- EBAZPENA, 2011ko azaroaren 23koa, Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiarena, kanpo harremanen eremuan profesionalak espezializatzeko beken deialdia egiten duena. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus
Arautegia
InprimatuEBAZPENA, 2011ko azaroaren 23koa, Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiarena, kanpo harremanen eremuan profesionalak espezializatzeko beken deialdia egiten duena.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Ebazpena
- Organo arau-emailea: Jaurlaritzaren Lehendakaritza
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 235
- Hurrenkera-zk.: 5973
- Xedapen-zk.: ---
- Xedapen-data: 2011/11/23
- Argitaratze-data: 2011/12/14
Gaikako eremua
- Gaia: Administrazioaren antolamendua; Hezkuntza
- Azpigaia: Herri Administrazioa; Instituzional; Funtzio publikoa
Testu legala
Uztailaren 26ko 171/2011 Dekretuak kanpo harremanen eremuan profesionalak espezializatzeko bekak arautzen ditu.
Dekretu horren 2. artikuluaren 1. paragrafoan ezarritakoaren arabera, baita Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura emandako gastu-espedienteak aurretiaz izapidetzea arautzen duen Ogasun eta Herri Administrazio sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduan ezarritakoaren arabera ere, bidezkoa da kanpoko harremanen eremuan profesionalak espezializatzeko bekak deitzea 2012. urteko ekitaldirako.
Ondorioz, honako hau
Ebazpen honen helburua da kanpo harremanen arloan profesionalak espezializatzeko beken deialdia egitea 2012. urterako.
12 hilabeteko iraupena duten 13 beken deialdia egiten da.
Bekadunek beraien eginkizunak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren honako bulego hauetan burutuko dituzte:
Lauk, Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusian, Vitoria-Gasteizen.
Lauk, Euskadiren Europar Batasunerako Ordezkaritzan, Bruselan.
Batek, Euskadiren Estatu Batuak, Kanada eta Mexikoko Ordezkaritzan, New Yorken.
Batek, Euskadiren Estatu Batuak, Kanada eta Mexikoko Ordezkaritzan, Mexiko DFko bulegoan.
Batek, Euskadiren Txile eta Peruko Ordezkaritzan, Txileko Santiagon.
Batek, Euskadiren Kolonbia, Venezuela eta Erdialdeko Amerikako Ordezkaritzan, Bogotán.
Batek, Euskadiren Argentina, Brasil, Paraguai eta Uruguaiko Ordezkaritzan, Buenos Airesen.
Beka bakoitzak honelako dotazioa izango du:
Vitoria-Gasteizen burutu beharreko beka bakoitzak, 16.000 euro.
Bruselan, New Yorken, Mexiko DFn, Txileko Santiagon, Bogotán eta Buenos Airesen burutu beharreko bekek, 24.000 euro beka bakoitzeko.
Zenbateko horrek dagokion atxikipen fiskala izango du.
Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura emandako gastu-espedienteak aurretiaz izapidetzea arautzen duen Ogasun eta Herri Administrazio sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduaren 5.3 artikuluaren ondorioetarako, prozedura ebatzi eta deitutako bekak esleitzeko, kreditu nahikoa eta egokia egon behar da 2012. urterako Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan.
Beka zatika ordainduko da; honela, hain zuzen:
Lehenengo ordainketa beka onartu ondoren egingo da, eta esleitutako diru-laguntzaren % 40koa izango da.
Bigarren ordainketa, diru-laguntzaren % 30ekoa, bekaldia hasi eta lau hilabete igarotakoan egingo da, bekadunek zatikako txostenak aurkeztu ondoren.
Hirugarren eta azken ordainketa, geratzen de % 30ekoa, beka bukatzen denean egingo da, bekadunek amaiera txostenak aurkeztu ondoren.
Bigarren eta hirugarren ordainketa egin aurretik, Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiak bekadunaren aprobetxamenduari buruzko txosten bat egin beharko du; txosten hori espedienteari atxikiko zaio.
Ordezkoei ordainduko zaien diru-zenbatekoa uko egin duen bekadunak erabili ez duen bekaldiaren araberakoa izango da. Ordainketa egiteko, artikulu honen 1. paragrafoan aurreikusitako ordainketa zatikatuak eta ehunekoak erabiliko dira.
Interesa dutenek, uztailaren 26ko 171/2011 Dekretuan eskatutakoak betetzen badituzte, aukeraketa prozeduran parte hartzeko eskabideak aurkezteko aukera izango dute. Eranskinean jaso da horretarako inprimaki eredua. Interesatuek eskura izango dute Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusian eskaerak formalizatzeko inprimaki eredua. Halaber, Euskal Herriko Unibertsitatearen Ikerketa Errektoreordetzan, Araba eta Gipuzkoako campusetako errektoreordetzetan, eta Deustuko Unibertsitatearen Ikerketa Errektoreordetzan edota Eusko Jaurlaritzaren web orrian www.ej-gv.net ere jaso daitezke inprimaki ereduak.
Eskabideak helbide honetara zuzendu beharko dira:
Kanpo Harremanetarako Zuzendaritza
Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusia
Lehendakaritza-Eusko Jaurlaritza
Nafarroa kalea, 2
01007 Vitoria-Gasteiz
Eskabideak honako toki hauetan aurkez daitezke: aurreko paragrafoan adierazitako helbidean, Euskadiren kanpoko ordezkaritzetan, Eusko Jaurlaritzaren Herritarrei Laguntzeko bulegoetan edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 30/1992 Legean zehaztutako tokietan.
Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, deialdia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunetik aurrera.
Uztailaren 26ko 171/2011 Dekretuaren 5.1 artikuluan ezarritakoari jarraiki, aurkeztu den dokumentazioa osorik ez badago Kanpo Harremanetarako Zuzendaritzak eskatzaileari dokumentazio osagarria hamar eguneko epean bidaltzeko eskatuko dio.
Eskatutako dokumentazioa aurkezten ez badu epe horretan jakinarazi zaion egunaren biharamunetik kontatzen hasita, eskaera bertan behera utzi duela pentsatuko da; aldez aurretik horretarako ebazpena eman beharko da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legeak 42. artikuluan xedatutakoari jarraituz.
Onartutako eta baztertutako pertsonen zerrenda www.euskadi.net web gunean eta Irekian argitaratuko da. Baztertutako pertsonek hamar egun izango dituzte erreklamazioak aurkezteko.
Epe horretan erreklamaziorik aurkezten ez bada, zerrenda behin betikotzat joko da.
Erreklamaziorik aurkeztu bada, Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiak ebatzi beharko ditu horiek, kudeaketa-organoak txostena egin ondoren. Aurkeztutako erreklamazioen ondorioz zerrenda hori aldatzea ebazten bada, www.euskadi.net web gunean eta Irekian argitaratuko da behin betiko zerrenda.
Uztailaren 26ko 171/2011 Dekretuaren 6. artikuluan merituak baloratzeko izendatutako Hautespen Batzordeko kideak honako hauek izango dira:
Ainhoa Alday Palacios andrea, Kanpo Harremanetarako zuzendaria, batzordeburua. Lanpostu hori bete gabe balego, titularra ez balego, gaixorik balego edo legezko bere arrazoiren bat balego, Sofía de Orue Valdés-ek, Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiko goi-teknikariak, ordezkatuko du.
Marta Marín Sanchez andreak, Euskadiren Europar Batasunerako ordezkaria, batzordeko buruordea. Lanpostu hori bete gabe balego, titularra ez balego, gaixorik balego edo legezko bere arrazoiren bat balego, Rafael Hueso Vicent-ek, Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiko goi-teknikariak, ordezkatuko du.
Elena Iturrate Bizkarguenaga andrea, Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiko goi-teknikaria. Batzordearen idazkaria izango da; hitza bai, baina botorik ez du izango. Lanpostu hori bete gabe balego, titularra ez balego, gaixorik balego edo legezko bere arrazoiren bat balego, Sofía de Orue Valdés-ek, Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiko goi-teknikariak, ordezkatuko du.
Ainara Jauregui Rekondo andrea, Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiko goi-teknikaria. Lanpostu hori bete gabe balego, titularra ez balego, gaixorik balego edo legezko bere arrazoiren bat balego, Camila de Epalza Azquetak, Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiko goi-teknikariak, ordezkatuko du.
Ibilbide akademikoa gehienez ere 20 punturekin baloratuko da; honela, hain zuzen:
Ikasketa-espedientearengatik gehienez ere 5 puntu emango dira, unibertsitate ikasketen azken hiru urteetako batezbesteko nota kontuan hartuta. Agirien bidez egiaztatu beharko da nota hori. Honela banatuko dira puntuok:
Puntu 1, batezbesteko nota 5etik 5,99ra artean badago.
2 puntu, batezbesteko nota 6tik 6,99ra artean badago.
3 puntu, batezbesteko nota 7tik 7,99ra artean badago.
4 puntu, batezbesteko nota 8tik 8,99ra artean badago.
5 puntu, batezbesteko nota 9tik 10era artean badago.
Interesdunaren espezializazioarengatik gehienez ere 15 puntu emango dira; honela, hain zuzen:
Gehienez ere 5 puntu, Europako edo nazioarteko gaien hainbat jakintza arlori buruzko ikastaroengatik eta Europako erakundeetarako, nazioartekoetarako edota kidego diplomatikorako oposizioetarako egindako ikasketengatik; behar bezala egiaztatu beharko dira ikasketok.
Gehienez ere 10 puntu, Europako edo nazioarteko gaien hainbat jakintza arlotan master-ikasketak izateagatik.
Atzerriko hizkuntzak ahoz zein idatziz menderatzea gehienez ere 15 punturekin baloratuko da; honela, hain zuzen:
Ingelesa menderatzeagatik gehienez ere 15 puntu emango dira; honela, hain zuzen:
10 puntu esleituko zaizkie B1 mailako ingeles ziurtagiria egiaztatzen dutenei.
Beste 5 puntu esleituko zaizkie B2 edota goragoko egiaztagiri bat egiaztatzen dutenei.
Atzerriko beste hizkuntza batzuk: 5 puntu esleituko zaizkie B1 edota goragoko egiaztagiri bat egiaztatzen dutenei.
Kanpo harremanen alorrean sektore publiko edo pribatuan izandako ibilbide profesionala eta ikerketa lanak gehienez ere 20 punturekin baloratuko dira; honela, hain zuzen:
4 puntu, kanpo harremanei buruzko gaietan lanean emandako urte oso bakoitzeko.
4 puntu, kanpo harremanei buruzko ikerketa lan bakoitzeko (10 puntu, lanok argitaratu badira).
Euskara menderatzea gehienez ere 10 punturekin baloratuko da; honela, hain zuzen:
B1 titulua edo baliokidea: 3 puntu.
B2 titulua edo baliokidea: 6 puntu.
C1 titulua edo baliokidea edo goragokoa: 10 puntu.
Hautaketa Batzordeak dei egingo die hautagaiei elkarrizketa bat egin dezaten; elkarrizketa horren bitartez, jarraian azaldutako ezagupenak egiaztatuko dira eta hautagaiak eskatutako profilari egokitzen zaizkion aztertuko da.
Europako eta nazioarteko ekonomia eta politikan gaurkotasuna duten gaiak behar bezala ezagutzea. Proba hori nazioarteko egoera ekonomikoari, nazioarteko politikari eta Europako gaur egungo egoerari buruzko bosna galderako hiru sortak osatuko dute, eta horretarako berariaz prestatutako galderen artetik itsu-itsuan aterako dira.
Gehienez ere 15 punturekin baloratuko da; honela, hain zuzen:
Gehienez ere 5 puntu, nazioarteko egungo egoera ekonomikoa ezagutzeagatik.
Gehienez ere 5 puntu, nazioarteko egungo egoera politikoa ezagutzeagatik.
Gehienez ere 5 puntu, Europako gaur egungo egoera ezagutzeagatik.
Hautagaiaren profil profesionala bekaren helburu den edukiari egokitzea gehienez ere 20 punturekin baloratuko da, honako proba praktikoak egin ondoren:
Gizarte-trebeziei buruzko ariketa praktiko bat, 10 puntu gehienez ere.
Erakunde ordezkaritza bati buruzko ariketa praktiko bat, gehienez ere 10 puntu.
Uztailaren 26ko 171/2011 Dekreturen 11. artikuluan ezarritakoaren arabera, Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiak eman beharreko ebazpena emango du, hautaketa batzordeak egindako proposamena ikusi ondoren. Ebazpen horren bitartez, beken onuradunak eta, hala badagokie, ordezkoak izendatuko ditu, beka aldia noiz hasi eta non burutuko den zehaztuko du, edo esleitu gabe utziko ditu hautagai egokirik ez dutenak. Ebazpena arrazoitu egin beharko da eta ebazpen horrek administrazio-bidea amaituko du.
Esleipen ebazpena eskatzaileei banan-banan jakinaraziko zaie eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta www.euskadi.net web gunean argitaratuko da, guztiek horren berri izan dezaten.
Ebazpen horren aurka aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez daiteke organo berean hilabeteko epean; edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salan, bi hilabeteko epean. Epeok ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik aurrera hasiko dira kontatzen.
Ebazpen hori gehienez ere 6 hilabeteko epean eman eta jakinarazi beharko da, deialdi hau argitaratzen den egunean kontatzen hasita.
Epe hori igaro eta interesatuei inolako ebazpenik jakinarazi ez bazaie, eskabideak ezetsi direla ulertu beharko dute.
Lehenengoa. Ebazpen honetan eta uztailaren 26ko 171/2011 Dekretuan aurreikusita ez dagoen guztian, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legea aplikatuko da.
Bigarrena. Ebazpen honek administrazio bidea agortzen du; hala ere, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez daiteke organo berean hilabeteko apean; edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salan, bi hilabeteko epean. Epeok ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik aurrera hasiko dira kontatzen.
Hirugarrena. Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta www.euskadi.net web gunean argitaratuko da eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteiz, 2011ko azaroaren 23a.
Kanpo Harremanetarako idazkari nagusia,
GUILLERMO ECHENIQUE GONZÁLEZ.
(Ikus .PDF)


