- EBAZPENA, 2011ko maiatzaren 25ekoa, Euskal Herriko Poliziaren Ikastegiko zuzendariarena, 2011n Polizien eta Suhiltzaileen New Yorkeko Munduko Jokoetan parte hartzen duten Ertzaintzako kirolarientzako laguntzak arautzen eta deitzen dituena. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus
Arautegia
InprimatuEBAZPENA, 2011ko maiatzaren 25ekoa, Euskal Herriko Poliziaren Ikastegiko zuzendariarena, 2011n Polizien eta Suhiltzaileen New Yorkeko Munduko Jokoetan parte hartzen duten Ertzaintzako kirolarientzako laguntzak arautzen eta deitzen dituena.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Ebazpena
- Organo arau-emailea: Herrizaingo Saila; Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademia
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 114
- Hurrenkera-zk.: 3140
- Xedapen-zk.: ---
- Xedapen-data: 2011/05/25
- Argitaratze-data: 2011/06/16
Gaikako eremua
- Gaia: Kultura eta Kirola; Administrazioaren antolamendua
- Azpigaia: Herri Administrazioa; Funtzio publikoa
Testu legala
Ertzaintzako kideak sasoian egon daitezen politika ezarri beharra dagoela iritzita, eta kirol-arloan izan duten ibilbidea dela-eta polizientzako kirol-lehiaketetan emaitza onak lortzeko aukera duten Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziaren Kidegoko kirolariei laguntzeko helburuz, Euskal Herriko Poliziaren Ikastegiko zuzendariak erabaki du ertzain kirolariei 2011ko ekitaldian emango dizkien laguntzak arautzea eta deitzea.
Laguntza hauek aurten New Yorken (USA), abuztuaren 25a eta irailaren 5a bitartean, izango diren Suhiltzaileen eta Polizien Munduko Jokoetan parte hartzen erraztea dute helburu. Parte-hartzaileen beraien kontura izango da kirol-joko horietan parte hartzen ematen duten denbora.
Azaldutakoan oinarrituta, Ebazpen honen bidez laguntzak kalkulatzeko baremoak eta kudeatzeko irizpideak ezartzen ditugu honako agindu honen bidez.
Euskal Herriko Polizia Ikastegiaren egiturari buruzko martxoaren 30eko 96/2010 Dekretuak (apirilaren 16ko EHAA, 70. zk.) ematen didan eskumenari jarraiki, honako hau
Ebazpen honen xedea da, hain zuzen, aurtengo abuztuaren 25a eta irailaren 5a bitartean New Yorken (USA) izango diren Polizien eta Suhiltzaileen Munduko Jokoetan parte hartzen duten Ertzaintzako kirolarientzako diru-laguntzak eskatzeko eta emateko arauak ezartzea.
Ebazpen honen diru-hornidura berrogei mila (40.000) eurokoa da. Eskatzaile bakoitzari jokoetan parte hartzeagatik izaten duen gastuaren % 60 emango zaio gehienez, betiere ebazpen honetan ezarritako mugekin, eta inoiz ez bi mila eta bostehun (2.500) euro baino gehiago.
Mantenua, bidaia, ostatua eta izena emateko kuota ordaintzeko gastuetarako emango dira ebazpen honek arautzen dituen laguntzak, betiere honako baldintza hauek betez gero:
Mantenuko gastuei dagokionez, benetan gastatutakoa eta justifikatukoa ordainduko zaie: gehienez ere 30 euro.
Dagokion diru-kopurua sortze aldera, mantenuko gastutzat joko dira bazkaltzeko edo afaltzekoak, banan-banan hartuta.
Bidaiatzeko gastuei dagokienez, bidaisaria ordainduko zaie, Euskal Autonomia Erkidegotik edo, hala badagokio, Penintsulatik New Yorkeko hiriraino; baita ere, alderantzizko ibilbidea.
Ostatuko gastutzat joko dira, berriz, logela eta gosaria ordaintzekoak. Gehienez ere lau izarreko hoteletan hartu beharko dute ostatu.
Ostatu-gastuengatik jaso beharreko zenbatekoa benetan gastatutakoa eta justifikatutakoa izango da, aurreko paragrafoan ezarritako mugen baitan.
Hartzen duten ostatuan ez badute gosaria ematen, benetan gastatutako eta justifikatutako gosaria ordainduko zaie, eta gehienez ere 6 euro.
Jokoetan, aukeratutako modalitateetan, izena emateko izandako gastuak joko dira inskribatzeko gastutzat.
Ebazpen honetan arautzen diren laguntzen zenbatekoa (bera bakarrik edo beste diru-laguntza batzuekin batera hartuta) ez da, inola ere, onuradunak Polizien eta Suhiltzaileen Munduko Jokoetan parte hartzeagatik izaten duen gastua baino handiagoa izango.
Ertzaintzako kirolariek eskatu dezakete diru-laguntza, baldintza hauek betez gero:
Ertzaintzaren karrerako funtzionarioa izatea, eskaera egiten den unean, eta administrazio-egoera hauetan egotea: zerbitzu aktiboan edo bigarren jardueran.
Federazioaren lizentzia izatea:
Diruz laguntzeko eskatzen den modalitateari edo modalitateei dagokien lizentzia.
Deialdi hau baino 6 hilabete lehenagoko antzinatasuna izatea federazioan edo azken bosturtekoan hiru urtez federazioaren lizentzia indarrean izan izana. Kasu bietan federazioaren lizentziak indarrean egon beharko du ebazpen hau indarrean dagoen bitartean.
Diru-laguntzak edo laguntza publikoak jasotzea eragozten dien zigor-zehapenik edo administrazio-zehapenik dutenek eta horretarako gaitasunik gabe uzten dien legezko debekurik dutenek ere ezin izango dute diru-laguntza hau jaso, eta sexu-bereizkeriagatiko debekuak barne, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetako seigarrenean zehaztutakoarekin bat etorriz.
Polizien jarduerarekin lotura handiena duten kirol-diziplinak dira ebazpenari jarraiki diru lagun daitekezkeenak, eta banan-banan zein zenbait batera hartuta. Hona zehazki zeintzuk diren:
Borroka-arteak (karatea, judoa eta taekwondoa).
Atletismoa.
Biatloia eta triatloia.
Tiroa pistolarekin.
Ebazpen honek arautzen dituen laguntzak lortu nahi dituztenek Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziaren Ikastegiko zuzendariari zuzendu beharko diote eskabidea, euren datu pertsonalak eta identifikazio zenbaki profesionala azalduta. Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailaren Erregistro Orokorrean (Donostia kalea, 1; Vitoria-Gasteiz), Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziaren Ikastegian edo azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 38.4 artikuluak aipatzen duen edozein tokitan aurkeztu beharko dute eskabidea.
Proposamenak aurkezteko epea hilabete batekoa izango da ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Kirolari bakoitzak eskabide bakarra egingo du, zein modalitaterako (baterako zein zeinbaterako) eskatzen duen diru-laguntza azalduta, ebazpen honetako 4. artikuluan ezarritakoari jarraiki.
Eskabide horrekin batera, honako agiri hauek ere aurkeztu beharko ditu:
Federazioaren fitxaren (indarrean egon behar du) fotokopia, edo, bestela, azken bosturtekoan indarrean egondako hiru federazio-lizentzien fotokopia.
Kirol-merezimenduen akreditazioa, dagokion kirol-federazioak ontzat emanda, edo kirol-curriculuma.
Eskatzailearen zinpeko aitormena, non eskatzaileak zehaztuko baitu Eusko Jaurlaritzak ez diola inoiz eman bekarik, kirolaria izatearekin lotuta, eta ez dela agertzen eta ez dela agertu inoiz maila handiko kirolarien inongo urteroko zerrendatan akreditatzen dituen merezimenduen diziplinan.
Ekonomia eta Ogasun Sailaren «Hirugarren datuen alta» izeneko agiri normalizatuaren jatorrizko bertsioa, Euskal Herriko Poliziaren Ikastegian jaso ahalko duena, behar bezala zigilatua eta dagokion bankuak eta eskatzaileak sinatuta, salbu eta aldez aurretik Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak diru-laguntzaren edo kalte-ordainen bat eman badio.
Polizien eta Suhiltzaileen Munduko Jokoetan parte hartzeagatik benetan izandako gastuen aurrekontua edo, hala badagokio, gastuen faktura, zehazkiago, mantenua, bidaiak, ostatua eta izena emateko kuotak direla-eta izandako gastuena.
Aurrekontua aurkeztuz gero, eta benetan izandako gastua egiaztatze aldera, dagokion faktura aurkeztu beharko du, eskabideak aurkezteko ezarritako epean eta lekuan.
Eskatzaileak, 8. artikuluan ezarritako aurrekontuak egiaztatzeko, beharrezkotzat jotzen dituen agiri guztiak, baremazioa egite aldera.
Euskal Herriko Poliziaren Ikastegiak antzemandako balu aurkeztutako eskabidea ez dela behar bezala formalizatu edo honako ebazpen honetan eskatutako agiriren bat falta dela, interesdunari eskatuko zaio hamar eguneko epean (10) akatsak zuzen ditzala edo nahitaezko agiriak aurkez ditzala. Halaber, ohartaraziko zaio hori egin ezean eskaeran atzera egin duela ulertuko dela, eta artxibatu egingo dela, dagokion ebazpena eman ondoren.
Orobat, egokitzat jotzen den kasuetan, Euskal Herriko Poliziaren Ikastegiak eskatu ahalko die eskatzaileei formalizatutako eskabideak ebazte aldera egokitzat jotzen duen behar beste agiri osagarri aurkezteko. Hori eskatu ostean, eskatzaileak ez badu dokumentazioa ezartzen den epean aurkezten, eskabidean atzera egin duela ulertuko da, eta artxibatu egingo da.
Eta hori Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 71.1 artikuluetan ezarritakoaren arabera.
Diru-laguntzen ebazpen-proposamena egiteko, Kalifikazio-epaimahaiak honako irizpide eta portzentaje hauek izango ditu kontuan:
Kirol-merezimenduen puntuen taula:
Bartzelonan 2003an, Quebec-en 2005ean, Adelaidan 2007an eta Vancouverren 2009an egindako Polizien eta Suhiltzaileen Munduko Jokoetan, aipatutako kirol-diziplinaren batean lortutako postuak:
Postua Bartzelona, 2003 Quebec 2005 Adelaida 2007 Vancouver 2009
1 (urrezko domina) 60 puntu 60 puntu 60 puntu 60 puntu
2 (zilarrezko domina) 50 puntu 50 puntu 50 puntu 50 puntu
3 (brontzezko domina) 40 puntu 40 puntu 40 puntu 40 puntu
4 30 puntu 30 puntu 30 puntu 30 puntu
5 20 puntu 20 puntu 20 puntu 20 puntu
Parte-hartzailea 10 puntu 10 puntu 10 puntu 10 puntu
Atal honetan, kirolari bakoitzari aipatutako hiri bakoitzean lortu zituen hiru dominengatik edo hiru parte-hartze desberdinengatik puntuatuko zaio gehienez.
Era berean, atal honetan, parte hartu izanagatik lortuko ditu puntuak, bakarrik baldin ez bazuen inongo dominik lortu joko haietan.
Aipatutako diziplina batean edo zenbaitetan lortutako postuak, 2006an, 2008an eta 2010ean egindako Europako Polizien eta Suhiltzaileen Jokoetan:
Postua 2006 2008 2010
1 (urrezko domina) 30 puntu 30 puntu 30 puntu
2 (zilarrezko domina) 20 puntu 20 puntu 20 puntu
3 (brontzezko domina) 10 puntu 10 puntu 10 puntu
Parte-hartzailea 5 puntu 5 puntu 5 puntu
Atal honetan, kirolari bakoitzari, Europako Jokoetan parte hartu duen urte bakoitzeko, gehienez hiru domin lortu izanagatik edo hiru parte-hartze desberdinengatik emango zaizkio puntuak.
Era berean, atal honetan, parte hartzeagatik bakarrik lortuko dira puntuak, inongo dominik lortu ezean.
Aukeratzen diren modalitatetan azken bost urteotan akreditutako kirol-markak, epaimahaiaren ustez, horrek Polizien eta Suhiltzaileen jokoetan domina lortzea ahalbidetzen badu. Baremo hau erabiliko da: urrezko domina, 60 puntu; zilarrezko domina, 40 puntu eta brontzezko domina, 20 puntu.
Azken bost urteotan estatuko lehiaketetan edo herrialde-lehiaketetan tiron edo babesean (judo, karate edo taekwondo) lortutako postuak, eta epaimahaiaren arabera, Polizien eta Suhiltzaileen hurrengo Jokoetan dominen bat lortzeko aukera izatea, ondorengo baremoaren arabera: lehen postua 100 puntu, bigarren postua 80 puntu, hirugarren postua 60 puntu, laugarren postua 40 puntu eta bosgarren postua 20 puntu.
Balorazio orokorrean 200 puntu baino gutxiago lortzen dituzten eskabideak ezingo dira diruz lagundu.
Aurkeztutako eskabideak aztertu eta ebaluatzeko Epaimahai Kalifikatzailea eratuko da. Hona kideak:
Mahaiburua: Euskal Herriko Poliziaren Ikastegiko zuzendaria.
Kideak: Euskal Herriko Poliziaren Ikastegiko teknikari bi.
Idazkaria: Kudeaketa Ekonomiko eta Kontratazioko Zuzendaritzako teknikari bat.
Epaimahai Kalifikatzaileak gehiengo soilez hartuko ditu erabakiak, ebazpen honetako 7. artikuluan diru-laguntzak esleitzeko ezarritako irizpideei jarraiki, eta dagokion ebazpen-proposamena emango dio Euskal Herriko Poliziaren Ikastegiko zuzendariari.
Eskatzaileen artean banatuko dira laguntzak, Euskal Herriko Poliziaren Ikastegiko zuzendariaren ebazpenaren bidez, Epaimahai Kalifikatzaileak hala eskatuta.
Aurreikusitako diruzko dotazioa norgehiagoka-erregimenean banatuko da, 7. artikuluaren arabera gutxieneko puntuazioa lortzen duten eskabideen artean.
Gauzak horrela, diru-laguntzak emango dira Ebazpen honen 2. artikuluan zehaztutako ehunekoak eta zenbatekoak kontuan hartuz; dena dela, dotazio ekonomikoa nahiko ez balitz, proportzioz banatuko da, balorazio fasean lortutako puntuazioa horren parametroa izanik.
Eskabideak aurkezteko epea agortutakoan, hiru hilabeteko epearen barruan emango du Euskal Herriko Poliziaren Ikastegiko zuzendariak deialdi honetan aurreikusitako diru-laguntzak emateko agindua, Epaimahai kalifikatzaileak egindako proposamena ikusi ondoren, eta horren berri emango zaie esleipendunei.
Ebazteko epea amaituta, interesdunari inolako jakinarazpenik egin ez bazaio, eskabidea ezetsitzat joko da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 44.1 artikuluan ezarritakoari jarraiki.
Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio orokorrak edo erakunde autonomiadunek ezaugarri bereko beste laguntza edo diru-laguntzaren batzuk eman badituzte, eta horiek itzultzeko edo zigortzeko prozesuren bat oraindik ere izapidetzen ari bada, prozesu hori amaitu egin beharko da onuradunei diru-laguntzak edo laguntzak eman eta, hala badagokio, ordaindu ahal izateko.
Euskal Herriko Poliziaren Ikastegiko Iragarki-oholean, Ertzaintzaren intranet korporatiboan (Gurenet) eta Ertzaintzaren unitateetako iragarki-tauletan argitaratuko da deialdi hau ebazten duen ebazpena.
Diru-laguntza ordainduko da Euskal Herriko Poliziaren Ikastegiko zuzendariaren ebazpena argitaratu ondoren, beti ere eskatzaileak aurretik uko egiten ez badio.
Ebazpen honetan araututako laguntzak jasotzen dituzten onuradunek honako betebehar hauek izango dituzte:
Diru-laguntza emateko ebazpenean ezarritako baldintzetan onartzea diru-laguntza. Ildo horretatik, diru-laguntza eman zaiola jakinarazten zaion egunetik hasi eta hamabost eguneko epean, onuradunak, berariaz eta idatziz, diru-laguntzari uko egin ezean, diru-laguntza onartu egin duela ulertuko da.
Diru-laguntza xede jakin bat betetzeko ematen denez, diru-laguntza xede jakin horretara bideratzea, 12. artikuluan baldintzak aldatzeari buruzkoan finkatutakoa aplikatu ezean.
Herrizaingo Sailak eskatzen dion informazio guztia ematea.
Diru-laguntza eman dion erakundeari jakinaraztea Espainiako edo nazioarteko beste edozein administraziok edo erakunde publikok nahiz pribatuk helburu bererako bestelako diru-laguntzak edo laguntzak eman dizkiola.
Kontrol Ekonomiko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari, beren eginkizunetan dihardutela, deialdi honen kontura jasotako diru-laguntzen inguruan eskatzen dioten informazioa ematea.
Laguntza ematerakoan kontuan izan zen dena delako egoera objektibo edo subjektiboa aldatu egin baldin bada, horren berri ematea laguntza eman dion erakundeari.
Irudi korporatibo onari eustea, lehiaketa edo ordezkapen ofizial guztietan parte hartzen ari den bitartean.
Diru-laguntzak ematen dituen ebazpena aldatu ahalko da, diru-laguntza esleitzeko kontuan hartutako baldintzetan edozein aldaketa eginez gero, baldin eta deialdiaren xedea betekotzat jotzen bada eta, hala dagokionean, deialdi honetan esleitutako diru-laguntzez gain beste erakunde publiko zein pribatu baten diru-laguntzak edo laguntzak jaso badira. Ondorio horietarako, Euskal Herriko Poliziaren Ikastegiko zuzendariak dagokion likidazio-ebazpena egingo du, emandako diru-laguntzen zenbatekoa egokitzeko.
Diru-laguntza emateko baldintzak nola edo hala betetzen ez direla frogatzen bada, Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko zaio jasotako dirua, baita sortutako legezko interesak ere, hala agintzen baitute azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak. Itzultzeko modua ere aipatutako dekretuetan jasotzen da. Batez ere honelakoren bat gertatuz gero:
Gastuak zuritzeko obligazioa ez betetzea.
Diru-laguntza eman zen helbururako ez erabiltzea.
Laguntza lortzeko eskatzen diren baldintzak bete gabe lortzea.
Ebazpen honetako 11. artikuluan ezarritako obligazioren bat edo batzuk ez betetzea.
Laguntzen diru-kopuruak jardueraren kostua gainditzea.
Lehenengoa. Ebazpen honek amaitu egiten du administrazio-bidea. Horrenbestez, horren aurka interesdunek aukerako berraztertzeko errekurtsoa jar diezaiokete Euskal Herriko Poliziaren Ikastegiko zuzendariari, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa ere jar dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzietako Salan, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik hasi eta bi hilabeteko epean.
Bigarrena. Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean hasiko da eragiten Ebazpen hau.
Vitoria-Gasteiz, 2011ko maiatzaren 25a.
Euskal Herriko Poliziaren Ikastegiko zuzendaria,
ELENA MORENO ZALDIBAR.


