- EBAZPENA, 2012ko urtarrilaren 2koa, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariarena, 2012ko ekitaldian Euskal Autonomia Erkidegoko udalerriei, koadrilei eta mankomunitateei diru-laguntzak ematea arautzen duena. Diru-laguntza horiek emakume eta gizonen berdintasunari buruzko diagnostikoak egiteko eta/edo berdintasunerako planak egin, ebaluatu eta egokitzeko behar den laguntza teknikoa ahalbidetzeko emango dira. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus
Arautegia
InprimatuEBAZPENA, 2012ko urtarrilaren 2koa, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariarena, 2012ko ekitaldian Euskal Autonomia Erkidegoko udalerriei, koadrilei eta mankomunitateei diru-laguntzak ematea arautzen duena. Diru-laguntza horiek emakume eta gizonen berdintasunari buruzko diagnostikoak egiteko eta/edo berdintasunerako planak egin, ebaluatu eta egokitzeko behar den laguntza teknikoa ahalbidetzeko emango dira.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Ebazpena
- Organo arau-emailea: Jaurlaritzaren Lehendakaritza
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 2
- Hurrenkera-zk.: 33
- Xedapen-zk.: ---
- Xedapen-data: 2012/01/02
- Argitaratze-data: 2012/01/03
Gaikako eremua
- Gaia: Gizarte gaiak eta emplegua; Administrazioaren antolamendua; Garraio eta herri lanak
- Azpigaia: Gizarte Gaiak; Herri Administrazioa
Testu legala
Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundea sortzeari buruzko otsailaren 5eko 2/1988 Legearen 2. artikuluan agindutakoaren arabera, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen helburu nagusia da emakumeen eta gizonen artean berdintasuna lortzea benetakoa eta eraginkorra, Euskal Autonomia Erkidegoko politikagintzaren, ekonomiaren, kulturgintzaren eta gizartearen esparru guztietan. Emakunderen helburuak dira, beraz, sexuen arteko berdintasuna bideratzeko baldintzak sustatzea; berdintasun hori izatez eta zuzenbidez bere osotasunean garatzeko dauden oztopoak kentzea; eta emakumea baztertzeko edozein modu deuseztatzea Euskadin.
Aipatu helburuak lortzeko, EAEko Administrazio osoak parte hartu behar du, bereziki toki-administrazioek, herritarren behar, interes eta kezketatik hurbilen daude-eta. Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legeak tokiko administrazioaren eskumenak zehazten ditu 7. artikuluan. Horien artean, 1.c) atalean, honako hauek aipatzen ditu: «toki-eremuan programak egitea, Jaurlaritzaren plangintza orokorraren esparruaren barruan eta foru-aldundiek egiten dituzten programen esparruaren barruan». Bestalde, 15.3 artikuluak dio udalek berdintasunerako planak edo programak onetsiko dituztela, Eusko Jaurlaritzaren plangintza orokorrean ezartzen diren jarraibide eta gidalerroekin bat.
Horri dagokionez, legegintzaldi bakoitzean EAEko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako indarreko Plana tokian tokiko esparruan gauzatzeko, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak berdintasun-planak abiatu ditu Plana bultzatu eta sustatzeko, bultzatzaile izatea baitagokio, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunari buruzko otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 5.e) artikuluan eta Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundea sortzeari buruzko otsailaren 5eko 2/1988 Legearen 2. artikuluan ezarritakoaren arabera. Gainera, otsailaren 18ko 4/2005 Legeak 5.k) artikuluan egiteko hau ezarri dio Autonomia Erkidegoko Administrazioari, kasu honetan, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeari: «Emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan, toki-entitateei, gainerako euskal herri-aginteei eta ekimen pribatuari laguntza tekniko espezializatua ematea».
Esandako guztia dela-eta, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak beharrezkotzat jotzen du udalerriei, koadrilei, udalerri-multzoei eta mankomunitateei laguntzea, laguntza teknikoa lortzeko diru-laguntzen bidez diagnostikoak egin ditzaten eta emakumeen eta gizonen berdintasunerako planak sortu, baloratu eta egokitu ditzaten. Horretarako arautu dugu diru-laguntzetarako deialdi hau, publizitate-, lehia- eta objektibotasun-irizpideen arabera.
Ebazpen honetan, egokitzat jo da diagnostikoak eta/edo planak indar handiagoz sustatzea emakumeen eta gizonen berdintasunerako politikak garatzen hasi diren eta oraindik udalbatzak onartutako planik ez duten udalerri, udalerri-multzo, koadrila eta mankomunitateetan; hori dela-eta, laguntza ekonomikoak esleitzerakoan lehentasuna emango zaie, lurralde-oreka handiagoa lortzeko. Hori horrela izango da baldin eta tokiko erakundeek hasitako berdintasun-politiken jarraipena bermatzeko konpromisoa agertzen badute. Mankomunitate, koadrila eta udalerri-multzoek elkarturik proiektuak egiteari lehentasuna emango zaio, politika publikoek beren ingurunean helmen eta oihartzun handiagoa dutelako. Berdintasunerako teknikariaren kontratua luzatzeari eta/edo zuzeneko kontratazioari ere lehentasuna emango zaio.
Formari dagokionez, berrikuntza bezala, izapideak bide elektronikoz egiteko aukera ematen da aurten. Aipatu bidea arau hauetan dago arautua: abenduaren 18ko 232/200 Dekretua, administrazio-prozeduretan bitarteko elektroniko, informatiko eta telematikoen erabilera arautzen duena; apirilaren 29ko 72/2008 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta bere erakunde autonomiadunen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzkoa; eta 2006ko otsailaren 9ko Ebazpena, Informatika eta Telekomunikazioetako zuzendariarena, E-Administraziorako Plataforma Teknologikoa (Platea) ezartzen duen dokumentua onartzeko dena.
Horrenbestez, hau
Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak Euskal Autonomia Erkidegoko udalerriei, koadrilei eta mankomunitateei eta 4.3 artikuluan aipatzen diren multzoei emango dizkien diru-laguntzak arautzen dira ebazpen honen bidez, eta horien deialdia egiten da. 2012. urtean emakumeen eta gizonen egoeraren diagnostikoa egiteko eta/edo berdintasunerako planak egin, ebaluatu eta egokitzeko behar den laguntza teknikoa kontratatzeko emango dira diru-laguntzak, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 15.3 artikuluan ezarritakoa betez eta EAEko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako indarreko Plana garatuz. Diru-laguntzen baldintzak hurrengo artikuluetan finkatuko dira, aurrekontuko IV. kapituluko kredituetan zehaztutako mugen barruan.
Emakunderen aurrekontuetan horretarako ezarritako aurrekontu-kredituetatik aterako dira aurreko artikuluan adierazitako xedeak lortzeko diru-baliabideak. Zenbatekoa, hasieran behintzat, berrehun eta laurogeita hemeretzi mila (299.000) eurokoa izango da.
Deialdi hau lehiaketa-prozeduraz ebatziko da. Horretarako, garaiz eta behar den eran aurkeztutako eskabideak erkatuko dira, eta lehentasunaren araberako hurrenkeran jarriko dira, 10.1 artikuluan finkatutako irizpideak aplikatuz. Puntu gehien lortzen dituen eskaeratik hasi eta aurreko artikuluan horretarako kontsignatutako aurrekontu-kreditua agortu arte emango dira diru-laguntzak.
2 artikuluan ezarritako gutxieneko puntuazioa lortzen duten proiektuek soilik jaso dezakete laguntza, betiere, 11. artikuluan ezarritako gehienezko muga gainditu gabe: 15.000 euro, proiektua udalerri batek aurkezten badu, eta 30.000 euro, koadrila, mankomunitate edo udalerri-multzo batek programa bateratu bat aurkezten badu.
EAEn indarrean dagoen Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Plana garatuz, diagnostikoak eta emakumeen eta gizonen berdintasunerako planak sortu, ebaluatu eta egokitu nahi dituzten EAEko udalerri, koadrila, mankomunitate eta udalerri-multzoek eska ditzakete ebazpen honetan araututako diru-laguntzak. Laguntza teknikoak sortutako gastuak ordaintzeko erabili beharko dute diru-laguntza.
Ez dira onuraduntzat hartuko lehenengo atalean sartutako erakundeen menpe edo horiei lotuta dauden edo horietan partaidetza duten pertsona juridikoak, zuzenbide publikokoak edo pribatukoak. Aurrekoa gorabehera, erakunde onuradunek pertsona juridiko horien bidez kudea dezakete diru-laguntzaren gastua.
Koadrila, mankomunitate eta bi udalerriren edo gehiagoren multzo batek diru-laguntza programa bateratu bat egiteko eskatzen badu, proiektuko udalerri guztien berariazko baimena jaso beharko da eskabidean. Horietan sartuta dauden udalerriek ezingo dute euren kabuz laguntzarik eskatu multzoak, koadrilak edo mankomunitateak eskatutako antzerako proiektu baterako.
Proiektu batzuk hainbat udalerrik elkarrekin egitekoak badira, udalerri horietako batek edo batzuek ezingo dute proiektua zatituta aurkeztu.
Udalerri-multzoen kasuan, udalerri bat izendatu beharko da diru-laguntzarako programa kudeatzeko eta ordaintzeko ekintzak balioz gauzatzeko.
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta horren organo autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo diru-laguntzei dagokienez, itzulketa- edo zehapen-prozeduraren bat hasita badago eta oraindik izapidetzen ari bada, aipatu prozedura amaitzea ezinbestekoa izango da diru-laguntzak eman eta ordaindu ahal izateko.
Erakundearen helburuekin bat etorriz, laguntza teknikoak sortutako gastuak ordaintzeko erabili behar dira diru-laguntzak. Laguntza teknikoa, bestalde, EAEn indarrean dagoen Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Plana garatzeko, tokian-tokian egiten diren emakumeen eta gizonen egoeraren diagnostikoak egiteko eta/edo berdintasun-planak egin, ebaluatu eta egokitzeko izango da.
Jarduera horretan sartzen dira diagnostiko eta plan orokorrak egitea (udal-jardueraren zati handiena hartzen dutenak) eta diagnostiko eta plan sektorialak eta/edo estrategikoak egitea, bai eta horiei dagozkien ebaluazioak egitea ere. Salbuetsi egiten dira indarkeriaren biktimak artatzeko protokoloak.
Diruz laguntzekoa izango da, halaber, EAEko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako indarreko plana onartu aurretik onartu ziren tokiko planak plan berrira egokitzeko behar den laguntza teknikoa.
Deialdi honen helburua ez da planetan aurreikusitako ekintzen gauzapena diruz laguntzea, ez eta horretarako behar den laguntza teknikoa ematea ere.
Diagnostikoa egiteko edo berdintasun-plana sortu, ebaluatu eta egokitzeko behar den laguntza teknikoak sortutako gastuak ordaintzeko erabil daitezke laguntzak. Zehazki, gastu hauek onartuko dira:
Udalerri, udalerri-multzo, koadrila edo mankomunitateko berdintasun-teknikariaren kontratua luzatzeagatiko gastuak edo beren-beregi lan-proiektua egiteko aldi baterako berdintasun-teknikariak zuzenean kontratatzeagatiko gastuak.
Laguntza teknikorako kontratatutako pertsonen eta aholkularitza-enpresen gastuak.
Eragozpen handiak dituzten pertsonek edo askotariko bereizkeria jasaten dutenek lan-prozesuan parte hartzeko dituzten oztopoak ezabatzeko neurri osagarriek sortutako gastuak.
Ez dira diruz lagunduko diagnostikoa, plana, ebaluazioa edo egokitzapena editatu, itzuli eta/edo zabaltzeari buruzko gastuak. Hala ere, eskatutako udal-ekarpenaren zatitzat zenbatu ahal izango dira.
Diruz lagundutako proiektua garatzeko, aholkularitza-enpresek izendatzen dituztenek eta/edo kontratatutako edo kontratatuko diren teknikariek emakumeen eta gizonen berdintasunaren alorreko prestakuntza dutela egiaztatu beharko da, zehazki, gutxienez 150 orduko ikastaro bat administrazio publiko batek edo unibertsitate batek emana edo egiaztatua, eta/edo gutxienez urte biko esperientzia profesionala berdintasun-teknikari lanetan.
Eskabideak aurkezteko epea ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean hasiko da, eta 2012ko otsailaren 10ean amaituko (bi egunak barne).
Eskabideak aurrez aurre aurkez daitezke, I. eranskineko ereduaren arabera, guztia beteta, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen egoitzan (Manuel Iradier, 36, 01005 Vitoria-Gasteiz), edo azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aurreikusitako organoetan (30/1992 Legea, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearena). Euskadi.net-en egoitza elektroniko honetan eskura daiteke eskabide-eredua: http://www.emakunde.euskadi.net/u72-20030/es/contenidos/ayuda_subvencion/ayudas_ayuntamientos/es_ayuda/ficha_procedimiento.html.
Posta-bulegoaren bidez aurkezten diren eskabideak kartazal irekian jarri beharko dira, egiaztatu aurretik posta-zerbitzuko funtzionarioek eguna eta zigilua jartzeko. Hala egin ezean, eskabidea dagokion bulego publikoan noiz sartzen den, egun horretan aurkeztutzat joko da.
Halaber, prozedura honen izapide guztiak egiteko, kontsultatzeko eta eskatzeko, entitateek bide elektronikoak erabil ditzakete. Horrela, eskabideak euskadi.net-eko egoitza elektroniko honetan aurkez daitezke: http://www.emakunde.euskadi.net/u72-20030/es/contenidos/ayuda_subvencion/ayudas_ayuntamientos/es_ayuda/ficha_procedimiento.html.
Eskabidearen osteko izapideak bide elektronikoz egiteko: http://www.euskadi.net/misgestiones.
Eskabidea izapidetzeko eta dokumentazioa aurkezteko bideak aurrez aurrekoa edo elektronikoa ez dakar bide hori erabili beharra prozeduraren hurrengo izapideetan, edozein unetan alda baitaiteke bidea.
Entitate eskatzaileek eskabidea eta dokumentazioa euskaraz edo gaztelaniaz aurki ditzakete, nahi duten eran. Prozeduran zehar, erakundeak hautatutako hizkuntza erabiliko da, euskararen erabilera normalizatzeari buruzko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a eta 6.1 artikuluetan ezarritakoaren arabera.
Deialdi honetan parte hartu nahi duten entitateek dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:
Eskabide-eredua, I. eranskinaren arabera, zinpeko adierazpenekin batera, honako hauek egiaztatzeko:
Entitate eskatzailea beste administrazio publiko batetik edo entitate pribaturen batetik xede edo helburu bererako laguntzaren bat jasotzen ari den eta/edo halakorik eskatu duen eta onartu zaion, edo eskabidea artean ebatzi gabe dagoen.
Erakunde eskatzaileak ez duela diru-laguntzak edo laguntza publikoak jasotzea eragozten dion administrazio-zehapen edo zehapen penalik, ez eta laguntzak jasotzeko gaitasuna kentzen dion lege-debekurik ere.
Erakunde eskatzaileak ez duela administrazio-zehapen edo zehapen penalik sexu-bereizkeria egiteagatik, eta Emakumeen eta Gizonen Berdintasunari buruzko otsailaren 18ko 4/2005 Legea dela bide ez zaiola debekurik jarri ebazpen honetan araututako laguntzak eskatzeko.
Entitate eskatzailea itzulketa-edo zehapen-prozeduraren baten baitan dagoen edo ez, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta horren organo autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo diru-laguntzei dagokienez, artean prozedura izapidetzen ari dela.
Erakunde eskatzaileak adierazten duela eskabidean eta dokumentazioan jasotako datuak egiazkoak direla, eta laguntza hauen onuradun izateko, indarrean den araudian ezarritako betekizunak konplitzen dituela.
Entitate eskatzailearen datuak, II. eranskinaren arabera.
Identifikazio Fiskalaren Txartelaren fotokopia. Agiri hori ez da aurkeztu beharko eskabidea bide elektronikoz izapidetzen bada edo entitate eskatzaileak administrazioari baimena ematen badio administrazio eskudunean bide elektronikoz edo erabilgarri dauden bideen bitartez ziurtatu, frogatu edo egiaztatzeko.
Koadrila edo mankomunitatearen estatutuen fotokopia. Mankomunitate-elkartearen izaera juridikoa eta jarduera-mota adierazi beharko dira.
«Datuen alta/Hirugarren interesduna» inprimakia. Inprimaki hori ez da aurkeztu beharko erakundea Eusko Jaurlaritzako Hirugarrenen Erregistroan alta emanda baldin badago. Beharrezkoa izango da inprimaki hori aurkeztea aldaketaren bat egonez gero (kontu zenbaki desberdina, edo ordezkaritza aldatzea mankomunitatean, koadrilan edo udalerri-multzoan).
Emakumeen eta gizonen berdintasunaren alorreko prestakuntzaren fotokopia eta/edo esperientziaren egiaztagiria (5.3 artikulua).
2012ko abenduaren 31 baino lehen egin beharreko lan-prozesuaren proiektua (III. eranskinaren arabera).
Laguntza teknikorako diru-laguntza udalbatzak edo dagokion osoko bilkurak onartutako planik ez duen udalerriak, koadrilak, mankomunitateak edo udalerri-multzoak eskatzen badu, hasitako politikekin jarraitzeko konpromisoa agertu beharko du organo eskudunak. IV. eranskina Berdintasunaren alorrean hasitako politikekin jarraituko delako konpromisoa.
Udalerri, udalerri-multzo, koadrila edo mankomunitateko berdintasun-teknikariaren kontratua luzatzen denean edo beren-beregi lan-proiektua egiteko aldi baterako berdintasunerako teknikariak zuzenean kontratatzen direnean, horren egiaztagiria, agintari eskudunak egina. V. eranskina Zuzeneneko kontratazioak egiteko edo kontratua luzatzeko konpromisoa.
Proiektua koadrila, mankomunitate edo udalerri-multzo batek egiten badu, udalerri bakoitzaren onarpen adierazia jasotzen duen agiria aurkeztu beharko da, 4. artikuluko hirugarren paragrafoan ezarritakoaren arabera. VI. eranskina proiektua elkarlanean egiteko konpromisoa.
Esleipen-irizpideak egiaztatzea ahalbidetzen duten gainerako agiri guztiak.
Ondoren aipatzen diren agiriak ere aurkez daitezke, merezimendutzat baloratuko baitira (10.1.B artikulua):
Udalerrietan, koadriletan, mankomunitateetan eta udalerri-multzoetan aukera-berdintasuneko agente plazak daudela edo emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloko berariazko prestakuntza duten langile kontratatuak berdintasunerako politiketan lanean jarri direla frogatzen duen ziurtagiria. VII. eranskina Merezimenduak egiaztatzea.
Emakume eta gizonen arteko berdintasuna lortzeko udalerri bakoitzak 2011. urterako aurrekontuan jarritako ehunekoa egiaztatzen duen agiria. VII. eranskina Merezimenduak egiaztatzea.
Udalerri, koadrila, mankomunitate edo udalerri-multzoko Emakumearen Toki Kontseiluaren edo parte hartzeko organoaren erregelamenduaren kopia, edo bestela, beste egiaztagiri batena. VII. eranskina Merezimenduak egiaztatzea.
Emakunden dauden agiriak ez dira berriz aurkeztu beharko. Horrelakoetan, agiriak noiz eta zein organo edo bulegotan aurkeztu ziren adierazi beharko da eskabidean, azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 35.f) artikuluan ezarritakoaren arabera.
Administrazioak, edozein unetan, jatorrizko dokumentazioa entregatzeko eska dezake, kautotasuna egiaztatzeko.
Diru-laguntzarako eskabideak behar bezala betetzen ez badira edo 7.1 artikuluan eskatutako agiriren bat falta badute, Emakundek falta den agiria aurkezteko edo antzemandako hutsa zuzentzeko eskatuko dio eskatzaileari, eta horretarako, hamar eguneko epea emango dio, jakinarazpena egin eta biharamunetik aurrera. Horrez gain, eskatutakoa egin ezean eskaera ezetsi egingo dela ohartaraziko zaio eskatzaileari; ezesteko, aurretiaz, ebazpena emango da, azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 42. artikuluan agindutakoari jarraiki (30/1992 Legea, Herri Administrazioen Araubide Juridiko eta Administrazio Prozedura Erkidearena).
Hautaketa-batzorde bat eratuko da aurkeztutako eskaerak aztertzeko eta ebaluatzeko. Hona kideak:
Presidentea: Idazkari nagusia.
Epaimahaikideak:
Administrazio eta Zerbitzuen arduraduna.
Generoaren arloko Plangintza eta Ikerketaren arduraduna.
Aholkularitza Juridikoaren Arloko arduraduna.
Idazkaria: Aholkularitza Juridikoaren arduraduna.
Diru-laguntzak esleitzeko, Hautaketa Batzordeak irizpide hauek hartuko ditu kontuan, bakoitzari emandako puntuen arabera:
Proposamenaren kalitatea. 70 puntu, gehienez.
EAEn indarrean dagoen Berdintasunerako Planarekin bat etortzea. 10 puntu, gehienez.
Udalerriko errealitatera egokitzea. 15 puntu, gehienez.
Proiektuaren argitasuna eta bideragarritasuna, metodologia eta lan-prozesuari, adierazleei, kronogramari eta aurrekontuari dagokienez. 40 puntu, gehienez.
Berrikuntzak. 5 puntu, gehienez.
Genero-ikuspegia zenbateraino dagoen instituzionalizatuta (beren-beregi berdintasun-politikarako zenbat langile eta zenbaterako aurrekontua dagoen, emakumeek parte hartzeko organo iraunkorrak egotea). 15 puntu, gehienez.
Emakumeek lan-prozesuan parte hartzea, askotariko bereizkeria jasaten dutenen beharrizan bereziak kontuan hartuta (halakorik egonez gero). 15 puntu, gehienez.
Berdintasunerako teknikariak zuzenean kontratatzea edo udalerri, koadrila edo mankomunitateko teknikaren kontratua luzatzea. 5 puntu, gehienez.
Proiektua mankomunitate, koadrila eta/edo udalerri-multzoen bidez elkarte bat osatuta egitea. 5 puntu, gehienez.
Diagnostikoa eta/edo emakumeen eta gizonen berdintasunerako plana lehenengo aldiz egin behar duten Euskal Autonomia Erkidegoko udalerriek, koadrilek edo mankomunitateek 15 puntu izango dituzte, baldin eta hasitako politikekin jarraitzeko konpromisoa hartzen badute.
Diru-laguntza jasotzeko, proiektuek 50 puntu lortu behar dituzte, gutxienez.
Diru-laguntzaren zenbatekoak ezingo du gainditu udalerriak, koadrilak, mankomunitateak edo udalerri-multzoak lagunduko diren jardueretarako aurkeztutako aurrekontuaren % 75. Proiektu bakoitzeko 15.000 euro emango dira gehienez, proiektua udalerri batek aurkezten badu, eta 30.000 euro, koadrila, mankomunitate edo udalerri-multzo batek aurkezten badu.
Deialdi honetan ezarritako diru-laguntzak bateragarriak dira gainerako erakunde publiko edo pribatuek helburu berarekin ematen dituztenekin, baldin eta gainfinantzaketarik ez badago.
Gainfinantzaketa gertatuz gero, dagokion gehienezko mugaraino murriztuko da diru-laguntza.
Eskabideak Hautaketa Batzordeak ebaluatuko ditu, diru-laguntzak esleitzeko irizpideen arabera; ondoren, proposamena bidaliko dio Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariari. Emakundeko zuzendariak ebazpen adierazia eta arrazoitua emango du, eta, horren bitartez, amaiera emango dio hasitako lehiaketa-prozesuari. Ebazpenean, diagnostikoak egiteko, ebaluatzeko eta/edo emakumeen eta gizonen berdintasunerako planak sortzeko eta egokitzeko behar den laguntza teknikoa ordaintzeko diru-laguntza nori eman eta nori ukatu adieraziko da. Ebazpena banan-banan jakinaraziko zaie udalerriei, koadrilei, mankomunitateei eta udalerri-multzoei. Emandako diru-laguntzen zerrenda Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian ere argitaratuko da, jendeak horren berri izan dezan.
Ebazteko eta ebazpena jakinarazteko epea sei hilekoa izango da gehienez ere, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera. Epe horretan erakunde interesdunari ebazpenik jakinarazi ez bazaio, diru-laguntzarako eskaera ezetsi egin dela esan nahiko du, azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 44.1 artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz (30/1992 Legea, Herri Administrazioen Araubide Juridiko eta Administrazio Prozedura Erkidearena).
Ebazpenean, erakunde onuradunen zerrenda jasoko da diruz lagunduko diren proiektuak eta bakoitzari emandako zenbatekoak jarrita, eta horretaz gain, ordezko erakundeen zerrenda ere jaso daiteke, onuradunen batek uko eginez gero, ordezkoengana jo ahal izateko.
Erakunde horiek ordezkapena egiteko hurrenkeraren arabera zerrendatuko dira, diruz lagunduko diren proiektuak adieraziko dira eta, onuradunak uko eginez gero, ordezkoaren laguntzak izan lezakeen gehienezko zenbatekoa ere azalduko da; zenbateko hori sekula ez da izango uko egin duen onuradunari esleitutakoa baino handiagoa.
Ebazpen honetan arautzen diren diru-laguntzen onuradun diren erakundeek betebehar hauek izango dituzte:
Emandako diru-laguntza onartu behar dute. Horrela, diru-laguntza eman zaiela jakinarazteko idazkia jaso eta hamabost eguneko epean pertsona edo erakunde onuradunek diru-laguntzari beren-beregi eta idatziz uko egiten ez badiote, diru-laguntza onartu egin dutela esan nahiko du.
Diru-laguntza zertarako eman den, xede horretarako erabili behar dute, non eta 16. artikuluan ezarritakoa aplikatzen ez den, eta diruz lagunduko diren jarduerak Emakundek noiznahi egiaztatzea onartu beharko dute.
Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak beren eginkizunetan dihardutela deialdi honen kontura jasotako diru-laguntzak direla-eta eskatzen dieten informazioa eman beharko diete.
Diruz lagundutako jardueretan aldaketak egiteko, idatziz jakinarazi beharko dute, Erakundeko Zuzendaritzaren berariazko onespena beharrezkoa baita aldaketak egiteko. Beste edozein laguntza edo diru-laguntzaren berri ere eman behar zaio Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeari.
Diruz lagundutako jardueren publizitatea egiterakoan, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen lankidetza adierazi beharko da. Horretarako, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen marka jarri beharko da, zeina dagokion partaidetza-mailaren arabera adierazi, kokatu eta erakutsi beharko den hedatu beharreko publizitate-euskarrian, Eusko Jaurlaritzaren erakunde-nortasunaren eskuliburua arautzen duen abuztuaren 31ko 318/1999 Dekretuan ezarritakoarekin bat etorriz. Marka Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen egoitzan eska daiteke. Betiere, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen logotipoa jarri behar da diruz lagundutako proiektutik ateratzen den dokumentuan.
Hizkuntza ofizial biak gaztelania eta euskara erabiltzea diruz lagundutako proiektua egitetik ondorioztatzen diren dibulgazio-jardueretan eta materialak editatzerakoan.
Hizkera ez sexista erabili behar dute eta emakumeen eta gizonen presentzia orekatua eta estereotiporik gabea duten irudiak erabili beharko dituzte diagnostikoari edota planari buruzko komunikazio edota zabalkunde ekintza guztietan.
Jarduerak gauzatu ondoren eta diru-laguntzaren zenbateko osoa justifikatu ondoren ordainduko da diru-laguntza; horretarako, 2012ko abenduaren 31 baino lehen egun hori barne, agiri hauek aurkeztu behar dira:
Diru-laguntza jaso duten jarduerak direla-eta egindako gastuak justifikatzeko, jatorrizko faktura, nomina edo agiriak, soldata justifikatzen dutenak; edo diru-laguntza jaso duten jarduerei dagokienez egindako gastua justifikatzen duten jatorrizko egiaztagiriak, udalerriko idazkariak edo esku-hartze zerbitzuko arduradunak eginak; edo Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak konpultsatutako fotokopiak, funtsak behar bezala erabili direla egiaztatzeko behar diren xehetasunak adierazita (Emakundek jatorrizko fakturei zigilua jarriko die, eta berriro ere erakunde interesdunari itzuliko dizkio). Fakturen edo agirien data 2012ko abenduaren 31koa izango da gehien jota. Egiaztagiria eta kasuan kasuko diruz lagundutako jarduera lotzen dituzten agiri osagarriak ere aurkeztu beharko dira (fakturak, nominak...). Justifikazioa bide elektronikoz izapidetzen bada, jatorrizko dokumentazioa eskaneatuta bidaltzea onartuko da.
Egindako lan-proiektua justifikatzeko memoria. Memoria horretan nahitaez deskribatu beharko dira lortutako helburuak, erabilitako metodologia (egindako lan-prozedura, herritarrek parte hartzeko mekanismoak eta neurri osagarriak, kronograma, adierazleak eta berrikuntzak) eta egindako gastuen eta lortutako sarreren xehakapena, udal-ekarpena zehaztuta (VIII. eranskina Justifikazio-memoria).
Diagnostiko, plan eta/edo ebaluazioaren kopia, euskaraz eta gaztelaniaz.
Proiektuaren behin betiko kostu osoa gutxitzen bada, diru-laguntza kalkulatzeko kontuan hartu zen kostuari dagokionez, edo gastua egiaztatzeko agirien bidez (fakturak, ordainagiriak, etab.) justifikatzen den zenbatekoa emandako laguntza baino txikiagoa bada, dagokion zati proportzionala kenduko zaio diru-laguntzaren zenbatekoari.
Administrazioak, edozein unetan, jatorrizko dokumentazioa entregatzeko eska dezake, kautotasuna egiaztatzeko.
Diru-laguntza emateko kontuan izandako inguruabarren bat aldatzen bada, Emakundeko Zuzendaritzari jakinarazi behar zaio. Diru-laguntzak emateko ebazpena aldatu egin daiteke, baldin eta diru-laguntza emateko kontuan izan diren inguruabarrak aldatu badira betiere, diru-laguntzaren helburua bete bada eta bestelako erakunde publiko edo pribatu batek, aldi berean, laguntzarik edo diru-laguntzarik eman badu.
Aurreko artikuluan aipatutako agiriak edo, bestela, artikulu honetako aurreko zatian aipatutakoak jaso, eta agiriak aztertu eta ebaluatu ondoren, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariak, ebazpen bidez, emandako diru-laguntza aldatu eta/edo likidatuko du eta, hala badagokio, diru-laguntzen zenbatekoak egokituko ditu. Aipatu ebazpenak administrazio-bidea amaituko du.
Diru-laguntza emateko kontuan hartu ziren baldintzetako bat edo batzuk betetzen ez direla egiaztatzen bada, jasotako zenbatekoak eta zenbateko horri dagozkion legezko interesak itzuli egin beharko dira Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusira, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritakoaren arabera. Horretaz gain, dagozkion gainerako ekintzak gauzatuko dira.
Ezarritako baldintzak edota betebeharrak betetzen ez direnean, emandako diru-laguntza ezeztatzeko eta, hala badagokio, diru-laguntza itzultzeko, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan agindutakoari jarraituko zaio. Dekretu horrek hau ezartzen du:
Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariak prozeduraren hasiera eta prozedura funtsatzeko arrazoiak jakinaraziko dizkio erakunde interesdunari, eta 15 egun balioduneko epea emango dio alegazioak aurkezteko.
Alegazioak jaso ondoren edo alegaziorik egin gabe epea amaitu ondoren, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariak amaitutzat joko du prozedura, ebazpen baten bidez. Ebazpen horrek administrazio-bidea amaituko du.
Ebazpenean baldintzak bete ez direla adierazten bada, galdutzat joko da diru-laguntza jasotzeko eskubidea, eta, beharrezkoa bada, jasotako zenbatekoak eta aplikatzekoak diren legezko interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusira itzultzeko aginduko da. Dirua hil biko epean itzuli beharko da, jakinarazpena egiten den egunetik hasita. Epe hori borondatezko alditzat joko da.
Borondatezko aldian itzulketarik egiten ez bada, Eusko Jaurlaritzaren Ekonomia eta Ogasun Saileko organo eskudunari jakinaraziko zaio, premiamendu-bideari ekin diezaion, aplikatzekoa den legezko araudian xedatutakoari jarraituz.
Lehenengoa. Ebazpen honek amaitu egiten du administrazio-bidea. Aurka egiteko, interesdunek aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariari, hilabeteko epean (ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera); bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete zuzenean, dagokion Administrazioarekiko Auzietako Epaitegian, hil biko epean (ebazpena EHAAn argitaratu eta biharamunetik aurrera).
Bigarrena. Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2012ko urtarrilaren 2a.
Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendaria,
MARÍA SILVESTRE CABRERA.
(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)


