- EBAZPENA, 2011ko uztailaren 28koa, HABEren zuzendari nagusiarena, 2010-2011 ikasturtean HABEren euskara-mailak gainditu dituzten ikasleei emango zaizkien dirulaguntzen baldintzak arautu eta horien aitortza egiten duena eta horien baliokideak egiaztatu dituzten ikasleentzako diru-laguntza deialdia egiten duena. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus
Arautegia
InprimatuEBAZPENA, 2011ko uztailaren 28koa, HABEren zuzendari nagusiarena, 2010-2011 ikasturtean HABEren euskara-mailak gainditu dituzten ikasleei emango zaizkien dirulaguntzen baldintzak arautu eta horien aitortza egiten duena eta horien baliokideak egiaztatu dituzten ikasleentzako diru-laguntza deialdia egiten duena.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Ebazpena
- Organo arau-emailea: Kultura Saila; HABE
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 167
- Hurrenkera-zk.: 4221
- Xedapen-zk.: ---
- Xedapen-data: 2011/07/28
- Argitaratze-data: 2011/09/02
Gaikako eremua
- Gaia: Administrazioaren antolamendua; Hezkuntza
- Azpigaia: Herri Administrazioa
Testu legala
Azaroaren 25eko 29/1983 Legeak sortu zuen Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundea (HABE), helduen euskalduntzera eta euskaran alfabetatzera zuzendua, ahalik eta euskal hiztun gehien lortzeko helburua duena.
Uztailaren 22ko 179/2003 Dekretuaren bidez, helduentzako euskararen irakaskuntza burutzen duten euskaltegien eta beste zentro homologatuen jarduera eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren aldetik jasotzen duten finantzazioa arautu zen.
Aipatu 179/2003 Dekretuaren 17. artikuluak dio HABEk ezar ditzakeela, osagarri gisa, bere aurrekontu-bitartekoen muga-barruan, beste dirulaguntza-mota batzuk, dekretu horretan aipatzen diren modalitate eta euskarrietan edo homologatutako sistemen bitartez, alfabetatze edota euskalduntze-prozesuetan murgilduta ari diren ikasleei zuzenduak, horien emaitza akademikoen baitan.
Otsailaren 24ko 48/2009 Dekretuak euskararen ezagutza egiaztatzen duten titulu eta ziurtagirien arteko baliokidetzak finkatu eta Hizkuntzen Europako Erreferentzi Marko Bateratura egokitzen ditu.
Horrela, bada, ebazpen honen bitartez, HABEren mailak egiaztatu dituzten ikasleentzako dirulaguntzen aitortza egin eta horien baldintzak arautu nahi dira, maila baliokideren bat egiaztatu duten ikasleentzako diru-laguntzen deialdia egitearekin batera, 2011ko ekitaldi honi dagokiona.
Horregatik guztiagatik, uztailaren 22ko 179/2003 Dekretuak emandako ahalmena kontuan hartuta,
Ebazpen honen xedea da euskaltegi publiko eta pribatu homologatuetako eta euskararen autoikaskuntzarako zentro homologatuetako ikasleei emateko dirulaguntzen baldintzak arautzea eta horien aitortza egitea, helduentzako euskararen irakaskuntza burutzen duten euskaltegien eta beste zentro homologatuen jarduera eta horien finantzazioa Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren aldetik arautzen duen uztailaren 22ko 179/2003 Dekretuaren 17. artikuluak ezarritakoa garatuz.
Deialdian parte hartu nahi duen edozein pertsonak honako baldintza hauek bete beharko ditu:
Diru-laguntza hauek eskuratzeko eskubidea berez aitortuko zaie baldintza hauek betetzen dituztenei:
HABEren erregistroan euskaltegi edo euskararen autoikaskuntzarako zentro homologatu bezala sailkatutako batean matrikulatua egotea 2010eko martxoaren 23tik 2011ko abuztuaren 31ra bitarteko epealdian.
HABEren zuzendari nagusiaren Ebazpenez deituta 2010 urteko 2. deialdian edo 2011 urteko 1. deialdian parte hartu eta dagokion maila gainditzea.
Zigor eta administrazioaren arloan dirulaguntza publikoak jasotzeko debekurik ez izatea, ezta laguntzak jasotzeko ezgaitzen dituen legezko debekuetan sartuta egotea ere. Halaber, ezin izango da sexu-arrazoiengatik diskriminaziorik gertatu, otsailaren 18ko 4/2005 Legeak, Emakume eta Gizonen Arteko Berdintasunari buruzkoak, xedatutakoaren arabera.
Halaber, dirulaguntza hauetarako eskubide izango dute euskaltegi edo autoikaskuntzarako zentro batean ikasleek ere, artikulu honetako 1.1 eta 1.3 puntuetan zehaztutako baldintzak beteta, azaroaren 9ko 297/2010 Dekretuak HABEren euskara-maila batekin baliokidetutako euskara-maila bat 2010eko irailaren 1etik 2011ko abuztuaren 31ra bitartean (dagokion deialdiaren behin betiko zerrendak argitaratzen diren dataren arabera) egiaztatu eta Ebazpen honen 3. artikuluan zehaztutakoaren arabera eskaera egiten dutenek.
Dirulaguntza deialdi honetatik at geldituko dira:
Herri Administrazioak finantzatuta eskolaratu diren ikasleak.
Aurreko ikasturteren batean egiaztatutako maila bera edo beheragoko bat egiaztatzeak ez dio ikasle bati deialdi honetan zehazten diren laguntzetarako eskubide emango.
Deialdi honetako dirulaguntza zuritzeko baliagarri den epealdian (2008-2009, 2009-2010 eta 2010-2011 ikasturteak), euskaltegietako matrikulazioaren kudeaketarako aplikazioaren arabera, euskaltegi edo autoikaskuntza zentroan ikasitako mailak baino beheragokoa egiaztatu dutenek ere ez dute maila horretako dirulaguntza eskuratzeko eskubiderik izango.
1. 2. artikuluaren 1. puntuan zehaztutako baldintza guztiak bete eta artikulu bereko 3. puntuaren arabera baztertuak ez diren ikasleek, diru-laguntza hauek eskuratu nahi izatera, www.habe.euskadi.net web orrian sartu beharko dute identifikazio elektronikoaren bitartez edo Q87 aplikaziorako dituen sarbide bakoiztuak baliatuz, eta hor dagokion laguntza eskuratzeko duten aukera jakinaraziko zaie. Jakinarazpen horretan, gehienez eskura dezaketen laguntza adieraziko zaie, beti ere gutxitu daitekeena euskaltegietan edo autoikaskuntzarako zentroetan azken 3 ikasturteetan ordaindutako kopuruagatik, beste administrazio publikoetatik jasotako laguntzengatik edo 6. artikuluan aurreikusitako gehienezko kopurua eskaera guztiei aurre egitera heltzen ez delako gerta daitekeen hainbanaketagatik.
Interesatuek 2011ko irailaren 6tik urriaren 5era bitarteko epea (biak barne) izango dute egiten zaien proposamena bere osotasunean onartzeko edo ez onartzeko, eta horrela bada, edo ikasleak nahiago balu, diru-laguntza eskaera artikulu honen 2. puntuan ezarritako prozedurari jarraiki egin ahal izango dute. Edonola ere, ezarritako epea pasa eta erantzunik eman ez duenak proposatutako aukerari uko egiten diola ulertuko da. Proposamena onartzearekin batera, eskuera jarriko zaion datuen bilketarako orria bete beharko dute.
Laguntzaren zenbatekoa zehazteko beharrezkoak diren datuak jasoko dira datu-orri horretan: ordaindutako matrikula-kopuruen, beste administrazio publikoetatik jasotako dirulaguntzen (hauek zinpeko aitorpenarekin) eta dirulaguntza eskuratzeko bankuaren berri eman beharko du. Halaber, aurreko artikuluaren 3. puntuan zehazten den dirulaguntza publikoak jasotzeko debekurik ez izatearen inguruko zinpeko aitorpena ere bilduko da bertan.
2. 2. artikuluaren 2. puntuan ezarritako baldintza guztiak bete eta diru-laguntza hauek eskuratu nahi dituzten ikasleek, www.habe.euskadi.net web orrian sartu beharko dute identifikazio elektronikoaren bitartez edo Q87 aplikaziorako dituen sarbide bakoiztuak baliatuz eta eskariko orria bete, 2011ko irailaren 6tik urriaren 5era bitartean (biak barne). Aipatu eskaera-orria, behar bezala beteta eta sinatua, HABEren zuzendariari aurkeztuko zaio, egiaztatutako mailaren agiri edo dagokion erakundeak luzatutako ziurtagiri konpultsatuarekin batera, bai HABEren Donostia (Vitoria-Gasteiz kalea, 3), Gasteiz (Samaniego kalea, 2) edo Bilboko (Gran Via, 85) egoitzetara eramanez, bai Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeak aurreikusitako beste edozein prozedura baliatuz.
Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legeak 38.4. artikuluan aipatutakoaren arabera, posta bulegoetan aurkezten diren eskaera-orriak aurkezpen-epearen barruan eta gutunazal irekian eman behar dira, ziurtatu aurretik postariak data eta zigilua jar diezaien. Horrela bakarrik ulertuko da instantziak posta bulegoan utzi ziren egunean izan dutela sarrera HABEren Donostia, Gasteiz edo Bilboko egoitzetako Erregistro Orokorrean. Instantzia da zigilua eraman behar duena.
Edonola ere, eskatzaileek 2011ko urriaren 6a izango dute eskaera aurkezteko azken eguna.
HABEren egitekoa izango da eskatzaileek euskaltegi edo autoikaskuntzarako zentroetan ordaindutako kopuruei buruz datu-orrietan emandako datuak baieztatzea.
Ikasleak aurkeztutako eskarian agiriren bat falta bada, edota okerren bat badago, hala jakinaraziko zaio, hamar eguneko epea emanez okerrak zuzen ditzan, eta horrela egin ezean, eskabideari uko egin zaiola ulertu beharko dela adierazi.
HABEko Kudeaketa Zerbitzuari dagokio, Ekonomia eta Administrazio Unitatearen eta Ikuskatzailetzaren bitartez, deialdi honetan aurreikusitako kudeaketa-lanak burutzea.
Ebazpen honen xede diren laguntzetarako, 2011 urtean 1.000.000 euroko kopurua jarriko da, EAEko Aurrekontu Orokorretan horretarako dagoen partidaren kontura.
Egiaztatu den maila bakoitzeko jarraian zehazten den kopurua eskura dezake gehienez ikasleak:
HABEren 1. maila edo baliokidea: 500 euro.
HABEren 2. maila edo baliokidea: 400 euro.
HABEren 3. maila edo baliokidea: 100 euro.
HABEren 4. maila edo baliokidea: 100 euro.
Maila bakoitzerako ikasketak behin bakarrik lagunduko zaizkio diruz ikasleari. Era berean, maila bat egiaztatu ondorengo dirulaguntza zuritzeko beharrezko izan den matrikularen zenbatekoa ez da konputatuko beste maila bat egiaztatu izanagatiko laguntza zuritzeko.
Aipatu HABEren dirulaguntza osorik eskuratzeko, ikasleak egoki zuritu beharko du 2008-2009, 2009-2010 eta 2010-2011 ikasturteetan egiaztapenaren aurretik hasitako ikastaroetan matrikuletan beste horrenbeste ordaindu izana. Hala ezean, ordaindutakoa izango da laguntzaren muga.
Ebazpen honen 6. artikuluan aurreikusitako kopurua nahikoa ez balitz aurreko puntuan ezarritako irizpideen arabera kalkulatutako beharrei aurre egiteko, onuradunen artean hainbanatuko da dirulaguntza.
Deialdi honetan zehaztutako irizpideak aplikatu ondoren, HABEren zuzendari nagusiak eskabideen gaineko ebazpena emango du, eta interesdunei, HABEren egoitzetako iragarki tauletan erantsiz eta interneteko www.habe.euskadi.net web orrian argitara emanez jakinaraziko zaie. Hau guztia, 2011ko azaroaren 30 baino lehen.
Ebazpenaren jakinarazpena aurreikusitako epe-mugan jasotzen ez bada, onuradunek ulertu ahal izango dute beren eskabidea gaitzetsia izan dela, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen 44. artikuluan zehaztutakoaren ondorioz.
Dirulaguntzen Ebazpena emanda, dirulaguntza ordainketa bakarrean kitatuko da banku-transferentzia bidez.
Emango den dirulaguntza bateragarria izango da xede berarekin jaso daitekeen beste edozeinekin, baldin eta gain-finantzaziorik ez badago laguntzen den xedearen guztirako kostuan. Horrelakoetan, dagozkion kenketak egingo dira, aldea ez ordainduz edo dagokion kopurua itzultzeko eskatuz.
HABEk eskubide izango du eskatzaile bakoitzak emandako edozein datu beste administrazio publikoekin erkatzeko, beti ere deialdi honen xede den gaiari atxikita.
Ebazpen honetan araututako dirulaguntzen onuradunek beti izango dituzte betebehar hauek:
Eskatzen zaien beste informazio ematea Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun Saileko Ekonomi Kontrolerako Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari, dirulaguntzen helmugaren ikusketa-lanetan dihardutenean.
Horretaz gain, 1/1997 Dekretu Legegileak, 1997ko azaroaren 11koak, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duenak, eta gaiari ezar dakizkiokeen gainerako xedapenek ezarritako beste betebeharrak ere izango ditu.
Ezarritako edozein betebehar betetzen ez bada, dirulaguntzak aitortu eta ordaintzerakoan edozein zirkunstantzia faltsutzen bada, edo laguntzak jaso ondoren gain-finantzazioa gertatzen, orduan 1997ko azaroaren 11ko 1/1997 Dekretu Legegilea ezarriko da eta, hala badagokio, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua, zeinak Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorretatik zuzendutako dirulaguntzak eman, bermatu eta itzultzeko modua arautzeaz gainera, diru-gaietan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, zereginak eta eginkizunak ere zehazten baititu.
Datu pertsonalak babesteko 15/1999 Lege Organikoak xedatutakoa betez, deialdi honetan parte hartzeak interesdunaren baimena ematea dakar berekin bere datuak HABEren Q87 fitxategi informatizatuetan sartzeko. Aipatutako legean aurreikusitako sartze-, zuzenketa-, ezeztapen- eta oposizio-eskubideak HABEren Zuzendaritzaren aurrean gauzatu ahal izango dira (Vitoria-Gasteiz, 3 20018 Donostia-San Sebastián). Datu horien tratamendu eta babesaren erregimena araudi honek berak ezarritakoa izango da.
Lehenengoa. Ebazpen honetan aurreikusi gabeko guztian, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeak ezarritakoa aplikatuko da.
Bigarrena. Ebazpen honen aurka, bide administratiboa agortzen ez duenez, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete HABEren presidenteari. Horretarako hilabeteko epea izango dute Ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita.
Hirugarrena. Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik hasita izango du indarra.
Donostia-San Sebastián, 2011ko uztailaren 28a.
HABEren zuzendari nagusia,
JOSEBA IÑAKI URIBE BURGOA.


