

              Seigarrena. Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailak, etxebizitza-arloan dituen eskumenak baliatuz, udalerri jakin batzuetan babes ofizialeko etxebizitzak eraikitzeko lurzorua behar du, hain zuzen ere etxebizitza-premiak dituztela egiaztatu den udalerrietan, hala nola Hondarribian, betiere etxebizitzaren merkatu librean sartzeko errenta-ahalmen urria duten familiei begira.

              Euskadiren Ondareari buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 6ko 2/2007 Legegintzako Dekretuaren 43. artikuluak agintzen duenez, ondare higiezinak eskuratzeko jardunbidea lehia-prozedura da. Baina artikulu bereko 1. zenbakian, zuzeneko kontratazioa ere ahalbidetzen da aldez aurretik Jaurlaritzaren Kontseiluak baimena emanda, kasu honetan bezalaxe, ase beharreko beharraren berezitasunari eta merkatuaren baldintzei lotutako zirkunstantziak daudenean.

              Eskuratzeko prezioak ezin izango du gainditu babes ofizialari buruzko indarreko legedian ezarritako lurzoruaren gehienezko balio eragingarria.

              Era berean, Euskadiko Ondareari buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 6ko 2/2007 Legegintzako Dekretuaren 38. artikuluak agintzen duenez, Jaurlaritzaren Kontseiluaren onespena behar da ondasun higiezinak doan eskuratzeko, betiere Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuak proposatuta.

              Zazpigarrena. Bien interesak, konpromisoak eta ekarpenak egoki bideratzeko, bi alderdiek Hitzarmen hau izenpetu dute honako klausula hauen arabera:

              KLAUSULAK

              Lehenengoa. Lankidetza hitzarmen honen xedea da Hondarribiko udal mugarteko Muliate izeneko hirigintza-eremuan babestutako etxebizitzen sustapen-programa ezartzea.

              Bigarrena. Hondarribiko Udalak konpromisoa hartu du eremu horretan aurreikusitako babespeko 195 etxebizitzak azalera-eskubidearen araubidepeko itun bidez sustatuko dituela. Horietatik 170 erregimen orokorreko babes ofizialeko etxebizitzen araubide juridiko eta ekonomikoaren pean sustatuko dira, eta 25 etxebizitza sozialen egungo araubide juridiko eta ekonomikoaren pean.

              Era berean, esleipendunaren betebeharra gauzatuko denaren konpromisoa ere hartu du. Honako hau, hain zuzen: esleipendunak Euskal Autonomia Erkidegoari salduko dizkiola 25 etxebizitza sozialak, haiei atxikitako eranskin eta guzti. Besterentzeko prezioa etxebizitzen kalifikazio-prezioa izango da, gehi dagokion BEZ.

              Halaber, Hondarribiko Udalak doan eskualdatuko dio Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailari 25 etxebizitza sozialak hartzen dituen lur-zatiaren jabetza soila. Hala badagokio, Jaurlaritza partaide den Etxebizitza Alokairuetarako Sozietate Publikoa SAri eskualdatuko dio, lur-zatiaren gaineko eskubide guztiak izan ditzan. Hitzarmen hau sinatu eta bi hilabeteko epean egingo da, gehienez, eskualdatzea.

              Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailak Hondarribiko Udalaren Osoko Bilkuraren erabakia Eusko Jaurlaritzaren Ekonomia eta Ogasun Sailari jakinarazteko konpromisoa hartu du, Sail horrek Jaurlaritzaren Kontseiluaren baimena izapide dezan.

              Klausula honetan aurreikusitako ondare-eragiketa notario-eskrituran formalizatuko da, adierazitako doako lagapena onartzen duen Jaurlaritzaren Kontseiluaren erabakiaren egunetik zenbatzen hasi eta hilabeteko epearen barruan.

              Hirugarrena. Bestalde, Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailak etxebizitza horiek erosteko konpromisoa hartu du, lehen aipatutako baldintzei jarraiki eta etxebizitza sozialen egungo araubide juridiko eta ekonomikoaren bat etorrita, eta errentamendu babestuaren araubidean esleitzeko. Dena den, konpromiso hori Etxebizitza Alokairuetarako Sozietate Publikoa SA-ren bidez gauza daiteke.

              Etxebizitza horiei behin betiko kalifikazioa eman eta hiru hilabeteko epean egin beharko da hitzartutako salerosketaren eskritura publikoa.

              Ondare-eragiketa horretatik eratorritako gastu guztiak, Hiri Lurren Balio Gehitzearen gaineko Zerga izan ezik, Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailak hartuko ditu bere gain.

              Laugarrena. Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailak konpromisoa hartu du Muliate sektoreko etxebizitzen sustapenean interesa duen udalerri bakarra Hondarribia dela deklaratzeko. Hitzarmenaren sinadura eguna baino urte bi lehenagotik Hondarribian erroldatutakoek baino ezingo dute esleipen-prozesuan parte hartu.

              Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailak konpromisoa hartu du, halaber, araubide orokorreko babestutako etxebizitzen ohiko esleipen-prozeduratik kanpo uzteko zenbait etxebizitza, udalaren hirigintza-jardueren ondoriozko birkokatze-eskubidea bermatu ahal izateko behar bestekoak, alegia.

              Bosgarrena. Hondarribiko Udalak konpromisoa eta erantzukizuna hartu du sustapen honen xede diren azalera-eskubidepeko araubide orokorreko babes ofizialeko etxebizitzen zozketa egiteko, betiere Muliate sektoreko babes ofizialeko etxebizitzen araubide juridikoa arautzen duten oinarriei jarraiki.

              Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailak esleituko ditu errentamendu babestuko etxebizitza sozialak, indarreko araudi autonomikoari jarraiki.

              Seigarrena. Hondarribiko Udalak konpromisoa hartu du errentamendu babestuko 25 etxebizitza sozialak interes bereziko deklaratzeko zenbait gorabehera sozial ematen direlako. Horrela, Eraikuntza, Obra eta Instalazioen gaineko Zerga-ordenantzak aurreikusitako % 95eko hobaria lortu ahal izango da.

              Zazpigarrena. Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailak bere gain hartu dituen konpromiso guztiak, aldez aurretik bidezko aurrekontu-izendapenak eginak izatearen baldintzapean egongo dira.

              Hitzarmen honetan hitzartutako ondarezko eragiketak Euskadiko Ondareari buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 6ko 2/2007 Legegintzako Dekretuan ezarritakoaren arabera dagokion baimena lortzera baldintzatuak daude.

              Zortzigarrena. Bi Herri Administrazioek beharrezkotzat hartzen dute Hitzarmenaren Jarraipen Batzordea eratzea. Batzorde hori erakunde bakoitzeko bi ordezkarik osatuko dute, eta bere eginkizunak honako hauek izango dira: ezarritako aurreikuspenak eta konpromisoak gauzaraztea eta, oro har, etorkizunean sor daitezkeen gorabehera guztiei erantzutea.

              Bederatzigarrena. Agiri honetan jasotako betebeharrak ez betetzea, kontratua deuseztatzeko zioa izango da, hitzarmen-kideak lehengo egoera juridikora itzuliz, aipatutako deuseztapena eragiten duen hitzarmen-kideak sortaraz ditzakeen kalte eta galerak kalteordaindu beharko dituela, bai beste hitzarmen-kideari bai uste oneko besteri.

              Eta adostasuna eta uste ona erakusteko, agiri hau izenpetu dute lau aletan, idazpuruan adierazitako leku eta egunean.

              Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburua,

              IGNACIO MARÍA ARRIOLA LÓPEZ.

              Hondarribiko alkate udalburua,

              AITOR KEREJETA CID.

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik