- EBAZPENA, 2011ko maiatzaren 5ekoa, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendariarena, euskal autonomiarekin zerikusia izanik edo horren azterketarako eta sakontzerako balioa izanik, hainbat aztertze eta ikerkuntza ikuspuntutatik egindako ikerlanetarako «Jesús María Leizaola» 2011 sarirako deia egiten duena. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus
Arautegia
InprimatuEBAZPENA, 2011ko maiatzaren 5ekoa, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendariarena, euskal autonomiarekin zerikusia izanik edo horren azterketarako eta sakontzerako balioa izanik, hainbat aztertze eta ikerkuntza ikuspuntutatik egindako ikerlanetarako «Jesús María Leizaola»-2011 sarirako deia egiten duena.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Ebazpena
- Organo arau-emailea: HAEE
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 91
- Hurrenkera-zk.: 2653
- Xedapen-zk.: ---
- Xedapen-data: 2011/05/05
- Argitaratze-data: 2011/05/16
Gaikako eremua
- Gaia: Administrazioaren antolamendua
- Azpigaia: Herri Administrazioa; Instituzional
Testu legala
1983ko uztailaren 27ko Lege arautzaileak eginkizun ugari aitortzen dizkio Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeari. Besteak beste, azpimarratzekoa da gure autonomi sistemak lege eta ekonomiaren arloetan dituen berezitasunei buruzko azterlanak sustatu eta zabaltzeko eginkizuna.
Helburu hori lortu nahian, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak «Jesús María Leizaola» ikerketa-saria sortu zuen 1990ean, inolako zalantzarik gabe, gure herriaren eredu eta ordezkari izan genuen gizon ospetsu horren omenez. Baina izan genuen beste asmorik ere saria eratzerakoan: hamar urte betetzen ziren Euskal Herriak autonomia lortu zuela eta gertaera hori behar bezala ospatu nahi genuen.
Autonomia-Estatutua indarrean jarri zeneko hiru hamarkada baino gehiago iragan ondoren, egin beharreko hausnarketa ezin da aurreko historialdien tratamendura bakarrik mugatu behar. Gaur egun, dagoeneko, bada zertaz hausnarketa egin, eta baita egin beharra ere; esate baterako, sortu diren erakunde berrien hasierak eta abian jartzeak, eta geroztik harremanen finkatzeak suposatu dutenari buruz, eta, baita etorkizuna eraikitzen lagunduko duten eredu, parametro eta proposamenen ekarpen eta aurreratzeari buruz ere.
Hori guztia kontuan hartuta, honako hau
Lehenengoa. Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean eragina izango du.
Bigarrena. Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendariaren ebazpen honen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legearen 114. artikuluaren eta hurrengoen arabera. Horretarako, hilabete bat izango da ebazpen honen argitalpena egiten den eta hurrengo egunetik kontatzen hasita. Errekurtso hori ebazpena hartu zuen organoari aurkez dakioke edota, bestela, Justizia eta Herri Administrazioko sailburuari. Errekurtsoari erantzuna ematen ez bazaio, ezezkotzat hartu beharko da.
Vitoria-Gasteiz, 2011ko maiatzaren 5a.
Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendaria,
MARIA ENCARNACIÓN ECHAZARRA HUGUET.
Lehenengoa. Norbanakoak zein horretarako eratutako lantaldeak aurkez daitezke sarira. Lantaldea aurkezten bada, argi eta garbi adieraziko da nor izango den ikertalde horren arduraduna.
Ezin izango dute deialdi honetan parte hartu:
Diru-laguntzak edo laguntza publikoak eskuratzea galarazten duen debekuren bat duten edo administrazio-zehapen penalpean dauden pertsona fisikoek, emakume eta gizonen arteko berdintasunari buruzko 2005eko otsailaren 18ko 4/2005 Legean sartutako debekuak eta zehapenak ere barruan direla.
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta bere erakunde autonomiadunek ematen dituzten izaera bereko laguntzen edo diru-laguntzen eremuan izapidetzen ari den itzultze edo zigortze-jardunbidean sartuta dauden pertsonak.
Aurreko hiru deialdietakoren batean Leizaola saria edo bere akzesita lortu dutenek.
Funtsean aurreko urteetan aurkeztutako beste ikerlan batzuekin identitate handia duten ikerlanek.
Bigarrena. Sarirako aurkezten diren ikerlanek argitaratu gabeak izan behar dute eta euskaraz zein gazteleraz idatz daitezke.
Hirugarrena. Sariaren zenbatekoak honako hauek dira:
Lehenengo saria: 16.000 euro
Akzesita: 8.000 euro
Euskal Autonomiarekin zerikusia edo horren azterketarako eta sakontzerako balioa izanik, hainbat aztertze eta ikerkuntza ikuspuntutatik egindako zientzia-ikerlanik hoberenei emango zaizkie sariok.
Hau da, sarirako aurkez daitezkeen ikerlanek esparru horiek jorra ditzakete: autonomietako estatuaren konfigurazioa eta Euskal Autonomia Erkidegoa; Euskal Autonomia Erkidegoko eraketa, errealitatea eta etorkizuna; beraren gobernu-erakundeak, maila politiko-administratibo guztietan; historia, kultura, bibliografia, zuzenbide, ekonomia, aurrekontu, fiskalitate eta beste arloen inguruko berariazko berezitasunak; eta euskal administrazioetako diseinu, antolaketa eta etorkizuna.
Saria eta akzesitaren ordainketa, aldi bakar batez egingo da, horiek esleitu eta gero.
Zerga arauen arabera oinarri honetako lehenengo idatz-zatian aipatzen diren diru kopuruetatik aplika dakizkiekeen atxikipenak egingo dira, zergei buruzko arauekin bat etorriz.
Halaber, saria edo akzesita lortzen duen ikerlanak Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen edozein motatako diru-laguntza jaso badu, saria edo akzesitaren zenbatekotik jasotako diru-laguntzari dagokion diru-kopurua kenduko zaio.
Laugarrena. Ikerlanen gutxieneko luzapena ehun orrialdekoa izango da, orrialdeak idazmakinaz eta bi hutsarte utzita idatziak izanik.
Eskabideak, eta horiekin datozen ikerlanak, aurkeztu ahal izango dira bulegoetara bertaratuta edo baliabide telematikoen bidez.
Eskatzaileek aurkez dezakete eskabidea, eta horrekin datozen agiriak, haiek aukeratutako hizkuntza ofizialean. Era berean, eskabidetik eratorritako jardueretan eta prozeduran osoan, haiek aukeratutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen erabilera normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan ezarritakoaren arabera.
Bulegoetara bertaratuta aurkezten diren eskabideak.
Eskari-orriak deialdi honen II. eranskinean dagoen ereduaren arabera egingo dira eta Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundean aurkeztu behar dira, helbide hauetako edozeinetan:
Donostia kalea, 1. 01010 Vitoria-Gasteiz.
Errekalde zumarkalea 18. 48009 Bilbao.
San Bartolomé, 28. 20007 Donostia-San Sebastián.
Unibertsitatea z/g. 20560 Oñati (Gipuzkoa).
Halaber, eskabideak aurkeztu ahal izango dira Eusko Jaurlaritzako Herritarren Arretarako Bulegoetan, Lurralde Ordezkaritzetan eta beste erakunde laguntzaile batzutan, edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aipaturiko edozein eratan.
Ikerlanen bi ale, enkuadernatu gabe, aurkeztuko dira.
Baliabide telematikoen bidez aurkezten diren eskabideak.
Interesdunek egin ditzakete eskaera bera, kontsultak eta prozedura honetako izapide guztiak baliabide telematikoen bidez, ondorengo egoitza elektronikoan:
www.ivap.euskadi.net/r61-2347/eu/contenidos/
ayuda_subvencion/premio_leizaola_2011/eu_leizaola/premio_leizaola.html.
Administrazio-prozeduretan bitarteko elektronikoen, informatikoen eta telematikoen erabilera arautzen duen abenduaren 18ko 232/2007 Dekretuak eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta haren erakunde autonomiadunen erregistroen sarrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzko apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuak arautuko dute izapidetze elektronikoa.
Eskabideak aurkezteko epea.
Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da ikerlanak aurkezteko epea. Epe hori 2011ko ekainaren 17an, 13:00etan, amaituko da.
Eskari-orriekin batera honako aitorpen arduratsu hauek (eskabidearen ereduaren barne daudenak) aurkeztu behar dira:
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta bere erakunde autonomiadunek ematen dituzten izaera bereko laguntzen edo diru-laguntzen eremuan izapidetzen ari den itzultze edo zigortze-jardunbidean sartuta ez izatea.
Diru-laguntzak edo laguntza publikoak eskuratzea galarazten duen debeku baten pean edo administrazio-zehapen edota zehapen penal pean ez izatea (emakume eta gizonen arteko berdintasunari buruzko 2005eko otsailaren 18ko 4/2005 Legean sartutako debekuak eta zehapenak ere barruan direla).
Eskatzaileak adieraziko du, bere ardura pean, indarrean dauden arauetan ezarritako saria jasotzeko betekizunak betetzen dituela; saria luzatzen den denboraldian betekizun horiek betetzen jarraitzeko konpromiso hartzen duela; eta, behar den kasu guztietan, betekizun horiek betetzen dituela egiaztatzeko agiriak dituela.
Aitorpen arduratsu batekin, edo barnean hartuta, doan edozein daturen, adierazpenen edo dokumenturen zehaztasunik ezak, faltsukeriak edo ez-egiteak, funtsezkoa bada, prozedurarekin ezin jarraitzea ekarriko du gertakari horiek jakiten diren unetik, egon daitezkeen erantzukizun penal, zibil edo administratiboak alde batera utzi gabe.
Halaber, zirkunstanzia horiek deklaratzen dituen Administrazio Publikoaren ebazpenak interesdunaren itzultzeko betebeharra zehaztu dezake hala badagokio, baita xede berarekin beste prozedura bat eskatzeko ezintasuna ere epe jakin batean, hori guztia arau aplikagarrietan ezarritako terminoen arabera.
Organo kudeatzaileak diru-laguntzaren dokumentazioaren zati bat lortzea edo egiaztatzea eskatzaileak esanbidez baimentzea barnean hartu dezakete eskaerek, alde batera utzi gabe Administrazio Publikoak egiaztatzeko, kontrolatzeko eta ikuskatzeko esleituta dituen ahalmenak.
Eskabideak deialdi honetan ezarritako baldintzak betetzen ez badituzte, edo horien edukia nahikoa ez balitz, eskatzaileari jakinaraziko zaio hamar egun dituela osatzeko edo akatsa zuzentzeko; eta horrela ez egitekotan, eskaeran atzera egin duela ulertuko dela, eta horretarako administrazioak 30/1992 Legearen Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen legea 71.1 eta 42.1 artikuluen arabera, dagokion erabakia hartu eta jakinaraziko duela.
Sarira aurkezten direnen nortasuna isilpean gordeko da, eta bakar bakarrik argitaratuko dira sariaren eta akzesitaren irabazleen izenak.
Prozesu honetan jasotako datu pertsonalak fitxategi automatizatu batean bilduko dira. Fitxategi horren helburua prozesu hau kudeatzea baino ez da izango. Fitxategi horren erabilera eta jarduera antolatzeko datu pertsonalak eta datu pertsonalak dituzten jabetza publikoko fitxategiak babesteko legeriak zehaztutakoari jarraituko zaio (Datu pertsonalak babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoa, eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legea, eta garapenerako bestelako arauak). Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendaria da fitxategiaren arduraduna. Hortaz, datuak eskuratzeko, zuzentzeko edo ezabatzeko, organo horretara jo beharko da.
Bosgarrena. Hona hemen epaimahaikideak:
Epaimahaiburua:
Justizia eta Herri Administrazioko sailburua edo berak izendatutako ordezkoa.
Kideak:
Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendaria edo berak izendatutako ordezkoa.
Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko idazkari nagusia edo berak izendatutako ordezkoa.
Autonomia Garapenerako zuzendaria edo berak izendatutako ordezkoa.
Sarirako aurkeztutako ikerlanen gaien inguruan entzute handiko aditu bi. Horiek, Justizia eta Herri Administrazioko sailburuak izendatutakoak, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendariaren proposamenez.
Idazkaria:
Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko Azterlan eta Argitalpen zerbitzuburua edo berak izendatutako ordezkoa, IVAPi atxikitakoa izan behar duela. Hizpidea eta botoa emateko eskubidea izango du.
Epaimahaia osatzerakoan, ahaleginak izango dira trebakuntza, gaitasun eta prestakuntza egokia duten emakumeen eta gizonen ordezkaritza orekatua egon dadila bermatzeko. Ondorio horretarako, ordezkaritza orekatua izango da sexu bakoitzak gutxienez % 40ko ordezkaritza baldin badu.
Edozein sexuri dagokionez, aurrean adierazitako ehunekoa betetzea ezinezkoa edo oso zaila gertatzen bada, ezintasuna edo zailtasun hori zurituko da epaimahaia osatzen duten aditu biak izendatzen dituen Aginduan.
Saria eta/edo akzesita emateko, epaimahaia bildu eta daudenen gehiengoaren aldeko botoa beharko da. Berdinketarik gertatuz gero, epaimahaiburuak izango du ebazteko botoa.
Seigarrena. Saria eta akzesita nori eman proposatzeko ondorengo alderdi hauek begiratuko ditu Epaimahaiak: aurkeztutako ikerlanen kalitatea eta zuzentasuna, teknikaren eta zientziaren aldetik; adierazitakoaren orijinaltasuna; eta arlo bakoitzeko ikerketa-eremuari ekarritako berrikuntza.
Zazpigarrena. Deialdia indarrean jartzen den egunetik sei hilabete igaro baino lehenago hartuko du erabakia Epaimahaiak. Saria, oso-osorik edo zati batean, eman gabe gera daiteke.
Zortzigarrena. Sarien esleipena, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen zuzendariaren ebazpenaren bidez, epaimahaiaren proposamena jarraituz, egingo da, eta gero Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara emango da.
Deialdia indarrean jartzen den egunetik sei hilabete igarota, saria eta akzesitaren esleipen ebazpena interesatuei jakinarazi ez bazaie, interesatuek ezezkotzat hartu beharko dute beren eskaera. Hori dena Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legearen 44.1 artikuluaren arabera.
Bederatzigarrena. Saritutako ikerlanak ustiatzeko eskubideak Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Administrazioari soilik eta doan emango zaizkio. Saridunek, jabetza intelektualaren eskubideak utzi dituztela jendaurrean agertzeko, bidezko agiria eman beharko dute, beharrezkoa denean. Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen esku egongo da ikerlan horiek argitaratzea. Saritutako ikerlanak beste lan zabalago batzuen atal badira, epaimahaiak osorik argitaratzea erabaki dezake; hala eginez gero, egileak obra osoaren ustiapen-eskubideak lagako dizkio administrazioari. Edozein modutan, saria irabazi duela adierazteko, izenburu honekin azaldu beharko da: «Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen «Jesús María Leizaola» 2011 saria».
Hamargarrena. Ikerlanen bat aurkezteak deialdiaren oinarrietan zehaztutako baldintzak onartu beharra dakarkio interesdunari.


