Euskadi.eus
  • EBAZPENA, 2011ko urriaren 11koa, Ingurumeneko sailburuordearena, Ordizia, Arama, Itsasondo, Altzaga, Legorreta, Ikaztegieta, Tolosa eta Alegiako udalerrietan, Iberdrola Distribución Eléctrica SA enpresak sustatuta, Ordizia-Ikaztegieta izeneko 13,2 kV-ko airetiko linea elektrikoaren eta bere adarren zuhaizti-zerrenda zabaltzeko proiektuak ingurumenean duen eragina ebaluatzeko prozedura ez duela behar erabakitzeko dena. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus

Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2011ko urriaren 11koa, Ingurumeneko sailburuordearena, Ordizia, Arama, Itsasondo, Altzaga, Legorreta, Ikaztegieta, Tolosa eta Alegiako udalerrietan, Iberdrola Distribución Eléctrica SA enpresak sustatuta, Ordizia-Ikaztegieta izeneko 13,2 kV-ko airetiko linea elektrikoaren eta bere adarren zuhaizti-zerrenda zabaltzeko proiektuak ingurumenean duen eragina ebaluatzeko prozedura ez duela behar erabakitzeko dena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 225
  • Hurrenkera-zk.: 5748
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2011/10/11
  • Argitaratze-data: 2011/11/28

Gaikako eremua

  • Gaia: Ingurune naturala eta etxebizitza; Ekonomi Jarduerak
  • Azpigaia: Ingurumena; Industria; Nekazaritza eta arrantza

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

Eusko Jaurlaritzaren Energia eta Meategien Zuzendaritzak, maiatzaren 23an, Ordizia, Arama, Itsasondo, Altzaga, Legorreta, Ikaztegieta, Tolosa eta Alegiako udalerrietan, Iberdrola Distribución Eléctrica SA enpresak sustatuta, Ordizia-Ikaztegieta izeneko 13,2 kV-ko linea elektrikoaren eta bere adarren zuhaizti-zerrenda zabaltzeko proiektuaren ingurumen-dokumentua igorri zion Ingurumen Sailburuordetzari, ingurumen-organoak ingurumenaren gaineko eragina ebaluatzeko prozedura bete behar duen edo ez erabaki zezan.

2011ko ekainaren 3an, Ingurumen Sailburuordetzak sustatzaileari eskatu zion bota beharreko zuhaitzen azalerari buruzko informazioa gehitzeko ingurumen-dokumentuan.

Eskaera horri erantzuteko, 2011ko ekainaren 9an, sustatzaileak beste ingurumen-dokumentu bat bidali zion sustatzaileari, aurrez bidalitakoa osatzeko.

Proiektuaren helburua da goi-tentsioko linea elektrikoak zuhaitz-eremuetatik igarotzeko bete behar diren agindu espezifikoek ezarritakora egokitzea. Horregatik, linea elektrikoaren alde banatan lur-zerrenda bat zehaztu da, eta aipatutako Ebazpenaren irizpideak aplikatuta, kono-enbor forma hartuko du, estuagoa euskarrietan eta zabalagoa baoaren erdialdean; zuhaitzik gabeko lur-zerrenda berriaren batez besteko zabalera linearen albo banatan 10 metrokoa izango da. Izapidetu behar den proiektuaren eragina izango duten linea nagusiak eta adarrek 16,747 bat km-ko luzera dute, eta horietatik 9,393 km zuhaitz-eremuetatik igarotzen dira.

Proiektuan adierazitako zuhaizti-zerrenda finkatzeko, ez da finkatu beharreko linean aurretik existitzen ez den gurutzamendurik egingo.

Linearen zati batek Garrantzi Komunitarioko Lekua (GKL) den Natura 2000 Sareko «Oria Garaia (ES2120005)» espazioari eragiten dio zuzenean, eta zenbaitetan igarotzen du.

Euskal Herriko ingurugiroa babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren arabera, energia elektrikoa banatzeko lineak eraikitzen dituzten proiektuek ingurumenaren gaineko eragina ebaluatzeko prozedura bete beharko dute, ingurumen-aldetik kalteberak diren lekuetatik igarotzen badira osorik edo zatiren batean; leku horien barruan daude natura-parkeak eta Natura 2000 Sarea.

Proiektuek ingurumenean duten eraginaren ebaluazioari buruzko legearen testu bategina onartzen duen urtarrilaren 11ko 1/2008 Legegintzako Errege Dekretuko 3. artikuluari jarraiki, eta II. eranskineko 9.k) artikuluarekin lotuta, I. eta II. eranskinetan agertzen diren eta baimenduta, egikaritzen edo egikaritzeko prozesuan dauden proiektuen aldaketa edo hedapen orok ingurumenaren gaineko eragina ebaluatzeko prozedura bete behar du, kasu bakoitzean ingurumen-organoak horrela xedatzen duenean.

Otsailaren 27ko 3/1998 Legearen arabera, eta I.B eta I.C eranskinetan egon gabe, lurzoruaren aprobetxamendu-motan aldaketa eragiten duten jarduerek, zuhaixka edo zuhaitzezko geruza deuseztatzen denean eta 5-50 hektareako azaleran egiten direnean, ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazio sinplifikatua behar dute.

Urtarrilaren 11ko 1/2008 Legegintzako Errege Dekretuaren 16. artikuluak xedatzen duenez, II. eranskinean jasotako proiekturen bat egin nahi duen pertsona fisiko edo juridikoak, publiko edo pribatuak, autonomia-erkidego bakoitzak xedatzen duen organoari eskatu beharko dio erabakitzeko ea proiektuak ingurumenaren gaineko eraginari buruzko ebaluaziorik behar duen edo ez, III. eranskinean ezartzen diren irizpideen arabera.

Aipatutako arauko 17. artikuluaren arabera, berriz, aurreko artikuluan aipatutako eskabidea jasotzen duen organoak azalduko du ea proiektuak ingurumenaren gainean duen eragina ebaluatu behar den ala ez. Hala ere, aurretik, proiektuaren betearazpenaren ondorioak jasoko dituzten administrazioak, pertsonak eta erakundeak kontsultatuko dira, eta proiektuaren ingurumen-dokumentua haien eskueran jarriko da.

2011ko ekainaren 24an, ingurumen-organoak galdetu zien proiektuaren eragina izango zuten administrazio eta erakundeei jarduera horiek ingurumenaren gaineko eragina ebaluatzeko prozedura bete behar al zuten, eta, hala balitz, ingurumenaren gaineko eraginaren ikerketak zer eduki eta gutxieneko irismen izan beharko lituzkeen.

Erantzun dute Kultura Ondarearen Zuzendaritzak, Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko Zuzendaritzak, Biodibertsitaterako eta Ingurumen Partaidetzarako Zuzendaritzak eta Osasun Saileko Gipuzkoako Lurralde Zuzendariordetzak, guztiak ere Eusko Jaurlaritzakoak, bai eta Ihobe Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoak, Gipuzkoako Foru Aldundiko Mendietako eta Natura Inguruneko Zuzendaritza Nagusiak, eta Ekialdeko Kantaurialdeko Arroen Bulegoak ere.

Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritzak proiektuaren eraginpean dagoen eremuan interes arkeologikoko elementu batzuk daudela jakinarazi du, eta adierazi du kontuan hartu beharko direla proiektua gauzatzean.

Eusko Jaurlaritzako Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko Zuzendaritzak nekazaritzako sektorearen gaineko eraginaren ebaluazioa egiteko gomendatu du, ingurumeneko alderdiei bestelako aipamenik egin gabe.

Eusko Jaurlaritzako Biodibertsitaterako eta Ingurumen Partaidetzarako Zuzendaritzak proiektuak biodibertsitatearen gainean duen eragina aztertu du txostenean, eta neurri batzuk adierazi ditu proiektuak ingurumenean eta biodibertsitatean izango dituen eraginak eragozteko eta/edo arintzeko.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Mendietako eta Natura Inguruneko Zuzendaritza Nagusiak proiektuaren eragina izango duten oinen inbentario zehatza egiteko proposatu du, eta gehienezko garapen begetatiboan lineetako eroaleetatik bost metrora baino gutxiagora gera daitezkeen zuhaitz-espezieak soilik mozteko; lineen azpiko ibaiertzetan dagoen zuhaixka-geruza osoari eutsi behar zaiola ere adierazi du. Bestalde, proposatu du, moztutako eremuetan zuhaitz-espezie berriak zabal ez daitezen, eta sortutako eraginaren ondorioz, Gipuzkoako bertako zuhaixka-espezieak sartzeko; Zuzendaritza horretako zerbitzu teknikoek onartu beharko dituzte aurrez sartuko diren espezieak.

Ihobe Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoak txostenean adierazi duenez, proiektuaren esparruan ez dago irailaren 30eko 165/2008 Dekretuan jasotako lursailik; lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten edo dituzten lurzoruen inbentarioari buruzkoa da Dekretua.

Osasun Sailaren Gipuzkoako Lurralde Zuzendaritzak adierazi du proiektua egiteak ez duela osasun publikoan eragin nabarmenik izango.

Ekialdeko Kantaurialdeko Arroen Bulegoak, berriz, sustatzaileak proiektua gauzatzerakoan kontuan hartu behar dituen alderdi batzuk adierazi ditu.

Proiektuak ingurumenaren gainean izan dezakeen eragina neurtze aldera, eskura dagoen informazioa aztertu da. Azterketa hori egiteko, Proiektuek ingurumenean duten eraginaren ebaluazioari buruzko legearen testu bategina onartzen duen urtarrilaren 11ko 1/2008 Legegintzako Errege Dekretuko III. eranskineko irizpideei heldu zaie. Azterketaren emaitza honako hau izan da:

Proiektuaren ezaugarriak.

Proiektuaren helburua da goi-tentsioko airetiko linea elektrikoak zuhaitz-eremuetatik igarotzeko bete behar diren agindu espezifikoak betetzea, eta batez beste 10 metroko zabalera uztea zuhaitzik gabeko zerrendarako.

Linea elektrikoan egokituko den luzera osoa, linea nagusia eta adarrak kontuan hartuta, 16,747 km-koa da, eta horietatik 9,4 bat km zuhaitz-eremuetatik igarotzen dira.

Natura 2000 Sareko espazioetan dagoen zuhaizti-azalera 11.949 m2-koa da, eta honela dago banatuta, sustatzaileak emandako dokumentazioaren arabera: 2 haltz (Alnus glutinosa), 5 astigar (Acer sp.), 4 hurritz (Corylus avellana), 10 makal (Populus nigra), 10 sasiakazia (Robinia pseudoacacia), 38 lizar (Fraxinus excelsior), 1 erramu (Laurus nobilis) eta 168 bananondo (Acer pseudoplatanus).

Proiektuaren eragina izango duen azalerari dagokionez, sustatzaileak emandako datuetatik ondoriozta daiteke proiektuaren eragina izango duen azalera 5-10 hektareakoa dela, eta ez dela otsailaren 27ko 3/1998 Legean eta urtarrilaren 11ko 1/2008 Legegintzako Errege Dekretuan adierazitako atalaseetara iritsiko; hau da, proiektuak ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioa egiteko prozedura bete behar izateko atalasera.

Kontuan hartu beharreko beste alderdi batzuei dagokienez (beste proiektu batzuen ondorio metatzaileak, nola erabiltzen diren natura-baliabideak, sortzen diren hondakinak, eragiten den kutsadura eta istripuak gertatzeko dagoen arriskua), kasu honetan ez dira oso esanguratsuak.

Hori guztia dela eta, proiektuaren ezaugarriak ikusita (tamaina, beste proiektu batzuen ondorio metatzaileak, nola erabiltzen diren natura-baliabideak, sortzen diren hondakinak, eragiten dituen kutsadura eta beste eragozpen batzuk, eta istripuak gertatzeko dagoen arriskua), ez da beharrezkoa proiektuak ingurumenaren gaineko eraginaren banakako ebaluazioa egitea.

Proiektuaren kokapena.

Proiektuaren eragina izango duten eremuen ingurumen-kalteberatasunari dagokionez, adierazi dugu dagoeneko Oria Garaia Garrantzi Komunitarioko Lekuan dagoen landarediaren 11.949 bat m2-ri eragingo diela proiektuak.

Badirudi linea elektrikoa Oria ibaiaren ondoan dagoen eremuetan zuhaiztirik gabeko zerrenda zabaltzeko ezarritakoak 91E0* lehentasunezko intereseko habitatari eragiten diola, Alnus Glutinosa eta Fraxinus excelsior espezieen baso alubialei, hain zuzen, eta baso horiek Natura 2000 Sarearen barruan zaindu beharrekoak dira.

Bestalde, ezarrita dauden jarduera batzuk bisoi europarraren (Mustela lutreola) interes bereziko eremuetan egin behar dira, eta bi zonatan uhalde-enarek (Riparia riparia) habiak egiten dituzte; ezin da baztertu, halaber, ur-zozoa (Cinclus cinclus) eta martin arrantzalea (Alcedo athis) egotea, eta hegazti-espezie horiek ez daude behar bezala zainduta.

Aipatutakoaz gain, ezin da alde batera utzi interes komunitarioko beste habitat batzuei eta intereseko beste formazio batzuei eragiteko aukera.

Laburbilduz, hainbat natura-baliabide baliotsu dituen espazio batean egingo da proiektua. Baliabide horietako batzuk zaindu eta babestu beharrekoak dira, eta, Arriskuan dauden Espezieen Euskadiko Zerrendaren arabera, batzuk galzorian daude gainera.

Proiektuak izan dezakeen eraginaren ezaugarriak.

Proiektuaren izaera eta ezaugarriak kontuan hartuta, obra-fasean egon daitezkeen eraginak arrazoi hauengatik izango dira: zuhaitzak botatzeagatik, habitatetan eragina izateagatik eta horrek habitat horietako fauna- eta flora-espezieetan izango dituen ondorioengatik. Ondorio horiek eremu mugatu batean gertatuko dira, lehendik dagoen azpiegitura baten 10 metroko inguratzaile batean.

Horrez gain, makinak erabiltzearekin eta alde batetik bestera eramatearekin lotutako eraginak ere egongo dira (hots-kutsadura eta airearen kutsadura, lurra trinkotzea, landaredia suntsitzea eta fauna desagerraraztea, ura eta lurra kutsatzea gerta daitezkeen isuri eta jarioengatik...).

Proiektuak Oria ibaian eta bere ibaiertzetan izango duen eragina mugatua izango da; zuhaitz-ale batzuk baino ez dira moztuko, gehienak bananondoak, oraingo lineak ibaia zeharkatzen duen lekuetan dagoeneko zuhaitzik ez daukan lur-zerrendari gainzabalera bat ematearren.

Eragina handiagoa edo txikiagoa izango da, lanak noiz eta nola egiten diren kontuan hartuta.

Pentsatzen da Ebazpen honetan ezarritako neurri babesleek eta zuzentzaileek ingurumenaren gaineko eragin kaltegarriak gutxituko dituztela, eta beraz, ez da aurreikusten ingurumenean kalte nabarmenik gertatuko denik.

Behin aztertuta proiektu honen ezaugarriak, Proiektuek ingurumenean duten eraginaren ebaluazioari buruzko legearen testu bategina onartzen duen urtarrilaren 11ko 1/2008 Legegintzako Errege Dekretuaren III. eranskineko irizpideak, eta kontsultetan jasotako erantzunak, ondorioztatu da proiektuak ez duela ingurumenean eragin kaltegarri nabarmenik izango, betiere, Ebazpen honetan eta espedientean dauden txostenetan adierazitako neurri babesleak eta zuzentzaileak betetzen badira.

Organo honek Ebazpen hau idazteko eskumena du, Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen abenduaren 22ko 629/2009 Dekretuan xedatutakoaren arabera.

Aztertu dira Euskal Herriko ingurugiroa babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorra eta Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen abenduaren 22ko 629/2009 Dekretua, eta horrenbestez, honako hau,

  1. Lazkao, Ordizia, Arama, Itsasondo, Altzaga, Legorreta, Ikaztegieta, Tolosa eta Alegiako udalerrietan, Iberdrola Distribución Eléctrica SA enpresak sustatuta, Ordizia-Ikaztegieta 13,2 KV-ko linea elektrikoaren eta bere adarren zuhaizti-zerrenda zabaltzeko proiektuak ez du behar ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluaziorik.

  2. Proiektua egiteko, eta espedienteko txostenetan ezarritakoa alde batera utzi gabe, honako baldintza hauek hartu beharko dira kontuan:

    Proiektuaren ingurumen-ezaugarriei buruzko dokumentu bat aurkeztu beharko da eta bertan agertuko dira Ebazpen honetan ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak, eta horiekin batera natura-guneak eta natura-espezieak kudeatzen dituzten administrazioko beste organo batzuek ezarritakoak, eta zehaztasun-maila nahikoa izan beharko dute ingurumenaren babes egokia bermatzeko. Dokumentu horretako neurri horiek, gainera, obra kontratatzeko baldintza-agirietan sartu beharko dira, eta baldintza horiek betetzen direla bermatuko duen aurrekontua izan beharko dute. Ingurumen-dokumentu hori proiektuari dagokion ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazio sinplifikatuaren espedienteari erantsiko zaio, Euskal Herriko ingurugiroa babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 49. artikuluari jarraiki, eta I.C eranskineko 7. epigrafearekin lotuta.

    Eremuak kalteberak izanez gero, hala nola Natura 2000 Sareko lekuak, «Oria Garaia (ES2120005)» Garrantzi Komunitarioko Lekua, lehentasunezko interes komunitarioko habitatak, bisoi europarra kudeatzeko planen eremuak eta bertako baso-masak, zuinketa-fasean eta zuhaitzak botatzen direnean, botanikan aditua den batek egon beharko du obran bertan, obra-zuzendaritzari edo obra-arduradunari aholkuak emateko.

    Obrak egin behar diren lekuetara sartzeko, ahal den neurrian, lehendik dauden bideak erabiliko dira, eta halakorik egon ezean, dagoen korridorea. Ez da sarbiderik egin behar aurreko paragrafoan aipatutako eremu kalteberetara sartzeko.

    Goi-tentsioko airetiko linea elektrikoak zuhaitz-eremuetatik igarotzeko bete behar diren agindu espezifikoen arabera, Natura 2000 Sareko «Oria Garaia (ES2120005)» Garrantzi Komunitarioko Lekuaren barruan, ezinbestean moztu beharreko zuhaitzak baino ez dira moztuko, eta, betiere, bi metroko distantzia utziko da zuhaitzen gehienezko garapen begetatiboaren eta linea elektrikoko eroaleen artean. Hori aplikatzea nahitaezkoa izango da 91E0* lehentasunezko intereseko habitata osatzen duten aleen kasuan.

    Kalterik egin gabe Gipuzkoako mendiei buruzko urriaren 20ko 7/2006 Foru Arauan eta Gipuzkoako Lurralde Historikoko hainbat flora-espezieren babesa agintzen duen urtarrilaren 16ko 4/1990 Foru Dekretuan xedatutakoari, gehienezko garapen begetatiboan linea elektrikoaren segurtasuna bermatzen ez duen distantzia batera gera litezkeen zuhaitz-espezieak bakarrik botako dira, eta egungo zuhaixka-geruza guztia dagoen-dagoenean utzi beharko da.

    Gorago aipatutako eremu kalteberetan zuhaitzak botatzeko, esku-tresna arinak erabiliko dira.

    Arriskuan dauden espezieak kudeatzeko planen alorrean egiten diren jarduerek, zehazki bisoi europarra kudeatzeko planaren barruan egiten direnek, dagokion baimena emateko eskumena duen foru-organoak ezarritakoa beteko dute; organo horrek lanak egiteko modua muga dezake, bai eta lanak egiteko unea ere, arriskuan dagoen faunaren bizi-zikloaren garai kalteberenak zein diren kontuan hartuta (bisoi europarraren kasuan, martxoaren 15etik uztailaren 31ra bitartean izaten da).

    Jarduera-esparruan interes arkeologikoko elementu batzuk daudenez, Euskal Kultur Ondareari buruzko 7/1990 Legearen babesean egindako deklarazioetan gehituak, proiektua egitean kontuan hartu beharko dira deklarazio horietatik datozen lege-aginduak. Horrez gain, kontuan hartuta proiektuaren jarduera-esparruko elementu batzuk babesteko proposamenak daudela gaur egun, kontsulta egin beharko zaie Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritzari, Gipuzkoako Foru Aldundiari, bai eta beste erakunde batzuei ere (udalak...), kultura-ondarea babesteko zer neurri hartuko diren zehazteko (eragin kaltegarririk ez egoteko prebentzio-neurriak, obretatik gertu dauden ondare-intereseko elementuetan seinaleak jartzea...).

  3. Proiektuari ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazio sinplifikatua egin beharko zaio, Euskal Herriko ingurugiroa babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorreko 49. artikuluan ezarritakoaren arabera.

  4. Ebazpen honen edukia Eusko Jaurlaritzako Energia eta Meategien Zuzendaritzari, Ordizia, Arama, Itsasondo, Altzaga, Legorreta, Ikaztegieta, Tolosa eta Alegiako udalei eta proiektuaren sustatzaileari jakinaraziko zaie.

  5. Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko aginduko da.

  6. Ebazpen honek ez du administrazio-bidea amaitzen. Beraz, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuari, hilabeteko epean, jakinarazpenaren hurrengo egunetik kontatzen hasita. Horrela ezartzen du Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeak 114. artikuluan eta ondorengoetan; urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatu zuen lege hori.

    Vitoria-Gasteiz, 2011ko urriaren 11.

    Ingurumeneko sailburuordea,

    M.ª ARANZAZU LETURIONDO ARANZAMENDI.

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik