Euskadi.eus
  • 1204/2011 EBAZPENA, uztailaren 14koa, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiarena, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko langileek ikasketak sakontzeko laguntzen deialdia egiten duena. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus

Arautegia

Inprimatu

1204/2011 EBAZPENA, uztailaren 14koa, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiarena, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko langileek ikasketak sakontzeko laguntzen deialdia egiten duena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzua
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 148
  • Hurrenkera-zk.: 3866
  • Xedapen-zk.: 1204
  • Xedapen-data: 2011/07/14
  • Argitaratze-data: 2011/08/04

Gaikako eremua

  • Gaia: Administrazioaren antolamendua; Hezkuntza
  • Azpigaia: Herri Administrazioa; Funtzio publikoa

Testu legala

Euskadiko Antolamendu Sanitarioari buruzko ekainaren 26ko 8/1997 Legearen V. tituluko 31. artikuluaren arabera, etenik gabe sustatuko dira osasun-arloko profesional sanitarioen eta ez-sanitarioen eta gestio eta administrazio sanitarioetako profesionalen prestakuntza, birziklapena eta hobekuntza, diziplinarteko perspektiba batetik.

Ildo beretik, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Estatutuen lehen kapituluko 3.d) artikuluan adierazten denez, osasun-erakunde publiko horretako langile sanitario eta ez-sanitarioen prestakuntza eta langile horiek lanerako behar dituzten espezializazio-jakintzak sustatu behar dira.

Horrenbestez, bai Euskadiko Antolamendu Sanitarioaren Legean (LOSE), bai sozietatearen estatutuetan ezarritako helburu horri erantzutearren, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren lan-ildo nagusietako bat dugu erakundeko langileei diru-laguntzak ematea, beren lanbideari lotutako jakintza eta ezagupen profesionalak eguneratzeko prestakuntza-jardunak egiteko modua izan dezaten.

Beraz, hauxe da diru-laguntza hauen helburu nagusia: lehentasuna duten esparru eta jardunetan osasun-arloko zerbitzuen kalitatea hobetzen eta profesionalak lanerako prestatzen laguntzea.

Azaldutako guztiagatik, eta indarreko legeriak ematen dizkidan ahalmenak baliatuz, honako hau

Lehenengoa. Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko langileek ikasketak sakontzeko laguntzen deialdia egitea eta oinarri orokorrak onartzea (I. eranskina).

Bigarrena. Eskaeraren eredu normalizatua onartzea (II. eranskina).

Azaroaren 26ko Herri-Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legean (urtarrilaren 13ko 4/1999 Legearen bidez aldatu zen lege hori), Euskadiko Antolamendu Sanitarioari buruzko ekainaren 26ko 8/1997 Legean eta Osakidetzaren Estatutu Sozialak ezartzen dituen azaroaren 11ko 255/1997 Dekretuan ezarritakoari jarraituz, ebazpen honen -eta berau garatuko duten behin betiko ebazpenen aurka-, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango da, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, hilabeteko epean.

Giza Baliabideetako zuzendariak emandako behin betiko ebazpenen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendariari (Araba kalea 45, 01006 Gasteiz).

Zuzendari nagusiak emandako ebazpenen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Administrazio Kontseiluari (Araba kalea 45, 01006 Gasteiz).

Bigarrena. Ebazpen honek ondorioak izango ditu EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2011ko uztailaren 14a.

Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusia,

JULIÁN PÉREZ GIL.

  1. Xedea.

  1. Oinarri hauen helburua da osasun-arloan etengabeko prestakuntza-ikasketak burutzeko laguntzak jasotzeko baldintzak eta betekizunak ezartzea. Ikasketa horiek esparru klinikoan zein kudeaketa/administrazio-esparruan egin litezke, estatuko zentro edo instituzio ospetsuetan, betiere, estaldura-aldiaren barruan (2010eko irailaren 1etik 2011ko abuztuaren 31ra arte).

    Etengabeko prestakuntzatzat joko da irakaskuntza-ikaskuntza prozesu aktiboa, etengabea eta planifikatua, profesionalen eskubide eta obligazioa dena, eta helburu hau duena: profesional horien ezagutzak, trebetasunak eta jardute-moduak eguneratu eta hobetzea, bilakaera zientifiko eta teknologikoaren aurrean, eta gizarte mailan eta osasun sistemaren baitan dauden eskaera eta beharren aurrean.

  2. Deialdi honetatik kanpo geldituko dira:

    Gradua edo espezialitate klinikoa lortzeko prestakuntza-ekintzak.

    Atzerriko zentro edo erakundeetan egindako prestakuntza-ekintzak.

    Euskara ikasteko prestakuntza-ekintzak.

  1. Finantzaketa.

    Deialdi honetako laguntzak Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren erakunde zentralaren aurrekontuetatik finantzatuko dira, helburu horretarako ezarri den aurrekontu-sailaren bidez.

    Ikasketak sakontzeko laguntza-programa honen zenbatekoa, guztira, 90.000 eurokoa izango da.

    Laguntzetarako finkatutako kopuru oso hori alda daiteke, eskatutako laguntzak guztira zenbatekoak diren ikusita, eta, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren beste laguntza-programa batzuk burutu ondoren agortu gabe gelditu den diruaren arabera.

    Laguntzaren zenbatekoa -bera bakarrik edo beste erakunde publiko edo pribatu batzuek emandako laguntzekin batera- inola ere ez da izango onuradunak -prestakuntza-ekintza burutzeko- egin duen matrikularen zenbatekoa baino handiagoa.

  2. Onuradunak.

    Osakidetzako langile guztiak baliatu ahal izango dira laguntza hauetaz. Bitarteko langile egoiliarrek ere eska ditzakete laguntza hauek (BAME, BAFE, BAPE, BAEE), betiere, etengabeko prestakuntzarako jarduerak egiteko laguntzak eskatzen badira (erref. 1.1 eta 1.2 puntuak).

    Horren egiaztapena ofizioz egingo du prestakuntzako zerbitzu korporatiboak, laguntza-eskaera aurkezten den egunean.

    Onuradunei ezingo zaie diru-laguntzarik eman, baldin eta Euskal Autonomia Erkidegoak eta bere erakunde autonomoetako Administrazio Orokorrak emandako laguntzen edo diru-laguntzen esparruan, izaera bereko itzultze- edo zigortze-prozeduraren bat amaitu gabe badago.

    Ezingo dute deialdi honetan parte hartu zigor- eta administrazio-arloan diru-laguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzearekin zehatuta daudenek, ez eta horretarako ezgaitzen dituen debekuren baten eraginpean daudenak ere -sexu-diskriminazioaren ondoriozkoa barne-, harik eta dagokion zehapenak ezartzen duen aldia amaitzen den arte.

  3. Diruz lagundu daitezkeen gastuak.

    Prestakuntza-ekintza burutzeko matrikularen gastuak ordaintzen lagunduko du diru-laguntzak.

  4. Diru-hornidura eta laguntzen bateragarritasuna.

    Diru-laguntza bakoitzaren zenbatekoa ez da izango mila euro (1.000) baino handiagoa, ezta berrogeita hamar (50) euro baino txikiagoa ere. Nolanahi ere, eskatzen den zenbatekoa gutxieneko hori baino txikiagoa bada, eskaera hori aintzat hartuko da.

    Deialdi honetako laguntzak bateragarriak izango dira erakunde publiko edo pribatuek helburu berbererako ematen duten beste edozein laguntzarekin. Nolanahi ere, ez du gainfinantzaketarik gertatu behar. Halakorik gertatuz gero, emandako laguntza dagokion gehieneko mugaraino murriztuko da.

  5. Eskaerak.

  1. Hautagai bakoitzak eskaera bakarra aurkeztu ahal izango du. Eskaera bat baino gehiago aurkeztuz gero, zenbatekorik handiena duen eskaera hartuko da kontuan.

  2. Ebazpen honen II. eranskinean ageri den eredu normalizatuaren arabera egingo dira ebazpen honetako laguntzak jasotzeko eskaerak.

    Eskaera-inprimakia korporazioaren intranetean egongo da eskuragarri (www.osakidetza.net), eta web-orri horretan horretarako jarritako bitarteko telematikoen bitartez bidali ahal izango da.

    Eskatzaileek, eskaera telematikoki bidali ondoren, kopia bat inprimatu behar dute, eta kopia hori behar bezala sinatu, zigilatu eta erregistratu behar da.

    Inskribaketa horrek bakar bakarrik balioko du, kopia sinatu eta, dagokion dokumentazioarekin batera, Osakidetzako edozein zerbitzu erakundetako erregistroan aurkezten bada, deialdian ezarritako epean; nolanahi ere, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 38.4 artikuluan ezartzen diren modu eta lekuetan ere aurkeztu ahal izango da.

  3. Eskaerak OsakidetzaEuskal osasun zerbitzuko Giza Baliabideetako zuzendariari zuzendu eta bidaliko zaizkio (Prestakuntzako Zerbitzu Korporatiboa, Araba kalea 45, 01006, Gasteiz).

  4. Eskaerarekin batera (II. eranskina) ondoko dokumentazioa aurkeztu behar da:

    1. Ziurtagiri originala zigilatua eta sinatua, diru-laguntzarekin ordaindu nahi diren ikasketak amaitu izana egiaztatzen duena, dagokion ikasketa-zentroko organo eskumendunak emana. Tituluaren edo diplomaren fotokopia konpultsatua ere onartuko da.

    2. Matrikula ordaindu izanaren frogagiri originala (banku-ordainagiria), matrikula ordaindu izana egiaztatzen duen faktura originala, edo ikasketa-zentroko organo eskumendunak zigilatu eta sinatutako ziurtagiri originala, ordainketa egiaztatzen duena.

  5. Eskaerak eta dagokion dokumentazioa aurkezteko epea ebazpen hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da, eta 2011ko irailaren 30ean amaituko da.

    Deialdiko oinarriren bat ez betetzeak, edo datuak gorde, aldatu edo eskatutako informazioa manipulatzeak, eskaera ezestea ekarriko du, eta horretaz gain, beste erantzukizun batzuk ere sor daitezke.

  1. Onartutakoen eta baztertutakoen zerrenda.

  1. Onartutakoen eta baztertutakoen behin-behineko zerrenda.

    Eskaerak aurkezteko epea amaituta, Prestakuntza Zerbitzu Korporatiboak eskaera horiek aztertuko ditu, deialdian eskatutako baldintzak betetzen diren ala ez egiaztatzeko.

    Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Giza Baliabideetako zuzendariak onartutakoen eta baztertutakoen behin-behineko zerrenda onartuko du, korporazioaren intranetean argitaratuko den ebazpenaren bitartez. Baztertutakoen kasuan, baztertzeko arrazoia zein izan den jasoko da.

    Baztertutako eta alde batera utzitako hautagaiek 10 egun baliodun izango dituzte -ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera-, erreklamazioak aurkeztu eta eskaeran dauden hutsak zuzentzeko.

    Zuzenketarik egiten ez bada, interesdunak eskaerari uko egin diola ulertuko da.

  2. Onartutakoen eta baztertutakoen behin betiko zerrenda.

    Erreklamazioak egiteko epea amaituta, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Giza Baliabideetako zuzendariak ebazpena emango du onartutakoen eta baztertutakoen behin betiko zerrenda onartzeko; baztertutakoen kasuan, arrazoia zein den adieraziko da. Ebazpen hori korporazioaren intranetean argitaratuko da.

  1. Aurkeztutako eskaerak eta dokumentazioa baloratzea.

  1. Aurkeztutako eskaerak aztertzeko, Balorazio Batzorde bat eratuko da, erakundearen zuzendari nagusiak izendatuta.

    Batzorde hori honako hauek osatuko dute: Giza Baliabideak kudeatu, antolatu eta garatzeko zuzendariordea, lau kide, eta prestakuntzaren arloko teknikari arduraduna, idazkari moduan jardungo duena.

    Batzorde horrek eskaeren balorazio egokirako beharrezkotzat jotzen dituen aholkuak eskatu ahal izango ditu.

  1. Batzordeak, aurreikusitako balorazio-irizpideak eta ponderazioak aplikatuz, egin diren eskaerak aztertu eta dagokion ebazpen-proposamena aurkeztuko dio Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Giza Baliabideetako zuzendariari.

  1. Ondoren azalduta datozen irizpide eta ponderazio hauek aintzakotzat hartuta egin beharko da balorazio-lan hori:

    1. Ikasketak noraino diren erabilgarri eta zenbat egokitzen zaizkion langilearen lan-jardunari. Gehienez ere, % 55.

      Irizpide hori honako hauen bidez baloratuko da:

      Eskatzaileak aurkeztutako azalpen memoria, laguntzaren helburu den prestakuntza-ekintzarako duen interesari buruzkoa. Zehaztu egin behar du prestakuntza horrek bere lanean zer nolako eragina izango duen. Gehienez ere, % 30.

      Dagokion zuzendariaren balorazioa (handia, ertaina edo txikia), ikasketen erabilgarritasunari buruzkoa. Horretarako, kontuan izan behar du prestakuntzak lanpostuan izango duen eragina, eskatzailearen lan-harremana eta ikastaroaren iraupena (orduka edo kredituka). Gehienez ere, % 20, honako eskala honen arabera:

      Handia: 20 puntu.

      Ertaina: 13 puntu.

      Txikia: 7 puntu.

      Laguntzaren helburu diren ikasketen programa, honakoak zehaztuko dituena: ikasketa-zentroa eta ikasketen maila, helburu eta eduki espezifikoak. Gehienez ere, % 5.

    2. Ikasketek zein harreman duten Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuak eta Osasun Sailak lehentasunezkotzat jotzen dituen eremuekin. Gehienez ere, % 35. Honela baloratuko da:

      Zuzenean klinikarekin lotuta: 35 puntu.

      Orokorra (kudeaketa, estatistika, ikerketa, elkarrizketa klinikoa, pazientearen segurtasuna): 30 puntu.

      Beste batzuk: 25 puntu.

    3. Ikasketak egin diren zentroaren edo erakundearen prestakuntza-kalitatea: Gehienez ere, % 10. Honela baloratuko da:

      Unibertsitate-prestakuntzako zentroak: 10 puntu.

      Ospitaleak, Administrazioaren lanbide-eskolak, IVAP, autonomia erkidegoetako osasun-eskolak, Osasun Sistema Nazionalekoak,... 5 puntu.

      Elkargo profesionala: 3 puntu.

      Beste batzuk: 2 puntu.

  2. Irizpideak baloratzeko dokumentazio hori aurkezten ez bada, zero puntu emango zaizkie dagozkien atalei.

  3. Ebazpen honetan azaldutako baldintza guztiak betetzeak ez du esan nahi besterik gabe laguntza jasotzeko eskubidea lortu denik.

  1. Ebazpena.

  1. Deialdia Giza Baliabideetako zuzendariak ebatziko du, Balorazio Batzordearen proposamena aintzat hartuta.

  2. Ebazpenak honako hauek jasoko ditu: onuradunen zerrenda; diruz lagundu diren ikasketak eta laguntzen zenbatekoa.

  3. Ebazpen hau EHAAn argitaratu eta sei hilabeteko epean ebatziko da deialdia. Epe hori igaro eta berariazko ebazpenik ematen ez bada, ebatzi gabeko eskaerak ezetsi egin direla ulertu beharko da, halaxe ezarrita baitago Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 44. artikuluan, ahaztu gabe lege berak Administrazioari berariaz ebatzi behar duela ere agintzen diola.

    Horrekin batera, laguntzen onuradunei onarpen-agiria bidaliko zaie, zeina behar bezala bete eta Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren Giza Baliabideetako Zuzendaritzara bidali beharko baitute (Prestakuntzako Zerbitzu Korporatiboa, Araba kalea 45, 01006 Gasteiz), agiria jaso eta egutegiko hamabost eguneko epean.

    Onarpen-agiria epe horretan itzultzen ez bada, diru-laguntzari uko egin zaiola ulertuko da, eta, orduan, laguntza jasotzeko eskubidea ere galduko da, ebazpen honen 10.4 puntuan ezarritakoari jarraituz.

    Laguntza ukatzen den kasuetan, eskaerarekin batera aurkeztutako agiriak-interesdunak eskatuta-berreskuratzeko epea hilabetekoa izango da, dagokion Ebazpena argitaratzen denetik aurrera, betiere, errekurtsorik aurkeztu ez bada. Errekurtsorik aurkeztu bada, ezesteko ebazpenaren jakinarazpena egiten denetik aurrera hasiko da epea.

  4. Laguntza emateko kontuan hartutako baldintzetakoren bat gerora aldatzen bada, emandako ebazpena ere aldatu egin ahal izango da.

    Zehatzago esanda, esleitutako laguntzari uko egiten bazaio edo baldintzak ez betetzeagatik jasotako dirua itzularazi egin behar bada, eskaera aurkeztu duten gainerakoen artean esleituko da berriz bueltan jasotako kopuru hori, betiere, hasieratik aintzat hartutako irizpide berberak oinarri.

  5. Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Giza Baliabideetako zuzendariaren ebazpenaren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiari, hilabeteko epean, ebazpena EHAAn argitaratzen denetik aurrera.

  1. Esleitutako laguntzak ordaintzea.

    Laguntza onartzen bada, ordainketa egingo da transferentzia bidez; nomina sartzen den banku-entitate eta kontu zenbaki berera sartuko da dirua, non eta eskatzaileak onarpen-agirian besterik zehazten ez duen.

  2. Onuradunen betebeharrak.

  1. Ebazpen honetan araututako laguntzen onuradunek betebehar hauek bete beharko dituzte:

    1. Esleitu zaion diru-laguntza onartzea, deialdi honetako 10.3 puntuan ezarritakoari jarraituz.

    2. Onuradunak laguntza eman dion erakundeari jakinarazi behar dio ea beste administrazio edo entitate publiko zein pribatu batetik bestelako laguntzarik, diru-sarrerarik edo baliabiderik jaso duen xede berbererako.

    3. Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak -deialdi honi lotuta emandako laguntzak direla-eta- eskatutako informazio guztia ematea.

    4. Laguntza ematerakoan kontuan hartutako gorabehera edo egoeretatik edozein aldatzen bada, aldaketa objektiboa zein subjektiboa izan, horren berri eman behar du onuradunak.

      1. Diru-laguntza itzularaztea.

        Ondoren adieraziko diren egoeretakoren bat gertatuz gero, onuradunak ezin izango du eskatu laguntza ordain diezaioten, eta, gainera, hala dagokionean, jaso duen diru-kopurua ere itzuli egin beharko du, dirua jaso zuenetik sortutako interes eta guzti:

        1. Laguntza bete beharreko baldintzak bete gabe jasotzea.

        2. Ezarritako kontrol-jardunei ezezkoa eman edo oztopoak jartzea.

          (Ikus .PDF)

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik