- EBAZPENA, 2012ko otsailaren 13koa, HABEren zuzendari nagusiarena, HABEren Erregistroan inskribatuta dauden euskaltegi eta euskararen autoikaskuntza-zentro homologatuetako ikasleen euskara-mailak Helduen Euskalduntzearen Oinarrizko Curriculumaren arabera egiaztatzeko 2012. urteko ohiko gaitasun-proben deialdiak egiten dituena. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus
Arautegia
InprimatuEBAZPENA, 2012ko otsailaren 13koa, HABEren zuzendari nagusiarena, HABEren Erregistroan inskribatuta dauden euskaltegi eta euskararen autoikaskuntza-zentro homologatuetako ikasleen euskara-mailak Helduen Euskalduntzearen Oinarrizko Curriculumaren arabera egiaztatzeko 2012. urteko ohiko gaitasun-proben deialdiak egiten dituena.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Ebazpena
- Organo arau-emailea: Kultura Saila; HABE
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 45
- Hurrenkera-zk.: 1007
- Xedapen-zk.: ---
- Xedapen-data: 2012/02/13
- Argitaratze-data: 2012/03/02
Gaikako eremua
- Gaia: Ingurune naturala eta etxebizitza; Hezkuntza
- Azpigaia: Nekazaritza eta arrantza
Testu legala
Kulturako sailburuaren 2011ko urtarrilaren 19ko Aginduak zehazten du Helduen Euskalduntzearen Oinarrizko Curriculumean (HEOC) ezarritako euskararen gaitasun-mailak egiaztatzeko prozedura, oinarri hartuz Kulturako sailburuaren 2000ko urtarrilaren 24ko Agindua, HEOC onartu eta lehen hiru mailak zehazten dituena, eta Kulturako sailburuaren 2006ko martxoaren 13ko Agindua, HEOCen laugarren mailari dagozkion eduki eta ebaluazio-irizpideak onartzen dituena.
Halaber, azaroaren 9ko 297/2010 Dekretuak helburu du euskararen ezagutza egiaztatzen duten titulu eta ziurtagirien baliokidetza finkatu eta Hizkuntzen ikaskuntza, irakaskuntza eta ebaluaziorako Europako Erreferentzia Marko Bateratura (EEMB) egokitzea.
Ildo beretik, Kulturako sailburuaren 2011ko urtarrilaren 19ko Aginduaren 11. artikuluak xedatzen du, ikaslearen gaitasun komunikatiboa mailaz maila ziurtagiri batez aitortua izateko, ezinbestekoa izango duela azterketariak maila bakoitzari dagokion gaitasun-proba gainditzea.
Horrela, egiaztatze-proba bakoitzak neurtuko ditu Dekretu eta Agindu horietan gaitasun-maila bakoitza zedarritzeko finkatutako helburuak eta edukiak (linguistikoak, testualak, estrategikoak...) trebetasunez trebetasun, betiere, HEOCen, Kulturako sailburuaren 2011ko urtarrilaren 19ko Aginduan eta ebazpen honetan finkaturiko ebaluazio-irizpideei jarraiki.
Kulturako sailburuaren 2011ko urtarrilaren 19ko Aginduaren 12. artikuluak, ziurtagiri hauek lortzeko gaitasun-probon ezaugarri orokorrak ematen dituenak, eskumena ematen dio HABEren zuzendari nagusiari, ebazpenez gaitasun-proben ohiko deialdiak egin eta azterketaldion beharrezko xehetasunak arautzeko.
Zehaztasunez aztertu da nola gauzatu diren HABEk 2011n antolatutako gaitasun-probetako bi deialdiak: erabilitako frogen ezaugarriak, izaniko ikasle-kopurua mailaka, antolaketa-modua, azterketarien banaketa lurraldez lurralde, aztertzaile eta tutoreek aplikatutako ebaluazio-irizpideak, ondorioak eta azterketariek izandako emaitzak, erreklamazio-autuak zein gora jotzeko eduki eta auzigaiak. HABEn egin gogoeta-aldi horren ondorioz, eragile ezberdinek proposatutako hobekuntzak biltzen dira 2012rako ebazpen honetara, egiaztatze-prozesuaren eta gaitasun-proben hobekuntza izaki helburu nagusia.
Hori dela eta, hau
Ebazpen honen xedea da HABEren Erregistroan inskribatuta dauden euskaltegi eta euskararen autoikaskuntza-zentro homologatuetako euskara-ikasleen komunikazio-gaitasunen mailak egiaztatzeko, 2012. urteko ohiko azterketa-deialdiak egin eta prozedurak zehaztea.
Helduen Euskalduntzearen Oinarrizko Curriculuma eta Hizkuntzen ikaskuntza, irakaskuntza eta ebaluaziorako Europako Erreferentzia Marko Bateratua dira azterketariaren hizkuntza-gaitasunaren neurketaren oinarri.
Deialdiok HEOCen zedarritutako lehen, bigarren, hirugarren eta laugarren mailak egiaztatzeko egiten dira.
Maila horiek egiaztatu nahi dituen azterketariak HEOCen maila bakoitzarentzat xedatutako gutxienekoak trebetasun bakoitzean gainditu beharko ditu, ahoz zein idatziz. Ebazpen honi atxikirik doan I. eranskinera bilduta daude gaitasun-proba hauen ezaugarriak, antolamendu-modua, ebaluazio-irizpideak eta atalez ataleko kalifikazioa.
Gaitasun-probok azterketari bakoitzaren euskarazko gaitasun komunikatiboa neurtzeko dira.
Deialdion antolaketa burutzea, Kulturako sailburuaren 2011ko urtarrilaren 19ko Aginduaren 19. artikuluari jarraiki, HABEren Hizkuntza Didaktika-zerbitzuko Ebaluazio- zein Programa Berezietarako atalei dagokie.
Ebazpen honetan aurreikusitako prozeduren ondoriozko argitaratze eta jakinarazpenak www.habe.euskadi.net atariaren bidez egingo dira, administrazioarekiko errekurtsoen ebazpenei dagozkienak izan ezik.
Era berean, ikasleek www.habe.euskadi.net ataria erabiliz gauzatuko dituzte ebazpen honetan horrela xedatutako izapideak.
Interesdunek onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenden aurka egiteko edota proba idatzi edo ahozkoan izan emaitzen aurka egiteko, erreklamazioa aurkez lezakete. Erreklamazioak, lehenengo aukeran, zerrendak argitaratu eta hurrengo egunetik hasita bi egun naturaleko epean; eta bigarrenean, emaitzen aurka denetan, zerrendak argitaratu eta hurrengo egunetik hasita bost egun naturaleko epean, horretarako www.habe.euskadi.net atarian berariaz emandako erreklamazio-inprimakia betez.
Erreklamazioei buruzko erabakiak www.habe.euskadi.net atarian argitaraturik jakinaraziko dira.
Interesdunak bere espedientea ikusi nahi badu, deialdiko behin betiko zerrendak argitaratu eta hamar eguneko epea izango du HABEren Azterketa-batzordearen buruari eskaera egiteko. Eskaera zuzentzeko helbidea HABEren Donostiako egoitzarena da: Vitoria-Gasteiz kalea, 3-6.a. 20018 Donostia-San Sebastián.
Interesdunek onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenden aurka zein emandako behin betiko emaitzen aurka, HABEren zuzendari nagusiaren aurrean gora jotzeko errekurtsoa egin dezakete idatziz, zerrendok argitaratu eta hurrengo egunetik hasita hilabeteko epean.
Gora jotzeko errekurtsoak zuzentzeko helbidea HABEren Donostiako Erregistro Nagusiarena da: Vitoria-Gasteiz kalea, 3-6.a. 20018 Donostia-San Sebastián.
Erreklamazio eta errekurtsoen xedea irakurmenean edota entzumenean izandako emaitza aurkatzea denean, euskaltegiak edo euskararen autoikaskuntza-zentro homologatuak ikaslearen balorazioa oinarritzeko erabili duen dokumentazioa erabakitzeko eskumena duenari bidali beharko dio.
Halere, gora jotzeko errekurtsoek ez dituzte etengo ebazpen honetan jasotako ohiko prozedurak.
Deialdi hauetara aurkezteko, azterketariak ondoren zehazten diren baldintzak bete beharko ditu:
Matrikulatuta egotea: azterketariak euskaltegian edo euskararen autoikaskuntza-zentro homologatuan 2011-2012 ikasturtean egon behar du matrikulatuta.
Maila aitortua: azterketariak gaitasun-probetan matrikulatu nahi dueneko maila gainditua izatea 1. artikuluan zehaztutako zentro batean, 2012ko martxoaren 16rako lehenengo, bigarren eta hirugarren mailetarako eta 2012ko apirilaren 16rako laugarren mailarako, lehen deialdiari dagokionez; eta bigarren deialdian 2012ko irailaren 4rako lau mailetarako. Ikasle bati maila aitortutzat emateko, HABEk kontuan hartuko ditu 2011-2012 ikasturtean euskaltegiak ikasle honi Q87n emandako emaitzak bi deialdietarako.
Maila aitortutzat emateak, euskaltegiek eta euskararen autoikaskuntza-zentro homologatuek neurtutakoen bidez entzumenean eta irakurmenean lortutako emaitzek I. Eranskinean adierazitako gutxieneko kalifikazioak gainditzen dituztela dakar berekin, mailaz-mailako epaimahaiei zuzenduriko bi trebetasun horien kalifikazio-proposamen gisa. Ondorio horietarako ulertuko da euskaltegi edo euskararen autoikaskuntza-zentro homologatuetako irakasleek aztertzaile gisa jardun dutela bi trebetasun horien balorazioa egiterakoan.
Egiaztatze-deialdi bakoitzeko, euskaltegiak eta euskararen autoikaskuntza-zentro homologatuak, HABEren berariazko aplikazio informatikoaren prozedurei jarraiki, matrikulaturik dituen ikasleon datuak eta gaitasun-mailen gutxienekoak egoki ziurtatuko dizkio HABEri, 6. artikuluan adierazitako egunetarako, Q87 aplikazio informatikoaren mailaz mailako kodeetan:
Lehen maila: 106 kodea.
Bigarren maila: 109 edo 201 kodeak.
Hirugarren maila: 112 edo 202 kodeak.
Laugarren maila: 401 eta 411 kodeak.
Halaber, euskaltegi eta euskararen autoikaskuntzarako zentro homologatuetako zuzendariek sinaturiko akta baten bidez ziurtatu beharko dute egiaztatze-probetarako matrikulatu den ikasle bakoitzak entzumenean eta irakurmenean izandako emaitzak. Akta horiek mailaz mailako epaimahaiei bidaliko dizkiete.
DEIALDION XEHETASUNAK
Ohiko bi deialdi izango dira 2012. urtean.
HABEk www.habe.euskadi.net atarian emango du jakitera bi deialdiok egituratzeko antolatu den egutegia: matrikula-epea; onartuen behin-behineko zerrendak eta behin betiko zerrendak argitaratzeko egunak; proba idatziaren data; proba idatziaren emaitzak argitaratzeko eguna; ahozko probaren data; ahozko probaren emaitzak argitaratzeko eguna eta emaitza orokorrak jakinarazteko data.
HABEk egutegian azalduko diren egunak alda ditzake deialdiotako prozeduretan gerta litezkeen gorabeheren arabera, azterketaldirako matrikula-epeak izan ezik.
Matrikula 18 eurokoa izango da maila bakoitzeko, kopuru hori ezartzen baitu Kulturako sailburuaren 2011ko irailaren 23ko berariazko Aginduak, 5. artikuluan, HABEk eskaini eta betetzen dituen jardueren prezio publikoetarako.
Gutxienekoak bete eta maila batera baino gehiagora aurkeztu nahi duen azterketariak zenbat matrikula, hainbat matrikula-ordain egin beharko ditu.
Matrikula bakoitza deialdi baterako izango da. Halaber, ebazpen honen 15. artikuluaren arabera, bigarren deialdian ahozko-proba besterik egin behar ez duten azterketariek ere 18 euroko matrikula ordaindu beharko dute maila bakoitzeko.
Gaitasun-proba egiteko izena ematea internet bidez bideratuko da, www.habe.euskadi.net atarian matrikula-inprimakia betez.
Matrikularen ordainketa ere internet bidez egin ahal izango da edo, bestela, horretarako bidea eskaintzen duten aurrezki-kutxa edo banketxeetan, izena ematean eskuratu den matrikula-inprimakia erabiliz eta bertan esaten den epearen barruan. Arrazoiak arrazoi, behin matrikula-eskubideak ordainduz gero, ez dira bueltatuko; oker bat izan, eta maila bereko matrikula birritan egin izana salbuetsiz.
HABEk azterketariaren matrikularen ordainketa ziurtatutakoan emango du gauzatutzat eta osatutzat matrikulatze-prozesua.
Matrikula egiteko epea amaitu ondoren, gaitasun-probetan parte hartzeko onartuen behin-behineko zerrendak osatuko ditu HABEk eta www.habe.euskadi.net atarian argitaratuko.
Erreklamazio-epea amaitu ondoren, behin betiko zerrendak argitaratuko dira.
Matrikula egiterakoan, ebazpen honetara bildutako irizpide eta jokabide guztiak bere egiten dituela onartu eta aditzera ematen du izena emana duen azterketariak.
Ebazpen hau indarrean jarri eta hamar eguneko epean jarriko ditu HABEk, www.habe.euskadi.net atarian, 2012. urteko lehen azterketa-deialdirako aurreikusitako datak eta lekuak, eta 2012ko ekainean bigarrenerakoak.
Kulturako sailburuaren 2011ko urtarrilaren 19ko Aginduaren 22. artikuluan xedatutakoari jarraiki, behar jakinak izan eta ziurtagiria lortu nahi duen ikaslearen kasuan, berdintasun-neurriak hartuko ditu HABEk azterketari horren aukerak bermatzeko. Gaitasun-proba berariazko behar horietara egokitu ahal izateko, eskaera egin beharko dio azterketariak HABEren lurralde-arduradunari azterketaldirako matrikula egiteko garaian, bertan elbarritasuna agiri ofizialez zurituz eta zer egokitzapen eskatzen duen azalduz (aulki, mahai edo ordenagailu berezia, entzungailuak, braille-sistema, etab.).
Eskari hauen aurrean, HABEk denbora nahiz baliabideak egokituko dizkio behar bereziak dituen azterketariari, betiere 2006ko ekainaren 9ko Orden/PRE/1822/2006 Aginduari edota gaitasun-probok izan egunean indarrean egon daitekeen arautegiari jarraiki.
Gaitasun-maila bakoitza neurtzeko prestatutako probek azterketari bakoitzaren euskarazko gaitasun komunikatiboaren zenbatekoa eta nolakoa neurtuko dute: azterketariak euskaraz entzundakoa ulertzeko eta irakurritakoa bereganatzeko duen gaitasuna, batetik; eta euskaraz aditzera eman nahi dituen diskurtsoak ahoz zein idatziz egiteko duena, bestetik. Hori guztia, HABEren Helduen Euskalduntzearen Oinarrizko Curriculumari jarraiki.
Gaitasun-probok lau mailetan egingo dira, Kulturako sailburuaren 2011ko urtarrilaren 19ko Aginduaren 7. artikuluaren eta ebazpen honen I. eranskinera bildutako ebaluazio-irizpideen arabera.
Mintzamenaren gaitasun-probara aurkeztu ahal izateko, ezinbestekoa izango da idazmenaren gaitasun-proba idatzia gainditua izatea.
Gaitasun-proba gainditutzat emateko, lau trebetasunetan gainditu beharko ditu azterketariak I. eranskinean zehaztutako gutxienekoak. Maila bakoitzean gaitasun-probak 100 puntu izango ditu denera, eta gainditzeko, gutxienez, 50 puntu lortu beharko ditu azterketariak.
2012ko lehen deialdian idazmenaren gaitasun-proba gainditu eta mintzamenarenean «ez gai» izan den azterketariari, emaitza gorde egingo zaio 2012ko bigarren deialdirako, eta horren ondorioz, bigarren deialdiko mintzamenaren gaitasun-probara zuzenean aurkeztea izango du.
Laugarren mailako proiektua euskaltegiak ontzat eman ondoren (Q87n, 411 kodearekin), hurrengo lau deialdi jarraietan baliatu ahal izango du azterketariak, laugarren maila egiaztatu ahal izateko. Deialdi horien ondoren, iraungi egingo zaio proiektuari euskaltegiak aitortutako balioa, eta, ondorioz, HABEk ofizioz baja emango dio Q87n, horren berri emanez azterketariari eta dagokion euskaltegiari.
Gaitasun-probetarako hizkuntz trebetasunak neurtzeko probek Euskaltzaindiak indarrean jarritako arauak beteko dituzte, eta, betiere, euskara-eredu landu eta jantzian emanak etorriko dira.
Azterketariak bere euskalkia erabiltzeko gaitasuna eta jariotasuna erakuts lezake, ahozkotasuna neurtzeko jarritako probetan, betiere, egitekoaren testuinguruari hala badagokio. Honelakoetan, aztertzaileek azterketarion gaitasun eta jariotasun-maila hau aintzat hartu eta balioetsiko dute, azterketarioi azkeneko emaitza jartzean.
Gaitasun-probok azterketa norena den jakin gabe zuzenduko dituzte aztertzaile zein tutoreek, zuzenketa anonimoa bermatuz.
Idazmena. Eskatutako hitz-kopuruaren gutxienekoa kontuan hartuz, aztertzaileak irizpideok beteko ditu eta ondoriozko kalifikazioa eman:
Eskatutako hitz-kopurua idatzi eta mailari dagozkion gutxienekoak betetzen baditu, 15-30 puntu bitartean kalifikatuko da.
Eskatutako hitz-kopurura iristeko % 10a baino gutxiago falta izan bazaio, baina mailari dagozkion gutxienekoak betetzen baditu, 15 puntu jarriko zaizkio, baldin eta 2011ko urtarrilaren 19ko Kulturako sailburuaren Aginduaren 7. artikuluan xedatutako irizpideen arabera eta ebazpen honen eranskinera bildutako mailari dagozkion gutxienekoetan azterketariak ONGI kalifikazioa lortzen badu.
Eskatutako hitz-kopurua baino % 10 gutxiago idatzi badu azterketariak, kasu guztietan, 5 puntu emango zaizkio.
Mintzamena. Mintzamena neurtzeko gaitasun-proba guztiak grabatu egingo dira.
Behin aztertzaileek emandako irizpenen egokiera-maila aztertu, eta artikulu honetan xedatzen denari jarraiki, behar denetan tutoreak irizpen propioa eman eta gero, jarritako emaitzen proposamena mailaz mailako epaimahaiaren eskura jarriko dira kalifika ditzan. Epaimahaiak akta idatzi eta, ondoren, horren berri emango dio Azterketa-batzordeari, dagozkion ondorioak izan ditzan.
Entzumena eta irakurmenari dagokienean 7. artikuluan aipatu kalifikazio-proposamenak jasotzen dituzten aktez gain, idazmenaren eta mintzamenaren gaitasun-proben kalifikazio-aktak ere egingo dira, epaimahaiburuek sinatuta.
Gaitasun-proben idatzizko eta ahozko emaitzak, eta behin betiko emaitzak www.habe.euskadi.net atarian argitaratuko dira, mailaz maila, trebetasunez trebetasun. Eta egiaztagiriak luzatzeari begira, HABEren zuzendari nagusiari jakinaraziko zaizkio, ondoren erregistroan alta emanak izan daitezen.
Gaitasun-probon kudeaketan, parte hartu duen azterketariaren datu pertsonalak erabili eta argitara ematen dira deialdiaren aldian aldiko urratsetan (matrikulatzean, onartuen eta baztertuen zerrendak argitaratzean, azterketen emaitzak jakinaraztean...). Hori dela eta, datu pertsonalak babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoak ezarritakoa eta ekainaren 11ko 994/1999 Errege Dekretuz indarrean jarritakoa kontuan hartuz, datu pertsonalak dituzten fitxategi automatizatuen segurtasun-neurriak bete ahal izateko, deialdi hauetan parte hartzen duen azterketariak baimena ematen dio HABEri bere datu pertsonalak ebazpen honetan aurreikusitako prozeduretan erabili eta argitaratzeko.
Datu eta informazio hau guztia izaera pertsonala duen fitxategi batean egongo da jasota. Datuok ezagutzeko, zuzentzeko, ezabatzeko edota datuon aurka egiteko azterketariak dituen eskubidez baliatu nahi izanez gero, HABEren Erregistro Nagusira jo behar du.
DEIALDION ONDORENGOAK
2011ko abenduaren 23ko 6/2011 Legearen 29. artikuluak zehaztutakoaren arabera, 2012 urtean, 19,83 euroko tasa ordaindu beharko da lehen, bigarren, hirugarren edo laugarren mailako agiria eskuratzeko, eta 1,84 euro agiriaren duplikatua eskuratzeko. Hurrengo urteetan, agiria eskatuko balitz, eskari-unean indarrean legokeen tasa ordaindu beharko litzateke.
HABEren Hizkuntzaren Didaktika zerbitzuak eskabidean eman helbidera igorriko dio dagokion ziurtagiria edo duplikatua, eskatu eta gaitasun-proba gainditu duen azterketariari, behin honek eskatu eta, aurrezki-kutxa edo banku bidez edo internet erabiliz, dagokion tasa ordaindua duela frogatu ondoren.
HABEren Erregistroan inskribatuta dauden euskaltegiek edota euskararen autoikaskuntza-zentro homologatuek 2011ko uztailaren 1etik irailaren 30era bitartean antolatutako ikastaroetan matrikulatuta egonda, Ebazpen honen 7. artikuluan aipatu mailaren bat gainditu zutenek aukera izango dute 2012ko lehen deialdian parte hartzeko Ebazpenak berak arautzen duen moduan.
Lehenengoa. Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik hasita jarriko da indarrean.
Bigarrena. Ebazpen honen euskal eta erdal idazkien arteko edozein interpretazio-auziren aurrean, jatorrizkoa euskaraz idatzitakoa dela kontuan izanik, euskal idazkiari dagokion irakurketak izango du lehentasuna.
Hirugarrena. Ebazpen honen aurka, ez baitu bide administratiboa agortzen, interesatuek gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete HABEren presidentearen aurrean, hilabeteko epearen barruan, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik hasita.
Donostia-San Sebastián, 2012ko otsailaren 13a.
HABEren zuzendari nagusia,
JOSEBA IÑAKI URIBE BURGOA.
(Ikus .PDF)


