- EBAZPENA, 2011ko abenduaren 21ekoa, Ingurumeneko sailburuordearena. Honen bidez erabaki da Ur Agentziak sustatutako Barrundia ibaian Ozetan ur-emaria neurtzeko estazioa eraikitzeko proiektuak ingurumenaren gain izango duen eragina ez ebaluatzea. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus
Arautegia
InprimatuEBAZPENA, 2011ko abenduaren 21ekoa, Ingurumeneko sailburuordearena. Honen bidez erabaki da Ur Agentziak sustatutako Barrundia ibaian Ozetan ur-emaria neurtzeko estazioa eraikitzeko proiektuak ingurumenaren gain izango duen eragina ez ebaluatzea.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Ebazpena
- Organo arau-emailea: Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 23
- Hurrenkera-zk.: 548
- Xedapen-zk.: ---
- Xedapen-data: 2011/12/21
- Argitaratze-data: 2012/02/02
Gaikako eremua
- Gaia: Ingurune naturala eta etxebizitza; Garraio eta herri lanak
- Azpigaia: Ingurumena
Testu legala
2011ko abuztuaren 18an, «Ozetan Barrundia ur-emaria neurtzeko estazioa eraikitzeko proiektuaren ingurumen-agiria (2011ko abuztua)» igorri zuen URA Ur Agentziak Ingurumen Sailburuordetza honetara. Agiri horretan, proiektuaren ezaugarriak, kokapena eta proiektuak izan ditzakeen eraginak zehaztu ziren, ingurumenaren gain proiektuak izango duen eragina ebaluatzea beharrezkoa den ala ez zehaztu dezan Ingurumen Sailburuordetzak.
Agiri horrek dioenez, Barrundia ibaian, Ozetan, ur-emaria neurtzeko estazioa ezarriko da, EAEko kontrol hidrologikoa bermatzeko eta uraren kalitatea neurtzeko azpiegituraren osagai gisa. Hala, estazio berriak, Zadorrako ibaiko estazioarekin batera, Uribarri Ganboako urtegira sartzen den uraren kantitatea eta kalitatea neurtzeko aukera emango du.
Hona hemen hizpide dugun proiektuaren ezaugarriak:
Kontrol-sekzioa: Crump motako hormigoi armatuzko isurbideak ibaiaren sekzio osoa hartzen du, eta erpina gehienez ere 0,5 m goratzen da, ibaian gora, hondoaren kotarekiko.
Isurbidearen luzetarako malda 2H/1V da ibaian gora eta 5H/1V ibaian behera. Zeharkako malda 10H/1V da isurbidearen gailurrean.
Sekzioa bai ibaian gora bai behera erregularizatze aldera, 26 m-ko hormigoizko zolarri bat eraikiko da luzetara.
Arrainentzako putzua: isurbidetik ibaian behera; irtengune bat utziko da, 0,2 m-ko sakonera izango duen putzu bat sortzeko (ur-lerroaren desnibela 30 cm-koa izango da), ibaian gora egin nahi duten arrainek, jauzia egin aurretik, bertan atseden hartu ahal izan dezaten.
Etxola: ibaiaren eskuinaldean kokatuko da, gutxi gorabehera isurbidearen parean; tamainari dagokionez, 4,8 x 4,1 m izango da. Eremu horretan labore-lurrak daude gaur egun. Etxolari harrizko estaldura ipiniko zaio, begi-inpaktua txikitzearren. Behar den tresneria guztia jarriko da bertan: sentsoreak, datuak eskuratu eta prozesatzeko ekipoak, komunikazio-ekipoak eta informatika-ekipoak nahiz datuak aurkeztekoak.
Etxolaren azpian putzua egongo da. Ibaiarekin hodien bidez komunikaturik egongo da putzua. Hodietan 5 cm baino txikiagoko sare-begiak jarriko dira, bisoia sar dadin eragozteko.
Sarbidea: eskuinaldetik egingo da. Zagor artifizialeko 4 m zabaleko bide bat egin beharko da, ibairekiko paraleloan. Labore-lurrak hartuz egingo da, dagoen erriberako landarediari eragin gabe.
Elektrizitate-hartunea: Ozetako herrigunetik gertu dagoen punturaino doan linea elektrikoa lurperatzea proposatu da.
Bestetik, Natura 2000 Europako Sare Ekologikoko esparru batean gauzatuko da proiektua, zehazki Barrundia Ibaia / Río Barrundia Europar Batasunaren Intereseko Lekuaren (EBIL) ibai ibilguan (ES2110017 kodea), gaur egun Kontserbazio Bereziko Eremua (KBE) izendatua izateko izapidetze-fasean dagoena.
Urtarrilaren 11ko 1/2008 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez, Ingurumenaren gain Proiektuek izango duten Eragina Ebaluatzeko Legearen testu bategina onetsi zen. Legegintzako Errege Dekretu horretan adierazitakoaren arabera, Natura 2000 Sareko esparruen gain zeharkako edo zuzeneko eragina izango duten eta I. eranskinean jaso ez diren proiektuek ingurumenaren gain izango duten eragina ebaluatu beharra dago, baldin eta kasuan kasuko ingurumen-organoak egoki baderitzo. Aipatu berri dugun ebaluazio hori egitean, mintzagai dugun Legegintzako Errege Dekretuko III. eranskinean ezarritako irizpideak hartu behar dira kontuan, eta proiektuaren eraginpean aurkitzen diren administrazioei, pertsonei eta erakundeei aldez aurretik galdetu behar zaie.
Egitasmoek Ingurumenean duten Eraginaren Ebaluazioaren Legearen testu bategina onesten duen urtarrilaren 11ko 1/2008 Legegintzako Errege Dekretuaren 17. artikulua betez, egitasmoa gauzatzearen ondorioak pairatuko dituzte hainbat administrazio, pertsona eta erakundek. Horiei guztiei kontsulta egin zien Ingurumen Sailburuordetzak, 2010eko abuztuaren 19an.
Ondoko erakunde hauen guztiek erantzun dute: Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritzak, Landa eta Itsasertzaren Garapenerako Zuzendaritzak, Osasun Publikorako Zuzendariordetza eta Biodibertsitaterako eta Ingurumen Partaidetzarako Zuzendaritzak; Arabako Foru Aldundiko Ondare Historiko, Artistiko eta Arkeologikoaren Zerbitzuak; eta Barrundiako Udalak.
Natura 2000 Sareari kalte egingo ez zaiola aurreikusi du Eusko Jaurlaritzako Biodibertsitaterako eta Ingurumen Partaidetzarako Zuzendaritzak, eta ez dela beharrezkoa proiektuak ingurumenaren gain izango duen eragina ebaluatzea ondorioztatu. Hala eta guztiz ere, espedienteko txostenetan adierazitako neurri babesle eta zuzentzaileak ezarri beharko dira. Zuzendaritzak iritzi dio, gainera, ur-emaria neurtzeko estazioa eraikitzea aipatu eremuaren kudeaketarekin lotuta dagoela.
Jaso diren beste erantzunetan ez da adierazi ingurumenari kalte adierazgarririk egingo zaionik eta, ondorioz, ez da beharrezkoa ingurumenaren gain proiektuak izango duen eragina ebaluatzea.
Ingurumenaren gain proiektuak izan dezakeen eragina neurtze aldera, eskura den informazioa aztertu da. Azterketa hori egiteko, Ingurumenaren gain Proiektuek izango duten Eragina Ebaluatzeko Legearen testu bategina onartzen duen urtarrilaren 11ko 1/2008 Legegintzako Errege Dekretuko III. eranskineko irizpideei heldu zaie. Azterketaren emaitza, beraz, ondoko hau izan da:
Proiektuen ezaugarriak.
Biodibertsitaterako eta Ingurumen Partaidetzarako Zuzendaritzaren txostenean jasotakoaren arabera, Barrundia ibaian ur-emaria neurtzeko estazioaren proiektuak aukera emango du Barrundia Ibaia / Río Barrundia Kontserbazio Bereziko Eremuko (KBE) emarien jarraipena egiteko, horiek habitaten eta espezieen kontserbazioa zenbateraino baldintzatzen duten ebaluatzeko eta, hala dagokionean, beharrezko neurriak hartzeko. Alde horretatik, Zuzendaritzak iritzi dio proiektua aipatu eremuaren kudeaketarekin lotuta dagoela.
Proiektuen kokalekua.
Proiektua Natura 2000 Sareko Barrundia Ibaia / Río Barrundia Europar Batasunaren Intereseko Lekuan (EBIL) kokaturik dago, gaur egun Kontserbazio Bereziko Eremua (KBE) izendatua izateko izapidetze-fasean dagoena.
Biodibertsitaterako eta Ingurumen Partaidetzarako Zuzendaritzaren txostenean jasotakoaren arabera, KBE honetarako proposatu diren kontserbaziorako helburu eta neurrien dokumentuan babestu beharreko funtsezko elementutzat jo dira, besteak beste, ibai-korridorea bera, 91E0* lehentasunezko habitata haltzadiak eta lizardiak, bisoi europarra, errutilo hegatsgorria, loina txikia edo handia eta ibaiko karramarro autoktonoa. Horiek guztiak kaltetuta gerta litezke, neurri handiagoan edo txikiagoan, proposatutako proiektuaren ondorioz. Aipatu espezieak Habitaten Zuzentarauaren II. eranskinean jasota daude (Babestuak izateko Kontserbazio Bereziko Eremua behar duten Europar Batasunaren intereseko animalia- eta landare-espezieak). Bisoi europarra, gainera, aipatu zuzentarauaren IV. eranskinean sartuta dago (Babes zorrotza behar duten Europar Batasunaren intereseko animalia- eta landare-espezieak).
Biodibertsitateko txosten horretan eta sustatzaileak igorritako ingurumen-agirian adierazten denari erreparatuta, esan daiteke proiektua kokatuko den eremua ingurumenaren ikuspegitik urrakorra dela. Izan ere, Barrundia ibaia Natura 2000 Sarean dago, eta babestu beharreko habitatak eta espezieak daude bertan, zenbait kasutan indarreko kudeaketa-planen zaintzapean.
Eragin daitekeen kaltearen ezaugarriak.
Proiektuaren izaera eta ezaugarriak direla-eta, eragin larrienak intereseko espezieen habitata zatikatzearen eta ibilguan eta ibaiko erriberetan lotura ekologikoa haustearen ondorioz sortutakoak izan litezke. Edonola ere, proiektuaren munta eta hedadura eskasak izaki, eta sortuko den traba ere tamainaz handia ez denez, ez dirudi neurri zuzentzaile zorrotzak behar direnik edo hasierako ingurumen-egoerara itzultzeko denbora luzeegia beharko denik.
Bestalde, proiektuak bisoi europarrarengan izan dezakeen eragina ere nabarmendu behar da; espezie hori Habitaten Zuzentarauko II. eta IV. eranskinetan jasota dago, eta EAEn «desagertzeko arriskuan» katalogatuta dago. Egoera bertsuan dago 91E0* lehentasunezko habitata («Alnus glutinosa eta Fraxinus excelsior espezieetako alubioi-basoak»). Bi horiek babestu beharreko funtsezko elementuak dira Barrundia ibaia Natura 2000 Sarean. Era berean, baztertu egin da proiektuak 91E0* habitatean eragin dezakeenik, eta baita Barrundia Ibaia EBIL/KBEan eragin nabarmenik izan dezakeenik ere, espedientean jasotako txostenetan adierazten den moduan.
Obra-fasean aldi baterako zenbait eragin, sustatzaileak aurkeztu duen dokumentazioan deskribatuak, espero dira, eta horiek ezabatu edota murriztu beharko dira.
Horrenbestez, azpiegituraren diseinuan eta obrak egiten diren aldian kontuan izan beharko dira sustatzaileak Ingurumen Sailburuordetzari igorritako ingurumen-agirian eta kontsultatu ditugun erakundeek espediente honen inguruan igorri dituzten txostenetan proposatu diren neurri prebentibo, babesle eta zuzentzaileak nahiz ingurumen-kontrolak.
Hizpide dugun proiektuaren ezaugarriak ikusirik; Proiektuek Ingurumenaren gain izango duten Eragina Ebaluatzeko Legearen testu bategina onartzen duen urtarrilaren 11ko 1/2008 Legegintzako Errege Dekretuko III. eranskineko irizpideak kontuan harturik; eta galdegite-izapidean jasotako erantzunak gogoan, ondoko hau ondorioztatu dut: proiektuak ez duela izango eragin kaltegarri adierazgarririk ingurumenaren gain, betiere, sustatzaileak adierazitako babes-neurriak eta neurri zuzentzaileak ezartzen badira, eta Ebazpen honetan ezarritako baldintzak betez gero.
Organo honek Ebazpen hau idazteko eskumena du, Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen abenduaren 22ko 629/2009 Dekretuan xedatutakoaren arabera.
Kontuan harturik Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumena Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Legea, eta Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen abenduaren 22ko 629/2009 Dekretua, honako hau
Ez ebaluatzea Ozetako Barrundia ibaian ur-emaria neurtzeko estazioa eraikitzeko proiektuak ingurumenaren gain izango duen eragina, Ur Agentziak sustaturikoa. Proiektua gauzatzean, hala ere, ondoko hauek guztiak hartu beharko dira kontuan:
Makineria astuna sartuko den edo lur-mugitzeak egingo diren erriberako guneetan, landaredia soiltzeko lanak 48 ordu lehenago egitea, faunako espezieak (bisoi europarra barne) uxatze aldera; hala, animaliak jarduera-eremuetan egoteko arriskua murritzagoa izango da.
Sarbidea aldatzeko aukera aztertzea, ibilguarekiko zut joango den sarbide bat aldeztuz, Eusko Jaurlaritzako Biodibertsitaterako eta Ingurumen Partaidetzarako Zuzendaritzaren txostenean deskribatzen den moduan. Era berean, sarbideen egungo trazatuak mantenduz gero, aipatu txostenean proposatutako alternatibak aztertuko dira, baita elektrizitate-hartuneari buruzkoak ere.
Ur-emaria neurtzeko alternatiba tekniko egokiena hautatzeko orduan, diseinuaren inguruko irizpideak hartuko dira kontuan, eta baita proiektuak Barrundia ibaiko arrain-faunaren joan-etorri askea eragotz dezan ekiditeko neurriak ere. Horri dagokionez, baliagarri suerta daitezke erreferentzia hauek:
Estaciones de aforo V-flat y peces migradores de la Península Ibérica: problemas y soluciones. Francisco Javier Sanz Ronda, Francisco Javier Bravo Córdoba y Andrés Martínez de Azagra.
Estudio para la adaptación a la migración de la ictiofauna de las estaciones de aforo v-flat (Fase I). VVAA. Confederación Hidrográfica del Duero. 2008.
Flow measurement structures design to aid fish migration without compromising flow data accuracy. Environment Agency (UK), Science Report: SC020053/SR2.2005.
Environment Agency Fish Pass Manual. Guidance Notes On The Legislation, Selection and Approval Of Fish Passes In England And Wales. Environment Agency, UK. Nov 2010.
Arabako Lurralde Historikoan onartutako babespeko hainbat fauna-espezieri buruzko kudeaketa-planetan jasotakoaren arabera, gaian eskumena duen Foru Organoaren aurreari baimena eskatu beharko dio aldez aurretik sustatzaileak. Kasuan kasuko espeziea eta haren habitata zaintzeko asmoz proiektuak zer baldintza izan behar dituen zehaztuko da baimen horretan, hala badagokio.
Bestalde, kontuan izan beharko da ezartzekoa den lurpeko linea elektrikoa San Joan Bataiatzailearen elizatik udalerriko 32. Balizko Arkeologia Gunea 15 m-ra baino gutxiagora jarriko bada, zerrenda arkeologoen begiradapean zabalduko dela. Edonola ere, nahitaezkoa izango da, lurra mugitzean aztarna arkeologikoak aurkitzen badira, berehala horren berri ematea, Euskal Kultur Ondareari buruzko 7/1990 Legearen 48. artikulua betez.
Ebazpen honen edukia jakinarazi behar zaio bai eta proiektuaren sustatzaile Ur Agentziari, bai eta Barrundiako Udalari ere.
Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea.
Ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari. Beraren aurka, gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuari, hilabeteko epean, jakinarazpen hau jaso eta biharamunetik hasita. Horrela dio Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeak 114. artikuluan eta ondorengoetan; urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatu zuen lege hori.
Vitoria-Gasteiz, 2011ko abenduaren 21a.
Ingurumeneko sailburuordea,
M.ª ARANZAZU LETURIONDO ARANZAMENDI.


