Euskadi.eus
  • EBAZPENA, 2011ko uztailaren 18koa, Euskal Herriko Poliziaren Ikastegiko zuzendariarena, Ertzaintzaren Egiterapen eskalako komisariondoko kategorian sartzeko Hautaketa prozedurarako deia egiten duena. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus

Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2011ko uztailaren 18koa, Euskal Herriko Poliziaren Ikastegiko zuzendariarena, Ertzaintzaren Egiterapen eskalako komisariondoko kategorian sartzeko Hautaketa prozedurarako deia egiten duena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Herrizaingo Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 137
  • Hurrenkera-zk.: 3631
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2011/07/18
  • Argitaratze-data: 2011/07/19

Gaikako eremua

  • Gaia: Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Funtzio publikoa

Testu legala

Deialdi hau Euskal Herriko Poliziari buruzko uztailaren 17ko 4/1992 Legean eta Euskal Herriko Poliziaren Hautaketa eta Prestakuntza Araudia onesten duen uztailaren 19ko 315/1994 Dekretuan xedatutakoarekin bat etorriz egiten da; baita ere, azken hau aldatzen duten maiatzaren 21eko 111/2002 Dekretuak, otsailaren 17ko 36/2004 Dekretuak eta apirilaren 20ko 120/2010 Dekretuak xedatutakoaren arabera.

Aldi berean, Euskal Herriko Poliziaren Ikastegiko Kontseilu Arautzailearen onespena kontuan hartzen da eta Segurtasun sailburuordeak egindako eskaerari erantzuten zaio.

Horretan oinarriturik, zuzendariak Ertzaintzaren Egiterapen eskalako komisariondoko kategorian sartzeko hautaketa prozedurarako deia egitea erabaki du, ondorengoekin bat etorriz:

DEIALDIAREN OINARRIAK:

Ertzaintzaren Egiterapen eskalako komisariondoko izateko 40 plaza betetzeko barne sustapen bidez oposizio-lehiaketa sistema bitartez hautaketa prozedurarako deia egiten da. Barne sustapen hori prestakuntza-aldiarekin eta praktika-aldiarekin osatuko da. Esandako plaza horietan sartzeko eskatutako titulazioaren arabera, Euskal Administrazioen funtzionariokoen sailkapena A taldekoen A2 azpitaldekoen parekoa izango da.

Deitutako plaza kopurua 40koa da. Deitutako plaza kopurua gehigarria izango da Ertzaintzaren Egiterapen eskalako komisariondoko kategorian hutsik dauden plazen arabera, hutsik dauden plaza horiek hautaketa prozesu honen garapenak dirauen bitarteko edozein arrazoirengatik sortzen badira. Plaza gehitze hori Euskal Herriko Polizaren Ikastegiko Iragarki-oholean argitaratuko da Euskal Herriko Polizaren Ikastegiko zuzendariaren Ebazpenaren bitartez eta Euskal Herriko Poliziaren Hautaketa eta Prestakuntza Araudia onesten duen uztailaren 19ko 315/1994 Dekretuko 40.2 artikuluan aurreikusitakoarekin bat etorriz.

Plaza kopuru gehitzea Oinarri hauen arabera arautuko da eta, edonola ere, hamaikagarren oinarrian 3.zk. aurreikusitako izapidea baino lehen xedatu beharko da.

  1. Hautaketa prozeduran parte hartzeko, onartuak izateko, ondorengo baldintzak bete beharko dituzte izangaiek.

    1. Eskabidea aldez aurretik bete beharko dute.

    2. Ertzaintzaren karrerako funtzionario izatea.

    3. Zerbitzutik apartatu gabe egotea, jarraian adierazten diren kategorietariko baten, ondoren esaten diren baldintzak betetzen:

      1.- Ertzaintzaren Ofizial kategoria, horretan bost urteko zerbitzu osoa beteta izanez, Euskal Herriko Poliziari buruzko Legearen 59.3 artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz eta

      1.1.- Ingeniari Tekniko, Unibertsitateko diplomatura, arkitekto tekniko, Lanbide Hezkuntzako hirugarren maila edo baliokidea den titulazioa izatea

      1.2.- Titulazio hori ez dutenek ere parte hartu ahal izango dute, titulazio horren aurrekoa izanez gero eta adierazitako gaikuntza ikastaroa gaindituta badute, Euskal Herriko Poliziari buruzko uztailaren 17ko 4/1992 Legearen 59. artikuluaren 2. zenbakian araututakoarekin bat etorriz.

      Aipatutako gaikuntza ikastaroaren ezaugarriak ikusirik, ikastaro hori egin duten pertsonek eta, gainera, c.1.1 paragrafoak aipatutako titulazioren bat dutenek bide horretatik joko dute hautaketa prozedura honetara. Kasu horietan, gaikuntza ikastaroa izatea ez da titulazio betekizuntzat joko.

      2.- Euskal Herriko Poliziari buruzko Legea indarrean denetik eta Euskal Herriko Poliziari buruzko uztailaren 17ko 4/1992 Legearen seigarren xedapen iragankorrak ematen duen ahalmenaren indarrean, komisariondoko kategorian sartzeko hirugarren deialdia izanik, deialdi honetan parte hartu ahal izango dute Poliziari buruzko Legearen 59. artikuluaren c.1 paragrafoan aipatutako funtzionarioek eta Ertzaintzaren Ikuskapen eskalako ofizialondoko Kategoriako funtzionarioek, ondorengo baldintzak betetzen badituzte:

      2.1.- Ingeniari Tekniko, Unibertsitateko diplomatura, arkitekto tekniko, Lanbide Hezkuntzako hirugarren maila edo baliokidea den titulazioa izatea.

      2.2.- Ertzaintzaren Ikuskapen eskalan sei urteko zerbitzua beteta izatea Herriko Poliziari buruzko Legearen 59.3 artikuluan ezarritakoarekin.

      Betekizun hau ziurtatzea Giza Baliabideen Zuzendaritzan dauden datuan arabera egingo da.

    4. «BTP» gidabaimena izatea, hamabigarren oinarrian aurreikusitako Prestakuntza-aldia hasi baino lehen.

    5. Arazo larria edo oso larria betetzeagatiko zigorrik ez izatea, ezarritako zigorra deuseztatuta dagoeneko kasuetan izan ezik.

      Betekizun hau ziurtatzea Giza Baliabideen Zuzendaritzan dauden datuan arabera egingo da.

  2. Izangaiek aurreko paragrafoan eskatutako baldintzak beteta izan beharko dituzte eskabideak aurkezteko epe amaieran, aurreko paragrafoaren d) letran xedatutakoa izan ezik.

  3. Hautaketa prozeduran onartu eta parte hartzeko aski izango da ondoko hau adieraztea izangaiek: eskabideak aurkezteko epe amaiera kontuan harturik, aurreko paragrafoan (1) eskatutako baldintzak betetzen dituztela adierazi beharko dute eta, BTP gidabaimenari dagokionez, lehen paragrafoko d) letran bereziki ezarritakoa izan ezik. Eskatutako betekizunak ofizioz deitzen duen organoak ziurtatuko ditu eta horretarako Giza Baliabideen Zuzendaritzaren eta Ertzaintzaren Zuzendaritzaren ziurtagiriak eskatuko ditu.

  4. Aurreko paragrafoan ezarritakoa alde batera utzita, hautaketa prozeduraren edozein alditan edo prestakuntza-aldian edo praktika-aldian zehar, eskudun organoak jakingo balu izangaiak deialdiaren hasieran edo deialdian zehar izandako inguruabarrengatik deialdian parte hartzeko eskatutako baldintzaren bat ez duela betetzen, hautaketa prozeduratik edo, hala badagokio, prestakuntza-alditik edo praktika-alditik kanpo geratuko litzateke izangai hori, interesdunari entzun ondoren.

  5. Hautaketa prozeduran parte hartzea borondatezkoa da. Kasu horretan, proba psikoteknikoetan eta nortasun probetan parte hartuko dela onartzen da eta proba hauetan lortutako emaitza balorazio faktore bat gehiago izango dela onartzen da, Oinarri hauetan aurreikusitakoarekin bat etorriz.

  1. Eskabidea egin beharko dute parte hartu nahi dutenek Gureneten bitartez -saileko intranetaren bitartez-, horretan agertzen den eskabide eredua erabiliz.

  2. Eskabideak aurkezteko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuta agertzen den hurrengo egunetik hasita 20 egun balioduneko epea izango da.

  3. Izangaiek eskabidean probak zein hizkuntzatan, euskaraz edo gazteleraz, egin nahi izango dituzten zehaztu beharko dute.

  4. Eskabidea modu telematikoan egin behar denez, izangaiek bederatzigarren oinarriko lehen paragrafoan agertzen diren epean eta eratan ekarri eta egiaztatu beharko dituzte merezimenduak.

  1. Eskabideak aurkezteko epea amaitutakoan, eta Bigarren Oinarriko lehenengo paragrafoko a), b), c), eta e) hizkietan ezarritako baldintzak betetzen dituztela ofizioz egiaztatu ondoren, Euskal Herriko Poliziaren Ikastegiko zuzendariak Poliziaren Ikastegiko Iragarki-oholean argitaratuko du onartutako eta baztertutako izangaien behin-behineko zerrenda.

  2. Bazter utzitako izangai bakoitza hala uztea eragin duten arrazoiak adierazi beharko dira behin-behineko zerrendan, eta eskabideak izan ditzakeen akatsak zuzentzeko eta erreklamazioak egiteko 10 egun balioduneko epea izango da.

  3. Bazter utzitakoen eta onartutakoen behin-behineko zerrenda behin betiko egiten duen Ebazpenean bertan onartuko edo ezetsiko dira egindako erreklamazioak, eta lehen paragrafoan aurreikusitako eran argitaratuko da.

  4. Aurreko zerrendez gain, argitaratuko diren beste guztiek ere izangaiaren identifikazioa izango dute, lanbide zenbakia zehaztuz. Segurtasun neurri bezala, Euskal Herriko Poliziaren Ikastegiko Iragarki-ohola argitaratzeko bidea ez den beste bide bat erabiltzen denean, pertsonak berak dakien identifikazio kode bat erabiliko da.

  1. Uztailaren 19ko 315/1994 Dekretuaren eta Euskal Herriko Poliziari buruzko uztailaren 17ko 4/1992 Legean aurreikusitakoen arabera, oposizio probak erabakitzeko, garatzeko eta ebaluatzeko Epaimahai Kalifikatzaile bat izendatuko da. Epaimahai hori mahaiburu batek, lau bokalek eta idazkari batek osatuko dute.

    Epaimahai Kalifikatzailea osatzen duten kideen eta ordezkoen izendapena Euskal Herriko Poliziaren Ikastegiko iragarki taulan argitaratuko da, Euskal Herriko Poliziaren Ikastegiko zuzendariaren ebazpenaren bitartez.

  2. Epaimahai Kalifikatzailearen jarduna organo kolegiatuen funtzionamenduen arauek arautuko dute.

    Epaimahaia osatzen duten pertsonei Herri Administrazioaren Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen 28. eta 29. artikuluetan zehaztutako abstentzio eta errekusatze kausak aplikatuko zaizkie.

    Epaimahai Kalifikatzaile honetan parte hartzeagatik legez ezarritako ordainsariak jasoko dira.

  3. Epaimahai Kalifikatzaileari dagozkio hautaketa sistema osatzen duten proben eta merezimenduen garapena eta ebaluazioa. Aipatutakoak askatasun osoz jardungo du, prozeduraren objetibotasunaz arduratuko da eta deialdiaren oinarriak betetzen direla bermatuko du.

  4. Epaimahai Kalifikatzaileak, bere jardunerako hautaketa sistema osatzen duten proba batzuetarako edo guztietarako aholkulari edo adituen laguntza izan dezake. Horien lana, aholkatzea eta teknikoki kolaboratzea izango da.

  5. Deialdiaren oinarrietan aurreikusten ez diren alderdiei dagokienez, hautaketa prozedura burutzeko beharrezko jotzen dituzten neurriak hartu, eta oinarri horiek ulertu eta ezartzerakoan sortzen diren arazo guztiak erabaki ahal izango ditu epaimahaiak.

  6. Epaimahaiak ezin izango ditu deitutako plazak baino izangai gehiago hautatu. Horrelakorik gertatuz gero, gehiagoko horiek baliogabetuak izango lirateke eskubide osoz.

  7. Epaimahai Kalifikatzailearen erabakiak Euskal Herriko Poliziaren Ikastegiko Iragarki taulan argitaratuko dira.

  8. Epaimahai Kalifikatzaileari zuzendutako idatziak Euskal Herriko Poliziaren Ikastegira helbideratuko dira.

  1. Hautaketa prozesua oposizio-lehiaketa bitartez egingo da. Oposizio eta lehiaketa prozedurak egitean datza, horietan parte hartzen dutenen gaitasuna eta ateratzen den lehentasun hurrenkera zehazteko.

  2. Lehiaketa aldia ez da baztertzekoa izango eta horretan lortutako puntuazioa ez da hartuko oposizio aldiko ariketak gainditutzat emateko edo ariketetan lortutako emaitzak aldatzeko.

Oposizioan, hurrenez hurren, ondorengo proba hauek egin beharko dira:

  1. Proba psikoteknikoa, komisariondoko kategoriako lanpostua eta lana betetzeko izangaiek dituzten gaitasunak eta jarrerak neurtuko dira. Ondorengoetatik ariketa bat edo gehiago egin beharko dira: test psikoteknikoak, elkarrizketa pertsonalak, taldeko dinamika edo Epaimahaiak egoki deritzozan ariketak. Proba hau modu egoki baten garatuko da, hautaketa prozesuaren objetibotasuna eta arrazionaltasuna bermatzeko; baita ere, hautaketa prozesuaren egokipena bermatzeko merezimendu eta gaitasun printzipioetan.

    Proba hau ezinbestekoa izango da. 0tik 250era bitartean puntuatuko da.

  2. Ezagupen teorikoen proba. Proba honetan Epaimahai Kalifikatzaileak zehaztutako ariketa edo ariketak erantzun beharko dira idatziz (test erakoak izan daitezke). Ariketa horiek Ebazpen honetako I. eranskinean agertzen diren gai-zerrendari buruzkoak izango dira.

    Proba hau ezinbestekoa eta baztertzailea izango da eta 0tik 50era bitartean puntuatuko da eta gainditzeko gutxienez 25 puntu atera beharko dira.

  1. Probak ezin izango dira hasi deialdia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denetik bi hilabete igaro arte.

  2. Lehen ariketa egingo deneko eguna, ordua eta lekua, gutxienez zazpi egun natural lehenago iragarriko da Euskal Herriko Poliziaren Ikastegiko iragarki-oholean. Gainontzeko ariketen argitalpenen iragarpenak Euskal Herriko Poliziaren Ikastegiko Iragarki-oholean iragarriko dira gutxienez 72 ordu lehenago.

  3. Aurreko zenbakian ezarritakoa horrela bada ere, Epaimahai Kalifikatzaileak, deialdi honetan ezarritako proben ordena alda dezake, baita ere probak osatzen dituzten ariketa desberdinak egitea ere, edota proba desberdin batzuk egun berean egitea ere erabaki. Kasu horretan, proben edota ariketen emaitzak deialdiaren oinarrietan ezarritako ordena jarraituko dute. Proben edota ariketen emaitzak bakarrik argitaratuko dira aurrekoak gaindituta izanez gero, zazpigarren oinarrian ezarritako ordena jarraituz.

    Izangaien kopurua kontuan harturik, eta zerbitzuaren beharrizanak proba burutzearekin bat etorriz, Epaimahaiak proba bakoitza egiteko, txanda desberdinetan eta toki desberdinetan deitu ahal izango ditu izangaiak.

  4. Epaimahaiaren deiaren arabera, ezarritako ordu, egun eta lekuan derrigorrezko probak garatzeko agertzen ez diren izangaiak automatikoki hautaketa prozeduratik bazter utziko ditu, baita ezinbesteko arrazoiengatik izanda ere. Arau bera ezarriko zaio derrigorrezko probak hasi ondoren agertzen den izangaiari.

    Probak ariketa bat baino gehiago direnean, horietariko batera ez bertaratzea edo berandu etortzea ez aurkeztutzat joko da.

  5. Nortasun agiri profesionala dutela agertu beharko dute izangaiek probetara, agiri hori edozein unetan erakustea eska dezake Epaimahaiak.

  6. Bazter geratzeko proba bakoitza amaitzean, Euskal Herriko Poliziaren Ikastegiko Iragarki-oholean, Epaimahai Kalifikatzailearen bitartez argitaratuko da gainditu duten izangaien zerrenda eta horiek lortu dituzten emaitzena. Baztertzeko proben kasuan, gainditu duten pertsonak agertuko dira eta bazter gartutako pertsonak, lortutako puntuazio zehatza adieraziz.

  7. Izangaiek oposizio probak Euskal Autonomia Erkidegoko edozein hizkuntza ofizialetan egin ahal izango dituzte.

  1. Lehiaketa aldia horretan parte hartzen dutenen merezimenduen balorazioan datza, dagokion baremoarekin bat etorriz, gaitasuna eta lortutako lehentasun hurrenkera zehazteko.

    Oposizio aldia amaitu ondoren, eta gainditu dutenentzat, alegazioetarako eta merezimenduak egiaztatzeko 10 egun balioduneko epea zabalduko zaie interesdunei Euskal Herriko Poliziaren Ikastegiko Iragarki-oholean argitaratuko den Euskal Herriko Poliziaren Ikastegiko zuzendariaren Ebazpenaren bitartez.

    Hala ere, ez dira alegatu edo egiaztatu beharko administrazio jardulearen esku dauden merezimenduak, aipatutakoak ofizioz egingo baititu.

    Edonola ere, merezimenduak administrazio jardulearen aurrean egiaztatuta badaude ere eta horretarako epean alegatuta eta egiaztatuta badaude ere, 3.2 oinarrian aurreikusitako eskabideak aurkezteko azken egunerako lortuta izan beharko dira. Gainditu duten pertsonek, Euskal Herriko Poliziaren Ikastegiko Administrazio eta Zerbitzuen Zuzendaritzan, aurkeztu beharko dituzte epe horren barruan baloratu beharreko merezimenduen jatorrizko agiriak edo kopia konpultsatuak.

    Euskal Herriko Poliziaren Hautaketa eta Prestakuntza Araudia onesten duen uztailaren 19ko 315/1994 Dekretuko 13.3 artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, ezin izango dira hartu merezimendutzat deialdian parte hartzeko eskatutako betekizunak edo baldintzak.

  2. Lehiaketa-aldiko merezimenduak 50 punturekin baloratuko dira, ondorengo baremoaren arabera:

  1. Historial profesionala gehienez 25 puntura arte baloratuko da. Atal honetan lanpostuetan egindako lanak eta polizia lanagatik jasotako eskerrona neurtzen dira.

    1.- 388/1998 Dekretuaren II., III. eta IV. kapituluetan aurreikusitako betetzeko edozein eratan lortutako lanpostuetan egindako lan jarduna baloratuko da. Aipatutako Dekretua Euskal Herriko Polizia Kidegoetako funtzionarioen lanpostuak betetzeko araudia onesten duena da.

    Lanpostu bakoitza Ertzaintzaren lanpostu zerrendan adierazten den lanpostuaren kodearen bitartez identifikatuko da. Lanpostu desberdintzat ez dira kontsideratuko lanpostu kode bereko dotazio desberdinak.

    Gehienez 20 punturekin baloratuko da atal hau, zerbitzu eman den hilabete oso bakoitzeko ondorengo baremo partzialarekin bat etorriz (unitatea baino gutxiago diren zatiak ez dira kontuan hartuko).

    1. Goi mailako eskalako lanpostuetan: 0,30 puntu.

    2. Komisario kategoriako lanpostuetan: 0,25 puntu

    3. Komisariondoko kategoriako lanpostuetan: 0,20 puntu.

    4. Ofizial kategoriako lanpostuetan: 0,15 puntu

    5. Ofizialondoko kategoriako lanpostuetan: 0,10 puntu.

      2.- Gehienez 5 punturekin baloratuko dira polizia lanagatik jasotako eskerronak. Ondorengo eskerronak baloratuko dira:

    1. Polizia lanaren eskerronagatik domina: 4 puntu.

    2. Polizia zerbitzuagatik diploma: 3 puntu.

    3. Zorionak ematea: 2 puntu.

  2. Antzinatasunaren merezimendua Herrizaingo Saileko Giza Baliabideen Zuzendaritzan dauden datuekin bat etorriz baloratuko da, antzinatasun urte oso bakoitzeko 0,6 puntu, (unitatea baino gutxiago diren zatiak ez dira kontuan hartuko). Gehienez 18 punturekin baloratuko da.

  3. Gehienez 7 punturekin baloratuko da lanean trebatzeko egindako ikasketak, gaitasuna eta aktibitateak. Atal honetan daude ondorengoak: espezializazio ikastaroak, titulazioak eta diplomak.

    1.- Euskal Herriko Poliziaren Ikastegiak onetsitako espezializazio ikastaro bakoitza, eta bertan dauden datuen arabera, puntu 1ekin baloratuko da. Atal honetan ezin izango dira 3 puntu baino gehiago lortu.

    Atal honetan aipatzen diren espezializazio ikastaroak ondorengo zerrendan agertzen dira:

    1. Trafiko edota Trafiko eta Bide Segurtasunaren Espezializazio ikastaroa.

    2. Orotariko Ikerketa Kriminalaren I. ikastaroa edota Argiketa ikastaroa.

    3. Txakur-gidarien ikastaroa.

    4. Eskolta gaikuntzako ikastaroa.

    5. Esku-hartze gaikuntzako ikastaroa.

    6. Brigada Mugikorreko ikastaroa.

    7. Helikopteroen pilotu ikastaro integratua.

    8. LIUB. Gaikuntza ikastaroa.

      Atal hau baloratzerakoan Trafiko espezializazio ikastaroa eginda eta gaindituta izatea, eta gainera, Trafiko eta Bide Segurtasunean espezializatzeko ikastaroa eginda eta gaindituta izatea espezializazio ikastaro bakartzat kontsideratuko dira eta puntu 1ekin baloratuko dira.

      Era berean, argiketetako ikastaroa eginda eta gaindituta izatea, eta gainera, Orotariko Ikerketa Kriminalaren I. ikastaroa eginda eta gainditua izatea espezializazio ikastaro bakartzat kontsideratuko dira eta puntu 1ekin baloratuko dira.

      2.-Titulu eta Diplomei gehienez 4 puntu emango zaizkie, ondorengo baremoaren arabera:

    1. Izangaiak sartzeko betekizun gisa Administrazioaren A2 taldean sartzeko beharrezko titulazioetariko bat aurkeztuz gero, eta gainera, A1 taldean sartzeko beharrezko titulazioren bat, doktore titulu bat izanez gero, doktoregoa eta bera lortzeko beharrezko A1 taldeko titulazioa 4 punturekin baloratuko dira.

    2. Izangaiak sartzeko betekizun gisa Administrazioaren A2 taldean sartzeko beharrezko titulazioetariko bat aurkeztuz gero, eta gainera, A1 taldean sartzeko beharrezko titulazioren bat izanez gero, graduatu-ondoko ikasketak eta bera lortzeko beharrezko A1 taldeko titulazioa 3,5 punturekin baloratuko dira.

    3. Izangaiak sartzeko betekizun gisa Administrazioaren A2 taldean sartzeko beharrezko titulazioetariko bat aurkeztuz gero, eta gainera, A1 taldean sartzeko beharrezko titulazioren bat izanez gero, A1 taldeko titulazioa 3 punturekin baloratuko dira.

    4. Izangaiak sartzeko betekizun gisa Administrazioaren A2 taldean sartzeko beharrezko titulazioetariko bat aurkeztuz gero, eta gainera, A2 taldean sartzeko beharrezko ez den titulazioren bat aurkeztuz gero, A2 taldeko titulazio osagarri bakoitza 2 punturekin baloratuko da.

      Ez dira baloratuko sartzeko betekizuntzat jotako maila gutxiagoko titulazio akademikoak. Maila altuagokoa den titulazio bat merezimendu gisa egiaztatzeko aurkezten denean,ez dira zenbatuko beste maila altuago bateko tituluak lortzeko beharrezko titulu edo diplomak. Ondorio horietarako, ez dira merezimendutzat hartuko goragoko titulazio bat lortzeko beharrezkotzat jotzen.

  1. Euskararen ezagutza merezimendu modura baloratuko zaie Ertzaintzaren I. Hizkuntza-eskakizuna egiaztatuta dutenei 18 puntu emango zaie, eskabideak aurkezteko epea amaitu baino lehen. Hautaketa prozesuaren garapenean ez da egingo inolako euskara probarik euskararen ezagupen maila egiaztatzeko.

  2. Ertzaintzaren I. Hizkuntza-eskakizuna egiaztatua edo EGA edo baliokide den beste titulu bat dutenei, Epaimahai Kalifikatzaileak hori horrela dela egiaztatu eta baloratuko du ofizioz.

  1. Oposizio-lehiaketako azken buruko kalifikazioa bere bi zatietako batuketa izango da, Euskararen ezagutza merezimendu modura ebaluatutako kalifikazioa gehituz, eta guzti honek zehaztuko du izangaien lehentasun hurrenkera.

  2. Sailkapeneko hurrenkerako puntuazio berdinketak, ondorengo irizpideen arabera ebatziko dira, irizpideak ezartzen diren ordenean:

    1. Emakumeen eta gizonen berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legea.

    2. Proba psikoteknikoan lortutako puntuaziorik hoberena.

    3. Ertzaintzan antzinatasun handiagoa izatea.

  3. Hautaketa sistema osatzen duten proben eta merezimenduen sailkapena egin ondoren, Bosgarren Oinarrian aurreikusitako Epaimahaiak ondorengoak onetsiko ditu eta Euskal Herriko Poliziaren Ikastegiko iragarki-oholean jendaurreratuko ditu, baita ere, Euskal Herriko Poliziaren Ikastegiko zuzendariari igorri:

    1. Hautaketa prozedura gainditu duten izangaien behin betiko zerrenda, gehienekotik gutxieneko puntuaketara.

    2. Hautaketa prozedura gaindituta izanik, sailkapenaren lehentasun hurrenkerari jarraituz, deialdiko plaza kopuruan sartzen diren hautatutako izangaien zerrenda.

  1. Hautatutako izangaiek, Hamaikagarren Oinarriko 3.b) atalari dagokion zerrenda argitaratu eta ondorengo hamar egun naturaleko epean, bigarren oinarriko 1. paragrafoko d) letran eskatutako baldintzak egiaztatzen dituzten jatorrizko agiriak (d letran eskatutako betekizuna egiaztatzen dutenak) aurkeztu beharko dituzte Euskal Herriko Poliziaren Ikastegiko Administrazio eta Zerbitzuen Zuzendaritzan.

  2. Hautatutako izangaiak, bigarren oinarriko 4. zenbakian ezarritakoaren araberako deialdian parte hartzeko ezarritako baldintzak behar bezala egiaztatu dituztenak, praktiketako funtzionario izendatuko dira Euskal Herriko Poliziaren Ikastegiko iragarki-oholean argitaratuko den Euskal Herriko Poliziaren Ikastegiko zuzendariaren Ebazpenaren bitartez. Ebazpen horretan Ikastaroaren Prestakuntza-aldiaren hasiera ere jakinaraziko da.

  3. Aurreko paragrafoan adierazitako epearen barruan eskatutako agiriak aurkezten ez dituztenek, esandako agiri horiek aztertuta eskatutako baldintza edo betekizunen bat ez dutela ikusten bada, ez dute izendapenik jaso ahal izango. Ondorioz, eraginik gabe geldituko dira horien jarduera guztiak, eta izendapena lortzeko izan ditzaketen eskubide guztiak galduko dituzte. Kasu horietan, Euskal Herriko Poliziaren Ikastegiko zuzendariak erabakiko du izangai horien baztertzea hautaketa prozeduratik eta erakutsitako lehentasunari dagokion sailkapenaren lehentasun hurrenkera jarraituz, deitutako plaza kopuruan sartzen diren izangaiak izendatuko dira, eskatutako baldintza eta betekizunak betetzen dituztela egiaztatu ondoren.

  1. Prestakuntza-aldian sartzeko eskubidea duten praktiketako funtzionarioei Euskal Herriko Poliziaren Ikastegiko zuzendariak dei egingo die Ebazpenaren bitartez.

  2. Prestakuntza-aldian sartzeko eskubidea duten funtzionarioei Euskal Herriko Poliziaren Ikastegiko zuzendariak jakinaraziko die; Giza Baliabideen Zuzendaritzaren bitartez.

  3. Ikastaroaren prestakuntza-aldia Polizia Ikastegiko Kontseilu Arautzaileak onetsitako Ikasketa planaren arabera garatuko da.

  4. Ikastaroaren prestakuntza-aldia Ikastegiko zuzendariak izendatutako zentroan edo Euskal Herriko Poliziaren Ikastegian garatuko da eta Ikasketa planean aurreikusitakoarekin bat emango da, plan horretan ezarritako iraupenarekin.

  5. Prestakuntza-aldiaren azken kalifikazioa Euskal Herriko Poliziaren Ikastegiko Iragarki-oholean argitaratuko da.

  6. Euskal Herriko Poliziaren Ikastegiko zuzendariak bazter utziko ditu prestakuntza-aldia gainditzen ez dutenak.

  7. Prestakuntza-aldian zehar, edozein momentutan, ikaslearen edo izangaiaren espedientea kontuan izanik gainditzea ezinezkoa izango zaiola ikusiz gero, interesdunari entzun ondoren, baztertua izan daiteke Euskal Herriko Poliziaren Ikastegiko zuzendariaren Ebazpenaren bitartez.

  1. Ikastaroaren Prestakuntza-aldia gainditu duten praktiketako funtzionarioek egingo dute praktika-aldia, eta egingo deneko lekuek honako ezaugarri hauek dituzten zentro edo egoitzak izango dira: euren jarduera-arloak direla eta, kategoria honi dagokionez, Ertzaintzaren polizia zerbitzuen funtzionamendua eta egitura irakasteko ez ezik praktiketako ofizialei prestakuntza integrala emateko ere egokienak direnak.

  2. Praktika-aldia hasi aurretik, Euskal Herriko Poliziaren Ikastegiko zuzendariak, praktika-aldiaren iraupenari, baloraziorako sistemei eta prozedurei, praktika gainditzeari, eta praktika-aldia egiteko lekuak izendatzen direnei buruzko Ebazpena emango du. Aipatutako ebazpena Euskal Herriko Poliziaren Ikastegiko Iragarki-oholean argitaratuko da.

  3. Praktika-aldiak iraun bitartean, Ertzaintzaren Egiterapen eskalako komisariondoko kategoriari dagozkion lanak betetzeko eraginkortasun profesionala neurtuko da. Ebaluazioan soil-soilik neurtuko dira praktika-aldiak iraun bitartean burututako egintzak.

  4. Praktika-aldiaren kalifikazioak Euskal Herriko Poliziaren Ikastegiko iragarki-oholean argitaratuko dira. Argitalpen hori Iragarki-oholean jartzen den data hartu beharko da kontuan gerta litezkeen kontra egiteen eta errekurtsoen eraginetarako.

  5. Euskal Herriko Poliziaren Ikastegiko zuzendariak praktika-aldia gainditu ez duten izangaiek hautaketa prozeduratik baztertzea erabakiko du.

  1. Euskal Herriko Poliziaren Ikastegiko Barne Erregimenaren Araudian ezarritako diziplinazko erregimenaren arauak begiratu beharko dituzte praktiketako komisariondokoek, eta osagarrizko neurri moduan, irakaskuntza arloko falta bat baino zerbait gehiago den kasuan, Euskal Herriko Polizia Kidegoen Diziplinazko Erregimena aplikatu beharko da.

  2. Praktiketako funtzionario direnez, Euskal Herriko Poliziari buruzko uztailaren 17ko 4/1992 Legearen 54.2 atalean zehazturiko lansariak jasoko dituzte.

  3. Praktiketako komisariondokoei lanean izan direneko lanpostuari dagokionez, lizentzia bat emango zaie. Aipaturiko lizentzia ordaindua izango da, salbu eta 4/1992 Legearen 54.2 atalean zehaztutako lansariak jasotzearen alde badaude.

  4. Praktiketako komisariondokoak euren egoeran mantenduko dira kategoria horretan karrerako funtzionario izendapena egin arte, edo hautaketa prozesutik baztertua izan arte, Euskal Herriko Poliziari buruzko Legearen 45. artikuluak zehaztutakoarekin bat etorriz. Praktika-aldiaren amaierak ez du ekarriko lehen betetako jatorrizko kategoriara bueltatzea.

  5. Prestakuntza ikastaroa eta praktika-aldia, ezinbesteko eta bazter uzteko indarrekoak dira, bakoitza banatzean kontsideratuta ere, eta eurotara ez bertaratzeak ondorio hauek izango ditu izangaientzako: hautaketa prozesutik berehalakoan bazter uztea, eta komisariondoko kategorian sartzeko lituzkeen eskubide guztiak galtzea. Euskal Herriko Poliziaren Ikastegiko zuzendariak egingo du bazter uzteko den deklarazioa.

    Aurreko paragrafoan xedatutakoa kontuan izanda ere, gaindi ezinezko kausaren bat dela-eta, izangaiaren batzuk ez badira agertzen ikastarora edo praktika-aldira edo ez badituzte burutzen, hurrengoren baten egin daitezenean egin ditzakete izangaiok: baldin eta aurrekoa ezinezko egiten zituzten zirkunstantziak desagertuz gero, eta interesatuaren aldez aurretiko eskaririk bada. Kausa baloratzearena Euskal Herriko Poliziaren Ikastegiko zuzendariak egingo du, berak hartuko baitu bidezko erabakia.

  1. Hautaketa prozedurarako sailkapen ordenaren eraketa honela egingo da: oposizio-lehiaketan, praktika-aldian eta prestakuntza ikastaroan lortutako kalifikazioen batuketa eginez.

  2. Praktika-aldia amaituta hurrengo bi hilabeteen barruan, eta Euskal Herriko Poliziaren Ikastegiko zuzendariaren proposamenez, Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordeak hautaketa prozedura gainditu duten pertsonen karrerako funtzionario gisa izendapena emango du. Izendapen hori Euskal Herriko Poliziaren Ikastegiko Iragarki-oholean argitaratuko da.

    Izendapena Ertzaintzaren Egiterapen eskalako komisariondoko modura egingo da.

  3. Izendapena argitaratzen den hurrengo egunetik kontatzen hasita 10 eguneko epearen barruan jabetuko dira kategoriaz izendatutakoak. Hala egiten ez badute, salbu eta gaindiezinezko kausaren bat badago, egin dituzten jarduera guztiak baliogabeturik geratuko dira eta karrerako funtzionario izateko dituzten eskubide guztiak galduko dituzte.

Komisariondoko kategoriarako izangaiek diziplina-espedientez lehendik irekita dutenen edo geroztik irekitzen bazaie, hautaketa prozesuan onartzearena, beronetan jarraitzearena eta kategoriako egitearena ondoko honek baldintzatuko du: aipatu espedienteetan hutsegite larri edo oso larriengatik zigorren bat ezartzeak.

Hemezortzigarrena.- Errekurtsoak.

Administrazio-bidea agortzen duen ebazpen honen kontra, interesdunek, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Euskal Herriko Poliziaren Ikastegiko zuzendariari, argitaratuta agertu eta hurrengo egunetik harako hilabeteko epearen barruan, edo zuzenean aurkatu ahal izango dute administrazioarekiko auzigaietarako orden jurisdikzionalaren aurrean.

Aukerako berraztertzeko errekurtsoa azalduz gero, hau espresuki erabaki arte, edo isiltasuna dela eta presuntziozko ezezpena gertatu arte, ezin izango da jo bide jurisdikzionalera.

Interesdunak bide jurisdikzionala aukeratuz gero, Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri beharko du Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko administrazioarekiko auzien Salari zuzenduta, argitaratzen denetik kontatzen hasita bi hilabeteko epearen barruan,

Izangaien aldetik edozein barne hautaketa prozesuetara aurkeztea borondatezkoa denez gero, hautaketa aldian, prestakuntza-aldian eta praktika-aldian sor daitezkeen bidai gastuen edo beste batzuen gainean, ez dute inolako eskubiderik izangaiek, beraz, Administrazioak ez du gastuok ordaintzeko obligaziorik.

Arkauti, 2011ko uztailaren 18a.

Euskal Herriko Poliziaren Ikastegiko zuzendaria,

ELENA MORENO ZALDIBAR.

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)