- EBAZPENA, 2011ko ekainaren 27koa, Ingurumeneko sailburuordearena, ingurumen-inpaktuari buruzko adierazpena egiten duena, Bilbao Exhibition Centre-ko 1. eta 2. pabiloien estalki gainean 200 kW-ko instalazio fotovoltaikoa egiteko proiektuari buruz (Bilbao Exhibition Centre-k Barakaldoko udalerrian sustatutako proiektua). - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus
Arautegia
InprimatuEBAZPENA, 2011ko ekainaren 27koa, Ingurumeneko sailburuordearena, ingurumen-inpaktuari buruzko adierazpena egiten duena, Bilbao Exhibition Centre-ko 1. eta 2. pabiloien estalki gainean 200 kW-ko instalazio fotovoltaikoa egiteko proiektuari buruz (Bilbao Exhibition Centre-k Barakaldoko udalerrian sustatutako proiektua).
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Ebazpena
- Organo arau-emailea: Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 169
- Hurrenkera-zk.: 4295
- Xedapen-zk.: ---
- Xedapen-data: 2011/06/27
- Argitaratze-data: 2011/09/06
Gaikako eremua
- Gaia: Ingurune naturala eta etxebizitza; Ekonomi Jarduerak
- Azpigaia: Ingurumena; Industria
Testu legala
Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren arabera, I. eranskineko B) atalean agertzen diren proiektuak ingurumen-inpaktua banaka ebaluatzeko jardunbide baten mende egongo dira, eta jardunbide horri amaiera emateko ingurumen-inpaktuari buruzko adierazpena egin beharko da, betiere proiektu horiek egiteko edo, hala badagokie, baimentzeko hartzen den administrazio-erabakiaren aurretik.
Barakaldoko udalerrian dagoen Bilbao Exhibition Centre-ko 1. eta 2. pabiloien estalki gainean 200 kW-ko instalazio fotovoltaikoa egiteko proiektua baimentzeko prozedura hasi denez, eta nahitaez aplikatu beharrekoa denez Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorrean eta urtarrilaren 11ko 1/2008 Legegintzako Errege Dekretuan (Proiektuen ingurumen-inpaktua ebaluatzeko Legearen testu bategina onartzen duena) xedatutakoa, ondoren aipatzen diren izapideak egin dira proiektu horri dagokionez:
Ingurumen-inpaktuari buruzko azterlanaren edukia ezartzea. Eusko Jaurlaritzako Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak hala eskatuta, 2010eko ekainaren 1ean, Ingurumen Sailburuordetzak kontsulten izapideari hasiera eman zion, Proiektuen ingurumen-inpaktua ebaluatzeko Legearen testu bategina onartzeko den urtarrilaren 11ko 1/2008 Legegintzako Errege Dekretuaren 8.1 artikuluan ezarritakoa betez. Behin Ingurumen Sailburuordetzak 2010eko abuztuaren 4an proiektuaren ingurumen-inpaktuari buruzko azterlanak duen zabalerari eta xehetasun-mailari buruzko txostena bidali eta gero, izapidetzea bukatu egin zen.
Jendaurrean jartzeko izapidea. Organo substantiboak jendaurrean jarri zituen proiektua eta ingurumen-inpaktuari buruzko azterlana (2010eko otsailaren 10eko Bizkaiko Aldizkari Ofiziala, 28. zk. eta 2011ko martxoaren 15eko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria, 51. zk.).
Espedientea bidali eta ingurumen-inpaktuari buruzko adierazpena eskatzea. 2011ko uztailaren 7an Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak espedientea Ingurumen Sailburuordetzara bidali zuen, Proiektuen ingurumen-inpaktua ebaluatzeko Legearen testu bategina onartzeko den urtarrilaren 11ko 1/2008 Legegintzako Errege Dekretuaren 12.1 artikuluan ezarritakoa betez. 2011ko ekainaren 24an, sail horrek dokumentazio gehigarria bidali zuen espedientea osatzeko.
Aipatutako proiektuaren espedientean jasotzen diren agiri tekniko eta txostenak aztertu dira, eta ingurumen-inpaktuari buruzko azterlana zuzena da indarrean dagoen araudian xedatutakoaren arabera; beraz, Ingurumen Sailburuordetzak, bera baita organo aginpideduna ingurumen-inpaktuari buruzko adierazpen hau emateko, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren eta Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen abenduaren 22ko 629/2009 Dekretuaren arabera, honako hau
Bilbao Exhibition Centre-n, Barakaldoko udalerrian, 1. eta 2. pabiloien estalki gainean 200 kW-ko instalazioa egiteko proiektuaren ingurumen-inpaktuari buruz aldeko adierazpena egitea.
Proiektua gauzatzeko baldintzak finkatzea. Baldintzak lotesleak dira, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Legea Orokorraren 47.2 artikuluan ezarritakoaren arabera. Hona hemen baldintzak:
A. Proiektua ingurumen-inpaktuaren ebaluaziorako Ingurumen Sailburuordetzara bidalitako dokumentazioaren arabera egingo da eta, zehazki, ebazpen honetan ezarritako zehaztapenen arabera.
B. Proiektua aldatu edo handitu nahi izanez gero, urtarrilaren 11ko 1/2008 Legegintzako Errege Dekretuaren 16. artikuluan xedatutakoa aplikatu behar da, bere II. eranskineko 9.k) epigrafearekin bat. Horren bidez onartu zen Proiektuen ingurumen-inpaktua ebaluatzeko Legearen testu bategina.
Proiektuan egingo diren aldaketa jakinak, aurreko paragrafoan adierazitakoen garrantzirik izan ez eta lanak burutzeko falta diren gainerako prozeduretan sortzen direnean, ingurumenaren ikuspegitik ere arrazoitu egin beharko dira, eta proiektuan sartu beharko dira aldaketok: proiektuaren neurri babesle eta zuzentzaileetan, ingurumena zaintzeko programan, aurrekontuan eta baldintza-agirietan.
C. Neurri babesle eta zuzentzaileak.
Neurri babesle eta zuzentzaileak proiektuaren sustatzaileak ingurumen-inpaktuaren ebaluaziorako aurkeztutako dokumentazioan eta paragrafo honetan aurreikusitakoaren arabera burutuko dira.
c.1. Jarduketa-eremua mugatzea.
Obrak eta eragiketa osagarriak proiektuaren mugen barruan burutuko dira.
Aipatutako eremu horretatik kanpo halabeharrezko eraginak izanez gero, eragina zuzentzeko eta leheneratzeko neurri egokiak aplikatuko dira.
c.2. Hauts-emisioak murrizteko neurriak.
Obrak dirauen bitartean, hautsak zabaltzea ekidingo da. Behar izanez gero, lanek eragindako azalerak ureztatzeko sistema bat jarriko da.
c.3. Zaraten ondorioak gutxitzeko neurriak.
Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan ezarritakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen soinu-emisioei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokie, kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-emisioak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan eta arau osagarrietan ezarritakora.
c.4. Azaleko urak eta lurzorua babesteko neurriak.
Berariaz debekatuta izango da makinak konpontzea edo makinei olioa aldatzea, zeregin horretarako berariaz ezarritako eremuetatik kanpora. Lanak egiten ari diren inguruan ez balego azpiegitura egokirik zeregin horietarako, berariazko esparru bat egokitu beharko da lan horiek egiteko. Esparru hori mugatuta egongo da, eta zorua iragazgaiztu egin beharko da; era berean, efluenteak jasotzeko sistema bat izango da, zorua eta urak ez kutsatzeko.
c.6. Hondakinen kudeaketa.
c.6.1. Obrek irauten duten bitartean sortzen diren hondakinak Hondakinei buruzko apirilaren 21eko 10/1998 Legean eta araudi berariazkoetan aurreikusitakoarekin bat etorriz kudeatuko dira, honelako hondakinak barne direla: obra-arloak prestatzeko eragiketetatik sortzen direnak, enbalajeak, baztertzen diren lehengaiak eta garbiketa-lanetako soberakinak.
Hondakinak teknikoki eta ekonomikoki bideragarriak badira, baimendutako hondakinen kudeatzaile batengana eraman behar dira.
Teknikaren, ekonomiaren edo ingurumenaren aldetik hondakinak baloraezinak direla behar bezala ziurtatu ondoren soilik ezabatu ahal izango dira.
c.6.2. Zabortegira bidali beharreko hondakinak, hondakinak zabortegietan utziz ezabatzea arautzen duen abenduaren 27ko 1481/2001 Errege Dekretuaren eta hondakinak zabortegietan utziz ezabatzea eta betegarriak egikaritzea arautzen duen otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuaren arabera ere kudeatuko dira. Hondakin horiek karakterizatu egin beharko dira 2001eko otsailaren 19an Kontseiluak hartutako 2003/33/EE Erabakiaren arabera; erabaki horrek hondakinak zabortegietan onartzeko irizpide eta prozedurak ezartzen ditu, 1999/31/EEE Zuzentarauaren 16. artikuluari eta II. eranskinari jarraituz.
c.6.3. Hondakin arriskutsuentzako ontzietan uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren (hondakin toxiko eta arriskutsuei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Oinarrizko Legea betearazteko oinarrizko araudia onartzen du dekretu horrek) 13. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak kontuan izan beharko dituzte; itxita egongo dira kudeatzaileak jaso arte, isuri edo lurrundu ez daitezen.
Aurreko paragrafoan aipatzen diren ontziek etiketatuta egon beharko dute, eta etiketak argia, irakurtzeko modukoa eta ezabaezina izan beharko du, aipatutako uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuak 14. artikuluan horretarako adierazitako jarraibideen arabera.
c.6.4. Olio erabilia kudeatzeko honakoak hartuko dira kontuan: industriako olio erabiliaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretua eta Euskal Autonomia Erkidegoan olio erabiliaren kudeaketa arautzen duen irailaren 29ko 259/1998 Dekretua.
Baimendutako kudeatzaile bati eman arte, erabilitako olioa andel estankoetan bilduko da estalitako biltegi batean; andelok etiketatuta egon eta azpila edo atxikipen-sistemaren bat eduki beharko dute. Zola iragazgaitz gainean egon beharko dute, edozein ihes edo isuriri aurre egiteko prestatuta, elementu nagusia hautsiko balitz ere.
c.6.5. Araudi hau errazago betetzeko, lan desberdinetan sortutako hondakinak kudeatzeko sistemak edukiko dira. Lan horien arduradunek kudeatuko dituzte sistemak, langileek sistemak zuzen erabiltzen dituztela ziurtatzeko ardura izango baitute.
c.7. Garbiketa eta obra bukatzea.
Obra amaitu ondoren, garbiketa-lan zorrotza egingo da, eta proiektuaren eragina izan duen eremuan obra-soberakin guztiak kenduko dira, erabat garbi utzi arte.
c.8. Eremu elektromagnetikoetarako esposizioa mugatzea.
Instalazioek eragindako eremu elektriko eta magnetikoek ezingo dituzte Europar Batasunaren Kontseiluaren 1999ko uztailaren 12ko Gomendioan pertsonek eremu elektromagnetikoekiko (0 Hz-tik 300 GHz-ra) duten esposizioari buruzkoa adierazitako erreferentziako mugak eta oinarrizko mugaketak gainditu.
c.9. Instalazioak bertan behera uztea.
Jarduera uzten denean, berariazko araudia aplikatuko da. Horrez gain, deuseztatzeko lanak egiteko orduan, obra-faserako ezarritako neurri babesleen zein neurri zuzentzaileen antzekoak aplikatuko dira, batez ere hondakinen kudeaketari dagokionez.
D. Ingurumena Zaintzeko Programa.
Ingurumena zaintzeko programa sustatzaileak aurkeztutako dokumentazioan aurreikusten denaren arabera egingo da. Programa hori obra kontratatzeko baldintza-agirian integratuta geratuko da, eta dagokion aurrekontua edukiko du.
Obrak egin ahala sortutako gorabeheren erregistroa egin beharko da, bai eta neurri babesleak zein neurri zuzentzaileak noraino bete diren jasotzeko erregistroa ere. Erregistro hori Ingurumen Sailburuordetzak ikuskatzeko moduan egon beharko da, eta, obrak amaitzen direnean, nolanahi ere, Sailburuordetzari igorri beharko zaio hori.
Proiektua garatu bitartean sartutako aldaketa puntualak xehetasunez dokumentatu beharko dira, ingurumenean duten eragina kontuan hartuta.
E. Baldin eta arautegi berria indarrean sartzeak, edo barneratzen diren sistemen egiturari eta funtzionamenduari buruzko ezagutza berri esanguratsuetara egokitu beharrak hala egitera bagaramatza, neurri babesle eta zuzentzaileak eta ingurumena zaintzeko programa aldatu ahal izango dira, bai neurtu behar diren parametroen kasuan, bai neurketaren aldizkakotasuna eta aipatutako parametroek hartu behar duten tarteari dagozkion mugen kasuan. Era berean, ingurumen-organoak, jardueraren sustatzailearen eskariz edo bere kabuz, neurri babesle eta zuzentzaileak edota ingurumen-zaintzako programa aldatzea erabaki dezake, baldin eta egoki baderitzo ingurumen-zaintzako programaren ondorioak ikusita edo neurri babesle, zuzentzaile edo konpentsatzaileek gerta daitezkeen ingurumen-inpaktuen inguruan erakusten dituzten gabeziak kontuan hartuta.
F. Ebazpen honen aurreko paragrafoetan ezarritakoari kalterik egin gabe, sustatzaileak honako agiri hau igorri beharko du Ingurumen Sailburuordetzara, espedientean sar dezaten:
f.1. Obrak amaitutakoan, iraun duten bitartean izandako gorabeherak eta neurri babesle eta zuzentzaileen betetze maila adierazten dituen erregistroa, ebazpen honen 2.D puntuaren arabera.
Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorrak 47.3 artikuluan ezarritakoaren arabera, ingurumen-inpaktuari buruzko adierazpen honek, ondorio guztietarako, jarduera-lizentzia emateko behar diren neurri zuzentzaileen txostena ordezkatzen duela jakinaraztea.
Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 47.8 artikuluaren arabera, 2 urteko iraupena duen proiektua martxan jartzeko epea ezartzea, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian ingurumen-inpaktuari buruzko adierazpen hau argitaratzen den unetik kontatzen hasita. Epe hori proiektuari hasiera eman gabe bukatzen bada, sustatzaileari egotz dakizkiokeen arrazoiengatik, ingurumen-inpaktuari buruzko adierazpen hau baliogabetu egingo da. Hala ere, organo aginpidedunak hasiera emateko epea luzatu ahal izango du, behar bezala justifikatutako arrazoirik balego.
Proiektuen ingurumen-inpaktuari buruzko Legearen testu bategina onartzen duen urtarrilaren 11ko 1/2008 Legegintzako Errege Dekretuaren 14.3 artikuluan ezarritakoaren arabera, proiektuaren sustatzaileak aldez aurretik jakinarazi beharko dio ingurumen-organoari proiektuari dagozkion lanak zein egunetan hasiko diren.
Ingurumen-inpaktuari buruzko adierazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea.
Vitoria-Gasteiz, 2011ko ekainaren 27a.
Ingurumeneko sailburuordea,
MARÍA ARANZAZU LETURIONDO ARANZAMENDI.


