Euskadi.eus
  • EBAZPENA, 2011ko abenduaren 1ekoa, Ingurumeneko sailburuordearena. Honen bidez, Eskuernagako udalerrian Eskuernaga parke eolikoa egiteko proiektuaren ingurumen-inpaktuari buruzko adierazpena egiten da; proiektua Iberenova Promociones, S.A. enpresak bultzatu du. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus

Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2011ko abenduaren 1ekoa, Ingurumeneko sailburuordearena. Honen bidez, Eskuernagako udalerrian Eskuernaga parke eolikoa egiteko proiektuaren ingurumen-inpaktuari buruzko adierazpena egiten da; proiektua Iberenova Promociones, S.A. enpresak bultzatu du.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 35
  • Hurrenkera-zk.: 765
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2011/12/01
  • Argitaratze-data: 2012/02/17

Gaikako eremua

  • Gaia: Ingurune naturala eta etxebizitza; Ekonomi Jarduerak
  • Azpigaia: Ingurumena; Industria

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren arabera, I. eranskineko B) atalean agertzen diren proiektuak ingurumen-inpaktua banaka ebaluatzeko jardunbide baten mende egongo dira, eta jardunbide horri amaiera emateko ingurumen-inpaktuari buruzko adierazpena egin beharko da, betiere proiektu horiek egiteko edo, hala badagokie, baimentzeko hartzen den administrazio-erabakiaren aurretik.

Eskuernaga parke eolikoaren proiektua onartzeko prozedura hasi delarik (proiektu hori Iberenova Promociones, S.A. enpresak sustatu du, Eskuernagako udal-mugartean), bi arau aplikatu behar dira: batetik, Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorra, eta, bestetik, Proiektuen ingurumen-inpaktua ebaluatzeko Legearen Testu Bategina onartzeko den urtarrilaren 11ko 1/2008 Legegintzako Errege Dekretua. Beraz, bi arau horiek betez, proiektu horrekin zerikusia duten eta jarraian jasotzeko diren izapideak gauzatu dira, besteak beste:

Ingurumen-inpaktuaren azterketaren edukia ezartzea. Proiektuaren sustatzaileak hala eskatuta, 2009ko otsailaren 2an, Ingurumen Sailburuordetzak kontsulten izapideari hasiera eman zion, Proiektuen ingurumen-inpaktua ebaluatzeko Legearen Testu Bategina onartzeko den urtarrilaren 11ko 1/2008 Legegintzako Errege Dekretuaren 8.1 artikuluan ezarritakoa betez. Behin Ingurumen Sailburuordetzak 2009ko maiatzaren 25ean proiektuak ingurumenean zuen eraginaren azterlanaren zabalerari eta xehetasun-mailari buruzko txostena bidali eta gero, izapidetzea bukatu egin zen.

Jendaurreko informazioaren izapidea. Energia eta Meategien Zuzendaritzak proiektua eta proiektu horrek ingurumenean duen eraginaren ebaluaziorako azterketa jendaurrean jartzea ebatzi zuen (2011ko martxoaren 16ko Araba Lurralde Historikoaren Aldizkari Ofiziala, 32. zk., eta 2011ko martxoaren 22ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria, 56. zk.).

Espedientea bidaltzea eta ingurumen-inpaktuari buruzko adierazpena eskatzea. 2011ko urriaren 17an, Energia eta Meategien Zuzendaritzak Ingurumen Sailburuordetzari igorri zion espedientea, Proiektuen ingurumen-inpaktua ebaluatzeko Legearen testu bategina onartzeko den urtarrilaren 11ko 1/2008 Legegintzako Errege Dekretuaren 12.1 artikuluan ezarritakoa betez.

Ondoren, 2011ko azaroaren 7an, Energia eta Meategien Zuzendaritzak, proiektu horrek ingurumen-inpaktua ebaluatzeko prozeduran kontuan hartzeko, 2011ko urriaren 13ko txostena igorri zuen, Arabako Foru Aldundiko Ingurumen eta Hirigintza Zuzendaritzarena.

Aipatutako proiektuaren espedientean ageri diren txostenak eta dokumentazio teknikoa aztertuta, ikusi da ingurumen-inpaktuaren azterketa zuzena dela, eta indarrean dagoen araudian ezarritakoari egokitzen zaiola. Ingurumen Sailburuordetza da ingurumen-inpaktuari buruzko adierazpena emateko eskumena duen organoa, xedapen hauen arabera: alde batetik, Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorra, eta, bestetik, Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen abenduaren 22ko 629/2009 Dekretua. Eta, hortaz,

  1. Eskuernagako udalerrian Eskuernaga parke eolikoa egiteko Iberenova Promociones, S.A. enpresak bultzatutako proiektuaren ingurumen-inpaktuari buruz aldeko adierazpena egitea.

  2. Proiektua gauzatzeko baldintzak finkatzea. Baldintzak lotesleak dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 47.2 artikuluan ezarritakoaren arabera. Hona hemen baldintzak:

    A. Proiektua ingurumen-inpaktuaren ebaluaziorako Ingurumen Sailburuordetzara bidalitako dokumentazioaren arabera egingo da eta, zehazki, ebazpen honetan ezarritako zehaztapenen arabera.

    B. Espediente honen ingurumen-inpaktua ebaluatzeko prozedurak kontuan izan ditu haize-sorgailuen, haien sarbideen, dorre meteorologikoaren eta lurpeko interkonexio elektrikoen instalazioak eta funtzionamenduak dakartzaten ingurumen-inpaktuak, bai eta azpiestazioarenak eta parkearen kontrol-zentroarenak dakartzatenak ere.

    Honako prozedura honetan ez dira kontuan hartu parkean sortutako energia elektrikoaren ebakuazioko linea eraikitzeko obretatik ondorioztatutako eraginak, parkerako ez baitago oraindik behin betiko lotura-gunerik. Energia elektrikoaren ebaluazioa, ahal izanez gero, Iberdrolaren 66 KV-ko linea elektrikoaren bidez egin beharko da; linea elektriko hori, hain zuzen, azpiestazio elektriko berritik hurbil igarotzen da. Aplikatuko dituzten baimendu beharreko prozedura espezifikoen eta, hala badagokie, ingurumen-inpaktua ebaluatzeko prozeduren emaitza kaltetu gabe, aipatutako azpiegiturak burutzeko behar diren dokumentu teknikoen barne sartu beharko dituzte ingurumen-inpaktuari buruzko adierazpen honetan orokorrean ezarri diren era guztietako ingurumen-inpaktuak zuzentzeko neurriak.

    C. Proiektua aldatu edo handitu nahi izanez gero, urtarrilaren 11ko 1/2008 Legegintzako Errege Dekretuaren 16. artikuluan xedatutakoa aplikatu behar da, haren II. eranskineko 9.k) epigrafearekin bat. Haren bidez onartu zen, hain zuzen ere, Proiektuen ingurumen-inpaktua ebaluatzeko Legearen testu bategina.

    Proiektuan egingo diren aldaketa jakinak aurreko idatzi-zatian adierazitako garrantzirik ez dutenean, eta jarduerak egiten diren bitartean sortzen direnean, ingurumenaren ikuspegitik ere arrazoitu egin beharko dira. Proiektuak nahitaez jaso behar ditu kasuan kasuko aldaketak neurri babesle eta zuzentzaileetan, ingurumena zaintzeko programan, aurrekontuan eta baldintzen pleguan.

    D. Neurri babesle eta zuzentzaileak.

    Neurri babesle eta zuzentzaileak, betiere, egitasmoaren sustatzaileak ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa egiteko aurkeztu zituen agirietan jasotakoaren arabera gauzatuko dira. Era horretan, batetik, neurri horiek ezarrita, eta, bestetik, kontrola gauzatzeko pertsonala jarrita, kalitate-helburuak bermatu ahal izango dira: azterketan finkatutakoak eta ingurumen-inpaktuari buruzko adierazpen honetan ezarritakoak. Ondorengo idatzi-zatietan adierazitako neurriak ere gehitu beharko dira.

    Neurri hauek guztiak, era berean, obra kontratatzeko baldintzetan sartu beharko dira, eta baldintza horiek betetzen direla bermatuko duen aurrekontua izan beharko dute.

    d.1. Proiektua burutzen den bitartean aplikatu beharreko neurri babesle eta zuzentzaileak.

    d.1.1. Ondare naturalaren gaineko eragina zuzentzeko neurriak.

    Kalterik egin gabe Mendiei buruzko 11/2007 Foru Arauak, martxoaren 26koak, aplikatuz Arabako Foru Aldundian mendiak kudeatzeko eskumena duen organoak ezartzen duenari, honako neurri hauek hartuko dira:

    1. Lanak proiektua gauzatzeko behar-beharrezkoa den gutxieneko eremuan gauzatuko dira. Ahalik eta gehien mugatuko da makinak eta ibilgailuak haientzako prestatutako bideetatik kanpo ibiltzea.

    2. Proiektuaren eremuko natura-interes handiko guneetan (6220* Thero-Brachypodietearen urteko gramineen alde subestepikoak Batasunaren lehentasunezko intereseko presentzia duten enklabeetan), gune horiek haize-sorgailuen eta haiei erantsitako azpiegituren instalazioak zuzenean erasanak izango ez badira, kontu handiz ibili beharko da haietan, parke eolikoa ezartzeko doi-doi beharrezko den gainazala baino gainazal handiagoa ez erasateko. Horretarako, aipatutako aldeetan mugaketa zehatza eta balizatua egin beharko da, eta beste kalte batzuk ekiditeko beharrezko neurriak hartuko dira, inguruetan kalte horiei eragitea ez bada erabat beharrezkoa.

      Ildo horretan berean, 1. haize-sorgailuaren eta sorgailu horren sarreraren inguruetan, bi karraskal-gainazal txiki ageri dira (9340 Batasunaren intereseko habitat naturala, Quercus ilex eta Quercus rotundifolia espezieetako basoak). Nahiz eta ez dagoen aurreikusita haiei eragitea, arestian aipatutako neurriak ere aplikatu beharko zaizkie gainazal horiei, arboladi haien gaineko edozein kalte ekiditeko.

    3. Bestalde, proiektuaren eraginpean dagoen esparruan, Basa eta Itsas Fauna eta Landaredian Arriskuan dauden Espezieen Euskadiko Zerrendan interes bereziko kategoriarekin sartuta dagoen Thimus loscosii espeziearen populazio batzuen presentzia detektatu da.

      Eremu horretan, era berean, aipatutako espezie hauen presentzia ere gerta liteke, balizko ugaltzaile moduan: txoriandere arrunta (Calandrella brachydactyla) eta kalandria (Melanocorypha calandra). Espezie horiek ere sartuta daude Basa eta Itsas Fauna eta Landaredian Arriskuan dauden Espezieen Euskadiko Zerrendan, «interes bereziko» kategorian.

      Euskal Autonomia Erkidegoko Natura Babesteko ekainaren 30eko 16/1994 Legearen eta Basa eta Itsas Fauna eta Landaredian Arriskuan dauden Espezieen Euskadiko Zerrenda arautzeko uztailaren 9ko 167/1996 Dekretuaren arabera, debekatuta geratzen da baimenduta ez dagoen edozein jarduketa, baldin eta haien asmoa espezie horiek hondatzea, moztea, ebakitzea edo erauztea eta haien habitata hondatzea bada.

      Espezie horretako aleei eragin diezaiekeen edozein ekintza gauzatu baino lehen, aipatutako arauetan ezarritakoa hartuko da kontuan, bai eta, hala badagokio, foru-organo eskudunak ezartzen duena ere.

    4. Haize-sorgailuen, dorre meteorologikoaren eta haien muntaketa-plataformen, sarbideen eta obrako pisten xehetasunezko kokalekua, bai eta azpiestazio elektrikoaren, makineriarako parkearen eta kontratistaren instalazioaren gainerako eremuena ere, ingurumenean ahalik eta gutxien eragiteko irizpideen arabera zehaztuko da. Bereziki ekidingo dira zuzenean edo zeharka intereseko landaredi, flora eta faunari eragin diezaieketen kokaleku guztiak. Kontratistak proposamen zehatza prestatu beharko du, eta han ere parte hartuko du ebazpen honetako 2.d.1.10 idatzi-zatian aipatutako ingurumen-aholkularitzak.

      Era berean, obren zuinketa-fasean eta lur-mugimenduen fasean, Botanikan eta Faunan aditua den batek egon beharko du obran bertan, obra-zuzendaritzari aholkuak emateko.

      d.1.2. Ura eta lurzorua babesteko neurriak.

    1. Obra-fasean, eta, bereziki, lur-mugimenduak egiten diren bitartean, neurri egokiak hartuko dira azaleko uren kalitateari eragin diezaioketen nahigabeko isurketak eta lur-mugimenduak ekiditeko, bereziki 1. haize-sorgailuaren iparraldean igarotzen den Herrera ibaiaren erreka-adarreko uren kalitateari eragin diezaioketenak.

      Beharrezko izanez gero, solidoei eta beste kutsatzaile batzuei eusteko gailuak ere ezarriko dira.

      Lanak egiten hasi aurretik, kontratistak proposamena idatzi beharko du, aurreko alderdiak xehe azalduz. Proposamen hori obraren zuzendariak onartu beharko du, ebazpen honen 2.d.1.10 idatzi-zatian aipatutako ingurumen-aholkularitzak txostena egin ondoren.

    2. Aurreko idatzi-zatian aipatutako helburu berarekin, egun euritsuetan, saihestu egingo da lur-mugimenduak edo antzeko lanak egitea eta makinen joan-etorria, bai eta, oro har, azaleko uretara solido eseki asko botatzea ekar dezakeen edozein jarduera ere.

    3. Kontratistak egokitu egin beharko ditu bere instalazio-eremuak, egingo diren jardueren ondorioz sortzen diren ingurumen-inpaktuak ahalik eta txikienak izateko.

    4. Obrako makineria edukitzeko eta haien mantentze-lanak egiteko tokia drainatze naturaleko saretik bereiziko da. Zola iragazgaitza eta efluenteak biltzeko sistema izango ditu, lurzorua eta ura olio eta erregaien eraginaren ondorioz kutsa ez daitezen. Erregaien zamalanak, olio-aldaketak eta tailerreko jarduerak ezin izango dira horretarako adierazitako eremuetatik kanpo egin.

      d.1.3. Hautsa ez zabaltzeko neurriak.

    1. Obrak dirauen bitartean, ibilgailuak iragan ondoko garbiketa-lanak zorrotz kontrolatuko dira, bai obrek ukitutako ingurunean, bai obretara sartzeko guneetan. Pistak eta aldi baterako soil egongo diren eremuak ureztatzeko sistema bat jarriko da.

    2. Obrako aldeen irteeran, ibilgailuak garbitzeko gailuak ezarriko dira.

      Elementu horien ezaugarriak eta kokalekua ebazpen honen 2.d.1.11 idatzi-zatian aipatzen den dokumentazioan jaso beharko dira.

      d.1.4. Zarataren ondorioak gutxitzeko neurriak.

    1. Eraikuntza-faseak irauten duen bitartean, beharrezkotzat jotzen diren obra-jardunbide egokien multzoa aplikatu beharko da, obrako makineriaren mantentze-lan orokorrei eta zarata gutxitzeari dagokienez.

    2. Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta isuri akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen soinu-isuriei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokie, kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-isuriak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan eta arau osagarrietan ezarritakora.

      d.1.5. Lurzoruaren kalitatea aurreikusitako erabilerekin bateragarria dela bermatzeko neurriak.

    1. Parke eolikoaren proiektuak eragindako eremuan, 1. haize-sorgailuaren kokalekuan irailaren 30eko 165/2008 Dekretuan sartutako lur-zati bat (01057-00001 kodea) identifikatu da. Lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten edo dituzten lurzoruen inbentarioari buruzkoa da dekretu hori.

    2. Aurkeztutako dokumentazioaren arabera lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzeko otsailaren 4ko 1/2005 Legearen 17.1 artikuluan ezarritako baldintzak betetzen direla uste denez, aurreikusitako erabilera berrirako gaitzen duten lizentziak, baimenak eta bestelako ebazpenak emateko, beharrezkoa izango da lurzoruaren kalitateari buruzko adierazpenaren esparruan ingurumen-organoak aldez aurretik onartzea adierazpen hori. Adierazpen hori hastea nahitaezkoa izango da.

    3. Leku horietan lurrak mugitzerakoan, hondeaketa-materialak kudeatzerakoan eta gero lurzorua erabiltzerakoan, aipatutako prozeduren esparruan ingurumen-organoak ezartzen dituen baldintzak bete beharko dira.

    4. Aurrekoa alde batera utzi gabe, lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten lekuak aurkitzen badira obrak gauzatzean, edo lurzorua kutsatzen duten substantziak daudela pentsatzeko arrazoi sendoak baldin badaude, lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzeko otsailaren 4ko 1/2005 Legean ezarritakoa beteko da.

    5. Nolanahi ere, geratzen den lur-zatiaren kalitatea aipatutako leku horretarako aurreikusitako erabilerekin bateragarria dela bermatu beharko da.

      d.1.6. Hondakinak kudeatzeko neurriak.

    1. Jarduerak irauten duten bitartean sortzen diren hondakinak, hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean eta araudi berariazkoetan aurreikusitakoarekin bat etorriz kudeatuko dira.

      Hondakin guztiak, haien balioztatzea teknikoki eta ekonomikoki bideragarria bada, balioztatzaile baimendu bati igorri beharko zaizkio.

      Teknikoki, ekonomikoki edo ingurumen-ikuspegitik balioztatzea bideraezina dela behar bezala ziurtatu ondoren soilik deuseztatu ahal izango dira hondakinak.

    2. Eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak kudeatzeko, eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak sortzea eta kudeatzea arautzen duen otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretuan ezarritakoa hartuko da aintzat. Horren haritik, eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak kudeatzeko azterlan bat erantsi beharko zaio eraikuntza-proiektuari, otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretu horren 4.1.a) artikuluan ezarritako edukiarekin.

    3. Zabortegira eramateko hondakinak, hondakinak zabortegian utzita ezabatzeari buruzko abenduaren 27ko 1481/2001 Errege Dekretuari eta hondakinak zabortegian utzita ezabatzea eta betelanak egitea arautzen duen otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuari jarraikiz kudeatuko dira. Hondakin horiek karakterizatu egin beharko dira, 2002ko abenduaren 19an Kontseiluak hartutako 2003/33/EE Erabakiaren arabera, 1999/31/EEE Zuzentarauaren 16. artikuluaren eta II. eranskinari jarraikiz hondakinak zabortegietan onartzeko irizpide eta prozedurak ezartzen dituenaren arabera.

      Jarduerako material-soberakinak betelanak egiteko erabiltzen badira, otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan ezarritako baldintzak bete beharko dira.

      Lur-beteketetan kutsatzaile-edukia A ebaluazioko balio adierazleetan (EBA-A) ezarritako baloreen azpitik duten materialak bakarrik baimenduko dira. Adierazle horiek lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzeko otsailaren 4ko 1/2005 Legearen I. eranskinean daude jasota.

    4. Edonola ere, lanak amaitzen direnean, sustatzaileak lur-mugimenduen gaineko balioespen xehatua bidali beharko du Ingurumen Sailburuordetzara. Balantzean bereiz adieraziko da proiektuarekin zerikusi zuzenik ez duten beste erabilera batzuetara bideratu den material-kantitate osoa. Balantze hori, lanak amaitzen direnetik 2 hilabete igaro baino lehen, Ingurumen Sailburuordetzara bidaliko da.

    5. Hondakin toxiko eta arriskutsuei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Oinarrizko Legea betearazteko Erregelamendua onartzen duen uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak bete beharko dituzte hondakin arriskutsuak dituzten ontziek, eta itxita egon beharko dute kudeatzaileri eman arte, isurita edo lurrunduta gal ez daitezen.

      Aurreko paragrafoan aipatzen diren ontziek etiketatuta egon beharko dute, eta etiketak argia, irakurtzeko modukoa eta ezabaezina izan beharko du; etiketa aipatutako uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren 14. artikuluan horretarako adierazitako jarraibideen araberakoa ere izango da.

    6. Olio erabilia kudeatzeko honako hauek hartuko dira kontuan: industriako olio erabiliaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretua eta olio erabiliaren kudeaketa Euskal Autonomia Erkidegoan arautzen duen irailaren 29ko 259/1998 Dekretua.

      Baimendutako kudeatzaile bati eman arte, erabilitako olioa andel estankoetan bilduko da estalitako biltegi batean; andelok etiketatuta egon eta azpila edo atxikipen-sistemaren bat eduki beharko dute. Zola iragazgaitz gainean egon beharko dute, edozein ihes edo isuriri aurre egiteko prestatuta, elementu nagusia hautsiko balitz ere.

    7. Arau horiek betetzea errazteko, lan-mota bakoitzean sortutako hondakinak kudeatzeko sistemak ezarri beharko dira. Lan horien arduradunek kudeatuko dituzte sistemak, langileek sistemak zuzen erabiltzen dituztela ziurtatzeko ardura izango baitute. Bereziki, inolaz ere ez da eragingo kontrolatu gabeko efluenterik erregai eta produktuak biltegiratzean, makineria mantentzeko lanak egitean edo hondakinak erretzean.

      Aurrekoaren haritik, kontratistaren instalazio-eremuan aldi batean hondakin arriskutsuak pilatzeko eremu jakin bat egokituko da, hala nola olio-poteak, iragazkiak, olioak, margoak eta abar. Gainera, hondakin geldoentzako edukiontziak ere jarriko dira, hondakin arriskutsuen guneetatik bereizita. Era berean, sortzen diren hondakinak biltzeko gailu iragazgaitzak jarriko dira (upelak...), eta hondakin horiek ezaugarrien arabera bereiziko dira, aipatutako gune garbian aldi baterako pilatu aurretik.

    8. Obretan sortutako hondakinen ingurumeneko jarraipena jasoko duen txosten bat egin beharko da, eta txosten horrek, indarrean dagoen legeriak jasotzen dituen hondakinen kontrolerako, jarraipenerako eta onarpenerako agiriak izan beharko ditu.

      d.1.7. Kultur ondarea babesteko neurriak.

      Euskal Kultur Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legean ezarritakoez gain, honako xedapen hauek beteko dira:

    1. Kultur ondarea babestera bideratzen diren prebentzio-neurriak ingurumen-inpaktuaren azterketan proposatzen denaren arabera gauzatuko dira, bereziki Gurutze Santuko baseliza ustezko arkeologia-eremuaren gaineko eragina ekiditera bideratzen direnen arabera.

    2. Obrak egiten diren bitartean, arkeologikoa izan litekeen elementuren bat aurkituz gero, badaezpada eten egingo dira eremu horretako lanak. Horrez gain, horren berri emango zaio berehala Arabako Foru Aldundiko Kultura Sailari, eta hark hartu behar diren neurriak finkatuko ditu.

      d.1.8. Obrak integratzeko eta lehengoratzeko neurri zuzentzaileak.

    1. Obrak kaltetutako eremu guztiak lehengoratuko dira, bai eta, ingurumen-inpaktuaren azterketan agertu ez arren, proiektuaren ondorioz kaltetu direnak ere. Ingurumen-lehengoratzean sartuko dira lurraren berroneratze geomorfologikoa eta edafikoa, bai eta landare-estalkia izan dezaketen guneen landare-berritzea ere.

    2. Lur-mugimenduak dauden bitartean, landaretza daukaten lur-eremuak kendu, metatu eta era bereizian zabalduko dira, aldatutako eremuan landare berriak jartzea eta eremua lehengoratzea errazteko.

    3. Obrak eragindako eremu guztian, ahal den neurrian, lehengoratzeko neurriak obrarekin batera gauzatuko dira; horrela, obra egin ahala ingurumen-inpaktuaren azterketan adierazitako birmoldatze eta landareztatze-lanak ere gauzatu ahal izango dira. Lehengoratu beharreko gainaldeek ureztapen-sistema izan beharko dute, landare-berritzearen lehenengo faseetan gutxienez.

    4. Lan-plataformak, aldi baterako sarbideak, gehiago erabiliko ez diren pista eta sarbide-tarteak eta elektrizitatea eramateko linearen trazadurak ukitutako eremuak: haiek guztiak, ahal den neurrian, jatorrizko egoerara lehengoratuko dira, bai alderdi morfologikoan, bai osaera edafikoan. Lortuko den lursaila behar bezala destrinkotuta eta egokituta geratuko da, putzurik sor ez dadin eta aurreikusitako erabilerarako baldintza desegokiak sor ez daitezen. Eremu horietan landare-estalkia lehengoratuko da, jatorrizko egoerarekin bat etorriz.

    5. Parkearen mantentze-lanak egiteko erabilgarri egon behar duten parke barruko bideei dagokienez, ahalegina egingo da bide-zorua ingurunearekin bat etortzeko, bide-zoruaren material, kolore eta egiturak ingurunearen ikuspen-ezaugarrietara egokituz.

    6. Era berean, azpiestazioa eta hornidurak biltzen dituzten eraikuntzek inguruan nagusi diren estilo arkitektonikoekin bat etorriz diseinatuko dira, eta saihestu egingo dira konponbide funtzional batzuk, esate baterako, hormigoizko etxola aurrefabrikatuak, nabarmenegi gera baitaitezke inguruko eraikinekin alderatuta.

    7. Sustatzaileak paisaia lehengoratzeko eta integratzeko proiektu bat prestatu beharko du, eta proiektu horretan aurreko idatzi-zatietan aipatutako jarduketak zehaztuko dira. Aipatu proiektua, ingurumen organoari helarazi beharko zaio lanak hasi baino lehen, espedientean sartzeko.

      d.1.9. Garbiketa eta obra bukatzea.

      Obra amaitu ondoren, garbiketa-lan zorrotza egingo da, eta proiektuaren eragina izan duen eremuan obra-soberakin guztiak kenduko dira, erabat garbi utzi arte. Eragiketa horietatik sortzen diren hondakinak lanen eremutik kendu eta ebazpen honetako 2.d.1.6 idatzi-zatian xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.

      d.1.10. Ingurumen-aholkularitza.

      Obren zuinketa-fasetik obra horiek amaitzen den arte, bai eta obren bermealdian ere, ingurumen gaietan, ondare artistiko-kulturalaren zaintzan eta neurri babesleetan zein neurri zuzentzaileetan ondo jantzitako aholkularitza eduki beharko du obra-zuzendaritzak. Gai horiei buruz baldintza-agiriak obra-zuzendaritzari esleitzen dizkion funtzioekin lotutako ebazpenak, betiere, aholkularitza hori egiten duten adituek txostena egin aurretik eman beharko dira.

      d.1.11. Lan-programaren diseinua.

      Lanak hasi aurretik, kontratistak jarraian datozen idatz-zatietan azaltzen diren gaiei buruzko jarduera-proposamen zehaztua egin beharko du. Proposamen horiek, ingurumen-inpaktuari buruzko adierazpenean kasu bakoitzerako ezartzen diren irizpideen arabera diseinatuko direnak, obra-zuzendaritzak espresuki onetsi beharko ditu, aurreko idatzi-zatian aipatutako ingurumen-aholkularitzak aurrez txostena eginda, eta lanak burutzeko programan txertatuko dira. Jarraian zehaztukoak dira agiriak:

      Obra-eremua mugatzea.

      Segurtasun-perimetro jakin bat xehetasunezko kartografian zehatz mugatzea, ebazpen honetako 2.d.1.1.b) eta 2.d.1.1.c) idatzi-zatietan aipatzen diren natura-interes handiko enklabeak gorde ahal izateko.

      Haize-sorgailuen eta dorre meteorologikoaren muntaketa-plataformen eta obrarako sarbideen kokalekua eta ezaugarriak zehaztea, bai eta azpiestazio elektrikoa, makineriarako parkea eta kontratistaren instalazioaren gainerako eremuak zehaztea ere, ebazpen honetako 2.d.1.1.d) idatzi-zatian aurreikusitakoaren arabera.

      Azaleko urak kutsatzea saihesteko neurri babesle eta zuzentzaileak zehaztea, 2.d.1.2.a) idatzi-zatian aurreikusitakoaren arabera.

      Kontratistaren instalazio-eremuei buruzko ezaugarriak eta egokitze-lanak, 2.d.1.2.c) idatzi-zatian aurreikusitakoaren arabera.

      d.1.3.b) idatzi-zatian aurreikusitako kamioien gurpilak garbitzeko gailuen ezaugarriak eta kokalekua.

      Obran sortutako eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak kudeatzeko plana, eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak sortzea eta kudeatzea arautzen duen otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretuaren 5.1 artikuluan aurreikusitakoaren arabera.

      Obraren fase bakoitzari dagokion kronograma xehatua.

      d.2. Parkearen funtzionamendu-faseko neurri zuzentzaileak.

      d.2.1. Faunaren gaineko eraginak zuzentzeko neurriak.

      Ingurumen-inpaktuaren azterketan xedatutakoari kalterik egin gabe, ondoren zehaztutako neurriak hartuko dira hegazti-fauna eta kiropteroak babesteko:

    1. Haize-sorgailuen inguruan argientzako zutoinak edota argi biziak jartzea ekidingo da, gaueko intsektuak bertara ez daitezen joan; izan ere, gaueko intsektu horiek kiropteroak erakar ditzakete eta istripuak egon daitezke elkarren artean talka egiteagatik.

    2. Hegaztientzako disuasio-gailu batzuk jarriko dira dorre meteorologikoan, pausaleku moduan erabil dezaten saihesteko eta talka egiteko arriskua ahalik eta gehien murrizteko. Dorrean tiranteak edo eusteko hariak jartzea aurreikusiz gero, hegaztiak salbatzeko gailuak jarri beharko dira.

    3. Ganadua hiltzen den kasuetan sarraskia detektatzeko eta kentzeko mekanismo azkar eta arin bat ezarri beharko da, parke eolikoaren eragin-esparrutik ateratzeko.

    4. Ingurumena zaintzeko programaren emaitzen arabera, haize-sorgailu jakin batzuen funtzionamenduak hegazti-faunarentzako edo kiropteroentzako arrisku handia dakarrela ikusten bada, haize-sorgailu horien funtzionamendu-araudian aldaketak egin ahal izango dira.

      d.2.2. Soinu-isuriei dagozkien prebentzio-neurriak.

      Urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren, Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzeko denaren, 24. artikuluan aurreikusitakoari jarraituz, zonakatze akustikoari, kalitate helburuei eta sortuko den zaratari dagokienez, beharrezkoak diren neurriak hartu beharko dira zarata-eremuen kanpoko ingurumenean III. eranskineko B1 taula horretan zehaztutakoak baino zarata-maila handiagoak egon ez daitezen. Muga-balio horiek ebaluatzeko, IV. eranskinean adierazitako prozedurei jarraitu behar zaie.

      Era berean, jarduera batek zuzenean edo zeharka eragindako efektu gehigarriak direla eta, aipatutako lege horren 14. eta 16. artikuluetan zaratarentzat ezarritako kalitate akustikoko xedeak gainditzen badira, jarduera horrek behar diren neurriak hartu beharko ditu muga horiek ez daitezen gainditu.

      d.2.3. Eremu elektromagnetikoetarako esposizioaren inguruko kautelazko neurriak.

      Osasun eta Kontsumo Saileko Arabako Osasun Publikorako Zuzendariordetzaren 2009ko martxoaren 12an egindako txostenaren arabera, transformazio-zentroaren inguruan eremu elektriko eta magnetikoek ez dituzte gaindituko 1999ko uztailaren 12an Europako Batasunaren Kontseiluaren Gomendioan jendea oro har eremu elektromagnetikoen eraginpean egoteko ezarritako erreferentziako neurriak eta oinarrizko murrizketak (0tik 300 GHz bitartean).

      d.2.4. Parke eolikoan sortutako hondakinen kudeaketa.

    1. Jarduerak irauten duen bitartean sortzen diren hondakinak ebazpen honetako 2.d.1.6 idatzi-zatian ezarritakoaren arabera kudeatuko dira.

    2. Sustatzaileak, bere jarduerei ekin aurretik, hondakin arriskutsuen eta ez-arriskutsuen ekoizpenari buruzko jakinarazpen bat aurkeztu beharko dio EAEko ingurumen-organoari, hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean ezarritakoaren arabera.

    3. Fitxategi fisiko edo telematiko bat egingo da, hondakin arriskutsuei buruzko datu hauek agerrarazteko: kantitatea, izaera, identifikazio-kodea, jatorria, tratatzeko metodo eta tokiak, sorrera- eta lagatze-datak, biltzeko maiztasuna eta garraiatzeko modua, uztailaren 28ko 22/2011 Legean ezarritakoa betetzeko.

      Informazio hori artxibatuta gordeko da hiru urtean, gutxienez. Artxibo hori, gainera, agintari eskudunen eskueran edukiko da, ikuskapen eta kontrol-ondorioetarako.

      d.3. Instalazioak bertan behera uztea.

      Jarduera uzten denean berariazko araudia aplikatuko da. Horrez gain, deuseztatzeko lanak egiteko orduan ingurumen-inpaktuari buruzko adierazpenean obra-faserako ezarritako neurri babesleen zein neurri zuzentzaileen antzekoak aplikatuko dira, batez ere honakoei dagokienez: interes botaniko eta kulturala babestea, fauna babestea, uren kalitatea eta hondakinen kudeaketa. Behin instalazioak utzita, haiek hartutako gainazal guztiak lehengoratu beharko dira, ingurumen-inpaktuaren azterketaren arabera.

      Instalazioek okupatuko dituzten gainazal guztien ingurumen-inpaktuaren azterketan aurreikusitako lehengoratzea haien bizitza amaitutakoan egingo da, eta lehengoratze hori eremuaren lehengoratze naturala eta paisaia-kalitatea berreskuratzera bideratuko da.

      E. Ingurumena zaintzeko programa.

      Jardueraren titularrak proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazioan aurkeztutako dokumentazioan aurreikusten denaren arabera egingo da ingurumena zaintzeko programa. Gainera, ondoren zehazten diren beste kontrol hauek ere erantsi behar zaizkio.

      Ingurumena zaintzeko programa obra kontratatzeko baldintza-agirian integratuta geratuko da, eta dagokion aurrekontua edukiko du, ez soilik obraren behin-behineko harrera egiten den arte, bai eta obraren bermealdian eta parke eolikoaren funtzionamendu-aldian ere.

      e.1. Gorabeheren erregistroa.

      Obrak egin ahala sortutako gorabeheren erregistroa egin beharko da, bai eta neurri babesleak zein neurri zuzentzaileak noraino bete diren jasotzeko erregistroa ere. Erregistro hori Ingurumen Sailburuordetzak ikuskatzeko moduan egon beharko da, eta, obrak amaitzen direnean, betiere, Sailburuordetzari igorri beharko zaio hori.

      Proiektua gauzatzean aldaketarik egin bada, aldaketa horiek xehetasunez adierazi beharko dira. Aldaketa guztiak, ingurumenean eragin dezaketen kaltearen ikuspegitik justifikatu behar dira.

      e.2. Obrak hartzen duen eremuaren mugak kontrolatzea.

      Egindako okupazioa proiektuko aurreikuspenekin bat datorrela egiaztatuko da; obrek ez dute aurrez ikusitako eremua baino eremu handiagoa izango.

      e.3. Zarataren kontrola.

      Parkean abian jarri ondoren, eta behin funtzionamendu osoko fasea iritsiz gero, zarata-mailen kontrol bat egin beharko da parkearen inguruko eremu akustiko bakoitzean, ingurumen-inpaktuaren azterketan sartutako zenbatespenen balioa egiaztatze aldera.

      Lehenengo urtean, sei hilean behingo kontrola egingo da. Lehenengo kontrol-urtean lortutako emaitzekin bat etorriz, ordutik aurrera neurketa horiek beste aldizkakotasun batekin egin ahal izango dira.

      Neurketak Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legean eta lege horren garapeneko erregelamenduan ezarritako metodologien arabera egingo dira. Proiektuaren sustatzaileak zarataren kontrolerako proposamen zehatza egin beharko du, eta hori ebazpen honen 2.e.6 idatzi-zatian aipatzen den ingurumena zaintzeko programaren agiri bateginean sartuta geratuko da.

      e.4. Faunaren gaineko eraginaren kontrola.

      Parke eolikoaren funtzionamenduak, oro har, faunarengan eta, bereziki, hegazti-faunarengan eta kiropteroengan daukan eraginaren kontrola eta jarraipena egingo dira. Kasu honetan, parkeak hegazti-faunaren eta kiropteroen gainean izango duen eragina aztertzeko ezarriko dira kontrolak, haize-sorgailuen kontrako talken ondorioz sortutako heriotza-tasari dagokionez.

      Horretarako, haize-sorgailuen miaketa aktiboa egingo dut, hamabostero. Kasu honetan, behatzaile kualifikatu batek miaketa egingo du arretaz, hautatutako haize-sorgailuen oinarritik hasi eta 50 metrora hegaztienak eta kiropteroenak izan daitezken hondar guztiak jasoz; hondar horiek identifikatu eta aztertu egingo dira, heriotzaren zioa ezagutzeko. Informazio hori kontuan hartuta, heriotza-tasaren indizeak kalkulatuko dira, dagozkion zuzenketa faktoreak aplikatu ondoren.

      Kontrol horien emaitzaren bidez, parke eolikoak sortutako hegazti eta kiropteroen hilkortasunaren balioespen orokorra egingo da, eta hegazti handien artean izandako hildakoen balio absolutuak jasoko dira. Informazio hau kontuan hartuta, hurrengo aldeak aztertuko dira: hilkortasunaren banaketa espazioan eta denboran, eragina jasan duten espezieak, eta eragina duten baldintzak.

      Hegaztien kontrola egiterakoan ikusitako guztia txosten berariazko batzuetan adieraziko da. Txosten horietan, honakoei buruzko gorabeherak zehatz-mehatz jasotzen dira: animalien gaineko eragina eta horien heriotza (haize-sorgailuak, espezieak eta banakoen kopurua, eraginaren emaitza, eguna, abiadura eta haizearen norabidea, baldintza meteorologikoak, etab.), hegaztien portaera-aldaketak (bertakoak, negutarrak zein migratzaileak izan), eta neurri babesle eta zuzentzaileen funtzionamendua.

      e.5. Landare-berritzearen kontrola.

      Egindako landare-berritzearen, mantentze-lanen (berrereitea, ureztatzea, etab.) eta, hala badagokio, aplikatutako neurri osagarrien eraginkortasuna kontrolatuko da urtean behin, obraren bermealdia amaitu arte.

      e.6. Ingurumena zaintzeko programari buruzko agiri bategina.

      Sustatzaileak ingurumena zaintzeko programaren agiri bategina landu beharko du, ingurumen-inpaktuaren azterketan eta ebazpen honetan proposatutako betekizunak biltzeko.

      Programa horretan, kontrolatuko diren parametroak eta parametro bakoitzerako erreferentziako balioak zehaztuko dira; horrez gain, laginketarako eta analisirako metodologia, kontrolerako puntuen kokapenari buruzko kartografia xehekatua, haien maiztasuna eta guztia gauzatzeko aurrekontuaren gaineko xehetasunak ere jasoko dira.

      e.7. Ingurumena zaintzeko programaren emaitzak bidaltzea.

      Ingurumena zaintzeko programa osatzen duten analisi eta txosten guztien emaitzak behar bezala erregistratuta geratuko dira, eta haien kopia bat Ingurumen Sailburuordetzara igorriko da. Ingurumena zaintzeko programaren emaitzak urtean behin bidaliko dira, ingurumenean aditua den erakundeak egindako txostenarekin batera. Aipatutako txostenean emaitzen analisia jasoko da, eta aipamen berezia egingo zaie epe horretan izandako gertakari nagusiei, bai eta haien zio eta konponbide posibleei ere.

      Sustatzaileak datuak euskarri egokian bilduko ditu bi urtez gutxienez eta herri-administrazioen ikuskaritza zerbitzuen eskueran egongo dira; hori guztia, hala ere, ez da eragozpen izango kasu bakoitzean aplikagarri den araudia betetzeko.

      F. Baldin eta arautegi berria indarrean jartzeak edo sistemen egiturari eta funtzionamenduari buruzko ezagutza berri esanguratsuetara egokitu beharrak hori egitea gomendatzen badu, neurri babesle zein zuzentzaileak eta ingurumena zaintzeko programa aldarazi ahal izango dira, bai neurtu behar diren parametroen kasuan, bai neurketaren aldizkakotasuna eta aipatutako parametroek hartu behar duten tarteari dagozkion mugen kasuan ere. Era berean, ingurumen-organoak, jardueraren sustatzailearen eskariz edo bere kabuz, neurri babesle eta zuzentzaileak edota ingurumena zaintzeko programa aldatzea erabaki dezake, baldin eta egoki baderitzo ingurumena zaintzeko programaren ondorioak ikusita edo neurri babesle, zuzentzaile edo konpentsatzaileek gerta daitezkeen ingurumen-inpaktuen inguruan erakusten dituzten gabeziak kontuan hartuta.

      G. Aurreko paragrafoetan ezarritakoari kalterik egin gabe, sustatzaileak Ingurumen Sailburuordetzara igorri beharko du, onarpena eman diezaion, ebazpen honetako 2.d.6 idatzi-zatian aurreikusitako ingurumena zaintzeko programako agiri bategina.

      H. Era berean, eta aurreko paragrafoetan ezarritakoari kalterik egin gabe, sustatzaileak honako agiri hauek igorri beharko ditu Ingurumen Sailburuordetzara, espedientean txertatu ahal izan daitezen:

      h.1. Obrak egiten hasi aurretik, paisaia lehengoratzeko eta integratzeko proiektu bat, ebazpen honen 2.d.1.8 g) idatzi-zatian adierazitakoaren arabera.

      h.2. Obrak amaitu eta 2 hilabeteko epean, gehienez, obrak egin direnean sortu diren gorabeheren gaineko erregistroa, bai eta neurri babesle eta zuzentzaileak zer neurriraino bete diren adierazten duen agiria ere. Hondaketa-soberakinen eta beste hondakin batzuen ingurumen-jarraipenari dagokion txostena ere erantsi beharko da.

      h.3. Urtean behin, ingurumena zaintzeko programaren emaitza aurkeztuko du sustatzaileak, betiere, ebazpen honetako 2.e.7 idatzi-zatian aurreikusitakoaren arabera.

  3. Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorrak 47.3 artikuluan ezarritakoaren arabera, ingurumen-inpaktuari buruzko adierazpen honek, ondorio guztietarako, jarduera-lizentzia emateko behar diren neurri zuzentzaileen txostena ordezkatzen duela jakinaraztea.

  4. Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 47.8 artikuluaren arabera, 2 urteko iraupena duen proiektua martxan jartzeko epea ezartzea, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian ingurumen-inpaktuari buruzko adierazpen hau argitaratzen den unetik kontatzen hasita. Epe hori proiektuari hasiera eman gabe bukatzen bada, sustatzaileari egotz dakizkiokeen arrazoiengatik, ingurumen-inpaktuari buruzko adierazpen hau baliogabetu egingo da. Hala ere, organo aginpidedunak hasiera emateko epea luzatu ahal izango du, behar bezala justifikatutako arrazoirik balego.

  5. Proiektuen ingurumen-inpaktuari buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen urtarrilaren 11ko 1/2008 Legegintzako Errege Dekretuaren 14.3 artikuluan ezarritakoaren arabera, proiektuaren sustatzaileak aldez aurretik jakinarazi beharko dio ingurumen-organoari proiektuari dagozkion lanak zein egunetan hasiko diren.

  6. Ingurumen-inpaktuari buruzko adierazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea.

    Vitoria-Gasteiz, 2011ko abenduaren 1a.

    Ingurumeneko sailburuordea,

    M.ª ARANZAZU LETURIONDO ARANZAMENDI.

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik