Euskadi.eus
  • EBAZPENA, 2011ko uztailaren 18koa, Euskal Herriko Poliziaren Ikastegiko zuzendariarena; honen bidez, Ertzaintzaren Goi-Mailako Eskalako Intendente Kategorian sartzeko hautaketa prozeduraren deialdia egiten da. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus

Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2011ko uztailaren 18koa, Euskal Herriko Poliziaren Ikastegiko zuzendariarena; honen bidez, Ertzaintzaren Goi-Mailako Eskalako Intendente Kategorian sartzeko hautaketa prozeduraren deialdia egiten da.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Herrizaingo Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 137
  • Hurrenkera-zk.: 3630
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2011/07/18
  • Argitaratze-data: 2011/07/19

Gaikako eremua

  • Gaia: Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Funtzio publikoa

Testu legala

Deialdi hau egingo da Euskal Herriko Poliziari buruzko uztailaren 17ko 4/1992 Legean, Euskal Herriko Poliziaren Hautespen eta Prestakuntza araudia onartzen duen uztailaren 19ko 315/1994 Dekretuan, eta maiatzaren 21eko 111/2002 Dekretuak, otsailaren 17ko 36/2004 Dekretuak eta apirilaren 20ko 120/2010 Dekretuak aipatu dekretuari egindako aldaketetan xedatutakoaren arabera.

Halaber, Euskal Herriko Poliziaren Ikastegiko Artekaritza Kontseiluak ere onartu du eta Segurtasun sailburuordeak alde horretatik egindako eskaerari erantzun zaio.

Horretan guztian oinarrituta, zuzendari honek ebatzi du Ertzaintzako Goi Mailako Eskalako Intendente Kategorian sartzeko hautaketa-prozedurarako deialdia egitea, aintzakotzat hartuz ondoko:

DEIALDIAREN OINARRIAK

Barne sustapeneko hautaketa-prozeduraren deialdia egin da oposizio-lehiaketa bidez. Horren osagarri gisa, prestakuntza-ikastaroa eta praktikaldia egingo dira; hain zuzen, Ertzaintzaren Goi Mailako Eskalako Intendente Kategoriako 10 plaza betetzeko, Euskal Administrazio Publikoen funtzionarioen sailkapeneko A taldeko A1 azpitaldeari dagozkionak; sartzeko eskatzen den titulazioaren arabera.

Deitutako plazak 10 dira, baina gehiago izan daitezke. Kopurua handituz gero, Euskal Herriko Poliziaren Ikastegiko iragarki-taulan argitaratuko da Euskal Herriko Poliziaren Ikastegiko zuzendariaren Ebazpenaren bidez, Euskal Herriko Poliziaren Hautespen eta Prestakuntza araudia onartzen duen uztailaren 19ko 315/1994 Dekretuaren 40.2 artikuluan aurreikusitakoaren arabera.

Plaza-gehikuntza oinarri hauen bidez arautuko da eta hamaikagarren oinarrian, 3. puntuan, aurreikusitako izapidearen aurretik ezarri beharko da.

  1. Hautaketa-prozeduran parte hartu nahi dutenek, onartuak izan nahi badute, eskakizun hauek bete beharko dituzte:

    1. Aldez aurreko eskabidea egitea.

    2. Ertzaintzako karrerako funtzionario izatea.

    3. Jarraian adierazten diren kategorietako batean zerbitzu aktiboko administrazio-egoeran egotea, azaltzen diren inguruabarrak aldi berean gertatzen direla:

      1. Ertzaintzako Komisario Kategorian bost urte benetako zerbitzuan bete izana, Euskal Herriko Poliziari buruzko Legearen 59.3 artikuluan ezarritakoaren arabera eta, gainera:

      1.1. Doktore, lizentziatu, ingeniari, arkitekto edo antzeko tituluaren jabe izatea.

      1.2. Titulazio hori ez dutenek ere parte ahal izango dute, baldin eta sailkapeneko beheragoko taldeari dagokiona badute (A taldea, A2 azpitaldea) eta beharrezko gaikuntza-ikastaroa gainditu badute, Euskal Herriko Poliziari buruzko uztailaren 17ko 4/1992 Legearen 59. artikuluko 2. zenbakian araututakoaren arabera.

      Gaikuntzako ikastaro horren ezaugarri bereziak direla-eta, ikastaroa egin dutenak eta halaber c.1.1 atalean aipatutako titulazioetako baten jabe direnak bide horretatik sartu ahal izango dira hautaketa-prozedura honetan. Kasu horretan gaikuntza-ikastaroa eginda izatea ez da titulazioaren baldintza betetzeko bidetzat hartuko.

      2. Euskal Herriko Poliziari buruzko Legea indarrean sartu zenetik Intendente-kategoriarako egiten den lehenengo deialdia denez, eta Euskal Herriko Poliziari buruzko uztailaren 17ko 4/1992 Legearen Seigarren Xedapen Iragankorrak emandako eskumenari jarraiki, Poliziari buruzko Legearen 59. artikuluan (bigarren oinarria, 1. puntua, c.1 atala) aipatzen diren funtzionarioez gain, Ertzaintzako Egiterapen Eskalako Komisariondoko Kategorian daudenek ere parte ahal izango dute, baldin eta baldintza hauek betetzen badituzte:

      2.1. Doktore, lizentziatu, ingeniari, arkitekto edo antzeko tituluaren jabe izatea

      2.2. Ertzaintzako Egiterapen Eskalan benetako zerbitzuan sei urte bete izana, Euskal Herriko Poliziari buruzko Legearen 59.3 artikuluan ezarritakoaren arabera.

      Eskakizun hau Giza Baliabideen Zuzendaritzan jasota dauden datuen arabera egiaztatuko da.

    4. BTP gidabaimenaren jabe izatea, hamabigarren oinarrian aurreikusitako Prestakuntza Ikastaroa hasi aurretik.

    5. Hutsegite larria edo oso larria egin izanagatik zehapenik jaso ez izana, ezarritako zehapena deuseztatuta geratzea lortu denean izan ezik.

      Eskakizun hau Giza Baliabideen Zuzendaritzan jasota dauden datuen arabera egiaztatuko da.

  2. Prozedura honetan parte hartu nahi dutenek aurreko atalean ezarritako eskakizun guztiak beteta izan beharko dituzte eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean, aurreko ataleko d) idatz-zatian xedatutakoa izan ezik.

  3. Izangaia onartua izan dadin eta hautaketa-prozesuan parte har dezan nahikoa izango da bere eskabidean aurreko atalean (2. puntua) eskatutako baldintzak betetzen dituela adieraztea, betiere eskabideak aurkezteko epearen amaierari loturikoak, d) idatz-zatian berariaz ezarritakoa salbuetsita, BTP motako gidabaimenari dagokionez. Eskakizun horiek deialdia egin duen organoak ofizioz egiaztatuko ditu eta, horretarako, Giza Baliabideen Zuzendaritzaren eta Ertzaintzaren Zuzendaritzaren ziurtagiria beharko du.

  4. Aurreko atalean xedatutakoa gorabehera, hautaketa-prozedurako edozein unetan, prestakuntza-ikastaroan edo praktikaldian zehar, onartuen eta baztertuen zerrenda oneste aldera, organo eskudunak jakingo balu horietako baten batek deialdian parte hartzeko beharrezko baldintzak ez dituela betetzen, hautaketa-prozeduratik kanpo utziko luke edo, hala balegokio, prestakuntza-ikastarotik edo praktikalditik, hari entzun ondoren.

  5. Hautaketa-prozedura honetan parte hartzea borondatezkoa da, eta berekin proba psikoteknikoak eta nortasun-probak egiteko onespena ematea dakar. Gainera, proba horien emaitza beste balorazio-faktore bat bezala erabiltzea onartu beharko da, oinarri hauetan aurreikusitakoari jarraiki.

  1. Hautaketa-prozeduran parte hartu nahi dutenek Gobernuaren Gurenet Intraneten bidez egin beharko dute eskabidea, bertan eskuragarri egongo den eskabide-eredua betez.

  2. Eskabideak aurkezteko epea 20 egun baliodunekoa izango da, Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik zenbatzen hasita.

  3. Eskabidean adieraziko da oposizioko probak zein hizkuntzatan (euskaraz edo gaztelaniaz) egin nahi diren.

  4. Eskabidea modu telematikoan formalizatuko denez, izangaiek bederatzigarren oinarriaren lehenengo atalean adierazitako epean eta eran aurkeztu eta egiaztatu beharko dituzte merezimenduak.

  1. Eskabideak aurkezteko epea amaitutakoan eta Bigarren Oinarriaren lehenengo ataleko a), b), c) eta e) idatz-zatietan ezarritako baldintzak betetzen direla ofizioz egiaztatu eta gero, Euskal Herriko Poliziaren Ikastegiko zuzendariak onartutakoen eta baztertutakoen behin-behineko zerrenda ebatziko du eta Euskal Herriko Poliziaren Ikastegiko iragarki-taulan argitaratuko da.

  2. Bazter utzitako izangai bakoitzari dagokionez, behin-behineko zerrendak jasoko ditu horiek baztertzea eragin duten arrazoiak; halaber, 10 egun balioduneko epea emango da erreklamazioak egiteko eta eskabideak izan ditzakeen akatsak zuzentzeko.

  3. Aurkeztutako erreklamazioak onartu edo ezetsiko dira onartutakoen eta baztertutakoen behin-behineko zerrenda (lehen atalean aurreikusitako moduan argitara emango dena) behin betiko bihurtzen duen Ebazpenean.

  4. Aurreko zerrendez gain, argitaratuko diren ondorengo zerrendek ere izangaiaren identifikazioa izango dute zenbaki profesionala adieraziz. Segurtasun-neurri gisa, Euskal Herriko Poliziaren Ikastegiko iragarki-oholaz bestelako toki batean argitaratuko diren emaitzen jakinarazpen guztiak identifikazio-kode baten bidez egingo dira, pertsonak berak ezagutuko baitu.

  1. Epaimahai Kalifikatzailea eratuko da oposizio-lehiaketaren probak eta merezimenduak zehaztu, garatu eta ebaluatzeko, baita izangaiak hautatzeko ere, Euskal Herriko Poliziari buruzko uztailaren 17ko 4/1992 Legearen eta uztailaren 19ko 315/1994 Dekretuaren aurreikuspenen arabera. Epaimahai horrek lehendakaria, lau epaimahaikide eta idazkari bat izango ditu.

    Euskal Herriko Poliziaren Ikastegiko iragarki-taulan argitaratuko da Epaimahai Kalifikatzailea osatzen duten kideen eta horien ordezkoen izendapena, Euskal Herriko Poliziaren Ikastegiko zuzendariaren Ebazpenaren bidez.

  2. Epaimahai Kalifikatzailearen jarduera kide anitzeko organoen funtzionamenduari buruzko arautegiaren araberakoa izango da.

    Epaimahai Kalifikatzailea osatzen duten pertsonei aplikatuko zaizkie Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen 28. eta 29. artikuluetan parte ez hartzeko eta errefusatzeko jasotako arrazoiak.

    Epaimahai Kalifikatzaile honetan parte hartzeak aurreikusitako legezko kalte-ordainak jasotzea eragingo du.

  3. Hautaketa-sistema eratzen duten proben eta merezimenduen garapena eta ebaluazioa Epaimahai Kalifikatzaileari dagozkio eta autonomia funtzional osoz jardungo du. Bestetik, prozeduraren objektibotasuna bere ardurapekoa ere izango da eta, gainera, deialdiaren oinarriak betetzen direla bermatuko du.

  4. Hautaketa-sistemak dituen proba guztietarako edo batzuetarako, Epaimahai Kalifikatzaileak bere lanetan aholkulariak edo adituak erabil ditzake, baina beroriek bakarrik euren espezialitateen barruan emango dituzte aholkuak eta laguntza teknikoa.

  5. Epaimahai Kalifikatzaileak hautaketa-sistema garatzeko behar diren neurri guztiak hartu ahal izango ditu oinarri hauetan aurreikusita ez dagoen guztiari dagokionez. Halaber, oinarri hauen interpretazio eta aplikazioari buruz sortuko diren arazoak ebatzi ditzake, baita bere funtzioak betetzeko ere.

  6. Epaimahaiak ezingo du deitutako plaza-kopurua baino izangai gehiago hautatu. Muga hori hausten duten proposamen guztiak erabat deusezak izango dira.

  7. Epaimahai Kalifikatzailearen akordioak Euskal Herriko Poliziaren Ikastegiko iragarki-taulan argitaratuko dira.

  8. Epaimahai Kalifikatzaileari zuzendutako idazkiak Euskal Herriko Poliziaren Ikastegira bidaliko dira.

  1. Hautaketa-prozesua oposizio-lehiaketa izango da eta, horretan parte hartzen dutenen gaitasuna eta lehentasun-ordena zehazte aldera, oposizio- eta lehiaketa-prozedurak bata bestearen atzetik burutuko dira.

  2. Lehiaketa-fasean ez da inor baztertuko eta bertan lortutako puntuazioa ezin izango da kontuan hartu oposizio-faseko ariketak gainditutzat jotzeko edo horietan lortutako kalifikazioak aldatzeko.

Oposizio-fasea proba hauek bata bestearen atzetik egitean datza:

  1. Proba psikoteknikoa, hain zuzen, Intendente-kategoriari dagozkion lanpostua eta polizia-lanak betetzeko pertsonen gaitasunak eta jarrerak zehaztera bideratuko baita. Ariketa mota hauetakoren bat edo batzuk sar daitezke: test psikologikoak, elkarrizketa pertsonalak, talde-dinamikak edo Epaimahaiak egoki iritzitako beste batzuk. Proba hau modu egokian egingo da hautaketa-prozesuaren objektibotasuna eta arrazionaltasuna bermatzeko eta, bestetik, merezimendu- eta gaitasun-printzipioekin bat etor dadin.

    Proba hau nahitaezkoa izango da eta 0tik 250 puntura baloratuko da.

  2. Polizia-aginterako gaitasun profesionalak ebaluatzeko proba. Proba horretan kasu praktikoak ebatzi edo Intendentearen zereginekin loturiko proiektua/k garatu beharko dute/dituzte, hain zuzen, Ertzaintzaren goi-mailako eskalari atxikitako funtsezko gaitasunak menderatzen dituztela ebaluatzeko.

    Proba hau nahitaezkoa eta baztertzailea izango da eta 0tik 50 puntura baloratuko da. Gainditzeko, gutxienez, 25 puntu lortu beharko dira.

  1. Probak ezin izango dira hasi, harik eta deialdia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denetik bi hilabete igaro arte.

  2. Lehenengo ariketa egiteko eguna, ordua eta tokia, Euskal Herriko Poliziaren Ikastegiko iragarki-taulan iragarriko dira, zazpi egun natural lehenago gutxienez. Gainerako ariketen segidako iragarpenak gutxienez hirurogeita hamabi ordu lehenago argitaratuko dira Euskal Herriko Poliziaren Ikastegiko iragarki-taulan.

  3. Aurreko paragrafoan ezarritakoa gorabehera, Epaimahai Kalifikatzaileak erabaki ahalko du deialdi hau osatzen duten probak eta ariketa guztiak finkatutakoaz bestelako hurrenkera batean egitea, baita egun berean proba batzuk burutzea ere. Kasu horretan, proben eta/edo ariketen emaitzak deialdiaren oinarrietan ezarritako ordenan argitaratuko dira. Bakar-bakarrik argitaratuko dira aurreko ariketak gainditu dituztenen proba eta/edo ariketa bakoitzaren emaitzak, zazpigarren oinarrian ezarritako ordenari jarraituz.

    Izangaien kopurua kontuan hartuta, eta probak egitea zerbitzuaren beharrekin bateragarria izan dadin, Epaimahai Kalifikatzaileak erabaki dezake probak hainbat txanda eta tokitan egitea.

  4. Automatikoki hautaketa-prozeduratik kanpo geratuko dira Epaimahaiaren deiaren arabera ezarritako ordu, egun eta lekuan nahitaezko probak eta/edo ariketak egitera agertuko ez direnak, ez aurkezteko arrazoi gaindiezinak izanda ere. Arau bera aplikatuko zaie nahitaezko edozein proba eta/edo ariketa hasi ondoren azalduko direnei.

    Nahitaezko probaren batek ariketa bat baino gehiago balu, ez agertzetzat joko da haietariko batera ez aurkeztea edo berandu azaltzea.

  5. Parte-hartzaileak proba guztietara aurkeztu beharko du bere nortasuna egiaztatzen duen agiria aldean daramala. Epaimahai Kalifikatzaileak edozein unetan agiri hori erakusteko eska diezaioke.

  6. Proba baztertzaile bakoitza bukatzean, Epaimahai Kalifikatzailearen Akordioaren bitartez, Euskal Herriko Poliziaren Ikastegiko iragarki-taulan argitaratuko da gainditu dutenen eta baztertuta geratu direnen zerrenda; lortutako puntuazioa zehatz adierazita.

  7. Izangaiek oposizioaren ariketak Euskal Autonomia Erkidegoko edozein hizkuntza ofizialetan egin ahalko dituzte.

  1. Lehiaketa-fasean parte-hartzaileek aipatu eta egiaztatutako merezimenduak baloratuko dira, betiere dagoen baremoaren arabera, gaitasuna eta ondoriozko lehentasun-ordena zehazteko.

    Behin oposizio-fasea amaituz gero, Euskal Herriko Poliziaren Ikastegiko zuzendariaren Ebazpen bidez, gainditu dutenentzat merezimenduak alegatu eta egiaztatzeko 10 egun balioduneko epea irekiko da, Polizia Ikastegiko iragarki-taulan argitaratuko baita.

    Ez da beharrezkoa izango Administrazio jardulearen esku dauden merezimenduak alegatzea, ezta egiaztatzea ere, Administrazioak ofizioz baloratuko dituelako.

    Merezimenduak, Administrazio jarduleak egiaztatuta izanda zein horretarako jarritako epe berezian alegatuta eta egiaztatuta egonda, eskabideak aurkezteko 3.2 Oinarrian aurreikusitako azken egunerako bereganatuta izan behar dira. Gainditu dutenek, epe horren barruan, Euskal Herriko Poliziaren Ikastegiko Administrazio eta Zerbitzu Zuzendaritzan aurkeztu beharko dituzte baloratu beharreko merezimenduak egiaztatzen dituzten jatorrizko agiriak edo horien kopia konpultsatuak.

    Euskal Herriko Poliziaren Hautespen eta Prestakuntza araudia onartu zuen uztailaren 19ko 315/1994 Dekretuaren 13.3 artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, merezimendutzat ezin izango dira hartu deialdian parte hartzeko eskatutako eskakizunak eta baldintzak.

  2. Lehiaketa-fasean merezimenduak guztira 100 punturaino baloratuko dira, baremo honen arabera:

  1. Lanbide-historiala gehienez 75 punturaino baloratuko da. Ondorio horietarako aintzat hartuko da Ertzaintzako lanpostuetan betetako zereginak eta polizia-lanarengatik jasotako aitorpenak.

    1.- Lanpostuetan egindako jarduerak edo lanak baloratuko dira, baldin eta lanpostu horiek Euskal Herriko Polizia Kidegoetako funtzionarioen lanpostuak betetzeko araudia onartzen duen 388/1998 Dekretuaren II., III. eta IV. kapituluetan aurreikusitako moduetako edozein erabiliz lortu badira.

    Lanpostu bakoitza Ertzaintzaren lanpostu-zerrendan jasotako lanpostu-kodeaz identifikatuko da. Lanpostu-kode baten dotazio desberdinak ez dira lanpostu desberdintzat joko.

    Atal hau gehienez 72 punturekin baloratuko da, hain zuzen, zerbitzu-hilabete bakoitzeko hurrengo baremo partzialaren arabera (unitatea baino txikiagoak diren zatikiak baztertuta utzita). Bakarrik kontuan hartuko dira azken 10 urteetan izangaiak Ertzaintzan lanbide-jardunean betetako lanpostuak.

    1. Goi-mailako eskalako lanpostuetan: 0,60 puntu.

    2. Komisario-kategoriako lanpostuetan: 0,55 puntu.

    3. Komisariondoko kategoriako lanpostuetan: 0,50 puntu.

      2.- Polizia-lanarengatik jasotako aitorpenak gehienez 3 punturaino baloratuko dira. Hurrengo aitorpenak jaso izana baloratuko da:

    1. Polizia-lanarengatiko domina: 3 puntu.

    2. Zorion-adierazpena: 2 puntu.

  2. Antzinatasunaren merezimendua Herrizaingo Saileko Giza Baliabideen Zuzendaritzan dauden datuen arabera baloratuko da. Hori hala izanik, Ertzaintzan emandako antzinatasun-urtebete bakoitza 0,2 punturekin baloratuko da (unitatea baino txikiagoak diren zatikiak baztertuta utzita), eta gehienezko puntuazioa inola ere ezin izango da 5 puntutik gorakoa izan.

  3. Ikasketak, gaikuntza eta lanbide-hobekuntzarako jarduerak gehienez 20 punturaino baloratuko dira. Atal honetan, baloratzeari begira, espezializazio-ikastaroak, titulazioak eta diplomak, argitaratutako lanak, irakaskuntza-lanak eta hizkuntza-ezagutzak kontuan hartzen dira.

    1.- Burututako edo Euskal Herriko Poliziaren Ikastegiak aitortutako espezializazio-ikastaro bakoitzeko, bertan jasota dauden datuen arabera, puntu 1 emango da, baina atal honetan 3 puntuak inola ere ezin izango dira gainditu.

    Hau da atal honetan aipatzen diren espezializazio-ikastaroen katalogoa:

    1. Orotariko Ikerketa Kriminaleko I. Ikastaroa eta/edo Argiketa Ikastaroa.

    2. Trafiko Ikastaroa eta/edo Trafiko eta Bide Segurtasuneko Espezializazio Ikastaroa.

    3. Txakur-gidari Ikastaroa.

    4. Bizkartzainak Gaitzeko Ikastaroa.

    5. Esku-hartze arloan Gaitzeko Ikastaroa.

    6. Brigada Mugikorreko Ikastaroa.

    7. Helikoptero-pilotuen Ikastaro Integratua.

    8. LIUBeko Gaikuntza Ikastaroa.

      Atal honen balorazio-ondorioetarako, Trafikoko Espezializazio Ikastaroa eta Trafiko eta Bide Segurtasuneko Espezializazio Ikastaroa egin eta gainditu izana puntu 1ekin baloratuko da, espezializazio-ikastaro bakartzat hartuta.

      Era berean, Argiketako espezializazio-ikastaroa eta Orotariko Ikerketa Kriminaleko I. Espezializazio Ikastaroa egin eta gainditu izana puntu 1ekin baloratuko da, espezializazio-ikastaro bakartzat hartuta.

      2.- Titulu eta diplomei gehienez 12 puntu emango zaizkie, baremo honen arabera:

    1. Izangaiak, sartzeko baldintza gisa, Administrazioko A taldeko A1 azpitaldean sartzeko beharrezko tituluetako bat aurkeztuz gero eta; gainera, doktore-titulua aurkezten badu, doktoretzak 12 punturekin baloratuko da.

    2. Izangaiak, sartzeko baldintza gisa, Administrazioko A taldeko A1 azpitaldean sartzeko beharrezko tituluetako bat aurkeztuz gero eta; gainera, graduatu ondoko tituluak baditu, graduatu ondoko titulu bakoitza 10 punturekin baloratuko da.

    3. Izangaiak, sartzeko baldintza gisa, Administrazioko A taldeko A1 azpitaldean sartzeko beharrezko titulazioetako bat aurkeztuz gero eta; gainera, A taldeko A1 azpitaldean sartzeko beharrezkoak diren titulazio gehigarrietako bat aurkezten badu, titulu gehigarri bakoitza 8 punturekin baloratuko da.

      Sartzeko baldintza gisa aurreikusitako titulazio akademikoak baino maila beheragokoak diren tituluak ez dira baloratuko.

      3.- Argitaratutako lan zientifiko edo teknikoak, betiere polizia-egitekoarekin loturik badaude, gehienez 2 punturekin baloratuko dira, baremo honen arabera:

    1. liburuen egile nagusia izatea: puntu 1.

    2. beste batzuekin batera liburuen egile izatea: 0,5 puntu.

    3. nazioarteko aldizkarian argitaratutako artikulua edo txostena: 0,3 puntu.

    4. Estatuko aldizkarian argitaratutako artikulua edo txostena: 0,2 puntu.

      4.- Polizia-egitekoarekin loturiko ikastaroetan irakastea edo prestakuntza ematea gehienez 2 punturekin baloratuko da, baremo honen arabera:

    1. Euskal Herriko Poliziaren Ikastegiak programatutako eta/edo baliozkotutako ikastaroetan klaseak eman izana eta; bestetik, Euskal Herriko Poliziaren Ikastegiak polizia-egitekoari buruz zuzendu edo antolatutako hitzaldiak eman, mintegiak edo mahai-inguruak gidatu izana. Mota horietako jarduera bakoitzeko, horien iraupena 2 ordutik gorakoa bada: 0,30 puntu.

    2. Polizia-egitekoarekin loturiko hitzaldiak eman, mintegiak edo mahai-inguruak gidatu izana, beroriek Ertzaintzako Atalen batek zuzendu edo antolatu dituenean. Mota horretako jarduera bakoitzeko, horien iraupena 2 ordutik gorakoa bada: 0,20 puntu Kasu honetan Epaimahai Kalifikatzaileak ezarriko du Lehiaketan puntu honek izango duen onargarritasun-irizpidea.

    3. Poliza-egitekoarekin loturiko hitzaldiak eman eta mintegiak edo mahai-inguruak gidatu izana. Mota horretako jarduera bakoitzeko, horien iraupena 2 ordutik gorakoa bada: 0,10 puntu Kasu honetan Epaimahai Kalifikatzaileak ezarriko du Lehiaketan puntu honek izango duen onargarritasun-irizpidea.

      5.- B2 mailako -maila aurreratua- edo maila goragoko ingeles-, frantses- eta aleman-ezagutzak baloratuko dira, betiere Hizkuntzen Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren aplikazioaren arabera eta araubide bereziko hizkuntzen irakaskuntzako curriculumaren alderdi oinarrizkoak finkatzen dituen abenduaren 29ko 1629/2006 Errege Dekretuaren arabera. Gehienez puntu 1ekin baloratuko dira, baremo honen arabera:

    1. Ingelesa: 0,6 puntu.

    2. Frantsesa: 0,4 puntu.

    3. Alemana: 0,3 puntu.

      Hizkuntza-ezagutzak titulu ofizialaren edo titulua emateko eskubideak ordaindu izana frogatzen duen agiriaren fotokopia konpultsatuaren bidez egiaztatuko dira.

      Alegatuko diren tituluen jabe izateko erreferentzia-data eskabideak aurkezteko epea amaitzen den eguna izango da.

      Ez da titulu horiek egiaztatzeko inolako probarik egingo.

      Ziurtagiri bat baino gehiago aurkeztuz gero, bakarrik mailarik altuena duena baloratuko da.

      Hizkuntza Eskola Ofizialeko ingeles-, frantses eta/edo aleman-mailak baloratuko dira ezarritako baliokidetasunen arabera.

  1. Euskararen ezagutza meritu gisa baloratuko da; horren ondorioz, eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean Ertzaintzaren 1. hizkuntza-eskakizuna egiaztatuta dutenek 20 puntu lortuko dute. Hautaketa-prozesuan ez da euskararen ezagutza egiaztatzeko probarik egingo.

  2. Epaimahai Kalifikatzaileak Ertzaintzaren 1. hizkuntza-eskakizuna ofizioz egiaztatu eta baloratuko du; hain zuzen, lehendik egiaztatuta edo, EGAren edo baliokidearen jabe direlako, aitortuta dutenen kasuan.

  1. Oposizio-lehiaketako azken puntuazioa bi faseetan lortutakoaren batuketa izango da, baina horri gehituko zaio merezimendu gisa euskara-ezagutzaren ebaluaziotik sortuko dena eta horrexek zehaztuko du hautaketa-prozesuko parte-hartzaileen lehentasun-ordena.

  2. Sailkapeneko ordenan puntuazio berdinketak ondorengo irizpideen arabera ebatziko dira, hain zuzen ere, irizpideak ezartzen diren ordenan:

    1. Otsailaren 18ko 4/2005 Legea, gizonen eta emakumeen arteko berdintasunerako.

    2. Puntuazio hobea proba psikoteknikoan.

    3. Antzinatasun handiagoa Ertzaintzan.

  3. Hautaketa-prozesua osatzen duten proba eta merezimenduen sailkapena amaituta, Bosgarren Oinarrian aurreikusitako Epaimahai Kalifikatzaileak horiek onartu, Euskal Herriko Polizia Ikastegiko iragarki-taulan argitaratuko ditu eta Euskal Herriko Polizia Ikastegiko zuzendariari bidaliko dizkio:

    1. Hautaketa-prozedura gainditu dutenen behin betiko zerrenda, lortutako puntuaziorik altuenetik baxuenera ordenatuta.

    2. Hautatutako pertsonen zerrenda, hautaketa-prozedura gainditu dutenek eta deitutako plaza-kopuruaren barruan sartzen direnek osatzen baitute.

  1. Hautatutakoek Euskal Herriko Poliziaren Ikastegiko Administrazio eta Zerbitzuen Zuzendaritzan aurkeztu beharko dituzte jatorrizko agiriak (Bigarren Oinarriaren 1. ataleko d) idatz-zatian eskatutako baldintzaren egiaztatzaileak), Hamaikagarren Oinarriaren 3.b) puntuan aipatzen den argitalpena egiten denetik zenbatutako hamar egun naturalen barruan.

  2. Bigarren Oinarriaren 4. zenbakian ezarritako arauketaren arabera, deialdian parte hartzeko eskatutako baldintzak betetzen dituztela behar bezala egiaztatu duten hautatutakoak praktiketako funtzionario izendatuko ditu Euskal Herriko Poliziaren Ikastegiko zuzendariak; hain zuzen, Euskal Herriko Poliziaren Ikastegiko iragarki-taulan argitaratuko den Ebazpenaren bidez eta Prestakuntza Ikastaroaren hasiera-data ere jarriko da.

  3. Lehen atalean adierazitako epearen barruan, eskatutako dokumentazioa aurkezten ez dutenak edo, dokumentazio hori aztertuta, eskatutako baldintzetako bat izangaiak ez duela betetzen ondorioztatzen bada, ezin izango da izendatu, jarduera guztiak eraginik gabe geratuko dira eta izendapena egiteko izan ditzakeen eskubide guztiak galduko. Horrelakoetan, eta aurreko atalean adierazitako Ebazpena argitaratu baino lehen, Euskal Herriko Poliziaren Ikastegiko zuzendariak hautaketa-prozeduratik kanpo uztea eta beste pertsona batzuek ordeztea erabakiko du. Ordezpena egingo dute deitutako plaza-kopuruaren barruan daudenek, ezarritako sailkapen-ordenaren lehentasun hurrenkerari jarraituz, aipatu bazterketaren ondorioz, eta eskatutako baldintzak betetzen dituztela egiaztatuta.

  1. Prestakuntza Ikastaroa egiteko eskubidea duten praktiketako funtzionarioei Euskal Herriko Poliziaren Ikastegiko zuzendariaren Ebazpenaren bidez deituko zaie ikastarora aurkezteko.

  2. Euskal Herriko Poliziaren Ikastegiko zuzendariak, Giza Baliabideen Zuzendaritzaren bitartez, interesdunei jakinaraziko die ikastaroa noiz hasi behar duten.

  3. Prestakuntza-ikastaroa Artezkaritza Kontseiluak onartutako ikasketa planaren arabera garatuko da.

  4. Prestakuntza-ikastaroa Euskal Herriko Poliziaren Ikastegian edo Ikastegiko zuzendariak izendatuko duen zentroan egingo da. Ikasketa planean aurreikusitakoaren arabera emango da eta bertan ezarritako iraupena izango du.

  5. Prestakuntza-ikastaroaren azken kalifikazioa Euskal Herriko Polizia Ikastegiko iragarki-taulan argitaratuko da.

  6. Euskal Herriko Poliziaren Ikastegiko zuzendariak ebatziko du prestakuntza ikastaroa gainditzen ez dutenak baztertzea.

  7. Prestakuntza ikastaroak dirauen bitartean, ikaslearen espedientetik ondorioztatu ahal bada gainditzea ezinezkoa duela, Euskal Herriko Poliziaren Ikastegiko zuzendariaren Ebazpenaren bitartez prozesutik baztertua izan ahalko da, interesdunari entzun ondoren.

  1. Praktikaldia prestakuntza-ikastaroa gainditu duten izangaiek egingo dute; hain zuzen, beren jardun-arloen arabera egokiagoak diren zentro edo egoitzetan, praktiketako Intendenteen prestakuntza osoa lortze aldera eta, kategoria horri dagokionez, Ertzaintzaren polizia zerbitzuen egitura eta funtzionamendua bereziki ezagutu dezaten.

  2. Praktikaldia hasi baino lehenago, Euskal Herriko Poliziaren Ikastegiko zuzendariak Ebazpena emango du eta, horren bidez, praktikaldiaren iraupena, baloratzeko eta gainditzeko sistemak eta prozedurak ezarri eta praktiketarako destinoak emango dira. Ebazpen hori Euskal Herriko Poliziaren Ikastegiko iragarki-taulan argitaratuko da.

  3. Praktikaldian, Ertzaintzaren Goi-mailako Eskalako Intendente Kategoriari dagozkion funtzioak betetzeko izangaien eraginkortasun profesionala ebaluatuko da. Ebaluazioa praktikaldiak iraun bitartean gertatutako egitateen gainean baino ez da izango.

  4. Praktikaldiaren kalifikazioak Euskal Herriko Poliziaren Ikastegiko iragarki-taulan argitaratuko dira.

  5. Euskal Herriko Poliziaren Ikastegiko zuzendariak praktikaldia gainditzen ez dutenak hautaketa-prozesutik baztertzea ebatziko du.

  1. Praktiketako Intendenteak Euskal Herriko Poliziaren Ikastegiko Barne Erregimeneko Erregelamenduan ezarritako diziplina-araubidearen menpe egongo dira eta, osagarri gisa, gertakaria irakaskuntza arloko diziplina hutsegite hutsa ez den kasuetarako Euskal Herriko Polizia Kidegoen diziplina-araubidearen menpe.

  2. Praktiketako funtzionarioak direnez, Euskal Herriko Poliziari buruzko uztailaren 17ko 4/1992 Legearen 54.2 artikuluan zehazturiko ordainsariak jasoko dituzte.

  3. Praktiketako Intendenteei lizentzia emango zaie betetzen ari diren lanpostuari dagokionez. Aipatu lizentzia ordaindua izango da, salbu eta 4/1992 Legearen 54.2 artikuluan zehaztutako lansariak jasotzearen alde badaude.

  4. Praktiketako Intendenteak izaera horri eutsiko diote, harik eta kategoria horretako karrerako funtzionario izendatu arte edo hautaketa-prozesutik bazter utzi arte, hala ezartzen baita Euskal Herriko Poliziari buruzko Legearen 54. artikuluan. Praktikaldia bukatzeak ez du berekin ekarriko jatorrizko kategorian lehen betetako destinora bueltatu ahal izatea.

  5. Prestakuntza-ikastaroa eta praktikaldia, bakoitza bere aldetik, nahitaezkoak eta baztertzaileak izango dira eta horietan parte hartu ez izanak edo horiek ez gainditzeak izangaia hautapen-prozesutik kanpo geratzea ekarriko du besterik gabe eta Goi Mailako Eskalako Intendente Kategorian sartzeko eskubideak galduko ditu. Euskal Herriko Poliziaren Ikastegiko zuzendariak ebatziko du baztertzea.

    Aurreko paragrafoan xedatutakoa gorabehera, ezinbesteko arrazoiengatik, ikastarora edo praktikaldira agertzen ez direnak edo beroriek burutzen ez badituzte, egongo den hurrengoren bat egin dezakete, behin aurrekoa ezinezko egiten zuten gorabeherak desagertuz gero, horretarako eskaria egin ondoren. Euskal Herriko Poliziaren Ikastegiko zuzendariari dagokio arrazoia aztertzea eta berak bidezkotzat jotzen duen erabakia hartuko du.

  1. Hautaketa-prozedurako behin betiko sailkapen-ordena oposizio-lehiaketan lortutako kalifikazioak, prestakuntza-ikastarokoak eta praktikaldikoak batuz egingo da.

  2. Praktikaldia amaitu ondorengo bi hilabeteen barruan, eta Euskal Herriko Poliziaren Ikastegiko zuzendariaren proposamenez, Segurtasun sailburuordeak karrerako funtzionario izendatuko ditu hautaketa-prozesua gainditu duten izangaiak; izendapena Euskal Herriko Poliziaren Ikastegiko iragarki-taulan argitaratuko da.

    Ertzaintzaren Goi Mailako Eskalako Intendente izendapena izango da.

  3. Izendatuak gehienez 10 eguneko epean lanpostuaz jabetuko dira izendapena argitaratzen den egunaren biharamunetik kontatzen hasita. Hala egiten ez badute, ezinbesteko kausa dagoenean izan ezik, jarduera guztiak ondoriorik gabe geratuko dira eta karrerako funtzionario izateko eskubide guztiak galduko dituzte.

Intendente Kategorian sartzeko izangaiek diziplina-espedientea lehendik irekita badute edo geroago irekitzen bazaie, hautaketa-prozesuan onartua izatea, horretan jarraitzea eta Intendente Kategorian sartzea baldintza honen menpean geratuko dira: diziplina-espediente horietan izangaiei hutsegite larri edo oso larriengatik zehapenik ez ezartzea.

Hemezortzigarrena.- Errekurtsoak.

Deialdi honek administrazio-bidea agortzen du eta bere aurka interesdunek aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango dute Euskal Herriko Poliziaren Ikastegiko Zuzendaritzan, hilabeteko epean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita, edo zuzenean administrazioarekiko auzien jurisdikzioan aurkara dezakete.

Aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkezten bada, ezin izango da bide jurisdikzionaletik jo, harik eta errekurtso hori berariaz ebatzi arte edo isiltasunagatik ustezko ezespena eman arte.

Interesdunak bide jurisdikzionaletik aurka eginez gero, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztuko du Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salan, bi hilabeteko epean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denetik kontatzen hasita.

Izangaien aldetik barneko edozein hautaketa-prozesutan aurkeztea borondatezkoa denez gero, hautaketa-fasean, prestakuntza-ikastaroan edo praktikaldian sor daitezkeen bidaia-gastuen edo beste batzuen gainean, ez dute inolako eskubiderik, beraz Administrazioak ez du gastuok ordaintzeko obligaziorik.

Arkauti, 2011ko uztailaren 18a.

Euskal Herriko Poliziaren Ikastegiko zuzendaria,

ELENA MORENO ZALDIBAR.