- 5/2012 EBAZPENA, otsailaren 15ekoa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, Eusko Jaurlaritzak egindako zenbait hitzarmen, beherago zehaztutakoak, argitaratzea xedatzen duena. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus
Arautegia
Inprimatu5/2012 EBAZPENA, otsailaren 15ekoa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, Eusko Jaurlaritzak egindako zenbait hitzarmen, beherago zehaztutakoak, argitaratzea xedatzen duena.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Ebazpena
- Organo arau-emailea: Jaurlaritzaren Lehendakaritza
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 54
- Hurrenkera-zk.: 1259
- Xedapen-zk.: ---
- Xedapen-data: 2012/02/15
- Argitaratze-data: 2012/03/15
Gaikako eremua
- Gaia: Administrazioaren antolamendua
- Azpigaia: Sailak; Instituzional
Testu legala
Eusko Jaurlaritzak zenbait hitzarmen sinatu dituenez gero, zabalkunde egokia izan dezaten, honako hau
Lankidetza Esparru-Hitzarmena, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta Euskal Herriko Unibertsitatearen arteoka, Auzitegi Medikuntzari buruzko irakaskuntza, prestakuntza eta ikerketarako. (I. eranskina).
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta Euskal Herriko Unibertsitateko «Valentin de Foronda» Gizarte Historiako Institutuaren arteko lankidetza-hitzarmena, erregimen frankistak Euskal Autonomia Erkidegoan eragindako errepresioari buruzko ikerketa historikoa martxan jartzeko (II. eranskina).
Hitzarmena, Euskal Autonomia Erkidegoaren eta Azkoitiko udalaren artekoa, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 30/1992 Legearen 38.4.b) artikuluan ezarritakoa betetzeko (Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioari zuzendutako idazkiak udal erregistroetan aurkezteko lankidetza) (III. eranskina).
Vitoria-Gasteiz, 2012ko otsailaren 15a.
Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,
M.ª JESÚS CARMEN SAN JOSÉ LÓPEZ.
I ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN OTSAILAREN 15EKO 5/2012 EBAZPENARENA
II. LANKIDETZA ESPARRU-HITZARMENA, EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO ADMINISTRAZIO OROKORRAREN ETA EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATEAREN ARTEKOA, AUZITEGI MEDIKUNTZARI BURUZKO IRAKASKUNTZA, PRESTAKUNTZA ETA IKERKETARAKO.
Vitoria-Gasteizen, 2012ko otsailaren 2a.
BILDUTA:
Idoia Mendia Cueva andrea, Justizia eta Herri Administrazio sailburua, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren izenean eta haren ordezkari, lege hauek ematen dizkioten eskumenen bidez: 7/1981 Legea, Jaurlaritzari buruzkoa (26. art.) eta abuztuaren 28ko 472/2009 Dekretua, Justizia eta Herri Administrazio Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen dituena (4. artikulua).
Iñaki Goirizelaia Ordorika, Euskal Herriko Unibertsitateko errektore jauna, haren izenean eta ordezkari, Euskal Herriko Unibertsitateko Estatutuetako 181. artikuluak emandako eskumenen bidez (17/2011 Dekretua, otsailaren 15ekoa).
ADIERAZTEN DUTE:
Euskal Herriaren Autonomia Estatutuko 35.3 artikuluan, 13.1 artikuluari lotuta, autonomia erkidegoari ematen zaizkio justizia administrazioari dagozkion eskumenak. Zeregin horiek Justizia eta Herri Administrazio Sailari dagozkio, lehendakariaren maiatzaren 8ko 4/2009 Dekretuko 9. artikuluaren arabera (Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta haien egitekoak eta jardun arloak finkatzen dituen dekretua).
Euskal Herriko Unibertsitatearen helburuetariko bat da gizartearen eskariei erantzungo dieten profesionalak hezi eta prestatzea goi mailako irakaskuntzaren bidez. Horrek esan gura du titulazio eta espezialitate desberdinetako ikasleei eman behar zaiela auzi medikuntzaren errealitate profesionalarekin bat datorren prestakuntza praktikoa.
Auzitegiko Medikuntzako Euskal Institutua, abenduaren 1eko 328/1998 Dekretuaren bidez sortua, Justizia eta Herri Administrazio sailari atxikitako organo teknikoa da, abuztuaren 28ko 472/2009 Dekretua dela bide (Justizia eta Herri Administrazio sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen dituen dekretua, 2. art.). Auzitegiko Medikuntzako Euskal Erakundearen (aurrerantzean AMEE) eginkizuna da bere lurraldeko barrutietako epaitegi, auzitegi, fiskaltza eta erregistro zibilari laguntza ematea peritu proba medikoak eginez, proba horiek tanatologikoak, klinikoak nahiz laborategikoak izan. Era berean, AMEEk auzitegi medikuntzari lotutako irakaskuntza eta ikerketa lanak ere egiten ditu.
Erakunde biek interes berberak dituztenez zenbait arlotan, behin baino gehiagotan jardun dute elkarlanean hainbat hitzarmenen bitartez (elkarlanean ikerketa jarduerak egiteko eta peritu ikasketak bultzatu eta hobetzeko 2001eko hitzarmena, Medikuntzako ikasleen prestakuntzarako 2003ko hitzarmena, eta prestakuntza eta ikerketarako 2006ko oinarrizko lankidetza hitzarmena).
Bildutako esperientziaren argitan, eta iraungita dagoenez Eusko Jaurlaritzako Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailak eta Euskal Herriko Unibertsitateak 2006ko uztailaren 3an sinatutako oinarrizko lankidetza hitzarmena auzitegi medikuntzari buruzko prestakuntza eta ikerketarako, orain oinarrizko beste lankidetza hitzarmen bat egitea komeni da, bi erakundek de facto egiten duten elkarlanari oinarri juridikoa emateko.
Ikusita, alde batetik, laster sortzekoa dela Irakaskuntza eta Ikerketa Batzordea, Auzitegiko Medikuntzako Euskal Erakundeari aholkua emateko, eta, bestetik, AMEEren barruan ere irakasgune bat sortuko dela, egokia dirudi lankidetza irakaskuntzaren arlora zabaltzea, auzitegiko medikuntzarekin zerikusia duten prestakuntza jarduerak egiteko. Izan ere, bai Irakaskuntza eta Ikerketa Batzorderako eta bai irakasgunerako aurreikusita dago AMEE eta Euskal Herriko Unibertsitatea lankidetzan aritzea.
Adierazitakoaren bidetik, aldeek lankidetza hitzarmen hau sinatzea erabaki dute, honako klausulen arabera:
KLAUSULAK
Lehenengoa. Helburua.
Hitzarmen honen helburua da elkarlanerako esparru bat mugatzea Euskal Herriko Unibertsitatearentzat eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orrokorarentzat, Justizia eta Herri Administrazio sailaren eta atxikita duen AMEEren bitartez, auzitegi medikuntzaren arloan irakaskuntza, prestakuntza eta ikerketa jarduerak elkarrekin egiteko, hala auzitegi medikuei eta AMEEko teknikariei zuzenduak, nola Euskal Herriko Unibertsitateko irakasleei zein ikasleei graduondokoak barne zuzenduak.
Bigarrena. Jarduerak zehazteko era.
Hitzarmen honen barruan egiten diren irakaskuntza, prestakuntza eta ikerketa jarduerak aurrera eramateko, alde biek banan banako akordio zehatzak egin beharko dituzte, honako xehetasunak jasota:
Jardueraren programazioa.
Jarduera nork antolatuko duen. Arduradun bat izendatu beharko da.
Jardueraren kostua. Alde bakoitzaren sarrerak eta gastuak zehaztuko dira.
Alde bakoitzaren gastuak nola ordainduko diren, eta horretarako erabiliko diren aurrekontu partidak.
Hala dagokionean, argitalpena eta zabalkundea nola egingo den.
Hala dagokionean, jabetza intelektualerako eskubideak norenak izango diren.
Hala dagokionean, jabetza industrialerako eta emaitzak ustiatzeko eskubideak norenak izango diren.
Besteak beste, honelako irakaskuntza-, prestakuntza- eta ikerketa-jarduerak egin daitezke:
Irakaskuntza eta prestakuntza Lege eta Auzitegi Medikuntzan, Genetikan, Kimika Analitikoan, Biokimikan, Antropologian edo Entomologian adibidez.
Ikerketa proiektuak, oro har.
Argitalpenak aldizkari zientifikoetan.
Unibertsitateko masterrak.
Doktorego tesiak.
Elkarren fondo bibliografikoak, fisikoak eta birtualak erabiltzeko aukera.
Euskal Herriko Unibertsitatearen teknika espezifikoak ikastea.
Alde bien interesekoak diren beste jarduera batzuk.
Hirugarrena. Jarraipen Batzordea.
Jarraipen Batzordea eratzen da, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia eta Herri Administrazio Saileko hiru ordezkarik eta Euskal Herriko Unibertsitateko hiru ordezkarik osatua. Honako zeregin hauek izango ditu:
Hitzarmen hau gauzatzean haren interpretazioan sor litezkeen zalantzak argitzea.
Hitzarmenari jarraipena eta ebaluazioa egitea.
Hitzarmenaren edukia partzialki aldatzeko proposatzea. Aldatzeko proposamena onartuz gero, aldaketak hitzarmen honen eranskinetan jasoko dira.
Zuzenketak eta hobekuntzak proposatzea.
Jarraipen Batzordea gutxienez urtean behin bilduko da.
Urte batean erakunde bateko ordezkariak izango dira Jarraipen Batzordeko burua eta idazkaria, eta hurrengoan bestekoak, eta urtez urte txandakatuko dira alde bietako ordezkariak kargu horietan. Aldeek lehen bilerarako data adostuko dute, eta bilera horretan erabakiko dute lehen txandan zein erakundetako ordezkariek beteko dituzten zereginok lehen urtean.
Batzordearen bilerak izango dira deialdian zehazten den lekuan. Batzordekideek beren erakundeko beste pertsona bat bidali ahal izango dute bileretara beren ordez.
Laugarrena. Datuen babesa.
Hitzarmen honen menpeko guztiek men egin beharko diete datu pertsonalen babesari buruzko arauen agindu eta eskakizunei, zehatzago esateko Izaera Pertsonaleko Datuak Babesteari Buruzko Legeari (abenduaren 13ko 15/1995 Lege Organikoa), eta bera garatzen duten arauei.
Bosgarrena. Hitzarmenaren indarraldia eta hitzarmena denuntziatzeko era.
Oinarrizko hitzarmen hau indarrean jarriko da sinatzen den egunean 2013ko abenduaren 31 arte eta automatikoki luzatuko da urte natural bakoitzean, sinatzaileetako batek modu agerian denuntziatzen ez badu. Denuntziak eragina izango du jarri eta hiru hilabetera.
Seigarrena. Izaera eta jurisdikzio eskuduna.
Hitzarmen honek administrazio izaera du.
Hitzarmenetik sortzen diren gatazkak administrazioarekiko auzien jurisdikzioan eskudunak diren organoek aztertu eta ebatziko dituzte, beren arauak aplikatuz.
Aurreko guztiarekin ados daudela adierazteko, eta beren ahalmenak erabiliz, izenpetzaileek oinarrizko hitzarmen honen ale bi sinatu dituzte, goian adierazitako lekuan eta egunean.
Justizia eta Herri Administrazioko sailburua,
IDOIA MENDIA CUEVA.
Errektorea,
IÑAKI GOIRIZELAIA ORDORIKA.
Vitoria-Gasteiz, 2011ko azaroaren 9a.
Alde batetik, Idoia Mendia Cueva andrea, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia eta Herri Administrazioko sailburua, helbidea Gasteizko Donostia kaleko 1 zenbakian daukan Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren izenean.
Beste aldetik, José María Ortiz de Ortuño jauna (NAN: 16240630P), helbidea Gasteizko Nieves Cano kaleko 33 zenbakiko Las Nieves eraikinean daukan eta IQ4818001B IFZ duen Euskal Herriko Unibertsitateko «Valentín de Foronda» Gizarte Historiako Institutuko zuzendaria, erakunde horren izenean.
Bi alderdiek beraien erantzukizunpean adierazi dutenez, elkar behartzeko legezko gaitasuna aitortzen diote elkarri eta, lankidetza-hitzarmen bat sinatzea erabaki dute ezarritako helburua betetzeko. Horren harira, hauxe
ADIERAZTEN DUTE:
Lehenengoa. Gerra zibilean eta diktaduran jazarpena edo indarkeria pairatu zutenen eskubideak onartzen eta zabaltzen dituen eta haien aldeko neurriak ezartzen dituen 52/2007 Legean ezarritakoa Euskal Autonomia Erkidegoan betearazteko eskumena Justizia eta Herri Administrazio Saileko Giza Eskubideen Zuzendaritzak daukanez, Justizia eta Herri Administrazio Sailaren egitura organikoa eta Funtzionala ezartzen dituen abuztuaren 28ko 472/2009 Dekretuko 14. artikuluak agindutakoa betez, erregimen frankistak Euskal Autonomia Erkidegoan eragindako errepresioari buruzko ikerketa historiko bat egiteko asmo irmoa dauka zuzendaritza horrek.
Bigarrena. «Valentín de Foronda» Gizarte Historia Institutua Euskal Herriko Unibertsitatearen unibertsitate-erakundea da, gizarte-historiaren arloko azterlanak ikerkuntza-maila ezberdinetan bultzatzeko eta iturriak eta azterlanak argitaratzeko sortu zena.
Horretarako, ikerketa-taldeen eraketa eta adituentzako topaketak sustatzen ditu, ikerketarako eta dibulgazio-zikloetarako laguntzak ematen ditu, eta kongresu, sinposio, mintegi eta konferentziak antolatzen ditu. Horren harira, harreman egonkorrak dauzka historiografiaren arloan jarduera-eremu honetan diharduten beste erakundeekin.
Hirugarrena. Hortaz, egokitzat jotzen da hitzarmen hau sinatzea, ondoren adierazten diren klausulen araberako lankidetzari hasiera emateko.
KLAUSULAK
Lehenengoa. Helburua.
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta Euskal Herriko Unibertsitateko «Valentín de Foronda» Gizarte Historia Institutuaren arteko lankidetzari ekitea da hitzarmen honen helburua, erregimen frankistak Euskal Autonomia Erkidegoan eragindako errepresioari buruzko azterlan historikoa egiteko ikerketa-proiektua martxan jartzeko.
Bigarrena. Alderdien konpromisoak.
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak, Justizia eta Herri Administrazio Saileko Giza Eskubideen Zuzendaritzaren bitartez, konpromisoa hartzen du erregimen frankistak Euskal Autonomia Erkidegoan eragindako errepresioari buruzko ikerketa historikoaren proiektua 2011. urtean finantzatzeko, horretarako diru-laguntza izenduna emanez.
«Valentín de Foronda» Gizarte Historia Institutuari honako hauek egitea dagokio:
Euskal Autonomia Erkidegoan frankismoak eragindako errepresioari buruzko agiriak berreskuratzea eta horien errolda egitea (1936-1945).
Ikus-entzunezko funts argitaragabe bat transkribatzea: Frankismoaren esklaboak Euskal Autonomia Erkidegoan, gerran eta gerra ostean langileen batailoietan izan ziren gudarien testigantzak bilduta.
Ordena Publikoaren Auzitegiaren jurisdikzioaren pean (1963-1977) Euskal Autonomia Erkidegoan jasandako errepresio frankistari buruzko agiriak aztertzea eta horri buruzko ikerketa bat egitea.
Proiektuaren edukia oso zientifiko-teknikoa denez, beharrezkotzat jotzen da bertan parte hartzen duen EHUren lantaldeak zerbitzu-sariak jasotzea aholkularitza zientifikoa ematearen truk. «UPV/EHUko Estatutuen 315. artikulua garatzeko araudiko» 2.4 artikuluaren arabera (2008ko ekainaren 5eko EHAAn, 106 zenbakian, dago argitaratuta), parte hartu behar duten EHUko irakasleei eta ikerlariei ordainsariak emateko aukera ezarri ahal izango da. EHUko irakasleei eta ikerlariei eman beharreko zerbitzu-sariak eta ordainsariak EHUk ordainduko ditu, jasotako diru-laguntzaren bidez.
Hirugarrena. Jarraipen Batzordea.
Lankidetza-hitzarmen honen koordinazioa, jarraipena eta kontrola behar bezalakoak izan daitezen, kide hauez osatutako Jarraipen Batzordea eratzen da: «Valentín de Foronda» Gizarte Historiako Institutuak izendatutako pertsona bat eta Justizia eta Herri Administrazio Saileko Giza Eskubideen zuzendaria.
Honako hauek izango dira batzordearen zereginak:
Hitzarmen honetan adierazitako lan eta ekintzak gainbegiratzea eta horien jarraipena egitea.
Hitzarmen hau interpretatzeko eta betetzeko garaian sortzen diren arazoak konpontzea eta hitzarmena hobetzeko proposamenak egitea.
Hitzarmen hau betetzeko edo garatzeko bestelako zereginak, alderdien interesak kontuan hartuz.
Laugarrena. Indarraldia.
Hitzarmen hau, sinatzen den egunean bertan jarriko da indarrean, eta 2011ko abenduaren 31 arte egongo da indarrean. Isilbidez urtebeteko luzapenak egin ahal izango dira, gehienez hiru bider, eta betiere hitzarmena suntsitzeko arrazoi hauetakoren bat tartean ez badago:
Bi alderdien arteko adostasuna.
Alderdiren batek hitzarmen honetan ezarritako klausularen bat ez betetzea.
Hitzarmena betetzea nabarmen galarazten duten arrazoiak direla-eta, bi alderdietako edozeinek hala erabakitzea, betiere espresuki eta idatziz iragartzen baldin badu, hitzarmena bukatu baino gutxienez hiru hilabete lehenago.
Prestatutako aurrekontuetan kreditu egoki eta nahikorik ez egotea. Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontu orokorretan diru-laguntza izendunik ez egotea hitzarmen honetako gastuak finantzatzeko.
Bosgarrena. Izaera eta jurisdikzio eskuduna.
Hitzarmen hau administrazio-hitzarmena da eta Sektore Publikoko Kontratuen urriaren 30eko 30/2007 Legearen esparrutik kanpo geratzen da.
Hitzarmena aplikatu ondoren hitzarmen honetako hirugarren klausulan aipatutako Jarraipen Batzordearen barruan konpondu ezin den auzirik sortuz gero, administrazioarekiko auzien jurisdikzioak konponduko du, hark baitauka horretarako eskumena.
Alderdiek irakurri dute lankidetza-hitzarmen hau eta, bertan esandakoarekin ados daudela adierazteko, hitzarmenaren bi kopia sinatzen dituzte, goiburuan adierazitako toki eta egunean.
Justizia eta Herri Administrazioko sailburua,
IDOIA MENDIA CUEVA.
«Valentín de Foronda» Gizarte Historiako Institutuko zuzendaria,
JOSÉ MARÍA ORTIZ DE ORTUÑO.
III ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN OTSAILAREN 15EKO 5/2012 EBAZPENARENA
HITZARMENA, EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOAREN ETA AZKOITIKO UDALAREN ARTEKOA, HERRI ADMINISTRAZIOEN ARAUBIDE JURIDIKOARI ETA ADMINISTRAZIO PROZEDURA ERKIDEARI BURUZKO 30/1992 LEGEAREN 38.4.b) ARTIKULUAN EZARRITAKOA BETETZEKO. (EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO ADMINISTRAZIOARI ZUZENDUTAKO IDAZKIAK UDAL ERREGISTROETAN AURKEZTEKO LANKIDETZA).
Vitoria-Gasteizen, 2012ko urtarrilaren 5ean.
BILDU DIRA:
Batetik, Idoia Mendia Cueva andrea, Justizia eta Herri Administrazio sailburua dena, EAEren ordezkari gisa, eta bestetik,
Pello Bastarrika Elorza, Azkoitiko Udaleko Alkate-Presidente jauna, esandako Udalaren ordezkari gisa.
Bi ordezkariok, ondorengo manu hauek emandako eskumenak erabiliz dihardute: batetik, Justizia eta Herri Administrazio Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen dituen abuztuaren 28ko 472/2009 Dekretua nahiz Jaurlaritzaren Batzordeak, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 30/1992 Legearen 38.4.b) artikuluan aurreikusitako hitzarmenak gauzatzeko, 1996ko urriaren 29an hartutako Erabakia; eta bestetik, Toki Araubidearen Oinarriak Arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legea nahiz, Toki Araubide arloko indarrean dauden xedapenen Testu Bateratua onartu zuen apirilaren 18ko 781/1986 Legegintzazko Errege Dekretua.
Bi aldeek, elkar onartzen dute eta elkarri aitortzen diote honako hitzarmen hau gauzatzeko legezko gaitasuna. Horretarako zera
ADIERAZTEN DUTE:
30/1992 Legearen 38.4.b) artikuluaren arabera, Administrazio Publikoei zuzendutako eskaera, idazki eta jakinarazpenak, Estatuko Administrazio Orokorreko nahiz Autonomi Elkarteetako edozein organotako erregistroan edota Toki-Administrazioko erakunderen batean aurkez daitezke, beti ere, azken kasu honetan, dagokion hitzarmena sinatu bada.
Aipatutako manu hori betetzea eta herritarren eta administrazio publikoen arteko harremanak erraztea da gaur sinatzen den hitzarmen honen helburua; izan ere, administrazio sinatzaileek lehendik zuten asmoa, hots, herritarrek, EAEko Administrazioaren edozein organo edo erakunderi zuzendu nahi dizkioten agiriak Azkoitiko Udalaren erregistroetan, eraginkortasun osoz, aurkeztu ahal izatea, gauzatu egiten da honako hitzarmen hau dela medio.
Gauzak horrela, arestian aipatutako administrazioek hitzarmen hau sinatzen dute, hona hitzarmenaren
KLAUSULAK:
Lehenengoa. Hitzarmen honen helburua da, EAEko Administrazioari eta nortasun juridikoa duten Zuzenbide Publikoko Erakundeei herritarrek zuzentzen dizkioten eskaera, idazki eta jakinarazpenak Azkoitiko Udalaren erregistroetan aurkeztu ahal izatea.
Bigarrena. EAEko Administrazioari eta nortasun juridikoa duten Zuzenbide Publikoko Erakundeei herritarrek zuzentzen dizkieten eskaera, idazki eta jakinarazpenak Azkoitiko Udalaren erregistroetan aurkezten direneko data hartuko da kontuan interesatuek epeak betetzeari dagokionean; hildo horretatik, 30/1992 Legearen 48. artikuluan ezarritakoari jarraituko zaio.
Hirugarrena. Azkoitiko Udalak honako konpromiso hauek hartzen ditu:
EAEko Administrazioko Organoei edo administrazio horri atxikiriko Zuzenbide Publikoko Erakundeei herritarrek zuzentzen dizkieten eskaera, idazki eta jakinarazpenak bere Erregistroetan onartzea.
EAEko Administrazioari zuzendutako eskaera, idazki eta jakinarazpenei bere Erregistroetan sarrera ematea, eta honako hauek idatzita gordetzea: sarrera-zenbakia, izenburua, idazkia jaso zeneko eguna eta ordua, interesatuaren datuak, eta, hala dagokionean, idazkia bidali duen organoaren izena, edo bidaltzen zaion pertsona edo organoaren izena; behar denetan, idazki edo jakinarazpenaren laburpena ere jasoko da; hori guztia 30/1992 Legearen 38.3 artikulua eta bigarren xedapen gehigarriaren arabera.
Agiriok erregistroan jaso eta, beranduen, handik bi egunetara, dagozkien organo edo erakundeei zuzenean bidaltzea, beti ere, irteera-data idatzita egongo delarik. Agiriok ahalik eta azkarren jaso daitezen, ahal delarik behintzat, egoki iritzitako teknika eta bitarteko elektroniko, informatiko eta telematikoak erabiliko dira; beti ere, 30/1992 Legearen 45. artikuluan eta horrekin bat datozen gainerako manu eta xedapenetan aurreikusten diren berme eta betebeharrak kontuan izanik.
Laugarrena. EAEko Administrazioak honako konpromiso hauek hartzen ditu:
Azkoitiko Udalari, administrazioa osatzen duten organo eta erakundeei buruzko informazioa ematea, hala nola informazio hori, etengabe, eguneratzea.
Azkoitiko Udalari baliabide egokiak ematea, honek, EAEko Administrazioari eta honi atxikitako zuzenbide publikoko erakundeei buruzko informazioa eman diezaien herritarrei.
Erregistroak informatizatzeko laguntza teknikoa eta behar den lankidetza eskaintzea.
Bosgarrena. Baldin eta, hitzarmen hau sinatzen duten administrazioek euren Erregistroak informatizatzeko neurririk hartzen badute, elkarri jakinarazteko konpromisoa hartzen dute, beti ere, neurriok interkomunikazio sistemen bateragarritasuna eragiten badute; horrelakoetan, administrazio sinatzaileok, aipatutako bateragarritasuna eta euren Erregistroen arteko koordinazioa bermatzeko hitzarmena sinatzen dute.
Seigarrena. Hitzarmen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunetik aurrera, lau urtez egongo da indarrean. Baldin eta, administrazio sinatzaileetako batek, hitzarmena amaitu baino, gutxienez, bi hilabete lehenago, espreski, kontrakorik ez badio, hitzarmen hau, besterik gabe, beste lau urtetarako luzatuko da.
Hitzarmena, ondorengo arrazoi hauek direla kausa ere iraungi egingo da: administrazio sinatzaileek adostasunez hala erabakitzen badute; edota administrazioetako batek, beste administrazioak hitzarmenean ezarritako betebeharrak nabarmenki urratu dituelako, bere aldetik hala erabakitzen badu.
Hitzarmen honen formalizazioa nahiz iraungipena, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean eta Azkoitiko Udaleko iragarki taulan argitaratuko dira.
Zazpigarrena. Hitzarmen honen interpretazioa eta aplikazioa direla eta sor daitezkeen zalantza eta eztabaiden inguruko erabakiak hartzea, Justizia eta Herri Administrazio sailburuari dagokio; erabakiok betearazleak izango dira eta haien kontra administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahalko da.
Ados daudela adierazteko, hala jasota gera dadin eta dagozkion ondorioak izan ditzan, interesatuek jatorrizko bi aleak sinatu dituzte, idazpuruan esandako lekuan eta egunean.
Justizia eta Herri Administrazioko sailburua,
IDOIA MENDIA CUEVA.
Azkoitiko Udaleko alkate-lehendakaria,
Pello Bastarrika Elorza.


